(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

279/2023 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 28KOA, NAFARROAKO BOLUNTARIOAREN SARIA ETA AITORTZA BEREZIA ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 264 - 22/12/2023



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 7.16 artikuluan, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskudantzien artean dagoela ohore eta goresmen sariak ematea, berariazko araudiari jarraikiz.

Nafarroako Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren iritzian oinarrituta, urtero emanen dio Nafarroako boluntarioaren saria pertsona fisiko edo juridiko bati boluntariotzan arduraz aritzeagatik, boluntario jardunean gizartearentzako eredu izateagatik edo boluntariotzako jarduketek garrantzi berezia izateagatik.

Foru lege horrek berak xedatzen du erregelamendu bidez ezarriko direla betekizun zehatzak.

Foru legea 1998koa bada ere, gaur egun oraindik ez da erregelamendu bidez garatu, eta, beraz, ezin izan dira sari horiek eman.

2022ko otsailaren 9an, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Boluntariotzaren II. Plana onetsi zuen, eta haren jarduera ildo nagusietako bat da boluntariotza sustatzea, 2/1998 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz. Sustapen bide nagusietako bat da Nafarroako boluntarioaren saria ematea urtero, maiztasun hori ezartzen baitu araudiak.

Parte hartzeko prozesu bat osatu ondoan prestatu da erregelamendu hau, eta Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak haren aldeko txostena eman du.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak 16. artikuluan ezartzen duenez, "Nafarroako Gobernuak eta haren sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateek emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa bete beharko dute kide anitzeko organoetan beraien ordezkari direnak izendatu eta hautatzean, bai eta sariak, aitortzak eta bekak emateko epaimahaietan ere, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoi objektiboak daudenean".

Boluntarioaren saria emateko adostasun-maila handia behar da. Adostasun hori boluntarioa hautatzeko eta emateko partaidetza-prozesuarekin bermatzen da. Hartara, adostasun horrek eragina izanen du hautagaitzen proposamenean, bai eta, hala badagokio, saritutako pertsonaren hautaketan ere. Izan ere, azkenean, Nafarroako Gobernuak hartuko du saridunaren gaineko erabakia, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.

Erregelamendu honek, halaber, boluntariotza arloko jarduketa berezien aitortza ezartzen du. Jarduketa horiek pertsona edo erakunde baten edo batzuen berezko jardun boluntarioaren ondoriozkoak izanen dira, Estatuan edo nazioartean nabarmen gailendutakoak eta boluntariotzak gizarte-fenomeno gisa dituen balioen eredu eta erreferentetzat hartuak.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak txostena egin duelarik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko azaroaren hogeita zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da, batetik, Nafarroako boluntarioaren saria arautzea, hori baita boluntariotzaren arloan Nafarroako Gobernuak ematen duen saririk gorena, eta, bestetik, Nafarroako Boluntarioaren aitortza berezia ere arautzea.

2. artikulua. Helburua.

Nafarroako boluntarioaren sariaren helburua da jendaurreko aintzatespena egitea boluntariotzaren arloan gailendu den pertsona fisiko edo juridiko bati, boluntariotzan arduraz aritzeagatik edo boluntario jardunean gizartearentzako eredu izateagatik, edo boluntariotzako jarduketek garrantzi berezia izateagatik.

3. artikulua. Hautagaitzak.

1. Edozein pertsona fisikok edo juridikok aurkez ditzake hautagaitzak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoarekin bat; jasota utzi beharko da zein pertsona fisiko edo juridikoren hautagaitza aurkezten den.

2. Hautagaitza aurkeztean memoria bat erantsi beharko da; bertan adieraziko dira hautagaiaren merezimenduak, egoki jotzen den bestelako informazioa eta merezimenduak egiaztatzekoa, hori guztia kontuan harturik foru dekretu honen 5. artikuluan eta deialdiaren oinarri arautzaileetan ezarritako hautaketa-irizpideak.

4. artikulua. Saria emateko prozedura.

