(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

47/2023 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 5EKOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, FINANTZA TRANSAKZIOEN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIOEN AURKEZPENA ETA DIRU-SARRERA EGITEKO PROZEDURA GARATZEN DUENA ETA "FINANTZA TRANSAKZIOEN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA" 604 EREDUA ONESTEN DUENA

BON N.º 155 - 27/07/2023



  I. KAPITULUA. FINANTZA TRANSAKZIOEN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIOAK AURKEZTEKO ETA DIRUSARRERA EGITEKO PROZEDURA


  II. KAPITULUA. 604 EREDUA, "FINANTZA TRANSAKZIOEN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA". AURKEZTEKO MODUA ETA PROZEDURA


Atariko

Finantza Transakzioen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/2022 Foru Legeak karga hori ezartzen du Nafarroan, finantza publikoak sendotzeko helburuari laguntzeko eta tributu-sistemaren ekitate-printzipioa indartzeko.

Foru lege horren aplikaziorako, beharrezkoa da zenbait arau zehaztapen egitea, han aurreikusitako zenbait gai garatzeko, batez ere zergari buruzko foru legearen 8. artikuluan zergaren autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko aurreikusten den prozedura, dela Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez egiten denean, dela subjektu pasiboak berak egiten duenean. Gainera, zergarako eredu espezifiko bat onetsi beharra dago, bai eta eredu hori aurkeztu eta diru-sarrera egiteko modua eta prozedura zehaztu ere.

Foru agindu honek helburu horiek ditu, eta bi kapituluan dago egituratuta. Lehenbizikoan zergaren autolikidazioak aurkeztu eta diru-sarrera egiteko prozedura garatzen da, eta bigarrenean, eredua onesten da, bai eta hura aurkeztu eta diru-sarrera egiteko modua eta prozedura ere. Guztira 16 artikulu, azken xedapen bat eta bi eranskin ditu.

1. artikuluan foru aginduaren lehen kapituluaren xedea zehazten da, alegia, zergaren autolikidazioak aurkeztu eta diru-sarrera egiteko prozedura garatzea.

2. artikulutik 6.era bitartekoetan, zehazten da autolikidazioak Espainian establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez aurkeztu eta diru-sarrera egiteko prozedura; horrela, bereizten dira prozedura hori aplikatzen ahal den kasuak, eta zehazten da nola bideratu zerga zorrari buruzko informazioa eta haren zenbatekoa subjektu pasiboarengandik zerga administrazioraino.

Prozedura hori berria da gure zerga ordenamenduan, eta haren bidez balore-gordailuzain zentralak subjektu pasiboaren izenean eta kontura aurkeztuko du autolikidazio bat subjektu pasibo bakoitzeko, eta dagokion zerga zorraren diru-sarrera eginen du.

Prozedura hau ezartzea justifikaturik dago zerga honen ezaugarri bereziengatik, eta, aurrekari bat du Frantzian zerga honetarako erabiltzen den diru-bilketa sisteman.

Ziurrenik, subjektu pasiboen portzentaje handi samar bat Espainiako lurraldeko ez-egoiliarrak izanen dira, Espainiako zerga administrazioarekin apenas loturarik ez dutenak, finantza bitartekariak direlako eta haien jarduera izaten delako, askotan, beren bezero eskuratzaileen kontura akzioak erosteko aginduak ematea merkatuetako kideek betearaz ditzaten.

Subjektu pasiboek autolikidazioak aurkezten eta ordainketa egiten laguntzeko, aurreikusi da, oro har, zergagatik ordaindu beharreko zenbatekoa eta autolikidazioan jaso beharreko datuak bideratuko direla zergaren sortzapena eragiten duen akzioen eskuratzearen likidazioan eta erregistroan parte hartzen duten subjektuen bidez.

Horrela, akzioak eskuratzeko erabilitakoaren antzeko bide bat sortzen da zergaren ordainketarako; bide horretan, balore-gordailuzain zentralean parte hartzen duten entitateak arduratuko dira, azken finean, datuen eta diruen fluxuak gordailuzainari helarazteaz.

Bestalde, prozedura horri esker, zerga administrazioak eraginkortasun handiagoaz kudeatuko du zerga, ahalbidetuko baitio solaskide bakar batekin erlazionatzea, subjektu pasibo askorekin erlazionatu beharrean, ezertarako eragotzi gabe subjektu pasibo horien zerga betebeharrak eta zerga administrazioari dagozkion egiaztapen ahalmenak baliatzea.

Aurreko gogoetak kontuan harturik, balore-gordailuzain zentralak autolikidazioak aurkezteko eta diru-sarrera egiteko egon daitezkeen kasu desberdinak zehazteak helburu bat du: gordailuzain horren bitartez bideratzea ahalik eta autolikidazio gehien.

