(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

32/2023 FORU AGINDUA, APIRILAREN 27KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ EZARTZEN BAITA FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAN JASOTZEN DIREN FAKTURETAN JASANDAKO BETEBEHAR EKONOMIKOAK EZAGUTZEKO KONTABILITATE PROZEDURA

BON N.ş 106 - 22/05/2023



Preámbulo

Comptos Ganberak 2021. urteko Nafarroako Kontu Orokorrei buruz egindako fiskalizazio txostenak agerian uzten du, aurreko ekitaldietan ere adierazi izan zuen modu berean, aurrekontu gastuen bolumena oso handia zela, nahitaezko kontratu euskarririk gabe jasotzen ziren prestazioetatik sortutakoa. 2021eko ekitaldirako, Ganberak gutxienez 120 milioi euroko zenbatekoa adierazi zuen. Zenbatekoa hain handia izanik, Ganberak salbuespen bat formulatu du Kontuetako jardueraren legezkotasunari dagokionez. Aipatu hutsunea behin eta berriro agertzen denez, hori zuzentzeko neurriak hartu behar dira.

Salbuespena eragiten duen egoera kontzentratzen da indarraldia amaitu duten eta oraindik esleitu gabe dauden kontratuetan oinarritutako prestazio kritikoak kudeatzen dituzten arloetan. Hala ere, hutsunea kuantifikatzen da departamentuek emandako datuetatik abiatuta, eta ez da aztertu egoera horretan egoten ahal diren gastu gehiago ba ote diren, edo lehen aipatutako egoeraz bestelako egoera batzuk gertatzen ari diren, alegia, kontratuen indarraldia amaitua izateaz bestelakoak.

Ganberaren txostenak islatzen duen zenbatekoa handia izateaz gain, azpimarragarria da haren dimentsioa zehaztasunik gabea izatea, txostenean jasotzen diren datuak minimoei dagozkienak baitira. Beraz, argitu beharreko lehenengo auzia, beste edozeinen gainetik lehentasunez aztertu beharrekoa, zera da, alegia, baliozko kontratuetatik heldu ez diren ondasun emakidei eta zerbitzu prestazioei dagozkien aurrekontu gastuen zenbatekoa zehaztea.

Bestalde, eta Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluan zehaztutako kopuru gutxiko kontratuei dagokienez, kasu horietan faktura baita eskatzen den dokumentazio bakarra, Etengabeko Finantza Kontroleko eta Ikuskaritzako Zerbitzuak egindako kontrol txostenek aspaldi ohartarazten dute ez dela aski frogatzen kontratazioaren beharra, eta jasotako prestazioaren prezioa merkatuko balioaren arabera ezartzen ote den ere ez, eta horiek direla efizientzia eta ekonomiaren printzipioei lotutako oinarrizko irizpideak, kudeaketa finantzario egoki baten funtsa. Horretarako, dagokion gomendioa formulatzen da, "ertaina" kalifikazioa ematen zaiona; maiatzaren 17ko 31/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Barne Kontroleko Erregelamenduaren 9. artikuluan adierazten denaren arabera, horrek eskatzen du berehalako arreta kontrolaren xedea den kudeaketaren arduradunen aldetik, hau da, fakturetatik ondorioztatzen diren betebeharrak onartzen dituzten organoen aldetik.

