(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2023 FORU LEGEA, MARTXOAREN 9KOA, JUSTIZIA ERRESTAURATIBOARI, BITARTEKARITZARI ETA JARDUNBIDE ERRESTAURATIBO KOMUNITARIOEI BURUZKOA

BON N.º 57 - 21/03/2023



  ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  I. TITULUA. NAFARROAKO JUSTIZIA ERRESTAURATIBOAREN ZERBITZUA


  III. TITULUA. JARDUNBIDE ERRESTAURATIBO KOMUNITARIOAK


HITZAURREA

I

Justizia gure ordenamendu juridikoaren balio gorenetako bat da, berdintasunarekin, askatasunarekin eta pluralismo politikoarekin batera. Espainiako Konstituzioak zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoaren toki gorenean kokatzen du balio hau, eta gure arkitektura instituzionalean justiziak duen nagusitasunak dakartzan funtsezko printzipio eta eskubide batzuk arautzen ditu. Horrela, justiziaren funtsezko balio hori oinarritzat duten printzipioen artean daude legezkotasuna eta arbitrariotasunaren debekua (9.3 artikulua), eta eskubideen artean, berriz, benetako babes judizialarena (24. artikulua) eta zigorren helburua gizarteratzea izatearena (25.2 artikulua) daude, besteak beste. Berme guztiak beteko dituen epaiketa bidezkoa izateko eskubideak ahalbidetzen du bakea eta segurtasuna sendotzea, gatazkak gizabidez konpontzen baititu, arrazoia emanez legeetan ezarritakoaren arabera merezi duenari, eta kolektibitateari kalte egiten dioten baimendu gabeko portaerak gaitzetsiz eta haien jarraipena galaraziz. Justizia balio gisa mamitzeko, jarduera jurisdikzionala bete behar da, epaitegi eta auzitegietan bete ere, ez beste inon, baina gizartea ere behar du ondoan, osotara garatuko bada. Beraz, justizia balio bat da eta, horrekin batera, bizitza kolektiboaren bilakaera baketsurako ezinbestekoak diren jardueren multzo bat ere.

XXI. mendearen hirugarren hamarkadan justizia egiteko beharrezkoa da epaitegi eta auzitegien lana osatzea zenbait zerbitzu, teknika eta antolaketa neurrirekin, horien bidez posible delako sakontzea jurisdikzio-ahalaren erro demokratikoetan, Konstituzioak esleitzen dizkionetan, ahal hori "herriarengandik sortzen dela" adierazten baitu 117. artikuluan. Europako eta estatuko hainbat lanabes juridikotan adierazten denez, justizia demokratikoagoa eta pertsonen beharretatik hurbilagoa eraikitzeko, zeregin zentrala dute, batetik, ikuspegi errestauratiboak, paradigma emankorra eta sendotua baita, eta, bestetik, bitartekaritzak, tresna ezaguna eta zabaldua den aldetik.

Justizia sozial eta demokratiko batek herritarren parte-hartzea behar du, haien gatazkak modu itunduan konpontzeko bidea emanez. Parte-hartze hori ez da ulertu behar justiziaren pribatizazio gisa, justiziak ondasun juridiko komunen defentsaren bidez legitimatzen jarraitu behar baitu, baizik eta erakunde eta botere publiko guztien oinarri demokratikoaren sakontze gisa. Hori dela eta, herritarrek justizian duten parte-hartzea jurisdikzio-ordena guztietan erraztu eta indartu behar da, ebatzi beharreko gatazken izaeraren arabera egokiak diren bermeak eta babesak ezarriz. Horrenbestez, nahitaezkoa da modu bateratuan baina ikuspegi desberdinekin arautzea Nafarroako Gobernuak justizia errestauratiboaren zerbitzuan dituen baliabideak, zigor arloan, batetik, eta arlo zibileko, merkataritzako eta administrazioarekiko auzien arloko bitartekaritzan, bestetik; horri gehitu behar zaio gatazken judizializazioaren prebentzioa sustatzeko lana, jardunbide errestauratibo komunitarioen bitartez.

Gai hauek arautzeko premia eta aukera nazioarteko tresna ugarik ere justifikatzen dute, botere publikoak adoretzen baitituzte justizia errestauratiboa, bitartekaritza eta jardunbide errestauratiboak sustatzeko arau-esparru propioak ezartzera.

II

Lehenengo eta behin, biktimei ikuspegi errestauratibotik arreta ematea Europako legedi loteslearen xede izan da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/29/EB Zuzentarauaren bidez; izan ere, zuzentarau horrek gutxieneko arauak ezartzen ditu delituen biktimen eskubideei, babesari eta laguntzari buruz, eta Kontseiluaren 2001/220/JAI esparru-erabakia ordezkatzen du. Zuzentarau hori Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legearen bidez ekarri da Espainiako ordenamendu juridikora; atarikoan justizia errestauratiboari buruzko kontzeptu zabala egiten du bere, bitartekaritza, zirkuluak eta konferentzia familiarrak barne, eta horixe da, hain zuzen ere, Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren funtzionamendua gidatzen duen ikuspegia. Biktimentzako arretaren arloan eta bitartekaritza eta jardunbide errestauratiboen sustapenaren arloan, foru-lege honek aintzat hartzen du bereziki genero-ikuspegia, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean eta Emakumeen kontra eta Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, eta, horrekin batera, sexu orientazioan, genero eta sexu- edo genero-identitatearen adierazpenean oinarritutako diskriminazio ororen prebentzioa, zuzenketa eta desagerpena, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean jasotzen den bezala.

