13/2023 FORU LEGEA, APIRILAREN 5EKOA, ARRAZAKERIAREN ETA XENOFOBIAREN AURKA BORROKATZEKOA
BON N.º 83 - 24/04/2023
ATARIKO TITULUA. Xedapen orokorrak
I. TITULUA. Prebentzio eta babes neurriak
I. KAPITULUA. Arrazakeria eta xenofobia prebenitzeko mekanismoak
II. KAPITULUA. Arrazakeria eta xenofobia prebenitzeko eta hari aurre egiteko politika publikoak
III. KAPITULUA. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurrean babesteko mekanismoak
II. TITULUA. Erreparazioa
III. TITULUA. Zehapenaraubidea
I.
Azken urteetan zabaltzen joan dira arrazagatiko diskriminazioaren kontrako borroka eta arraza edo etniagatiko diskriminazioaren debekuarekin lotutako tresna juridikoen garapena, bai nazioarte osoan bai Europan. Esparru orokor gisa hartuta, Nazioa Batuen Batzar Nagusiak 2015ean ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuen artean, 16.aren helburua da "Garapen jasangarrirako, gizarte baketsuak eta esklusiboki sustatzea, justiziarako aukera ematea guztientzat eta maila guztietan eraginkorrak, arduratsuak eta inklusiboak diren instituzioak eraikitzea".
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948an onetsitako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean oinarrizko printzipio gisa jasota daude giza duintasunarekiko errespetua eta berdintasuna eta diskriminazio eza. Halatan, arrazagatiko diskriminazio modu guztiak desagerrarazteari buruzko Nazioarteko Konbentzioa (1965) erreferentziako esparru espezifikoa da diskriminazio mota horretarako.
Giza eskubideen nazioarteko esparruan berdintasuna substantiboa denez, est1atuak beharturik daude arrazagatiko diskriminazioaren kontra borrokatzeko politika espezifikoak eta neurri eraginkorrak hartzera, Konbentzioaren interpretazioa errealitatera egokitzen joateko.
Europako Kontseiluaren esparruan, berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioa jasota dago Erroman 1950eko azaroaren 4an onetsi zen Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen babeserako Hitzarmenaren 14. artikuluan. Era berean, Arrazakeriaren eta Intolerantziaren kontrako Europako Batzordeak -berme organismoa baita- 16 gomendio plazaratu ditu foru lege hau egiteko funtsezko iturburu izan diren gai espezifiko batzuei buruz (antigitanismoa, enplegua, polizia, eta abar).
Horrez gain, pentsatzekoa denez, Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikuluan ere aipatzen da. Estatu kide guztiek erkide dituzte balio horiek, aniztasuna, bereizkeriarik eza, tolerantzia, justizia, elkartasuna eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna ezaugarri dituen gizartearen baitan. Xedapen hori, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. artikuluarekin batera, Europako sorrerako zuzenbidearen oinarri juridikoa da, eta estatu bakoitzak Europar Batasunean onartua denean bete beharreko ondare europarraren parte da. Europako zuzenbide eratorria Kontseiluaren 2000/43/EE Zuzentarauan mamitzen da, bertan arautzen baita pertsonen tratu berdintasunaren printzipioaren aplikazioa, haien arraza- edo etnia-jatorria gorabehera.
Europar Batasunaren Arrazakeriaren kontrako 2020tik 2025era bitarteko Ekintza Planak aitortzen du egiturazko arrazakeria izan badela, eta estatuei dei egiten die hala dela aitortzeko eta politika proaktiboen bidez gaiari heltzeko. Horrez gain, kontuan hartu beharra dago Ijito Herriaren Berdintasun, Inklusio eta Parte-hartzearen aldeko EBren Esparru Estrategikoa, 2020tik 2030era bitartekoa, zeinaren bidez Europar Batasuneko estatuak premiatzen baitira proaktiboagoak izan daitezen arrazakeriaren kontrako borrokan, oro har, eta antigitanismoaren kontrakoan, bereziki.
Europako Parlamentuak ere adierazi du -Europar Batasunean giza eskubideen egoera azaltzen duen 2022ko azaroaren 10eko Ebazpenean- diskriminazio, gorroto eta intolerantzia mota ororen kontrako borroka areagotu beharra dagoela Europar Batasunean oinarrizko eskubideen egoerari buruzko 2020ko eta 2021eko txostenean oinarrituta; ebazpen horretan Batasuna eta Batasuneko estatuak bultzatzen ditu diskriminazio askotarikoaren arazoa sar dezaten berdintasunaren arloko beren politiketan.
Europako Parlamentuaren 2019ko martxoaren 26ko Ebazpenak, jatorri afrikarreko pertsonek Europan dituzten oinarrizko eskubideei buruzkoak, Batasuneko estatuei eta instituzioei eskatzen die aitor dezatela jatorri afrikarreko pertsonek arrazakeria, diskriminazioa eta xenofobia pairatzen dutela bereziki, eta, oro har, berdintasun falta giza eskubideak eta oinarrizko eskubideak baliatzeko, egiturazko arrazakeriaren pareko egoera alegia, eta pertsona horiek eskubidea dutela berdintasun falta horien aurrean babesa jasotzeko norbanako gisa nahiz talde gisa, esate baterako neurri positiboak ezarriz haien eskubideak sustatzeko eta osotara eta berdintasunez baliatzeko.
Azkenik, Europako Parlamentuaren 2022ko martxoaren 8ko Ebazpenak, arrazakeriaren kontrako borrokan kulturak, hezkuntzak, hedabideek eta kirolak betetzen duten zereginari buruzkoak, azpimarratzen du Europako gizarteetan gero eta aniztasun kultural handiagoa dagoela eta gero eta gehiago direla atzerrian jaiotakoak eta haien ondorengoak, eta kultura, hezkuntza eta kirola funtsezkoak direla gizarte ireki bat, mundu guztia adeitasunez hartzen duena, sustatzeko. Horrez gainera, garrantzitsutzat jotzen du aitortzea pertsona horiek historian zehar Europako kulturari eta ezagutzari egindako ekarpena eta utzitako legatua, eta aitortzen du arrazakeria oso sustraitua dagoela gizartean eta atxikirik dagoela bere sustrai kulturalei, herentziari eta arau sozialei.
Estatuan, 1978ko Konstituzioaren 14. artikuluak berdintasunerako eta diskriminazio ezerako eskubidea aldarrikatzen du, eta horretarako arrazoi bereziki arbuiagarrien artean aipatzen ditu jaiolekua, arraza, sexua, erlijioa edo iritzia; hartara, beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialek eragindako diskriminazioa debekatzen du.
Neurri fiskalei, administratiboei eta arlo sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen 35. artikuluaren bidez, Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2000/43/EE Zuzentarauaren 5. artikuluaren transposizioa egin zen. Zuzentarau hori, hain zuzen ere, pertsonekiko tratu berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa da, arraza- edo etnia-jatorria zein den ere. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren esparruan, Kirolaren arloko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legea nabarmendu beharra dago.
Azkenik, Tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren aldeko uztailaren 12ko 15/2022 Lege Integralak aitortzen du pertsona orok eskubidea duela tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko, nazionalitateari begiratu gabe, adingabeak nahiz adinez nagusiak izan, legezko egoiliarra izan ala ez, eta adierazten du inork ezin duela diskriminaziorik jasan honakoetan oinarrituta: jaioterria, arraza- edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu-orientazioa edo -identitatea, genero-adierazpena, gaixotasuna edo osasun-egoera, egoera serologikoa eta/edo patologiak eta nahasmenduak izateko joera genetikoa, hizkuntza, egoera sozioekonomikoa, edo beste edozein baldintza edo ezaugarri pertsonal edo sozial".
