(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

310E/2023 FORU AGINDUA, IRAILAREN 29KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAN BIZITZA OSOKO TXERTAKETEN EGUTEGI OFIZIALA ETA EGOERA BEREZIETAKO EDO ARRISKU EGOERETAKO TXERTAKETEN EGUTEGIA EZARTZEN DITUENA

BON N.º 223 - 29/10/2023



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRA


  II. KAPITULUA. BIZITZA OSOKO TXERTAKETEN EGUTEGIA


  III. KAPITULUA. EGOERA BEREZIETAKO EDO ARRISKU EGOERETAKO TXERTAKETEN EGUTEGIA


  I. ERANSKINA. BIZITZA OSOKO TXERTAKETEN EGUTEGI OFIZIALA


  II. ERANSKINA. GRIPEAREN AURKAKO TXERTAKETAREN INDIKAZIOAK, EGOERA BEREZIETAN EDO ARRISKU EGOERETAN DAUDEN PERTSONENTZAT


  III. ERANSKINA. PNEUMOKOKOAREN AURKAKO TXERTAKETAREN INDIKAZIOAK


  IV. ERANSKINA. B HEPATITISAREN AURKAKO TXERTAKETAREN INDIKAZIOAK


Atarikoa

I.

Txertaketen egutegia osasun publikorako oinarrizko tresna da, eritasun immunoprebenigarriak kontrolatzen eta prebenitzen laguntzen baitu. Urteekin, egutegi horrek aldaketa ugari izan ditu.

Gaur egun, Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden txertaketa egutegi ofizialak bi arau desberdinetan jasota daude. Batetik, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 7ko 281E/2019 Foru Aginduak helduentzako txertaketen Nafarroako egutegi ofiziala ezartzen du, bai heldu osasuntsuentzat bai, osasuna baldintzatzen duen ezaugarriren bat dutelako, arrisku talde batean direnentzat. Bestetik, haurren txertaketen egutegi ofiziala arautzen duen foru agindu bat dago: 340E/2019 Foru Agindua, irailaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Haurrak Txertatzeko Nafarroako Egutegi Ofiziala aldatzen duena.

Estatuko Osasun Sistemaren Lurraldearteko Kontseiluak bizitza osoko txertaketen egutegi ofiziala argitaratu du, haurren eta helduen txertaketa egutegiak batzen dituena. Ildo horretan, egokitzat jotzen da ikuspegi hori Nafarroan berdin antolatzea, adin pediatrikoko (15 urtetik behera) eta helduaroko (18 urtetik gora) txertaketa sistematikoak sartuta, eta epidemiologiaren, aurrekontuen eta legediaren aldetik Foru Komunitateak dituen berezitasunetara egokituta.

Hainbat txertoren ebidentzia eskuragarriaren ebaluazioari buruz berriki argitaratutako azken txostenen ondorioz, Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoak, 2022ko azaroaren 2ko bileran, Osasun Departamentuari proposatu zion Nafarroako haurren txertaketen egutegia eta helduen txertaketen egutegi ofizialak aldatzea, honako hauek sartzeko: 1) B serotaldeko meningokokoaren aurkako txertoa, 2, 4 eta 12 hilabeteko adinetan; 2) gripearen birusaren aurkako txertoa, 6 hilabete eta 59 hilabete bitarteko haurrentzat; 3) giza papilomaren birusaren (GPB) aurkako txertoa, 11-12 urteko mutikoentzat; 4) zoster herpesaren aurkako txertoa, 2023an 65 eta 75 urte betetzen dituzten pertsonen kohorteetan (1958an eta 1948an jaiotakoak, hurrenez hurren).

Horretarako, proposatutako aldaketek eta foru agindu honek aukera emanen dute Nafarroako Foru Komunitatean gai honi buruz dagoen araudia testu arauemaile bakar batean batzeko. Era berean, estatuko eta autonomia erkidegoko osasun agintaritzen arteko koordinazio egokia bermatu nahi da, baita txertaketa programen funtzionamendua indartu ere, bai biztanleria osasuntsuan, bai hainbat arrisku baldintzatzaile dituztenetan, haien osasunerako eskubidea bermatzea baita azken jomuga.

II.

Foru agindu honek hiru kapitulu, 24 artikulu, xedapen indargabetzaile bat, lau azken xedapen eta lau eranskin ditu.

I. kapituluak artikulu bakarra du, eta arauaren xedea jasotzen du.

II. kapituluan, 2. artikulutik 11.era bitartekoetan, biztanleria osasuntsuari zuzendutako bizitza osoko txertaketa gomendioak biltzen dira.

III. kapituluan, 12. artikulutik 24.era bitartekoetan, eritasun immunoprebenigarriak hartzeko arrisku handia duten edo egoera berezietan dauden biztanleei zuzendutako txertaketa gomendioak jasotzen dira.

Xedapen indargabetzaile bakarraren helburua da gaiari buruzko arautegi komun bat ezartzea, Nafarroan orain arte zeuden txertaketa egutegiak bateratuz.

Azken xedapenetan lehenak Nafarroako Foru Komunitatean txertaketen egutegi ofiziala ezartzeko gaikuntza aipatzen du.

Azken xedapenetako bigarrenak eta hirugarrenak arautzen dute txertoak foru agindu honek ezarritako esparrutik kanpo agintzeko aukera. Bigarrenak, zehazki, txertoa fitxa teknikoan adierazitakotik kanpo agintzen deneko kasua arautzen du, eta hirugarrenak, berriz, foru agindu honetan ezarritakotik kanpo, baina beste protokolo batzuen edo zientzia elkarteen gomendioekin bat etorriz eta txerto horretarako fitxa teknikoan ezarritako jarraibideak betez, agintzen denekoa.

Azken xedapenetako laugarrenak zehazten du araua noiz sartuko den indarrean.

I., II., III. eta IV. eranskinetan biltzen dira, hurrenez hurren, bizitza osoko txertaketen egutegia, gripearen aurkako txertaketaren indikazioa egoera berezietan edo arrisku egoeran dauden pertsonentzat, pneumokokoaren aurkako txertaketaren indikazioa, eta B hepatitisaren aurkako txertaketaren indikazioa.

Foru agindu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera idatzi da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluak xedatzen duenari jarraituz.

III.

Horiek horrela, eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 33.1 artikuluak xedatutakoari jarraituz, Osasun Departamentuari dagozkio, besteak beste, osasun publikoaren arloa planifikatu eta antolatzeko eginkizunak. Esparru horretan sartzen dira osasuna babesteko jarduerak, hala nola txertaketen egutegi ofizialean ezarritako txertaketa sistematikoak.

