(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/2023 FORU LEGEA, MARTXOAREN 22KOA, NAFARROAKO ABEREEN OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 16KO 11/2000 FORU LEGEA ALDATZEKOA

BON N.º 67 - 04/04/2023



HITZAURREA

Abereen gaixotasun kutsagarriek ondorio latzak izan ditzakete abereentzat eta abeltzainentzat, baita ekonomian ere. Era berean, osasun publikoari eta elikagaien segurtasunari ere eragin diezaiekete. Europar Batasunak, 2007az geroztik, erabaki zuen estrategia berri batekin jokatzea abereen osasunaren arloan, eta arauen garapenerako oinarritzat hartu zuen "Aurre hartzea, sendatzea baino hobea" dioen printzipioa. Animalien gaixotasun transmitigarriei buruzko 2016ko martxoaren 9ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 Erregelamendua -abereen osasunaren arloko egintza batzuk aldatu edo indargabetu egiten dituena- argitaratzeak norabide horretan lanean segitzeko beharra indartzen du.

Prebentzioari heltzeko garaian, abeltegien kokapena eta diseinua izaten da baldintza nagusietako bat. Abeltegia kokatuta dagoen eremuko abere-dentsitateak baldintzatzen du gaixotasun transmitigarriak izateko arriskua. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da ustiategien gehieneko ekoizpen-ahalmena eta abeltegien arteko distantzia arautzea, eta, horrela, abere-dentsitatea mugatzea. Jarduketa horrek apaldu eginen du gaixotasunak zabaltzeko arriskua, erraztu eginen baitu gaixotasun fokuren bat detektatzen denean hura kontrolatu eta desagerrarazteko lana, eta, beraz, haren ondorioak gutxituko baititu.

Abereen Osasunari buruzko egungo Foru Legeak 28. artikuluan aipatzen ditu elementu horiek. Arau honek artikulu horren testua aldatzen du, eta abeltegiaren gehieneko ekoizpen-ahalmena ezartzen duen eranskin bat gehitzen du.

Foru lege honek 39. artikulua aldatzen du, abeltegiari ematen ahal zaion gehieneko kalte-ordainaren zenbatekoa mugatzeko, ustiategi handiek osasun arriskuen aurrean prebentzio neurriak hartzea eta erantzunkidetasunez jokatzea sustatzeko helburuarekin.

Era berean, ugalketa-ahalmenaren muga gainditzea tipifikatu egin da azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen zehapen-araubidean sartutako zehapen gisa.

Bestalde, kontuan hartu behar da abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretuaren bidez behitegiak arautzeko oinarrizko xedapenak ezarri direla.

Arau horri jarraikiz, behitegien ekoizpen-ahalmena 850 AzLUtan finkatuta gelditzen da. Gainera, aurreikusten da errege-dekretua indarrean jarri baino lehen abian zeuden eta 1.2 artikuluan ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena gainditzen zuten ustiategiek ahalmen horri eusten ahalko diotela, baina ezin izanen dutela handiagotu, inola ere.

Aipatutako errege-dekretuaren lehen xedapen iragankorrak adierazten duenez, izapidetze-fasean dauden ustiategien baimenari buruzko espedienteak, administrazio-bidean ez bada horien gaineko ebazpen irmorik eman, baina ekoizpen-prozesuarekin lotura zuzena duten instalazioak eraikitzen hasteko egin beharreko izapide guztiak beteta bazituzten 2022ko apirilaren 6a baino lehen -data horretan bukatu baitzen entzunaldi publikoko izapidea-, izapide horiek bete zirenean indarrean zegoen araudiaren arabera ebatziko dira.

Xedapen horrek erreferentziazko data bat finkatzen du alde batetik, eta, bestetik, ezartzen du zer eskakizun bete behar dituzten data hori baino lehenago aurkeztutako eskabideek errege-dekretuko xedapenak ez dakizkien aplikatzekoak izan. Hori horrela, foru arauan zenbait alderdi arautzea komeni da.