Halere, arau-esparru hori estatuko eta autonomia erkidegoko araudiarekin osatu behar da, halaxe ezartzen baitu Arrazakeriaren eta intolerantziaren kontrako Europako Batzordearen 7. gomendioak, arrazakeriari eta arrazagatiko diskriminazioari aurka egiteko legegintzaren beharrari buruzkoak, bai eta Europar Batasunaren Arrazakeriaren kontrako 2020tik 2025era bitarteko Ekintza Planak ere.
Horrenbestez, foru lege honen helburua da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluan garapen komunitarioaren eta berdintasun politiken arloan aitortzen den eskumen osoa baliatuz, etnia- edo arraza-jatorrian oinarritutako diskriminazioaren prebentzioa, babesa eta erreparazioa sustatuko duten politika publikoak garatzea Europako araudiaren babesean, eta Nafarroara ekartzea giza eskubideen arloko babes estandar zorrotzenak, garapenerako ezinbesteko bidetzat harturik kohesioa bilatzen duen gizarte aurreratu bati hala baitagokio.
Gure erkidegoan, Nafarroako Ijitoen Arreta Integralerako lehendabiziko Planaren ondotik (2011-2014) Ijitoen Garapenerako Estrategia (2019-2022) heldu zen, aitzindaria izan zena antigitanismoaren aurkako borroka helburu estrategikoen artean jasotzeari dagokionez. Ijito Herriaren Berdintasun, Inklusio eta Parte-hartzearen aldeko Estrategia Nazionalarekin (2021-2030) koordinatuta, honako arlo hauek jorratzen ari dira nagusiki: biktimentzako arreta, prestakuntza foru administrazioaren maila guztietan, emakumezko ijitoek jasaten duten diskriminazio intersekzionala, eta datuen beharra egoera modu egokian aztertu eta ijitoen kontrako arrazakeriaren eta haren ondorioen kontrako proiektu eta politika publikoak diseinatzeko.
Nolanahi ere, antigitanismoaz eta tratu berdintasunaren aipamen orokorrez harago joan beharra dago arrazakeriaren eta xenofobiaren funtsari benetan heltzeko, arazo horiek beren izaera propioa dutelako, gizartean errotua. Horretarako, Foru Komunitatea tresna batzuk sortzen joan da, esate baterako Nafarroako Arrazakeriaren kontra Borrokatzeko Plana, Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 16an onetsia, zeinean detektatu baitzen, prestakuntza lanetan betetzeko parte-hartze prozesuari esker, gure erkidegoan dauden migratzaileek arrazakeria eta xenofobia egoerak identifikatzen dituztela nafar gizartean, eta egoera horiekin bizi behar dutela egunero.
Toki publikoetan maiz sortzen dira arbuio egoerak, batez ere kalean, garraio publikoan edo kontsumo tokietan espaziorako lehia dagoela sumatzen denean. Populazioaren zati batek oztopatu edo arbuiatzen du migratzaileak "beren tokitik ateratzea". Mikroarrazakeria eta arrazakeria lausotua eguneroko bizimoduan gertatzen dira, garraio publikoa erabiltzean, merkataritzan, gune publikoetan, kirolean, aisialdian.
Egoera hori aldatu behar da politika aktibo eta espezifikoekin, eta espero dugu foru lege hau horretarako ekarpen erabakigarria izatea, errealitatea eraldatzeko.
II.
Arrazakeriaren kontrako legeak egiteko, ulertu behar da arrazakeria zer den eta zer mailatan eta nola agertzen den; ulertu arrazakeria fenomeno konplexua eta aldakorra dela, zeinean hiru alderdik jarduten baitute: banakoa, soziala eta instituzionala.
Arrazakeriak botere egitura baten gainean du oinarria, eta horrek ematen die esanahia aurreiritzi sozialei; horrexegatik, instituzionala eta egiturazkoa da, presente dagoelako bizitzaren, kulturaren, gizartean ezartzen diren balio eta harreman guztietan. Eskubideak baliatzea eta ondasun eta zerbitzuak eskuratzea galarazten duten lege edo erregelamenduzko xedapenen bitartez agertzen da. Horrexegatik, erantzuna instituzionala izan behar da beti.
Arrazakeria dagoela aitortzeko, arraza izan behar dugu hizpide, hots, konstruktu sozial bat, zeinak esklabotzaren, Atlantikoan zeharreko giza salerosketaren eta kolonialismoaren bitartez hainbat egitura eta jardunbide ezartzea eragin baitu, gaur egun arte iraun duten desberdintasun sozial eta ekonomikoak ekarri dituztenak. Arrazakeriak pertsonen arteko dimentsioan jarduten du eta eguneroko egintza indibidual edo/eta kolektiboetan agertzen da. Portaera horiek iruditeria sozialean ugari diren aurreiritzi eta estereotipo historiko batzuekin elikatzen dira, eta horiek, azkenean, legitimatzen dituzte beste talde sozial batzuei buruzko sinesmenak, arrazan oinarritutakoak. Ikuspegi horretatik, Nafarroako Foru Komunitateak ukatzen du giza arrazarik izatea, eta foru lege honetan "arraza-jatorria" terminoa erabiltzen da nazioarteko konbentzioetan erabiltzen den terminologia bera erabiltzeagatik eta oraindik deseraiki ez den eta, izatez, diskriminazioa sortzen duen faktore soziologiko hori badela aitortzeagatik.
Azken urte hauetan, arrazakeriaren kontrako antolaketa soziala gero eta handiagoa denez, pertsona eta talde arrazializatuez hitz egiten da arrazializatzea debatearen erdigunera ekartzeko, honela ulertuta: kategorizazio prozesu bat, talde sozialen arteko harreman desorekatuak eragindakoa, eta "arraza" delako konstruktu soziopolitikoak finkatua, zeina eratzen baita gizakiak identifikatu, bereizi eta desberdintzeko elementu batzuen bidez, ezaugarri fenotipiko, kultural edo/eta erlijiosoekin lotutako irizpideetan oinarrituta. Gaur egun, arrazakeriaren aurkako elkarteen sareak esanahi berria eman dionez kontzeptuari, "pertsona arrazializatuak" erabiltzen da arrazakeriaren balizko biktima diren pertsona guztiak izendatzeko.
Hizkuntzak errealitateak eraikitzen ditu eta ekintzarako esparru bat ematen die; horrexegatik, garrantzitsua da aipatzea arrazakeria eta xenofobia ez direla berdinak. Xenofobiak erreferentzia egiten die atzerritarrekiko mesfidantza, gorroto eta etsaitasuneko jarrera, jokabide eta sentimenduei. Desberdintasuna da arrazakeria dela esateko, tartean agertu behar direla arraza adierazleak, eta xenofobiaren erreferentzia, aldiz, atzerritartasuna da. Foru lege honetan erabaki da tituluan arrazakeria eta xenofobia, biak, mantentzea, zeren, xenofobia arrazakeria modu bat bada ere, gizartean duen garrantzia dela-eta komeni baita haren aipamen espezifikoa egitea.
III.
Foru lege honetan, arrazakeriaren kontrako ikuspegiaren helburu nagusietako bat da sustatzea pertsona arrazializatuak sar daitezen bizitza sozial, ekonomiko, politiko eta instituzionalean, eta Nafarroako gizarte osoan presentzia eta ordezkaritza izan dezaten laguntzea.