Horrenbestez, Osasuneko zuzendari nagusiak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua . Arauaren xedea.

Foru agindu honen xedea da bizitza osoko txertaketen egutegia onestea, I. eranskinean jaso dena, eta, orobat, egoera berezietako edo arrisku egoeretako txertaketen egutegia onestea, Nafarroarako.

II. KAPITULUA. BIZITZA OSOKO TXERTAKETEN EGUTEGIA

2. artikulua . Poliomielitisaren aurkako txertaketa.

1. Haurrak: lau dosi emanen dira, eskema honen arabera:

Lehen txertaketako bi dosi, 2 eta 4 hilabeterekin (txerto hexabalentearekin), eta ondoren oroitzapeneko dosi bat 11 hilabeterekin (txerto hexabalentearekin) eta oroitzapeneko bigarren dosia 6-7 urterekin (DTPa-VPI txerto konbinatuarekin). Oroitzapeneko bigarren dosia, 6-7 urteko haurrentzat aurreikusia dagoena, eskola esparruan emanen da, Lehen Hezkuntzako 1. mailan.

2. Lehen txertaketa 2, 4, 6 eta 18 hilabeterekin jaso dutenek ez dute VPI dosi gehiago behar.

3. artikulua . Difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen aurkako txertaketa.

1. Haurrak: lau dosi emanen dira, eskema honen arabera: Lehen txertaketako bi dosi, 2 eta 4 hilabeterekin (txerto hexabalentearekin), eta ondoren oroitzapeneko dosi bat 11 hilabeterekin (txerto hexabalentearekin) eta oroitzapeneko bigarren dosia 6-7 urterekin (DTPa-VPI txerto konbinatuarekin). Lehen txertaketako pauta 2, 4, 6 eta 18 hilabeterekin jaso dutenek dTpa dosi bat jasoko dute 6-7 urterekin. 6-7 urtetako dosia eskola esparruan emanen da, Lehen Hezkuntzako 1. mailan.

2. 14-15 urteko nerabeak: Td dosi bat emanen zaie DBHko 2. mailan.

3. Haurdunak: haurdunaldi bakoitzean dTpa dosi bat emanen zaie haurdunaldiko 27. astetik aurrera, ahal dela 27. edo 28. astean.

4. Helduak (15-64 urte): pertsonaren aurretiazko txertaketa egoera egiaztatu beharra dago, Td-arekin lehen txertaketako pauta bat hasi edo osatu baino lehen. Td-arekin txertatuko da 5 dosi osatu arte, dosien artean tarte hauek utzita: hilabete 1. dosiaren eta 2.aren artean, 6 hilabete 2.aren eta 3.aren artean, 10 urte 3.aren eta 4.aren artean, eta 10 urte 4.aren eta 5.aren artean.

5. Helduak (65 urte edo gehiago): 65 urte inguruko adinarekin, Td dosi bakarra emanen zaie lehenago 5 dosi jaso zituztenei, betiere 10 urte igaro badira azken dositik. Lehenago 5 dosi jaso ez badituzte, Td-arekin txertatuko dira 5 dosi osatu arte, dosien artean tarte hauek utzita: hilabete 1. dosiaren eta 2.aren artean, 6 hilabete 2.aren eta 3.aren artean, 10 urte 3.aren eta 4.aren artean, eta 10 urte 4.aren eta 5.aren artean.

4. artikulua . B motako Haemophilus influenzaearen aurkako txertaketa.

Hiru dosi: lehen txertaketako bi dosi, 2 eta 4 hilabeterekin (txerto hexabalentearekin), eta ondoren oroitzapeneko dosi bat 11 hilabeterekin (txerto hexabalentearekin).

5. artikulua . B hepatitisaren aurkako txertaketa.

1. Hiru dosi 2, 4 eta 11 hilabeterekin (txerto hexabalentearekin). Haur jaioberriei, baldin eta jaio badira birusaren eramailea (AgHBs positiboa) den ama batengandik edo baheketa egin ez zaion ama txertatu gabe batengandik, lau dosiko txertaketa pauta emanen zaie, 0, 2, 4 eta 11 hilabeterekin. Halakoetan, jaio eta lehendabiziko 24 orduen barnean emanen da 1. dosia, B hepatitisaren aurkako immunoglobulinarekin batera; gainerako dosiak txerto hexabalentearekin emanen dira.

2. 1980ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoei, lehenago txertatu ez badira, HB txertoaren 3 dosi emanen zaizkie (osagai bakarreko txertoa), 0, 1 eta 6 hilabeteko pautarekin.

6. artikulua . Eritasun meningokozikoaren aurkako txertaketa.

1. Eritasun meningokozikoa, B serotaldekoa: B meningokokoaren (4CMenB) aurkako osagai anitzeko txertoa emanen zaie, 2, 4 eta 12 hilabeterekin, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haur guztiei. Oso garrantzitsutzat jotzen da dagokion unean egitea 2 eta 4 hilabetetako txertaketa, atzeratu gabe edo beste pauta batzuk erabili gabe, hala ezarri baitu Txertaketen Programa eta Erregistroko Ponentziak, eta Osasun Ministerioaren Osasun Publikorako Batzordeak onetsi.

2. Eritasun meningokozikoa, C eta ACWY serotaldeetakoa: Hiru dosi emanen dira: lehenbiziko dosia eta bigarrena, hurrenez hurren, 4 hilabeterekin eta 12 hilabeterekin (C meningokokoaren aurkako txerto konjugatuarekin); hirugarren dosia, aldiz, 11-12 urterekin (meningokokoaren aurkako ACWY txerto konjugatu tetrabalentearekin). Hirugarren dosia, 11-12 urtetakoa, eskola esparruan emanen da, haurrek Lehen Hezkuntzako 6. maila egin bitartean. Aurretik txertatu gabe dauden 18 urtetik beherakoek ACWY txerto konjugatuaren dosi bat jaso dezakete.

7. artikulua . Eritasun pneumokoziko inbaditzailearen aurkako txertaketa.

Pneumokokoaren aurkako txerto konjugatuaren hiru dosi emanen dira, honako eskema honen arabera:

Lehen txertaketako bi dosi 2 eta 4 hilabeterekin, eta oroitzapeneko dosi bat 11 hilabeterekin.

Heldu osasuntsuak (65 urte edo gehiago): Pneumokokoaren aurkako txerto polisakarido 23-balentearen (VNP-23) dosi bat emanen da, 65 urte inguruko adinarekin.

