(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2023 FORU LEGEA, MARTXOAREN 9KOA, NAFARROAKO BABES ZIBILARI ETA LARRIALDIEN KUDEAKETARI BURUZKO UZTAILAREN 1EKO 8/2005 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA

BON N.º 57 - 21/03/2023



HITZAURREA

Nafarroako Foru Komunitateak bereganatutako eskumenak baliatuz, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea onetsi zuen, babes zibileko eta larrialdien kudeaketaren inguruko jarduketak arautzeko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, baina deusetan galarazi gabe interes nazionaleko larrialditzat jotzen diren egoerak arautzeko Espainiako arauek xedatzen dutena eta, halakorik izanez gero, aplikatzekoa den Europako araudiak xedatzen duena.

Geroago otsailaren 28ko 8/2019 Foru Legea onetsi zen, aipatu 8/2005 Foru Legea aldatzeko, arriskuen, baliabideen eta legeriaren bilakaeran oinarrituta.

Baina esperientziak erakusten du aldaketa gehiago egin behar zaizkiola, larrialdietako laguntzaren eta kudeaketaren egungo egoerara egokitze aldera.

Halaber, prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzu publikoen bilakaerak eraginda, lehenbiziko aldiz aldaketak egin behar dira 8/2005 Foru Legearen IV. tituluan, Foru Komunitateko administrazio publikoek ematen dituzten prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuei buruzkoan.

Artikulu bakarra. Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea honela aldatuta geldituko da:

Bat. 2. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

"2. artikulua. Definizioak.

Foru lege honi dagokionez, honako definizioak hartuko dira aintzat:

Galzoria: babes zibilak zaindu beharreko pertsona-taldeei edo ondasun-multzoei egoera jakin batzuetan kaltea egiteko ahalmena.

Zaurgarritasuna: pertsona-talde edo ondasun-multzo baten ezaugarria, inguruabar jakin batzuetan galzoriaren eragina neurri handiago edo txikiagoan jasateko moduan egotea dakarkiena.

Mehatxua: babes zibilak zaindutako pertsonek eta ondasunek duten egoera, zeinean berehalako edo ezkutuko galzori baten aitzinean baitaude neurri handiago edo txikiagoan.

Arriskua: mehatxu bat pertsona-talde edo ondasun-multzo bat ukitzera iristeko aukera.

Larrialdia: bat-batean sortzen den egoera, ondasunen nahiz pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa arrisku handian jartzen dituena edo erasotuak gertatzen direnekoa, eta berehalako neurriak hartzea eskatzen duena, arriskua bertan behera uzteko edo kalteak minimizatzeko. Arruntak nahiz apartekoak izan daitezke.

Aparteko larrialdia: bat-bateko arrisku kolektiboko egoera, pertsonak edo ondasunak berehalako galzorian jartzen dituen gertaera baten ondoriozkoa eta botere publikoen aldetik horiek artatzeko, kalteak arintzeko eta katastrofe bihur dadin ekiditen saiatzeko kudeaketa azkarra exijitzen duena.

Larrialdi arruntetik bereizten da azken horrek ez duelako eragin kolektiborik.

Katastrofea: biktima, kalte eta inpaktu material ugari eragiteagatik erkidego edo gizarte baten funtzionamendua substantzialki asaldatzen edo eteten duen egoera edo gertakari bat, artatze-baliabide gehiago eskatzen dituena erkidegoak berak eskuragarri dauzkanak baino.

Oinarrizko zerbitzuak: beharrezkoak direnak oinarrizko eginkizun sozialak, osasuna, segurtasuna eta herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa edo administrazio publikoen funtzionamendu eraginkorra mantentzeko.

Zoritxar publikoa: biztanleengan eragin orokorra duen katastrofea.

Larrialdietako laguntza: pertsonen bizia eta osotasun fisikoa babestea helburu duten jarduketa urgenteak, baita ondasunak eta ingurumena zaintzekoak ere, gizakiak nahiz naturak eragindako larrialdiak gertatzen direnean.

Alerta: galzori edo arrisku garrantzitsu baten gertagarritasunaz ohartarazteko abisua edo deia.

Alarma: hurbil-hurbileko galzori ziur batez ohartarazten duen seinalea.

Arriskuen mapa: dokumentu kartografiko ofiziala, Nafarroako Foru Komunitateko garrantzizko arriskuak seinalatzen, deskribatzen, sailkatzen eta kokatzen dituena eta arrisku bakoitza lurraldeko zein zonatan dagoen zehazten duena.

