(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

71/2023 FORU DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena

BON N.ş 183 - 31/08/2023



Preámbulo

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla. Azken hori kasuan kasuko kontseilariaren menpe dago zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. paragrafoak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean. 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuetako titularren menpe egon daitezkeela.

Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.

Foru lege horren beraren 46.2 artikuluak ezartzen du erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusia.

c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Era berean, erakunde autonomo hauek atxikitzen zaizkio Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

b) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia.

3. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu gai hauetako eskumenak: oinarrizko arreta, gizarte-inklusioa eta gutxiengoei arreta ematea, garapenerako lankidetza eta laguntza humanitarioa.

4. Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lan harremanak, ekonomia soziala eta autonomoen lana sustatu eta antolatzeko eskumenak.

5. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere gain hartzen ditu gai hauetako eskumenak: enplegua sortzeko politika aktiboak sustatzea eta enplegua lortzeko informazioa, orientazioa, prestakuntza eta laguntza, eta lan arloko bitartekaritza.

6. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak bere gain hartzen ditu autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko politikak Nafarroan koordinatu eta kudeatzeko eskumena, baita gai hauetako politikak koordinatu eta kudeatzeko eskumenak ere: familiak; adingabeen sustapena, arreta eta babesa; eta adinekoei eta desgaitasunak eta/edo gaixotasun mentalak dituztenei arreta ematea.

Xedapen gehigarri bakarra. Deskontzentrazioa.

1. Zuzendari nagusien eta zuzendari kudeatzaileen esku uzten dira, bakoitzaren esparruan, indarra duen araudiak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari kontratazioaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

2. Zuzendari nagusien eta zuzendari kudeatzaileen esku uzten dira, bakoitzaren esparruan, indarra duen araudiak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zehapen espedienteak ireki, izapidetu eta ebaztearen arloan esleitzen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Lehen xedapen iragankorra. Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren egitura organikoa zerbitzuen eta atalen mailan garatzen den bitartean, foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion neurrian eta departamentuaren eskumen-esparru berriari dagokionez, honako honetan xedatutakoa aplikatuko da: Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretua. Departamentuen egitura organikoei buruzko gainerako foru dekretuetan Eskubide Sozialetako Departamentua aipatzen denean, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua aipatzen dela ulertu behar da, bere eskumen-esparru berriari dagokionez.

Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen estatutu berriak onetsi bitartean, foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion neurrian eta departamentuaren eskumen-esparru berriari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretua eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretua.

Bigarren xedapen iragankorra. Egun dauden unitateen atxikipena.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa garatzen ez den bitartean, Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiari atxikita gelditzen dira Lan Zerbitzuari atxikitako unitateak eta langileak.

Hirugarren xedapen gehigarria. Arlo hauetako eskumenak bere gain hartzea: errealitate soziala aztertu eta ikertzea; plangintza, ebaluazioa eta kalitatea; eta berrikuntza soziala, prestakuntza eta Europako proiektuak.

Analisi eta Prospekzio Bulegoa eratu bitartean, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari atxikita, bere gain hartuko ditu arlo hauetako eskumenak: plangintza, ebaluazioa eta kalitatea, eta berrikuntza soziala, prestakuntza eta Europako proiektuak; bere gain hartuko ditu, halaber, arlo hauetako eskumen orokorrak: errealitate soziala aztertu eta ikertzea, aldaketa prozesuen eta arazo sozialen analisia, eta enpleguaren eta politika sozialen arloko plangintza eta ebaluazioa.

Berretsi egiten da, egin zen baldintza berberetan, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiaren izendapena.

Laugarren xedapen gehigarria. Atal Soziosanitarioa.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa garatzen ez den bitartean, Atal Soziosanitarioak zuzenean departamentuko titularraren menpe egoten jarraituko du.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web