Nafarroako egoitza soziosanitario publiko eta pribatuetan instituzionalizatuta dauden 65 urte edo gehiagokoei, aurretik txertatu gabe badaude, pneumokokoaren aurkako txerto konjugatuaren dosi bat emanen zaie.

8. artikulua . Elgorriaren, errubeolaren eta parotiditisaren aurkako txertoa.

1. Txerto hirukoitz birikoaren (TV) bi dosi emanen dira 12 hilabeterekin eta 3 urterekin.

2. 1970eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoek, aurretik txertorik hartu ez badute edo elgorria izan ez badute, TV-aren bi dosi jasoko dituzte, dosien artean gutxienez 4 asteko tartea utzita. Aurretik dosi bat jaso badute, TV-aren dosi bakarra emanen zaie. Birus bizidun indargabetuen txerto bat denez, kontraindikatua dago haurdunak eta immunodeprimituak eritasun horien aurka txertatzea.

9. artikulua . Barizelaren aurkako txertaketa.

1. Barizelaren aurkako txertoaren (VZ) bi dosi emanen dira 15 hilabeterekin eta 3 urterekin.

2. Barizela izan ez dutenek, haren aurka txertatu gabe badaude, VZ-ren bi dosi jasoko dituzte, dosien artean gutxienez 4 asteko tartea utzita (ahal dela, 8 aste). Aurretik dosi bat jaso badute, VZ-ren dosi bakarra emanen zaie. Kontraindikatua dago haurdunak eta immunodeprimituak barizelaren aurka txertatzea, birus bizidun indargabetuen txerto bat delako.

10. artikulua . Giza papilomaren birusaren aurkako txertaketa.

1. Eskola esparruan emanen zaizkie txerto nonabalentearen (VPH-9) bi dosi, bien artean 6 hilabeteko tartea utzita, Lehen Hezkuntzako 6. maila egiten ari diren haurrei (11-12 urte). 2023-2024 ikasturtean hasiko da giza papilomaren birusaren aurkako txertaketa sistematikoa mutikoetan.

2. Txertoa eskainiko zaie txertatu gabe dauden 26 urtera arteko emakumeei, aurretik immunizatu gabe badaude. Txertaketa 15 urtetik aurrera hasten bada, hiru dosi emanen dira, erabiliko den prestakinaren araberako pautarekin (Gardasil 9® erabiliz gero, hiru dosiko pauta 0-2-6 hilabetekoa izanen da; aldiz, Cervarix® erabiliz gero, 0-1-6 hilabeteko pautarekin emanen dira hiru dosiak).

11. artikulua . Zoster herpesaren aurkako txertaketa.

Zoster herpesaren aurkako txerto birkonbinatzaile adjubatuaren bi dosi emanen zaizkie, bien artean 8 asteko tartea utzita, 65 eta 75 urteko heldu osasuntsuei. 1948an eta 1958an jaiotakoak txertatuko dira 2023an.

12. artikulua . Gripearen aurkako txertaketa.

1. 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrak: 2023-2024ko sasoitik aurrera, talde horri gripearen aurkako txertoaren dosi bakar bat emanen zaio urtero.

2. Haurdun dauden emakumeak: gripearen sasoian txertatzea gomendatzen zaie haurdun dauden emakumeei, haurdunaldiko edozein hiruhilekotan. Halaber, emakumeei puerperioan (erditu ondoko 6 hilabeteetan) gripearen aurkako txertoa jartzea gomendatzen zaie, sasoi horretan haurdunaldian txertoa hartu ez badute.

3. 60 urte edo gehiagoko heldu osasuntsuak: gripearen aurkako dosi bat urtero.

III. KAPITULUA. EGOERA BEREZIETAKO EDO ARRISKU EGOERETAKO TXERTAKETEN EGUTEGIA

13. artikulua . Gripearen aurkako txertaketa.

Urtero jarriko zaie gripearen aurkako txertoa arrisku faktoreak dituzten 60 urtetik beherako pertsonei (foru agindu honen II eranskinean aipatzen dira).

14. artikulua . Difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen aurkako txertaketa.

1. Difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen aurkako karga arineko txerto azelularraren (dTpa) dosi bat emanen zaie pediatria eta obstetrizia arloetan lan egiten duten osasun langileei eta, orobat, organo solido baten transplante bat duten edo halako transplante baten zain dauden pertsona guztiei, eta minbizia edo hemopatia gaiztoak dituztenei.

2. Zelula ama hematopoietikoen transplantea (TPHO) jaso duten pazienteei difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen antigenoen lau dosi emanen zaizkie, txerto hexabalente moduan, pauta honekin: transplantetik 7, 8, 9 eta 18 hilabetera.

15. artikulua . Poliomielitisaren aurkako txertaketa.

Zelula ama hematopoietikoen transplantea jaso dutenak txerto hexabalenterako ezarritako pautarekin immunizatuko dira.

16. artikulua . Eritasun pneumokoziko inbaditzailearen aurkako txertaketa.

Nafarroan bizi diren helduek, foru agindu honen III. eranskinean sartuta badaude, pneumokokoaren aurkako txerto konjokatuaren eta/edo pneumokokoaren aurkako txerto polisakarido 23-balentearen (VPN-23) dosi bat hartuko dute.

17. artikulua . Giza papilomaren birusaren aurkako txertaketa.

1. Giza papilomaren birusaren aurkako txertoaren hiru dosi hartuko dituzte 26 urtetik gorako emakumeek, aurretik immunizatu gabe badaude, sexualki aktiboak badira eta honako indikazio hauetan sartzen badira:

a) Umetoki lepoan maila handiko lesio intraepiteliala izateagatik edozein tratamendu duten emakumeak.

b) Sortzetiko edo eskuratutako immunoeskasiak, GIBak eragindako infekzioa barne.

c) Botika immunoezabatzaileekin tratatu behar diren eritasunak.

d) Organo solido baten edo zelula ama hematopoietikoen transplantea.

e) Prostituzio egoeran diren emakumeak.

f) WHIM sindromea: 6. eta 11. serotipoetarako txertoarekin.

2. Hiru dositako txertaketa zabalduko da egoera hauetan dauden gizonentzat:

a) GIBak eragindako infekzioa.

b) Prostituzio egoeran diren gizonak.

c) Gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonak.

g) WHIM sindromea: 6. eta 11. serotipoetarako txertoarekin.

