(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2023 FORU LEGEA, APIRILAREN 5EKOA, BERRERABILI EZIN DIREN PLASTIKOZKO ONTZIEN GAINEKO ZERGA BEREZIARI BURUZKOA

BON N.º 83 - 24/04/2023



ATARIKOA

Hamarkada gutxi batzuetan, existitzen ez zen material izatetik planeta osoko bazterretan egotera igaro da plastikoa. Haren ezaugarriak direla eta, industriarako material aproposa da: oso merkea, arina, moldagarria eta iragazgaitza da, kontsumitzailea erakartzeko kolore-sorta zabala har dezake, eta erresistentzia dauka korrosioarekiko eta narriadurarekiko.

Azken ezaugarri hori, baina, haren ahulgune handiena ere bada, eta bizi ditugun garaiotako ingurumen kezka handienetako bat, zalantzarik gabe. Material hau zati txikiagoetan baino ez da desegiten, alegia, mikroplastikoetan; organismo askok mikroplastiko horiek irensten dituzte, itsas-jakietatik bereizi ezinik, eta intoxikazioa dela kausa hil egiten dira. Halaber, benetan kezkagarriak dira giza gorputzen barruan geratzen diren mikroplastikoek ekar ditzaketen ondorioak; izan ere, halakoak aurkitu dira itsasotik datozen zenbait elikagaietan, gatzean eta botilako urean.

Estatuan, eta xede harturik plastikozko hondakin gutxiago sortzea eta birziklatzea sustatzea, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia sortu zen, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen bidez.

Zerga berri hori zeharkako tributu bat da, berrerabili ezin diren ontzi plastikodunak Espainiako lurraldean erabiltzeari ezartzen zaiona.

Lege horren azken xedapenetako hamargarrenak dioenez, "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta sei hilabeteko epean Hitzarmen Ekonomikoa egokitzea erabakiko da, abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak 2022ko abenduaren 28an Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean izenpetutako akordioarekin bat, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia ordainaraztean, Estatuak unean-unean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu Nafarroak.

Hori dela eta, foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arautzea berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia.

Hitzarmen Ekonomikoaren 3.1 artikuluari jarraikiz, Estatuari dagokio zerga berezien inportazioen erregulazioa, kudeaketa, likidazioa, bilketa eta ikuskapena. Horrenbestez, Nafarroak ez duenez eskumenik arlo horretan, foru legeak aipatu gabe uzten du, propio utzi ere, inportazioen araubidea, 7/2022 Legean xedatutakoaren araberakoa izanen baita.

Ontziak lotuko zaizkio zergari, bai hutsik daudenak, bai salgaiak eduki, babestu, manipulatu, banatu edo aurkezten dituztenak.

Ontziak material batez baino gehiagoz osaturik daudenean, eta horietako bat plastikoa denean, plastiko kopuruaren arabera zergapetuko dira.

Zerga-egitatea da berrerabili ezin diren ontzi plastikodunen fabrikazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena.

Hala ere, kontuan hartuta batzuetan eragile ekonomiko batek baino gehiagok hartzen duela parte ontzi horien fabrikazioan, edo, are, ontzien zati jakin batzuk -itxigailuak kasurako- beste subjektu batzuek fabrikatzen dituztela, eta, ahal den neurrian, zergapekoen kopurua txikiagoa izan dadin, eta, horrenbestez, zergaren kudeaketa errazteko, bai eta hizpide ditugun subjektuen karga administratiboak gutxitze aldera ere, honako hau egonen da zergari lotua: plastikozko produktu erdilanduen fabrikazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena -termoplastikozko aurreformak edo xaflak, esaterako-, produktu horiek ontziak fabrikatzera bideratzen direnean, bai eta ontziak itxi, merkaturatu edo aurkezteko balio duten bestelako produktuak fabrikatzea edo eskuratzea. Hortaz, ez dute fabrikatzaile izaera izanen produktu erdilanduetatik abiatuta ontziari behin betiko forma ematen diotenak edo ontziari jada zergapetu diren plastikozko osagaiak -itxigailuak adibidez- eransten dizkiotenak; fabrikatzaile ez direnez, ez dira zergadunak izanen.

Bestetik, produktu plastikoak birziklatu daitezen sustatzeko xedez, zergaren xede-esparruko produktuetan birziklatutako plastikoa badago, plastiko birziklatuaren kopuru horri ez zaio zerga ezarriko.

Hori horrela, hauxe izanen da zerga-oinarria: zergaren xedeko produktuetan dagoen plastiko birziklatu gabea, kilogramotan. Zerga tasa 0,45 eurokoa izanen da kilogramo bakoitzeko.

