(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

103/2023 FORU AGINDUA, AZAROAREN 2KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAN DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO CURRICULUM ANIZTASUNEKO PROGRAMAK ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 258 - 14/12/2023



Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatuak, jasotzen du hezkuntza inklusioaren printzipio pedagogikoak orientatu behar dituela ikastetxeek ikasleei egiten dizkieten proposamenak. Ildo horretan, eginen den aldaketetako bat da curriculum aniztasuneko programak berreskuratzea (DBHko 3. mailatik aurrera), Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak ezarritako ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programen ordez.

Martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen dituenak, 24. artikuluan arautzen ditu curriculum aniztasuneko programak. Programa horiei esker, curriculuma aldatzen ahal da ikasteko zailtasun handiak dituzten ikasleen premietara egokitzeko, eta, hala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzen ahal dute.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuak curriculum aniztasuneko programak arautzen ditu 14. artikuluan. Artikulu horren 8. apartatuaren arabera, "Hezkuntza Departamentuak ezarriko du programa horien curriculuma. Programa horiek irteera-profilean ezarritako konpetentziak lortzea bermatu beharko dute betiere". Halaber, 11. apartatuari jarraikiz, "Ikastetxeek curriculum dibertsifikaziorako programak antolatzen ahalko dituzte Hezkuntza Departamentuak ezarritakoaren barruan eta ikasleen premiak kontuan hartuta", eta 12. apartatuaren arabera, "Programa hauetan parte hartzen duten eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntza baliabideak bermatuko dizkie Hezkuntza Departamentuak, ikasle horientzat oro har aurreikusitakoak".

Programa horiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta/edo 4. mailako ikasketak egiteko modu alternatiboa dira, eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako beste ohiko neurri batzuk agortu badira soilik aplikatzen ahal dira, hala nola hezkuntza errefortzua eta laguntza.

Curriculum aniztasuneko programen egitura ikaskuntzan pertsonalizazio eta indibidualizazio handiagoa lortzera bideratuta dago, konpetentzien ikuspegi batetik, banakako desberdintasunei arreta emateko printzipio psikopedagogikoak eta ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren ikuspegia kontuan hartuta.

Hori guztia ikusita, bidezkoa da, hortaz, garatzea ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan erregelamendu bidez ezarritakoa, eta arautzea, foru agindu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum aniztasuneko programak.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako curriculum aniztasuneko programak arautzea eta horien curriculuma zehaztea.

2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta badaude eta curriculum aniztasuneko programak ematen badituzte.

2. artikulua . Gogoeta orokorrak.

1. Curriculum aniztasuneko programen xedea izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lor dezaten etapa horretako lehen edo bigarren mailan laguntza neurriak jaso ondoren ikasteko zailtasun nabarmenak dituzten ikasleek, edo inklusiorako neurri hori titulua lortzeko mesedegarri zaienek.

2. Programa horiek ezartzeak berekin ekarriko du metodologia espezifiko bat aplikatzea, curriculuma ezagutza esparruetan, jarduera praktikoetan eta, hala badagokio, ikasgaietan antolatuko duena eta oro har ezarritakoaz bestelakoa izanen dena, ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eta etaparen helburuak lor ditzaten.

3. Oro har, curriculum aniztasuneko programak bi urtetan eginen dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik etapa amaitu arte.

4. Programa horiek ikastetxeko banakako desberdintasunei arreta emateko neurrien barruan txertatuko dira. Horretarako, zuzendaritza taldeak, orientazio departamentuarekin lankidetzan, curriculum aniztasuna sartuko du Aniztasunari Erantzuteko Planaren neurrien barruan.

5. Ikastetxeek bermatu eginen dizkiete programa hauetan parte hartzen duten hezkuntza premia bereziko ikasleei ikastetxean bertan haiendako oro har aurreikusitako laguntza baliabideak.

6. Programa horien bideragarritasuna bermatzeko, horretarako eratutako talde bakoitzean gutxienez ere 10 ikasle egonen dira, eta gehienez ere 15. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren aldez aurreko txostena izanik, egoera jakin batzuk balora ditzake, eta baimendu dezake orokorki ezarritako ikasle kopurua ez dena izatea programa horiek garatzeko.

