60/2023 FORU AGINDUA, EKAINAREN 1EKOA, LANDA GARAPEN ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, LEHORTEAREN ONDORIOZ NPEAREN KUDEAKETA, JARRAIPEN ETA KONTROLERAKO SALBUESPEN NEURRIAK HARTZEARI BURUZKOA
BON N.º 126 - 15/06/2023
Maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege-dekretuaren bidez, presako neurriak hartu ziren nekazaritzaren eta uraren arloan, lehorteari eta Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz lehen sektorearen egoeraren larriagotzeari erantzuteko, bai eta gazteek lurreko garraio publiko kolektiboa erabil dezaten sustatzeko eta tenperatura handiko aldietan laneko arriskuak prebenitzeko ere.
I. tituluko I. eta II. kapituluetan, nekazaritza-sektoreari laguntzeko neurriak eta zuzeneko laguntzak eta zerga-neurriak jasotzen dira, hurrenez hurren.
Aipatutako maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege-dekretuaren I. tituluaren III. kapituluan malgutze-neurriak ezartzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) eta sektore-antolamenduaren arloan. 14. artikuluan xedatzen duenez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, ezinbesteko kasuei eta salbuespenezko inguruabarrei buruz Europan eta Espainian eman diren xedapenak aplikatuz, irizpideak ezarriko ditu autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunek, modu harmonizatuan, NPEren laguntzetarako betekizun, diruz laguntzeko baldintzak eta konpromiso jakin batzuk malgutu ahal izan ditzaten, salbuespen gisa, lehortearen ondorioz sortutako inguruabarrek laguntza horiek jasotzeko eragozpen erantsirik eragin ez dezaten.
Artikulu horretan xedatutakoaren arabera, eta ezinbesteko arrazoiei eta salbuespenezko inguruabarrei buruz Europan eta Espainian eman diren xedapenak aplikatuz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (NBEF) bitartez, eta autonomia-erkidegoekin lankidetzan, koordinazio-zirkular bat prestatu du, lehortearen ondorioz NPEren kudeaketan, jarraipenean eta kontrolerako salbuespenezko neurriak ezartzeko, autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek modu harmonizatuan malgutu ahal izan ditzaten NPEren laguntzen betekizun, diruz laguntzeko baldintza eta konpromiso batzuk, lehortearen ondorioz sortutako inguruabarrek ez dezaten ekarri laguntzak jasotzeko oztopo erantsirik.
Ildo horretan, lehortearen ondoriozko inguruabarrek bete egiten dute ezinbesteko arrazoitzat jotzeko definizioa, eta, beraz, kasu batzuetan justifikatzen da ezin direla bete dirulaguntza jasotzeko irizpideak eta baldintzak, ez eta erregelamenduek eta NPEaren Espainiako Plan Estrategikoak eskatutako betebeharrak edo konpromisoak ere.
Ezinbesteko arrazoia onartzeko aukera 2116/2021 (EB) Erregelamenduan jasota dago. Horrez gain, Espainian NPE aplikatzen duen arau-multzoan jasotako beste xedapen batzuk ere kontuan hartu behar dira.
Hala, Nekazaritza Politika Erkidearen kudeaketa-sistema eta hari lotutako beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legeak 11. artikuluan ezartzen duenez, NPEren laguntzen arloko arau-hauste administratiboak ez dira zehatuko ezinbesteko arrazoiak tartean daudenean.
Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuak, 2023tik aurrera zuzeneko ordainketen bidezko esku-hartzeak aplikatzeari eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan betekizun komunak ezartzeari buruzkoak, eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoak, ezinbesteko arrazoiaren kontzeptua definitzen du 3.19 artikuluan, eta, horrela, 2116/2021 Erregelamenduaren 3. artikuluan xedatutakoa osatzen du. Ildo beretik, Kode Zibilaren 1105. artikuluan aurreikusitako ezinbesteko arrazoien aipamena nabarmendu behar da.
Abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuak, Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duenak, ezinbesteko arrazoiak eta NPEren arauen salbuespenak aplikatzeko printzipioak jasotzen ditu.
Otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuak Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen ditu, batetik, eta, bestetik, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako hainbat alderdi arautzen dituzten zenbait errege dekretu aldatzen ditu; 5. artikuluan oro har jasotzen du penalizazioak, laguntza kalkulatzeko berezitasunak edo laguntzen itzulketa ez direla aplikatuko ezinbesteko arrazoien eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozko ez-betetzeen kasuetan.