Ez zaizkio zergari lotuko ondasunak edo produktuak eduki, babestu, manipulatu edo entregatzera bideratutako produktuei eransteko egiten diren margoak, tintak, laka eta itsasgarriak. Ez zaie zerga ezarriko, ezta ere, Europar Batasunaren barruan egiten diren ontzi eskurapen txikiei, salbuetsita daude eta. Eskurapen txikitzat hartuko dira Europar Batasunaren barruko eskurapen horren xedeko ontzietan dagoen plastiko birziklatu gabea ez denean 5 kilogramo baino gehiago. Era berean, egokitzat jo da honako produktu hauek zergatik salbuestea: botikak, osasun-produktuak, erabilera mediko berezietarako elikagaiak, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakinak edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuak edukitzeko, babesteko, manipulatzeko, banatzeko edo aurkezteko erabiltzen direnak, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan siloratzeetarako erabiltzen diren plastikozko bilkariak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoa betetzeko, foru lege hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Arauak tributu baten sorrera arautzen du, eta, beraz, beharrezkoa da foru lege mailako arau baten bidez onartzea; ez da maila txikiagoko beste arau-aukerarik kontuan hartu.

Era berean, proportzionaltasun printzipioa ere betetzen da, eskuratu nahi diren helburuak erdiesten ahalegindu baita. Izan ere, eta adibide gisa, ez zaio zerga ezarriko zergaren xede-esparruko produktuek duten plastiko birziklatuaren kopuruari, ez eta ontzi berrerabilgarriei ere.

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da arau-proiektua foru-ordenamendu juridikoarekin koherentea dela.

Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Ogasunaren webgunean argitaratzeak zaintzen du gardentasunaren printzipioa errespetatzen dela.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, saiatu da arauak ahalik eta administrazio-karga eta zeharkako kostu gutxien izaten eta baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatzen. Ildo horretan, zergadunei eskatzen zaizkien informazio- eta dokumentazio-eskakizunak behar-beharrezkoak dira zerga administrazioak haien jardueraren kontrol minimoa bermatzeko.

1. artikulua. Izaera eta helburua.

1. Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia zeharkako tributu bat da; zergaren aplikazio-lurraldean ezarriko zaio berrerabili ezin diren ontzi plastikodunen erabilerari, bai ontziak hutsik daudenean, bai salgaiak eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko erabiltzen direnean ere.

2. Zergaren helburua da, batetik, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien ondoriozko hondakinak sortu ez daitezen sustatzea, eta, bestetik, bultzada ematea hondakin plastikoen birziklatzeari, horrela, material horren zirkulartasunari lagunduz.

2. artikulua. Xedeesparrua.

1. Zerga honen xede-esparrukoak dira:

a) Berrerabili ezin diren ontzi plastikodunak.

Ondorio hauetarako, ontzi izanen dira salgaiak edukitzeko, babesteko, manipulatzeko, banatzeko eta aurkezteko diseinatutako gai guztiak, barne direla Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2.m) artikuluan definitutakoak, eta nahiz eta definizio horrekin bat etorri ez, funtzio berberetarako eta baldintza berberetan erabiltzeko modukoak direnak, salbu eta gai horiek produktu baten osagai badira eta beharrezkoak badira produktu hori bere bizitza baliagarri osoan edukitzeko, mantentzeko edo zaintzeko eta haren osagai guztiak batera erabiltzeko, kontsumitzeko edo ezabatzekoak badira.

Berrerabili ezin diren ontziak dira sortu, diseinatu eta merkaturatu ez direnak haien bizi-zikloan zirkuitu edo errotazio anitz egiteko, edo jatorrizko diseinuaren xede berbererako betetzeko edo berrerabiltzeko.

b) Produktu plastiko erdilanduak, a) letran aipatutako ontziak lortzera bideratutakoak, esaterako, termoplastikozko aurreformak edo xaflak.

c) Plastikoa duten produktuak, baldin eta berrerabili ezin diren ontziak ixteko, merkaturatzeko edo aurkezteko badira.

2. Aurreko apartatuaren ondorioetarako, plastikotzat hartuko da 7/2022 Legearen 2.u artikuluan definitutako materiala.

3. 1. apartatuan aipatzen diren produktuak material batez baino gehiagoz osaturik daudenean, eta horietako bat plastikoa denean, plastiko kopuruaren arabera zergapetuko dira.

3. artikulua. Zergaren ordainarazpena eta ikuskapena.

Nafarroako Foru Komunitateari dagokio zerga ordainaraztea eta ikuskatzea, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35 bis artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

4. artikulua. Definizioak.