Hortaz, prozedura hori nahitaezkoa izanen da subjektu pasiboak zuzeneko harremana duenean balore-gordailuzain zentralarekin edo horretan parte hartzen duten entitateetako batekin, gertuko harreman horrek bide hori erabiltzeko aukera ematen diola iritzita.

Gainerako kasuetan, subjektu pasiboarentzat hautazkoa izanen da autolikidazioa balore-gordailuzain zentral baten bidez aurkeztea eta diru-sarrera egitea, kasu horietan, beharbada, beharrezkoa izanen delako akordio bat formalizatzea hirugarren finantza bitartekari batekin, lotura lana egin dezan balore-gordailuzain zentralean parte hartzen duten entitateetako baten eta subjektu pasiboaren artean.

Nolanahi ere, subjektu pasibo bakoitzeko eta likidazio aldi bakoitzeko autolikidazioen zatiketa gerta ez dadin, subjektu pasiboak aukeretako bat hartzen badu edo autolikidazioa nahitaez balore-gordailuzain zentralaren bidez egin behar badu, bide hori bera erabili beharko du aldi berari dagozkion zergapetutako eskuratzeen gaineko zergaren aitorpena eta diru-sarrera egiteko.

Autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera balore-gordailuzain zentral baten bidez egin behar denean, subjektu pasiboek zerga zorraren zenbatekoa eta zergapetutako eskuratze bakoitzaz (salbuetsia nahiz salbuetsi gabea izan) datu jakin batzuk eman beharko dizkiote gordailuzainari, zuzenean, entitate parte-hartzailea bada, edo zeharka, entitate parte-hartzaile baten bidez, betiere zergaren autolikidazioa aurkeztu eta diru-sarrera egiteko epea hasi aurretik. Zenbatekoa eta datuak emateko modua balore-gordailuzain zentralak erabakiko du.

Informazioa eta zerga zorraren zenbatekoa jaso ondoren, balore-gordailuzain zentralak dagozkion autolikidazioak aurkeztu eta diru-sarrerak eginen ditu, adierazitako epeetan.

Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez aurkezteko aukeran artean, 7. artikuluan aurreikusten da Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten eta lurralde horretan establezimendurik ez duen balore-gordailuzain zentral baten arteko lankidetza akordioak egiteko aukera, akordio horien babesean, Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentralak autolikidazioak aurkeztu eta diru-sarrerak egin ditzan subjektu pasiboaren izenean eta kontura.

8. artikuluak arautzen du subjektu pasiboak zergaren autolikidazioak aurkeztea eta diru-sarrera egitea bidezkoa ez denean Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batek egitea.

9. artikuluan ezartzen den aukeraren arabera, subjektu pasiboak zergaren likidaziorako erabiltzen ahalko du likidaziorako data teorikoa, hau da, negoziazio-zentroetan egindako eragiketen kasuan, transakzioa egin eta bigarren egun balioduna, likidazioaren benetako data atzeratzen ahal duten gorabeherak kontuan izan gabe.

10. artikuluan ezartzen dira zerga honi dagokionez zerga arloan garrantzia duen informazioa gorde eta zerga administrazioaren esku izateko betebeharrak, balore-gordailuzain zentralak eta hartan parte hartzen duten entitateek dituztenak, zergari buruzko foru legearen 8.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

II. kapituluko 11. artikulutik 16.era bitartekoetan, finantza transakzioen gaineko zergaren autolikidazirako eredua onesten da, 604 eredua alegia, hura aurkezteko eta diru-sarrera egiteko modua, baldintza orokorrak eta prozedura zehaztuta. Eredu horretan eranskin informatibo bat dago, aitortzen diren eragiketei buruzko informazio xehea jasotzeko, aldez aurretik beteko dena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat, foru agindu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Premiaren eta eraginkortasun juridikoaren printzipioak betetzen dira, finantza transakzioen gaineko zerga eraginkortasunez aplikatzeko behar den garapena baita.

Proportzionaltasun printzipioa ere betetzen da, hura onestea justifikatzen duten helburuak lortzeko beharrezko erregulazioa jasotzen duelako.

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da testua koherentea izatea gainerako ordenamendu juridikoarekin, eta arau esparru egonkor, aurreikus daitekeena, integratua, argia eta zalantzarik gabekoa sortu da, ezagutu eta ulertzen laguntzen duena, bai eta, horrenbestez, ukitutako subjektuek jarduten eta erabakiak hartzen ere, beharrik gabeko administrazio-zamak gehitu gabe.

Gardentasun printzipioa bermatzen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gain, foru aginduaren proiektua Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian eta Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian argitaratuz, herritarrek testuaren berri izan dezaten entzunaldiaren eta jendaurreko aldiaren tramitean.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta administrazio zama gutxien sor ditzan herritarrentzat, bai eta ahalik eta zeharkako kostu txikienak ere, baliabide publikoen zentzuzko erabilera sustatuta eta aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren printzipioak guztiz beteta.