Urgentzia: lekuren edo jardueraren batean norbaiti ustekabean arazo bat gertatzea berehalako laguntza premiaren kontzientzia sortzen diona, arazoaren kausa eta larritasun maila gorabehera".

Bi. 3. artikuluan e) apartatua aldatzen da eta i) eta j) apartatuak gehitzen dira; testua honela geldituko da:

"e) Ezbeharra sortzen duten zergatietan batera eta berehala esku hartzea, haiek deuseztatzeko, hedadura eta ondorioak murrizteko eta herritarrak babesteko eta sorosteko".

"i) Behar diren ikuskapen lan guztiak egitea babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko araudi indarduna betetzen dela egiaztatzeko.

j) Herritarrek eta babes zibileko boluntarioen erakundeek parte har dezaten sustatzea".

Hiru. 4. artikuluari 4. apartatua gehitzen zaio eta testu hau izanen du:

"4. Nafarroako administrazio publikoek, beren eginkizunak betetzean, arreta berezia jarriko diete pertsona eta kolektibo zaurgarrienei".

Lau. 9. artikuluari 5. apartatua gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

"5. Babes zibileko planak etengabe eguneratuta egon behar dira eta egokituta haien egituran edo operatibitatean gerta daitezkeen aldaketetara, bai eta haiek ezartzeko prozesuan lortutako emaitzen arabera edota haien denbora-aktibazioaren esperientziaren arabera ere".

Bost. 22. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

"1. Larrialdi bat hain handia denean edo halako hedadura hartzen duenean non erantzuteko ahalbideak gainditzen dituen, Nafarroako Gobernuak katastrofetzat har dezake, babes zibilaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak proposaturik".

Sei. 26. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

"2. Babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari eginkizun hauek dagozkio:

a) Nafarroako Gobernuari aurkeztea Nafarroako babes zibileko lurralde plana, larrialdietako plan berezi eta berariazkoak eta babes zibilaren arloan beharrezkoak diren gainerako xedapen orokorrak, onets ditzan.

b) Nafarroako babes zibileko lurralde planean eta larrialdietako plan berezi eta berariazkoetan finkatzen diren zuzendaritza lanak betetzea, salbu eta 22. artikuluan aurreikusi den egoeran.

c) Nafarroako Gobernuari proposatzea katastrofe egoera deklara dezala.

d) Nafarroako Babes Zibileko Batzordeko buru izatea.

e) Larrialdiak kudeatzeko zentroaren protokolo operatiboak onestea.

f) Zehapen ahalmena erabiltzea, foru lege honetan ezarritako moduan.

g) Indarreko arauek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak".

Zazpi. 27. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

"2. Babes zibilaren arloko agintari gorena udalerrian alkatetza daukan pertsona da eta, horrenbestez, hari dagokio udal plana abian jar dadila agintzea eta, kasua denean, hartan ezarritako zuzendaritza eta koordinazio lanak betetzea, plana geldiaraztea, beste administrazio publiko batzuen baliabideak eskatzea eta goragoko plan bat abian jar dezatela eskatzea".

Zortzi. 28. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

"2. Udalez gaindiko entitateko buruak aurreko artikuluan alkatearen esku uzten diren eginkizunak beteko ditu, bere lurralde esparruan eta udalez gaindiko planen arabera".

Bederatzi. 34. artikulua aldatzen da eta testu hau izanen du:

"34. artikulua. Babes zibileko boluntarioak.

Babes zibileko boluntarioek larrialdiak kudeatzen laguntzen ahal izanen dute, gizarteak gertakari horiei emandako erantzunaren erakusgarri, aplikatzekoak diren arauetan ezarritakoarekin bat eta herritarrek laguntzeko duten betebehar orokorra ezertan ere galarazi gabe.

Babes zibileko boluntarioak adin nagusiko pertsonak dira, beren borondatez eta ez irabazi pertsonalik ez korporatiborik lortzeko asmorik gabe entitate batean sartzen direnak, administrazio publiko eskudunek esleitzen dizkieten babes zibileko ohiko eginkizunak garatu ahal izateko erakunde horretan.

Boluntarioek babes zibilaren esparruan egindako jarduerak boluntario horiek sartuta dauden entitateen bidez eginen dira, boluntario-lanari buruzko araubide juridikoarekin eta boluntario-lanak azpian dauzkan balioekin eta printzipioekin bat, eta haien jarraibideei lotuz, eta horien laguntza ez da inolaz ere gauzatuko administrazio publiko jardulearekiko lan-harreman baten bidez.