Europako Kontseiluaren esparruan, aipatu beharra dago duela gutxiko Veneziako Adierazpena, 2021eko abenduaren 14koa, azpimarratzen baititu justizia errestauratiboko prozesuen abantailak, esanez, bereziki, borondatezko izaera dutela eta noiznahi eten edo geldiarazteko aukera dagoela, eta berriz aipatzen du prozesua bideratuta dagoela kalte material eta immaterialak erreparatzera, eta oinarritzen dela borondatezkotasunean, parte-hartzean, konfidentzialtasunean, arau-hausleen gizarteratzean, bitartekarien edo bideratzaileen inpartzialtasunean eta, horrekin batera, estigmatizazioaren arriskua gutxitzean. Horrez gain, nabarmentzen du justizia errestauratiboa ez dela ikusi behar, soilik, "zigor arloko justiziaren ohiko ikuspegiaren barruko beste tresna huts bat bezala, baizik eta kultura zabalago bat bezala, zigor arloko justiziaren sisteman iragazi behar dena biktimaren eta arau-hauslearen borondatezko parte-hartzea baliatuz, bai eta ukitutako beste alderdi batzuena eta komunitatearena ere, oro har, krimenak eragindako kalteari heldu eta hura erreparatzeko".

Deklarazio horrek jorratzen du lehenago, 2018an, Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei zigor arloko justizia errestauratiboaren arloan helarazitako CM/Rec (2018)8 Gomendioak (zigor arloko bitartekaritzari buruzko R (99)19 Gomendioa indargabetu zuena) irekitako bidea. Foru-lege honek aitortu eta gomendio horrek adierazten duenez, justizia errestauratiboak babesten du "biktimen interes legitimoa beren ahotsa ozen entzunarazteko, biktimizazioari erantzunez, ofentsaren egilearekin komunikatzeko eta erreparazioa eta asebetetzea lortzeko justizia prozesuaren testuinguruan"; aldi berean, ofentsa egileengan erantzukizunaren zentzua pizten da eta eragindako kaltea erreparatzeko aukerak ematen zaizkie, eta horrek "lagundu lezake haien gizarteratzean, ahalbidetu lezake kalte-ordainketa eta elkar ulertzea eta delituak egiteari uztea bultza lezake". Gomendio horri jarraikiz, foru-legean jasotzen dira Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren "eskumen arauak eta arau etikoak, bai eta bideratzaileak hautatu, trebatu, lagundu eta ebaluatzeko prozedurak ere" (Gomendioaren 36. apartatua). Orobat, Gomendioaren 59. eta 60. arauei jarraikiz, foru-legeak prozesu errestauratiboen erabilera zabala eta sormenezkoa bultzatzen du, judizializatu gabeko jardunbide errestauratiboak barne direla.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundearen testuinguruan, foru-lege honekin 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren 16. helburua lortu nahi da: gizarte bidezko, baketsu eta inklusiboak sustatzea eta, aldi berean, zuzenbide-estatua finkatzea eta guztiontzako justizia eskuratzeko berdintasuna bermatzea. Alde horretatik, aipatu beharra dago, halaber, Justizia errestauratiboko programak zigor arloan aplikatzeko oinarrizko printzipioak (ECOSOC 2002/12 Ebazpena), NBEko estatuak adoretzen dituztenak jarraibideak eta estandarrak ezartzera beren lege sistemetarako egokiak diren justizia errestauratiboko programen erabilera ezartzeko helburuarekin. Horrez gainera, justizia errestauratiboak dituen ahalmenei garrantzi berezia ematen die, krimenari ematen zaion erantzuna izateko, geroz eta zabalduagoa eta moldakorra, pertsona bakoitzaren duintasuna eta berdintasuna errespetatzen duen, ulermena sortzen duen eta biktimak, gaizkileak eta komunitateak sendatuz harmonia soziala sustatzen duen erantzun bat alegia.

Foru-lege honen aplikazio-eremutik kanpo daude genero-indarkeriari lotutako gaiak, Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean -Istanbulen 2011ko maiatzaren 11n adostu zen eta Espainiak 2014ko martxoaren 18an berretsi zuen- xedatutakoaren arabera.

III

Beste jurisdikzio-ordena batzuetan bitartekaritza baliatzeari dagokionez, Europako 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/EE Zuzentarauak, auzi zibil eta merkataritzakoetan bitartekaritzak dituen ezaugarri batzuei buruzkoak, aipatu zuen "bitartekaritzak auzitegiz kanpoko konponbide merke eta azkarra ematen ahal diela auzi zibil eta merkataritzakoetako gatazkei, aldeen beharretara egokitutako prozeduren bidez. Aukera gehiago daude bitartekaritzaren ondoriozko akordioak borondatez betetzeko eta aldeen artean adiskidetasunezko harreman bideragarriari eusteko". Era berean, zuzentarau horrek adierazi zuen ezen, "bitartekaritza maizago erabil dadin sustatzeko eta horretara jotzen duten aldeek esparru juridiko aurresangarria izatea bermatzeko, beharrezkoa da horren esparru-legeria ezartzea, batez ere prozedura zibilaren alderdi nagusiak jorratuko dituena". Horrek ekarri zuen Espainian uztailaren 6ko 5/2012 Legea onestea, auzi zibil eta merkataritzakoetako bitartekaritzari buruzkoa, eta, beraz, foru-legea legeria horri lotzen zaio.

Europako eta estatuko esparru hori aintzat hartuta, foru-araudiak erregulatzen du Nafarroako Foru Komunitateak, bere autoantolaketarako gaitasunen barruan, bitartekaritza bultzatu eta sustatzeko modua, eta Nafarroan ezartzen diren sustapen metodoak ezartzen ditu, bereziki Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa eta Bitartekaritzaren alorreko Kalitate Zigilua. Administrazioarekiko auzien arloan ere bitartekaritza sustatzeko zenbait bide ezartzen dira, estatuan gai horri buruzko erregulazio espezifikorik ez baitago.