1. Sariaren deialdia urtero eginen da, boluntariotza koordinatzeko arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez.

2. Deialdian ezarriko dira hautagaitzak aurkezteko epea eta saria emateko prozedura.

3. Deialdia egiten duen foru aginduan batzorde tekniko bat ezarriko da, eta hark aztertuko du jasotako proposamenak egokiak diren eta bat datozen foru dekretu honen 5. artikuluan azaldutako irizpide orokorrekin, zeinak deialdian zehaztuko baitira. Alde batera utziko dira irizpide horiek betetzen ez dituzten hautagaitzak, eta gehienez ere hamar hautatuko dira.

4. Hautatutako horien artetik, hiruren alde eginen da gehienez saria emateko proposamena, nahi bada aholku batzorde baten bidez. Aholku batzorde horretan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua izanen da, eta boluntariotza koordinatzeko arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko ditu batzordekideak. Nor bere izenean edo boluntariotzaren arloan jarduten duten entitateak ordezkatuz parte hartuko dute, eta kontuan hartuko da boluntario jardunak zein neurritan diren gizartearentzako eredugarriak edo zein neurritan gailendu diren. Aholku batzorderik ez bada, herri-bozketa eginen da.

5. Aholku batzordearen funtzionamendu arauak edo herri-bozketan jarraitu beharreko prozedura, kasua zein den, deialdian ezarriko dira.

6. Saria emateko proposamena artikulu honen 4. zenbakian ezarritakoari jarraituz egina dagoenean, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak proposamena ikusi eta txosten bat eginen du, eta saria proposameneko hautagaietako bati ematea proposatuko du, edo saria eman gabe utziko. Aholku batzordearen irizpideak alde batera uzten baditu, erabaki horren gaineko arrazoiak eman beharko ditu.

7. Boluntariotza koordinatzeko arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik, Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez emanen du Nafarroako boluntarioaren saria, edo, kasua bada, boluntarioaren saria eman gabe uztea erabakiko du.

5. artikulua. Hautaketairizpideak.

Kontuan hartuko da boluntario jardunak zein neurritan diren gizartearentzako eredugarriak edo zein neurritan gailendu diren, eta horri erreparatuta, honako irizpide hauei jarraituko zaie saria emateko:

1. Gizarte konpromisoaren ikuspegitik garrantzi handiko ekintza puntualak egin izana.

2. Boluntariotzaren zenbait arlotan egindako ibilbidea.

3. Saria jasotzeko hautagai den boluntarioa gizarte-bazterketa arriskuan edo egoera sozial zaurgarrian dagoen sektore batekoa izatea, orain arte boluntario jarduketen hartzaile izandakoa, eta orain jarduketen eragile bihurtu izana.

4. Boluntariotza bultzatzen duten jarduketak egin izana.

5. Boluntariotzaren arloan, bestelakoetan edo arlo atipikoetan garatutako ekimenak, jarduketak edo praktika berritzaileak, edo bidea ematen dutenak desgaitasuna duten pertsonek jarduera boluntarioak gara ditzaten.

6. Ekimen eta ekintza eredugarriak dituzten ibilbideak, aitortza publikoa merezi dutenak, bai izan duten garrantzi eta oihartzunagatik, bai eta Nafarroaren irudia nazioartean proiektatzeagatik ere, boluntariotzaren arloan.

7. Hautagaiaren boluntario jardunaren eragina eta oihartzuna, hartzaileen bizi-baldintzak hobetzeari dagokionez. Bereziki baloratuko da boluntario jardunak Nafarroako Foru Komunitatean izatea eragina eta oihartzuna.

8. Honako hauei laguntzeko boluntariotza ekintzak garatu izana: emakumeen eta gizonen berdintasunaren sustapena; emakume eta neskatoen ahalduntzea; emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa; maskulinitate berdinzaleak, diskriminaziorik eza, gizarte-inklusioa eta elkartasuna bultzatzeko ekintzen sustapena, eta giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen sustapena eta sendotzea.

