(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

65/2023 FORU AGINDUA, URRIAREN 2KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, 2023KO EKITALDIKO NAFARROAKO AURREKONTU OROKORRAK ETA BALANTZE KONTUAK IXTEKO, LIKIDATZEKO ETA 2024KO EKITALDIAN IREKITZEKO ARAUAK ONESTEN DITUENA

BON N.º 16 - 22/01/2024



Atariko

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio erregelamendu ahalmena erabiltzea zehaztu daitezen kontuen eta kontabilitate publikoari buruzko gainerako agirien egitura, justifikazioa, tramitazioa eta kontu-ematea. Horren ondorioz, beharrezkoa da, aurreko urteetan bezala, onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2023ko ekitaldirako, bai eta 2024ko ekitaldian irekitzeko arauak ere.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2023ko ekitaldirako, bai eta 2024ko ekitaldikoak irekitzeko arauak ere. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta erakunde autonomoek behar diren jarraibideak emanen dituzte foru agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko eta betetzeko.

3. Foru agindu hau eta eranskina igortzea Nafarroako Parlamentura, Kontuen Ganberara, Arartekoari, Nafarroako Kontseilura, departamentuetako idazkaritza tekniko nagusietara, erakunde autonomoetara, sozietate eta fundazio publikoetara, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzura, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzura, Ekonomia eta Finantza Zerbitzura, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatuetara, eta agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela, orok jakiteko eta aplikatzeko.

NAFARROAKO AURREKONTU OROKORRAK ETA BALANTZE KONTUAK IXTEKO ARAUAK

Xedea

Arau hauen xedea da onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2023ko ekitaldirako, bai eta 2024ko ekitaldian irekitzeko arauak ere.

1.-Gastuen aurrekontua.

1.1. 2023ko ekitaldiaren itxiera.

1.1.1. Aurrekontu aldaketak tramitatzeko epea.

2023ko azaroaren 17a izanen da aurrekontu aldaketen espedienteak Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusira igortzeko mugaeguna, edo, kasua bada, kontu-hartzaile delegatuari igortzekoa, salbu aldaketa horiek beharrezkoak badira SEM edo REACT-EU partiden kargura gastuak egozteko edo jada egin diren gastuak aplikatzeko. Egun horren ondoren egiten diren era guztietako aldaketek beharko dute Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

1.1.2. Gastu konpromisoak tramitatzeko epea.

Abenduaren 7a azken eguna izanen da hartu beharreko konpromisoak, obligazioen aitortzarik ez dakartenak, jasotzen dituzten kontabilitateko espediente berrien aurretiazko idatzoharrak egiteko.

Epemuga horretatik kanpo geldituko dira honako gastu konpromiso hauek:

-Toki Entitateek Nafarroako Zergetan Parte Hartzeko Funtsean integratutako kapital transferentziak; horiek abenduaren 15era arte tramitatzen ahalko dira.

-Dirulaguntzak ematekoak edo kontratuak adjudikatzekoak, baldin eta gastu baimena 2023ko urriaren 16a baino lehen behin betiko kontabilizatua badute.

-Aurretiazko tramitazioaren gastuak.

-Nafarroako Gobernuak abenduaren 1a baino lehen baimendutakoak.

SEM edo REACT-EU partidei aplikatzen ahal zaizkien gastuei dagozkienak, bai eta Ukrainako gerragatik hartutako neurrietatik datozenak ere.

Data hori igarota, Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren oniritzia jaso ondoren Nafarroako Gobernuak baimentzen dituenak.

1.1.3. Aurretiazko tramitazioaren gastuak.

Azaroaren 28a izanen da mugaeguna aurretiazko tramitazioko espedienteak Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura igortzeko, balora ditzan, salbu eta SEM gastuei dagozkienak.

Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuak abenduaren 12a izanen du espedienteak onesteko eta, hala badagokio, kontu-hartzailetzara bidaltzeko azken eguna.

Ekitaldia bukatutakoan ebatzi ez diren gastu espedienteek bidezko diren jarduketei eutsiko diete tramitazioari segida emateko, hurrengo ekitaldiari egotzita.

1.1.4. 2023ko ekitaldiaren kargura aitortutako obligazioak.

Kudeaketa egiten duten zerbitzuek 2023ko abenduaren 15a izanen dute azken eguna ebazpen edo foru agindu bidez onartu beharreko obligazioen aitorpen fasera iristen diren espedienteak fiskalizaziorako aurkezteko.

Egun hori abenduaren 22ra arte atzeratuko da 1.1.2 apartatuaren arabera kanpo gelditu diren konpromisoetatik eratorritako espedienteen kasuan.