Foru agindu honetan dauden arauetarako gaikuntza jasota dago bai foru legeak berak egiten dituen igorpen espezifikoetan, bai azken xedapenetako lehenean dagoen gaikuntza orokorrean.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA. FINANTZA TRANSAKZIOEN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIOAK AURKEZTEKO ETA DIRU-SARRERA EGITEKO PROZEDURA

1. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea da finantza transakzioen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko eta diru-sarrera egiteko prozedura garatzea, zergari buruzko foru legearen 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, autolikidazio horien aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bitartez egiten direnean nahiz subjektu pasiboek zuzenean egiten dituztenean zerga administrazioan.

2. artikulua . Autolikidazioen aurkezpena eta dirusarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen baloregordailuzain zentral baten bidez egiteko kasuak.

1. Subjektu pasiboek Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez eginen dute autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera artikulu honetan eta 3. eta 4. artikuluetan ezartzen diren kasuetan eta baldintzekin.

Zehazki:

a) Autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera 3. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz eginen dira balore-eskuratzearen idatzoharra entitate gordailuzain baten kontuan egiten denean, eta entitate horrek balore horiek gordailuan baditu, zuzenean nahiz zeharka, Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten kargura dagoen erregistro sistema batean, entitate jaulkitzaileak balore horien kontabilitate erregistroa egiteko ardura eman dionean edo gordailuzain jarduten badu establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen eta kontabilitateko erregistroaz arduratzen den beste balore-gordailuzain zentral batekin lotura zuzen edo zeharkako batez baliatuz.

Ondorio horietarako, ulertuko da entitate gordailuzain batek baloreak zeharka dituela Espainiako lurraldea establezimendua duen gordailuzain zentral baten kargura dagoen erregistro sistema batean, balore horiek hurrenez hurren gordailuan jarri badira finantza bitartekarien kate baten bitartez, eta haietako azkenak zaintzapean baditu Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batean edo horren partaide diren entitateetako batean, barne hartuta establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen balore-gordailuzain zentral bat diren entitate parte-hartzaileak.

b) Autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera 4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz eginen dira balore-eskuratzearen idatzoharra entitate gordailuzain baten kontuan egiten denean, eta entitate horrek balore horiek gordailuan baditu, zuzenean nahiz zeharka, establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen balore-gordailuzain zentral baten kargura dagoen erregistro sistema batean, non gordailuzain horrek ez duen jarduten Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batean parte hartzen duen entitate gisa.

2. Autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez egin beharko da nahitaez, subjektu pasiboak likidazio aldian egiten dituen zergapetutako balore-eskuratze guztietan (salbuetsiak barne), zergaren autolikidazioaren eta diru-sarreraren xede izan behar badira, egoera hauetako bat gertatzen denean:

a) Eskuratzeetako batean jatorria duten baloreak erregistratu direnean subjektu pasiboaren kontu batean, 3.a) artikuluan aipatzen den horretan.

b) Subjektu pasiboak hautatu duenean autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez egiteko 3.b) eta 4. artikuluetan ezarritako aukeretako bat.

Subjektu pasiboak ez badu hautatu, 3.b) artikuluaren edo 4.1 artikuluko a), b) eta c) letren esparruan dauden eskuratzeetako baterako, aurkezpena Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez egiteko aukera, baina, aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera, nahitaezkoa bada likidazio aldiko eskuratze guztiei dagokien zergaren autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera balore-gordailuzain zentral horren bidez egitea, subjektu pasiboak entitate parte-hartzaile izendatuko du, 5. artikuluan eskuratze horiei dagokienez aipatzen den informazioa emateko eta ordainketa egiteko, aurreko a) eta b) letretan jasota dauden eskuratzeei buruzko informazioa eta zergaren ordainketa ematen dien entitate parte-hartzaileetako edozein.

Likidazio aldi batean egindako eskuratze guztiak 4. artikuluko esparrukoak direnean eta subjektu pasiboak soilik hautatu duenean 4.1.a) artikuluan ezarritako aurkezpen aukera, izendatu beharko du Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten partaide den entitate bat 5. artikuluan aipatzen den informazioa emateko eta ordainketa egiteko, 4.1.a) artikuluaren esparruan sartuta ez dauden eskuratzeei dagokienez.

Aurreko bi paragrafoetan aipatzen den entitate parte-hartzailearen izendapena ez dute egin beharko izaera hori duten subjektu pasiboek.

3. Autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera egitean, ulertuko da balore-gordailuzain zentralak eta haren entitate parte-hartzaileek, halakorik bada, subjektu pasiboaren kontura eta izenean jarduten dutela.

