(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

84/2023 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 11koa, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA 430 EREDUA, "ASEGURU PRIMEN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA" IZENEKOA

BON N.º 14 - 18/01/2024



  I. ERANSKINA. AUTOLIKIDAZIO EREDUA


  II. ERANSKINA. 480 EREDUAREN WEB FORMULARIOAREN EDUKIA


Atariko

Aseguru primen gaineko zerga araututa dago Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 12. artikuluan. Lurralde erkideko arau hori Nafarroan aplikatzekoa da, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarria aplikatuz.

Lege horren 12. artikuluak adierazten du subjektu pasiboek zerga horren aitorpena aurkeztu beharko dutela hilero, eta dagokion tributu-zorra zehaztu eta ordaindu beharko dutela.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean indarrean den Hitzarmen Ekonomikoaren 37. artikuluak xedatzen du zer kasutan egokituko zaion Nafarroari Aseguru primen gaineko Zergaren ordainarazpena. Azkenean ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerga horien aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahalko dituela, eta likidazio-aldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko dituela, Estatuko Administrazioak ezartzen dituen epeen antzera, funtsean.

Ahalmen hori erabiliz, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, irailaren 27ko 302/2006 Foru Aginduaren bidez, Aseguru Primen gaineko Zergaren hileko aitorpen-likidazioaren 430 eredua onetsi zuen.

Onetsi zenetik, hainbat arau-aldaketa sartu dira indarrean. Haietatik azpimarragarria da kendu dela "zergadunaren ordezkoa" figura, Aseguru eta berraseguru entitateen antolamenduari, gainbegiratzeari eta kaudimenari buruzko uztailaren 14ko 20/2015 Legearen bidez. Horrez gain, lege horrek berak ezabatu egin zuen Europako esparru ekonomikoko beste estatu kide batean, Espainia ez beste batean, ezarritako aseguru entitateek zuten betebeharra, Espainian ordezkari fiskal bat izendatzeko, zerga horrengatik dituzten zerga betebeharrak betetzeko. Estatuaren 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legeak zergaren karga-tasa ehuneko seitik ehuneko zortzira igo zuen.

Zergaren autolikidazio eredua aldaketa horietara egokitzeko, foru agindu honen xedea da 430 eredu berri bat onestea, "Aseguru primen gaineko zerga. Autolikidazioa".

Gainera, uztailaren 17ko 25/2006 Legearen bosgarren artikuluak eta abenduaren 23ko 4/2008 Legearen bederatzigarren artikuluak onartzen zituzten kuota-hobariei eta horien erregularizazioari buruzko aipamenak kendu dira. Ildo beretik, azken xedapen bigarrenak 480 ereduaren edukia "Aseguru primen gaineko zerga. Urteko aitorpen laburtua" aldatzen du, hobari horiei dagokien laukia kentzeko.

Zerga, administrazio eta arlo sozialeko neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 12. artikulua. Hamahirugarrena.1) atalak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Ministerioari zergaren subjektu pasiboek aurkeztu behar duten hileko autolikidazioaren tokia, modua, epeak eta inprimakiak zehazteko. Gaikuntza hori Nafarroako Gobernuko zerga gaietan eskumena duen departamentuko titularraren esku dela ulertu behar da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6.1 artikuluari jarraiki.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 430 eredua onestea.

"Aseguru primen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 430 eredua onetsi da. Formatu elektronikoa du eta haren edukia I. eranskinean ageri da.

2. artikulua. 430 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

430 eredua aurkeztera behartuak daude aseguru-entitateak, baldin eta ekitaldian Neurri fiskalei, administratiboei eta arlo sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 12. artikuluan aurreikusitako aseguru primen gaineko zergari atxikitako eragiketak egin badituzte, eta horiek ordainaraztea Nafarroako Foru Ogasunari badagokio, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eredua aurkeztu beharko dute autolikidazioari dagokion hilabetean zergarekiko loturarik ez duen eragiketaren bat egin dutenean.

3. artikulua. 430 eredua aurkezteko eta ordaintzeko epea.

Hileko likidazio aldia amaitu ondorengo hilabeteko lehen hogei egun naturaletan, aurkeztu eta ordaindu behar da 430 eredua, salbu eta uztaileko likidazio aldiari dagokiona, hori abuztuan eta iraileko lehenbiziko hogei egunetan aurkeztu behar baita.