7. Programa horiek eskatzeko prozeduraren ondorioetarako, ikastetxeko zuzendariak programa horiek inplementatzeko eskatuko dio Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, gizarteratzearen arloan eskumenak dituen Hezkuntza Departamentuko zerbitzuarekin batera, programa ikastetxearen ezaugarrietara eta beharretara egokitzen den baloratuko du, eta, hala badagokio, baimena emanen dio.

3. artikulua . Programan sartzeko baldintzak.

1. Ikasleak curriculum aniztasuneko programetan sartzeko proposamena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen edo bigarren mailan errefortzuko eta laguntzeko ohiko neurriak aldez aurretik jaso ondoren hartuko da.

2. Programa hauek zuzenduko zaizkie, batez ere, ikasteko zailtasun nabarmenak, baina ikaste edo ahalegin ezaren ondoriozkoak ez direnak, izaten dituzten ikasleei.

3. Kasu guztietan, ikasleak programa horietan sartzeko, beharrezkoak izanen dira ebaluazio akademikoa egitea, proposamenaren egokitasunari buruzko ebaluazio psikopedagogikoaren txostena (ebaluazio psikopedagogikoaren ondorioak jasoko dituena) ematea, ikaslearen iritzia entzutea eta haren guraso edo legezko tutoreak ados egotea.

4. Irakasle taldeek proposatzen ahalko dute ikasle bat curriculum aniztasuneko programan sartzea, uste dutenean metodologia espezifiko bat behar duela etaparen helburuak eta dagozkion konpetentziak lortzeko, oro har ezartzen denaz bestelako curriculum antolamendu batekin.

5. Honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleak sartzen ahalko dira curriculum aniztasuneko programaren lehen mailan:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila egin izana, hirugarren mailara igarotzeko moduan ez egotea eta irakasle taldeak uste izatea programan sartzeak haren bilakaera akademikoan onura ekarriko duela.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila lehen aldiz egin izana eta Oinarrizko Hezkuntzan bi aldiz errepikatu ez izana, laugarren mailara igarotzeko moduan ez egotea eta irakasle taldeak uste izatea programan sartzeak haren bilakaera akademikoan onura ekarriko duela.

6. Salbuespen gisa, laugarren maila amaitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko moduan ez dauden ikasleak proposatzen ahalko dira curriculum aniztasuneko programaren bigarren mailan sartzeko, baldin eta irakasle taldeak uste badu neurri horrek aukera emanen diela titulu hori lortzeko, hezkuntza etaparako aurreikusitako iraupen mugak gainditu gabe.

7. Salbuespen gisa, programa horietan sartzen ahalko dira:

a) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila gainditu badute curriculum egokitzapen esanguratsuekin, curriculum aniztasuneko programa bat egiteko proposatzen ahalko dira, baldin eta uste bada programa hori dela egokiena haien prestakuntzarako.

b) Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleek, programan sartzeko apartatuan zehaztutako baldintzak betetzen ez badituzte, curriculum aniztasuneko programa bat egiten ahalko dute, ikastetxeko zuzendariak ikastetxeko ikuskatzaileari eskaera egin ondoren.

c) Absentismo maila handia duten ikasleek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan ikastetxera itzultzen badira eta eskola uzte goiztiarra murrizteko mekanismoen bidez bertaratzeko konpromisoa hartu badute, curriculum aniztasuneko programa bat egiten ahalko dute, ikastetxeko zuzendariak ikastetxeko ikuskatzaileari eskaera egin ondoren.

d) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila bigarrenez egin duten edo Oinarrizko Hezkuntzan bi aldiz errepikatu duten ikasleak, laugarren mailara igarotzeko moduan ez badaude eta irakasle taldeak uste badu programan sartzeak haren bilakaera akademikoan onura ekarriko duela, curriculum aniztasuneko programaren bigarren mailan sartzeko proposatzen ahalko dira.

8. Ikasle bat curriculum aniztasuneko programan sartzeko eta hark bertan jarraitzeko erabakiek programa hori ezarrita duten ikastetxeetan bakarrik izanen dute balioa.

4. artikulua . Sartzeko prozedura.