Boluntarioek babes zibilaren arloan egindako jarduerak laguntza ematekoak eta larrialdietako zerbitzu publikoen mendekoak izanen dira beti, eta haien zuzendaritzapean jardunen dute soilik.

Foru Komunitateko Administrazioak eta udalek larrialdietarako boluntarioen taldeen ekimenak bideratuko dituzte, boluntarioek babes zibilaren, prestakuntzaren eta laguntza teknikoaren arloan egiten duten lanari buruzko informazioa eman eta zabaltzeko eta haien lana goresteko kanpainak eginez.

Babes zibileko boluntarioen elkarteek Boluntarioei buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean ezarritakoari segituko diote, eta izena eman beharko dute babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuari atxikitako erregistro erregelamenduz zehaztuan.

Babes zibileko boluntarioen elkarteen erregistroan izena emateko, beharrezkoa izanen da aurretiaz Foru Komunitateko Administrazioarekiko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea. Erregelamendu bidez ezarriko da hitzarmen horien edukia, zeinak honako hauek jasoko baititu gutxienez ere: bere baliabideak haren eskura jartzea; laguntzeko eta parte hartzeko modua eta halako kasuetan legozkiekeen konpentsazioak, eta entitate horien giza baliabideen heziketa kreditatua.

Boluntario-laneko elkarte bateko eskubide osoko boluntario gisa babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan prebentzio- eta operazio-lanetan parte hartzeko beharrezkoa izanen da babes zibilaren eta larrialdien arloko departamentu eskudunak emandako kreditazioa edukitzea; horretarako, beharrezkoa izanen da erregelamendu bidez ezartzen diren curriculum-gaitasunak edukitzea lan horiek egiteko.

Boluntarioen talde eta erakundeetako kide diren boluntarioek aseguru bat izanen dute, kasuan kasuko erakundearen kargura, eginkizunak betetzeak dakartzan istripu arriskua eta erantzukizun zibila estaliko dituena".

Hamar. 39. bis artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"39. bis artikulua. Babes zibileko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuak.

Honako hauek dira babes zibileko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuak:

a) Babes Zibileko Zerbitzua eta Larrialdien Kudeaketarako Zentroa.

b) Ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak, ospitaleetako larrialdi zerbitzuak eta oinarrizko osasun laguntzakoak, ospitale eta osasun etxe publikoak eta osasun-garraio publikoak edo itunduak, bai eta osasun publikoko zerbitzuak ere.

c) Nafarroako administrazio publikoetako prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuak.

d) Nafarroako Foruzaingoa eta Nafarroako toki entitateetako poliziak.

e) Errepide-mantenimenduko eta herri-lanetako zerbitzuak, eta basozaintzako eta ingurumenaren babeseko langileak.

f) Gizarte zerbitzuak.

g) Estatuko segurtasun kidego eta indarrak, eta larrialdien kudeaketa xede duten Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

h) Babes zibileko boluntarioen elkarteek eta toki entitateen mende dauden suhiltzaile boluntarioek zerbitzu publikoen mende jardunen dute.

i) Telekomunikazioen, uraren, gas eta fuelaren eta argindarraren sareen hornidura, mantentze eta zainketa zerbitzuak, eta oinarrizko zerbitzuen beste hornitzaile batzuk".

Hamaika. 40. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da eta testu hau izanen du:

"1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak larrialdietako deiei erantzuteko zerbitzu publikoa emanen du larrialdietarako Europako 112 telefono zenbaki bakarraren bidez edo Europako legedian finkatzen den beste baten bidez".

Hamabi. 41. bis artikuluan a) apartatua aldatzen da eta f), g) eta h) apartatuak gehitzen dira; testua honela geldituko da:

"a) Larrialdietako deiak hartzeko zerbitzua ematea larrialdietarako Europako 112 telefono zenbaki bakarraren bidez".

"f) Alerta eta larrialdi egoerak kudeatzea eta koordinatzea.

g) Ariketa eta simulakroetan eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako prebentzio-jarduketetan parte hartzea.

h) Edozein motatako larrialdi batean babes zibileko plana aktibatu ondoren planaren zuzendariak esleitzen dizkion eginkizun guztiak".

Hamahiru. 42. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da eta testu hau izanen du:

"1. Administrazio publikoek eta, zuzenean edo zeharka, larrialdietan laguntza emateko jardueretan aritzen diren erakunde publiko eta pribatuek, Larrialdiak Kudeatzeko Zentroari jakinarazi beharko diote Nafarroako Foru Komunitatean babes zibileko larrialdi bati bidea eman diezaiokeen edozein inguruabar edo egoera, eta zentro horretako langile eta agintariei lagundu beharko diete".