3. 45 urtetik gorakoen kasuan, banaka erabakiko da giza papilomaren birusaren aurkako txertaketaren indikazioa, bakoitzak birus horrek eragindako infekzioa harrapatzeko duen arriskuaren eta osasuna baldintzatzen duten ezaugarrien arabera, eta aintzat hartuta zenbateko babesa ematen duen txertoak adin talde horretan.

18. artikulua . B hepatitisaren aurkako txertaketa.

B hepatitisaren aurka txertatuko dira Nafarroan bizi diren 1980 baino lehenago jaiotakoak, aurretik immunizatuta ez badaude eta foru agindu honen IV. eranskinean ageri diren indikazio mediko, epidemiologiko edo lanbidekoetan sartzen badira.

19. artikulua . ACWY serotaldeek eragindako eritasun meningokozikoaren aurkako txertaketa.

1. ACWY serotaldeek eragindako eritasun meningokozikoaren aurka txertatuko dira, bi dosiko pautarekin, bien artean gutxienez 8 asteko tartea utzita, Nafarroan bizi diren 18 urtetik gorako guztiak, aurretik immunizatuta ez badaude eta egoera hauetakoren batean badaude:

a) Konplementuaren sistemako akatsa, eculizumab edo ravulizumab botiken bidezko tratamendua barne.

b) Asplenia edo disfuntzio espleniko larria (igitai formako zelulen anemia) duten pertsonak eta erauzketa kirurgiko programatua dutenak.

c) GIBak eragindako infekzioa.

d) Zelula ama hematopoietikoen transplantea.

e) Eritasun meningokoziko inbaditzailearen gertakari bat izan dutenak.

2. Meningokokoaren aurkako ACWY txertoaren dosi bakar bat jasoko dute Neisseria meningitidis-ekin lan egiten duten laborategiko langileek.

20. artikulua . B serotaldeko eritasun meningokozikoaren aurkako txertaketa.

1. B serotaldeko eritasun meningokozikoaren aurkako txerto tetrabalentearen (4CMenB) bi dosi jasoko dituzte, bien artean gutxienez lau asteko tartea utzita, Nafarroan bizi diren heldu guztiek, aurretik immunizatuta ez badaude eta egoera hauetakoren batean badaude:

a) Konplementuaren sistemako akatsa, eculizumab edo ravulizumab botiken bidezko tratamendua barne.

b) Asplenia edo disfuntzio espleniko larria (igitai formako zelulen anemia) duten pertsonak eta erauzketa kirurgiko programatua dutenak.

c) Zelula ama hematopoietikoen transplantea.

d) Eritasun meningokoziko inbaditzailearen gertakari bat izan dutenak.

Gainera, kasu guztietan gomendatzen da oroitzapeneko dosi bat ematea txertaketa osatzen denetik urtebetera eta, ondoren, 5 urtean behin.

2. B serotaldeko eritasun meningokozikoaren aurkako txerto tetrabalentearen (4CMenB) bi dosi jasoko dituzte, bien artean gutxienez lau asteko tartea utzita, Neisseria meningitidis-ekin lan egiten duten laborategiko langileek. Gainera, gomendatzen da oroitzapeneko dosi bat ematea txertaketa osatzen denetik urtebetera eta, ondoren, 5 urtean behin.

21. artikulua . b motako Haemophillus influenzaeak eragindako eritasunaren aurkako txertaketa.

1. b motako Haemophillus influenzae-ak eragindako eritasunaren aurkako txertoaren dosi bat jasoko dute Nafarroan bizi diren heldu guztiek, aurretik immunizatuta ez badaude eta indikazio hauetan sartzen badira:

a) Konplementuaren sistemako akatsa, eculizumab edo ravulizumab botiken bidezko tratamendua barne.

b) Asplenia edo disfuntzio espleniko larria (igitai formako zelulen anemia) duten pertsonak eta erauzketa kirurgiko programatua dutenak.

c) Zelula ama hematopoietikoen transplantea: kasu honetan, txerto hexabalentearekin eginen da txertaketa.

2. Eculizumab edo ravulizumab botikekin tratatzeko zain daudenen eta/edo esplenektomia egin behar zaien pazienteen kasuan, tratamendua hasi edo ebakuntza egin baino gutxienez ere bi haste lehenago eman behar da txertoa.

22. artikulua . A hepatitisaren aurkako txertaketa.

1. 1964 baino lehen jaiotakoak immunetzat jotzen dira. Zalantza izanez gero, serologia eginen da aldez aurretik eta, hala, seronegatiboak baino ez dira txertatuko eta, betiere, artikulu honetako a, b eta c apartatuetan ezarritako baldintzetako bat betetzen badute bakarrik.

2. A hepatitisaren aurkako txertoaren bi dosi jasoko dituzte, bien artean sei hilabeteko tartea utzita, Nafarroan bizi diren heldu guztiek, gaitza harrapatzeko arriskua badute eta ondoren zerrendatzen diren indikazio mediko, epidemiologiko edo lanbidekoetan sartzen badira:

a) Medikoak:

- Gibeleko eritasun kronikoa, alkoholismo kronikoa eta zirrosia.

- GIBak eragindako infekzioa.

- Mukobiszidosia.

- Paziente hemofilikoak.

- Hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak.

- Organo solido baten transplantea edo haren zain egotea (gibelaren transplantea, bereziki).

- Tratamendu immunoezabatzailea botika hepatotoxikoekin (ziklosporina, takrolimusa, metotrexatoa, azatioprina, 6-merkaptopurina eta 6-tioguanina, leflunomida, sirolimusa, infliximaba, adalimumaba, etanercepta, alefazepta).

b) Epidemiologikoak:

- Injektatzen diren drogen erabiltzaileak.

- Gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonak.

- Prostituzio egoeran dauden pertsonak.

- Uzki-aho sexua praktikatzen dutenak.

- A hepatitis kasu batekiko esposizioan egon ondoko profilaxia, zaintza epidemiologikoko protokolo nazionalen arabera.

c) Lanbidekoak (mutualitateek/lan osasunaren zerbitzuek bakarrik eginen dute txertaketa):

- Endemia handiko eremuetara edo higiene eta osasun baldintza eskasak dituzten eremuetara mugitzen diren funtsezko langileak.

- Hondamendien aurreko jarduketetan parte hartzen duten langileak.

- Laborategietan A hepatitisaren birusarekin diharduten langileak.

-Gizakiak ez diren primateekin diharduten langile eta ikertzaileak.

- Hondakin urekin diharduten langileak.

