(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2023 FORU LEGEA, MARTXOAREN 29KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 11/1992 FORU LEGEA, URRIAREN 20KOA, NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA-OSASUNBIDEARI ATXIKITAKO LANGILEEN BERARIAZKO ERREGIMENARI BURUZKOA

BON 18/04/2023



HITZAURREA

COVID-19aren pandemia globalak osasun-sistemen ahuleziak agerrarazi ditu gure Foru Komunitatean, gainerako autonomia-erkidegoetan, Europan eta nazioartean. Oso bereziki, oinarrizko osasun-laguntzan. Ikaskizunik garrantzitsuenetariko bat da osasun-sistemak indartu beharra dagoela; batez ere, osasun-zerbitzu publikoak. Zerbitzu horiek giltzarri dira pertsonen osasuna sustatu, artatu, zaindu eta leheneratzeko, bai eta prebentzio-lanerako ere. Erabateko lehentasuntzat daukate herritarrek, eta funtsezkoa da gure gizarteen garapena jasangarria eta kohesiozkoa izan dadin. Bidezko da halaber ohartaraztea ezen osasungintzako profesionalek, gainerako oinarrizko zerbitzuetako langileekin batera, buru-belarri jardun dutela gure Komunitateko pertsonentzako zerbitzu publikoan eta babes-lanean.

Horrenbestez, arau honek xede du geratzen den legegintzaldi-zati laburrean gure osasun-zerbitzua, Osasunbidea, indartu eta hobetzea, medikuen kolektiboaren lanbide- eta ordainsari-baldintzak hobetuz, bai eta osasungintzako beste estamentu eta profesional batzuenak ere. Halaber, neurri-multzo bat ezartzen da, bideratuta dagoena oinarrizko laguntzaren egoera berehala hobetzera, partzialki bederen, Oinarrizko Laguntzarako Ekintza Planaren ildo beretik. Aipaturiko neurriak direla-eta kasuko eztabaida, kontsulta eta negoziazioa egin dira kolektibo eta lanbide- nahiz gizarte-erakunde frankorekin, bai eta eragile politiko eta sindikalekin ere.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 b) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearengatik, eskumen esklusiboa du Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gainean, Estatuko oinarrizko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz.

Eskumen esklusibo horri heldurik, erabaki da partzialki aldatzea urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzkoa, honako zertzelada hauetan: egun berezietako lanagatiko osagarri bat sortzea, langile fakultatiboentzako produktibitate finkoko osagarri bat sortzea, eta lanpostuko osagarri bat sortzea Oinarrizko Laguntzako Taldeetako eta ospitalez kanpoko larrialdien zerbitzuetako administrazio-langileentzat. Kalte-ordain berri bat ezartzen da, lanpostu betegaitzetara lekualdatzeagatikoa, bai eta ordainsari bat ere, prestakuntzan dauden langile egoiliarren gaineko tutoretza egiten dutenentzat. Azkenik, presentzia fisikoko guardien eta guardia lokalizatuen prezioa eguneratzen da, eta destinoko osagarriaren indize berriak esleitzen zaizkie Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeen zuzendaritzan jarduten diren pertsonei.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko XI. Kapituluan xedatuari jarraikiz, testua Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen Negoziazio Mahai Orokorreko ordezkari sindikalekiko negoziazio kolektibora ipinia izan da.

Artikulu bakarra. Nafarroako Osasun ZerbitzuaOsasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea aldatzea.

Bat.-Aldatu egiten da 6. artikuluaren 3. apartatua. Honako testu hau izanen du:

"3. Ordainsari osagarriak dira:

a) Destinoko osagarria.

b) Berariazko osagarria.

c) Ezohiko produktibitateagatiko osagarria.

d) Kapitazio-osagarria.

e) Gaueko lanagatiko osagarria.

f) Jaiegunetako lanagatiko osagarria.

g) Presentzia fisikoko guardiak edo guardia lokalizatuak egiteagatiko osagarria.

h) Egun berezietan lan egiteagatiko osagarria.

i) Langile fakultatiboen produktibitate finkoko osagarria.

j) Lanpostuko osagarria, Oinarrizko Osasun Laguntzako administrazio-langileentzakoa".

