(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2023 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, EKAINAREN 21EKOA, TRIBUTU HARMONIZAZIOARI BURUZKOA, BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 19/1992 FORU LEGEA ETA ZERGA BEREZIEI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 20/1992 FORU LEGEA ALDATZEN DITUENA

BON N.º 148 - 17/07/2023



Atariko

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, Hitzarmen Ekonomikoaren 32. eta 35.5 artikuluek xedatzen dutenez, balio erantsiaren gaineko zergaren (aurrerantzean, BEZ) eta zerga berezien (aurrerantzean, ZB) ordainarazpenean, Nafarroak Estatuko lurraldean unean-unean indarrean diren oinarrizko printzipio eta arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

Horren ondorioz, Nafarroak bere tributu-araubidea aldatu behar du zerga horien arau substantibo eta formalei eragiten dien tributu-araubide erkidearen erreformaren bat dagoenean. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, tributuei buruzko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak ematen ahalko dituela. Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz, Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretuaren izena emanen zaie.

Estatuaren eremuan, maiatzaren 8ko 11/2023 Legeak, zenbait produktu eta zerbitzuren irisgarritasunaren, kualifikazio handiko pertsonen migrazioaren, zergen eta notario- eta erregistro- jarduketen digitalizazioaren arloko Europar Batasunaren zenbait zuzentarauren transposizioa egitekoak, eta zeinaren bidez aldatzen baita 12/2011 Legea, maiatzaren 27koa, Kalte nuklearren edo material erradioaktiboek eragindako kalteen erantzukizun zibilari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen du, III. tituluan. Aldaketa horrek barne ordenamenduan txertatzen du Kontseiluaren 2020/284 (EB) Zuzentaraua, 2020ko otsailaren 18koa, 2006/112/EE Zuzentaraua aldatzen duena, ordainketa zerbitzuen hornitzaileentzako baldintza jakin batzuk sartuz. Bereziki, ordainketa zerbitzuen hornitzaileei ezartzen zaie esku hartzen duten mugaz gaindiko ordainketen erregistroak behar bezain zehatzak izateko betebeharra eta, orobat, informazio hori zerga administrazioari ematekoa. Horren ondorioz, "Subjektu pasiboen betebeharrak" izenburua duen titulua aldatu beharra dago, hura bi kapitulutan banatuta, subjektu pasibo guztiei eragiten dieten betebeharrak eta merkataritza elektronikotik eratorritako betebehar bereziak bereizteko.

Bestalde, maiatzaren 24ko 13/2023 Legeak, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra aldatzen duenak, Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentarauaren transposizioa eginez (zuzentarau horrek aldatu egiten ditu 2011/16/EB Zuzentaraua, fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzkoa, eta beste tributu-arau batzuk), aldatu egiten du hirugarren herrialde edo lurraldeetatik inportatutako ondasunen urruneko salmentei aplikatu beharreko araubide berezia, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Legean ezarrita dagoena. Zehazki, aldaketaren helburua da beren jarduera ekonomikoaren egoitza Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan duten enpresaburuei eta profesionalei aukera ematea, BEZari dagokionez, merkataritza elektronikoaren inportazio araubideari heltzeko, Erkidegoan finkatutako ordezkari bat eduki beharrik gabe. Kasu horretan, Espainiako Erresuma izanen da identifikazioko estatu kidea araubidearen ondorioetarako, operadore horien kontrola Espainiako zerga administrazioak bermatzen baitu.

Bestalde, aipatutako 11/2023 Legeak, V. tituluan, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea eta hura garatzeko Erregelamendua (uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsia) ere aldatzen ditu. Aldaketa horren xedea da Kontseiluaren 2019ko abenduaren 19ko 2020/262 (EB) Zuzentarauaren (zerga berezien araubide orokorra ezartzen duena) eta Kontseiluaren 2020ko uztailaren 29ko 2020/1151 (EB) Zuzentarauaren (alkoholaren eta edari alkoholdunen gaineko zerga berezien egiturak harmonizatzeari buruzko 92/83/EEE Zuzentaraua aldatzen duena) transposizioa egitea.

Kontseiluaren 2020/262 (EB) Zuzentarauaren bidez, zenbait aldaketa egiten dira. Alde batetik, terminologia eta prozedurak egokitzen dira, bai Lisboako Tratatura, bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamendura, Batasunaren aduana-kodea ezartzen duenera. Zehazki, azken arlo horretan, aduana-prozeduren eta zerga berezien koordinazioan aurrera egiten da, eta, esportazio araubidearen ondoren kanpo-igarotzearen araubidea erabiltzea ahalbidetzeko, irteerako aduana gaitzen da zerga berezien etendura araubideko zirkulazio baten helmuga posible gisa. Bestetik, Europar Batasunaren barneko mugimenduei aplikatutako prozedurak informatizatzen dira, hain zuzen ere, zerga bereziei lotuak dauden kontsumora bideratutako produktuei, helburu komertzialetarako entregatzekoak direnei, aplikatzen zaizkienak. Horretarako, operadore ekonomikoen bi figura berri sortu dira, bidaltzaile ziurtatua eta hartzaile ziurtatua, prozedura horiek erabiltzen dituzten operadoreak sistema informatikoan identifikatu ahal izateko.