Ebazpen edo foru agindurik behar ez badute eta fakturak 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen sisteman sartu badira, urtarrilaren 9a da ebazpen obligazioen aitorpenen espedientea kontu-hartzailetza delegatura igortzeko azken eguna.

Fakturak, beste faktura batzuei lotutako zuzenketak barne, sisteman urtarrilaren 1a baino lehen erregistratu badira eta onesteko fiskalizaziorik behar ez badute, urtarrilaren 19rako kontabilizatuta egon beharko dira, egun hori barne.

1.1.5. Beste kontabilitate-eragiketa batzuk.

Abenduaren 31tik aurrera ezin izanen da aurrekontuen edozein faseri buruzko kontabilitate-espediente berririk aurretiazko moldean erregistratu.

Aurrekontuko sailkapen ekonomikoaren 16. eta 48. artikuluetako gastuek, enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotari dagokionez, 2024ko urtarrilaren 9rako kontabilizatuta egon beharko dute.

Aurrekontua gauzatzearekin loturiko idatzohar guztiak, edozein fasetan daudela ere, baldin ez badira obligazio aitortu gisa behin betiko kontabilizatu 1.1.4 apartatuaren azken paragrafoak aipatzen duen mugaegunean, ezereztu eginen dira. Kasuan kasuko kontabilitate zentroei dagokie idatzohar horiek ezereztea, aurretiaz erregistratutako eragiketei dagokienez, eta 2024ko urtarrilaren 22a baino lehen ezereztuak behar dute egon. Behin-behinekoz aitortutako obligazioak, puntu honetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz baztertzen badira, 2024ko ekitaldiaren kargura egotziko dira, hala badagokio.

Arau hauen kariaz kontabilizatu diren obligazioen kargura, bidezkoak diren ordainketak egin daitezela agintzen ahalko da.

1.1.6. Justifikatu beharreko funts libratuak.

Abenduaren 20ko 385/93 Foru Dekretuak justifikatu beharreko funts libratuak arautzen ditu, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren 172/94 Foru Aginduak aipatu foru dekretua garatu zuen. Halaber, 13/2007 Foru Legearen 56. artikuluak horiek arautu zituen berriro, eta indargabetu, hirugarren azken xedapenaren bidez, foru lege horretan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak oro.

Xedapen horietan ezarritakoa betetzeko, aurrekontuaren itxiera eragiketei dagokienez, honako arau hauek hartu beharko dira kontuan:

1.1.6.1. Kutxa finkoko aurrerakinak.

Kutxa finkoko aurrerakintzat jotzeak aukera ematen du aurrerakin hori ez itzultzeko eta emakida berri bat eskatzeko, ekitaldiaren itxieran eta irekieran. Dena dela, kutxa finkoko aurrerakinak kudeatu eta horien jarraipena egiteaz arduratzen diren organoek txosten bat eginen dute, bilduko duena funts horiek 2023ko abenduaren 31n duten egoera. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen.

Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek edukiko ditu:

a) 2023ko abenduaren 31n justifikatutako eta kontabilizatutako gastuaren zenbatekoa, data horretan aurrerakinaren kontu korrontera itzuli gabekoa. Dagozkion kontabilitate-espedienteak adieraziko dira.

b) Igorri eta onuradunak kobratutako taloien zenbatekoa, 2023ko abenduaren 31n justifikatu gabe eta kontu korrontearen saldora itzuli gabe dagoena. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.

c) Kasuko justifikazioa aurkeztuta ere, onuradunek kobratu ez dituzten taloien zenbatekoa. Hirugarrenen, kontzeptuen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.

1.1.6.2. Justifikatu beharreko ordainketa aginduak.

a) Ordainketa agindu hauek jasotzen dituztenek justifikatu egin beharko dute hartutako diru-kopuruen aplikazioa eta, hala egin behar bada, Diruzaintzara itzuli erabili gabeko funtsak, 2023ko abenduaren 26a baino lehen (abenduaren 2. hamabostaldia). Ekitaldiko diruzaintza ixteko behar diren koadratzeak egin ahal izateko, abenduaren 26ko epea bete ezin izan duten erabili gabeko funtsen itzulketa ohiko hamabostalditik kanpo ingresatuko da, betiere abenduaren 31 baino lehen. Hori horrela izan dadin, justifikatu beharreko funts horien kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte hori betetzeko.

b) Justifikatu beharreko ordainketa aginduen kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek 2023ko abenduaren 31n funts horiek duten egoerari buruzko txostena egin beharko dute. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen.

Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek edukiko ditu:

-2023ko abenduaren 31n ordaindu eta justifikatutako gastuaren zenbatekoa, kontabilizatu gabekoa. Dagozkion fakturen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.

-Luzatutako taloiak, baldin eta 2023ko abenduaren 31n justifikatu gabe badaude, onuradunak kobratuak izan zein ez, eta apartatu honen a) letran ezarritakoa gorabehera. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.

1.2. 2024ko ekitaldiaren irekiera.

1.2.1. Fakturen Erregistroko esleipen kodeak 2. eta 6. kapitulu ekonomikoak ez diren partidetan sortzeko gaikuntza.

Kontabilitate zentroek 2. eta 6. kapitulu ekonomikokoak ez diren aurrekontuko partidak dituztenean, horietan aplikatu behar badituzte Fakturen Erregistroaren bidez kudeatutako fakturazio-agiriak, komunikatuko diote Kontabilitate Zerbitzuari, 2024ko urtarrilaren 9a baino lehen, aukera izan behar dutela 2024ko ekitaldian hori egiteko, kontuan hartu gabe 2023ko ekitaldian aukera hori izan duten ala ez.

1.2.2. Lehendik dauden egoeren aurrekontu kontabilizazioa.

Ekitaldi berriko aurrekontu programa bakoitzean, eta gastuari hasiera eman aurretik, aurrekontu berriaren kargura finantzatu beharreko gastuei dagozkien aurrekontuaren gauzatze faseak kontabilizatuko dira. Faseak honako hauek dira:

-Kreditu erreserbak, bakarrik kreditua erreserbatzea nahitaezkoa duten kontratuei dagozkienak, baldin eta haietatik ekitaldia bukatutakoan prestazioa oraindik jaso gabe badago.

-Gastu konpromisoak, ixten den ekitaldiaren bukaeran indarra dutenak eta ekitaldi berriko aurrekontuaren kargura finantzatu behar direnak; konpromiso horiek lot dakizkieke, batetik, hasten den ekitaldian ordaindu beharreko urte anitzeko gastu konpromisoetako urteko sariei, edo, bestetik, ixten den aurrekontuan kontabilizatuta egon arren, ekitaldiaren bukaeran obligazioa aitortu gabe dutenei, betiere, azken kasu horretan, konpromisoaren titularra den hirugarrenak ekitaldi berrian eskatzerik baldin baditu aurreko ekitaldian kontabilizatutako konpromisoari dagozkion obligazioak.

-Dirulaguntzetarako nahiz kontratuetarako gastu baimenak, aurretiazko tramitazio egoerei dagozkienak. Baimen horiek aurreko bi faseetako mugimenduak kontabilizatu ondoren kontabilizatuko dira.

Egoera horiek kontabilizatuko dira PEP elementuen birprogramazioa, eranskin honen 3. apartatuan aipatutakoa, egin ondoren. Bidezko diren kontabilitate-eragiketa guztiak eginik, Kontabilitate Zentro bakoitzeko arduradunak kontu-hartzaile delegatuari jakinaraziko dio, Kontu-hartze Orokorrean eskuratuko den inprimakia beteta.

Dirulaguntzen deialdiaren kodea agertuko da ekitaldi berriaren aurrekontuan erregistratzean emandako dirulaguntzei dagozkien gastu konpromiso ordaindu gabeak, ixten den aurrekontuaren kargurakoak izan beharko zutenak. Kontabilitate-data urte berriko urtarrilaren 1a izanen da. Hala ere, erantzun gabeko aurrekontu konpromisoa jasorik baldin badago urte anitzeko dokumentu batean, eta ekitaldi berrian dokumentu horretako urteroko bat baldin badago, posible izanen da erantzun gabeko konpromisoaren zenbatekoari gehitzea urteroko berriaren zenbatekoa.

1.2.3. Aurrekontuaren gaitasun finantzarioaren bermea.

Aurrekontu berria aurreikusi diren konpromiso guztiak finantzatzeko gai dela bermatzeko, kontu-hartzailetzak ez du inolako gastu baimenik edo aurrekontuaren aldaketarik fiskalizatuko, baldin fiskalizazio horiek aurrekontuaren gaitasuna kaltetzen ahal badute, hala egun duen egituran, nola departamentuaren titularrak aurrekontuen kudeaketari buruz egin behar dituen ohiko operazioak egin ondoren, aurreko apartatuan aipatutakoari jarraikiz kontabilizatu behar diren eragiketa guztiei erantzuna emateari dagokionez. Eragiketa horiek erabaki berrien aurretik kontabilizatu behar dira lehentasunez. Hortaz, organo kudeatzaileak proposamen bat egiten duenean lehendik dauden egoerak behar den bezala kontabilizatu gabe gastu berriak baimentzeko, kontsideratuko da, eragozpen-oharren ondorioetarako, ez duela behar bezala ziurtatzen aurrekontuan dirurik badela.