Bi.-Aldatu egiten da 6. artikuluaren 4. apartatua. Testu hau izanen du:

"4. Kalte-ordainak eta beste ordainsari berezi batzuk:

a) Sakabanatze geografikoagatiko gehigarria.

b) Familia-laguntza.

c) Konpentsatze-osagarria.

d) Gastu-ordainak, honako arrazoiengatikoak: zerbitzu-arrazoiak, bidaiak egitea, egoitza-aldaketa dakarren nahitaezko lekualdaketa, edo lanpostu betegaitzetara lekualdatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatiko konpentsazioak.

f) Irakasle aritzeagatiko edo prestakuntza-ikastaroak emateagatiko konpentsazioak.

g) Aparteko orduak egiteagatiko konpentsazioa.

h) Gizarte-ikerketako lineetan edo programetan parte hartzeagatiko konpentsazioa.

i) Prestakuntzan dauden barne profesional egoiliarrekiko tutore-lanagatiko konpentsazioa".

Hiru.-15. bis artikulu berria gehitzen da. Hau izanen da artikuluaren testua:

"15. bis artikulua.

1. Egun berezietako lanagatiko osagarria ordainduko zaie egun berezietan txanda arruntetako lana egiten duten langile guztiei. Egun berezitzat jotzen dira urtarrilaren 1, 5 eta 6a eta abenduaren 24, 25 eta 31.

Artikulu honen ondorioetarako, abenduaren 24 eta 31 eta urtarrilaren 5a diren egun berezietan, aintzat hartuko dira hamalauetatik biharamuneko zortziak arte eginiko lan-txandak, bai eta txanda aldakorrak ere, zeinek goiz eta arratsalde, arratsalde eta gau, eta gau eta goiz tarteak barne hartzen dituzten.

Abenduaren 25 eta urtarrilaren 1 eta 6 diren egun berezietan, aintzat hartuko dira goizeko zortzietatik hogeita biak arte eginiko lan-txandak, bai eta txanda aldakorrak ere, zeinek goiz eta arratsalde, arratsalde eta gau, eta gau eta goiz tarteak barne hartzen dituzten.

2. Aurreko apartatuak zehazten dituen txanden barreneko lanaldia duten langileek ordainsari bat jasoko dute egun bereziko txandan emandako lanordu bakoitzeko, erregelamenduz ezarritako zenbatekoa izanen duena".

Lau.-15. ter artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

"15. ter artikulua.

1. Langile sanitarioek, baldin haien estamentu sanitarioak A.1, A.2.5.1etik A.2.5.6ra bitartekoak eta A.2.5.8 badira, produktibitate finkoko osagarria jasoko dute, hamalau ordainalditan banatuta, zeinetatik hamabi arruntak eta bi apartekoak izanen baitira.

Osagarri horrekin ordaintzen dira errendimendu berezia, jarduna, dedikazio arrunta eta lanpostuan jardutearekin zuzeneko zerikusia daukaten gainerako zertzeladak, bai eta lanpostu horri esleiturik baina 11. artikuluan aipatu gabe dauden emaitzen edo helburuen lorpena ere".

Bost.-15. quater artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

"15. quater artikulua.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako eta ospitalez kanpoko larrialdien zerbitzuetako administrazio-langileek lanpostuko osagarria jasoko dute, nork bere mailaren ehuneko 10ekoa".

Sei.-22. bis artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

"22. bis artikulua.

Lanpostu betegaitzak betetzen dituzten Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako langileek joan-etorrietarako ordainsari bat jasoko dute.

Osasuneko kontseilariaren foru agindu bitartez zehaztuko dira lanpostu betegaitzak, ordainsari hori jasotzeko betekizunak eta horren zenbatekoa, zeina hilabeteroko kopuru finko bat izanen baita.

Hilabete osoa egiten ez bada, edo epe hori edozergatik eteten bada amaitu aurretik, ezarritako kopuruaren zati proportzionala ordainduko da".

Zazpi.-26. bis artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

"26. bis artikulua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Irakaskuntza Batzordeak espezialitate bakoitzeko tutoretza-zereginetarako hautatzen dituen langileek ordainsari bat jasoko dute egoiliar-izaerako osasun-prestakuntza espezializatua ematearen truke.

Artikulu honi dagokionez, egoiliarren prestakuntzagatiko ordainsaria jasoko dute Irakaskuntza Batzordeak tutoretza-zereginetarako hautatuak izan diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile izanik beren ardurapean egoiliar gisa gutxienez ere pertsona bat eduki dutenek.