Bestalde, Kontseiluaren 2020/1151 (EB) Zuzentarauak alkoholetik eratorritako produktuak deskribatzeko erabiltzen diren nomenklatura konbinatuko kodeen erreferentziak eguneratzen ditu. Zehazki, "ardo apardunen" eta "bestelako edari hartzitu apardunen" kodeak eguneratu dira.

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, BEZari eta ZBei dagokienez, Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak aplika daitezen Foru Komunitatean.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen manuak honela idatzita gelditzen dira:

Bat. IX. tituluan, gehitu dira I. kapitulua, 109., 110. eta 111. artikuluak jasotzen dituena (egun idatzitako moduan), eta II. kapitulua, bi ataletan banatua, atal horietako lehenengoan 111 bis artikulua jasotzen delarik (egun idatzitako moduan), 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

"I. KAPITULUA.-ARAU OROKORRAK"

"II. KAPITULUA.-XEDAPEN BEREZIAK

1. ATALA.

Interfaze digitalen betebeharrak"

"2. ATALA.

Ordainketa zerbitzuen hornitzaileen betebeharrak

111 ter artikulua. Definizioak.

Atal honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

1. "Ordainketa zerbitzuen hornitzailea": Ordainketa Zerbitzuen eta Finantza Arloko Presako beste Neurri batzuen azaroaren 23ko 19/2018 Errege Lege-dekretuaren 5. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan jasotako entitate eta organismoak, bai eta errege lege-dekretu horren 14. eta 15. artikuluetan ezarritako salbuespenei atxikitzen zaizkien pertsona fisiko edo juridikoak ere.

2. "Ordainketa zerbitzua": aipatu 19/2018 Errege Lege-dekretuaren 1.2 artikuluaren c) letratik f) letrara bitartean zerrendatutako enpresa jarduera bat edo batzuk.

3. "Ordainketa": alde batera utzita 19/2018 Errege Lege-dekretuaren 4. artikuluan jasotako salbuespenak, "ordainketa eragiketa" bat edo "dirua bidaltzeko zerbitzu" bat, errege lege-dekretu horren 3.26 eta 3.36 artikuluetako definizioen arabera, hurrenez hurren.

4. "Agindu-emailea": ordainketa kontu baten titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak ordainketa agindu bat baimentzen baitu kontu horretatik, edo, ordainketa konturik ez badago, ordainketa agindu bat ematen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

5. "Onuraduna": ordainketa batean ordaintzen diren funtsen hartzailea izatekoa den pertsona fisiko edo juridikoa.

6. "Jatorrizko estatu kidea": honako hauetako bat:

a) Ordainketa zerbitzuaren hornitzaileak bere egoitza soziala finkatuta duen Europar Batasuneko estatua, edo

b) Ordainketa zerbitzuaren hornitzaileak, legedi nazionalaren arabera egoitza sozialik ez badu, bere administrazio nagusia kokatua duen Europar Batasuneko estatua.

7. "Harrerako estatu kidea": Europar Batasuneko estatu bat da, ordainketa zerbitzuaren hornitzaileak agente bat edo sukurtsal bat duen edo ordainketa zerbitzuak ematen dituen jatorrizko Europar Batasuneko estatua ez dena.

8. "Ordainketa kontua": ordainketa zerbitzuen erabiltzaile baten edo batzuen izenean dagoen kontu bat, ordainketa eragiketak egiteko erabiltzen dena.

9. "IBAN": nazioarteko ordainketa kontu baten identifikazio zenbakia, Europar Batasuneko estatu batean banakako ordainketa kontu bat zalantzarik gabe identifikatzen duena; haren elementuak Nazioarteko Normalizazio Erakundeak (ISO) zehazten ditu.

10. "BIC": entitate baten identifikazio kodea, ordainketa zerbitzuen hornitzaile bat zalantzarik gabe identifikatzen duena; haren elementuak ISO erakundeak zehazten ditu.

111 quater artikulua. Ordainketa zerbitzuen hornitzaileen betebeharrak.

Ordainketa zerbitzuen hornitzaileak, jatorrizko edo harrerako estatu kidea Espainiako Erresuma baldin bada, behartuta egonen dira, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, honako hauetara:

1. Erregistro behar bezain zehatza izatera hiruhileko natural bakoitzean ematen dituzten ordainketa zerbitzuei loturiko onuradunei eta ordainketei buruz.

Aurreko betebehar hori mugaz gaindiko ordainketekin lotuta ematen diren ordainketa zerbitzuei soilik aplikatuko zaie. Ordainketa bat mugaz gaindikotzat joko da agindu-emailea estatu kide batean kokatuta badago, eta onuraduna beste estatu kide batean edo hirugarren herrialde edo lurralde batean kokatuta badago.