3. artikulua . Autolikidazioen aurkezpena eta dirusarrera, baloreeskuratzeen idatzoharra egiten denean Espainiako lurraldean establezimendua duen baloregordailuzain zentral baten kargura dagoen erregistro sistema bati lotutako kontuetan.

2.1.a) artikuluan ezarritako kasuetan, zergaren autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez eginen dira kasu hauetan:

a) Subjektu pasiboek, beren kontura nahiz besteren kontura jarduten dutela, kontua dutenean Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten erregistro zentralean edo kontua dutenean balore-gordailuzain zentral horretan parte hartzen duten entitateetako baten xehetasun-erregistroan.

b) Aurreko a) letran sartuta ez dauden subjektu pasiboek prozedura hori hautatzen dutenean.

Aukera hori hautatzen duten subjektu pasiboek gutxienez ere izendatu beharko dute balore-gordailuzain zentralean parte hartzen duen entitate bat, 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz informazioa emateko eta zerga zorraren zenbatekoa ordaintzeko. Entitate parte-hartzaile horrek balore-gordailuzain zentralean dituen kontuek parte hartu beharko dute eskuratzearen xede diren baloreen zaintza-katean.

Entitate parte-hartzaile batean baino gehiagotan erregistratutako baloreak direnean, subjektu pasiboak entitate guztiak edo haietako bat bakarrik, aukeran, izendatzen ahalko ditu 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz informazio guztia emateko eta ordainketa egiteko.

Aukera horretaz baliatzeko, subjektu pasiboak komunikazioa eginen dio izendatutako entitate parte-hartzaileari, komunikazioa hartu dela egiaztatzen ahal den edozein bide erabiliz; aukerak ondorioak izanen ditu gutxienez komunikazioa egin den hilabetearen ondoko hileko likidazio aldian, bai eta hurrengo hilabeteetako likidazio aldietan ere, errebokatzea bide beretik komunikatzen ez den bitartean.

4. artikulua . Autolikidazioen aurkezpena eta dirusarrera, baloreeskuratzeen idatzoharra egiten denean establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen baloregordailuzain zentral baten kargura dagoen erregistro sistema bati lotutako kontuetan.

1. Subjektu pasiboek hautatzen ahalko dute zergaren autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera establezimendua Espainiako lurraldean duen balore-gordailuzain zentral baten bidez egitea kasu hauetan:

a) Aplikagarria denean lankidetza akordio bat, Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten eta establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen balore-gordailuzain zentral baten artekoa, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera. Kasu horretan, akordioaz baliatuz aukera hori egiten duten subjektu pasiboek 7.3 artikuluan ezarritako prozedura bete beharko dute establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen balore-gordailuzain zentral horretan erregistratzen diren eskuratzeei dagokienez.

b) a) letran aipatzen den lankidetza akordiorik ez badago, establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen balore-gordailuzain zentrala ageri denean establezimendua Espainiako lurraldean duen balore-gordailuzain zentral batean parte hartzen duen entitate baten hirugarrenen kontuan, gordailuzain hori entitate jaulkitzaileak izendatu badu baloreen kontabilitateko erregistroaz arduratzeko, eta aurretiazko akordio bat badago, establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen balore-gordailuzain zentralaren eta entitate parte-hartzaile horren artean izenpetua, zergaren autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera establezimenduan Espainiako lurraldean duen balore-gordailuzain zentralaren bidez egiteko.

Kasu horretan, zergaren autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral horren bidez egiten ahalko dute, akordio hori aplikatuta, establezimendua atzerrian duen balore-gordailuzain zentralean erregistratzen diren eskuratzeei dagokienez, gordailuzain horretan edo haren entitate parte-hartzaileetako batean kontua duten subjektu pasiboek, beren kontura nahiz besteren kontura jarduten dutela.

Aukera horren erabilera, errebokatzea eta iraupena 3. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu.

c) Subjektu pasiboek establezimendua Espainiako lurraldean duen balore-gordailuzain zentral batean parte hartzen duen entitate batekin berariaz adosten dutenean balore-gordailuzain zentral horren bidez egitea artikulu honen aplikazio esparrukoak diren eta zergapetuta dauden eskuratze guztiei dagozkien autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera.

Halere, zenbait eskuratze akordio horretatik kanpo geldituko dira, hain zuzen ere subjektu pasiboak aukeratu duenean haien autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera a) eta b) letretan ezarritakoaren arabera egitea, non ez duen erabakitzen aukera honetan sartzea, dagokien entitateei komunikatuta.

Letra honetan xedatutakoa aplikatuko da, halaber, subjektu pasiboa Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batean parte hartzen duen entitate bat denean, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen lehen paragrafoan aipatzen den akordioa.