- 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan lan egiten duten langileak.

23. artikulua . Zoster herpesaren aurkako txertaketa.

Gomendatzen da zoster herpesaren aurkako txerto birkonbinatzaile adjubatuaren bi dosi ematea, bien artean 8 asteko tartea utzita, 18 urte edo gehiagokoei, honako egoeretako batean baldin badaude:

- Zelula ama hematopoietikoen transplantea. Lehendabiziko dosia transplantetik bi hilabetera emanen da.

- Organo solidoaren transplantea. Transplantearen aurretik egitea da onena, pazientea transplanterako itxaron zerrendan dagoen bitartean. Transplantearen ondoren txertatzen direnen kasuan, lehendabiziko dosia transplantetik 4-8 hilabetera emanen da.

- Tratamendua hartzea JAKaren aurkako botikekin edo, botiken fitxa teknikoan ageri den informazioaren arabera, zoster herpesa izateko arriskua handitzen duten beste botika batzuekin. Txertaketa tratamendua hasi aurretik egitea da onena.

- GIBak eragindako infekzioa. GIBa duten pertsonak, haien CD4 zelulen zenbaketa 200 zelula/μl edo gehiago baldin bada, GIBa diagnostikatu eta berehala txerta daitezke, ez dago denbora tarte bat utzi beharrik. Aldiz, CD4 zelulen zenbaketa 200 zelula/μl baino gutxiago bada, kasuz kasu erabakiko da txertaketa noiz egin, banakako balorazio medikoa egin ondoren; hala, txertoa beranduago ematea erabaki daiteke, uste bada erretrobirusen aurkako tratamendua hasi eta epe laburrean (2-3 hilabetean) egoera immunologikoa hobetuko dela.

- Hemopatia gaiztoak. Kimioterapia tratamendua hastekoak direnei, tratamenduaren lehen zikloa hasi baino gutxienez 10 egun lehenago emanen zaie txertoaren lehen dosia.

- Tumore solidoak, kimioterapiarekin tratatzen ari direnak. Kimioterapia baino lehenago hasten bada txertaketa, txertoaren lehen dosia tratamendua baino gutxienez 10 egun lehenago emanen da. Halaber, leiho-aldiak bila daitezke txertaketarako, edo tumorearen aurkako terapia osatu ondoren egin daiteke.

24. artikulua . Txertaketarako indikazioak haurrei zabaltzea.

Egoera berezietako edo arrisku egoeretako txertaketen egutegian zerrendatutako indikazio guztiek aldez aurretik txertatu gabe dauden haurrentzat ere balio dute, baldintza kliniko eta epidemiologiko berdinekin, baldin eta txertoaren fitxa teknikoan jasoa badago haurrentzako indikazioa.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

2. Xedapen hauek indarrik gabe uzten dira espresuki:

a) 340E/2019 Foru Agindua, irailaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Haurrak Txertatzeko Nafarroako Egutegi Ofiziala aldatzen duena.

b) 281E/2019 Foru Agindua, abuztuaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, Helduentzako Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala ezartzen duena.

Azken Xedapenetan Lehena .Txertaketen egutegi ofiziala ezartzeko gaikuntza.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematen zaio Nafarroan bizitza osoko txertaketen egutegi ofiziala eta egoera berezietako edo arrisku egoeretako txertaketen egutegia behar bezala garatu eta ezar daitezen behar diren neurriak hartzeko.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Baimendutako txertoak fitxa teknikoan ezarritakoez bestelako baldintzetan erabiltzea.

Baimendutako txertoetako edozein haren fitxa teknikoan ezarritakoez bestelako baldintzetan erabiltzeari dagokionez, jarraituko zaio ekainaren 19ko 1015/2009 Errege Dekretuaren 13.etik 16.era bitarteko artikuluetan ezarritakoari, errege dekretu horrek arautzen baitu botiken erabilera egoera berezietan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena .Baimendutako txertoak hartzeko agintzea, foru agindu honetan ezarritakoez bestelako baldintzetan (finantzatuta ez daudenak).

Osasun langileek preskripzio medikorako askatasuna dute, printzipio hori berariaz jasoa baitago Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 4. artikulutik 40.era bitartekoetan, baina kasuko arloko araudiaren edukitik kanpoko erabilera bat aginduz gero, erantzukizun indibiduala du preskriptoreak. Horregatik, erantzukizun profesionala saihesteko eta indarreko ordenamendu juridikoak gomendatzen duen moduan, finantzatuta ez dauden txertoak aginduz gero, beharrezkoa da txertaketaren ondoren ager daitezkeen arrisku larrien eta ezohikoen berri ematea, egutegi ofizialean sartuta ez dagoen txerto bat emateko indikazioa medikoki justifikatzea (literatura medikoa eta zientifikoa, zientzia elkarteek gomendatutako egutegiak, aurrekari medikoetan oinarritutako arrazoiak azaltzen dituzten historiako oharrak, etab.), eta baimen informatua sinatzea, ahal dela idatziz, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoan dituen eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen arabera.

Azken Xedapenetako Laugarrena .Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko irailaren 29an.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. ERANSKINA. BIZITZA OSOKO TXERTAKETEN EGUTEGI OFIZIALA

I. ERANSKINA

TXERTAKETA

JAIO AURRETIK

0

HILABETE

2

HILABETE

4

HILABETE

6

HILABETE

11

HILABETE

12

HILABETE

15

HILABETE

3

URTE

4

URTE

6

URTE

12

URTE

14

URTE

15-18

URTE

19-64

URTE

≥65 URTE

Poliomielitisa

VPI

VPI

VPI

VPI(1)

Difteria-Tetanosa-Kukutxeztula

dTpa(2)

DTPa

DTPa

DTPa

DTPa(3)

Td

Td(4)

Td(5)

Haemophilus influenzae B

Hib

Hib

Hib

B hepatitisa

HB(6)

HB

HB

HB

HB(7)

Eritasun pneumokozikoa

VNC

VNC

VNC

VN(10)

Eritasun meningokozikoa

Men B(8)

MenB MenC

MenB

MenC

Men

ACWY

MenACWY(9)

Elgorria-Errubeola-Parotiditisa

TV

TV

TV(11)

Barizela

VZ

VZ

VZ(12)

Giza papilomaren birusa

VPH(13)

VPH(14)

Zoster herpesa

HZ(15)

Gripea

Gripea(16)

Gripea, urtero(17)

Gripea, urtero(18)

POLIOMIELITISA.