1. Hona hemen sartzeko prozedura:

a) Ebaluazio akademikoa: sartu aurreko ikasturteko bigarren hiruhilekoaren amaieran, ebaluazioa egin ondoren, talde bakoitzeko irakasle taldeak, tutoreak koordinatuta, ikasteko zailtasun nabarmenak dituzten ikasleen eskola egoera aztertuko du, eta kasu bakoitzean baloratuko du zer den hoberena funtsezko helburuak eta konpetentziak lortzeko: ikasmaila berean ikastea hurrengo ikasturtean, edo curriculum aniztasuneko programa batean sartzea.

Neurri hori izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu Titulua lortu ahal izateko egokiena, ikastetxeko aniztasunari erantzuteko planean jasotako beste neurri batzuen aurrean. Tutoreak txosten bat eginen du, foru agindu honen III. eranskineko ereduaren arabera, eta ikastetxeko zuzendariari zuzenduko zaio.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailatik sartzen diren ikasleen kasuan, aholku orientatzailea izanen da ebaluazio akademikoko txosten hori, eta ikastetxeak salbuetsita geratuko dira aipatutako ebaluazio akademikoko txostena egiteko betebeharretik.

b) Proposamenaren egokitasunari buruzko ebaluazio psikopedagogikoaren txostena: ikastetxeko zuzendariak nahitaezko ebaluazio psikopedagogikoa eskatuko dio orientatzaileari. Ebaluazio horren txostena foru agindu honen IV. eranskinean ezarritako ereduaren arabera formalizatuko da.

c) Ikasleari berari eta familiei informazioa ematea: zuzendariak ebaluazio txostenak aztertu ondoren, zuzendaritza taldeko kide bat eta tutorea ikaslearekin berarekin eta haren gurasoekin edo legezko tutoreekin bilduko da, curriculum aniztasuneko programaren ezaugarri orokorren eta ikaslea programan sartzeko proposamenaren berri emateko. Bilera amaitzean, idatziz jasoko da ikaslea alde dagoela, V. eranskineko ereduaren arabera, eta haren gurasoak edo legezko tutoreak ados daudela proposatutako neurriarekin, VI. eranskineko ereduaren arabera.

d) Hezkuntza Departamentuaren esku-hartzea: ikastetxeko zuzendariak ikastetxeko ikaslea sartzeko proposamena, VII. eranskineko ereduaren arabera, ikastetxeko ikuskatzaileari igorriko dio eta, hala, aztertu ondoren, onartzen den ala ez jakinaraziko zaio ikastetxeari.

2. Prozedura behar den epean bukatuko da, ikaslea ikasturtearen hasieran sartu ahal dadin programan.

3. Sartzeko eskaera 3.7. artikuluko b) eta c) apartatuetan jasotako arrazoiengatik ikasturtea hasi ondoren egiten bada, ikastetxeko zuzendariak ikastetxeko ikuskatzaileari bidaliko dio eskaera, eta hark oniritzia emanen dio. Ondoren, baimena eman dezan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari bidaliko dio, eta zerbitzu horrek baimenaren berri emanen dio Eskolatze Bulegoari.

5. artikulua . Curriculum aniztasuneko programak antolatzea.

1. Curriculum aniztasuneko programak bi eremu espezifikotan antolatuko dira: batek hizkuntza eta gizarte elementuak izanen ditu, eta besteak zientzia eta teknologia elementuak, bai eta eremu praktiko bat ere. Era berean, programaren bi ikasturteetan, ikasleek Atzerriko Hizkuntza eta Gorputz Hezkuntza ikasgaiak izanen dituzte, baita Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza ere, programaren lehen mailan, eta Musika bigarren mailan. Irakasgai horiek, ikastetxearen antolamendu autonomiaren esparruan, talde arrunt batean emanen dira, oro har.

2. Esparru linguistiko eta sozialean sartuko dira Geografia eta Historia, eta Gaztelania eta Literatura -eta, hala badagokio, Euskara eta Literatura- ikasgaiei dagozkien curriculumaren oinarrizko alderdiak. A ereduko ikasleek Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculumeko edukiak emateko erabiltzen dituen orduetan G ereduko ikasleek Gaztelaniaren curriculumeko edukiak landuko dituzte.