Komeni da azpimarratzea justizia errestauratiboa zein auzitegi barruko bitartekaritza justizia-zerbitzu publikoaren parte direla guztiz, eta, beraz, horren berme guztiak dituztela haiek ere. Ildo horretatik, errespetatu eginen dira defendatua izateko, legelari-laguntza jasotzeko eta doako laguntza juridikoa eskatzeko oinarrizko eskubideak. Esparru penalean, akusatua den pertsona orok abokatu baten laguntza jaso beharko du prozesu errestauratiboan, auzibidean jasoko lukeen baldintza beretan. Auzitegi barruko bitartekaritzan ere legelari-laguntzak bermatuta egon behar du, alderdi bakoitzaren abokatuen aholkularitza-eginkizunaren eta gidaritza juridikoaren kaltetan izan gabe. Alderdiaren abokatuak bezeroari lagunduko dio bitartekaritza prozedura osoan zehar, aholkuak emanez edozein unetan, zainduz emaitzak legeria betetzen duela, diseinatutako estrategiak ere zainduz, eta akordioen edukiak gainbegiratuz horiek sinatu aurretik.

IV

Azkenik, jardunbide errestauratibo komunitarioak gatazkak prebenitzeko eta judizializatu gabeko gatazkak konpontzeko tresnak dira, bai eta gizarte-kohesioa sustatzekoak ere, helburu dutenak konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzako baldintza kolektiboak sortzea, sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudea ditzan hasierako faseetan eta modu espontaneoan. Jardunbide horien aplikazio eremua prozedura judizialetik kanpo gertatzen diren gatazkak dira, eta ez dute ondorio juridiko loteslerik izateko asmorik. Europako Kontseiluaren 8 (2018) Gomendioak, arestian aipatutakoak, estatuak adoretzen ditu "eredu errestauratibo berritzaileak garatzera, zigor prozeduratik kanpo gera daitezkeenak", eta, horregatik, jardunbide errestauratibo komunitarioak garatzeko esparru bat ere ezartzen du. Gatazkak prebenitzeko, kudeatzeko eta auzitegiz kanpo konpontzeko politika publiko bat ezartzeko garrantziak berekin dakar jardunbide errestauratibo komunitarioak foru-lege honetan batera arautu beharra, ikuspegi errestauratiboaren partaidetzazko paradigma malgu eta dialogikoak bere baitan har ditzan gatazken inguruko alderdi guztiak, gatazka arin baten lehen zantzuetatik hasita.

Azaldutako guztiagatik, guztiz justifikatuta irizten zaio Nafarroan justizia errestauratiboaren, bitartekaritzaren eta jardunbide errestauratiboen zerbitzuan jartzen diren bitarteko guztiak arautzeko aukerari, Espainian eta nazioartean dagoen lege esparruarekin bat etorrita, eta Nafarroak Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzearekin duen konpromisoa indartzera dator.

V

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 60.1 artikuluan jasotako subrogazio-klausula deritzonaren bidez, Nafarroak eskumen propioak ditu Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide materialak eta ekonomikoak hornitzeko. Eskumen horrek, "Justizia Administrazioa administratzekoa" deitu ohi denak, ahalbidetzen dio Nafarroari Justizia Administrazioari laguntzen dioten zerbitzuak sortzea. Eskumen horrexek ahalbidetzen du Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua sortzea, bai eta bitartekaritzaren funtzionamenduaren hobekuntza sustatzeko neurriak ezartzea ere, estatuko legeriaren barruan betiere.

Foru-lege honetan ez da arautzen zigor ordenako, ordena zibileko edo beste edozein jurisdikzio-ordenatako alderdi prozesal edo substantiborik. Alde horretatik, ez da arautzen bitartekaritzako eta justizia errestauratiboko prozedurarik, ez eta lege tresna horien definizioa eta ezaugarriak ere; izan ere, foru-lege honen helburua da Nafarroan Justizia Administrazioaren zerbitzuan jartzen diren tresna administratiboak sortu eta arautzea.

Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren gaineko arauak, I. tituluan ezarritakoak, oinarrituta daude Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 60.1 artikuluan jasotako aurreikuspenean, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu zuen Justizia Administrazioaren arloko eskumenen titulartasuna; aurreikuspen hori gauzatzeko, maiatzaren 14ko 813/1999 Errege Dekretua onetsi zen, Justizia Administrazioa baliabide material eta pertsonalez hornitzearen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzkoa, ondorioak 1999ko urriaren 1ean izan zituena. Justizia Administrazioa bere funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoz hornitzearen arloko eskumen horren barruan dago bere elementuen antolaketarako beharrezko dituen araugintza-ahalmenak erabiltzea, estatuko legeriaren barruan betiere. Hortaz, Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legearen 15. artikuluarekin lotu behar da, zeinak arautzen baitu biktimek eskubidea izanen dutela dauden justizia errestauratiboko zerbitzuak erabiltzeko, erregelamendu bidez ezartzen den moduan. Nafarroako Foru Komunitateak arautzen du Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren barne funtzionamendua, berak finantzatzen du, eta zerbitzu hori biktimei laguntza espezializatua emateko zerbitzu publikotzat hartu behar da.

