(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

36/2023 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 5EKOA, HEZKUNTZA SISTEMAKO IRAKASLEAK IZENDATZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA, NAFARROAKO LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXE PUBLIKOEN SAREAN ENPLEGURAKO LANBIDE-PRESTAKUNTZA EGIAZTAGARRIA EMATEKO, BAI ETA PRESTAKUNTZA HORI EMATEAGATIK JASOKO DITUZTEN KONPENTSAZIO EKONOMIKOAK ERE

BON N.º 89 - 28/04/2023



ZIOEN AZALPENA

Urtarrilaren 12ko 2/2020 Errege Dekretuak, zeinak ministerioetako departamentuak berregituratzen baititu, 8. artikuluan Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioari esleitzen dio Gobernuak hezkuntza arloan, eta hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren eta enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloan duen politika proposatu eta gauzatzeko eskumena.

Apirilaren 28ko 498/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak (Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen du errege dekretu horrek), Lanbide Heziketako Idazkaritza Nagusiari esleitzen dio hezkuntza sistemako Lanbide Heziketa eta enplegurako lanbide-prestakuntza antolatzeko, garatzeko, ebaluatzeko, kudeatzeko eta berritzeko eginkizuna; azken lanbide-prestakuntza horri dagokionez, bereziki aipatzen dira langabeen lanbide-prestakuntza eta landunen lanbide-prestakuntza, deialdi nazionalak eta autonomikoak barne, baldin eta deialdi horiek badira profesionaltasun ziurtagiriekin lotutako prestakuntzarako, hezkuntza esparruko Lanbide Heziketa duala barne.

Enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriko irakasle izateko, profesionaltasun ziurtagiri desberdinak ezartzen dituzten errege dekretuetan ezarritako beharkizunak bete behar dira.

Era berean, Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak ezartzen du irakaskuntzako kidego hauetakoek eman dezaketela hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntza: Bigarren Hezkuntzako katedradunak eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak, Lanbide Heziketako espezialitateetakoak, Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialistak eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (desagertzeko dagoena). Orobat, eskolak ematen ahalko dituzte, unibertsitateko gradudun, lizentziadun, ingeniari eta arkitekto titulua izateaz gain edo, hala badagokio, Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren edo teknikari espezialistaren titulua, irakaskuntza ondorioetarako baliokidetzat jo dena, graduondoko mailako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa edo goi mailako teknikarien gaikuntza pedagogiko eta didaktikorako ezarritakoa dutenek, edo baliokidea, bat etorriz Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

Gainera, urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuak (haren bidez malgutzen dira profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintzan eska daitezkeen baldintzak, bai eta, hezkuntza sistemako ikastetxeen Lanbide Heziketako eta enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintzan eska daitezkeenak ere) 4. artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza sistemako irakasleek profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza moduluak ematen ahalko dituzte, lanbide-moduluei lotutako konpetentzia-unitateen egokitasuna kontuan hartuta, zeinak berariaz jasota baitaude Lanbide Heziketako titulu edo profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren arauetan. Irakasle horiek beren lanposturako ezarritako lanaldia eta ordutegia osatzen ahalko dute beste modalitateetako prestakuntza-ekintzak emanez. Era berean, beren dedikazioa borondatez handitzen ahalko dute, eta interes publikokotzat joko da eta ez dute bateragarritasun-baimenik beharko.

Ildo beretik, uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legeak, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak hobetzeko neurriei buruzkoak, 14. artikuluan dioenez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako irakasleek -berariazko Lanbide Heziketan dituzten funtzioak betetzen jarraituz- lanerako eta etengabeko lanbide-prestakuntzan eginkizunak betetzen ahalko dituzte, beren profil akademiko eta profesionalaren arabera. Bestalde, adierazten du lanerako lanbide-prestakuntzan eta etengabeko lanbide-prestakuntzan aritzea interes publikotzat hartuko dela, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko araudian xedatutakoaren ondorioetarako.

Nahiz eta ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako irakasleen dedikazio nagusia hasierako prestakuntzara bideratuta egon, antolaketa-arrazoiak eta irakaskuntzaren egokitasuna direla medio beharrezkoa da noizean behin enplegurako lanbide-prestakuntzako ekintzetan parte hartzea. Horregatik, lehen aipatutako 26/2002 Foru Legearen 14. artikuluak, halaber, adierazten du Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleek beren lanposturako ezarritako lanaldia eta ordutegia osatzen ahalko dutela prestakuntza-modalitate horiek irakatsiz. Era berean, urtean gehienez 150 ordu ematen ahalko dituzte enplegurako lanbide-prestakuntzan, baldin eta lanaldi eta ordutegi osoan aritzen badira araututako Lanbide Heziketan.

Azkenik, artikulu horrek berak ezartzen du erregelamenduz zehaztuko dela enplegurako lanbide-prestakuntza emanen duten irakasleak izendatzeko edo kontratatzeko prozedura, bai eta konpentsazio ekonomikoak ere.

Ondorioz, Hezkuntza Departamentuari enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloan esleitutako eskumen-eremu berria ikusita, beharrezkotzat jotzen da LHko ikastetxeetako irakasleak izendatzeko prozedurak zehaztea, hezkuntza administrazioak ikastetxe publikoen sarean antolatzen dituen eskaintza horietan esku hartu dezaten, eta jarduera horien konpentsazioak finkatzea.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko apirilaren bosteko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazioeremua.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean Hezkuntza Departamentuko irakasleak izendatzeko prozedura arautzea, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publikoen sarean enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarria emateko, bai eta konpentsazio ekonomikoak ere.