Betebehar hori aplikatuko da ordainketa-zerbitzuen hornitzaile batek onuradun berari ematen dizkion ordainketa zerbitzuen artean, hiruhileko natural batean zehar, mugaz gaindiko 25 ordainketa baino gehiago izan badira.

Aurreko apartatuan aipatzen den mugaz gaindiko ordainketen kopurua kalkulatuko da ordainketa zerbitzuen hornitzaileak estatu kide bakoitzeko emandako ordainketa zerbitzuei dagokienez eta 111 quinquies.2 artikuluan aipatzen diren identifikatzaileetako bakoitzeko. Ordainketa zerbitzuen hornitzaileak daukan informazioaren arabera onuradun batek identifikatzaile bat baino gehiago badu, kalkulua onuradun bakoitzeko eginen da.

Betebehar hori ez zaie aplikatuko agindu-emailearen ordainketa zerbitzuen hornitzaileek emandako ordainketa zerbitzuei, edozein ordainketari dagokionez, baldin eta onuradunaren ordainketa zerbitzuen hornitzaileetako bat, gutxienez, estatu kide batean kokatuta badago; ordainketa zerbitzuen hornitzaile horren BICak edo ordainketa zerbitzuen hornitzailea eta haren kokapena zalantzarik gabe identifikatzen dituen entitatearen beste edozein kode identifikatzailek erakutsiko du hori. Hala ere, agindu-emailearen ordainketa zerbitzuen hornitzaileek sartu egin beharko dituzte ordainketa zerbitzu horiek hirugarren eta laugarren paragrafoetan aipatutako kalkuluan.

Ordainketa zerbitzuen hornitzaileek formatu elektronikoan gordeko dituzte erregistroak, hiru urte naturalean, ordainketa dataren urte naturalaren amaieratik zenbatzen hasita.

2. Zerga administrazioaren esku jartzera 1. apartatuan aipatutako erregistroak.

111 quinquies artikulua. Agindu-emailearen eta onuradunaren kokapena.

1. 111 quater.1 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, ulertuko da agindu-emailearen kokapena honako honi dagokion estatu kidean dagoela:

a) agindu-emailearen ordainketa kontuaren IBAN zenbakiari dagokionean, edo agindu-emailea zalantzarik gabe identifikatzeko eta kokatzeko balio duen beste edozein identifikazio bideri dagokionean, edo, horrelako identifikazio biderik ez bada;

b) BIC kodeari edo entitatearen beste edozein identifikazio koderi dagokionean, baldin eta kode horrek zalantzarik gabe identifikatzen eta kokatzen badu agindu-emailearen izenean jarduten duen ordainketa zerbitzuen hornitzailea.

2. 111 quater.1 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, ulertuko da onuradunaren kokapena honako honi dagokion estatu kidean edo hirugarren herrialde edo lurraldean dagoela:

a) Onuradunaren ordainketa kontuaren IBAN zenbakiari dagokionean, edo onuraduna zalantzarik gabe identifikatzeko eta kokatzeko balio duen beste edozein identifikazio bideri dagokionean, edo, horrelako identifikazio biderik ez bada;

b) BIC kodeari edo entitatearen beste edozein identifikazio koderi dagokionean, baldin eta kode horrek zalantzarik gabe identifikatzen eta kokatzen badu onuradunaren izenean jarduten duen ordainketa zerbitzuen hornitzailea."

Bi. 108 quinvicies artikulua, 1.a), 2.c).a') eta 3.c) apartatuak, 2023ko maiatzaren 26tik aurrerako ondorioekin.

"a) Erkidegoan, Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan finkatutako enpresaburu edo profesionalak;"

"a’) Enpresaburua edo profesionala Erkidegoan finkatuta ez dagoenean, aukeratzen den estatu kidea.

Beren jarduera ekonomikoaren egoitza Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan duten enpresaburu edo profesionalen kasuan, ez baldin badute Erkideagoan finkatutako bitartekari bat izendatu, Espainiako Erresuma izanen da identifikazioko estatu kidea."

"c) Enpresaburu edo profesionalak ez duenean bere jardueraren egoitza ezta establezimendu iraunkorrik ere Erkidegoaren lurraldean, baldin eta Espainia aukeratu badu araubide berezi hau aplikatzeko Europar Batasuneko estatu gisa, eta, kasu guztietan, beren jarduera ekonomikoaren egoitza Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan duten enpresaburu edo profesionalek ez dutenean Erkideagoan finkatutako bitartekari bat izendatu".

Bigarren artikulua. Zerga Bereziei buruzko Foru Legea aldatzea.

2023ko maiatzaren 10etik aurrerako ondorioekin, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen manuak honela idatzita gelditzen dira:

Bat. 2.1 artikulua.