Ordena zibilean, merkataritzakoan eta administrazioarekiko auzien ordenan bitartekaritzaren sustapena arautzeko gaikuntza ematen duen eskumenari dagokionez, kasu honetan ere oinarria Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 60.1 artikuluan dagoen aurreikuspena da, baina auzi zibil eta merkataritzakoetako bitartekaritzari buruzko uztailaren 6ko 5/2012 Legearekin lotuta. Estatuko lege horren bigarren xedapen gehigarriak, "bitartekaritzaren sustapena" aipatzen duenak, finkatzen du dagoen lege esparrua, xedatzen baitu "Justizia Administrazioaren zerbitzurako baliabide materialak hornitzeko eskumena duten administrazio publikoak arduratuko dira bitartekaritzari buruzko informazioa jurisdikzio-organoen eta jendearen esku jartzeaz, prozesu judizialaren alternatiba gisa" eta "administrazio publiko eskudunak ahaleginduko dira bitartekaritza ere egon dadin Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluan ezarritako prozesuaren aurreko doako aholku eta orientabideen artean, auzien kopurua eta haien kostuak murrizteko aukera emanen duen heinean". Erregulazio horren mugei dagokienez, Estatu Kontseiluak ohartarazi zuen 2012ko otsailaren 17ko Erabakian "arau autonomikoek beren bitartekaritza arauak egokitu beharko dituzte, bat etor daitezen estatuko legearekin, Konstituzioaren 149.1.Seigarrena eta Zortzigarrena artikuluak Estatuari emandako eskumen esklusiboak direla medio". Hori da foru-lege honen abiapuntua. Horrenbestez, errespetatzen dira estatuko legerian jasotako printzipioak eta ezartzen dira Nafarroan sustapenerako sortuko diren borondatezko metodo propioak, bereziki Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa, Bitartekaritzako Kalitate Zigilua, Plan Estrategikoa eta Kalitate Plana. Metodo horiek ez dira herrialde osoan lanbide horretan aritzeko estatuko betebeharren aurkakoak, ez eta estatuko borondatezko erregistroaren aurkakoak ere. Esan beharra dago, orobat, Konstituzioaren 149.1.Zortzigarrena artikuluari jarraikiz Nafarroak legeria zibilean berezitasunak ezartzeko eskumenak baditu ere, bitartekaritzari eta justizia errestauratiboari buruzko foru-lege honek ez duela inolako aldaketarik egiten arlo horretan. Era berean, administrazioarekiko auzien arloko legeriari dagozkion eskumenak errespetatzen dira, eta soilik ezartzen da prozesu horiek sustapenaren aurreikuspena egitea indarreko legeriari jarraikiz, kontuan hartuta Estatuak ez dituela berariaz arautu.

Bukatzeko, jardunbide errestauratiboetarako gaikuntza ematen duen eskumena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluan jasota dago, Nafarroak "garapen komunitarioan" eskumen esklusiboa duela deklaratzen baitu. Jardunbide errestauratibo komunitarioak, foru-legean bertan definituta dauden bezala, "gatazkak prebenitzeko eta judizializatu gabeko gatazkak konpontzeko tresnak dira, bai eta gizarte-kohesioa sustatzekoak ere, helburu dutenak konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzako baldintza kolektiboak sortzea, sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudea ditzan hasierako faseetan eta modu espontaneoan". Berariaz aipatzen denez, "jardunbide errestauratibo komunitarioak prozedura judizialetik kanpo garatzen dira, eta ez dute ondorio juridiko loteslerik izan nahi". Horregatik guztiagatik, garapen komunitarioko prozesuak, tresnak eta teknikak dira, prozesu judizialetik kanpo daudenak, eta Foru Hobekuntzaren 44.18 artikuluan horretarako ezarritako eskumen esklusiboaz baliatuz arautu daitezkeenak.

VI

Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko Foru Legeak 53 artikulu ditu, bost titulutan egituratuta, bai eta 3 xedapen gehigarri eta azken xedapen bat ere.

Atariko tituluan xedapen orokorrak jasotzen dira, oro har aplikatzen ahal zaizkionak Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei. Foru-legearen xedeak ezartzen dira, zehatz-mehatz prozesu guztien kalitatea bermatzea eta zerbitzu homogeneoak sustatzea Nafarroako Foru Komunitate osoan. Prozesuak gidatzen dituzten printzipioak arautzen dira eta zenbait gai bermatzeko neurriak ezartzen dira: kalitatea, irisgarritasun unibertsala, lurralde-ekitatea, haurren babesa, genero-ikuspegia eta bitarteko elektronikoen bidezko garapena.

I. tituluak Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren funtzionamendua arautzen du, eta haren kontzeptua eta aplikazio-eremua ezartzen ditu. Lehen aipatutako Europako Kontseiluaren 8 (2018) Gomendioarekin bat, kontzeptua oinarrituta dago ukitutako aldeen eta komunitateen parte-hartzean, kaltearen erreparazioan eta biktimagileen erantzukizunean eta gizarteratzean. Estatuko legeriak ezartzen duen aplikazio-eremua da abiapuntua, eta zabaltzen da zigor prozesuren edozein fasetara eta mota eta larritasun orotako delituetara, salbu eta indarreko legeria prozesal eta substantiboaren arabera berariaz debekatuta daudenen kasuan. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren funtzionamendurako irizpide espezifiko batzuk ezartzen dira, eta horien arteko bat nabarmentzen da, berritasunagatik: ikuspegi sozial eta komunitarioarena. Bermeak ezartzen dira kalitatean, eskuragarritasunean eta zerbitzu publikoaren izaeran, bai eta bideratzaileen prestakuntzarako eta beste baliabide batzuekiko koordinaziorako. Azkenik, justizia errestauratiboan gehien erabiltzen diren teknikak aipatzen dira, zehazki, bitartekaritza, konferentziak, zirkuluak eta lantegi eta programa errestauratiboak.

II. tituluaren gai nagusia bitartekaritzaren sustapena da. Sustapenerako bide hauek ezartzen dira, besteak beste: informazioa eskura jartzea, kasu jakin batzuetan doako bitartekaritzako eskubidea ezartzea, hitzarmenak izenpetzea, dirulaguntzak ematea, prestakuntza eta zabalkunde jarduerak egitea eta egokia den beste edozein neurri. Aurreikusten da Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa eta Bitartekaritzako Kalitate Zigilua sortzea, ezartzen diren jokabide-kodeekiko atxikimendua bermatzeko.

III. tituluak, berriz, auzitegiz kanpoko jardunbide errestauratibo komunitarioen definizioa eta aplikazio-eremua jasotzen ditu, gogoraraziz, izenak adierazten duen bezala, prozedura judizialetik kanpo gauzatzen direla eta ez dutela ondorio juridiko loteslerik izateko asmorik. Printzipioak ere jasotzen dira, besteak beste kohesio soziala areagotzea, eta sustatzeko neurriak ezartzen dira, hala nola dirulaguntzetarako deialdi espezifiko bat egitea, eta prestakuntza eta boluntariotza laguntzea.