2. artikulua. Hezkuntza administrazioaren eremuko enplegurako prestakuntzako irakasleak.

1. Oro har, enplegurako prestakuntza egiaztagarriaren ikastaroetako eskolak, administrazioaren mendeko Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publikoen sarean egiten direnean, lehentasunez, hezkuntza sistematik kanpoko langileek emanen dituzte, baldin eta prestakuntza-eskaintza horiek emateko legez aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

2. Enplegurako lanbide-prestakuntzako irakasleen fitxategian ez baldin badago prestakuntza-eskaintza jakin bat emateko gaituta dagoen inor, edo, egonez gero, programatutako prestakuntza-ekintza egiteko prest ez badaude, Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publikoetako irakasleek parte hartzen ahalko dute irakasle gisa, baldin eta prestakuntza-ekintza jakin hori emateko legez ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. Lanbide Heziketako irakasleek berariaz esku hartzea komeni den salbuespenezko egoeretan, dela eman beharreko gaiaren berezitasunagatik, dela ezaugarri bereziko makinak edo ekipoak erabili beharrarengatik, edo behar bezala justifikatutako beste inguruabar batzuengatik, prestakuntza-ekintza horiek emateko baldintza orokorrak betetzen dituzten Lanbide Heziketako irakasleei esleitzen ahalko zaie prestakuntza-ekintzaren irakaskuntza.

3. artikulua. Ikastaroetarako irakasle propioak hautatzea.

1. Aurreko artikuluan jasotako inguruabarretako bat gertatzen denean, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publikoetako irakasleak izendatzen ahalko dira ikastetxe horietan enplegurako Lanbide Heziketako ikastaro egiaztagarriak emateko, ondotik zehazten den lehentasun hurrenkerari jarraikiz, betiere eskaintza hauetan irakasteko ezarritako legezko baldintzak betetzen badituzte:

a) Lanaldia eta ordutegia osatu gabe duten Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleak. Ondorio horietarako, ez dira osatu gabetzat joko Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan jasotako murrizketen ondoriozko lanaldiak, ez eta Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2018-2022 itunaren ondoriozkoak ere. Irakasle horiek gehienez 300 irakastordu ematen ahalko dituzte enplegurako prestakuntzan ikasturte bakoitzeko.

b) Lanbide Heziketako ikastetxeetan lanaldi osoan aritzen diren irakasleak; gehienez 150 irakastordu ematen ahalko dituzte ikasturte bakoitzeko.

2. Era berean, honako irizpide hauen arabera ordenatuko dira aurreko a) edo b) lehentasun-taldeetako irakasleak, betiere izendapen horiek borondatezkoak direla errespetatuz:

a) Prestakuntza-ekintza zer ikastetxetan eginen den, han eskolak ematen dituzten irakasleak, baldin eta kasuan kasuko enplegurako prestakuntza ikastaro egiaztagarriko konpetentzia-unitateei lotutako lanbide-moduluetan irakasten badute.

b) Prestakuntza-ekintza zer ikastetxetan eginen den, han eskolak ematen dituzten irakasleak, baldin eta kasuan kasuko enplegurako prestakuntza ikastaro egiaztagarriko konpetentzia-unitateei lotutako lanbide-arloan irakasten badute.

c) Eskaintza zer ikastetxetakoa den, han aritzen ez diren irakasleak, aurreko a) eta b) ataletan adierazitako lehentasun hurrenkera berean.

3. Aipatutako irizpideak aplikatzean berdinketarik gertatuz gero, berdinketa hausteko irizpideak izanen dira ikastetxean izandako antzinatasuna eta funtzionario gisa izandako antzinatasuna, ondoz ondo. Berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da izendapena.

4. artikulua. Irakasleak izendatzea.

Aurreko artikuluan ezarritako hautaketa-irizpideak aplikatu ondoren, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak, bidezko ebazpenaren bidez, prestakuntza-ekintza horietan parte hartuko duten irakasleak izendatuko ditu. Ebazpen horretan, honako hauek zehaztuko ditu: ekintzen izena, zer ikastetxetan emanen diren, zer iraupenarekin eta zer alditan.

5. artikulua. Konpentsazio ekonomikoa enplegurako prestakuntza egiaztagarria ematen duten irakasleentzat.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko irakasleek, Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publikoetan egiten diren enplegurako prestakuntza-ekintza egiaztagarrietan irakasle izateko izendatzen dituztenean, eskubidea izanen dute jarduera horrengatik konpentsazio ekonomikoa jasotzeko, baldin eta jarduera hori beren ohiko lanalditik kanpo egiten bada. Konpentsazio hori honako hau izanen da:

a) Prestakuntza presentziala.

40 euro prestakuntza-ekintzan emandako irakastordu bakoitzeko.

b) Urrutiko online prestakuntza.

32 euro prestakuntza-ekintzan emandako irakastordu bakoitzeko.

Urrutiko online prestakuntzatzat hartzen da hasieratik modalitate horretan programatu den prestakuntza-jarduera.

Konpentsazio horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei oro har aplika dakizkiekeen ordainsari-eguneratzeetara egokituko dira.

Azken xedapenetako lehena. Arau garapena.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren neurriak har ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko, garatzeko eta gauzatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web