"1. Zerga bereziak zeharkako tributuak dira, kontsumo jakin batzuen gainekoak, eta honako hauek zergapetzen dituztenak, fase bakar batean: fabrikazioa (fabrikazio irregularra barne), inportazioa, sarrera irregularra eta, hala dagokionean, barneko lurralde eremuan ondasun jakin batzuk sartzea, bai eta garraiobide jakin batzuen matrikulazioa ere, foru lege honetako arauekin bat etorriz."

Bi. 5.1 artikulua.

"1. Goragoko 4. artikuluan aipatutako zerga bereziei lotuta dago zerga horien xedeko produktuak Batasunaren lurraldearen barnean fabrikatzea, inportatzea edo modu irregularrean sartzea."

Hiru. 6. artikulua.

"6. artikulua. Zergari lotuta ez dauden kasuak.

Ez daude fabrikazio kontzeptuagatik lotuta:

1. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen izaeragatik sortutako galera partzialak, fabrikazio eraldaketa, edukitze, biltegiratze eta garraio prozesuetako etendura araubidean gertatuak, baldin eta, erregelamenduz ezarritako arauen arabera, finkatutako ehunekoak gainditzen ez badituzte eta horretarako ezarritako baldintzak betetzen badira.

Hala ere, erregelamenduzko ehunekoak ez zaizkie aplikatuko fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen izaeraren ondoriozko galera partzialei, baldin eta Europar Batasunaren barreneko zirkulazio bateko etendura araubidean gertatu badira, eta agintari eskudunek iruzurra edo irregulartasuna dagoela frogatzen badute.

Irregulartasuntzat hartzen da etendura araubidean zerga berezietara lotutako produktuak zirkulatzean gertatzen den egoera oro, apartatu honetan eta hurrengoan aipatutakoak izan ezik, zeinen ondorioz zerga bereziei lotutako produktuen zirkulazio bat edo zati bat ez den erregelamenduz ezarritakoaren arabera amaitu.

2. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak erabat suntsitzea edo erremediorik gabe galtzea, erabat edo partzialki, suntsiketa edo galera hori etendura araubidean gertatu bada, ezusteko edo ezinbesteko kasuengatik, eta, betiere, ez direnean erregelamenduz ezarritako ehunekoak gainditzen edo, horiek gainditu arren, haien izatea frogatu denean zerga administrazioaren aurrean, zuzenbidean onargarri den edozein frogabideren bidez.

3. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak erabat suntsitzea edo erremediorik gabe galtzea, erabat edo partzialki, suntsiketa edo galera hori gertatu den estatu kideko agintari eskudunen baimenaren ondorioz izan bada, eta, betiere, produktuak etendura araubidean baldin badaude.

Produktuak erabat suntsitu direla edo erremediorik gabe galdu direla ondorioztatuko da zerga bereziei lotutako produktu gisa erabili ezin badira eta hori frogatzen bada gertatu edo antzeman den estatu kideko agintari eskudunak gogobetetzeko moduan."

Lau. 7. artikulua.

"7. artikulua. Sortzapena.

1. Deusetan galarazi gabe 36. artikuluan ezarritakoa, zerga sorraraziko da:

a) Fabrikazio kasuetan, fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak fabrikatik edo biltegi fiskaletik ateratzen diren unean edo haien autokontsumoa egiten den unean.

Dena dela, produktu horiek fabrikatik edo biltegi fiskaletik ateratzeko kasuetan, etendura araubidea aplikatuko da helburua hauetako bat baldin bada:

1. Beste fabrika edo biltegi fiskal batera zuzenean bidaltzen badira, zuzeneko entrega baterako badira, erregistraturik dagoen hartzaile batentzat badira edo esportaziorako badira.

2. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xede ez diren produktuak fabrikatzeko badira, gero esportatzeko, betiere erregelamenduz ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

3. Zerga berezien araubide orokorra ezartzen duen Kontseiluaren 2019ko abenduaren 19ko 2020/262 (EB) Zuzentarauaren 16.1.a).iv) artikuluan aipatzen diren hartzaileetako batentzat badira.

4. Irteerako aduanara bidaltzen badira, baldin eta, 2015/2447 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 329.5 artikuluaren arabera, aurreikusten bada aduana hori bera izatea abiapuntuko aduana kanpo-igarotzeko araubiderako, 2015/2446 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 189.4 artikuluaren arabera hala aurreikusten denean. Kasu horretan, etendura araubidea bukatuko da produktuak kanpo-igarotzeko araubidean sartzen diren unean.

b) Erregistraturik dagoen hartzaile batentzako bidalketetan, horrek produktuak destinoko tokian jasotzen dituen unean.

c) Zuzeneko entregetan, zerga sorraraziko da zergari lotutako produktuak zuzenean entregatzeko tokian jasotzen direnean.

d) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak etendura araubidean edukitzen edo biltegiratzen diren edo zirkulatzen duten kasuetan, zergari lotua ez egotea eragiten duten galerak ez diren beste batzuk gertatzen diren unean, edo, noiz gertatu diren jakiterik ez badago, galera horiek egiaztatzen diren unean.