Horretarako tresnetako bat ekintza positiboaren erabilera da, praktikan berdintasun erabatekoa bermatzeko bitarteko gisa. Ekintza positiboari esker neurri espezifikoak har daitezke etnia- edo arraza-jatorriagatik pertsona batzuek dituzten egiturazko desabantailen prebentziorako eta konpentsaziorako. Politika publiko horrekin aitortzen da, batetik, pertsona askok beren etnia- edo arraza-jatorria dela-eta eremu eta eskubide askotara iristeko egin beharreko ahalegin gehigarria, haurtzarotik hasita egiturazko arrazakeriak ezartzen dituen oztopoak gainditzeko, eta, bestetik, aniztasunak gizarte osoarentzat sortzen duen eragin positiboa.
Azkenik, foru lege honetan, arrazakeriaren kontrako ikuspegiak berekin dakar aitortzea ehun sozialaren prozesuak eta estrategia kolektiboak funtsezko tresna bat direla arrazakeriaren kontrako borrokan; eta arrazakeriaren kontrako borrokan esperientzia duten elkarte edo entitateak legitimatuta daudela solaskide nagusi gisa, haiei espazioa emateko eta entzuteko. Horregatik foru lege honen helburuetako bat da arrazakeriaren kontrako kolektiboek sentitzea legea beren prozesuaren emaitza dela, eta izan dadin arrazakeriaren kontra borrokatzeko prebentzio tresna bat, legearen beraren eta haren analisiak sortzen dituen gogoeten zabalkundearen bidez. Gogoeta kolektibo horiek, aldi berean, foru lege hau berrikusi eta hobetzeko tresnarik onena izanen dira.
Giza eskubideen ikuspegia da foru lege honen artikulu guztien inspirazio iturri. Horrekin batera, arau honek genero ikuspegia ere barnean hartzen du, hau da, kontuan izaten du zer desberdintasun dagoen modu sistematikoan emakumeen eta gizonen artean, baldintzetan, egoeretan, beharretan eta asmoetan, arlo guztietako politika guztietan, haien plangintza, garapen eta ebaluazioari dagokienez. Analisi eta lanerako metodologia gisa, ikuspegi horrek ahalbidetzen du emakumeen eta gizonen desberdintasunak ikusgai jartzea eta beraz, langai izatea: aintzat hartzen ditu gizartean emakumeei eta gizonei ematen zaizkien eginkizunak eta zereginak eta horiei ematen zaien balioa.
Foru lege honek ikuspegi intersekzionala ere bere egiten du. Europar Batasuneko Arrazakeriaren aurkako Ekintza Planak (2020-2025) ezartzen duenez, ikuspegi intersekzional batek sakontzen du egiturazko arrazakeriaz dugun ezagutza eta erantzunak eraginkorragoak izatea lortzen du. Ikuspegi horretan aztertzen da desberdintasun sozialen adierazle desberdinek nola elkar gurutzatzen duten eta gurutzaketa horiek nola laguntzen duten zapalkuntza, diskriminazio edo pribilejio agerpen bereziak sortzen. Diskriminazio-arrazoi bat baino gehiago aldi berean elkartzeak diskriminazio espezifiko mota bat sortzen du, berezko ezaugarriak dituen zapalkuntza-modu bat alegia. Kontua ez da diskriminazio-arrazoiak metatzea, baizik eta haien arteko gurutzaketak sortzen duen diskriminazioa diskriminazio baturaz bestelakoa dela. Ikuspegi horrek eskatzen du testuinguru batean nagusitzen diren botere dinamikak eta desberdintasun sistemak aitortzea eta aztertzea, eta horiei aurre egiteko modu substantiboan eta intentzioarekin lan egitea.
Genero ikuspegia ikuspegi intersekzionalarekin konbinatu behar da. Ildo horretan doa Arrazagatiko Diskriminazioa Desagerrarazteko Batzordeak dioena bere 25. gomendio orokorrean, generoarekin lotutako arrazagatiko diskriminazioez ari dela (2000).
Horrenbestez, arreta espezifikoa ematen zaio matxismoaren eta arrazakeriaren arteko intersekzioari, emakume arrazializatuak uzten baititu egoera bereziki zaurgarrian eta indarkeriaren menpe egoteko arrisku handiarekin.
IV.
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko foru legeak 34 artikulu ditu, lau titulutan banatuta, eta hiru azken xedapen.
Atariko tituluan aplikagarriak diren xedapen orokorrak jasotzen dira. Foru lege honen xedea ezartzen da, hau da, baldintzak sustatzea, berdintasunerako eta etnia- edo arraza-jatorriagatik diskriminatua ez izateko oinarrizko eskubidea benetakoa eta eraginkorra izan dadin, Nafarroako Foru Komunitatean, bizitzaren arlo eta etapa guztietan. Diskriminazioaren eta arrazakeriaren kontzeptuak eta tipologiak zehazten dira, bai eta aplikazio eremua eta ekintza positiboa jasotzea ere.
I. tituluan prebentzio eta babesaren arloan aplikatu beharreko neurriak arautzen dira. Arrazakeriaren prebentziorako mekanismoak ezartzen ditu, hala nola aitortza instituzionala, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra borrokatzeko planak, administrazio publikoko langileen trebakuntza, gardentasuna adimen artifiziala delakoari dagokionez eta kontratazio eta dirulaguntza publikoei dagokiena. Horrez gain Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluaren sorrera ere jasotzen du, kontsulta eta parte-hartzerako organo gorena izan dadin Nafarroako Foru Komunitatean etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioaren arloan.
Era berean, hainbat arlotan arrazakeriari aurrea hartzeko eta haren kontra borrokatzeko politika publikoak arautzen ditu: hezkuntza, lana eta enplegua, osasuna, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, segurtasuna, babes zibila eta larrialdiak, komunikazioa eta sare sozialak, kirola, aisia eta denbora librea, eta kultura.
Bukatzeko, arrazakeriaren aurkako babes mekanismoak ezartzen ditu, esate baterako Arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko Nafarroako Arreta Zerbitzua, errepresalien kontrako babesa, operadore juridikoentzako prestakuntza eta hirugarren sektoreko entitateentzako eta Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra lan egiten duten elkarteentzako laguntza, bereziki pertsona arrazializatuen edo gutxiengo etnikoetako pertsonen parte-hartze adierazgarria eta nabarmena dutenentzat.
II. tituluan aitortzari eta erreparazioari dagokion guztia xedatzen da, barne hartuta, esanahi eta ondorio bereziak dituelako, ijito herriaren aitortza eta pertsona beltz esklabizatuen Atlantikoan zeharreko salerosketak eragindako kaltea. Bukatzeko, aurreikusten da abian jartzea auzi estrategikoak gizartea eraldatzeko potentzialtasuna duten garrantzizko gaietan.
Azkenik, III. tituluaren bidez zehapen-araubidea gehitu zaio Tratu-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren aldeko uztailaren 12ko 15/2022 Lege integralari.
Errealitate konplexuetarako soluzio errazik ez dagoela aitortuta, foru lege honek justizia errestauratiboaren erabileraren alde egiten du, arrazakeriaren ondorioei dagokienez prebentzio eta erreparazio tresna egokia delakoan. Ikuspegi horretatik abiatuta, aitortzen da aurreiritziak gainditzeko eta eraldaketa sozialerako biderik indartsuena dela pertsonen arteko solas errestauratiboa, adierazpen zintzoa, entzute aktiboa eta enpatikoa eta akordio adostuen bidez soluzio amankomunetara iristeko gaitasuna.
Jardunbide errestauratibo komunitarioak judizializatu gabeko gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko tresnak dira, bai eta gizarte-kohesioa sustatzekoak ere, helburu dutenak konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzako baldintza kolektiboak sortzea, sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudea ditzan hasierako faseetan eta modu espontaneoan.