1. Zerga honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Europar Batasunaren barruko eskurapena: zergaren aplikazio-lurraldera -Kanarietara, Ceutara eta Melillara izan ezik-, Europar Batasuneko beste estatu batetik eskuratzailearentzat igortzen edo garraiatzen diren eta zerga honen xede diren produktuen gaineko erabiltzeko ahalmena lortzea transmisioaren egileak, eskualdatzaileak berak edo hirugarren batek aurreko edozeinen izenean eta kontura.

Era berean, Europar Batasunaren barruko eskurapenen pareko eragiketatzat hartuko da zergaren xede diren produktuak produktuaren jabeak zergaren aplikazio-lurraldean jasotzea -Kanarietan, Ceutan eta Melillan izan ezik-, bidalketa Europar Batasuneko beste estatu batetik egin badu.

b) Fabrikazioa: zerga honen xedeko produktuak egitea.

Hala ere, ontziak egitea ez da fabrikaziotzat hartuko baldin eta bakar-bakarrik erabiltzen badira 2.1 artikuluaren b) eta c) letretako zergapeko produktuak, edo, horiez gain, plastikorik ez duten beste produktu batzuk.

Era berean, fabrikazioa izanen da ontziei plastikozko beste osagai batzuk eranstea, nahiz eta gai horiek, banaka, ez izan zergaren xede-esparrukoak; izan ere, gai horiek ontziei eranstean, ontzien parte bihurtzen dira.

c) Kudeaketa bulegoa: Nafarroako Foru Ogasunaren egitura organikoaren arauekin bat, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga kudeatzeko eskumena duen organoa.

d) Produktu erdilanduak: tarteko produktuak dira, eraldatze-eragiketa bat edo batzuk izan dituzten lehengaietatik lortutakoak; ontziaren zereginetara bideratu aurretik beste eraldatze fase bat edo batzuk beharko dituzte.

e) Osasun-jatorriko hondakin arriskutsuak: berariazko baldintza eta arauen arabera kudeatzen diren edukiontzi sanitarioetara bota behar diren hondakinak dira; izan ere, horrela prebenitzen da gaixotasunen hedapena, eta herritarren osasun eta segurtasuna zaintzen dela bermatzen.

f) Zergaren aplikazio-lurraldea: Espainia.

2. Foru lege honetan agertzen diren eta substantibitate propioa duten kontzeptuei eta terminoei dagokienez, kapitulu honetan definitzen direnak salbu, zerga honen xede-esparruan sartzen diren produktuei buruz Europar Batasuneko eta Estatuko araudian xedatzen dena bete beharko da.

5. artikulua. Zergaegitatea.

1. Zergari lotuta dago zerga honen xede-esparruko produktuen fabrikazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena.

2. Halaber, zergari lotuta dago zerga honen xede-esparruko produktuak zergaren aplikazio-lurraldean arauz kontra sartzea.

Produktu horiek zergaren aplikazio-lurraldean arauz kontra sartu direla joko da horiek eduki, merkaturatu, garraiatu edo erabiltzen dituenak ez badu egiaztatzen produktuak fabrikatu, inportatu edo Europar Batasunaren barruan eskuratu dituela, edo ez badu justifikatzen produktuak Espainian eskuratu direla.

6. artikulua. Zergari lotuta ez dauden kasuak.

Ondokoak ez zaizkio zergari lotuko:

a) Zergaren xede-esparruko produktuen fabrikazioa, baldin eta zergaren sortzapena baino lehen erabiltzeko egokiak izateari utzi badiote edo suntsitu badira, eta, betiere, hori gertatu dela frogatu bazaio Nafarroako Foru Ogasunari, zuzenbidean onargarri den edozein frogabideren bidez.

b) Zergaren xede-esparruko produktuen fabrikazioa, baldin eta, fabrikatzaileak zuzenean edo hirugarren batek haren izenean edo kontura, zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora bidaltzeko erabiltzen badira.

Zergari lotuta ez dagoen kasu hori eraginkorra izan dadin, produktuak zergaren aplikazio-lurraldetik benetan atera direla frogatu beharko da.

c) Zergaren xede-esparruko produktuei eransteko sortzen diren margo, tinta, laka eta itsasgarrien fabrikazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena.

d) 2.1 artikuluaren a) letran aipatzen diren produktuen fabrikazioa edo eskurapena, baldin eta, produktu horiek salgaiak edukitzeko, babesteko edo manipulatzeko modukoak izanik ere, salgai horiekin batera entregatzeko diseinaturik ez badaude.

7. artikulua. Sortzapena.