Azkenik, IV. tituluan prozesu horiek garatzeko baliabide material eta instituzionalen antolaketa administratiboa xedatzen da. Xedatzen da justiziaren arloko eskumena duen departamentuak bultzatu, antolatu eta gainbegiratuko duela Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua, bitartekaritzaren eta jardunbide errestauratiboen sustapena, zerbitzu horiek modu homogeneoan baliatzeko aukera egon dadin bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuta. Ezartzen da zerbitzuak lau urteko plan estrategiko bat eta bi urteko kalitate plan bat onetsi beharko dituela, bai eta Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa eta Kalitate Zigilua eskuratzeko baldintzak ere. Koordinaziorako mekanismo gisa hiru lantalde eratuko dira Nafarroako Justizia Kontseiluan, eta pertsona bitartekarien eta bitartekaritza-erakundeen betebeharrak aipatzen dira. Xedapen gehigarrietan ezartzen dira, batetik, legean aurreikusitakoa garatzeko behar den erregelamenduzko gaikuntza eta, bestetik, urtebeteko epea sustapenerako tresna horiek sortzeko, hau da, plan estrategikoa, kalitate plana, Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa, Kalitate Zigilua eskuratzeko baldintzak, doako bitartekaritzako eskubidea izateko prozedura eta funtzionatzeko modua, bai eta honako hauek onestea ere: dirulaguntzen deialdiaren oinarriak eta Nafarroako agente errestauratiboa izateko eta Nafarroako Sare Errestauratiboan parte hartzeko baldintzak.

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

1. Foru-lege honek xede du gatazkak modu baketsuan konpon daitezen sustatzea, eta horretarako, arautzea, indarreko legeriarekin bat, Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua, bitartekaritza sustatzeko neurriak eta jardunbide errestauratibo komunitarioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskaintzen dituenak.

2. Foru-lege honen aplikazio-eremutik kanpo daude genero-indarkeriari buruzko gai guztiak, hala nola bikote-harremanetako indarkeria, sexu-indarkeria edo genero-indarkeriatzat hartzen den beste edozein jokabide, Europako Kontseiluak emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta horien aurka borrokatzeari buruz 2011ko maiatzaren 11n Istanbulen egindako Hitzarmenean jasotakoaren arabera.

2. artikulua . Forulegearen helburua.

Hona hemen foru-lege honen helburuak:

a) Beharrezko neurriak hartzea bermatzeko justizia errestauratiboko, bitartekaritzako eta jardunbide errestauratiboetako zerbitzuak, programak eta prozesuak, bakoitza bere izaera bereziaren eta aplikatzekoa zaion legeriaren arabera, kalitate homogeneokoak direla Nafarroako Foru Komunitate osoan.

b) Justizia errestauratiboa, bitartekaritza eta jardunbide errestauratibo komunitarioak sustatzeko politiken helburuak finkatzea.

3. artikulua . Prozesuak gidatzen dituzten printzipioak.

Justizia errestauratiboko, bitartekaritzako eta jardunbide errestauratiboetako prozesuak honako printzipio gidari hauekin bat garatuko dira, aplikatzekoa den legeriaren arabera.

a) Borondatezkotasuna. Parte hartzen duten pertsonek askatasun osoa dute prozesu hauetan parte hartzeko, bai eta edozein unetan horiei uko egiteko ere.

b) Berdintasuna. Parte-hartzaileek aukera-berdintasunez jardunen dute, eta prozesuaren arduradunak haien arteko oreka bermatzen dela zaindu beharko du, arreta berezia emanez gizonen eta emakumeen berdintasunari eta sexu- eta genero-aniztasunaren errespetuari.

c) Konfidentzialtasuna. Konfidentzialak izanen dira bai prozesuak, bai horiek iraun bitartean ahoz edo agiri bidez lortutako informazio guztia, salbu eta parte-hartzaileek betebehar hori betetzetik salbuesten badute, berariaz eta idatziz, edo legezko xedapenen batek hala xedatzen badu.

d) Inpartzialtasuna eta neutraltasuna. Prozesuaren arduradunak ez du prozesua hasiko edo utzi egin beharko du haren inpartzialtasunari eragiten dioten egoerak daudenean, aplikatzekoa den legerian xedatutako printzipioei jarraikiz. Era berean, prozesuaren arduradunak alderdien borondatearekiko jarrera neutrala izan beharko du prozesu osoan zehar.

e) Fede ona eta elkarrenganako errespetua. Parte-hartzaileek eta prozesuaren arduradunak fede onaren eta elkarrenganako errespetuaren betebeharren arabera jardunen dute.

f) Malgutasuna. Parte-hartzaileek eta prozesuaren arduradunak egoki irizten dioten moduan antolatzen ahalko dituzte prozesuak, kasuaren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartuta, betiere aplikatzekoa den legerian ezarritako funtsezko printzipioak betez.

g) Gaitasun teknikoa. Prozesuez arduratzen diren pertsonek horiek behar bezala gauzatu ahal izateko legez eskatutako prestakuntza tekniko egokia izan beharko dute.

4. artikulua . Kalitatea.

1. Gobernuak zainduko du justizia errestauratiboko, bitartekaritzako eta jardunbide errestauratiboetako zerbitzuek kalitate- eta espezializazio-estandarrak betetzen dituztela, kasuen izaerara eta gatazken ezaugarrietara egokituak, eta, beharrezkoa denean, genero ikuspegia eta arriskuen ebaluazioa zeharkakotasunez sartuta.

2. Ildo horretatik, justiziaren arloan eskumena duen departamentua arduratuko da, inplikatuta dauden instituzio eta erakundeen parte-hartzearekin, bi urteko kalitate-plan bat egiteaz. Plan horretan, beharrezkoak diren laguntza-, prestakuntza- eta ikuskapen-neurriak jasoko dira.