ATARIKO TITULUA. Xedapen orokorrak
Lege honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean eraginkorra izatea berdintasunerako eta etnia- edo arraza-jatorriagatik diskriminatua ez izateko oinarrizko eskubidea, arrazoi hauetako edozein aitzakiatzat hartzen duen diskriminazio-mota oro desagerrarazita: lurralde edo nazio jatorria eta xenofobia, arraza, jatorri etnikoa edo larruazalaren kolorea, eta edozein arrazakeria mota, antisemitismoa edo antigitanismoa, kasu, hizkuntza edo kultur identitatea, edo etnia- edo arraza-jatorriaren beste edozein ezaugarri, inguruabar edo adierazpide, egiazkoa nahiz egotzia, nazioarteko zuzenbideko tresnek aitortzen dituztenak.
Horretarako, politika publiko batzuk ezarriko dira, helburu izanen dutenak etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioaren aurrean prebentzioa, babesa eta erreparazioa sustatzea, arreta berezia emanez emakumeen eta gizonen berdintasunari eta sexu eta genero aniztasunaren errespetuari, bai eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta irisgarritasun unibertsalari ere. Aitortuko da ehun sozialaren prozesuak eta estrategia kolektiboak funtsezko tresna bat direla arrazakeriaren aurkako borrokan, eta Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako borrokan lan egiten duten elkarteak solaskide nagusi gisa legitimatuko dira.
2. artikulua. Diskriminazioaren kontzeptua.
Foru lege honen ondorioetarako, “tratu berdintasunaren printzipioa” etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminaziorik eza da. Mota hauek daude:
- Zuzeneko diskriminazioa: pertsona batek bizi duen egoera, jasotzen duen tratua okerragoa denean bere antzeko egoeran edo egoera parekagarrian dagoen beste pertsona batek jasotzen duena, jaso izan duena edo jasoko lukeena baino, etnia- edo arraza-jatorriagatik.
- Zeharkako diskriminazioa: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide, interpretazio edo jardunbide batek etnia- edo arraza-jatorri jakin bateko pertsonak desabantaila berezian jartzen dituenean beste pertsona batzuen aldean, salbu eta xedapen, irizpide edo jardunbide hori objektiboki justifika badaiteke helburu legitimo batez, eta salbu eta helburu hori lortzeko bitartekoak egokiak eta beharrezkoak badira.
- Loturagatiko diskriminazioa: pertsona batek edo talde batek desabantaila edo diskriminazioa jasaten duenean pertsona edo talde batekin duen loturagatik edo harremanagatik, bere etnia- edo arraza-jatorria dela-eta.
- Oker batengatiko diskriminazioa: pertsona bat edo pertsona-talde bat bere etnia- edo arraza-jatorriagatik diskriminatua denean, hautemate oker baten ondorioz.
- Diskriminazio intersekzionala: diskriminazio-arrazoi bat baino gehiago aldi berean elkartzeak diskriminazio espezifiko mota bat sortzen du, berezko ezaugarriak dituen zapalkuntza-modu bat alegia.
- Arraza-segregazioa: arraza-kategorietan oinarrituta pertsona taldeak marjinatzeko, baztertzeko eta diskriminatzeko prozesu instituzionalizatua; hainbat esparrutan eta hainbat modutan gerta daiteke: hezkuntzan, lan munduan, etxebizitzaren arloan, toki publikoetan eta ondasun eta zerbitzuak eskuratzean.
- Jazarpena: diskriminaziotzat hartzen da baldin eta nahi ez den portaera bada, pertsona baten arraza- edo etnia-jatorriarekin loturik, haren helburua edo ondorioa bada pertsonaren duintasunari erasotzea eta beldurrezko ingurune bat sortzea, edo etsaitasunezkoa, apalgarria, umiliagarria edota iraingarria.
- Diskriminatzeko agindua: diskriminaziotzat hartzen da pertsonak beren etnia edo arrazagatik zuzenean edo zeharka diskriminatzeko agindu edo jarraibide oro.
3. artikulua. Aplikazioeremua.
Foru lege hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari aplikatzen zaie, azken hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 2.1 artikuluan definitzen den moduan. Halaber aplikatuko zaie Nafarroan bizi diren, dauden edo jarduten duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuei ere, foru lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan jasota dauden baldintzetan eta irismenarekin.
4. artikulua. Ekintza positiboak.
Praktikan berdintasuna bermatze aldera, Nafarroako Gobernuak neurri espezifikoak hartuko ditu, prebenitzeko eta konpentsatzeko etnia- edo arraza-jatorriagatik pertsonei modu estrukturalean eragiten dieten egiturazko desabantailak, batez ere diskriminazio askotarikoa eta intersekzionala jasaten duten pertsonen kasuan.
5. artikulua. Definizioak.
1. Foru lege honen ondorioetarako, honela ulertuko dira honako hauek:
Arraza: konstruktu politiko eta sozial bat da, historikoki erabili izan dena pertsonak bereizteko, diskriminazioa eta berdintasun eza sortzen duten kategoria kultural, fenotipiko, erlijioso eta abarretan oinarrituta.
Arrazializazioa: kategorizazio-prozesu bat, gizarteko taldeen arteko desberdintasunezko harremanak sortutakoa, arraza izeneko gizarte-konstruktuan oinarrituta. Prozesu horrek oinarrian ditu gizakiak identifikatzeko, bereizteko eta desberdintzeko elementu batzuk, ezaugarri fenotipiko, kultural eta erlijiosoei lotutako irizpide zehatz batzuk kontuan hartuta.
Arrazakeria: talde batek beste bat mendean hartzeko eta gutxiagotzeko sistema, desberdintasunen arrazializazioan oinarritzen dena eta dimentsio pertsonal eta kolektiboaren arabera taxutzen dena. Hainbat ideia, diskurtso eta jardunbideren bidez adierazten da: ikusezintasuna, estigmatizazioa, diskriminazioa, bazterkeria, esplotazioa, erasoa eta gabetzea.
2. Foru lege honen bidez arrazakeriaren agerpen hauen kontra jo nahi da bereziki:
Egiturazko arrazakeria: ideologia honek instituzionalizaturiko hainbat jarrera, portaera eta jardunbide biltzen ditu, eta horiek diskriminazioa eta gizarte-desberdinkeria eragiten dute arraza-izaeran oinarrituta. Arrazakeria instituzionala: erakundeen eta antolakundeen funtzionamendua, halakoa non, azkenean, desberdintasunak sortzen baititu herritar taldeen artean, haien jatorriaren edo arrazializazioaren arabera, ondasunak, zerbitzuak eta aukerak banatzeko orduan. Hartan sartzen dira talde arrazializatuei zuzenean nahiz zeharka kalte egiten dieten politikak, jardunbideak eta prozedurak, galarazten dietenak berdintasunezko posizio batera iristea.
Gizarte-arrazakeria: pertsonen artean gertatzen da, eta eguneroko honako ekintza indibidual edo/eta kolektibo hauen bidez azaleratzen da: hitzezko erasoak, eraso fisikoak, tratu txarrak, diskriminazio-jardunbideen edo desberdinkeren balidazioa.
Xenofobia: atzerritarrekiko mesfidantza, gorroto eta etsaitasunezko jarrera, jokabide eta sentimenduei egiten die erreferentzia.