Lehendik dauden egoeren kontroletik salbuetsita egonen dira SEM eta REACT-EU proiektuekin lotutakoak, baldin eta ireki beharreko aurrekontuan diruzaintzako gerakinarekin finantzatzen badira.

2.-Diru-sarreren aurrekontua.

2.1. 2023ko ekitaldiaren itxiera.

2.1.1. Diru-sarreren esleipena.

13/2007 Foru Legearen 28. artikuluak xedatzen du aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkiola ekitaldi horretan likidatutako eskubideak, kontuan hartu gabe zer alditan sortuak diren.

Horrekin bat, 2023ko diru-sarreren aurrekontuari urte horretan aitortu diren eskubideak aplikatuko zaizkio, nahiz eta kontabilizazioa 2024ko urtarrilaren 9ra arte luza daitekeen.

2.1.2. Formalizaziotik datozen diru-sarrerak.

2024ko urtarrilaren 9rako, lan pertsonalaren etekinen eta ondasun higigarrien kapitalaren etekinen atxikipenengatik sortzen diren diru-sarrera guztiak aplikatu beharko zaizkie dagozkien partidei, bai eta, halakorik bada, formalizaziotik datozen gainerako diru-sarrerak ere.

2.2. 2024ko ekitaldiaren irekiera.

Kontabilitate zentroek egiaztatu beharko dute, 2023ko abenduaren 31 baino lehen, dagozkien eta ekitaldi berrian indarra izanen duten tributuz besteko diru-sarrera normalizatuen kontzeptu guztiek jasotzen dituztela ekitaldi berrirako aurreikusitako diru-sarreren aurrekontuko partidak.

Aurreko apartatuan ezarritakoa gertatzen ez bada, eta aurrekontu berriak indarra hartu ondotik, kasuko kontzeptuen bertsio berriak sortu beharko dira, eta diru-sarreren aurrekontuko partidak eguneratu.

3.-Gastuetarako proiektuak.

2024ko otsailaren 2rako, gastuetarako proiektuen kudeatzaileek proiektu horietako PEP elementuak berrantolatu beharko dituzte, izandako gauzatzearen eta 2023ko ekitaldiaren itxieran eskura dagoen informazioaren arabera, eta, halaber, proiektuen eta PEP elementuen 2023ko ekitaldia baliozkotuko da informazio sisteman; hori guztia, galarazi gabe batera finantzatutako jarduketei buruzko informazioa emateko baldintzek behartzen ahal dutela berrantolaketa hori adierazitako eguna baino lehen egitera.

4.-Balantze kontuak.

Kontabilitate itxierako eragiketa obligatuetan ezinbestekoa da ondare egoera azaltzeko aurkeztuko diren finantzen egoera orrien zehaztasuna bermatzea. Horregatik, egiaztapen batzuk egin eta dokumentatu behar dira, ziurtatzeko bat datozela balantzeko kontuak eta departamentuetan dauden erregistro lagungarriak. Koadratze hori egiaztatzeko, kontabilitate zentroek hurrengo apartatuetan aipatzen den informazioa eman beharko dute.

4.1. Ibilgetu materiala eta immateriala.

Ondare Zerbitzuak, Foru Komunitateko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa prestatu eta eguneratzeko ardura duen aldetik, informazioa eman beharko dio Kontabilitate Zerbitzuari, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen, ondasun higigarriei dagozkien eta aplikatzeko dauden bajei buruz. Era berean, data hori baino lehen, zerrenda bat bidaliko dio Kontabilitate Zerbitzuari, jasoko dituena etorkizunean etekin ekonomikoak edo zerbitzua emateko probabilitate handia duten aktibo immaterialetan egindako gastuak.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak txosten bat egin beharko du 2023ko ekitaldian "Nafarroako AHTko Korridorea" izeneko 2320601901cfna kontuan aktibatu beharreko gastuei buruz, bai eta aktibo horrek 2023ko abenduaren 31n duen balioari buruz ere. Txostena 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da Kontabilitate Zerbitzura.

2024ko otsailaren 2a baino lehen, departamentuek dagozkien ondasun higiezinei esleituko dizkiete aplikatzeko dauden ibilgetu-kontuetako partida ireki guztiak (2399109999 "Aplikatzeko dauden lurrak", 2399119999 "Aplikatzeko dauden eraikuntzak" eta 2399139999 "Aplikatzeko dagoen ondare historikoa"), 2023ko aurrekontuan kontabilizatu gabe dauden fakturei dagozkien zenbatekoak izan ezik. Kontabilitate Zerbitzura txostena igorriko da, ordaintzeko dauden saldoak justifikatzeko.