Ordainsaria kopuru finko batek osatuko du, eta maiatzeko nominan ordainduko da, langile egoiliarren prestakuntza-urtealdiaren amaierarekin bat etorriz. Edozein arrazoi dela-eta tutoretza-aldia maiatza baino lehenago eteten baldin bada, ezarritako kantitatearen parte proportzionala ordainduko da.

Ordainsariaren zenbatekoa zehazteko irizpidea izanen da zenbat egoiliar izan dituen bere ardurapean tutoreak: bat, bi, edo hiru edo gehiago".

Zortzi.-Bederatzigarren xedapen gehigarria eransten da, langile fakultatiboen produktibitate finkoko osagarriari buruzkoa. Testu hau izanen du:

"Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Langile fakultatiboen produktibitate finkoko osagarriarengatik jaso beharreko zenbatekoa hileroko laurehun eurokoa izanen da, hamalau ordainalditan banatua. Arruntak izanen dira horietako hamabi, eta apartekoak, bi.

Kopuru horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kasuko Foru Legeak zehazten duen portzentajean".

Bederatzi.-Hamargarren xedapen gehigarria eransten da, egun berezietan lan egiteagatiko osagarriari buruzkoa. Testu hau izanen du:

"Hamargarren xedapen gehigarria.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 15. bis artikuluak eta lege horren erregelamenduzko garapen-araudiak zehazten dituzten baldintzetan egun berezietan lan egiten duten langileek 22 euroko ordainsaria jasoko dute, egun bereziko txandan lanean emandako ordu bakoitzeko.

Kopuru horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kasuko Foru Legeak zehazten duen portzentajean".

Hamar.-Hamaikagarren xedapen gehigarria eransten da, barneko langile egoiliarren prestakuntzan tutore aritzeko hautatua izateagatiko ordainsariari buruzkoa. Testu hau izanen du:

"Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 26. bis artikuluak zehazten dituen baldintzetan tutoretza-zereginak bete ditzaten Irakaskuntza Batzordeak hautaturiko Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek ordainsari bat jasoko dute, beren ardurapean dituzten pertsona egoiliarren kopuruaren araberakoa:

-Ardurapeko egoiliar batengatik: 1.200 euro.

-Ardurapeko bi egoiliarrengatik: 1.440 euro.

-Ardurapeko hiru egoiliar edo gehiagorengatik: 1.680 euro.

Ordainsari hori halaber aplikatuko zaie barneko langile egoiliarren prestakuntzarako kreditatuta egonik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikita dauden osasun-langileei, bai eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikita ez dauden gainerako langileei ere.

Kopuru horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kasuko Foru Legeak zehazten duen portzentajean".

Hamaika.-Hamabigarren xedapen gehigarria eransten da, lanpostu betegaitzei buruzkoa. Testu hau izanen du:

"Hamabigarren xedapen gehigarria.

Garapen-araudian zehazturiko baldintzetan lanpostu betegaitzak betetzen dituzten Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako langileek joan-etorrien gastuetarako ordainsari bat jasoko dute, kasuko eskualdeko eskualde-burutik (Iruñeko, Tuterako eta Lizarrako Osasun Barrutiak) beren lanposturaino dagoen distantziaren araberakoa, aintzat hartu gabe kasuko langilea non bizi den, eta honako kopuruetan finkatua:

-Egin beharreko distantzia 40 kilometrotik 59 kilometrora bitartekoa izanez gero: 75 euro hilean.

-Egin beharreko distantzia 60 kilometrotik 79 kilometrora bitartekoa izanez gero: 100 euro hilean.

-Egin beharreko distantzia 80 kilometrokoa edo gehiagokoa izanez gero: 150 euro hilean.

Ordainsari hori ez da aplikagarri izanen lanpostu betegaitz bat betetzen duen langilea Oinarrizko Barrutiaren barrenean biziz gero.

Kopuru horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kasuko Foru Legeak zehazten duen portzentajean".

Hamabi.-Hamahirugarren xedapen gehigarria eransten da, presentzia fisikoko guardiaren prezioa eguneratzekoa. Testu hau izanen du:

"Hamahirugarren xedapen gehigarria.

Presentzia fisikoko guardiak edo guardia lokalizatuak egiten dituzten langileek honako ordainsariak jasoko dituzte, beren mailaren arabera:

GUARDIAREN PREZIOA

 A mailaB mailaC mailaD eta E mailak
Presentzia fisikoa30,2918,1814,5311,61
Lokalizatua15,169,0867,245,81

Kopuru horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kasuko Foru Legeak zehazten duen portzentajean".

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web