Antigitanismoa: ijitoen kontrako arrazakeria mota espezifikoa, arraza nagusitasunaren ideologian oinarritua, zeina gizagabetze eta arrazakeria instituzionalaren modu bat baita, diskriminazio historiko batek elikatua, besteak beste azaleratzen dena indarkerian, beldurraren diskurtsoan, esplotazioan eta diskriminazio modurik agerikoenean.
Islamofobia: arrazakeria espezifikoa, islamaren jarraitzaileen kontrakoa edo, izan ala ez, halakotzat hartzen direnen kontrakoa. Joera horretaz intolerantzia eta diskriminazio erlijiosoa balitz bezala hitz egin ohi da, arrazarekin zerikusia duela alde batera utzita. Baina arrazakeria mota historiko bat du oinarri, musulmana den beste horren sinesmenak gutxiesten dituena eta, horrenbestez, haren kontrako diskriminazioa eta berdintasunik gabeko estatusa legitimatzen dituena. Islamofobia eta antisemitismoa arrazakeriaren agerpenak dira, kultura eta erlijioa arraza adierazle gisa baliatzen dituztenak.
Beltzen kontrako arrazakeria: hezkuntza, osasun arreta eta justizia bezalako instituzioetan erroturik dauden politikak eta jardunbideak, Afrika beltzeko jatorriko pertsonen kontrako sinesmenak, jarrerak, aurreiritziak, estereotipoak edo/eta diskriminazioa islatzen eta sendotzen dituztenak.
Sinofobia: Txinako jatorriko pertsonen edo haien ondorengoen, kulturaren edo bien kontrako gorroto edo/eta arbuio mota. Herra horrek ekintza arrazistak eta xenofoboak sortzen ditu, eta horrek komunitate horren aurkako eraso fisikoak, hitzezkoak, psikologikoak edo/eta instituzionalak eragiten.
I. TITULUA. Prebentzio eta babes neurriak
I. KAPITULUA. Arrazakeria eta xenofobia prebenitzeko mekanismoak
6. artikulua. Diskriminaziorik ezeko printzipioa txertatzea politika publikoetan.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta sektore publiko instituzionalak politika publiko eta jarduera administratibo guztietan bermatuko dute berdintasunaren eta etnia edo arrazagatiko diskriminaziorik ezeko printzipioa.
Administrazioak arrazakeria eta xenofobia desagerrarazteko hartu behar diren neurri guztiak hartuko ditu.
Departamentuen arteko koordinazio-talde bat sortuko da, berdintasunarekiko eta etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminaziorik ezarekiko konpromisoa bermatzeko, zeharkakotasunez.
7. artikulua. Kulturen arteko bizikidetza sustatzea.
Nafarroako Gobernuak kulturen arteko bizikidetza sustatuko du, elkarrekiko errekonozimendua, elkar ulertzea eta elkarren ezagutza bultzatuz.
8. artikulua. Aitortza eta babes instituzionala.
1. Nafarroako Gobernuak Nafarroan arrazializatutako pertsonen diskurtsoei eta narrazioei tokia ematen eta zabaltzen lagunduko du. Hartara, kanpaina eta ekintza positiboak babestu eta eginen ditu, aniztasunaren balio positiboa sustatzeko helburuarekin.
2. Antolakundeek eta enpresek erantzukizun sozialeko ekintzak egitea ere sustatuko du, hots, neurri ekonomikoak, merkataritzakoak, lan-arlokoak, asistentzialak edo bestelakoak ezartzea, helburua izanik tratu berdintasunerako eta etnia edo arrazakeriagatiko diskriminaziorik ez izateko baldintzak sustatzea antolakunde eta enpresa horietan edo haien ingurune sozialean, zeinek Administrazioaren aholkularitza izan baitezakete proiektuan eta ekintza horien aplikazioan, eta plantillako ordezkariei hartutako neurri horien berri emateko betebeharrarekin.
9. artikulua. Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko planak.
1. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana taxutuko du Nafarroako Gobernuak. Plana izanen da jarduketaren ardatz nagusia, helburuak eta ildo estrategikoak ezarriko baititu, bai eta, hartu beharreko neurriak bilduta, horretarako aurrekontua eta planaren ebaluazioa egiteko gobernantza-eredua ere. Estatuan eta Europar Batasunaren esparruan onesten diren arrazakeriaren aurkako planak gogoan hartuta ezarriko da plan hori, eta 5 urterako berrikusi eta berrituko da.
Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan lan egiten duten antolakundeek eta gutxiengo etnikoetako pertsonen parte-hartze adierazgarria eta nabarmena duten elkarteek plan horren prestaketan, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzen dutela bermatuko da.
2. Nafarroako Gobernuak behar den bultzada eta laguntza tekniko eta ekonomikoa emanen dizkie toki erakundeei, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko neurriak eta planak gara ditzaten, arrazakeriaren agerpen espezifikoei erantzuteko beren eskumenen esparruan. Plan horiek parte-hartze prozesuen bidez egitea sustatuko da, eta Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan ari diren antolakundeek eta pertsona arrazializatuen parte-hartze adierazgarria eta nabarmena duten elkarteek egindako lan kolektiboan oinarrituta.
3. Nafarroako Gobernuak gizarte-erakundeak bultzatuko eta babestuko ditu, arrazakeriaren aurka borrokatzeko planak edo jarduera-protokoloak txerta ditzaten etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazio-kasuetan.
4. Nafarroako Gobernuak zainduko du administrazio korporatiboek, enpresa-erakundeek, sindikatuek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek, partzuergoek eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten era guztietako entitateek arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako neurri espezifikoak edo protokoloak izatea.
5. Enpresetan eta antolakundeetan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako neurriak eta protokoloak egin eta ezar daitezen sustatuko du Nafarroako Gobernuak, eta laguntza eta aholkularitza emanen dizkie horiek prestatzeko.
10. artikulua. Prestakuntza.
1. Nafarroako Gobernuak prestakuntza eta sentsibilizazio egokia emanen die profesionalei honako hauei buruz: arrazakeria eta etnia edo arrazagatiko diskriminazioa, arrazakeriaren aurkako ikuspegia eta estereotiporik gabeko komunikazio inklusibo eta ez-arrazista. Arreta berezia emanen zaie prebentzio, detekzio, arreta, asistentzia eta suspertze lanak egiten dituztenei honako arlo hauetan: osasuna, hezkuntza, lan mundua, gizarte zerbitzuak, justizia eta segurtasun kidegoak, kirola eta aisia, eta komunikazioa.
2. Beste administrazio publiko batzuetako transferitu gabeko langileen prestakuntza ere sustatuko du, funtzionarioak izan nahiz lan-arlokoak izan, lankidetza hitzarmenen bidez edo beste tresna batzuk baliatuz.
11. artikulua. Digitalizazioa eta adimen artifiziala (AA).
Foru Administrazio Publikoan algoritmo-sistemen eta adimen artifizialeko sistemen gardentasunaren eta publizitate teknikoaren printzipioak beteko dira, sistema horiek trazabilitaterako bidea eman behar baitute, eta ulergarriak eta egiaztagarriak izan. Era berean, adimen artifizialaren erabilerek ukitutako herritarren parte-hartzea bermatuko da, aukera izan dezaten adierazteko ea egokitzat jotzen duten sistema baten erabilera aldatzea edo erabiltzeari uztea, desberdinkeriak sortzen badituzte edo diskriminatzaileak badira.
12. artikulua. Kontratazioa eta dirulaguntza publikoak.
1. Kontratu publikoen kontratazio-agirietan kontratuaren xedearekin lotutako adjudikazio irizpideak ezartzen ahalko dira, aniztasuna modu positiboan ikusarazten duten eta etnia- edo arraza-jatorri minoritarioko pertsonen gaitasunak aitortzen dituzten neurriak baloratuko dituztenak, baita arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako detekzio, prebentzio eta jardun neurriak eta protokoloak ere.