e) Urrutiko salmenten kasuetan, produktuak hartzaileari entregatzen zaizkion unean.

f) Hartzaile ziurtatu batentzako bidalketetan, horrek produktuak destinoko tokian jasotzen dituen unean.

g) Etendura araubideko zirkulazioan irregulartasunik baldin badago, zirkulazioa hasi zen egunean, salbu eta irregulartasuna noiz gertatu zen frogatzen bada. Kasu horretan, orduantxe sorraraziko da zerga.

h) Fabrikazioaren zerga bereziei lotutako produktuen Batasunaren barreneko zirkulazioan irregulartasunik gertatzen bada, eta zerga beste estatu kide batean sorrarazten bada, irregulartasuna gertatzen den unean, eta, noiz gertatu den jakiterik ez badago, haren berri jakiten den unean.

i) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen zirkulazioan destinoa justifikatzen ez bada edo bidegabeko erabilera egin bada, eta produktu horien destinoa dela-eta salbuespen bat edo tasa murriztu bat aplikatu bada, produktuak jasotzeko ahalmena duen hartzaileari entregatzen zaizkion unean, salbu eta bidegabeko erabilera egin den eguna modu frogagarrian frogatzen bada. Horrela eginez gero, orduantxe sorraraziko da zerga.

Produktu horiek jasotzeko ahalmenik ez duen hartzaile bati ematen bazaizkio, zirkulazioa hasi zen unean.

j) 8.2.h) artikuluan aipatutako kasuetan, aurreko letretan ezarritakoaren arabera dagokion unean sorraraziko da zerga; une hori ezagutzen ez bada, zergadunak produktuak erosten dituen egunean edo horiek edukitzen hasten den egunean, eta hori ere ezagutzen ez bada, horren berri jakiten denean.

k) Beste estatu kide batetik Kontseiluaren 2020/262 Zuzentarauaren 16.1.a).iv) artikuluan aipatzen diren hartzaileentzat egindako bidalketen kasuan, jasotzen diren unean.

l) Fabrikazio irregularreko kasuetan, fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak lortu direla jakiten den unean.

2. Nolanahi ere, 1.a) apartatuan ezarritakoa gorabehera, etendura araubidea aplikatu gabe fabrikatik edo biltegi fiskaletik ateratzen diren produktu guztiak edo zati bat hartzaileari entregatzea ezinezkoa izan bada, eta hori gordailuzain baimendu igorleari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik izan bada, produktuak atera zireneko establezimenduetan sartzen ahalko dira berriz, betiere erregelamenduz ezartzen diren baldintzak betez gero. Horrelakoetan, irteera dela-eta zerga ez zela sorrarazi ondorioztatuko da.

3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, fabrika edo biltegi fiskaltzat hartzen diren instalazioetatik ateratzen den gas naturala hartaz hornitzeko kostu bidezko kontratu baten barnean gertatzen denean, fakturazio aldi bakoitzeko gas naturalaren hornidurari dagokion prezioaren zatia eskatu daitekeenean sorraraziko da hidrokarburoen gaineko zerga. Aurrekoa ez da aplikatuko gas naturala beste fabrika, biltegi fiskal edo hartzaile erregistratu batera igortzen denean, ezta hornidura hodi finkoez ez beste baliabide batzuen bitartez egiten denean ere.

1.a) apartatuan ezarritakoa aplikatzeko, aurreko paragrafoan aipatzen diren gas naturalaren horniduraz beste batzuetarako, gehienez ere hirurogei egunez jarraian gas naturalez egindako hornidura guztia epe hori amaitu eta hurrengo hilabete naturaleko lehen egunean fabrika edo biltegi fiskaletik atera dela ondorioztatu dezakete subjektu pasiboek."

Bost. 8. artikuluko 2. apartatua, 3. apartatua, 4. apartatuko lehen paragrafoa eta 7. apartatua.

"2. Subjektu pasiboak dira, zergadun gisa:

a) Gordailuzain baimenduak, zergaren sortzapena fabrika batetik edo biltegi fiskal batetik ateratzearekin batera gertatzen denean edo autokontsumorako produktuak direnean.

b) Hartzaile erregistratuak, produktuak jasotakoan sorrarazten den zergari dagokionez.

c) Hartzaile ziurtatuak, haientzat diren produktuak jasotzea dela-eta sorrarazten den zergari dagokionez.

d) Gordailuzain baimenduak eta hartzaile erregistratuak, zuzeneko entregetan.

e) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen fabrikazio irregularra egiten duen edo hartan parte hartzen duen edozein pertsona.

f) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak eduki, biltegiratu, erabili, merkaturatu edo garraiatzen dituztenak, 16. artikuluan jasotako kasuetatik kanpo, ez badute egiaztatzen ordaindu dituztela zerga horiek aplikatzekoak diren Batasuneko zuzenbideko eta legedi nazionaleko xedapenen arabera.