2. 1. ataleko b) eta c) letretan ezarritako kasuetan, autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz egin beharko da.

Ondorio horietarako, izendatutako entitate parte-hartzailean kontua izan beharko du establezimendua Espainiako lurraldetik kanpo duen balore-gordailuzain zentralak, b) letraren kasuan, edo subjektu pasiboarekin akordioa izenpetu duenak, c) letraren kasuan.

5. artikulua . Subjektu pasiboak informazioa komunikatzea baloregordailuzain zentralari eta subjektu pasiboak zerga zorraren zenbatekoa ordaintzea entitate partehartzaileari.

1. Autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez egin behar denean, subjektu pasiboek zuzenean -entitate parte-hartzailea badira- edo entitate parte-hartzailearen bidez -zeinaren xehetasun-erregistroan kontua baitute edo, bestela, horretarako izendatu dutena- emanen diote gordailuzain horri 2. apartatuan ezarritako informazioa, egin dituzten zergapetutako eskuratzeei dagokiena, balore-gordailuzain zentralak ezartzen duen moduan eman ere, eta zergaren autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera egiteko epea hasi baino lehen, betiere.

Halaber, balore-gordailuzain zentralaren entitate parte-hartzaileak ez diren subjektu pasiboek zerga zorraren zenbatekoa ordaindu beharko diote entitate parte-hartzaileari, zeinaren xehetasun-erregistroan baitute kontua, edo izendatu dutenari, zergaren autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera egiteko epea hasi baino lehen, betiere.

2. Subjektu pasiboek datu hauek igorri beharko dituzte zergapetutako eragiketa salbuetsi edo salbuetsi gabe bakoitzari buruz:

a) Subjektu pasiboaren izen-abizenak edo sozietate-izena edo izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia, halakorik izanez gero, eta LEI kodea edo, halakorik ezean, BIC kodea, eta egoitza fiskala.

Horrez gain, subjektu pasiboak Espainiako identifikazio fiskaleko zenbakirik ez badu, 6.1 artikuluan aipatzen den banako identifikazio-kodea lortzeko, subjektu pasiboa entitate bat denean, honakoak igorri beharko dira: eraketa data, inskripzio data edo nahien akordioaren data, dagokiona, eraketa herrialdea edo lurraldea, Espainiako egoitza edo atzerrikoa eta entitate mota, eta, subjektu pasiboa pertsona fisiko bat bada, haren jaiotze data eta herrialdea, generoa eta Espainiako egoitza edo atzerrikoa.

b) Likidazio aldia eta ekitaldia.

c) Transakzioa identifikatzea ahalbidetzen duen erreferentzia bakarra.

d) 2.2, 3. eta 4. artikuluetan ezarritako kasuetatik zeinen arabera aurkezten duen subjektu pasiboak autolikidazioa balore-gordailuzain zentralaren bidez.

e) Adieraztea subjektu pasiboak bere kontura edo besteren kontura jarduten duen eskuratzean.

f) Eragiketa zergapetua eta salbuetsi gabea den edo zergapetua eta salbuetsia den zehaztea.

g) Eskuratutako tituluen kopurua, horien identifikaziorako ISINI kodea eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo, halakorik ezean, tituluen jaulkitzailearen LEI kodea. Zergari buruzko foru legearen 5.3 artikuluan zerga-oinarria zehazteko ezarritako araua aplikatzen bada, aurreko datuak eskuratutako titulu garbiei buruzkoak izanen dira, eta, gainera, eragiketen exekuzio-data ere adierazi beharko da.

h) Likidazio-data edo, negoziazio-zentro batetik kanpo egindako eragiketen kasuan, erregistroko idatzoharraren data.

i) Eragiketa zergapetuaren eta salbuetsi gabearen kasuan, zerga-oinarria zehazteko aplikatu beharreko araua.

j) Eskuratze zergapetuaren eta salbuetsi gabearen zerga-oinarria, eta eskuratzearen zerga-oinarria zergari buruzko foru legearen 5.3 artikuluaren arabera kalkulatzen den kasuetarako, eskuratutako eta saldutako tituluen kopurua eta eskuratzeen kontraprestazio guztiak adieraztea.

k) Salbuetsitako eskuratze bakoitzeko, eskuratzearen zenbatekoa eta salbuespena aplikatzeko kasua edo kasuak.

l) Eragiketari dagokion zerga-kuota.

6. artikulua . Baloregordailuzain zentralak autolikidazioen aurkezpena eta dirusarrera egitea zerga administrazioan.

