164E/2023 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 18KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZAINKETA ARINGARRIEN ESTRATEGIA EZARTZEN DUENA
BON N.º 126 - 15/06/2023
Nafarroako Osasun Planean 12 estrategia zehazten dira planean ezarritako zortzi osasun helburuak lortzeko. Zainketa Aringarrien Estrategia, minaren estrategia ere barne hartzen zuena, garatu eta ezarri gabe gelditu zen.
Horregatik, zainketa aringarrien estrategia eguneratu bat prestatu da Nafarroako osasun sistema publikoan. Estrategia horrek egitura tekniko espezifikoak behar ditu jarduketak gidatu behar dituzten jardunbide eta politikak zehazteko eta jarraipen eta ebaluazio mekanismoak jasotzeko, Planaren gainerako estrategiek bezala.
Beharrezkotzat jotzen da erantzukizun mailak zehaztea, eta, horrekin batera, Estrategiaren arduradunaren figura, programen koordinatzaileak eta Estrategiaren Batzorde Teknikoa ezartzea.
Foru agindu honen bidez, Nafarroako osasun sistema publikoan zainketa aringarriei heltzeko helburuak eta egitura ezartzen dira.
Adierazitakoarekin bat, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Zainketa Aringarrien Estrategiaren helburuak onestea:
- Gaixotasun aurreratua/terminala duten pertsonei eta haien ahaideei une bakoitzean beren egoerara egokitutako balorazio eta arreta integrala ematea, asistentzia-maila guztietan, hala oinarrizko osasun laguntzan nola ospitaleko laguntzan, eta eboluzio prozesu osoan zehar.
- Gaixotasun kroniko aurreratua duten pertsonei eskura dauden jardunbide onenetan eta ebidentzia zientifikoetan oinarritutako arreta ematea.
- Antolaketa-prozesu esplizitu bat izatea, pertsonek beren beharren araberako zainketa aringarriak jaso ditzaten, behar den unean eta leku egokian, egoera desberdinetara eta lurralde-mugaketetara egokituta.
- Osasun baliabideen eta gizarte baliabideen arteko koordinazioa bermatuko duen eta ekintza integratuak sustatuko dituen antolaketa-sistema bat ezartzea.
- Printzipio bioetikoak aplika daitezen eta paziente bakoitzak bere prozesuan parte har dezan sustatzea, Pazientearen Autonomiari buruzko Legearen eta indarreko legeriaren printzipio, balio eta xedapenen arabera.
- Osasun sistemako profesionalentzako prestakuntza jarraituko eta espezifikoko programak ezartzea, fase aurreratuan eta terminalean dauden gaixoen eta haien familien beharrei behar bezala erantzun diezaieten.
- Zainketa aringarrien arloko ikerketa sustatzea.
2. Zainketa Aringarrien Estrategiaren egitura eta erantzukizun teknikoen eginkizunak onestea, honako hau, alegia:
a) Honako hauek osatuko dute Estrategiaren egitura teknikoa:
1. Zainketa Aringarrien Estrategiaren arduraduna.
2. Estrategiaren programen koordinatzaileak.
3. Estrategiaren Batzorde Teknikoa.
b) Estrategiaren arduradun teknikoaren eginkizunak: arduradun bat izendatuko da Zainketa Aringarrien Estrategiaren buru gisa jarduteko, honako eginkizun hauek izanen dituena:
- Nafarroako Zainketa Aringarrien Estrategiaren zuzendaritza bere gain hartzea.
- Jarraibide tekniko egokiak ematea Estrategiaren programetako protokoloak eta ekintzak benetan aplikatzen direla bermatzeko.
- Estrategiaren programetako erregistro irizpideak ezartzea.
- Estrategiaren emaitzak ebaluatzeko sistema garatzea.
- Zainketa aringarrien arloko prestakuntza-jarduerak sustatzea.
- Antolaketa-egiturak aztertzea, bai eta Estrategiaren emaitzetan duten eragina ere.
- Osasun Departamentua ordezkatzea zainketa aringarriei buruzko foro teknikoetan.
- Pazienteek, familiakoek eta elkarteek Estrategian parte hartzeko bideak sustatzea.
- Estrategia garatzeko beharrezkoak diren egitura funtzionalak proposatzea.
- Estrategiaren batzorde teknikoaren bileren deialdia egitea eta egiaztatzea bilerak egiten direla eta kideak joaten direla.
- Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan prestatzea Estrategiaren ebaluazioari buruzko urteko txostena eta kasuan kasuko urterako aurreikusitako ekintza plana.
c) Zainketa Aringarrien Estrategiaren programen koordinatzaileak: programa bakoitzean koordinatzaile bat izendatuko da, buru gisa jardunen duena, eta honako eginkizun hauek izanen ditu dagokion programari dagokionez:
- Programa bakoitzaren ekintzak eta protokoloak ezartzea eta horiek eraginkortasunez aplikatzeko jarraibideak proposatzea.