Aipatutako akatsak zuzentzeko hartu beharreko neurriak organo kudeatzaile bakoitzaren eskumenari dagokion esparruan hartu behar dira, baina ezin da ukatu erraztasun handia ekarriko lukeela fakturen ondoriozko betebeharrak onartzeko prozedura operatiboa modu egokian definitzeak, izan ere, jardueraren arlo horretan dira beharrezkoak neurriak, direnak direla ere.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren maiatzaren 16ko 150/2014 Foru Aginduaren bidez, Fakturen Kontabilitate Erregistroaren funtzionamendua ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan. Foru agindu horren 5. artikuluak adierazten du onartzen diren betebehar guztiak jasoko direla, soil-soilik, Nafarroako Fakturen Erregistroaren euskarri-sistema informatikoan horretarako erakusten den aukeratik abiatuta, eta aukera horrek adierazten du prozesuaren hasierako unea, hain zuzen ere, prozesu horren definizioa artikulatu behar baita errazteko, bai beharrezkoak diren neurriak hartzea, bai eta zuzendu beharreko ekonomiako akatsen detekzio zehatza errazteko ere, ezin baita ahaztu, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 119. artikuluaren arabera, kontabilitatearen helburuetako bat dela informazio egokia eskaintzea legezkotasun, finantza, ekonomia, efizientzia eta eraginkortasun arloetako kontrola egikaritzeko. Ildo horretatik, ezin ahaztu dira foru lege horrek berak, 55. artikuluan, betebeharra onartzeko ezartzen dituen baldintzak, alegia, betebeharra onartu behar duen organoaren aurrean dokumentu bidez egiaztatu behar direla prestazioaren gauzapena edo hartzekodunaren eskubidea, gastua baimendu eta konprometitu zuten administrazio xedapen eta egintzen arabera. Artikulu horrek berak espresuki ezartzen du betebeharrak onartzeko tramitazio prozedurek kasu bakoitzean eskatzen diren ziurtapen edo egiaztapen eragiketak egiten dituztenen identifikazioa bermatuko dutela, eta eragiketa horien irismena ere adierazi behar dela, bai eta emaitza ere.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak Ekonomia eta Ogasun kontseilariari esleitzen dio, besteak beste, kontabilitatean agertu behar duten eragiketak gauzatzeko prozedura operatibo eta sistema informatikoen baldintzak ezartzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Fakturatutako eragiketen baldintzak biltzen dituzten egintzen kontabilitateko tratamendua.

1. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariaren maiatzaren 16ko 150/2014 Foru Aginduaren 3. artikuluan aipatzen den esleipen kodea, (agindu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan fakturen kontabilitate erregistroaren funtzionamendua), alegia, kode hori erabiltzen baita onartu beharreko betebeharrei dagozkien aurrekontu eta kontabilitate esleipena identifikatzeko, bada, delako kode hori izanen da betebehar horiek dagozkien ondasun emakida edo zerbitzu prestazioei aplikatu beharreko baldintzak jasoko dituen dokumentuaren erreferentzia unibokoa, salbuespen hauekin:

a) Kopuru gutxiko kontratuei dagozkien fakturak, aurrekontuko partidari erreferentzia generikoko esleipen kode bat izanen dutenak. Gastu gutxikotzat hartuko dira Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluaren arabera hala definitzen direnak.

b) Erosketak eta biltegiak kudeatzeko sistemak (O-NOZk eta LSHINk) kudeatzen dituen eragiketei lotutako gastuen fakturak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean jasotako tresnen esparruan adierazitakoaren arabera egin badira.

2. Kontratu euskarririk gabe egindako prestazioak eragin duen desoreka konpentsatzeko onartzen diren betebeharrek dokumentu erreferentziatzat hartuko dute fakturak ordaintzeko espedienteak ebazten dituen gobernu akordioa. Horretarako, hartzen den gobernu akordio bakoitzak gastuaren erreserba edo baimen dokumentu baten erreferentzia jaso behar du, eta haren esleipen kodea agertuko da baimendu diren fakturetan. Kontabilitateko agirietan "kontratu mota" gisa CN100 kodea agertuko da, eta soilik erabiliko da Gobernu Akordio hauei dagozkien gastu erreserba edo baimenak jasotzen dituzten kontabilitateko espedienteetarako.

2. Betebeharrak onartzeko egin beharreko egiaztapen formalak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoetan jasotzen diren fakturei dagozkien betebeharren onarpenaren tramitazioan, gutxienez, egiaztapen formal hauek sartuko dira:

- Fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onartutako Fakturazio Erregelamenduan jasotzen den nahitaezko edukia duela.