1. Fabrikazio kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da fabrikatzaileak eskuratzaileari lehenbizikoz entregatzen edo eskura jartzen dizkionean, zergaren aplikazio-lurraldean, zergaren xede-esparruko produktuak. Kontrakoa frogatu ezean, fabrikatutako produktuen stockak behera egiten duenean, ulertuko da fabrikatzaileak produktu horiek entregatu edo eskueran jarri dituela.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zerga-egitatea egin aurretik ordainketa aurreratuak egiten badira, zerga sortuko da benetan jasotako zenbatekoengatik prezioa osorik edo partzialki kobratzen den unean.

2. Europar Batasunaren barruko eskurapenen kasuan, zergaren xede-esparruko produktuak eskuratzaileari bidaltzen edo garraiatzen hasten den hilabetearen hurrengo hilabeteko 15ean gertatuko da zergaren sortzapena, non ez den egun hori baino lehen egiten eragiketa horiengatiko faktura; kasu horretan, zergaren sortzapena hura jaulkitzen den egunean gertatuko da.

3. 5.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da zergaren xede-esparruko produktuak zergaren aplikazio-lurraldean arauz kontra sartzen diren unean, eta, hori noiz gertatu den jakiterik ez badago, arauz kontrako sarrera hori preskribatu gabeko likidazio-epeetako aurrenekoan egin dela joko da, non eta zergadunak ez duen frogatzen beste epe bati dagokiola.

8. artikulua. Salbuespenak.

Ondoko hauek salbuetsirik geldituko dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan:

a) Honako hauen fabrikazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena:

1. 2.1 artikuluaren a) letran aipatzen diren ontziak, baldin eta erabiltzen badira botikak, osasun-produktuak, erabilera mediko berezietarako elikagaiak, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakinak edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuak edukitzeko, babesteko, manipulatzeko, banatzeko edo aurkezteko.

2. 2.1 artikuluaren b) letran aipatzen diren produktu plastiko erdilanduak, baldin eta erabiltzen badira botika, osasun-produktu, erabilera mediko berezietarako elikagai, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakin edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuetarako ontziak egiteko.

3. Berrerabili ezin diren ontziak ixteko, merkaturatzeko edo aurkezteko erabiltzen diren produktu plastikodunak, baldin eta erabiltzen badira botikak, osasun-produktuak, erabilera mediko berezietarako elikagaiak, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakinak edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuak edukitzeko, babesteko, manipulatzeko, banatzeko eta aurkezteko.

Salbuespen hori eraginkorra izan dadin, frogatu beharko da aurreko apartatuetan bildu diren produktuak benetan bideratu direla bertan ezarritako erabileretarako. Zehazki, zergadunek adierazpen bat eskuratu beharko dute eskuratzaileengandik, erabilera horietarako produktuak lehenbizikoz entregatu edo eskura jarri baino lehen; adierazpen horretan adieraziko dute zein den produktuen erabilera, zerga salbuespenerako eskubidea emanen diena. Adierazpen hori gorde egin beharko da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 55. artikuluan aipatzen diren zergaren preskripzio-epeetan.

b) 2.1 artikuluaren a) letran aipatzen diren ontzien Europar Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta zergaren aplikazio-lurraldean sartzen badira botikak, osasun-produktuak, erabilera mediko berezietarako elikagaiak, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakinak edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuak edukitzeko, babesteko, manipulatzeko, banatzeko eta aurkezteko.

c) Nekazaritzan edo abeltzaintzan bazka edo zerealak siloan sartzeko paka edo fardoetan erabiltzen diren plastiko bilkarien fabrikazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena.

d) Zergaren xede-esparruko produktuen Europar Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta, zerga-egitate horri dagokion zergaren autolikidazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen, produktu horiek zuzenean bidaltzen baditu zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora Europar Batasunaren barruko eskuratzaileak, edo beste batek haren izenean edo kontura.

Salbuespen hori eraginkorra izan dadin, produktuak zergaren aplikazio-lurraldetik benetan atera direla frogatu beharko da.

e) Zergaren xede-esparruko produktuen Europar Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta, zerga-egitate horri dagokion zergaren autolikidazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen, erabiltzeko egokiak izateari utzi badiote edo suntsitu badira, eta, betiere, hori gertatu dela frogatu bazaio Nafarroako Foru Ogasunari, zuzenbidean onargarri den edozein frogabideren bidez.

f) 2.1 artikuluaren a) letran aipatzen diren ontzien Europar Batasunaren barruko eskurapena, bai ontziak hutsik sartzen direnean, bai beste ondasun edo produktu batzuk edukitzeko, babesteko, manipulatzeko, banatzeko eta aurkezteko sartzen direnean, baldin eta Europar Batasunaren barruan eskuratutako ontzi horien plastiko birziklatu gabearen guztizko pisua ez bada, hilabete batean, 5 kilogramo baino handiagoa.

g) Honako hauen fabrikazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena:

1. Produktu plastiko erdilanduak, zeinak 2.1 artikuluaren b) letran aipatzen baitira, zergaren xede-esparruko ontzietarako erabiltzen ez direnean.