4.2. Finantza inbertsio iraunkorrak (250, 251, 252, 259, 260 eta 542 kontuak).

4.2.1. Ondare Zerbitzuak, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko du Kontabilitate Zerbitzura 250 (Akzioak), 251 (Errenta finkoko baloreak) eta 259 (Akzioengatik ordaindu beharrekoak) kontuei dagozkien saldoen euskarri-txostena, 2023ko ekitaldian izandako aldaketen berri emanda eta adierazita aldaketa horiek aurrekontuak gauzatzean eraginik izan duten ala ez.

Txostenak, halaber, hauxe jasoko du:

a) Nafarroako Gobernuak eta haren erakunde autonomoek 2023ko abenduaren 31n dituzten akzioei buruzko informazio hau:

-Akzioen kopurua.

-Balio nominala.

-Partaidetzako sozietatearen kapitalean zer partaidetza portzentaje hartzen duten.

-Urtean egindako kapital handitze edo murrizteak, edo ekitaldiko aurrekontuan behar den aplikazioa eginez hasitakoak, eta horien tratamendua aurreko puntuetan emandako datuetan.

-Nafarroako Gobernuak erosi edo saldutako harpidetza eskubideak.

b) Aurreko informazioa kontuan hartuta, akzioengatik ordaindu beharrekoen eta emandako partaidetza maileguen egoeraren edo aplikazioaren zerrenda.

c) Aurreko apartatuetan aipatu gabeko edozein finantza aktibo eskuratu bada, horren gaineko informazioa.

d) Aipatutako tituluetako batzuek baloreen merkaturen batean kotizatzen badute, ekitaldiko azken hiruhilekoko batez besteko kotizazio ofiziala eta itxierako ekitaldiko abenduaren 31ko kotizazioa ere emanen dira.

Azkenik, 2024ko otsailaren 2a baino lehen igorri beharko du, akzioei dagokienez, 2023ko abenduaren 31n Nafarroako Gobernuaren edo haren erakunde autonomoen jabetzakoak diren sozietate pribatuen eta publikoen arabera, sozietatearen funts propioetan dagoen partaidetzaren kuantifikazioa, 2023ko abenduaren 31n, edo sozietatearen funts propioei buruzko informazioa, 2023. urteko ekitaldiaren urteko itxiera balantzean, eta sozietate bakoitzari dagozkion partaidetza portzentajeak.

4.2.2. Departamentu edo erakunde autonomoetako kontabilitate zentroek, baldin eta maileguak, epe luzerako aurrerakin itzulgarriak edo Nafarroako Ogasun Publikoaren beste kreditu batzuk eman badituzte (252 eta 260 kontuak ukitzen dituztenak), sistema informatikoan sartu beharko dute mailegu horietako bakoitzari buruzko informazioa, 2023ko abenduaren 31n eguneratuta. Departamentuek, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ziurtagiri edo txosten bat igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura, egiaztatzen duena kontabilitate datuak bat datozela Departamentuan dauden administrazio espedienteetako hirugarrenen zerrendarekin (zerrenda ere aurkeztu behar da). Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.

4.2.3. Kontabilitate zentroek, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko diote Kontabilitate Zerbitzuari 542 kontuetan dagoen saldoa berresten duen txostena. Zehazki, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak 542 kontuaren (Udal funtzionarioen Montepioko mailegua) euskarria igorri beharko du. Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.

4.3. Izakinak (3. multzoko kontuak).

Izakinen inbentarioa duten departamentu edo erakunde autonomoek (NOZ eta NOPLOI) GE 21 sisteman agertzen diren izakinak erregularizatu beharko dituzte 2023ko abenduaren 31ko kontabilitate-datarekin, abenduaren 31n benetan dauden izakinetara egokituz. Erregularizatu ondoren, kontu horiek ekitaldia ixtean dituzten saldoei buruzko datuak bidaliko zaizkio Kontabilitate Zerbitzuari 2024ko urtarrilaren 19a baino lehen.

4.4. Aurrekontuko hartzekodunak.

4.4.1. 2023. urtea baino lehenagoko gerakinen eta obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak (T).

