(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

253/2023 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 15EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUA (NAPI) ERAKUNDE AUTONOMOA IRAUNGITZEN DUENA

BON N.º 244 - 23/11/2023



Atariko

Hala ezartzen baitu bere lehen xedapen iragankorrean abuztuaren 30eko 73/2023 Foru Dekretuak, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duenak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 54. artikuluan ezarritako moduan iraungi bitartean (foru lege hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa da), erakunde autonomo horrek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari atxikita jarraituko du.

Martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 54.2 artikuluan ezartzen dira erakunde publikoak iraungitzeko arrazoiak. Zehazki, aipatu artikuluaren b) letran, honako hau ezartzen da erakunde publiko bat iraungitzeko arrazoi gisa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuek beren gain hartzea erakunde publikoaren helburu eta xede guztiak; eta f) letran ezartzen denaren arabera, Nafarroako Gobernuak erakunde publiko bat iraungitzea erabakitzen ahal du, betiere horretarako arrazoiak azalduta.

11/2019 Foru Legearen 6.2 artikuluarekin bat etorriz, Foru Administrazio Publikoaren antolaketa eta funtzionamendua, besteak beste, honako printzipio orokor hauen arabera zehaztuko dira: ekonomia eta baliabideak egoki esleitzea helburu instituzionalei, eta baliabide publikoak efizientziaz esleitu eta erabiltzea.

Horrenbestez, azaldutako printzipioekin bat, eta aintzat hartuta NAPIren sinergiak eta funtzio publikoaren arloan duen eginkizun garrantzitsua (besteak beste lanpostuak betetzea, lanbide karrera eta enplegatu publikoen gainerako eskubideak), egokia da erakunde autonomo horren xedeak eta helburuak integratzea, halako moduz non, erakundea iraungi ondotik, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartuko dituen xede eta helburu horiek.

Horri dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 54. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez iraungiko direla erakunde publikoak, zer departamenturi atxikirik dauden, haren titularrak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko azaroaren hamabostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua (NAPI) erakunde autonomoa iraungitzea.

Iraungia geratzen da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua (NAPI) erakunde autonomoa, zeina arautzen baita urriaren 30eko 261/2019 Foru Dekretuaren bidez (horren bidez sortu zen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa eta onetsi ziren haren estatutuak).

2. artikulua . Langileen atxikipena.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua (NAPI) erakunde autonomoko langile finko eta aldi baterakoak Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren mende egotera pasatuko dira, salbu eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako langileak: horiek departamentu bereko Barne Zuzendaritza Nagusiaren mende egonen dira.

3. artikulua . Ondasunak eta eskubideak.

Iraungitzearen ondoriozko ondasun eta eskubideek xede eta eginkizun berberei loturik segitzen dute, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari atxikirik.

Xedapen iragankor bakarra. Unitateak bere horretan uztea.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoari buruzko foru dekretua garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz aipatu departamentuaren egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira urriaren 30eko 261/2019 Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituena) eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako xedapenak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek indarra hartuko du eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen foru dekretuak indarra hartzen duenean.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web