Hasteko, zehaztu behar da errege-dekretua indarrean jarri baino lehen abian zeuden eta dekretuan ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena gainditzen zuten ustiategiek ahalmen horri eusten ahalko diotela, baina ezin izanen dutela handiagotu, inola ere. Ondorio horietarako, ustiategi horien indarreko ingurumen-baimenean jasotako gehieneko ahalmena hartuko da kontuan.

Bigarrenik, izapidetan dauden espedienteak ebaztean aplikatu beharreko araubide juridikoa zehaztu behar da, eta, horretarako, errege-dekretuaren lehen xedapen iragankorrean finkatutako data hartuko da erreferentzia gisa. Hori horrela, 2022ko apirilaren 6a baino lehen aurkeztutako behitegien baimenei dagozkien espedienteei, administrazio-bidean ez bada horien gaineko ebazpen irmorik eman, behitegien oinarrizko antolamendurako arauak ezartzen dituen abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean xedatutakoa aplikatuko zaie, eta, aldiz, data horren ondoren aurkeztutakoei, foru lege honetan xedatutakoa.

Hori guztia dela-eta, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzen da.

Artikulu bakarra. Aldatu egiten dira Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen manu hauek, eta testu hau izanen dute aurrerantzean:

Bat.-28. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"28. artikulua. Distantzia eta gehieneko ekoizpen-ahalmena.

1. Gaixotasunak zabaltzea eragozteko eta horien ondorioak ekiditeko prebentzio-neurri gisa, abeltzaintzako ustiategiek erregelamendu bidez ezartzen diren distantziak gordeko dituzte bai haien artean, bai eta haietatik abere kontzentrazioetarako eta abeltzaintzaren arloko jarduera agroindustrialetarako edo haiekin lotutakoetarako instalazioei begira ere. Distantzia horiek zehazteko, kontuan hartuko dira inguruabar geografikoak eta abere espezieen ezaugarriak, gehieneko ekoizpen-ahalmena, ustiategiaren izaera intentsiboa edo estentsiboa eta arrisku epidemiologikoa.

2. Abeltegietarako gehieneko ekoizpen-ahalmen batzuk ezartzen dira, ustiategi berrien edo orain daudenen handitzeen neurriak ez daitezen izan foru lege honen 1. eranskinean ezartzen diren gehienekoak baino handiagoak.

3. I. eranskinean adierazitako gehienezko ekoizpen-ahalmena aplikatzekoa izanen zaie bai abeltegi berriei bai lehendik dauden abeltegiak handitzen direnean ere. Edonola ere, abeltegietan ezin izanen da instalazioen aldaketarik edo ekoizpen-norabidearen aldaketarik egin, horiek gehienezko ahalmena handitzea ekartzen badute".

Bi.-39. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"2. Agintari eskudunak animalia hiltzea nahitaezkotzat deklaratuz gero, kalte-ordaina emanen da, indarrean dauden arau eta baremoen arabera. I. eranskinean ezarritako plaza-, AzLU- edo abere-kopuruaren araberako kalte-ordaina emanen da gehienez".

Hiru.-54. artikuluari apartatu bat gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

"10. Hiru hilabete baino gehiagoz %2,5 eta %4,99 bitarte gainditzea I. eranskinean ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena. I. eranskinean ezarritako gehieneko ahalmena baino handiagoa duten baimendutako abeltegien kasuan, ehuneko hori aplikatuko zaio abeltegiak duen ingurumen-baimenaren arabera dagokionari".

Lau.-55. artikuluari apartatu berri bat gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

"29. Hiru hilabete baino gehiagoz %5 eta %9,99 bitarte gainditzea I. eranskinean ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena. I. eranskinean ezarritako gehieneko ahalmena baino handiagoa duten baimendutako abeltegien kasuan, ehuneko hori aplikatuko zaio abeltegiak duen ingurumen-baimenaren arabera dagokionari".