3. Orobat, justiziaren arloko eskumena duen departamentuak erregelamendu bidez ezarriko ditu, indarreko legeriaren barruan, funtzionamendu protokoloak eta jokabide-kodeak. Protokolo eta kode horiek prozesuen izaeraren araberakoak izan beharko dute, eta inplikatutako pertsonen eta instituzioen parte-hartzearekin eginen dira.

4. Kasu guztietan, Nafarroako Gobernuak begiratuko du justizia errestauratiboko, bitartekotzako eta jardunbide errestauratiboetako zerbitzuek berdintasunaren arloko prestakuntza sar dezatela zerbitzu horiek ematen dituzten pertsonen eta instituzioen trebakuntzan eta prestakuntzan, eta prestakuntza hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez baliozkotu beharko da.

5. artikulua . Irisgarritasun unibertsala.

1. Foru-lege honetan arautzen diren zerbitzuek eta programek bermatu beharko dute desgaitasuna dutenen irisgarritasun unibertsala, irisgarritasun unibertsalari eta desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko foru-araudian jasotakoarekin bat. Horretarako, honako hauek bermatu beharko dira: prozesuak garatzen diren guneen irisgarritasuna, zeinuen hizkuntza eta ahozko komunikazioari laguntzeko bitartekoak erabiltzea, braille sistema, ukimenezko komunikazioa edo beste edozein sistema, desgaitasuna dutenek prozeduran baldintza-berdintasunean parte hartzen dutela ziurtatzeko.

2. Ildo horretan, prozesuetan egoten ahalko dira, halaber, pertsona horien laguntza-premia berariazkoei erantzuten dieten eta saioetan komunikazioa ahalbidetzen duten pertsonak, zeinak lotuko baitzaizkie foru-lege honen funtsezko printzipioei, bereziki konfidentzialtasunaren printzipioari.

6. artikulua . Lurraldeekitatea.

1. Nafarroako Gobernuak bermatu beharko du justizia errestauratiboko, bitartekaritzako eta jardunbide errestauratiboetako zerbitzuak eta programak baldintza-berdintasunean eskuratzen direla Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan.

2. Zerbitzu eta programa horiek, haien izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, pertsonengandik ahalik eta hurbilen dagoen eremuan eman beharko dira.

7. artikulua . Ekitate soziala.

1. Nafarroako Gobernuak sustatuko du bereziki kalteberak diren pertsonak edo kolektiboak -inguruabar pertsonalak, familiarrak, sozialak edo juridikoak tarteko- zerbitzu eta programa horietan sartzea, eta arreta pertsonalizatua eskainiko die dauzkaten behar horiek ezagutzeko eta horiei erantzuteko.

2. Hori horrela, behar diren laguntzak gaituko dira zerbitzu eta programa horietara sartzea eragozten duten oztopo praktikoak gainditzeko.

8. artikulua . Haurren babesa.

1. Adingabeek parte hartzen ahalko dute indarreko legeriaren arabera haien parte-hartzea eta babesa arautzen diren kasuetan eta bermeekin.

2. Zerbitzuak eta programak haien beharretara egokitzeko behar diren neurriak sustatuko dira, eta haien parte-hartzea segurua eta erabatekoa izatea zainduko da.

9. artikulua . Generoikuspegia.

1. Foru-lege honetan araututako zerbitzuek eta programek emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionalaren eraginkortasuna bermatuko dute, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritako moduan.

2. Horiek horrela, 4.2 artikuluan xedatutako Kalitate Planak berariaz jaso beharko du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa, ikuspegi intersekzional batekin.

10. artikulua . Baliabide elektronikoak.

1. Aplikatzekoa den legeriarekin bat, zerbitzu eta programa horien jarduketak telematikoki egiteko erraztasunak emanen dira, presentzialki egitea ezinezkoa denean.

2. Eskubide hori gauzatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren tresnak jarri beharko ditu herritarren eta profesionalen eskura.

11. artikulua . Justizia errestauratiboa, bitartekaritza eta jardunbide errestauratibo komunitarioak sustatzeko politiken helburuak.

1. Hona hemen justizia errestauratiboa, bitartekaritza eta jardunbide errestauratibo komunitarioak sustatzeko politiken helburu nagusiak:

a) Herritar guztiek justizia errestauratiboa, bitartekaritza eta eztabaidak konpontzeko beste bitarteko egoki batzuk baldintza-berdintasunean eskuratzeko aukera izanen dutela bermatzeko bitartekoak xedatzea, justiziaren zerbitzu publikoaren zati diren aldetik, indarreko araudian ezarri bezala.

b) Zerbitzu eta programa horien kalitatea eta efizientzia sustatzea, gatazken kudeaketan esku-hartzearen printzipio deontologikoak errespetatzen direla zainduz.

c) Esparru komunitarioko gatazkak prebenitzea, eta halakorik gertatzen denean, horiek modu baketsuan eta elkarrizketa bidez konpontzen direla bultzatzea, gatazkakortasun soziala desjudizializatzeko.

d) Delituen biktimei eta horiek gertatu diren komunitateei eragindako kaltea erreparatzea.

e) Delituak egin dituztenen erantzukizuna eta gizarteratzea sustatzea, haien gizarte-baldintzatzaileak gainditzen lagunduz.

f) Gizarte-kohesioan laguntzea, konfiantza-, errespetu- eta zaintza-baldintza kolektiboak sortuz, halako moduz non sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudeatzen ahal dituen hasierako faseetan.

2. Helburu hauek lortzeko ekintza zehatzak lau urteko plan estrategiko batean bilduko dira. Plan horren xedea justizia errestauratiboa, bitartekaritza eta jardunbide errestauratiboak sustatzea izanen da, eta justiziaren arloan eskumenak dituen departamentuak eginen du, inplikatutako eragileen parte-hartzearekin.

I. TITULUA. NAFARROAKO JUSTIZIA ERRESTAURATIBOAREN ZERBITZUA

12. artikulua . Izaera juridikoa.

Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua biktimei laguntza espezializatua emateko zerbitzu publiko bat da, eta honako helburu hauek ditu: eragindako kaltearen erreparazioa, ofentsagileen erantzukizuna eta gizarteratzea, eta delituek kaltetutako pertsonen eta komunitateen parte-hartzea.

13. artikulua . Aplikazioeremua.

1. Biktimek justizia errestauratiboko zerbitzuak baliatzen ahalko dituzte Biktimaren Estatutuan eta indarreko gainerako legeetan ezarritako baldintzetan.

2. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak bere gain hartuko ditu organo judizial eskudunak bideratzen dizkion kasuak, zigor arloko prozesuaren edozein fasetan, edozein tipologia eta larritasun duten delituetan, berariaz debekatuak daudenak izan ezik, indarrean dagoen legeria prozesal eta substantiboaren arabera.

3. Zigor arloko erantzukizuna iraungitzen bada edo egiaztatzen ez bada, Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak biktimek erreparazio moral egokia lortzeko helburua duten prozesuak garatzen ahalko ditu. Justiziaren arloan eskumenak dituen departamentuak baimendu beharko ditu prozesu horiek; ez dute zigor-xederik izanen, eta berme osoz errespetatuko dituzte abstentzioaren, konkurrentziaren eta ebazpen judizialekiko loturaren eginbehar eta betebeharrak.

14. artikulua . Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren funtzionamendurako irizpideak.

Irizpide hauek bideratuko dute Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren funtzionamendua:

a) Parte-hartzea: ukitutako pertsonen eta komunitateen parte-hartze aktibo eta zuzena erraztu behar da.

b) Erreparazioa: pertsonei, komunitateei eta, oro har, gizarteari eragindako kalteari aurre egin behar zaio, eta hura erreparatzen saiatu.

c) Erantzukizuna: kaltea eragin dutenek hura erreparatzeko erantzukizun aktiboa bere gain har dezaten sustatu behar da.

d) Gizarteratzea: prozesuek arau-hausleen gizarteratzea sustatu behar dute, arreta jarriz jokabide kaltegarri eta bidegabeen oinarrian dauden faktore pertsonal eta sozialei. Prozesua ez amaitzeak ez die ondorio negatiborik ekarriko parte-hartzaileei.

e) Biktimen babesa: prozesuek biktimen segurtasuna bermatu behar dute, biktimizazio sekundarioa saihestuz, prozesuen garapenean arriskurik egon ez dadin kalte material edo moral berriak eragiteko.

f) Ekitatea: inplikatutako alderdien eskubideak eta premiak errespetatzen dituzten prozesuak aplikatu behar dira, menderakuntza edo botere-desoreka saihestuz, arreta berezia jarriz gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari.

g) Ikuspegi soziala eta komunitarioa: prozesuen xedea izanen da bakearen kultura bultzatzea ukitutako komunitatean eta, oro har, gizartean, eta behar diren baldintzak sustatzea jokabide kaltegarriak errepika ez daitezen.

15. artikulua . Zerbitzu publikoaren bermea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren prestazioa publikoa eta doakoa izatea, foru-lege honetan eta indarreko legerian zehaztutako baldintzetan.

2. Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak bermatuko du Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren kalitatea eta zerbitzu publikoaren izaera.

3. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua zuzenean ematen ahalko da edo entitate publiko nahiz pribatuekin hitzarmen edo kontratuak eginez edo zerbitzu publikoak zeharka emateko legez ezarrita dagoen beste edozein bide erabiliz.

16. artikulua . Kalitatearen bermea.

1. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak kalitatea ebaluatzeko sistema bat izanen du, gogobetetasun inkesten bidez edo beste metodologia egoki batzuen bidez. Zerbitzuen ikuskapena eta kanpo ebaluazioak egiten ahalko dira, 4.2 artikuluko bi urteko Kalitate Planean ezartzen denaren arabera.

2. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak datuak erregistratzeko sistema egokiak izanen ditu, aztertzen dituen kasuei buruzko informazioa bildu ahal izateko, betiere datuak babesteko araudia errespetatuz. Gutxienez, aplikatutako justizia errestauratiboko teknika eta prozesuaren emaitza erregistratuko dira.

3. Datu anonimoak edo anonimo bihurtutakoak ondasun komuntzat hartuko dira, eta gizartearen eskura jarriko dira, politika publikoen ikerketa eta ebaluazioa errazteko, interes orokorraren mesedetan.

17. artikulua . Justizia errestauratiboaren prozesuetan bideratzaile aritzeko prestakuntza.

1. Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituen justizia errestauratiboaren taldeetako kideen prestakuntza eta baldintzak justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak ezartzen dituen kontratu, hitzarmen eta protokoloetan zehaztuko dira, foru-lege honetan eta aplikatzekoa den estatu-araudian jasotako eskakizunak eta printzipioak kontuan hartuta.

2. Justizia errestauratiboaren bideratzaileen taldeek, Nafarroako Gobernuak finantzatutakoek, justizia errestauratiboari buruzko prestakuntza espezializatua jasoko dute, zeinak gaitasun eta trebetasun maila handia emanen baitie gatazkei ikuspegi errestauratibotik aurre egiteko. Horrez gain, honako hauen gaineko ezagutza eskuratuko dute: pertsona kalteberekin, biktimekin eta ofentsagileekin lan egin ahal izateko berariazko baldintzak, eta zigor arloko sistema judiziala, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza ere.

3. Erregelamenduz zehaztuko da zein den Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituen justizia errestauratiboko taldeek behar duten prestakuntza aurreratuaren edukia eta iraupena kasu delikatu, konplexu edo larrietan jardun behar dutenean.

18. artikulua . Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuari buruzko informazioa eta erabiltzeko eskaera.

1. Nafarroako Gobernuak bermatuko du biktimen eskubidea justizia errestauratiboko zerbitzuak erabiltzeari buruzko informazioa jasotzeko, legez posible denean, agintari eskudunekin duten lehenbiziko harremanetik hasita.