Hamalau. 45. artikuluaren 2. apartatuko a) letra aldatzen da eta testu hau izanen du:

"a) Suteen prebentzio eta itzaltzearen inguruko jarduerak, eta mota guztietako ezbehar eta arrisku egoeretan pertsona eta ondasunen babesa, bilaketa eta salbamendua".

Hamabost. 53. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da eta testu hau izanen du:

"1. Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuetan lanpostu hauek izanen dira, eta kasu bakoitzean ezarritako eginkizun orokorrak izanen dituzte:

a) Suhiltzaile-ofiziala, A mailakoa. Zerbitzuaren unitate tekniko eta operatiboen zuzendaritza eta koordinazio eginkizunak dagozkio, bai eta goi mailako eginkizun teknikoak ere prebentzioaren, ikuskaritzaren, su-itzaltzearen eta salbamenduaren arloan.

b) Suhiltzaile-ofizialordea, B mailakoa. Zerbitzuaren unitate tekniko eta operatiboen zuzendaritza eta koordinazio eginkizunak dagozkio, bai eta erdi mailako eginkizun teknikoak ere prebentzioaren, ikuskaritzaren, su-itzaltzearen eta salbamenduaren arloan

c) Suhiltzaile-kaboa, C mailakoa. Zerbitzuaren unitate operatiboen ikuskaritza eta zuzeneko aginte eginkizunak dagozkio, goiko agintedunen zuzendaritzapean.

d) Suhiltzailea, C mailakoa. Esku-hartze operatiboko eginkizunak eta betetze-eginkizunak dagozkio, goiko agintedunen zuzendaritzapean.

e) Suhiltzaile-gidari laguntzailea, D mailakoa. Bere mailako eginkizunak dagozkio.

f) Suhiltzaile-peoi laguntzailea, D mailakoa. Bere mailako eginkizunak dagozkio".

Hamasei. 54. artikulua aldatzen da eta testu hau izanen du:

"54. artikulua. Kidegoan sartu eta gora egitea.

1. Suhiltzaileen lanpostu hutsak funtzio publikoan sartzeko deialdi publikoa eginda beteko dira, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez. Hautaproben artean, betiere, Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da, zeinean Hezkuntza Departamentuak berariazko deialdia eginen baitu Osasun Larrialdietako teknikariaren lanbide heziketako titulua lortzeko probetarako. Suhiltzaileen Oinarrizko Prestakuntza Ikastarorako onartutako izangaiek proba horiek gainditu beharko dituzte. Ikastaroak dirauen bitartean izangaiak praktiketako funtzionarioak izanen dira.

Hautaprobetarako onartuak izateko, izangaiek C mailara sartzeko eskatzen den titulazioa eduki beharko dute.

2. Suhiltzaile-kaboen lanpostu hutsak goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa bidez beteko dira, Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaileen artean. Lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa horretan parte hartzeko ezinbesteko baldintza izanen da suhiltzaile gisa gutxienez hiru urteko zerbitzuak egiaz eman direla frogatzea eta C mailara sartzeko eskatzen den titulazioa edukitzea.

3. Suhiltzaile-ofizialordeen lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira; oposizio-lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Igoera txandan parte hartzen ahalko dute suhiltzaile-kaboek, baldin eta frogatzen badute kabo gisa gutxienez hiru urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela, eta B mailara sartzeko eskatzen den titulazioa badute.

4. Suhiltzaile-ofizialen lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira; oposizio-lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaile-ofizialordeek parte hartzen ahalko dute oposizio-lehiaketa murriztuan, baldin eta frogatzen badute ofizialorde lanpostuan gutxienez bost urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela eta erregelamenduz ezarritako titulua, unibertsitateko goi mailakoa, badute. Horren ondotik ateratzen diren lanpostu hutsak txanda irekiko oposizio-lehiaketaren bidez beteko dira.

5. Aurreko ataletan aipatzen diren sarrera eta igoera prozedurak ebatzi aitzin, dauden lanpostu hutsak Nafarroako edozein administrazio publikotan lanpostu berdinak betetzen dituzten funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketara aterako dira.

6. Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuetako lanpostuak betetzeko ezartzen diren proba fisikoetan genero-berdintasuna zaintzeko neurri egokiak hartuko dira".