9. Pertsona juridikoen kasuan, kontuan hartuko da programatu dituzten boluntario jarduerak garatzean kolektibo eta pertsona boluntarioak inplikatu diren.

10. Boluntario jardunean sortutako aliantzak.

6. artikulua. Saria ematea.

1. Saria Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez emanen da. Foru dekretu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

2. Saria ohorezkoa da, eta, beraz, ez du eskubide ekonomikorik sortuko.

3. Saria urtero emanen da.

4. Saritua hil ondoren ematen ahalko da.

7. artikulua. Nafarroako boluntarioaren aitortza berezia.

1. Nafarroako boluntarioaren aitortza berezia aparteko jarduketak aintzatesteko modalitatea da. Jarduketa horiek pertsona edo erakunde baten edo batzuen berezko jardun boluntarioaren ondoriozkoak izanen dira, Estatuan edo nazioartean nabarmen gailendutakoak eta boluntariotzak gizarte-fenomeno gisa dituen balioen eredu eta erreferentetzat hartuak.

2. Aitortza berezia 4. artikuluan ezarritako deialdirik gabe egiten ahalko da. Halako aitortza merezi duen gertaera baten berri jakin bezain laster, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren osoko bilkura berezirako deia egiten ahalko da, kontseiluburuak edo kontseilukideen erdiak eskatuta.

3. Nafarroako Boluntariotzaren kontseiluburuak edo, hura ez badago, osoko bilkura berezia egitea proposatu duten kontseilukideek gainerakoei azalduko diete zergatik den zilegi Nafarroako boluntarioaren aitortza berezia ematea pertsona fisiko edo juridiko bati edo batzuei, boluntariotzaren eta gizarte elkartasunaren arloan egin duten jarduketa gailen batengatik.

4. Aitortza proposamena onets dadin beharrezkoa izanen da kontseilukideen gehiengoak, alegia, kideen hiru bostenek, aldeko botoa ematea. Nafarroako boluntarioaren aitortza berezia Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez emanen da. Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

8. artikulua. Nafarroako boluntarioaren saria eta aitortza berezia kentzea.

1. Boluntariotza koordinatzeko arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak zilegi izanen du ofizioz edo Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak eskatuta abiatzea kasuan kasuko informazio-prozeduraren tramitazioa. Prozedura horretan, entzunaldia emanen zaio interesdunari, Nafarroako boluntarioaren saria edo Nafarroako boluntarioaren aitortza berezia kentzeko proposa dezan, baldin eta lehendik saria edo aitortza jaso duten pertsona fisikoak edo juridikoak honako egoeretako batean badaude:

a) Epai irmo bidez kondenaturik, boluntario jardunak, eredugarritasun publikoak eta elkartasun sozialak sustatzen dituzten balioen kontrako delituak egiteagatik.

b) Boluntario jardunak, eredugarritasun publikoak eta elkartasun sozialak sustatzen dituzten balioen kontrako ekintzak edo jendaurreko adierazpenak egin izana.

c) Eskaeran hautagaiari buruz emandako informazioa faltsua edo okerra izatea, edo gertaera zein datu erabakigarriak aipatu gabe uztea, barne direla orduan ezkutuan zeudenak edo oraindik jakin ezin zirenak.

2. Nafarroako Gobernuak kenduko du saria edo aitortza, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren txostena ikusi ondoren, boluntariotza koordinatzeko arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik.

Saria kentzea xedatzen duen erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Azken xedapenetako lehena. Arau garapena.

Boluntariotza koordinatzeko arloan eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta aplikatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena. Uztailaren 30eko 61/2014 Foru Dekretuaren aldaketa.

Honela aldatzen da 61/2014 Foru Dekretua, uztailaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzen duena:

Bat.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzen duen uztailaren 30eko 61/2014 Foru Dekretuaren 5. artikuluko f) letra kentzen da.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web