1. Balore-gordailuzain zentralak autolikidazio bat aurkeztu beharko du foru agindu honetan zehazten den moduan, 5. artikuluan aipatutako komunikazioa eta ordainketa egin dituen subjektu pasibo bakoitzaren izenean eta kontura, hileko likidazio-aldiaren hurrengo hilabeteko 10etik 20ra bitarteko epean.

Autolikidazioak 5.2 artikuluan aipatzen den informazioa jasoko du, bai eta, subjektu pasiboak identifikazio fiskaleko zenbakirik ez badu, zerga administrazioak soilik autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera egiteko esleitzen dion banako identifikazio kodea ere, eta, nolanahi ere, subjektu pasiboak 5.1 artikuluan aipatzen den informazioaren komunikazioa balore-gordailuzain zentralari noiz egin dion eta entitate parte-hartzaileari noiz ordaindu zaion zerga zorraren zenbatekoa. Horretarako, entitate parte-hartzaileak balore-gordailuzain zentralari data horien berri eman beharko dio, 5.2 artikuluan aipatzen den informazioarekin batera.

Autolikidazioan jasotzen den informazioa banaka aurkeztuko da eragiketa bakoitzerako, edo modu agregatuan eragiketa multzo baterako, foru agindu honetan zehaztutako moduan.

2. 1. atalean adierazitako epe berean, balore-gordailuzain zentralak autolikidazioei dagokien zerga zorraren diru-sarrera eginen du, foru agindu honetan zehaztutako moduan.

7. artikulua . Lankidetza akordioak beste baloregordailuzain zentral batzuekin.

1. 4.1.a) artikuluan aipatzen den kasuan, zergaren autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bidez egiten ahalko dira, gordailuzain horrek lankidetza-akordio bat izenpetzen badu Espainiako lurraldean establezimendua ez duen balore-gordailuzain zentralarekin, ondorio horietarako izenpetu ere, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

2. Espainiako lurraldean establezimendua ez duten balore-gordailuzain zentralekin akordioak izenpetzen ahalko dira honako baldintza hauek betetzen direnean:

a) Europar Batasunean establezimendua izatea edo Europar Batasunean zerbitzuak emateko onarpena duen beste estatu batean.

b) Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batekin zuzeneko loturarik ez izatea.

c) Beren erregistro-sistemetan zergapetutako baloreen gaineko eragiketen erregistro-idatzoharrak egitea, jaulkitzaileak baloreen kontabilitate-erregistroa eramateko izendatu dituenean edo jaulkitzaileak izendatutako balore-gordailuzain zentralarekin zuzeneko edo zeharkako lotura bat dutenean.

3. Akordio horiek aplikatzekoak diren egunetik aurrera, autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera eginen dira, honako berezitasun hauekin:

a) Prozedura hau aplikatzea hautazkoa izanen da subjektu pasiboarentzat.

b) Subjektu pasiboak 5. artikuluan aipatzen den informazioa komunikatu eta zerga zorra ordaindu beharko dio establezimendua ez duen balore-gordailuzain zentralari, eta hark, berriz, Espainiako lurradean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral bati, balore-gordailuzain zentral horrek zehazten duen moduan eta, betiere, zergaren autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera egiteko epea hasi baino lehen.

8. artikulua . Subjektu pasiboak autolikidazioaren aurkezpena eta dirusarrera egitea.

Subjektu pasiboaren izenean eta kontura, autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batek egitea bidezkoa ez denean, subjektu pasiboak zergaren autolikidazio bat aurkeztu beharko du hileko likidazio-aldiaren hurrengo hilabeteko 10etik 20ra bitarteko epean, eta zerga zorraren diru-sarrera egin foru agindu honetan zehaztutako moduan.

Autolikidazioak 5.2 artikuluan aipatzen den informazioa jasoko du, bai eta, subjektu pasiboak identifikazio fiskaleko zenbakirik ez duen kasuetan, zerga administrazioak soilik autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera egiteko esleitzen dion banako identifikazio-kodea ere, hala badagokio, zerga-arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen dituen berezitasunekin.

9. artikulua . Eragiketen likidaziorako data.

Zergaren likidazioaren ondorioetarako, eragiketen likidazio-data likidazio-data efektiboa dela ulertuko da. Hala ere, subjektu pasiboek likidazio-data teorikoa hartzen ahalko dute likidazio-datatzat. Likidazio-data hori, negoziazio-zentroetan egindako eragiketen kasuan, eragiketa gauzatu ondorengo bigarren egun balioduna izanen da, horrek eragotzi gabe behar diren zuzenketak egitea, baloreen likidazioan ez-betetzeak gertatzearen ondorioz eragiketak likidatzen ez badira.

Likidazio-data teorikoa subjektu pasiboak urte natural bakoitzean aurkeztu behar duen lehenengo autolikidazioan bakarrik aukeratzen ahalko da, eta urte horretan izanen ditu ondorioak, gutxienez, baita hurrengo urteetan ere, uko egiten ez zaion bitartean.