2. Berrerabili ezin diren ontziak ixteko, merkaturatzeko edo aurkezteko erabiltzen diren produktu plastikodunak, erabilera horietarako ez direnean.

Salbuespen hori eragingarria izan dadin produktu horiei benetan emandako erabilera egiaztatu beharko da. Zehazki, zergadunek adierazpen bat eskuratu beharko dute eskuratzaileengandik, produktuak lehenbizikoz entregatu edo eskura jarri baino lehen; adierazpen horretan adieraziko dute zein den produktuen erabilera. Adierazpen hori mantendu egin beharko da 13/2000 Foru Legearen 55. artikuluan aipatzen diren zergaren preskripzio-epeetan.

9. artikulua. Zergadunak.

5.1 artikuluan azaldutako kasuetan, zergadunak izanen dira 13/2000 Foru Legearen 25. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak, baldin eta zergaren xede-esparruko produktuak fabrikatzen edo Europako Batasunaren barruan eskuratzen badituzte.

Zergaren xede-esparruko produktuak arauz kontra sartzen direnean zergaren aplikazio-lurraldean (5.2 artikuluan dago zehazturik), produktu horiek eduki, merkaturatzen, garraiatzen edo erabiltzen dituena izanen da zergaduna.

Zergaren xedeko produktuak zertarako erabili diren justifikatzean irregulartasunik izanez gero, erabilera hori dela-eta salbuespen bat izan dutenean, zergadunek zerga ordaindu beharko dute, bai eta ezar daitezkeen zehapenak ere, baldin eta ez badute justifikatzen eskuratzaileak, jasotzeko ahalmena duenak, produktuak jaso izana, 8. apartatuan aipatzen den aurretiazko adierazpena aurkeztuta. Hura jasotzen denetik aurrera, eskuratzaileek ordaindu beharko dute zerga.

10. artikulua. Zergaoinarria.

1. Zerga-oinarria izanen da zergaren xede-esparruko produktuetan dagoen plastiko birziklatu gabearen kopurua, kilogramotan.

Zergaren xede-esparruko produktuen sortzapena gertatu bada, eta, ondoren, produktu horiei plastikozko beste osagai batzuk eransten bazaizkie, halako moduz non erantsi ostean produktuaren parte izanen baitira, zerga-oinarria izanen da produktuei erantsi zaien plastiko birziklatu gabearen kopurua, hori baino ez, kilogramotan.

2. Plastiko birziklatutzat hartuko da 7/2022 Legearen 2.u) artikuluan definitutako materiala, baldin eta hura eskuratu bada lege horren beraren 2.bc) artikuluan aipatutako balorizazio-eragiketen bidez.

3. Artikulu honen ondorioetarako, zergaren xede-esparruko produktuek duten plastiko birziklatuaren kopurua egiaztatu beharko da, egiaztapenak egiteko akreditaturik dagoen entitate baten bidez, UNE-EN 15343:2008 arauaren (“Plastikoak. Plastiko birziklatuak. Plastikoen birziklatzearen trazabilitatea eta adostasunaren ebaluazioa eta birziklatze-edukia”) edo ordezko arauen menpe. Kimikoki birziklatu den plastikoaren kasuan, kopuru hori egiaztatzeko ziurtagiria ondorio horietarako akreditaturik edo gaiturik dagoen entitateak eman beharko du.

Ziurtapen-entitateek Egiaztatze Erakunde Nazionalaren (EEN) akreditazioa izan beharko dute, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutako egiaztatze organismo nazionalarena, zeina izendatuta egonen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko uztailaren 9ko 765/2008 (EE) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (erregelamendu horren bidez ezartzen dira akreditatzeko eta merkatuak zaintzeko baldintzak, produktuen merkaturatzearekin lotuta, eta 339/33 Erregelamendua (EEE) indargabetzen da); Europar Batasunetik kanpo fabrikatutako produktuen kasuan, EENrekin nazioarteko aintzatespen akordio bat duen beste edozein egiaztatze organismoren akreditazioa izan beharko dute.

11. artikulua. Zergatasa.

Zerga tasa 0,45 eurokoa izanen da kilogramo bakoitzeko.

12. artikulua. Kuota osoa.