Era berean, kontratuak betetzeko baldintza bereziak ezartzen ahalko dira, aniztasuna modu positiboan ikusarazteko eta etnia- edo arraza-jatorri minoritarioko pertsonen gaitasunak aitortzeko neurriekin lotuta, bai eta arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako detekzio, prebentzio eta jardun neurriak eta protokoloak betetzearekin ere.
2. Dirulaguntzak arautzeko oinarrietan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo hari lotutako edo haren mendeko organismo eta entitateek deitzen dituzten bestelako laguntza publikoak arautzekoetan, dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak gehitzen ahalko dira, horien bidez baloratzeko eskatzaileek arrazakeriaren aurka borrokatzeko planak ote dituzten, aniztasuna sustatzen eta aitortzen parte hartzeagatik aitortza publikoa ote duten, eta antolakundearen egituran etnia- edo arraza-jatorri askotariko langileak ote dituzten.
13. artikulua. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua.
1. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua sortzen da honen bidez, Foru Administrazio Publikoan etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminazioaren arloan kontsulta eta parte-hartzerako organo gorena izan dadin.
2. Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kontsulta eta aholkularitza eginkizunak betetzea etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminazio eza helburu duten politikak diseinatzeko.
b) Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan lan egiten duten elkarteen parte-hartze kolaboratiboa artikulatzea, batez ere pertsona arrazializatuen edo gutxiengo etnikoetakoen parte-hartze adierazgarria eta nabarmena dutenena, etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminaziorik ez izatea helburu duten politika publikoak planifikatzen, gauzatzen eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiten.
c) Nafarroan etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminazioaren inguruko egoera orokorra aztertu eta ebaluatzea.
d) Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Planari buruzko txostenak egitea, Nafarroako Gobernuak onetsi aurretik.
e) Indarreko arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.
3. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren arloko eskumena duen departamentuari atxikita egonen da. Departamentu horrek behar adinako laguntza teknikoa eman beharko dio bere eginkizunak egoki bete ditzan.
4. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluaren osaketa, antolaketa eta funtzionamendua foru dekretu baten bidez ezarriko da. Betiere, batzordeko kide izanen dira honako hauen ordezkariak:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.
b) Nafarroako toki entitateak.
c) Nafarroako Arartekoa.
d) Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan ari diren elkarteak.
e) Nafarroan pertsona arrazializatuen edo gutxiengo etnikoetakoen parte-hartze adierazgarria eta nabarmena duten elkarteak.
II. KAPITULUA. Arrazakeria eta xenofobia prebenitzeko eta hari aurre egiteko politika publikoak
14. artikulua. Hezkuntzaren arloko neurriak.
1. Irakaskuntzaren bidez, berdintasun printzipioan eta etnia- edo arraza-jatorriagatik diskriminatua ez izatekoan heztea bultzatuko da, baita printzipio hori ezagutzea eta ulertzea ere. Horrez gain, jakitera emanen da foru lege hau izan badela, eta honen edukiak azalduko dira.
2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuak beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu eskola-segregazioa ezabatzeko, eta bermatzeko ikasleak modu ekitatiboan banatzen direla hezkuntza-maila guztietan.
3. Ikastetxeetako langileentzako prestakuntza eskaintzan prestakuntza espezifikoa egonen da kultura aniztasunari buruz, arrazakeriaren aurkako jarrerari buruz eta ikasle arrazializatuak eta migratuak Nafarroako hezkuntza-sisteman txertatzeari buruz. Prestakuntza horren helburua da modu positiboan ikustea ikasle guztiak, zalantzarik egon ez dadin denek hezkuntza-arrakasta lor dezaketela, ez eta desorekarik ere hezkuntza zein lanbide-arloko ibilbideak proposatzeko orduan. Horrela, bada, arrazakeriaren aurkako ikuspuntua aplikatuko da bai tutoretzetan bai, zeharka, curriculuma irakastean.
4. Etnia- eta arraza-aniztasun osoaren parte-hartzea sustatuko da, hezkuntza komunitateko organoen osaketarako ezarritako bideetatik.
15. artikulua. Lanaren eta enpleguaren arloko neurriak.
1. Nafarroako Gobernuak estrategia autonomiko bat abian jarriko du, politika publiko zehatz batzuekin. Politika horiek helburu izanen dute arraza-diskriminazioa eta enplegu-arloko jazarpena ezabatzea, eta parte-hartzea hobetzea, halako moduz non berdintasunez jarduten ahalko duten lan arloan arraza-diskriminazioa gehien paira dezaketen pertsonek.
2. Nafarroako Gobernuan enpleguaren arloko eskumena duen erakundeak enplegu-politika aktiboak sustatuko ditu, sendotzeko eta sustatzeko bai konpetentzia pertsonalak eta profesionalak, bai enplegagarritasuna. Politika horiek bide emanen dute pertsonek eredu zuzen bat izan dezaten enplegu aukeretarako.
Prestakuntza espezifikoak bultzatuko dira, enplegua lortzeko aukerak sustatzearren pertsona arrazializatu gutxien -bereziki, emakumeak- dauden sektoreetan.
3. Nafarroako Gobernuan lan-arloko eskumena duen departamentuak neurriak bultzatuko ditu, arraza edo etniagatik diskriminatu litezkeen pertsonak erakunde profesionaletan eta sindikatuetan afiliatu eta parte hartzeko eskubidea izatea bermatzeko.
Gizarte-eragileen bitartez bultzatuko da hitzarmen kolektiboetan sartzen direla etnia- edo arraza-jatorriagatik pertsonak diskriminatzeko modu oro prebenitzeko, ezabatzeko eta zuzentzeko klausulak.
16. artikulua. Osasunaren arloko neurriak.
Osasunaren arloko eskumena duen departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu, batetik, osasun-zainketak hartzeko orduan arraza edo etniagatiko diskriminazioa desagerrarazteko, eta, bestetik, pertsona arrazializatuen osasun integrala modu positiboan sustatzeko, gainerako herritarren baldintza berberetan. Zehazki:
a) Neurriak hartuko dira ziurtatzeko ez dela etniagatiko diskriminaziorik gertatzen osasun-arretan, osasun mentaleko arreta barne. Horretarako, genero-ikuspegi intersekzionala eta arrazakeriaren aurkakoa txertatuko da, eta protokoloak eginen dira pazienteen eta lan-inguruneko jokabide arrazistak prebenitzeko. Osasunari buruzko informazioa hainbat hizkuntzatan eman beharko da, pertsonen osasun integralerako zerbitzua bermatzeko, bakoitzaren etnia- edo arraza-jatorria zein den ere, baldintza berberetan.
b) Osasun-arloko jarrera arrazistak prebenitzeko ekintzak eginen dira hainbat hizkuntzatan (gidak eta prestakuntza-materiala barne).
c) Prestakuntza emanen zaie osasun-arloko eta kudeaketako langileei: osasunerako eskubide unibertsalari, tratu-berdintasunari eta etnia- edo arraza-jatorriagatik diskriminatua ez izateari buruzko edukiak irakatsiko zaizkie. Eduki horien helburua izanen da jendeak hobeki ezagutzea osasun-arreta jasotzearen arloko arauak, herritarrak osasun-zerbitzuetara eraginkortasunez iritsiko direla bermatzeko. Bereziki, prestakuntza emanen zaie osasun mentalaren arloko langileei, ematen den arreta arrazakeriaren aurkako ikuspegi kultur arteko batean oinarritua dela ziurtatzeko.
d) Ikerketa-lanak sustatuko dira, osasun-laguntza publikoaren kalitatea ebaluatzeko, eta balioesteko zer eragin dituen egiturazko arrazakeriak pertsona arrazializatuen osasunean. Horren helburua da osasun politikak birdefinitzea, lortu nahi baita herritar guztien osasun-arloko beharrak ekitatez asetzea.
e) Sustatuko da ezaba daitezela, lan-arloan, arlo sozialean eta eskolakoan, estigma sortzen duten jarrera, arau eta jardunbide oro, bai eta gaixotasunagatiko diskriminazioa ere, etnia- edo arraza-jatorriarekin intersekzionala denean.