Likidazio-data teorikoaren aukerari uko egiten ahalko zaio, bakarrik, subjektu pasiboak urte natural bakoitzean aurkeztu behar duen lehen autolikidazioan.

Autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral baten bitartez egin behar den kasuetan, subjektu pasiboak, entitate parte-hartzaileen bitartez, hala badagokio, komunikatu beharko dio balore-gordailuzain zentral horri aurreko paragrafoetan aipatutako aukera edo uko egitea, hark zehaztutako moduan, eta, betiere, aukera edo uko egite hori jaso behar duen autolikidazioaren aurkezpena eta diru-sarrera egiteko epea hasi baino lehen.

Likidazio-data teorikoa aukeratzeak edo hari uko egiteak ez du inola ere ekarriko eragiketaren bat zenbatu gabe geratzea edo autolikidazio batean baino gehiagotan zenbatzea.

10. artikulua . Zerga arloko garrantzia duen informazioa gordetzea.

Zergari buruzko foru legearen 8.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, balore-gordailuzain zentralak eta haren entitate parte-hartzaileek zerga administrazioaren eskura gorde eta mantendu beharko dute 5. artikuluan ezarritako informazioa jasotzen duen dokumentazio guztia, bai eta autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera egiteko prozeduran esku hartu duten guztiek egindako diru-sarrera guztiak egiaztatzen dituena ere, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 58.3 artikuluan adierazitako epean.

II. KAPITULUA. 604 EREDUA, "FINANTZA TRANSAKZIOEN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA". AURKEZTEKO MODUA ETA PROZEDURA

11. artikulua . Onestea 604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa".

Onesten da 604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa", formatu elektronikokoa. Edukia foru agindu honen I. eta II. eranskinetan ageri da.

I. eranskinean zergaren autolikidazioa dago, eta II. eranskinean zergapetutako eragiketei buruzko informazio zehatzaren formatua.

Zergapekoek II. eranskineko informazioa Espainiako beste zerga-administrazio batean aurkeztu behar dutenean, salbuetsita egonen dira Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztetik.

Zergapekoek II. eranskineko informazioa Espainiako beste zerga-administrazio batean aurkeztu behar ez dutenean, ez dute II. eranskin hori aurkeztu beharko, baina eskura izan beharko dute, Nafarroako Foru Ogasunak eskatuta aurkeztu ahal izateko.

12. artikulua . 604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa", aurkeztu behar dutenak.

1. Finantza transakzioen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 37/2022 Foru Legearen 6. artikuluak aipatzen dituen subjektu pasiboak behartuta daude 604 eredua aurkeztera eta, kasua bada, kuotak ordaintzera, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateari badagokio zerga ordainaraztea, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40 bis artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. 604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa", honako hauek aurkeztuko dute:

a) 2.2, 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako kasuetan, Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batek, zergaren subjektu pasiboaren kontura eta haren izenean jardunez.

b) 8. artikuluan ezarritako kasuetan, honakoek aurkezten ahalko dute:

1. Subjektu pasiboek edo, bestela, haien ordezkariek.

2. Hirugarren pertsonen ordezkari gisa aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Agindu horren bidez, kanpoko laguntzarako akordioa onetsi zen hirugarren pertsonak ordezkatuz aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa.

13. artikulua . 604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa" aurkezteko epea.

Likidazio-aldia hilabete naturala izanen da, 37/2022 Foru Legearen 8.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

6.1 eta 8. artikuluetan ezarritakoaren arabera, 604 ereduaren ("Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa") aurkezpena eta diru-sarrera egin beharko ditu, dagokionaren arabera, balore-gordailuzain zentralak edo subjektu pasiboak, hileko likidazio-aldiaren hurrengo hilabeteko 10etik 20ra bitartean.

14. artikulua . 604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa", aurkezteko baldintza orokorrak.

604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa", nahitaez aurkeztuko beharko da bide elektronikotik, Internet bidez, Nafarroako Foru Ogasunaren web orrian, eta baldintza orokor hauek bete beharko dira horretarako:

1. Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentralak Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) izan beharko du. Zergaren subjektu pasiboak Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) izan beharko du, edo, bestela, identifikazio-kode indibidual bat esleiturik.

2. Aurkezpen elektronikoa eginen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorren arabera. Foru agindu horren bidez arautzen dira aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

3. Aurkezpen elektronikoa egiteko, aurkezten duenak "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa" formularioko datuak bete eta igorri beharko ditu. Formulario hori eskuragarri dago Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean.

604 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 604 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Autolikidazioa bete ondoren, "igorri" aukera erabili.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da autolikidazioa aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Zergadunak onartutako autolikidazioa gorde beharko du.