3. Arlo zientifiko-teknologikoak Matematika, Biologia eta Geologia eta Fisika eta Kimika ikasgaiei dagozkien oinarrizko alderdiak barne hartuko ditu.

4. Eremu praktikoa, ikastetxeen pedagogia eta antolamendu autonomiaren esparruan, proiektu batek edo gehiagok osatzen ahal dute, eta Teknologia eta Digitalizazioa irakasgaiari dagokion curriculumaren oinarrizko alderdiak jasoko ditu.

5. Atzerriko Hizkuntza, Gorputz Hezkuntza, Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza eta Musika irakasgaiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetan dituzten curriculumak izanen dituzte erreferente, baldin eta talde arrunt batean egiten badira.

6. Halaber, curriculum aniztasuneko programetan erlijioko irakaskuntzak sartuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz.

7. I. eranskinean, curriculum aniztasuneko programaren curriculuma jaso da; horren bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzen ahal da.

8. Programaren bi ikasturteetako bakoitzeko asteko ordu banaketa foru agindu honen II. eranskinean jasotakoa izanen da.

6. artikulua . Metodologia.

1. Curriculum aniztasuneko programetan, etapako helburuak eta dagozkien konpetentziak berariazko metodologia baten bidez lortuko dira. Horretarako, curriculuma jakintza esparruetan, jarduera praktikoetan eta, kasua bada, ikasgaietan antolatuko da; alegia, oro har ezarritakoaz bestelako antolamendua da.

2. Programek ikasleen irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskuratzea bermatuko duten metodologia, edukien, ikasgaien eta jarduera praktikoen antolamendua eta etapako helburuak zehaztu beharko dituzte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko aukera izan dezaten.

3. Metodologia espezifiko bat erabiliko da, non curriculumaren edukiak proiektu esanguratsu eta garrantzitsuetan landuko eta azalduko diren, metodologia aktiboen bidez; esaterako, arazoetan oinarritutako ikaskuntza, proiektuetan oinarritutako lana edo autoezagutza eta autonomia eta erantzukizuna pixkanaka eskuratzea sustatzen duen ikaskuntza parte-hartzailea edo autozuzendua.

4. Ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren printzipioak ikaskuntza egoeren diseinurako gida izanen dira, eta irudikapen bitarteko ugari eta ekintza, adierazpen eta inplikazio modu ugari eskainiko dituzte, banakako desberdintasunei erantzute aldera.

5. Ikasgelatik ikasleen jatorrizko ingurune natural eta sozialarekiko iragazkortasuna bultzatu behar da. Zerbitzu ikaskuntzan, inguruneko ikerketan edo ikas komunitateetan oinarritutako proposamenak sustatuko dira.

7. artikulua . Curriculum aniztasuneko programetako irakasleak.

1. Programa horietan Hizkuntza eta Gizartea eta Zientzia eta Teknologia esparruez arduratuko diren irakasleak ikastetxeak dagozkion esparru sozio-linguistikorako eta zientifiko-teknikorako dituen irakasleak izanen dira. Ikastetxeak esparru horietako irakaslerik ez badu, zuzendaritzak, antolaketan eta pedagogian duen autonomiaren arabera, egokien irizten duen koordinazio didaktikorako departamentuari edo irakasleen espezialitateari esleitzen ahalko dizkio.

2. Atzerriko Hizkuntza, Gorputz Hezkuntza, Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza eta Musika eta Erlijioa irakasgaiak koordinazio didaktikorako departamentuetako edo irakasleen espezialitateetako irakasleek emanen dituzte.

3. Hezkuntza arretaren kasuan, ikastetxeek behar diren antolaketa neurriak hartuko dituzte, gurasoek edo legezko tutoreek beren seme-alabek edo tutoretzapekoek erlijio irakaskuntza jasotzea aukeratu badute, ikasle horiek behar bezalako hezkuntza arreta jaso dezaten. Arreta hori ikastetxeek planifikatu eta programatuko dute, halako moduan non bideratuko baita funtsezko konpetentziak garatzera, ikasleentzat esanguratsuak diren proiektuak eginda eta arazoak elkarlanean konponduta, autoestimua, autonomia, hausnarketa eta erantzukizuna sendotzearekin batera. Proposatutako jarduerak beti egonen dira zuzenduta curriculumaren alderdi zeharkakoenak sendotzera eta diziplinartekotasuna eta jakintzen arteko loturak sustatzera. Apartatu honetan aipatzen diren jarduerek ez dute inola ere ekarriko erlijioaren ezagutzarekin edo etapako ezein ikasgairekin lotutako curriculum edukiak ikastea.