2023ko abenduaren 15a baino lehen, 2023 baino lehenagoko obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak dituzten departamentuek edo erakunde autonomoek, obligazio horien ordainketa agindua oraindik tramitatu gabe badago, ezereztu beharrekoak ezereztuko dituzte, eta 2023ko ekitaldiari egotzi, eta mantentzen diren espedienteen zerrenda Kontabilitate Zerbitzura igorri beharko dute. Horrekin batera, ekitaldia ixtean oraindik ere, denbora luzea pasatu arren, indarrean dauden obligazioei dagozkiela frogatzen duten agiriak igorri beharko dituzte.

4.4.2. Hartzekodun orokorrak eta/edo departamentukoak.

Kontabilitate zentroek 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura hartzekodun orokorrei eta/edo departamentukoei dagozkien 2023ko abenduaren 31ko saldoen euskarri-txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean. Txosten horretan ez dira kontuan hartuko kutxa finkoko aurrerakinei eta justifikatu beharreko ordainketei dagozkien hartzekodun orokorrak eta/edo departamentukoak, foru agindu honetako apartatu egokian bildutakoari jarraikiz beste txosten batean jorratzen baitira.

4.5. Aurrekontura aplikatzeke dauden aurrekontutik kanpoko hartzekodunak eta kobrantzen kudeaketaren ondoriozko aurrekontutik kanpoko hartzekodunak. (413 eta 419).

4.5.1. Fakturen kontabilitate erregistroa.

2024ko urtarrilaren 1a baino lehen sartutako faktura guztiek, atzera bota ez badira, dagokien isla izan beharko dute 413 kontuetan. Horretarako, 2023ko aurrekontuari aplikatu gabe geratu diren fakturek 2024ko urtarrilaren 19a baino lehen "esleitua" edo "baliozkotua" egoeran geratu beharko dute, esleipen-kodea 3000000026 bada. Egun hori igarota, kudeatzaileak atzera bota beharko ditu dagokien 413 kontuan ez dauden fakturak.

2023ko abenduaren 31n ezin izanen da gelditu 2023ko urriaren 1a baino lehenagoko erregistro sarrera duen fakturarik "esleitu" edo "baliozkotu" egoeran; lehenago igorriko dira kontabilitate zentroetara, kontabilizatzeko; bestela, atzera botako dira.

4.5.2. SAPeko MM moduluaren bidez kudeatzen diren 413000 kontuak.

2024ko urtarrilaren 19a baino lehen, Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Erosketak eta Biltegiak Kudeatzeko Sistemaren kudeatzaileek 413000 kontuen saldo hartzekodunetan egon litezkeen akatsak zuzenduko dituzte, eta horretarako, jasotako fakturei nahiz jasotzekoak diren fakturei lotzen ez zaizkien WS (zerbitzu sarrera) eta WE (salgaien sarrera) dokumentuak ezereztu eta 2023ko ekitaldiari egotziko dizkiote. Zuzenketa hori egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute, data hartarako, oraindik sisteman dauden eta faktura Kudeaketa Sisteman erregistratu gabe duten WS eta WE dokumentuen zerrenda (2023ko urriaren 1a baino lehenagokoak); halaber, salgaiak edo zerbitzuak jasotzen direnetik ordaintzeko batez besteko aldia eta aurrekontu egonkortasunaren araudiak aldi horri jartzen dion tartea igarota, dagokion faktura erregistratu gabe egoteko arrazoiak justifikatu beharko dituzte.

Halaber, eta 2024ko urtarrilaren 19a baino lehen, itxi gabeko material eskaera guztiak ekitaldi berrira ekarriko dituzte, eta, behar denean, batetik bestera aldatu behar ez direnak erregularizatu eginen dira. 2023ko ekitaldia ixtearekin, eskaerak 2024ra aldatzeko aukera blokeatuko da.

4.5.3. Dirulaguntzak justifikatzeko Extr@-ren bidez kudeatzen diren 41300 kontuak.

Dirulaguntzak kontabilizatzeko Extr@ tresna erabiltzen duten dirulaguntzen kudeatzaileek 2024ko urtarrilaren 19a baino lehen zuzendu beharko dituzte kontu horien saldoa osatzen duten apunteetan egon litezkeen akatsak. Kontu horiek berrikusi ondoren, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzura igorriko dute saldo horien euskarri diren hirugarrenen zerrenda.

4.5.4. Zorren kobrantzen ondoriozko aurrekontutik kanpoko hartzekodunak (419 kontuak).

Gertatzen denean kontabilitate zentroek derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatzen dituztela kobrantza kudeaketaren ondoriozko aurrekontutik kanpoko zordunak, beste erakunde batzuei dagozkienak (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa-Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa, NILSA eta Konpentsazio Batzordea), orduan kontabilitate zentro horiek abenduaren 31ko saldoaren dagokien zatia jasan beharko dute 2024ko urtarrilaren 19a baino lehen, derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu eta kobratzeko edo ezeztatzeko dauden zordunei dagokiena; informazio hori Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute.

