(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2023 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 5EKOA, TRIBUTU HARMONIZAZIOARI BURUZKOA, ZEINAREN BIDEZ LUZATZEN BAITA ZENBAIT ELIKAGAIREN GAINEKO BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ZERGA-TASEN MURRIZKETA

BON N.º 153 - 24/07/2023



Atariko

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu araubidea estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainaraztean, Nafarroak Estatuko lurraldean une bakoitzean indarrean dauden oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

Horren ondorioz, Nafarroak bere tributu araubidea aldatu behar du zerga horien arau substantibo eta formalei eragiten dien tributu araubide erkidearen erreformaren bat dagoenean. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, tributuei buruzko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak ematen ahalko dituela. Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretuaren izena emanen zaie.

Estatuaren eremuan, ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuaren bidez zenbait neurri hartu dira, eta beste batzuk luzatu, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, La Palma uhartea berreraikitzen laguntzeko eta beste kalteberatasun-egoera batzuei laguntzeko, bai eta Europar Batasunak merkataritza-sozietateen egiturazko aldaketei eta gurasoen eta zaintzaileen familia-bizitza eta bizitza profesionala uztartzeari buruz emandako zuzentarauen transposizioa egiteko eta, orobat, Europar Batasuneko zuzenbidea betearazteko eta betetzeko ere. Errege lege-dekretu horretan erabaki da, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, 2023ko bigarren seihilekoan ere oinarrizko elikadura-produktuei ehuneko 0ko zerga-tasa aplikatzea, eta oliba-olioei, hazi-olioei eta jateko pastei, berriz, ehuneko 5ekoa, hori guztia elikagai horien azken prezioa jaisten laguntzeko asmoz. Nolanahi ere, tasa horien aplikazioa azpiko inflazioaren urtetik urterako tasaren bilakaeraren mende dago.

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, BEZari dagokionez Nafarroako Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko uztailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Elikagaien entrega, inportazio eta eskurapen jakin batzuetan, Europar Batasunaren barrukoetan, aldi baterako aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren zergatasa, bai eta baliokidetasunerrekarguaren ondorioetarako ere.

Ondorioak 2023ko uztailaren 1etik aurrera eta indarra 2023ko abenduaren 31ra bitarte izateko:

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 5eko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Oliba-olioa eta hazi-olioak.

b) Jateko pastak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 0,62koa izanen da.

Halere, 2023ko azaroaren 1etik aurrera, aplikatu beharreko zerga-tasa ehuneko 10ekoa izanen da, baldin eta iraileko azpiko inflazioaren urtetik urterako tasa (urrian argitaratzen dena) ehuneko 5,5 baino txikiagoa bada. Kasu horretan, eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 1,4koa izanen da.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 0ko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, soil-soilik ogi arrunta egiteko erabiltzen direnak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animaliak emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT motakoa, lurrundua eta hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Fruta, barazkiak, ortuariak, lekariak, tuberkuluak eta laboreak, Elikadura Kodearen eta hori garatzeko emaniko xedapenen arabera produktu naturalen izaera dutenak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 0koa izanen da.

Halere, 2023ko azaroaren 1etik aurrera, aplikatu beharreko zerga-tasa ehuneko 4koa izanen da, baldin eta iraileko azpiko inflazioaren urtetik urterako tasa (urrian argitaratzen dena) ehuneko 5,5 baino txikiagoa bada. Kasu horretan, eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 0,5ekoa izanen da.

3. Zerga-tasaren murrizketaren onura osoa kontsumitzaileak jasoko du eta, beraz, murrizketaren zenbatekoa ezin izanen da erabili, ez osorik, ez partez, enpresen mozkin-marjina handitzeko, produktuen ekoizpen, banaketa edo kontsumo katean prezioak igota, deusetan galarazi gabe ukitutako sektoreek, erantzukizun soziala dela eta, konpromiso gehigarriak beren gain hartzea eta publizitatzea.

Neurri honen eraginkortasuna egiaztatuko da prezioen bilakaeraren jarraipena egiteko sistema batekin, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bere eskumenen esparruan egin beharreko jarduketez gain betiere.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web