Gainera, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan zuzeneko ordainketak, landa garapeneko urteko ordainketa jakin batzuk eta Urruntasunagatik eta Uhartea izateagatik Aukera Espezifikoen Programakoak (POSEI) jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte-baldintzazkotasuna aplikatzeko arauak ezartzen dituenak, penalizazioen aplikazioari buruzko 14. artikuluaren 5. apartatuan adierazten du ez dela penalizaziorik ezarriko ez-betetzea ezinbesteko arrazoiengatik edo salbuespenezko inguruabarrengatik gertatzen bada edo agintaritza publiko baten agindu baten ondorioz gertatzen bada.
ARES Batzordearen 1990577 dokumentuan (2020), "COVID-19aren pandemiaren ondorioz NPEren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako salbuespenezko neurriak ezartzea" izeneko 12/2020 Zirkularraren eranskin gisa jasota zegoen horretan, zenbait ohar jaso ziren COVID-19aren ondoriozko krisia ezinbesteko arrazoitzat hartu ahal izateko inguruabarrei buruz. Hala, 640/2014 (EB) Erregelamenduaren 4. artikuluaren aplikazioari dagokionez (1047/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoaren baliokidea da), onar zitekeen kasu espezifikoetan, ezinbesteko arrazoiak identifikatzen direnean, arrazoi horiek banakako jakinarazpenik behar ez izatea. Gogoeta horiek mutatis mutandi aplika dakizkioke egungo lehorte-testuinguruari.
Lehortearen kasu espezifikoan, hori hala izatea indartzen du 2116/2021 Erregelamenduaren 3.2 artikuluan xedatutakoak, hau da, hondamendi natural larri batek edo fenomeno meteorologiko batek argi eta garbi zehaztutako eremu bati larriki eragiten dionean, dagokion estatu kideak eremu osoa hartzen ahalko du hondamendiak edo fenomenoak larriki eragindako eremutzat. Espainiako eremu jakin batzuk pairatzen ari diren lehorte-egoerak hondamendi natural larri batekin pareka daiteke.
Beraz, ezinbesteko arrazoia argudiatzen ahalko da, jakinarazpena bete beharrik gabe, ukitutako nekazari guztientzat inguruabar berberak gertatzen direnean, eta erakunde ordaintzaileek inguruabar horien berri dutenean. Horrek esan nahi du ezen, espediente jakin baterako, autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunak zehazten ahalko dituela ezinbesteko arrazoitzat hartzea justifikatzen duten baldintzak, datu-baseekiko gurutzaketa informatikoak eta administrazioaren eskura dagoen informazioaren kontsulta oinarri hartuta.
Ezinbesteko arrazoiaren aplikazio-eremuei dagokienez, NBEFren zirkularrak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek argi eta garbi mugatu beharko dituzte, erregelamendu-izaerako arau autonomiko baten bidez, lehorteak ukitutako eremuak, ezinbesteko arrazoiak direla-eta NPEren zuzeneko laguntzen baldintza jakin batzuk bete ezin izateko baldintzak betetzen dituztenak, eta NBEFri horren berri eman beharko diote, argitaratzen denetik hilabeteko epean.
Eremuen mugaketa hori hilero eguneratzen ahalko da, eta 2022ko irailaren 1ean hasi zen urte hidrologikoko prezipitazio-eskasiaren adierazlea (prezipitazio-indize estandarizatua, PIE) kontuan hartu beharko da. Lehortetzat hartzen da adierazlea -0,84 baino txikiagoa denean.
Gaur egun, uste da Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremu osoak duela -0.84 baino PIE txikiagoa, eta, beraz, ezinbesteko arrazoien irizpideak berdin aplikatuko lirateke foru lurralde osoan.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.
Adierazitakoarekin bat etorriz, Nekazaritza Zerbitzuak eta Erakunde Ordaintzailearen zerbitzuak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua . Lehorteak ukitutako eremuak mugatzea eta onartzea, salbuespenezko inguruabarrak gertatzen direla deklaratzeko.
Prezipitazio-indize Estandarizatuak (PIE) 2022ko irailaren 1etik 2023ko apirilaren 30era bitarteko aldian -1,9ko balioa izan duenez Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, zehazten da lurralde osoa dela lehorte-egoera baten eraginpeko eremu, non salbuespenezko inguruabar hori gertatzen den, NPEren zuzeneko laguntzen kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako betekizun jakin batzuk bete ezin izateko ezinbesteko arrazoi gisa.
2. artikulua . Baldintza komunak malgutzea.
2022an lehorteak kaltetutako ustiategien kasuan, egoera hori ofizialki aitortu zen eremuetan badaude, eta 2022ko zerga-ekitaldiko datuekin ez bada iristen eskatutako nekazaritzako diru-sarreren ehunekora, guztiz justifikatuta egonen da kontrol hori aurreko bi ekitaldi fiskaletako batekin egitea.
