(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

17/2023 FORU LEGEA, URRIAREN 26KOA, ZEINAREN BIDEZ TRIBUTUEI BURUZKO ABENDUAREN 14KO 13/2000 FORU LEGE OROKORRA ALDATZEN BAITA, KONTSEILUAREN 2021EKO MARTXOAREN 22KO 2021/514 (EB) ZUZENTARAUAREN TRANSPOSIZIOA EGINEZ (ZUZENTARAU HORREK FISKALITATEAREN ARLOKO ADMINISTRAZIO LANKIDETZARI BURUZKO 2011/16/EB ZUZENTARAUA ALDATU ZUEN)

BON N.º 231 - 07/11/2023



Atariko

Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentarauak (aurrerantzean, DAC 7), fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzko 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duenak, helburu nagusi hauek ditu: Europar Batasunean informazioa trukatzeko eta lankidetza administratiborako dagoen esparrua hobetzea, bai eta lankidetza administratiboa beste eremu batzuetara zabaltzea ere, ekonomiaren digitalizazioak planteatzen dituen erronkei heltzeko eta zerga administrazioei zerga-bilketa modu efizienteagoan egiten laguntzeko. Horretarako, informazioa emateko betebehar berri bat ezartzen da plataforma digitalen operadoreei dagokienez.

Era berean, DAC 7-ren transposizioak honako hau arautzeko beharra sortzen du: baterako ikuskapenen araubidea, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako funtzionarioek Espainian -eta alderantziz- presentzia izateari buruzko gai zehatz batzuk, eta aldibereko kontrolak. Arlo honetako foru araudiak Tributuei buruzko Lege Orokorrean ezarritakora igortzen duenez, ulertuko da lurralde erkideko araudian funtzionarioez eta zerga-administrazioaz egiten diren aipamenak Nafarroako funtzionarioez edo, hala badagokio, Zergen Foru Administrazioaz eginak direla, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako eskumen eta eskudantzien arabera.

Bestalde, plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa emateko betebeharrari dagokionez, aldaketa puntual bat egiten da foru araudian: betebeharra duten bitartekariek pertsona fisikoa den zergapeko interesdun orori jakinarazi beharko diete ezen zergapeko horri buruzko informazioa zerga administrazioari emanen zaiola eta 2011/16/EB Zuzentarauari jarraikiz transferituko dela.

Gainera, plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa emateko azken betebehar horri dagokionez, beharrezkoa da haren araubide juridikoa aldatzea, Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna sinatu baitu Espainiak, informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen informazioa saihesteko mekanismoei buruzko informazioa automatikoki trukatzearen gainekoa, bai eta, ELGAren barruan informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen informazioa saihesteko mekanismoei heltzeko, informazioaren nahitaezko komunikaziorako haren ereduzko arauak ere. Horren helburua da zerga administrazioak behar den informazioa izatea informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen informazioa saihesteko mekanismoen trukea, akordio horretan arautzen dena, egin ahal izateko.

Era berean, partikularren arteko betebeharrak, plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa emateko betebehar horrek eragindakoak, aldatu egin behar dira Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (Sala Nagusia) C-694/20 auzian 2022ko abenduaren 8an emandako epaiaren ondorioz. Epai horrek deklaratu duenez, abokatuen kasuan Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 7. artikulua urratzen du Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauak (Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 25eko 2018/822 (EB) Zuzentarauak aldatutako bertsioan, hau da, DAC 6 izenaz ezagutzen dena), zehazki, haren 8 bis ter artikuluko 5. apartatuan jasotako betebeharrak -sekretu profesionalaren babespean dauden bitartekariei ezartzen zaiena, beren bezero ez diren gainerako bitartekariei sekretu horren erabilera jakinaraztekoa-. 2011/16/EB Zuzentaraua fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa da eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen du. Jurisprudentzia hori jasotze aldera, aldatu egin da plangintza fiskaleko zenbait mekanismoei buruzko informazioa emateko betebeharraren araubidea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoa betetzeko, foru lege hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Premiaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen dira; izan ere, beharrezkoa da Kontseiluaren 2021/514 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egitea, bai eta inplementatzea ere Espainiak izenpetu duen Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna -ELGAren esparruan plataforma digitalen bidez lortutako errentari buruzko informazioa automatikoki trukatzeko helburua duena-, lege- eta erregelamendu-maila duten ordenamenduko zenbait arau aldatuz.