4. artikulua. 430 eredua aurkezteko modua.

430 eredua formatu elektronikoan bakarrik izanen da eskuragarri eta bide elektronikotik aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. 430 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 430 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

1. Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo erakundeek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa.

6. artikulua. 430 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak.

430 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aurkezpen elektronikoa eginen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betez, hor arautzen baitira zenbait tributu-aitorpen bide telematikotik edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarri baten bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 430 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

430 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 430 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Autolikidazioa bete ondoren, "bidali" aukera erabili.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ez da autolikidazioa aurkezten ahalko.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

8. artikulua. 430 ereduaren dirusarrera egiteko prozedura.

Autolikidazioa aurkeztean, haren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko da.

Eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaintzeko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:

a) Ordainketa telematikoaren bidez, web formularioa bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.

Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.

b) Banku-helbideratzearen bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduari jarraiki, haren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

c) Ordainketa gutun bat lortuz (753 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu erakundetan ordaintzeko.

Lehen xedapen gehigarria. Helbideratu daitezkeen ereduak.

Lehengo 430 eredua "Aseguru primen gaineko zerga. Hileko aitorpen-likidazioa" zenaren ordez 430 eredu berria ezarri da "Aseguru primen gaineko zerga. Autolikidazioa" Ekonomiako eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean helbideratu daitezkeen ereduen zerrendan; foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Bigarren xedapen gehigarria. Datu pertsonalen tratamendua.

Zergapekoak bere tributu eskubide eta betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Foru agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera, indarrik gabe geratuko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 27ko 302/2006 Foru Agindua, Aseguru Primen gaineko Zergaren hileko likidazioaren 430. eredua onetsi eta hura Internet bidez telematikoki aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen dituena.

Azken xedapen lehena. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emandako abenduaren 22ko 143/2022 Foru Agindua, "Aseguru primen gaineko zerga. Urteko aitorpen laburtua" izeneko 480 eredua onesten duena, aldatzea.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, abenduaren 22ko 143/2022 Foru Aginduaren I. eranskinaren ordez foru agindu honen II. eranskina onetsi da.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta 2024ko urtarrileko autolikidazioetan aplikatuko da lehenengoz; autolikidazio horiek 2024ko otsaileko lehenengo hogei egunetan aurkeztuko dira. Aurrekoa izan ezik, azken xedapen lehenak bere hartan espresuki aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

I. ERANSKINA. AUTOLIKIDAZIO EREDUA

I. ERANSKINA

430 eredua. Aseguru primen gaineko zerga. Autolikidazioa

Aitorpenaren edukia

Identifikazio datuak:

Subjektu pasiboaren IFZ eta sozietatearen izena paratu behar dira.

Aurkezpena subjektu pasiboaren ordezkariak egiten badu, ordezkariaren IFZ eta izen-deiturak edo sozietatearen izena ere adieraziko dira.

Aldia.

-Urtea: aitorpena dagokion urtearen lau zifrak idatzi behar dira.

Aldia: aitorpena zein hiruhilekori dagokion jarri behar da.

Harremanetarako datuak.

Harremanetarako posta elektronikoa eta telefonoa eremuak nahitaez bete behar dira.

Aitorpenaren laburpena.

Ereduak datu hauek bilduko ditu apartatu honetan:

-Zerga oinarria: hartzaileek edo hirugarrenek likidazio aldian ordaindutako primen edo kuoten zenbateko osoa, 13/1996 Foru Legearen 12.Zortzi artikuluan zehaztu bezala.

-Zerga tasa: 13/1996 Foru Legearen 12.Hamaika artikuluan ezarritakoa.

-Ordaindu beharreko kuota: zerga oinarriari zerga tasa aplikatzearen emaitza.

-Ordaindu beharreko emaitza: "ordaindu beharreko kuota" laukitxoan adierazitako zenbateko bera.

Helbideratu.

-BAI: aukera hau sakatzean, "ordaindu beharreko emaitza" helbideratu nahi den banku-kontuaren zenbakiari dagozkion laukitxoak bete beharko dira.

-EZ: lauki hau klikatzean, aitorpena bidaliko da eta, ondoren, ordainketa telematikoa egiteko edo 753 ordainketa gutuna inprimatzeko aukera emanen da.

II. ERANSKINA. 480 EREDUAREN WEB FORMULARIOAREN EDUKIA

II. ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web