(1) 2, 4 eta 11 hilabeterekin txertatutakoei (2+1 pauta) DTPa/VPI txerto konbinatua emanen zaie 6 urte betetzen dituztenean. 2, 4, 6 eta 18 hilabeterekin txertatutakoei (3+1 pauta) VPI gabeko dTpa txertoa emanen zaie 6 urterekin.

DIFTERIA-TETANOSA-KUKUTXEZTULA.

(2) Haurdunaldi bakoitzean dTpa dosi bat, haurdunaldiko 27. astetik aurrera, ahal dela 27. edo 28. astean.

(3) 2, 4 eta 11 hilabeterekin txertatutakoei (2+1 pauta) DTPa/VPI txerto konbinatua emanen zaie 6 urte betetzen dituztenean. 2, 4, 6 eta 18 hilabeterekin txertatutakoei (3+1 pauta) VPI gabeko dTpa txertoa emanen zaie 6 urterekin.

(4) Helduen kasuan, aurretiazko txertaketa egoera egiaztatu beharra dago, Td-arekin lehen txertaketako pauta bat hasi edo osatu baino lehen. Td-arekin txertatuko da 5 dosi osatu arte, dosien artean tarte hauek utzita: hilabete 1. dosiaren eta 2.aren artean, 6 hilabete 2.aren eta 3.aren artean, 10 urte 3.aren eta 4.aren artean, eta 10 urte 4.aren eta 5.aren artean.

(5) 65 urte inguruko adinarekin, Td dosi bat emanen zaie haurtzaroan eta nerabezaroan 5 dosi jaso zituztenei. Lehenago 5 dosi jaso ez badituzte, Td-arekin txertatuko dira 5 dosi osatu arte, dosien artean tarte hauek utzita: hilabete 1. dosiaren eta 2.aren artean, 6 hilabete 2.aren eta 3.aren artean, 10 urte 3.aren eta 4.aren artean, eta 10 urte 4.aren eta 5.aren artean.

B HEPATITISA.

(6) 0, 2, 4 eta 11 hilabeteko pautarekin txertatuko dira AgHBs positiboak diren amen eta baheketa egin ez zaien txertatu gabeko amen seme-alabak. Jaio eta lehendabiziko 24 orduen barnean emanen da lehen dosia, B hepatitisaren aurkako immunoglobulinarekin batera.

(7) B hepatitisaren aurkako txertoaren hiru dosi emanen zaizkie, 0, 1 eta 6 hilabeteko pautarekin, Nafarroan bizi diren 1980ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoei, aurretik immunizatuta ez badaude.

ERITASUN MENINGOKOZIKOA.

(8) B meningokokoaren aurkako txertoa, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoentzat. Oso garrantzitsua da dagokion unean egitea 2 eta 4 hilabetetako txertaketa, atzeratu gabe edo beste pauta batzuk erabili gabe.

(9) 18 urtera arteko nerabeak txertatzea, lehenago MenACWY txertoaren dosirik jaso ez badute.

ERITASUN PNEUMOKOZIKOA.

(10) Pneumokokoaren aurkako txerto polisakarido 23-balentearen (VNP-23) dosi bakar bat emanen da 65 urtetik aurrera. Nafarroako egoitza soziosanitario publiko eta pribatuetan instituzionalizatuta dauden 65 urte edo gehiagokoei, aurretik txertatu gabe badaude, pneumokokoaren aurkako txerto konjugatu 13-balentearen (VNC13) dosi bat emanen zaie.

ELGORRIA-ERRUBEOLA-PAROTIDITISA.

(11) 1970etik aurrera jaiotakoak, aurretik txertatu gabe badaude eta elgorria, errubeola edo parotiditisa pasatu izanaren froga klinikorik ez bada. Pauta: bi dosi, bien artean 4 asteko tartea utzita. Aurretik dosi bat jaso badute, TV-aren dosi bakarra emanen zaie.

BARIZELA.

(12) Aurretik txertatu gabe dauden eta barizela pasatu izanaren froga klinikorik ez duten pertsonak. Pauta: bi dosi, bien artean gutxienez 4 asteko tartea utzita (ahal dela, 8 aste). Aurretik dosi bat jaso badute, dosi bakarra emanen zaie.

GIZA PAPILOMAREN BIRUSA.

(13) Neskei eta mutikoei emanen zaie. Bi dosi, bien artean 6 hilabeteko tartea utzita. 2023-2024 ikasturtean hasiko da mutilen txertaketa.

(14) Txertatu gabe dauden 26 urtera arteko emakumeak, aurretik immunizatu gabe badaude. Txertaketa 15 urtetik aurrera hasten bada, 3 dosi emanen dira, erabiliko den prestakinaren araberako pautarekin (Gardasil9: 0- 2- 6 hilabete; Cervarix: 0-1-6 hilabete).

ZOSTER HERPESA.

(15) Txertaketa 65 urterekin eta 75 urterekin. 1948an eta 1958an jaiotakoak txertatuko dira 2023an. Pauta: 2 dosi, bien artean 2 hilabeteko tartea utzita.

GRIPEA.

(16) Gripearen sasoian, haurdunak txertatuko dira, haurdunaldiko edozein hiruhilekotan.

(17) 2023-2024ko sasoitik aurrera, gripearen aurkako txertoaren dosi bakar bat emanen zaie 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrei.

(18) Urtero dosi bat, 60 urtetik gorako helduei.

II. ERANSKINA. GRIPEAREN AURKAKO TXERTAKETAREN INDIKAZIOAK, EGOERA BEREZIETAN EDO ARRISKU EGOERETAN DAUDEN PERTSONENTZAT

II. ERANSKINA

59 hilabete baino gehiago eta 60 urte baino gutxiagokoak, gripearen ondoriozko konplikazioen arrisku handia dutenak (2. taldea):

-Adingabeak (59 hilabetetik aurrera) eta helduak, eritasun kroniko kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnasketakoak dituztenak, bronkio-biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma barne.

-Adingabeak (59 hilabetetik aurrera) eta helduak, honako hauek dituztenak:

Diabetes mellitusa.

Obesitate morbidoa (GMIa ≥ 40 helduetan, ≥ 35 nerabeetan, edo desbideratze estandarra ≥ 3 haurretan).

Giltzurrunetako eritasun kronikoa eta sindrome nefrotikoa.

Hemoglobinopatiak eta anemiak.

Hemofilia, koagulazioaren beste nahasmendu batzuk eta nahasmendu hemorragiko kronikoak, baita hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak ere.

Asplenia edo disfuntzio espleniko larria.