17. artikulua. Etxebizitzaren arloko neurriak.
1. Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu bizitegi-arloko segregazioaren aurka borrokatzeko. Horretarako, Nafarroako bizitegi-arloko segregazioaren mapa eginen da, zeinean emanen baitira segregazioaren dimentsioei eta mailei buruzko datuak (segregazio larria, bizitegi-kontzentrazio handia, pilaketa edo txabolismo bertikala, esate baterako).
2. Honako gai hauei buruzko informazioa emanen da, hainbat hizkuntzatan: pertsona arrazializatuen eskubideak, etxebizitzaren eta errentamenduen arloko legeria, diskriminaziozko eta legez kanpoko jardunbideak eta jardunbide horietatik babesteko nahiz jardunbide horiek zehatzeko mekanismoak.
3. Lanbide elkargoek beharrezkoak diren mekanismoak ezarriko dituzte bermatzearren etxebizitza eskuratzeko tratu-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren araudia betetzen dela finken salerosketarekin edo errentamenduarekin lotutako jarduera profesionaletan.
18. artikulua. Gizarte zerbitzuen arloko neurriak.
1. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, gizarte zerbitzuak etnia- edo arraza-jatorriagatiko inolako diskriminaziorik gabe ematen direla bermatuko du, eta zerbitzuak eraginkortasunez baliatzen direla berdintasunez, zuzentasunez eta birbanaketa-justiziaz, gizarte zerbitzuen arloko araudiak ezartzen duen moduan.
2. Tratu berdintasuna eta etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminaziorik eza bermatuko zaie pertsona guztiei eta oro har ezarritako baldintza berberetan, eskubide, zerbitzu, prestazio eta laguntza sozialak eskuratzeko.
19. artikulua. Segurtasunaren, babes zibilaren eta larrialdien arloko neurriak.
1. Foru lege honen ondorioetarako, ez da erabiliko etnia- edo arraza-ezaugarrietan oinarritutako profilik. Arrazarekin, etniarekin, erlijioarekin edo jatorri nazionalarekin lotutako adierazleak ezin izanen dira delitu-jokabide baten adierazle gisa erabili.
2. Nafarroako Gobernuak protokolo integral bat prestatuko du gorroto, arrazakeria eta xenofobia delituekin lotutako biktimentzat, helburu nagusia izanen duena delituen salaketak jasotzea, sare sozialetan egiten direnak barne, biktimei arreta, babesa eta orientazioa ematea poliziaren arloan eta larrialdiei ematen zaien arretaren arloan, biktimak elkartzen dituzten eta giza eskubideak babesten dituzten erakunde edo elkarteekin koordinatzea.
3. Nafarroako Gobernuak prestakuntza espezializatua eskainiko die Foru Komunitateko segurtasun-indar eta -kidego guztiei eta babes zibilaren eta larrialdien arretaren arloan lan egiten duten guztiei, honako hauen gainean: etnia- edo arraza-jatorriagatiko arrazakeria eta diskriminazioa, kultura-aniztasunaren polizia-kudeaketa eta emakume arrazializatuen aurkako indarkeria matxista.
20. artikulua. Komunikazioaren eta sare sozialen arloko neurriak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko hedabideek, publikoek nahiz pribatuek, zein den ere haien difusio-bidea, errespetatu egin beharko dute pertsonen eskubidea tratu berdintasunerako, eta saihestu etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazio edo estigmatizazio mota oro informazioaren tratamenduan, edukietan eta programazioan, mezu komertzialak eta publizitatea barne.
2. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, hedabideen eta informazioaren teknologien enpresen independentzia oztopatu gabe, sustatu behar du horietan har daitezen kode deontologikoak eta autoerregulaziorako akordioak, aurreiritzi diskriminatzailerik eta estereotiporik gabekoak, lagungarriak direnak honetarako:
a) Errespetuzko hizkuntzaren erabilera sustatzeko, batez ere arrazista eta xenofoboa ez den hizkuntza, diskriminatzailea ez dena, orokorrean, hedabideetan terminologia iraingarria desagerrarazten laguntzen duena, mezu komertzialak eta publizitatekoak barne.
b) Gorrotora bultzatzeko diskurtsoak gertatzen direnean, horiek tratatzen eta haiei aurre egiten hedabideek dituzten eskumenak azpimarratzea.
c) 1. artikuluan aipatzen diren kolektibo guztien ordezkaritza handitzea.
d) Eraginkortasuna hobetzea berdintasunerako eskubidearen kontra doazen edukiak prebenitzen eta desagerrarazten.
3. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, zaindu behar du eduki diskriminatzaileak zabal ez daitezen eremu digitalean.
4. Nafarroako Gobernuak kontzientziazio kanpainak eginen ditu helburu hauetarako: tratu berdintasuna eta etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazio eza sustatzea hedabideetan; informazio jarduerak sustatzea foru lege honetan aipatzen diren kolektiboei buruz; gorrotora bultzatzeko diskurtsoez gogoeta sustatzea, eta horiek saihesteko moduei buruzko prestakuntza ematea eta hedabideetan indartzea gai honetako autoerregulazioa. Era berean, Nafarroako Gobernuak prestakuntza-ekintzak sustatuko ditu komunikatzaileak gaitzeko Nafarroan, sarean lan egin dezaten arrazakeriaren eta gorroto-diskurtsoen aurkako mezuak zabaltzeko konpromisoarekin, kultura arteko ikuspegitik eta ikuspegi feminista intersekzionaletik.
5. Nafarroako Gobernuak irmoki eginen die aurre sare sozialetan ugaritu diren gorroto-diskurtsoei. Hartara, laguntza emanen du Europako Batzordeak sustatutako prozesu batzuetan, zeinetan monitorizatuko baita Europar Batasunak duen jokabide kodea, Interneten gorrotoa legez kanpo sustatzearen kontrakoa. Era berean, protokolo bat ezartzen lagunduko du, Espainiako estatuan lineako gorroto-diskurtso ilegalaren aurka, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Espainiako Behatokiak (OBERAXE) koordinaturikoa.
21. artikulua. Kirolaren, aisiaren eta denbora librearen arloko neurriak.
1. Nafarroako Gobernuak sustatuko du berdintasunez eta etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminaziorik gabe gauzatu daitezen kirola eta jarduera fisikoa, bai eta aisialdiko eta denbora libreko jarduerak ere.
2. Behar diren neurriak hartuko dira bermatzeko jolas-jarduerak, kirol-jarduerak, aisialdikoak eta denbora librekoak pertsona arrazializatuekiko errespetuz eta berdintasunez eginen direla, aurreiritzi, jazarpen eta indarkeria fisiko edo psikologikoko edozein ekintza saihesteko.