3. Subjektu pasibo dira, zergadunaren ordezko gisa, Zerga Bereziei buruzko 38/1992 Legearen 4.27 artikuluan aipatzen diren ordezkari fiskalak.

Halaber, subjektu pasibo dira, zergadunaren ordezko gisa, 7.3 artikuluko lehenengo paragrafoan aipatzen den kasuan, gas naturala kostu bidez hornitzen dutenak.

4. Gordailuzain baimenduak behartuta daude tributu zorra ordaintzera, edozein estatu kidetara etendura araubidean bidalitako produktuei dagokienez, hartzaileak produktuak jasotzen ez baditu. Horretarako, berme bat jarri beharko dute (erregelamenduz ezarriko da horren zenbatekoa eta egiteko modua), Europar Batasun osoan balioa izanen duena. Era berean, beste estatu kide batzuetako zergadunek, behar den bermea beren estatuan jarri badute, Batasunaren barreneko zirkulazioak egiten direnean beren barne lurralde eremuan gertatzen diren irregulartasunei dagokien tributu zorra Espainian ordaindu beharko dute, haiek bidalitako ondasunei dagokienez."

"7. Zerga berezien zor bererako zordun bat baino gehiago badira, solidarioki ordaintzera beharturik egonen dira."

Sei. 10. artikulua, 1.c) eta d).

"c) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak sartzen dituzten enpresariak, baldin eta produktu horiengatik zerga sortu bada barneko lurralde eremuan, fabrika batean edo gordailu fiskal batean, ondoren Europar Batasuneko beste estatu batera bidaltzeko. Itzulketan, sartutako produktuei dagozkien kuotak sartuko dira, eta itzulketa horretarako baldintza izanen da egiaztatzea produktuak Batasunaren barreneko zirkulazioa etendura araubidean erregulatzen duten arauen arabera jaso direla destinoko estatuan.

d) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak entregatzen dituzten bidaltzaile ziurtatuak, baldin eta produktu horiengatik zerga sortu bada barneko lurralde eremuan, hartzaile ziurtatuentzat, Europar Batasuneko beste estatu batean. Itzulketan, entregatutako produktuei dagozkien kuotak sartuko dira, eta itzulketa horretarako baldintza izanen da destinoko estatu kidean zerga ordaintzea."

Zazpi. 15.8 artikulua.

"8. Artikulu honetako 7. paragrafoan eta 16.1 artikuluan aipatzen diren produktuak helburu komertzialetarako direla erabakitzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

a) Zerga bereziei lotutako produktuen edukitzailearen merkataritza izaera, eta zer arrazoi direla-eta dituen produktu horiek bere esku;

b) Zer tokitan dauden zerga bereziei lotutako produktu horiek edo, hala dagokionean, erabilitako garraio mota;

c) Zerga bereziei lotutako produktuei buruzko agiri oro;

d) Zerga bereziei lotutako produktuen izaera;

e) Zerga bereziei lotutako produktuen kopurua."

Zortzi. 16 artikulua.

"16. artikulua. Batasunaren barreneko zirkulazioa.

1. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak, partikularrek beste estatu kide baten lurraldean eskuratuak, Europar Batasunaren lurraldean, indarreko zerga estatu hartan ordaindu baldin bada, eta produktuak norberaren beharrak asetzeko erosi badira eta norberak garraiatu baditu, ez dira barreneko lurralde eremuan indarra duen zergari lotuta egonen, eta haien zirkulazioak eta edukitzak ez du inolako baldintzarik izanen, betiere merkataritzako helburuetarako erabiltzen ez badira.

2. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak erabat suntsitu edo erremediorik gabe galdu badira, erabat edo partzialki, produktuak garraiatzen ari ziren bitartean, zorra sortu den estatu kidea ez den beste estatu kide baten lurraldean, ezusteko edo ezinbesteko kasuengatik edo estatu kide horretako agintari eskudunek baimena eman dutelako aipatu produktuak suntsitzeko, estatu kide horretan ez da zorrik sortuko zerga bereziengatik.

Produktuak erabat suntsitu direla edo erremediorik gabe galdu direla ondorioztatuko da ezin badira gehiago erabili zerga bereziei lotutako produktu gisa.

Galera partziala gertatu bada produktuen izaeragatik, produktuak garraiatzen ari ziren bitartean, zorra sortu den estatu kidea ez den beste estatu kide baten lurraldean, estatu kide horretan ez da eskatuko zerga berezia, baldin eta galera ezarritako erregelamenduzko ehunekotik behera badago, salbu eta estatu kideko agintari eskudunek iruzurra edo irregulartasuna dagoela frogatzen badute.