Gibeleko eritasun kronikoa, alkoholismo kronikoa ere barne.

Eritasun neuromuskular larriak.

Immunoezabatzea (horren barnean sartzen dira immunoeskasia primarioak eta GIBak eragindako infekzioaren ondoriozkoak, botiken ondoriozkoak -eculizumab edo ravulizumab bidezko tratamendua barne-, transplanteen hartzaileenak eta konplementuaren eskasia).

Minbizia eta hemopatia gaiztoak.

Kokleako inplantea edo horren zain egotea.

Likido zefalorrakideoko fistula.

Eritasun zeliakoa.

Eritasun inflamatorio kronikoa.

Disfuntzio kognitiboa dakarten eritasun eta nahasmenduak: Downen sindromea, dementziak eta beste batzuk.

Ahalegin berezia eginen da aldian aldiko jarraipen medikoa behar dutenekin edo azken urtean ospitaleratu direnekin.

-59 hilabete eta 18 urte bitarteko adingabeak, azido azetil salizilikoarekin tratamendu luzea hartzen dutenak, gripearen ondorean Reyeren sindromea garatzeko aukera dutelako.

-59 hilabete edo gehiagoko pertsonak, luzaroan instituzionalizatuta daudenak.

-Haurdun dauden emakumeak, haurdunaldiko edozein hiruhilekotan, eta puerperioan daudenak (erditu ondoko 6 hilabeteetan, 2022-2023 sasoian haurdunaldian txertatu ez badira).

Arazoak izateko arrisku handia dutenei gripea kutsatzen ahal dieten pertsonak (3. taldea):

-Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetan lan egiten duten pertsonak, bai oinarrizko osasun laguntzan bai laguntza espezializatuan eta ospitalean, publikoa zein pribatua izan; baita farmazia bulegoetako eta zentro soziosanitarioetako langileak ere. Ahalegin berezia eginen da deskribatu diren arrisku handiko taldeetako pazienteei arreta ematen dieten profesionalekin (3.1 taldea).

-Erakunde geriatrikoetan edo eri kronikoak artatzeko zentroetan lan egiten duten pertsonak, bereziki, pertsona kalteberekin etengabeko harremana dutenak (3.2 taldea).

-Osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan praktiketan dauden ikasleak (3.3 taldea).

-Arrisku handiko pazienteei edo adinekoei etxez etxeko zaintzak ematen dizkieten pertsonak (3.4 taldea).

-6 hilabetetik gorako pertsonak, haien etxean bizi den norbait arrisku handiko talde batean sartzen bada, dituen ezaugarri kliniko bereziengatik (2. taldea) edo 60 urtetik gorakoa izateagatik (1. taldea).

Txertaketa gomendatua duten beste talde batzuk (4. taldea).

-Oinarrizko edo funtsezko zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonak (4.1 taldea):

Estatuko segurtasun indar eta kidegoak, estatuaren, erkidegoaren edo udalaren menpe egon.

Suhiltzaileak.

Babes Zibilerako zerbitzuak.

Osasun arloko larrialdi zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak.

Espetxeetako eta ebazpen judizial bidezko barneratzeko zentroetako langileak (etorkinentzako harrera zentroetakoak barne).

-Beren lana dela-eta, hegazti edo zerri ustiategietan etxe hegaztiekin edo zerriekin zuzenean egoten diren pertsonak, baita basa hegaztiekin egoten direnak ere. Xedea da giza birus batek eta hegazti edo zerri birus batek infekzio konkomitante bat sortzeko arriskua gutxitzea eta, ondorioz, bi birusen artean gerta litezkeen birkonbinazioak edo truke genetikoa izateko aukerak murriztea (4.2 taldea).

Odol-emaileak.

III. ERANSKINA. PNEUMOKOKOAREN AURKAKO TXERTAKETAREN INDIKAZIOAK

III. ERANSKINA

INDIKAZIOA

“ 65 URTE

≥ 65 URTE

ERITASUN PNEUMOKOZIKO INBADITZAILEA IZATEKO ARRISKU FAKTOREAK DITUZTEN PERTSONAK

a. IMMUNODEPRESIOA DUTEN PERTSONAK

Immunoeskasia humoralak edo zelularrak, konplementuaren eskasiak eta fagozitosiaren nahasmenduak (eritasun granulomatoso kronikoa izan ezik)

Pauta sekuentziala

(VNC+VNP23)(2, 6)

Neoplasiak / Hemopatia gaiztoak (leuzemia, linfoma, mieloma anizkoitza eta Hodgkin-en eritasuna)(1)

GIBak eragindako infekzioa

Giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa (KDIGOren 4. eta 5. faseak)(3)eta sindrome nefrotikoa

Tratamendu immunoezabatzaileak, barnean hartuta esteroideak edo agente biologikoak dosi immunoezabatzaileetan erabiltzen dituztenak(1)

Asplenia anatomikoa edo funtzionala, barnean hartuta drepanozitosi homozigotikoa eta beste hemoglobinopatia batzuk

Organo solidoaren transplantea(4)

Zelula ama hematopoietikoen transplantea

Pauta sekuentziala

(VNC (x3)+VNP23)(5, 6)

b. PATOLOGIA KRONIKOA DUTEN PERTSONA IMMUNOGAIAK

Likido zefalorrakideoko fistulak

Pauta sekuentziala

(VNC+VNP23)(2)

Kokleako inplanteen eramaileak

ENI edukitzearen aurrekari berretsiak

Gibeleko zirrosia eta alkoholismo kronikoa

Down-en sindromea

Eritasun kardiobaskularra eta arnasketakoa, kronikoa

VNP23(7)

Eritasun neurologiko eta neuromuskular larria

Hepatopatia kronikoa

Diabetes mellitusa

Eritasun zeliakoa

Instituzionalizatutako pertsonak

VNP23(7)

VNC

(1) Terapia hasi aurretik txertatzea da onena. Bestela, pauta bera kontsultara etortzerakoan edo mantentze terapian.

(2) Pauta sekuentziala: VNC dosi bat diagnostikoaren unean eta, ondoren, gutxienez ere 8 aste geroago, VNP23 dosi bat. Bost urte iragan ondoren, VNP23 txertoaren azken dosia ematea gomendatzen da.

(3) Giltzurrun-gutxiegitasuna, FG “30 ml/minutu/1,73m³ izanik.

(4) Tratamendu immunoezabatzailea hasi aurretik txertatzea da onena. Bestela, transplantetik sei hilabetera emanen da pauta sekuentziala, eta, bost urte iraganik, VNP23 txertoaren azken dosia.