- Arretaren emaitzak erregistratu eta ebaluatzeko irizpideak zehaztea.
- Programen protokoloak aldian behin eguneratzea.
- Hobetzeko ekintzak proposatzea eskura dagoen ebidentziari jarraikiz, horren barne delarik antolamendua aldatzea eta teknologia egokiak erabiltzea kasuan kasuko programa hobetzeko asmoz.
- Zainketa aringarrien arloko prestakuntza-edukiak proposatzea.
- Zainketa aringarrien arloko irizpide teknikoak hedatzea.
- Zainketa aringarrien arloko ikerketa-erronkak proposatzea.
- Programen urteko ebaluazioa egitea.
d) Zainketa Aringarrien Estrategiaren Batzorde Teknikoak, koordinazio- eta aholkularitza-organo teknikoa den aldetik, honako eginkizun hauek hartuko ditu bere gain:
- Estrategia ezartzeko behar diren neurriak proposatzea.
- Estrategiaren arduradunari laguntza ematea.
- Estrategiaren hedapen eraginkorra planifikatzea eta helburu eta adierazle gakoak proposatzea, Estrategiari lotutako kontratu-programetan eta kudeaketa-hitzarmenetan erantsi beharrekoak.
- Estrategiaren hedapen egokiaren segimendua egitea, oztopoak analizatzea eta horiek zuzentzeko neurriak proposatzea.
- Estrategiaren aldaketa operatiboak proposatzea.
- Programen arteko jarduketak koordinatzea.
- Nafarroan minbiziaren prebentzioarekin eta arretarekin lotuta garatzen diren protokolo espezifikoak bateratzea eta aldian behin eguneratzea.
- Arlo horretako prestakuntza-plana diseinatzea.
- Erregistroko protokolo informatizatuak onestea eta informazio sistemak garatzea.
- Zainketa Aringarrien Estrategiaren adierazleak ezartzea, emaitzak aztertzea eta urteko eta amaierako ebaluazioa onestea, zeina Osasun Planaren Batzorde Koordinatzaileari bidaliko baitzaio.
- Batzorde Teknikoak bere funtzionamendu araubidea ezarriko du. Horrez gainera, Batzordeko idazkaria izendatuko du, bileren maiztasuna finkatuko du eta prestakuntzaren eta ikerketaren arloko arduraduna izendatuko du, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren sostengu teknikoa izanen duena.
- Estrategien kontrolaren eta segimenduaren jarraitutasuna bermatzeko asmoz, Batzorde Teknikoak ahalmena du batzorde iraunkor bat sortzeko. Batzorde Teknikoak onetsiko ditu haren osaera eta eginkizunak.
3. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko burua izendatzen da Nafarroako Zainketa Aringarrien Estrategiaren arduradun.
4. Honako pertsona hauek izendatzen dira programen koordinatzaile:
- Haurtzaroko Gaixotasun Kroniko Konplexuaren Programaren koordinatzailea: Ainhoa Iceta Lizarraga, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Pediatria Zerbitzuko burua.
- Onkologikoa ez den Gaixotasun Kroniko Aurreratua duten Pazienteak Artatzeko Programaren koordinatzailea: Ana María Fernández Navascues, Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko langilea.
- Paziente Onkologikoen Zainketa Aringarrien Programaren koordinatzailea: José Esteban Salgado Pascual, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ONkologia Medikoaren Zerbitzuko langilea.
5. Estrategiaren Batzorde Teknikoa honako hauek osatuko dute:
- Estrategiaren arduraduna, Batzordeko lehendakaria izanen baita.
- Programa bakoitzaren koordinatzaileak.
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Osasun Zainketen zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua, edo hark eskuordetzen duena.
- Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua, edo hark eskuordetzen duena.
- Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen zuzendariordea, edo hark eskuordetzen duena.
- San Juan de Dios ospitaleko Zainketa Aringarrietako Unitate Klinikoaren arduraduna.
- Lizarrako osasun barrutiko ordezkari bat, Lizarrako eskualdeko kudeatzaileak izendatua.
- Tuterako osasun barrutiko ordezkari bat, Tuterako eskualdeko kudeatzaileak izendatua.
- Herritarren ordezkari bat, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak izendatua.
- Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko pertsona bat, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak izendatua.
6. Batzordea honako arau hauek gobernatuko dute: foru agindu hau, batzordearen barne funtzionamendurako araudia eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezartzen diren xedapenak.
7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.