- Fakturak aipatzen dituen ondasun edo zerbitzuak benetan entregatu edo eman direla.

- Fakturan aipatzen diren ondasun edo zerbitzuak Administrazioko organo batek baliozkotasunez egindako eskaera baten xede izan direla.

- Onartu beharreko betebeharren zenbatekoa bat datorrela egindako eskaerari aplikatu beharreko baldintzekin, eta baldintza horiek jasotzen dituen egintza edo dokumentua aipatzen dela.

- Aurrekontu esleipena zuzena dela.

Egindako egiaztapenen berri eman beharko da, eta egiaztatu duenaren nortasuna adierazi.

3. Kopuru txikiko kontratuak.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluan zehaztutako kopuru txikiko kontratuen kasuan, egindako eskaerari aplikatu beharreko baldintzei buruz aurreko artikuluan adierazitako egiaztapenak agindu hori behar bezala erabiltzeari buruzkoak direla ulertuko da, bereziki, kontratua ez delako gastu handiko erabaki bati buruzkoa, esleipen prozedura formalizatuagoak erabiltzea eskatuko lukeena. Bestalde, finantza kontroleko eragiketetan emandako gomendioak betetzeko, organo kudeatzaileek tramitazio prozedura espezifikoak ezarri beharko dituzte, eta, horietan modu argian jasoko da dena delako ondasuna edo zerbitzua kontratatzean ase nahi den beharra, eta fakturatutako prezioa merkatuko prezioarekin bat datorrela egiaztatuko da.

4. Trazabilitatea.

Organo kudeatzaileen prozedura operatiboek bermatu beharko dute onartzen diren betebehar ekonomikoen euskarri izanen diren jardueren trazabilitatea. Trazabilitate horrek aukera eman behar du, aurrekontu betebeharren onarpenaren kontabilitate oharretatik abiatuta, hartzekodunak igorritako faktura aurkitzeko, bai eta egindako egiaztapenen frogagiriak eta betekizunak onartzeko baldintzak jasotzen dituzten tresna juridikoak aurkitzeko ere.

5. Fakturen erregistroaren formularioa.

Egiaztapen eragiketak egin direla frogatzeko eta betekizuna onartzeko egintza jasotzeko, maiatzaren 16ko 150/2014 Foru Aginduan araututako Fakturen Kontabilitate Erregistrotik ateratako fakturaren karatula erabiltzen ahalko da. Foru agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan fakturen kontabilitate erregistroaren funtzionamendua ezartzen du. Kasu horretan, honako arau hauek aplikatuko zaizkie:

Egiaztatze lanak egin dituen pertsonak eta betebeharra onartzen duenak elektronikoki sinatu beharko dute Fakturen Erregistroan sortutako karatula, PDF formatuan lortua, inprimaki horretan horretarako adierazten diren lekuetan. Sinatze eragiketak kontabilitate eta aurrekontu esleipena egiteko erabiliko den esleipen kodea kontsignatu ondoren egin beharko dira, eta horrela sinatutako karatula Fakturen Erregistroan berean gorde beharko da, dagokion Kontabilitate Zentroan betebeharraren onarpena tramitatzen hasi baino lehen.

Dokumentu espezifikoetan jaso diren edo hainbat pertsonak egin dituzten egiaztapen eragiketa konplexuen kasuan, karatula sinatzen duenak egindako egiaztapenaren erantzukizuna eragiketa horien frogagiriak egiaztatzera iritsiko da, eragiketa horiek beste pertsona batzuek egiten badituzte ere. Frogagiri horretan zehaztu beharko dira egindako egiaztapen eragiketen edukia, lortutako emaitzak eta egiaztapena egiten duenaren nortasuna.

6. Foru agindu hau jakinaraztea departamentuetako idazkaritza tekniko nagusi guztiei, erakunde autonomo guztiei eta departamentu eta erakunde autonomoetako kontabilitate zentro guztiei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web