4. Eremu praktikoaren barruan dauden proiektuak curriculum aniztasuneko programen koherentzia pedagogiko handiena bermatzen duten koordinazio didaktikorako departamentuei edo irakasleen espezialitateei esleituko dizkie ikastetxeko zuzendaritzak.

5. Hizkuntza eta Gizartearen esparruko orduetan A ereduko ikasleei (G/A ikastetxeetakoei) euskarazko curriculumeko edukiak emateko erabiltzen den denbora Euskara eta Literaturako departamentu didaktikoak hartuko du bere gain, edo, bestela, horretarako behar bezala egiaztatutako irakasleek.

6. Curriculum aniztasunerako programa batean irakasten duten irakasleek koordinatuta egin beharko dituzte programazio didaktikoak programak arrakasta izan dezan, bereziki, esparru edo proiektu batean irakasle bat baino gehiago aritzen denean. Programazio didaktiko horiek dagokion departamentuaren programazioan sartuko dira.

8. artikulua . Tutoretza.

1. Tutoretzak eta ikasleen hezkuntza orientazioak leku nabarmena izanen dute curriculum aniztasuneko programaren garapenean. Programa horretako tutoretzak bereziki lagundu beharko die ikasteko zailtasunak gainditzen, etapako helburuak eta irteera-profilean ezarritako konpetentziak garatzen eta heldutasun pertsonala, bokaziozkoa eta profesionala lortzen. Tutoretza horrek aintzat hartuko du, halaber, seme-alaben hezkuntzan familiekin koordinatu eta elkarlanean aritzea.

2. Programako talde bakoitzak tutore bat izanen du, ikastetxeko zuzendariak izendatua, programaren Hizkuntza, Gizartea edo Zientzia eta Matematika esparruak ematen dituzten irakasleen artean, eta, ahal den guztietan, tutore gisa jardunen du programak irauten duen bi urteetan.

3. Curriculum aniztasuneko talde bakoitzaren tutoretzaz arduratzen den irakasleak, ikasleen orientazioaz eta arreta pertsonalizatuaz arduratzeaz gain, irakasle taldea koordinatuko du irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak planifikatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko jarduera guztietan, bai eta ikasleen, irakasleen eta familien arteko bitartekaritza lanetan ere.

4. Taldeko tutoretza saio bat eginen du taldeak astero. Horrekin batera, tutoreak banakako tutoretza saioak programatuko ditu ikasle bakoitzarekin, eta maiz samar harremanak izanen ditu gurasoekin edo legezko ordezkariekin. Programa horietan irakasten duten irakasle guztiek lagunduko dute ikasleen tutoretzan, dagokion tutorearekin komunikazio arin eta iraunkorra edukiz.

5. Tutoretzak ikasleen hezkuntza prozesu indibiduala eta kolektiboa bideratuko du, eta lan intelektualeko estrategiak eta teknikak eta konpetentzia pertsonalak eta sozialak eskuratzen lagunduko du, bai eta haien hezkuntza- eta lanbide-etorkizuna programatu eta kudeatu ahal izateko trebetasunak eta abileziak sustatzen ere. Horretarako, tutoreak, orientazio departamentuaren laguntza teknikoarekin, tutoretzaren eta orientazio akademiko profesionalaren urteko programazioa eginen du. Programazio horrek ikastetxeko tutoretzaren eta hezkuntza orientazioaren plana hartuko du erreferentziatzat, eta taldeko ikasleen ezaugarrietara eta beharretara egokituko du.

9. artikulua . Ikasleak ebaluatzea eta mailaz igotzea.

1. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa etengabea, prestakuntzakoa eta integratzailea izanen da, eta, erreferente nagusi gisa, kontuan hartuko du etaparako ezarritako helburuak lortu diren eta irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentzien bereganatze maila, ikasgai edo esparru guztiei dagokienez.