3. Aurreko 1. apartatuan adierazitako kasuak gorabehera, fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuek, jatorria edo destinoa beste estatu kide baten lurraldean baldin badute, barneko lurralde eremuaren barrenean zirkulatuko dute erregelamenduz ezartzen diren baldintzak betez, hauetako prozeduretako baten babesean:

a) Etendura araubidean, fabriken edo biltegi fiskalen artean.

b) Etendura araubidean, erregistraturik dagoen hartzaile batek jasotzeko.

c) Etendura araubidean, gordailuzain baimendu baten izenean dagoen establezimendu batetik Batasunaren lurraldetik ateratzeko edozein tokitara, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 4.31 artikuluan adierazita dagoen bezala.

d) Etendura araubidean, onuradunaren egoitza dagoen estatu kideaz bestelako estatu kide baten lurraldean finkatutako gordailuzain baimendu baten establezimendutik Kontseiluaren 2020/262 Zuzentarauaren 11.1 artikuluan aipatzen diren destinoetara.

e) Etendura araubidean, gordailuzain baimendu baten izenean dagoen establezimendu batetik irteerako aduanara, baldin eta, 2015/2447 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 329.5 artikuluaren arabera, aurreikusten bada aduana hori bera izatea abiapuntuko aduana kanpo-igarotzeko araubiderako, 2015/2446 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 189.4 artikuluaren arabera hala aurreikusten denean. Kasu horretan, etendura araubidea bukatuko da produktuak kanpo-igarotzeko araubidean sartzen diren unean.

f) Etendura araubidean, inportazioaren tokitik, erregistraturik dagoen bidaltzaile batek bidaliak, produktuak araubide horretan jasotzea baimenduta dagoen toki batera. Artikulu honen ondorioetarako, "inportazioaren toki" gisa ulertuko da produktuak, 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 201. artikuluaren arabera, praktika librera bideratzen diren tokia.

g) Etendura araubidean, gordailuzain baimendu baten establezimendutik zuzeneko entrega egiten den toki batera.

h) Etendura araubidetik kanpora, destinoa hartzaile ziurtatu bat denean.

i) Etendura araubidetik kanpora, urrutiko salmenten sistemaren barrenean.

4. Batasunaren barreneko zirkulazioa etendura araubidean eginen da, bakar-bakarrik, erregelamenduz ezarriko diren baldintzen arabera tramitatzen den administrazio agiri elektroniko baten babesean egiten bada, deusetan galarazi gabe zirkulazioa agiri lagungarri batekin hastea, sistema informatizaturik erabiltzerik ez badago eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzak betetzen badira."

Bederatzi. 17 artikulua.

"17. artikulua. Irregulartasunak Batasunaren barreneko zirkulazioan.

Bi estatu kideren lurraldeen arteko zirkulazio batean edo estatu kide baten lurraldetik hirugarren herrialde edo lurralde batera, estatu kide baten lurraldean barna, egiten diren zirkulazioetan, fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen bidalketa bat edo horren zati bat produktuen jasotzaileak hartzen ez badu Batasunaren lurraldean edo, esportazio kasuetan, bidalketa Batasunaren lurraldetik benetan ateratzen ez bada, eta hori zerga horiek ordaindu beharrik ez izateko 6. artikuluan edo 16. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan ezarritako kausengatik ez beste batengatik izan baldin bada, irregulartasun bat egon dela ondorioztatuko da.

A) Etendura araubideko zirkulazioa.

1. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen Batasunaren barreneko etendura araubideko zirkulazio batean:

a) Barneko lurralde eremuan irregulartasun bat gertatzen bada, eta horren ondorioz, fabrikazioaren gaineko zerga berezia sorrarazten bada, zerga horiek Espainiako zerga administrazio eskudunak eskatuko ditu.

b) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien sortzapena dakarren irregulartasun bat gertatzen bada, barneko lurralde eremuan atzematen dena, baina ezinezkoa bada zehaztea zein estatu kidetan gertatu zen, irregulartasuna lurralde eremu horretan eta ikusi den unean berean gertatu dela ondorioztatuko da, eta zerga bereziak Espainiako zerga administrazio eskudunak eskatuko ditu.

2. Zerga bereziei loturiko produktuek etendura araubidean zirkulatzen dutenean, barneko lurralde eremutik abiatu eta ez badira helmugara iritsi, eta zirkulazioan ez bada ikusi zerga berezien sortzapena dakarren irregulartasunik, igorpeneko estatu kidean irregulartasun bat gertatu dela ondorioztatuko da, eta zerga bereziak Espainiako zerga administrazio eskudunak eskatuko ditu, salbu eta zirkulazioa abitua zenetik lau hilabeteko epean froga bat aurkezten bada, administrazio hori gogobetetzeko moduan, erakusten duena produktuak entregatu zaizkiola hartzaileari edo irregulartasuna barneko lurralde eremutik kanpora gertatu dela.

3. Aurreko 1. apartatuko a) eta b) letretan jasotako kasuetan, Espainiako zerga administrazioak, hala badagokio, bidalketaren xedeko estatu kideko agintari eskudunei horren berri emanen die.