4.6. Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarriaren kudeaketa esparruko hartzekodunak (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak).

HKLren (Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeatutako diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodunen kontuei (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak) eta aplikatzeke dauden zerga kobrantzei (431 kontuetako saldo hartzekodunak) dagokienez, Diru-bilketa Zerbitzuak horiek ekitaldia ixten denean duten saldoei buruzko informazioa emanen du 2024ko urtarrilaren 19a baino lehen.

Halaber, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoak aipatu den egunean igorriko du zerga unitateetan diru-sarrerak itzultzeko aurkeztu diren eskaeren zenbatekoa, zergen arabera banatuta, baldin eta abenduaren 31n diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodun gisa erregistratzeke badaude kasuan kasuko zerga zordunen hartzekoan. 2024ko apirilaren 1a baino lehen eskaera horiei dagokien behin betiko informazioa eman beharko du, eskatzaileen benetako eskubideak aitortu ondoren, hala badagokie.

4.7. Zordunak. (43 eta 44 kontuak).

Kontabilitate zentroek 2024ko urtarrilaren 19 baino lehen sartu beharko dute sistema informatikoan kobratzeke dauden zor guztien gaineko informazio eguneratua (4311) eta aurrekontutik kanpoko zordunei buruzkoa (4490).

4.7.1. 2023ko ekitaldiaren aurretik likidatutako eskubideen ondoriozko zordunak.

Data hori baino lehen, departamentu edo erakunde autonomoek zordunak badituzte, 2023ko ekitaldia ixtean aurreko urteetan likidatutako eskubideen ondoriozkoak, justifikatzen ez direnak ezereztu eginen dituzte. Horrekin batera, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dituzte mantentzen direnak, zorra hasi zeneko urtearen arabera ordenatuta eta, agirien bidez justifikatuta, denbora luzea pasatu arren, eskubide horiek ekitaldia ixtean indarra izanen dutela eta ez direla derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu beharko.

4.7.2. Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarriaren kudeaketa esparruko zordunak.

HKLren (Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarria) kudeaketa esparruan kudeatzen diren zordunen kontuei dagokienez (431, 432, 435 eta 436), 2024ko urtarrilaren 19 baino lehen Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du aurreko ekitaldietako (aurrekontu itxietako) zordunen eta haiek abenduaren 31n duten saldo zordunaren gainean ekitaldian egin den kudeaketari buruz.

Kontu horien gainean, eta egun berean, Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du ekitaldian likidatu diren eskubideei dagozkien 2023ko abenduaren 31ko saldo zordunei buruz, aurreko paragrafoan bildutako informaziotik bereizita.

Aipatu kontuen saldoak bat etorriko dira aurreko bi paragrafoetan agertzen diren saldoen baturarekin.

4.7.3. Zordun orokorrak eta/edo departamentukoak.

Kontabilitate zentroek 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura zordun orokorrei eta/edo departamentukoei dagozkien abenduaren 31ko saldoen euskarri-txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean.

4.7.4. Dirulaguntzen aurrerakinak jasotzeagatiko zordunak (447 kontuak).

Espedienteak kudeatzeko Extr@ tresnaren bidez kudeatutako dirulaguntzen aurrerakinei dagokienez, kontabilitate zentroek 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura txosten bat, jasotzen duena 447 kontuen euskarri diren hirugarrenen zerrenda, abenduaren 31ko datarekin.

4.8. Formalizatze kontuak eta aplikatzeko daudenak (554, 556, 585, 586 eta 589 kontuak).

Zor/kreditu konpentsazio edo barruko formalizazioen eragiketetan kontu multzo hau erabiltzen duten kontabilitate zentroek ziurtatu beharko dute, ekitaldi itxieran, saldoa zero dutela. Halaber, eta 5540001700 eta 5540200000 kontuei dagokienez, itxiera ekitaldiko mugimenduak konpentsatu beharko dira, 2023ko abenduaren 31n.

Epigrafe honetan aipatutako konturen batek saldoa zero ez badu, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da Kontabilitate Zerbitzura 2023ko abenduaren 31n duen saldoaren berri xehakatua.

Era berean, 5540001700, 5540200000, 5561000000, 5561000001, 5561000004, 5852000002 eta 5852000003 kontuei buruz, zeinak HKLren (Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeatzen baitira, dagozkien saldo zordunen eta hartzekodunen informazioa emanen da.