Era berean, lehorteak mugatutako eremuetan kokatutako ustiategi kaltetuen kasuan, nekazari aktiboaren baldintza, 2024ko kanpainakoa, aurreko ekitaldi fiskalen arabera egiaztatzen ahalko da.
Lehortea kontuan hartuko da, halaber, nekazaritza-jardueran 2021ean hasi ziren eta eskatutako diru-sarrera maila 2023ko kanpainan lortu behar zuten nekazarien kasuan; beraz, beste urtebetez atzeratu daiteke betetze hori.
3. artikulua . Larre mediterraneoen eremuetarako betekizunak malgutzea.
Larre mediterraneoen eremuetan, arrisku-egoeratzat hartzeko ezarritako gutxieneko abere-zama hektareako 0,1 AzLUra murrizten da.
4. artikulua . Malgutzeneurriak ekoaraubideen arloan.
Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan, 2023tik aurrera zuzeneko ordainketen bidezko esku-hartzeak aplikatzeari eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan betekizun komunak ezartzeari eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoan, klimaren eta ingurumenaren aldeko araubide batzuk jasotzen dira. Araubide horietan ezinbesteko arrazoitzat hartzen dira malgutasun hauek:
4.1. Karbono agronekazaritza eta agroekologia: larratze estentsiboa, segatzea eta biodibertsitatea larre hezeen eta larre mediterraneoen azaleretan.
P1 PRAKTIKA.-Larratze estentsiboa.
- Larre iraunkorren eta aldi baterako larreen azaleren gaineko gutxieneko abere-zama hektareako 0,1 AzLUra murrizten da larratze-aldian, larre mediterraneoen kasuan.
- Komunean erabilitako larre hezeen azaleren kasuan, hektareako 0,2 AzLUko gutxieneko atalase malgutura iristen ez bada, laguntza jasotzeko eskubidea izanen duten hektareen gehieneko kopurua hektareako 0,2 AzLUko abere-zama lortzeko erabili dena izanen da, ustiategiaren AzLU kopuruaren arabera.
- Larre iraunkorren edo aldi baterakoen azalerak ustiategiko abereek bazkatzeko aprobetxatu behar dira, baina larratze-aldia urtean 60 egunera murrizten da, eta modu jarraituan edo etenean ere egin daiteke.
P2A PRAKTIKA.-Biodibertsitate-uharteak.
- Praktika honi atxikitako larre iraunkorren eta aldi baterakoen ustiapenean segatu gabeko azaleraren %7an, ekainaren 1etik aurrera nekazaritza-jarduera egiten ahalko da, segatu gabekoa; jarduera hori ustiategiko abereekin larratzea bada, larratze estentsiboaren gutxieneko abere-zamarako ezarritako malgutasunari jarraituko zaio.
P2B PRAKTIKA.-Sega jasangarria.
- Laguntza jasotzen ahalko da, baldin eta praktikak eskatzen dituen ekoizpen-etenak kanpaina osoan egiten ez badira. Hala ere, gutxienez mantentze-eten bat egin beharko da, segatzeari dagokion nekazaritza-jarduera bat egiten ari dela frogatu ahal izateko, eta betiere jarduerarik gabeko 60 egun jarraituko aldia errespetatuta.
4.2. Karbono-nekazaritzaren eta agroekologiaren ekoaraubideak: txandaketak eta zuzeneko ereintza lehorreko lurretan, lehorreko lur hezeetan eta ureztalurretan.
P3 PRAKTIKA.-Espezie hobetzaileekin txandakatzea.
- Praktika honen txandakatzerako, 2022ko kanpainan lekadunekin ereindako lurrak lugorri uzten ahalko dira 2023ko kanpainan.
- Espezie hobetzaileekin landutako azaleraren gutxieneko ehunekoa %5era murrizten da, 2023ko maiatzaren 1a baino lehen praktikak eskatzen duen lekadunen %5 erein zuten eta lehortearen ondorioz hobetzaileekin gainerako %5a landu ezin duten titularren kasuan.
- Salbuespenak aplikatzen ahalko zaizkie, kasuz kasuko azterketa egin ondoren eta dagozkion frogetan oinarrituta, maiatzaren 1a baino lehen lekadunen azalera hori erein gabe zuten titularrei, baldin eta modu fede-emailean frogatzen badute praktika hori egiteko asmoa zutela zirkular hau argitaratu aurretik, eta %5eko murrizketa lehorte-egoeraren ondorio baino ez dela.
- Lekadunen kasuan, loraldiaren egoera fenologikora ez iristea baimentzen da.
- Lugorriaren ehunekoa %50era igotzen da, nahiz eta ustiategiak ez izan ongarritzeko ereindako lugorririk.