4. Dena dela, 1.b) eta 2. apartatuetan jasotako kasuetan, zirkulazioa hasten denetik hiru urteko epea bukatu baino lehen, zehazten baldin bada Espainiatik kanpoko zein estatu kidetan egin den benetan irregulartasuna, zerga bereziak estatu kide horrek eskatuko ditu. Kasu horretan, Espainiako zerga administrazio eskudunak jasotako zerga bereziak itzuliko ditu, irregulartasuna benetan gertatu zen estatu kideak zerga horiek jaso dituela egiaztatzeko frogak bidali ondoren.

5. Aurreko 1.b) eta 2. apartatuetan aipatutako kasuen antzeko egoeretan, ustez barnekoa ez den Batasuneko lurralde eremuan egindako irregulartasun bat atzematen bada eta, zirkulazioa hasi eta hiru urteko epea bukatu baino lehen, zehazten bada irregulartasun hori barneko lurralde eremuan gertatu zela benetan, zerga bereziak dagokion Espainiako zerga administrazioak eskatuko ditu, eta zerga horiek hasiera batean jaso zituen estatu kideko agintari eskudunei horren berri emanen die.

B) Etendura araubidetik kanpoko zirkulazioa.

1. Baldin eta, fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen Batasunaren barreneko zirkulazio batean, zerga sorrarazi bada barnekoa ez den Batasuneko lurralde eremuan dagoen estatu kide igorlean:

a) Barneko lurralde eremuan irregulartasun bat gertatzen bada, eta horren ondorioz, fabrikazioaren gaineko zerga berezia sorrarazten bada, zerga horiek Espainiako zerga administrazio eskudunak eskatuko ditu.

b) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien sortzapena dakarren irregulartasun bat gertatzen bada, barneko lurralde eremuan atzematen dena, baina ezinezkoa bada zehaztea zein estatu kidetan gertatu zen, irregulartasuna lurralde eremu horretan gertatu dela ondorioztatuko da, eta zerga bereziak Espainiako zerga administrazio eskudunak eskatuko ditu.

2. Dena dela, 1.b) apartatuan jasotako kasuan, produktuak erosten direnetik hiru urteko epea bukatu baino lehen zehazten baldin bada Espainiatik kanpoko zein estatu kidetan egin den benetan irregulartasuna, zerga bereziak estatu kide horrek eskatuko ditu. Kasu horretan, Espainiako zerga administrazio eskudunak jasotako zerga bereziak itzuliko ditu, irregulartasuna benetan gertatu zen estatu kideak zerga horiek jaso dituela egiaztatzeko frogak bidali ondoren.

3. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen kasuan, haiei dagokien zerga barneko lurralde eremuan sorrarazi bada eta, eremu horretatik barnekoa ez den Batasuneko beste lurralde eremu batera bidaltzean, barneko lurralde eremutik kanpora irregulartasunen bat egiten bada eta, horren ondorioz, zerga bereziak irregulartasuna gertatu edo egiaztatu zeneko estatu kideak jasotzen baditu, Espainiako zerga administrazio eskudunak jasotako zerga bereziak itzuliko ditu, zerga horiek dagokion estatu kidean ordaindu direla erakusteko frogak jaso ondoren."

Hamar. 27. artikulua, 3. eta 5. apartatuetako lehenengo paragrafoa:

"3. Foru lege honen ondorioetarako, ardo aparduntzat hartuko dira NC 2204.10, 2204.21.06, 2204.21.07, 2204.21.08, 2204.21.09 eta 2205 kodeetan sailkatutako produktu guztiak, baldin eta:"

"5. Foru lege honen ondorioetarako, edari hartzitu aparduntzat hartuko dira NC 2206.00.31 eta 2206.00.39 kodeetan sartutako produktu guztiak, eta baita NC 2204.10, 2204.21.06, 2204.21.07, 2204.21.08, 2204.21.09, 2204.29.10 eta 2205 kodeetan sartutako produktuak ere, 2. eta 3. apartatuetan sartzen ez badira, eta baldin eta:"

Hamaika. 38. artikuluko 1. eta 4. apartatuak.

"1. Alkoholaren fabrikazioa, alkohol erabat desnaturalizatua lortzera zuzenduta, erregelamenduz ezartzen den prozeduraren arabera edo, Batasunaren barreneko zirkulazioko kasuetan, Europar Batasuneko beste estatu kide bateko xedapenen arabera."

"4. Alkoholaren fabrikazioa, zuzentarau hauen esparruko medikamentuak ekoiztera zuzenduta: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/82/EE Zuzentaraua, 2001eko azaroaren 6koa, albaitaritzako sendagaiei buruzko Batasuneko kodea ezartzen duena, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/83/EE Zuzentaraua, 2001eko azaroaren 6koa, gizakientzako sendagaiei buruzko Batasuneko kodea ezartzen duena."

Hamabi. Lehen xedapen gehigarria.

"Lehen xedapen gehigarria.

Foru lege honetan erabilitako terminoek Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 4. artikuluan jasoa dagoen esanahia izanen dute."

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web