3. Neurriak hartuko dira, bermatzeko behar bezalako prestakuntza izanen dutela kirol-didaktikako, aisialdiko eta denbora libreko profesionalek. Prestakuntza horretan landuko dira arrazakeriaren oinarriak eta errespetua eta edozein eratako diskriminazioaren aurreko babesa. Horretarako, behar den harremana bilatuko da kirola, aisia, astialdia eta gazteria arloaren kudeaketan ordezkaritasuna duten entitate publiko zein pribatuekin.
4. Kirol inklusiboa eta segregaziorik gabea sustatuko da, eta adierazpen arrazista oro desagerraraziko da Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol-ekitaldietan.
22. artikulua. Kulturaren arloko neurriak.
1. Nafarroako Gobernuak bermatu eginen du kulturaren eta sorkuntzaren arloan, bai eta jarduera horiez gozatzean ere, ez dela etnia- edo arraza-jatorriagatik inolako diskriminaziorik gertatuko, eta horietarako sarbidea modu ekitatiboan gertatzeko baldintzak sortuko ditu.
2. Nafarroako Gobernuak sustatu eginen du kultur bizitzan sartu eta parte hartzea, etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminaziorik ezari lagunduko dioten kultur edukiak sortuz eta zabalduz.
III. KAPITULUA. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurrean babesteko mekanismoak
23. artikulua. Arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko arreta.
Nafarroako Gobernuan migrazio-politikaren gaietan eskumena duen departamentuak arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako arreta zerbitzua emanen du, etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioaren inguruan arreta integrala bermatuko, genero-ikuspegi intersekzionalez, eta esku hartzeko neurriak artikulatuko ditu biktimen prebentzio, detekzio, babes eta erreparaziorako, eta aholkularitza juridikoa eta arreta psikosoziala emanen ditu.
24. artikulua. Ofiziozko jarduketak.
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Arartekoak ofizioz jardun ahalko dute, inolako salaketarik edo kexarik jaso ez badute ere, tratu-berdintasuna eta arraza- edo etnia-jatorriagatiko diskriminaziorik eza bermatzeko helburua dutelako.
25. artikulua. Frogazamaren inguruko erregelak.
Pertsona batek diskriminazioa alegatzen badu eta diskriminazio hori benetan izan badela frogatzen badu zantzu oinarridunak aurkeztuta, tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko Estatuko legerian eta Europar Batasuneko araudian aurreikusitako froga-zamari buruzko arauak aplikatuko dira.
26. artikulua. Errepresalien aurkako babesa.
Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu pertsona edo talde bat tratu kaltegarri edo ondorio negatibo orotatik babesteko, tratu edo ondorio hori jasaten badu diskriminazio egoera bat eragozteko edo geldiarazteko administrazio prozedura batean edo prozesu judizial batean esku hartu, parte hartu edo laguntzeagatik edo helburu berarekin edozein motatako kexa, erreklamazio, salaketa, demanda edo errekurtso aurkezteagatik. Babesa emanen zaie demandatzaileei, biktimei, lekukoei eta, horiez gain, salatuak ekintza ororen aurrean duen erreakzioak ukitutako pertsona orori.
27. artikulua. Eragile juridikoentzako prestakuntza.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan lan egiten duten elkarteekin eta lanbide elkargoekin lankidetzan, arrazakeriari eta xenofobiari buruzko prestakuntza berariazkoa emanen die erkidegoko eragile juridikoei.
28. artikulua. Hirugarren sektoreko entitateei laguntza ematea.
Nafarroako Gobernuak neurriak hartzen ahalko ditu laguntza ematearren arraza- edo etnia-jatorriagatiko diskriminazioaren arloan sentsibilizazio-, prebentzio- eta prestakuntza-lanak zein gizarte-salaketako lanak egiten entitate sozialei eta elkarteei.
Ildo horretan, sustatu eginen da arrazakeriaren aurkako jarrera eraldatzailea eta eraginkorra ezartzen laguntzeko ekintzak gauzatzen dituzten entitate sozialen lanaren babesa eta entitate horiek arrazakeriaren aurkako esku-hartze sozial intersekzionalarekin hartua duten konpromisoa.
29. artikulua. Mentoretzaprogramak elkarteetan.
Nafarroako Gobernuak mentoretza soziala baloratuko du, iritzita esperientzia horrek aberastu egiten dituela prozesu kolektiboak, autokonfiantza taldean, behar komunen identifikazioa, eta nork bere eskubide eta betebeharrak ezagutzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak mentoretza sozialeko programak bultzatuko ditu, bai elkarteen artean bai berdinkideen artean emandako zerbitzuak direnean. Erreferentziazko pertsonen aitortza ere sustatuko da. Erreferentziazko pertsonatzat joko dira lorpen pertsonalak edo profesionalak lortu dituzten pertsonetatik berdinkideen artean konfiantza eta motibazioa sortzen duten horiek.
Emakumeen arteko mentoretza sustatuko da bereziki, segurtasun-espazioak sortzen eta autonomia pertsonala eta lidergoa bultzatzen laguntzen baitu.
30. artikulua. Elkarteen aitortza eta partehartzea.
Nafarroako Gobernuak baliozko solaskidetzat hartuko ditu Administrazio Publikoarekiko komunikazioetan eta informazio- eta ezagutza-trukean, Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan lan egiten duten elkarteak, batez ere pertsona arrazializatuen edo gutxiengo etnikoetakoen parte-hartze adierazgarria eta nabarmena dutenak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak elkarteek eremu publikoan parte hartzeko guneak sustatuko ditu.
II. TITULUA. Erreparazioa
31. artikulua. Justizia errestauratiboa.
1. Nafarroako Gobernuak justizia errestauratiboko mekanismoak erabil daitezen sustatuko du, arrazakeriaren eta xenofobiaren ondorioen prebentzio eta erreparaziorako tresna nagusi gisa.
2. Nafarroako Gobernuak auzitegi barruko informazioa eta bitartekaritza bermatuko ditu, Doako Justiziaren Erregelamenduan ezarritako baldintzetan, eta, oro har, bitartekaritza eta jardunbide errestauratibo eta komunitarioak bideratuko ditu, kasuko erregulazioan ezarritakoaren arabera.
32. artikulua. Neurri espezifikoak.
1. Nafarroako Gobernuak ijito herriarekiko egia- eta adiskidetze-prozesu bat bultzatuko du. Prozesu horretan, errekonozimendu-politikak ezarriko dira.
2. Nafarroako Gobernuak aitortza neurriak sustatuko ditu Afrikako pertsona beltz esklabizatuen Atlantikoan zeharreko salerosketak eta kolonizazioak eragindako kaltearen inguruan.
33. artikulua. Auzi estrategikoak.
Nafarroako Gobernuak, migrazio-politiketako gaietan eskumena duen departamentuaren bitartez, auzi estrategikoen prozesuak bultzatzen ahalko ditu nazioarteko organismoetan. Nafarroako Gobernuak prozesu horien berri emanen du sare sozialen eta plataformen bidez.
III. TITULUA. Zehapen-araubidea
34. artikulua. Zehapenaraubidea.
Tratu-berdintasunerako eta nazionalitateagatik edo etnia- nahiz arraza-jatorriagatik diskriminatua ez izateko eskubidea zeharo babesten dela bermatzeko, Tratu-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren aldeko uztailaren 12ko 15/2022 Lege integralean ezarritako zehapen-araubidea aplikatuko da Nafarroan, lege horretan ezarritako moduan.
Azken xedapenetan lehena. Erregelamendu bidezko garapenerako gaikuntza.
Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege honetan xedatutakoa garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua.
Foru lege hau onesten denetik gehienez ere urtebeteko epean, organo eskudunak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua sor dadin xedatuko du.
Azken xedapenetan hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.