- Espezie hobetzaileen azalerak larratzen/segatzen ahalko dira, lekadunenak barne, baita txandakatzearen parte diren beste laboreenak ere.
P4. Zuzeneko ereintza.
- Praktika honen txandakatzerako, 2022ko kanpainan lekadunekin ereindako lurrak lugorri uzten ahalko dira 2023ko kanpainan.
4.3. Agroekologiako araubidea: alorretako biodibertsitate-espazioak eta labore iraunkorrak.
P5 PRAKTIKA.-Biodibertsitate-espazioak.
- Lugorriak, ertzak eta biodibertsitate-uharteak larratzen/segatzen ahalko dira.
- Arrozaren kasuan, ur-azaleraren gutxieneko mantentze-aldia, hiru hilabetekoa, murrizten ahalko du autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunak, ureztatzeko uraren hornidurari dagokionez kasuko konfederazio hidrografikoak emandako jarraibideen arabera.
5. artikulua . Malgutzeneurriak zuzeneko laguntza akoplatuen arloan.
Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan, 2023tik aurrera zuzeneko ordainketen bidezko esku-hartzeak aplikatzeari eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan betekizun komunak ezartzeari eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoan, laguntza akoplatu batzuk jasotzen dira. Laguntza horietan ezinbesteko arrazoitzat hartzen dira malgutasun hauek:
5.1. Landare-jatorriko proteinen produkzio jasangarriari lotutako laguntza. Proteina-plana.
- Lekale eta lekadunetarako laguntza akoplatuaren kasuan, baimentzen da larratzea/segatzea eta ongarri berdea erabiltzea, ezarritako egoera fenologikora iritsi gabe.
6. artikulua . Baldintzazkotasun indartuaren arloko malgutzeneurriak.
Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan zuzeneko ordainketak, landa garapeneko urteko ordainketa jakin batzuk eta Urruntasungatik eta Uhartea izateagatik Aukera Espezifikoen Programakoak (POSEI) jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte-baldintzazkotasuna aplikatzeko arauak ezartzen dituenak, Nekazaritza eta Ingurumeneko Baldintza Onak jasotzen ditu. Baldintza horiei dagokienez, ezinbesteko arrazoitzat hartzen dira honako malgutasun hauek:
6.1. 4. NIBE-Ur-ibilguen bazterretan babes zerrendak sortzea.
- Zerrendak nekazaritza-helburuekin segatzen ahalko dira.
6.2. 8.1 NIBE.-Azalera edo elementu ez-produktiboetara bideratutako nekazaritza-azaleraren gutxieneko ehunekoa.
- Lugorriak larratzen ahalko dira, azaleraren edo elementu ez-produktiboen gutxieneko ehunekoa betetzeko erabili direnak.
7. artikulua . Nafarroako Landa Garapenerako 20142022 Programan aurreikusitako neurrien betearazpena malgutzeko neurriak.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 31/2022 Foru Aginduan, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2022 Programan sartuta dauden nekazaritza eta ingurumeneko, klimako (10. neurria) eta nekazaritza ekologikoko (11. neurria) laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen horretan, 2014-2022 LGPko neurriak arautzen dira. Neurri horiei dagokienez (emakidak indarrean daudela), ezinbesteko arrazoitzat hartzen dira malgutasun hauek:
7.1. 10. neurria: natura balio handiko zereal-agrosistemetan ardi aziendaren larratze jasangarrirako laguntza.
- 53.6 artikuluan ezarritako udako debekualdia uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartekoa izanen da.
7.2. 10. neurria: lehorreko lur erdiaridoetan karbonoa harrapatzeko laguntza.
- Kendu egiten da 73.e artikuluan ezarritako larratze-aldi balioduna, irailaren 1etik urriaren 31ra bitartekoa, eta, beraz, edozein unetan larratzen ahalko da.
7.3. 10. neurria: estepako nekazaritza-habitatak hobetzeko laguntza.
- Edozein datatan baimentzen da 29.k artikuluan ezarritako abeltzaintza-aprobetxamendua lekadunekin ereindako lurretan eta ereindako lugorrietan.
7.4. 11. neurria: nekazaritza ekologikorako laguntza.
Kendu egiten da 81.j artikuluan ezarritako biltzeko betebeharra, lehorreko segatzea egiteko belarki-laboreen eta bazka-laboreen lursail landuetan.
8. artikulua . Malgutzeneurriak Urbasa eta Andiako aprobetxamenduetan.
Urbasa eta Andia mendietan behin-behineko azalera-esleipena duten abeltzainak salbuesten dira 2023ko kanpainan larreen aprobetxamendu betebeharretatik, zuzeneko laguntzak jaso edo abere-zamak zehaztearen ondorioetarako.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.