Hamazazpi. 55. artikuluan 1. eta 3. apartatuak aldatu eta 4. apartatua gehitzen da, eta testu hau izanen dute:

"1. Suhiltzaileen edo suhiltzaile-kaboen lanpostuetan aritzen diren funtzionarioek 55 urte betetakoan destino hauetako bat aukeratzen ahalko dute:

a) Lanpostu berean gelditzea 60 urte bete arte. Horretarako, osasun azterketa eta gaitasun fisikoko probak gainditu beharko dituzte urtero, lanpostuan aritzeko behar diren baldintzak dituztela frogatzeko.

b) Dauden zerbitzu berean bigarren jarduerako lanpostu batera pasatzea (zerbitzu osagarriak). Horrelako lanpostuak izanen dira laguntzarako edo prestakuntzarako jarduerak edo jarduera osagarriak egitekoak, langile bakoitzaren ahalmenaren araberakoak, hau da, lanbidean aritu diren denboran ikasitakoa eta bizitakoa garatzeko aukera ematen dutenak, baina ezbeharretan zuzenean parte hartu gabe. Hori ezinezkoa baldin bada, dela bigarren jarduerako lanposturik ez dagoelako, dela langilea horretan aritzeko gaitua ez dagoelako, bere mailari eta titulazioari dagokien administrazio publiko bereko beste lanpostu batean zerbitzu osagarriak egitera pasatzen ahalko dira; erregelamenduz ezarriko dira lanpostu aldaketa horiek egiteko prozedura eta lanpostu horietan aritzeko baldintzak".

"3. Bigarren jarduerako lanpostu batean ari direnek ezin izanen dute aurreko artikuluan gora egiteko ezarritako prozeduretan parte hartu, ez eta horiei lotutako lekualdatze lehiaketetan ere.

4. Behin 55 urte bete ondoren zerbitzu operatiboan jarraitzen duten langileek denbora-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute erregelamenduz ezarritakoaren arabera".

Hemezortzi. 63. artikulua aldatzen da eta testu hau izanen du:

"63. artikulua. Zehatzeko eskumena.

1. Zehatzeko ahalmena udalei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokie, artikulu honetan ezarritako moduan, arau-haustetzat jotzen den jokabideak planaren zer arlo ukitzen duen, horren arabera.

2. Arau-hauste arin eta larriak zehatzea alkateari dagokio, salbu eta, arau-hauste larrien kasuan, isunaren zenbatekoa dela-eta, babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari badagokio. Arau-hauste oso larriak zehatzea, isunaren zenbatekoaren arabera, babes zibilaren arloko kontseilari eskudunari edo Nafarroako Gobernuari dagokio.

3. Babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak, ikuskapenak egiteko dagokion ahalmena erabiliz, uste badu alkateak zehatu beharreko arau-hausteren bat egin dela, haren berri emanen dio, behar bezala joka dezan. Hilabeteko epean alkateak ez baditu behar bezalako zehapen jarduketak egiten, eskumen hori babes zibilaren arloan eskumena duen kontseilariak hartuko du bere gain.

4. Isunak jartzeko eskumena honako agintari hauek izanen dute, isunen zenbatekoaren arabera:

a) Alkateak, 30.000 euro bitartekoak.

b) Babes zibilaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak, 600.000 euro bitartekoak.

c) Nafarroako Gobernuak, 2.000.000 euro bitartekoak".

Xedapen iragankor bakarra. Suhiltzailesarjentu lanpostuetan ari diren langileen egoera.

1. Suhiltzaile-sarjentuen lanpostuak, B mailakoak, "iraungi beharreko" lanpostutzat joko dira plantilla organikoan.

2. Iraungi arte, suhiltzaile-sarjentu lanpostuetan ari diren langileek dagozkien eskubide eta betebehar guztiak atxikiko dituzte eta egun esleituak dituzten eginkizunak beteko dituzte.

3. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren uztailaren 31ko 102/2018 Foru Aginduak -zeinaren bidez Uretako Erreskate Taldea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren egituran txertatzen baita, eta Erreskate Teknikorako Taldea sortzen- suhiltzaile-sarjentu lanpostuaz egiten dituen aipamen guztiak suhiltzaile-ofizialorde lanpostuaren aipamentzat hartu behar dira.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe uzten da azaroaren 20ko 82/2006 Foru Dekretuaren 1. artikulua. Dekretu horrek zehazten ditu Nafarroako administrazio publikoen prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetan suhiltzaileen sarjentu eta ofizial lanpostuetan sartzeko eskatu behar diren tituluak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web