Proportzionaltasunaren printzipioa ere betetzen da; izan ere, hertsiki eskatutako helburuei erantzuteko modua baino ez da bete, eta hartzaileei ezartzen zaizkien betebeharrak beren helburuak betetzeko behar-beharrezkoak direnak baino ez dira.

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, testuak gainerako foru ordenamendu juridikoarekin eta Europar Batasunekoarekin koherentzia izatea bermatu da. Izan ere, lege-arauak Europar Batasuneko araua Espainiako Zuzenbidean txertatzeko beharrari erantzuten dio.

Gardentasunaren printzipioa bermatu da, azalpen honen xedea eta helburua argi identifikatzen baitira eta proiektua eta memoria Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratu baitira, herritarrek testua ezagutu ahal izan dezaten entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidean.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta administrazio karga gutxien izan dezan herritarrentzat eta zeharkako kostu gutxien ere bai, horrela baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatu dela.

Artikulu bakarra. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra aldatzea.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren agindu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat. Hamaseigarren xedapen gehigarrian 3. apartatua gehitzen da:

"3. Aurreko apartatuek igorpen bat egiten dute lurralde erkideko araudira. Bada, aipamenak egiten direnean araudi horrek aurreikusten dituen funtzionarioei edo, kasua bada, zerga-administrazioari buruz, aipamen horiek ulertuko dira Nafarroako funtzionarioei edo, kasua bada, foru zerga-administrazioari buruz eginikotzat, Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusitako eskumenen eta eskudantzien arabera."

Bi. Hogeita hamahirugarren xedapen gehigarria, 1., 2. eta 3. apartatuak, eta 6. apartatua gehitzea:

"1. Aintzat hartuta, batetik, Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauak -fis­kalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena-, 3. artikuluaren 21. eta 22. apartatuetan ezartzen duena, bestetik, Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna -informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen informazioa saihesteko mekanismoei buruzko informazioa automatikoki trukatzearen gainekoa, eta informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen informazioa saihesteko mekanismoei heltzeko, informazioaren nahitaezko komunikaziorako haren ereduzko arauak-, bai eta helburu bererako izenpetutako nazioarteko beste akordio batzuk ere, betebehar honen ondorioetarako bitartekari edo zergapeko interesdun diren pertsonek edo entitateek honako informazio hau eman beharko diote zerga administrazioari, foru lege honen 27.5 eta 103. artikuluetan xedatutakoaren arabera eta tributuen arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezarritako baldintzetan:

a) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.18 artikuluan definitutako mugaz gaindiko mekanismoetan esku hartzen edo parte hartzen badute, horiei buruzko informazioa, aipatutako zuzentarauaren IV. eranskinean zehaztutako bereizgarrietako batzuk gertatzen direnean.

b) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.24 artikuluan aipatzen diren mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarrien eguneratzeari buruzko informazioa.

c) Plangintza fiskalerako mugaz gaindiko mekanismoak, a) eta b) letretan aipatzen direnak, Espainian erabiltzeari buruzko informazioa.

d) Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztunean -informazioa komunikatzeko estandar komunaren eta lurraldez kanpoko egitura opakuen informazioa saihesteko mekanismoei buruzko informazioa automatikoki trukatzearen gainekoa- eta helburu bererako izenpetutako nazioarteko beste akordio batzuetan zehazten diren mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa.

Informazioa emateko betebehar honen ondorioetarako, ez dira deklaratu beharreko plangintza fiskalerako mugaz gaindiko mekanismotzat hartuko mugaz gaindiko akordio, negozio juridiko, eskema edo eragiketak, oinarrituta badaude Europako Batzordearen erabaki bidez komunikatu eta berariaz baimenduta dauden araubide fiskaletan.