2. Curriculum aniztasuneko programetan ikasten duten ikasleak etapako helburuen, konpetentzia espezifikoen eta programa bakoitzean finkatutako ebaluazio irizpideen arabera ebaluatuko dira.

3. Etengabeko ebaluazio prozesuan, ikasle baten aurrerapena egokia ez denean, hezkuntza errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek zailtasunak hauteman bezain laster hartuko dira, eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen egoeraren jarraipen berezia eginen da.

4. Ebaluazioa integratzailea izateak ez du eragotziko irakasleek modu bereizian ebaluatzea ikasgai edo esparru bakoitza, beren ebaluazio irizpideak kontuan hartuta.

5. Curriculum aniztasuneko programa batean sartzen direnek irakasle taldeak ezarritako errefortzu planak bete beharko dituzte, eta dagozkien ebaluazioak gainditu, aurreko mailetan gainditu ez dituzten eta programaren esparruren batean sartuta ez dauden ikasgaietan. Esparruren batean sartutako aurreko ikasmailetako ikasgaiak gainditutzat joko dira, hartzen dituen esparrua gainditzen bada.

6. Programa horietako ikasleen ebaluazioa eta mailaz igotzea arautzeko, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arautzen duen araudian oro har ezartzen denari jarraituko zaio.

7. Kalifikazioak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gainerako ikasleentzat erabiltzen diren adierazpen berak erabiliz emanen dira.

8. Kontuan hartuta curriculum aniztasuneko programek bi urteko iraupena dutela, inola ere ez da lehen ikasmailan gelditzen ahalko, ezta ikasmaila arrunt batean sartu ere, programa hasi ondoren.

9. Ikasleak aukera izanen du programako bigarren ikasturtean beste urte batez egoteko, betiere irakasle taldeak uste badu neurri hori egokiena dela Derrigorreko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko. Neurri hori hartzeko, ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 16. artikuluko 5. eta 8. apartatuetan xedatutakoa hartuko da kontuan.

10. Curriculum aniztasuneko programa bukatutakoan ikaslearen etorkizun akademiko eta profesionalari buruzko aholku orientatzaile bat emanen da; isilpekoa izanen da, baina ez loteslea.

10. artikulua . Programaren ebaluazioa.

1. Curriculum aniztasuneko programaren jarraipen eta ebaluazio espezifikoak eginen dira. Horretarako, orientazio departamentuak, ikasturte bakoitzaren amaieran, programaren esparruak eman dituzten irakasleekin batera, memoria bat eginen du, programaren funtzionamenduari buruzko balorazioarekin eta, hala badagokio, ikastetxearen amaierako memoriari gehituko zaion aldaketa proposamenarekin.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak curriculum aniztasuneko programa zenbateraino aplikatu den gainbegiratuko du, foru agindu honetan eta indarrean dauden gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat datorren egiaztatzeko.

Lehen Xedapen Gehigarria .Ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetako ikasleak.

1. 2023-2024 ikasturtean, curriculum aniztasuneko programen bigarren ikasturteari dagozkion irakaskuntzak ezarriko dira, eta ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programen lehen ikasturtea emateari utziko zaio, haren curriculuma Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 22ko 54/2015 Foru Aginduaren bidez arautu baitzen.

2. 2022-2023 ikasturtean ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila egiten ari diren ikasleak zuzenean sartuko dira curriculum aniztasuneko programaren 1. mailan.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Antolatzeko autonomia.

Foru agindu honetan adierazitakoez bestelako ordutegi antolaketak izan nahi dituzten ikastetxeek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 64/2022 Foru Aginduaren bosgarren xedapen gehigarrian xedatutakoa bete beharko dute.

Hirugarren Xedapen Gehigarria .Berezitasunak.

Foru agindu honetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum aniztasuneko programari buruz jasotzen ez den edozein berezitasun batera ebatziko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Indargabetutako arauak.

1. Indargabetuta geratzen da 54/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programak arautzen dituena.

2. Orobat, indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak.

Azken Xedapenetako Lehena .Eranskinak eguneratzeko gaikuntza.

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio III. - IV. - V. - VI. eta VII. eranskinak eguneratzeko.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko azaroaren 2an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2315809

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web