Zerga-oinarriari aurreko artikuluan ezarritako zerga-tasa aplikatzearen emaitza da kuota osoa.

13. artikulua. Kenkariak.

1. Likidazio-aldi bakoitzari dagokion autolikidazioan ondoren aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean, kasuan-kasuan arauz ezartzen diren baldintzekin bat, zergaren xede-esparruko produktuak Europako Batasunaren barruan eskuratzen dituen zergadunak aukera izanen du aldi horretan zergarengatik sortutako kuotari honako hauen kontura ordaindutako zergaren zenbatekoa kentzeko:

a) Zergadunak, edo beste batek haren izenean edo kontura, zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora igorritako produktuak.

b) Eskuratzaileari zergaren aplikazio-lurraldean lehenbizikoz entregatu edo eskura jarri aurretik erabiltzeko egokiak izateari utzi dioten edo suntsitu diren produktuak.

c) Eskuratzaileari entregatu edo eskura jarri ondoren itzuli diren produktuak, suntsitu edo fabrikazio prozesuan berriro sartu ditzaten, horien zenbatekoa eskuratzaileari atzera ordaindu ondoren.

Apartatu honetan bildutako kenkariak aplikatzeko baldintza izanen da, batetik, inguruabar horiek gertatu direla frogatu ahal izatea Nafarroako Foru Ogasunean, zuzenbidean onargarria den edozein frogabideren bidez, eta, bestetik, zerga ordaindu dela frogatzea, dagokion ordainagiriaren bidez.

2. Kasuan-kasuan arauz ezartzen diren baldintzekin bat, zergaduna zergaren xede-esparruko produktuen fabrikatzailea denean eta produktu horiek itzultzen direnean, suntsitu edo fabrikazio prozesuan berriro sartu behar direlako, inguruabar horiek gertatzen diren aldiko autolikidazioan kentzen ahalko du, aldi horretan zergarengatik sortutako kuotatik, produktu horiengatik ordaindutako zergaren zenbatekoa, produktu horiek eskuratzaileari lehenbizikoz entregatu edo eskura jarri ostean itzuli direnean, eta, betiere, produktu horien zenbatekoa eskuratzaileari atzera ordaindu ondoren.

Kenkaria aplikatzeko baldintza izanen da, batetik, inguruabar horiek gertatu direla frogatu ahal izatea Nafarroako Foru Ogasunean, zuzenbidean onargarria den edozein frogabideren bidez, eta, bestetik, zerga ordaindu dela frogatzea, dagokion ordainagiriaren bidez.

3. Baldin eta aurreko bi apartatuen arabera bidezkoak diren kenkarien zenbatekoak likidazio-aldi batean sortutako kuoten zenbatekoa gainditzen badu, soberakina hurrengo autolikidazioetan konpentsatzen ahalko da, betiere ez badira lau urte igaro soberakina gertatu zen likidazio-aldia amaitu zenetik.

4. Kenkarien zenbatekoak gainditzen badu urte naturaleko azken likidazio-aldian sortutako kuoten zenbatekoa, zergadunek eskubidea izanen dute likidazio-aldi horri dagokion autolikidazioan beren alde dagoen saldoa itzultzea eskatzeko.

14. artikulua. Diruitzulketak.

1. Honakoek eskubidea izanen dute ordaindutako zergaren zenbatekoa itzultzea eskatzeko, arauz ezartzen diren baldintzetan, hala badagokio:

a) Zergaren xede-esparruko produktuen eskuratzaileak, zergadun izan gabe, produktu horiek zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora bidali direla frogatzen badute.

b) Zergaren xede-esparruko produktuen eskuratzaileak, zergadun izan gabe, frogatzen badute produktu horiek honako hauetarako erabiliko direla: botika, osasun-produktu, erabilera mediko berezietarako elikagai, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakin edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuen ontzietarako, halako erabileretarako ontziak eskuratzeko edo botika, osasun-produktu, erabilera mediko berezietarako elikagai, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakin edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuetarako ontziak ixteko, merkaturatzeko edo aurkezteko.

c) Zergaren xede-esparruko produktuen eskuratzaileak, produktu horiek berrerabiliak ez izateko sortu, diseinatu eta merkaturatu direnez zergari lotuta daudenean, egiaztatzen badute, kasua bada, produktuetan aldaketaren bat eginez gero berrerabili daitezkeela.

d) Honako hauen eskuratzaileak:

1. Produktu plastiko erdilanduak, zeinak 2.1 artikuluaren b) letran aipatzen baitira, zergaren xede-esparruko ontzietarako erabiltzen ez direnean.

2. Berrerabili ezin diren ontziak ixteko, merkaturatzeko edo aurkezteko erabiltzen diren produktu plastikodunak, erabilera horietarako ez direnean.

