(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2023 FORU LEGEA, URRIAREN 26KOA, NAFARROAKO ESTATISTIKARI BURUZKO EKAINAREN 27KO 11/1997 FORU LEGEA ALDATZEKOA

BON N.º 231 - 07/11/2023



HITZAURREA

Nafarroako Estatistikari buruzko Foru Legea 1997an onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak.

Foru lege horren bidez, Nafarroako Estatistika Institutua arautu zen, Nafarroako Foru Komunitatearen estatistika organoa izan zedin, Nafarroarako interesgarria den estatistika jardueraren arduraduna.

Organo hori, araua egin zen garaiko dinamikari jarraikiz, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxiki zitzaion (30. artikuluaren 3. apartatua).

Atxikipen horrek zentzua galdu du, bi arrazoirengatik:

Lehenengoa, estatistika zeharkakoa delako eta sektore-eremu guztiei eragiten dielako, Nafarroako Estatistika Planean islatzen den bezala, eta unitate guztien inplikazioa izan behar duelako; beraz, ez du zentzurik ekonomia eta ogasun publikora bideratutako departamentu bati atxikitzeak, edo, gutxienez, legezko betebehar batengatik beste aukerarik ez izateak.

Bigarrena, funtsezkoa delako administrazioek beren burua antolatu ahal izatea zerbitzuak nahiz politika publikoak unean uneko egoeraren arabera ahal bezain ongi emateko.

Hortaz, Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 30.3 artikulua indargabetzea proposatzen da, kudeaketa hobeagoa eta unean uneko beharrizanei egokituagoa izan dadin.

Artikulu bakarra. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 30. artikuluko 3. apartatua kentzen da.

Xedapen gehigarri bakarra. Arauen erreferentziak.

Nafarroako Estatistika Institutua arautzen duten arauetan Ekonomia eta Ogasun Departamentuari egiten zaizkion aipamen guztiak institutua atxikita dagoen departamentuari egiten zaizkiola ulertu beharko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauindargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web