15. artikulua . Banako identifikaziokodea lortzeko prozedura.

1. Finantza transakzioen gaineko zergaren ondorioetarako, banako identifikazio-kodearen esleipena, 6.1 eta 8. artikuluetan aipatzen dena, 604 eredua ("Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa") aurkeztu aurretik eginen da, subjektu pasiboak Espainiako identifikazio fiskaleko zenbakirik ez duenean edo Espainiako beste zerga-administrazio batek esleitutako identifikazio-koderik ez duenean.

2. Finantza transakzioen gaineko zergaren ondorioetarako banako identifikazio-kodea Nafarroako Foru Ogasunean eskatuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez. Eskaera horretan identifikazio datu hauek eman beharko dira subjektu pasiboaren zalantzarik gabeko kodetzea ahalbidetzeko:

Posta elektronikoa

Izen-abizenak/Sozietate-izena

Pertsona mota: juridikoa/fisikoa

Komunikazioen izen laburra

BIC kodea

LEI kodea

Zein herrialdetan bizi den

Data mota: eraketa data/inskripzio data/nahien data

Eraketa/inskripzio/nahien data

Espainiako zerga egoitza: BAI/EZ

Helbidea

Herria/Hiria

Posta Kodea (ZIP)

Herrialdea

3. Subjektu pasiboak ezin izanen du erabili banakako identifikazio-kodea "604 eredua, "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa" aurkeztea ez diren bestelako helburuetarako.

16. artikulua . 604 ereduaren ("Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa") dirusarerra egiteko prozedura.

1. 604 eredua subjektu pasiboak aurkeztu behar duenean, diru-sarrera banku-transferentzia bidez egin beharko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera. Haren bidez, zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen dira.

2. 604 eredua Espainiako lurraldean establezimendua duen balore-gordailuzain zentral batek aurkeztu behar duenean, 2. artikulutik 6.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera, gordailuzain zentral horrek eginen du diru-sarrera, honako prozedura honen bidez:

a) Balore-gordailuzain zentralak banku-transferentzia bat eginen du, aldian aurkeztutako autolikidazio guztien ondorioz egin beharreko diru-sarreraren zenbatekoarekin.

Transferentzia hori balore-gordailuzain zentralaren titulartasuneko kontu batetik eginen da, Nafarroako Foru Ogasunaren Dirubilketa Zerbitzuak adierazten dion kontuan. Kontu horrek, betiere, irekita egon beharko du diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen entitate batean.

Egindako transferentziaren zenbatekoa likidazio-aldian aurkeztutako autolikidazio guztien diru-sarreren zenbatekoen batura izanen da.

b) Transferentzia agintzen den egun berean, balore-gordailuzain zentralak, Nafarroako Foru Ogasunaren Erregistro Elektronikoaren bidez, fitxategi bat aurkeztuko du, Diru-bilketa Zerbitzuak zehazten dituen ezaugarriekin, egindako transferentzian sartutako autolikidazio bakoitzari buruzko informazio zehatz hau jasoko duena:

- Subjektu pasiboaren IFZ.

- Izen-deiturak, subjektu pasiboa pertsona fisikoa bada.

- Autolikidazioaren aurkezpen telematikoan lortutako autolikidazioaren egiaztagiriaren zenbakia.

- Autolikidazioaren eredu-kodea.

- Ekitaldia.

- Aldia.

- Autolikidazioaren diru-sarreraren zenbatekoa.

Balore-gordailuzain zentralak bidalitako fitxategiaren zenbateko osoak bat etorri beharko du Nafarroako Foru Ogasunak horretarako izendatutako kontuan jasotako transferentziaren zenbatekoarekin.

Balore-gordailuzain zentralak Nafarroako Foru Ogasunari emandako informazio xeheak ez badu arestian zehaztutako informazio xehe guztia, eta horrek eragotzi egiten badu transferentzia eta/edo transferentzia horretan sartutako autolikidazioak behar bezala identifikatzea, Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuak atzeraemateko aginduko dio jaulkitzaileari, eta ordainketaren ondoriorik ez du izanen subjektu pasiboarentzat.

Zerga hau ordaintzeko, balore-gordailuzain zentralak ezin izanen du artikulu honetan ezarritakoaz bestelako transferentzia-prozedurarik erabili.

c) Transferentzia jaso dela baieztatu ondoren, eta balore-gordailuzain zentraletik jasotako informazio xehetik abiatuta, Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuak transferentzia jaso duen kontua irekita dagoen entitate laguntzaileari bidaliko dizkio ordainketa indarrean dagoen araudiaren arabera behar bezala aplikatzeko behar diren datu guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta 2023ko irailari dagozkion autolikidazioetan aplikatuko da; autolikidazio horiek 2023ko urriaren 10etik aurrera aurkeztuko dira.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web