(5) Zelula ama hematopoietikoen transplanteetan (TPH), transplantetik 3 hilabetera hasi txertaketa, VNC13 txertoaren 3 dosirekin, haien artean hilabetea utzita (zein den ere adina), eta transplantetik 12 hilabetera VNP23 txertoaren dosi bat jarri (EICH kronikoaren kasuan, VNC txertoaren 4. dosi bat eman VNP23aren ordez); jarri VNP23 txertoaren oroitzapeneko dosi bat aurrekotik 2 urtera.

(6) VNP23 dosi bat aurretik hartua izanez gero, pauta bera aplikatuko da, baina, gutxienez ere, 12 hilabeteko tartea utzita azken VNP23 dositik pauta sekuentziala hasi arte. VNP23 txertoaren bi dosi hartu badira 64 urte bete baino lehen, 65 urtetik aurrera hartuko da hirugarrena, azken dositik 5 urte edo gehiago iragan ondoren, betiere.

(7) VNP23 txertoaren dosi bat, onena prozesu morbidoaren hasieran ematea; eta gero beste bat 65 urtetik aurrera, azken dositik 5 urte edo gehiago iragan ondoren, betiere.

IV. ERANSKINA. B HEPATITISAREN AURKAKO TXERTAKETAREN INDIKAZIOAK

IV. ERANSKINA

Txertaketaren oinarrizko pauta 3 dosikoa da, gutxienez ere hilabeteko tartea utzita 1. eta 2. dosien artean, eta 2 hilabetekoa 2. eta 3. dosien artean (eta gutxienez ere 4 hilabete 1. eta 3. dosien artean). Txertoak emateko erabiliko den ohiko eskema 0-1-6 hilabetekoa da.

16 urte baino gutxiagokoekin, haurrentzako aurkezpena erabiliko da.

Markatzaile serologikoen probak (anti-HBc, anti-HbS eta HbSAg) eginen dira arrisku handiko pertsonak txertatu baino lehen.

Aurretik txertatu gabe dauden pertsonei txertatzea eskainiko zaie, honako indikazio hauetakoren batean sartzen badira:

a) Medikoak:

-Giltzurrun-gutxiegitasuna, dialisia eta predialisia. Kasu hauetan, erabili behar da edo hiru dosiko pauta, 0-1-6 hilabetekoa, B hepatitisaren aurkako karga handiko txertoarekin (40 μg), edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabetekoa, B hepatitisaren aurkako txerto adjubatuarekin.

-Gibeleko eritasun kronikoa, alkoholismo kronikoa eta zirrosia.

-Hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak.

-Sortzetiko immunoeskasiak.

-GIBak eragindako infekzioa. Egungo immunoezabatzearen kasuan, erabili behar da edo hiru dosiko pauta, 0-1-6 hilabetekoa, 40 μg-ko txertoarekin, edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabetekoa, txerto adjubatuarekin.

-Organo solido baten transplantea edo haren zain. Kasu hauetan, erabili behar da edo hiru dosiko pauta, 0-1-6 hilabetekoa, 40 μg-ko txertoarekin, edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabetekoa, txerto adjubatuarekin.

-Zelula ama hematopoietikoen transplantea. Txerto hexabalente moduan emanen da.

-Botika immunoezabatzaileekin tratatu behar diren eritasunak, edo behar hori izan dezaketenak. Tratamendu immunoezabatzailea hasi bada, erabili behar da edo hiru dosiko pauta, 0-1-6 hilabetekoa, 40 μg-ko txertoarekin, edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabetekoa, txerto adjubatuarekin.

-Down-en sindromea.

b) Epidemiologikoak:

-B hepatitisaren eramaile kronikoen sexu bikotekideak eta haiekin bizi direnak.

-1980 baino lehenago jaiotako odol-emaileak.

-Aurreko 6 hilabetean sexu bikotekide bat baino gehiago izan duten pertsonak.

-Gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonak.

-Berriki sexu transmisioko infekzioa (STI) izan duten pertsonak eta STIen kontsulten erabiltzaileak.

-Prostituzio egoeran dauden pertsonak.

-Injektatzen diren drogen erabiltzaileak.

-Desgaitasun psikikoa duten pertsonei arreta emateko zentroetako egoiliarrak eta erabiltzaileak.

-Presoak (bereziki, 6 hilabeteko kondena baino handiagoa dutenak).

-Markatzaileen probak (AgsHB, antiHBs, antiHBc) egin ondoren, herrialde endemikoetatik datozenei (Europako iparraldetik eta mendebaldetik, Ipar Amerikatik, Mexikotik, Hego Amerikako hegoaldetik -Txile, Argentina edo Uruguai-, Australiatik eta Zelanda Berritik heldu ez diren guztiei).

c) Lanbidekoak (mutualitateek/lan osasunaren zerbitzuek/laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek bakarrik eginen dute txertaketa):

-Osasun arloko langile eta ikasleak. Azken horiek ez badute mutualitaterik, lan osasunaren zerbitzurik edo laneko arriskuen prebentziorako zerbitzurik, ikastetxearen eta Nafarroako Gobernuaren arteko indarreko hitzarmenetan gai honi buruz ezarritakoaren arabera txertatuko dira.

-Funtsezko langileak, endemia handiko eremuetara edo higiene eta osasun baldintza eskasak dituzten eremuetara mugitzen direnak, eta B hepatitisaren birusak infektatzeko arrisku handiagoa duten pertsonak.

-Odolez kutsatzeko arriskua duten zerbitzu publikoetako langileak.

-Espetxeetako, desgaitasun psikikoa duten pertsonei arreta emateko zentroetako, adingabentzako harrera zentroetako eta akupuntura, tatuaje eta piercing establezimenduetako langileak.

-Parke eta lorategietako garbitzaileak eta zabor biltzaileak.

Esposizio arrisku handia duten pertsonei, haurtzaroan behar bezala txertatu bazituzten eta serologia negatiboa badute, dosi bat eman eta handik hilabetera berriz egin serologia (antiHBs). Berriz negatiboa bada, pauta osatu eta serologia errepikatu behar da. Pazientearen historia klinikoan jaso behar da txertaketari nola erantzun dion.

Txertaketako bi serie osorik egin ondoren (3+3 dosi, edo 4+4 dosi txerto adjubatuarekin) erantzunik ez bada, ez da beste behin hasiko txertaketa.

Iragarkiaren kodea: F2314136

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web