2. Aurreko apartatuan jasotako itzulketak eraginkorrak izan daitezen, hartan aipatzen diren inguruabarrak gertatu direla frogatu beharko da Nafarroako Foru Ogasunean, zuzenbidean onargarri den edozein frogabideren bidez, bai eta zergaren ordainketa egin dela ere.

15. artikulua. Kudeaketaarau orokorrak.

1. Fabrikazio edo Europar Batasunaren barruko eskurapenaren kasuan, zergadunak beharturik daude autolikidazioa egin eta zerga-zorraren zenbatekoa diru-sarrera bidez ordaintzera.

Likidazio-aldia hiruhileko naturala izanen da, salbu eta balio erantsiaren gaineko zergaren likidazioa hilean behin egiten duten zergadunen kasuan, eragiketa-bolumenarengatik edo zerga horren araudian ezarritako bestelako inguruabarrengatik; kasu horretan, hilekoa izanen da, baita ere, zerga honen likidazio-aldia.

2. Zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezarriko ditu aurreko apartatuan aipatzen diren autolikidazioak aurkezteko ereduak, epeak eta baldintzak edo, kasua bada, zergaren itzulketa eskatzekoak.

3. 5.1 artikuluan adierazitako jarduerak egiten dituzten zergadunak, salbu eta zerga arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez zehazten direnak, beharturik daude, jarduera hasi baino lehen, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziaren lurraldeko erregistroan inskribatzera.

Zerga honi lotuta dauden zergapekoen errolda, bai eta lurraldeko erregistroan inskribatzeko prozedura ere, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez arautuko dira.

4. Beste arau batzuetan ezarritako kontabilitate betebeharrak gorabehera, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez zehaztuko diren fabrikatzaileek zergaren xede-esparruko produktuen kontabilitatea eraman beharko dute, eta, kasua bada, produktuak lortzeko behar diren lehengaiena. Kontabilitatea eramateko betebeharra betetzeko, men eginen zaie zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen dituen modu, prozedura eta epeei.

5. Zergaren xede-esparruko produktuen Europar Batasunaren barruko eskurapenak egiten dituzten zergadunek, zerga arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez zehaztuko direnak izan ezik, izakinen erregistro liburu bat izanen dute, eta kudeaketa bulegoari aurkeztu beharko diote, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen duen prozedurarekin bat eta zehazten dituen epeetan.

6. Espainiako lurraldean establezimendurik ez duten zergadunek pertsona fisiko edo juridiko bat izendatu beharko dute zerga-administrazioaren aurrean ordezkatzeko, zerga honengatik dituzten betebeharrei dagokienez, eta izendapen hori egin beharko dute zerga honen zerga-egitatea den lehen eragiketa egin aurretik.

Espainiako lurraldean establezimendurik ez duten zergadunak ordezkatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa beharturik egonen da berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziaren lurraldeko erregistroan inskribatzera, zerga honen zerga-egitatea den lehen eragiketa egin aurretik.

7. Espainiako lurraldean establezimendurik ez duten zergadunak ordezkatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoarekin bat berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziaren lurraldeko erregistroan inskribatzera beharturik badaude, aipatu erregistroa arautzen duen foru aginduak indarra hartu eta ondoko hogeita hamar egun naturalean egin beharko dute inskripzioa.

8. Zergaren aplikazio-lurraldean zergaren xede-esparruko produktuak saldu edo entregatzen direnean, honako betebehar hauek izanen dira:

a) Produktua fabrikatu ostean zergaren lurralde esparruan egiten den lehenbiziko salmenta edo entregan, fabrikatzaileek eskuratzaileari jasanarazi beharko diote salmenta edo entrega hori egitean sortu duen zergaren kuoten zenbatekoa. Egiten duten fakturan honako hauek adierazi beharko dituzte, modu bereizian:

Lehena.-Sortutako kuoten zenbatekoa.

Bigarrena.-Produktuek duten plastiko birziklatu gabearen kopurua, kilogramotan.

Hirugarrena.-Salbuespen kasuren bat aplikatzekoa den; zehaztu beharko da salmenta edo entrega zein artikuluri jarraikiz salbuesten den.

b) Gainerako kasuetan, zergaren xedeko produktuak saldu edo entregatzen dituztenek ziurtagiri batean edo salmenta/entregen ondoriozko fakturetan adierazi beharko dituzte, eskuratzaileak aurrez eskaturik, honako hauek:

Lehena.-Produktu horiengatik ordaindutako zergaren zenbatekoa edo salbuespen kasuren bat aplikatu zaion; halakoetan, zehaztu beharko da onura fiskal hori zein artikuluri jarraikiz aplikatu zaion.