2. Sekretu profesionala dela-eta, informazioa emateko betebeharretik -Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis ter.5) artikuluan eta aipatutako ereduzko arauetan jasotzen dena- salbuetsita egonen dira bitartekaritzat hartzen direnak, egindako jarduera edozein dela ere, aholkulari lanak egin badituzte mugaz gaindiko mekanismo baten diseinuan, merkaturatzean, antolaketan, egikaritzerako eskurapenean, edo egikaritzearen kudeaketan, haien helburu bakarra izanik ebaluatzea ea aipatu mekanismoa bat datorren aplikatzekoa den araudiarekin, baina haren ezarpena bideratu edo erraztu gabe.

Sekretu profesionalaren betebeharra duen bitartekaria betebehar horretatik libre gelditzen ahalko da interesdun den zergapekoak modu fede-emailean komunikatuz gero horretarako baimena.

3. Bitartekariek bete egitea 2011/16/EB Zuzentarauan eta aipatu Akordio Aldeaniztunean aipatzen diren plangintza fiskaleko mekanismoei buruz informatzeko betebeharra, legez beharturiko moduan, ez da izanen, aplikatzekoa den araubide juridikoari jarraituz, kontratuz edo araudiz ezarrita dauden informazio-dibulgazioaren gaineko murriztapenen urraketa, eta subjektu behartuei ez die inolako erantzukizunik ekarriko informazio horren titular den zergapeko interesdunarekiko."

"6. Xedapen honetan xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dagoen bitartekari oro behartuta egonen da informazioa helarazteko betebeharra duen pertsona fisikoa den zergapeko interesdun bakoitzari jakinaraztera ezen zergapeko horri buruz eskatutako informazioa zerga-administrazioari emanen zaiola, eta 2011/16/EB Zuzentarauaren eta xedapen honetan aipaturiko nazioarteko akordioen arabera transferituko dela. Halaber, bitartekariak nahikoa aurredenboraz helaraziko dio pertsona fisikoari azken horrek bere datu pertsonalen babeserako daukan eskubidea egikaritu ahal izate aldera jasotzea zilegi duen informazio guztia; eta, betiere, bitartekariak bildu duen informazioa zerga-administrazioari helarazten zaion unea baino lehenago."

Hiru. Hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria, 1. apartatua eta 3. apartatuko a) letra:

"1. Planifikazio fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoen aitorpena aurkeztetik sekretu profesionalerako betebeharraren kariaz salbuetsita dauden bitartekariak behartuta egonen dira salbuespen hori modu fede-emailean jakinaraztera beren bezero direnei, berdin delarik haiek beste bitartekari batzuk izatea nahiz aipatu mekanismoetan parte hartzen duten zergapeko interesdunak izatea."

"a) 1. apartatuan aipatzen den komunikazioa ezarritako epean ez egitea edo komunikazioa egitea datuak isilduta edo datu faltsuak, osatugabeak edo zehaztugabeak sartuta.

Arau-haustea 600 euroko diruzko isun finko batez zehatuko da.

Komunikazioa epe barruan ez egiteaz gain, dagokion plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoaren aitorpenik -hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriaren 1.a) apartatuan aipatzen dena- ez badu egiten zergapeko interesdunak, nork eta aipatu komunikazioa egin izan balitz aitorpena aurkeztera behartuta egonen zen horrek hain zuzen, zehapena izanen da aipatutako aitorpena ez aurkezteagatiko arau-hausteari zegokiokeena, hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriaren 4.a) apartatuan aurreikusia".

Lau. Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarria gehitzea:

"Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarria. Informazio-betebeharra eta arrazoizko arretaren betebeharra, elkarlaguntzaren esparruan betebeharra duten plataforma-operadoreen aitorpen informatiboari dagokionez.