Bost.-56. artikuluari apartatu berri bat gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

"14. Hiru hilabete baino gehiagoz %10 edo gehiago gainditzea I. eranskinean ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena. I. eranskinean ezarritako gehieneko ahalmena baino handiagoa duten baimendutako abeltegien kasuan, ehuneko hori aplikatuko zaio abeltegiak duen ingurumen-baimenaren arabera dagokionari".

Sei.-Bosgarren xedapen gehigarri bat gehitzen da, eta testu hau izanen du:

"Bosgarren xedapen gehigarria.-Ezarritako gehieneko mugak gainditzen dituzten ustiategiak.

Abian dauden eta behitegien oinarrizko antolamendurako arauak ezartzen dituen abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretua indarrean jarri baino lehenagotik dekretu horretan ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena baino handiagoa duten ustiategiek ahalmen horri eusten ahalko diote, baina ezin izanen dute handiagotu, inola ere. Ondorio horietarako, ustiategi horien indarreko ingurumen-baimenean jasotako gehieneko ahalmena hartuko da kontuan. Ezin izanen dute gehieneko neurri hori handitzea dakarren aldaketarik egin instalazioan, ez eta ekoizpenaren orientazioan ere".

Zazpi.-Hirugarren xedapen iragankorra aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"Hirugarren xedapen iragankorra.-Izapidetan dauden espedienteen ebazpena.

1. 2022ko apirilaren 6a baino lehen aurkeztutako behitegien -ustiategi berriak, egun dauden ustiategien aldaketa eta/edo handitzea edo orientazio zooteknikoaren aldaketak barne hartuta- baimenei dagozkien espedienteei, administrazio-bidean ez bada horien gaineko ebazpen irmorik eman, behitegien oinarrizko antolamendurako arauak ezartzen dituen abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean xedatutakoa aplikatuko zaie.

2. 2022ko apirilaren 6aren ondoren aurkeztutako behitegien -ustiategi berriak, egun dauden ustiategien aldaketa eta/edo handitzea edo orientazio zooteknikoaren aldaketak barne hartuta- baimenei dagozkien espedienteei, administrazio-bidean ez bada horien gaineko ebazpen irmorik eman, foru lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, eta, beraz, ezin izanen dituzte gainditu I. eranskinean finkatutako gehieneko neurriak".

Zortzi.-I. eranskin berri bat gehitzen da, testu honekin:

"I. ERANSKINA

Abeltegien gehieneko ekoizpen-ahalmena (AzLU edo plaza kopuruaren arabera)

Txerri-ustiategien tamainaAzLU (1) / plazak 864 AzLU
Broiler oilaskoak eta hegaztiak oro har300.000 plaza
Arrautzetarako eta hazteko oiloak300.000 plaza
Ugalketarako oiloak eta haiek haztea60.000 plaza
Kanpora irteten diren hegaztiak50.000 plaza
Galeperrak600.000 plaza
Esnetarako behiak850 AzLU
Haragitarako behiak (2)850 AzLU
Esnetarako ardi eta ahuntzak6.000 ugaltzaile edo 600 AzLU
Haragitarako ardi eta ahuntzak8.000 ugaltzaile edo 800 AzLU
Zaldiak1250 AzLU
Untxiak600 AzLU
Erleen kokalekua (3)200 erlauntza
Espezie bat baino gehiago dituzten ustiategiak1250 AzLU

(1) AzLU. Koadro honetako AzLUak kalkulatzeko, aintzat hartuko dira 31/2019 Foru Dekretuaren 1. eranskineko AzLUen baliokidetzak.

(2) Zezenketetarako aziendaren ustiategiak barne.

(3) Gehieneko tamaina erleen kokalekuena da, baina ustiategi batek berak kokaleku bat baino gehiago izan ditzake".

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web