4.9. Epe laburreko fidantzak, Hiri Jabetzaren Ganberako errentamenduen fidantzak eta Gordailuen Kutxa Orokorra (180, 560 eta 5611 kontuak).

Departamentuek edo erakunde autonomoek epe laburrera jasotako fidantzen ondoriozko hartzekodunak badituzte, 2023ko abenduaren 31 baino lehen ezereztuko dituzte bermea jada beharrezkoa ez duten fidantzak eta bost urtean bederen itzultzeko eskaerarik gabe egon direnak, eta 2023ko ekitaldiari egotziko dizkiote.

2024ko urtarrilaren 31 baino lehen, kontabilitate zentroek Idazkaritza Tekniko Nagusiaren txostena igorriko dute Kontabilitate Zerbitzura, agertuta 2023ko abenduaren 31n itzuli gabe dauden epe laburrera jasotako fidantzen zerrenda, fidantzak eratu zireneko urtearen arabera ordenatuta.

5.-Jasotako eta emandako abalen gaineko informazioa.

5.1. Emandako abalak.

Ondare Zerbitzuak, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko ditu Kontabilitate Zerbitzura, gai hauek bilduko dituzten txostenak:

-Eratutako abalek abenduaren 31n dituzten saldoak eta 2023ko ekitaldian horietan izandako aldaketak.

-Emandako abalen saldo bizia, abenduaren 31n exekutatu ez baina kasuan kasuko finantza entitateari egin beharreko ordainketetan ez-ordaintze bat izan dutenena, behar diren hornidurak gauzatzeko.

5.2. Jasotako abalak.

Egun horretan berean, Diruzaintza Atalak abenduaren 31 arte jasotako abalen inguruko saldoen eta 2023an horietan izandako aldaketen txostena eginen du.

6.-Finantza-entitateetan dauden kontuak, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak.

6.1. Diruzaintza Atalean zentralizaturik ez dauden finantza-entitateetako kontuak, hau da, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak, kudeatzeko baimena duten arduradunek Nafarroako Gobernuko diruzaintza nagusian sartu beharko dituzte haien saldoak, dagokion ordainketa gutunaren bidez abenduaren 26a baino lehen (2023ko abenduaren 2. hamabostaldia) edo transferentziaren bidez abenduaren 31 baino lehen (hamabostalditik kanpo). Kutxa finkoko aurrerakinak eta justifikatu beharreko ordainketa aginduak salbuetsita daude, haien tratamendua 1.1.5 apartatuan biltzen baita.

6.2. Aurreko paragrafoan aipatu diru-sarrera bidezkoa ez denean eta, betiere, kontu horiek abenduaren 31n saldo positiboa edo negatiboa badute, arduradun baimenduek 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dituzte Diruzaintza Atalera, kasuan kasuko idazkaritza nagusiaren bidez, kontu horiek abenduaren 31n duten saldoaren laburpena eta haren osaerari buruzko txostena.

6.3. Diruzaintza Atalak Nafarroako Gobernuak finantza-entitateetan kontabilitatean korrelaziorik gabe dituen kontuen zerrenda eginen du 2024ko otsailaren 2a baino lehen, 2023ko abenduaren 31n dituzten saldoak barne, sailkapen honekin: diru-bilketaren kontu bereziak, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeak kudeatzeko dituen kontuak eta kontabilitatean korrelaziorik ez duten bestelako kontuak.

7.-Sozietate eta fundazio publikoak.

7.1. Edukia.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 2. artikuluko f) eta g) apartatuetan aipatzen diren entitateen kontuetan bilduko dira balantzea, emaitzen kontua, ondare garbiaren aldaketen egoera orria, eskudiru fluxuen egoera orria eta memoria, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kontabilitate Plan Orokorrean adierazitako moduan eginak.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren dirulaguntzak eta beste transferentzia batzuk erakusten dituen egoera orrian, emandako kontabilitateko tratamendua aipatuko da, eta bereiz jasoko Estatuarenak, Foru Komunitatearenak, toki entitateenak eta Europar Batasunarenak; gainera, azken horiek zein funts edo finantza bitartekoren kargura jaso diren adieraziko da.

7.2. Igorri beharreko informazioa.

Sozietate eta fundazio publikoek Kontabilitate Zerbitzuari 2024ko maiatzaren 10a baino lehen igorri beharko dizkiote onetsitako kontuak, barnean direla Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren agiriak. PDF formatuan igorriko dira.

8.-Beste erakunde batzuk.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren erakundeek xedapen horren 3. zenbakian adierazten den itzulketa egin beharko dute, dagozkien urteko kontuak onetsi eta hamabost eguneko epean.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web