1. "Informazioa komunikatzera behartuta dauden plataforma-operadore" izaera duten entitateek Estatuko araudian ezarritako arrazoizko arretari buruzko arauak eta prozedurak aplikatu beharko dituzte, eta informazioa erregistratzeko eta emateko betebeharrak bete, xedapen honetan aipatutako araudiaren arabera. Plataforma-operadore horien izaera xedatutakoaren araberakoa da: Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentaraua -Fiskalitatearen arloko administrazio-lankidetzari buruzkoa eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena-, zehazki 8 bis quater artikulua eta V. eranskina, bai eta plataforma digitalen bidez lortutako errentari buruzko informazioa automatikoki trukatzeko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna eta plataforma-operadoreek elkarlaneko ekonomiaren eta noizbehinkako lan-ekonomiaren esparruko saltzaileei buruzko informazioa komunikatzeko arauen eredua eta helburu berarekin izenpetutako nazioarteko beste akordio batzuk ere.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako araudiaren arabera "saltzaile" izaera duten pertsonek edo entitateek arrazoizko arreta egokiari buruzko arauak eta prozedurak aplikatzeak dakartzan betebeharrak bete beharko dituzte.

Lehen paragrafoan aipatzen diren informazioa erregistratzeko eta emateko betebeharrak erregelamendu bidez garatuko dira.

Xedapen gehigarri honetan eta berau garatzeko araudian erabilitako terminoek erregelamenduz ezarritako esanahia izanen dute, besterik ezarri ezean.

2. Xedapen gehigarri honen 1. apartatuan informazioa erregistratzeko eta emateko ezarritako betebeharrak ez betetzearen ondoriozko arau-hausteak eta zehapenak foru lege honen III. tituluko VI. kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko dira, xedapen honetan ezarritako berezitasunekin.

Zerga arloko arau-hauste astuna da Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren arabera Europar Batasunean ez erregistratzea "informazioa komunikatzeko betebeharra duen plataforma-operadorea", aipatutako zuzentarauaren V. eranskineko I. ataleko A apartatuko 4. puntuko b) letran aipatzen dena, baldin eta horren ondorioz Espainiako Zerga Administrazioak ez badu jasotzen epean jaso behar zuen informazioa, Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren "informazio komunikatzeko betebeharra duten saltzaileei" buruzkoa edo lurralde horretan kokatutako ondasun higiezinei buruzkoa. Zehapena diruzko isun bat izanen da, foru lege honen III. tituluko VI. kapituluan xedatutakoari jarraikiz informazio hori ez emateagatik zegokiokeena hiru halakoa.

3. Zerga arloko arau-haustea da "informazioa komunikatzeko betebeharra duten plataforma-operadoreek" 1. apartatuan aipatzen diren arrazoizko arretari buruzko arauak eta prozedurak ez betetzea.

Zehazki, apartatu honen ondorioetarako, arau-haustetzat hartuko da arrazoizko arretaren prozedurek eragindako betebeharrak ez betetzea edo oker edo epez kanpo betetzea, honako hauei dagokienez:

a) Berrikusi behar ez diren saltzaileak zehaztea.

b) "Saltzaileari" buruzko informazioa biltzea.

c) "Saltzaileari" buruzko informazioa egiaztatzea.

d) "Saltzailea" zein estatutako egoiliarra den zehaztea.

e) Alokatutako ondasun higiezinei buruzko informazioa biltzea.

Apartatu honetan aurreikusitako zerga arloko arau-haustea astuna izanen da, eta 200 euroko diruzko isun finko batez zehatuko da, arrazoizko arretari buruzko arauak eta prozedurak aplikatzeak eragindako betebeharrak bete ez diren "saltzaile" bakoitzeko.

"Informazioa komunikatzeko betebeharra duen plataforma-operadore" batek kanpoko zerbitzu-emaile bat baliatzen badu arrazoizko arretari dagozkion betebeharrak betetzeko, betebeharrek operadore horren erantzukizuna izaten jarraituko dute.

4. Zerga arloko arau-haustea da "saltzaileek" nahitaezko informazioa epean ez komunikatzea edo informazio faltsua, osatugabea edo zehaztugabea komunikatzea "informazioa komunikatzeko betebeharra duten plataforma-operadoreei", aurreko apartatuan aipatzen diren arrazoizko arretako prozedurak operadoreak aplikatzeak eragindako betebeharrak betez.

Apartatu honetan aurreikusitako zerga arloko arau-haustea astuna da, eta 300 euroko diruzko isun finko batekin zehatuko da.