Bigarrena.-Produktuek duten plastiko birziklatu gabearen kopurua, kilogramotan.

Letra honetan ezarritakoa ez da aplikatzekoa izanen faktura erraztuak egiten direnean Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 7.1 artikuluak aipatzen duen edukiarekin (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori).

16. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.

1. Artikulu honetan aurreikusitako xedapen bereziak ezertan galarazi gabe, zerga honen tributu arloko arau-hausteak 13/2000 Foru Legean eta hura garatzeko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

2. Tributu arloko arau-hausteak hauek izanen dira:

a) Ez inskribatzea berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziaren lurraldeko erregistroan.

b) Ordezkaririk ez izendatzea, lurraldean establezimendurik ez duten zergadunen kasuan.

c) Behar bezalako akreditazioa duen entitateak egiaztapen faltsua edo okerra egitea zergaren xede-esparruko produktuetan dagoen plastiko birziklatuaren kopuruaren gainean (kilogramotan).

d) Zergaren xede-esparruko produktuen eskuratzaileek bidegabe hartzea 8. artikuluaren a) eta g) letretako salbuespenen onura, letra horietan adierazitakoa ez denean produktuen benetako erabilera.

e) 15.8 artikuluan aipatzen diren datuak oker adieraztea fakturan edo egiaztagirian.

3. 2. apartatuan jasotako arau-hausteak astunak izanen dira, eta honako arau hauen arabera zehatuko dira:

a) Aurreko apartatuaren a) eta b) letretako arau-hausteei diruzko isun finkoa ezarriko zaie, 1.000 eurokoa.

b) Aurreko apartatuaren c) letrako arau-hausteari diruzko isun proportzionala ezarriko zaio, bildu gabe geratuko liratekeen zerga-kuoten zenbatekoaren %50ekoa, eta 1.000 eurokoa gutxienez.

b) letra horretan adierazitakoaren arabera dagokion zehapena %25 igoko da, tributu arloko arau-hausteak errepikatzen direnean. Errepikatzen direla joko da araua hausten duenak jardunbide baten ondorioz zehapena jasotzen badu, ebazpen irmo bidez, administrazio bidean, eta ondoko bi urtean berriro hausten badu araua, jardunbide berberagatik.

c) Aurreko apartatuaren d) letran ezarritakoari diruzko isun proportzionala ezarriko zaio, bidegabe hartutako zerga-onuraren %150ekoa, eta 1.000 eurokoa gutxienez.

d) e) letran ezarritakoari diruzko isun finkoa ezarriko zaio, 75 eurokoa, 15.8 artikuluan aipatzen diren datuak oker adierazten dituen faktura edo egiaztagiri bakoitzeko.

4. Aurreko apartatuan bildutako kasuetan 13/2000 Foru Legearen 71.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Xedapen iragankor bakarra. Zergaren xedeesparruko produktuetan dagoen plastiko birziklatuaren kopuruaren gaineko egiaztapena.

2023. urtean zehar, 10.3 artikuluan xedatutakoaren ordez, fabrikatzaileak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatzen ahalko da zergaren xede-esparruko produktuek duten plastiko birziklatu gabearen kopurua.

Azken xedapenetako lehena. Tributu Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 25eko 1/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren aldaketa. Legegintzako foru dekretu horren bidez aldatzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea eta Finantzatransakzioen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/2022 Foru Legea, eta luzatzen dira balio erantsiaren gaineko zergari eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari dagozkion zenbait neurri.

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, bigarren paragrafo bat eransten zaio 1/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren hirugarren artikuluaren Bat.4 zenbakiari:

"Aurreko paragrafoan aipatutako denboran, biomasatik datozen briketa edo pelleten eta egurraren entregetan, ehuneko 0,62ko baliokidetasun-errekargua aplikatuko da".

Azken xedapenetako bigarrena. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren aldaketa.

2022ko abenduaren 31tik aurrerako ondorioekin, 62.13.a) artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginean (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Honela idatzita geldituko da:

"a) Ibilgailu berrietan egindako inbertsioek eskubidea emanen dute 100eko 30eko kenkaria egiteko, baldin eta ibilgailu elektrikoak badira, eta 100eko 5eko kenkaria, berriz, ibilgailu hibrido entxufagarriak badira, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/585 (EB) Erregelamenduan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 168/2013 (EB) Erregelamenduan zehaztutako kategoria hauetakoren batekoak badira:"

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak, Hitzarmen Ekonomikoaren zazpigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa ezertan galarazi gabe.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web