5. "Saltzaile" batek "informazioa komunikatzeko betebeharra duen plataforma-operadoreari" arrazoizko arretako arau eta prozeduren arabera exijitutako informazioa ematen ez badio, operadorearen hasierako eskaera gogoratzeko bi ohartarazpen jaso ondoren eta hasierako eskaera egin zenetik 60 egun naturaleko epea igaro ondoren, operadore horrek "saltzailearen" kontua itxiko du eta plataforman berriz erregistratzea eragotziko du edo "kontraprestazioaren" ordainketa atxikiko dio eskatu zitzaion informazioa eman arte.

6. Zerga administrazioak erabakiko du dagokion erregistroan kautelazko baja ematea "informazioa komunikatzeko betebeharra duen plataforma-operadoreari", Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren V. eranskineko I. ataleko A apartatuko 4. puntuko b) letran aipatzen denari, 1. apartatuan aipatzen den informatzeko betebeharra betetzen ez duenean, bi errekerimendu egin ondoren. Baja gehienez 90 egun naturaleko epean eginen da, bigarren errekerimendutik hasita, baina inoiz ez horretatik 30 egun natural igaro baino lehen.

Baja ematea erabaki ondoren, operadoreak alta berriz jaso ahal izateko, zerga administrazioari berme egokiak eskaini beharko dizkio, informazio-betebeharra betetzeko konpromisoa hartzekoa, eman gabe dagoen informazioa barne. Ondorio horietarako, zerga administrazioak berme egokitzat jotzen ahalko du erantzukizunpeko adierazpen bat edo zerga arloko araudian ezarritako beste edozein berme. Zerga administrazioak berme horiek egokiak direla erabakitzen ahalko du, haien errolda-egoera egiaztatu ondoren, hala badagokio, III. tituluko 2. atalean aurreikusitako egiaztapen- eta ikerketa-jarduketen bitartez.

7. Betebeharra dutenei exijitzen ahal zaizkien adierazpenak, dokumentu-frogak, erregistroak eta beste edozein informazio, arrazoizko arretako prozedurak aplikatzeko eta xedapen gehigarri honetan aipatzen diren informazioa erregistratzeko eta emateko betebeharrak betetzeko erabiltzen dena, gorde egin beharko dira eta zerga administrazioaren eskura eduki, informazioa eman den erreferentzia-aldia amaitu eta hurrengo 10 urteetan.

Foru lege honen arau orokorren arabera xedapen gehigarri honek aipatzen dituen informazioa erregistratzeko eta emateko betebeharrak egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmenak ukatu gabe, zerga administrazioak egiaztatu eta ikertzen ahalko du "informazioa komunikatzeko betebeharra duten plataforma-operadoreek" aplikatu beharreko arrazoizko arretaren arauak eta prozedurak betetzen diren.

8. "Informazioa komunikatzeko betebeharra duen plataforma-operadore" guztiek adierazi beharko diote informazioa komunikatu behar duen eta pertsona fisikoa den "saltzaile" bakoitzari hari buruzko informazioa -Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis quater.2 artikuluan eta Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztunean, plataforma digitalen bidez lortutako errentari buruzko informazioa automatikoki trukatzeari buruzkoan aipatutakoa- emanen zaiola zerga administrazioari eta transferituko zaiola Batasuneko estatuari, dagokionari, aipatutako zuzentarauari jarraikiz. Halaber, operadoreak nahikoa aurredenboraz helaraziko dio pertsona fisikoari azken horrek bere datu pertsonalen babeserako daukan eskubidea egikaritu ahal izate aldera jasotzea zilegi duen informazio guztia; eta, betiere, operadore horrek bildu duen informazioa zerga-administrazioari helarazten zaion unea baino lehenago."

Azken xedapenetako lehena. Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Foru lege honen bidez foru zerga araudian txertatzen da Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentaraua, zeinaren bidez aldatzen baita 2011/16/EB Zuzentaraua, fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nolanahi ere, lehenengo apartatua, bigarren apartatua (6. apartatu berriari dagokionez) eta laugarren apartatua 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web