2. Nafarroan delitu bat jasan duten pertsona guztiek eskatzen ahalko dute Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua erabiltzea. Eskaera hori egiteko ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik salaketa bat aurkeztu izana.

3. Nafarroako Foru Komunitatean egindako delitu bat egozten zaien pertsonek ere eskatzen ahalko dute zerbitzu hau erabiltzea.

4. Orobat, zerbitzu hori baliatzeko eskaerak egiten ahalko dituzte Biktimei Laguntzeko Bulegoak, Zigor Betearazpeneko Atalak, errestaurazio- eta bitartekaritza-prozesuak egiten dituzten elkargo profesionalek edo gertaeren berri duen beste edozein zerbitzu publikok.

5. Erabiltzeko eskaera jaso ondoren, Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak informazioa emanen die eskatzaileei haien eskubideei buruz eta eskaera ebaluatuko du, organo judizialari auzitegi barruko prozesu errestauratibo bat proposatzeko, indarreko legeriaren barruan betiere.

19. artikulua . Beste zerbitzu eta erakunde batzuekin koordinatzea.

1. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua justiziaren eskumena duen departamentuko Biktimen Arretarako Bulegoarekin koordinatuko da, zerbitzu bakoitzaren autonomia funtzionalari eutsiz.

2. Kasuaren ezaugarrien arabera, beste zerbitzu eta erakunde batzuekin koordinatzen ahalko dira, besteak beste honako arlo hauetan aritzen direnekin: zigor arloko betearazpena, eskubide sozialak, migrazio politikak, adikzioen tratamendua, osasun mentalaren arreta, sexu- eta genero-aniztasunaren arreta, besteak beste.

20. artikulua . Justizia errestauratiboaren teknikak.

1. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak estatuko legerian eta foru-lege honetan jasotako definizioa eta printzipioak errespetatzen dituen edozein teknika edo metodologia erabiltzen ahalko du.

2. Hona hemen Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak eskainiko dituen funtsezko teknika errestauratiboak: zigor arloko bitartekaritza, konferentzia errestauratiboak, zirkulu errestauratiboak eta lantegi eta programa errestauratiboak.

21. artikulua . Zigor arloko bitartekaritza.

1. Zigor arloko bitartekaritza prozesu errestauratibo bat da, zeinean biktima batek edo batzuek eta biktimagileek elkarrizketa batean parte hartzen duten, bideratzaile batek edo batzuek lagunduta, delituaren ondorioak konpontzeko xedearekin.

2. Bitartekaritza prozesuak zeharka egiten ahal dira, alderdiak aurrez aurre komunikatu gabe.

22. artikulua . Konferentzia errestauratiboak.

1. Konferentzia errestauratiboa izeneko prozesu errestauratiboan, biktimez eta biktimagileez gain, haien laguntzaileek ere parte hartzen dute, bideratzaile baten edo batzuen laguntzarekin.

2. Konferentzia errestauratiboek horretarako egiten diren protokoloetan ezarritako jarduteko jarraibideak beteko dituzte.

23. artikulua . Zirkulu errestauratiboak.

1. Zirkulu errestauratiboa izeneko prozesu errestauratiboan, biktimez, biktimagileez eta haien laguntzaileez gain, delituak ukitutako komunitateko kideek ere parte hartzen dute, bideratzaile baten edo batzuen laguntzarekin.

2. Zirkulu errestauratiboek jarduteko jarraibide protokolizatuak beteko dituzte, eta inplikatutako pertsonen adostasuna lortzea izanen dute helburu.

3. Zirkulu errestauratiboak akordio zabalekin amai daitezke, zeinetan komunitateko kideen eta erakundeen parte-hartzea eta laguntza sartuko baita.

24. artikulua . Lantegi eta programa errestauratiboak.

Aurreko metodologiez gain, lantegi eta programa errestauratiboak ere ezartzen ahalko dira, hala nola espetxeko elkarrizketa errestauratiboak eta laguntza- eta gizarteratze-zirkuluak, besteak beste.

25. artikulua . Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuaren prozesuen emaitzak.

1. Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak betetzen dituen prozesuen emaitzak honako hauek izaten ahalko dira: ukitutako pertsonen arteko akordioak, erreparazio komunitarioko akordioak edo gizarteratze konpromisoak, erreparazio plan batean islatu behar direnak.

2. Akordioetan jasotzen diren jarduketak bidezkoak, bideragarriak eta proportzionalak izanen dira, eta alderdi guztiek ados daudela adierazi beharko dute askatasunez eta informatuak izan ondoren.

3. Erreparazio nahikotzat jo daiteke, alderdiek hala adosten badute, hitz egiteko topaketaren edukiaren garapena, itzulketa, erreparazioa, kalte-ordaina, zerbitzuak ematea, boluntario-lana egitea, tratamendua jasotzea, barkamena eskatzea, egitateak aitortzea eta alderdiek egokitzat jotzen dituzten beste batzuk.

4. Ahal den neurrian, akordioak alderdien ideietan oinarritu behar dira. Bideratzaileek alderdien akordioetan esku hartuko dute soil-soilik haiek hala eskatzen badiete, edo akordioen alderdi batzuk oso errealistak ez badira edo bidegabeak edo argi eta garbi neurrigabeak badira; kasu horretan, bideratzaileek esku hartzeko arrazoiak azaldu eta erregistratu beharko dituzte.

5. Prozesu guztiak emaitzari buruzko amaierako txosten batekin bukatuko dira, eta auzitegi barruko prozesuetan fiskalari eta organo judizialei jakinaraziko zaie, betiere legez ezarritako konfidentzialtasuna errespetatuta.

26. artikulua . Jarraipena.

Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak akordioak betetzen direla begiratuko du, eta horren berri emanen die organo judizialei eta fiskalari, hala eskatzen badiote, legez ezarritako konfidentzialtasuna errespetatuz, betiere.

27. artikulua . Zabalkundea.

Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak zabalkunde, prestakuntza eta sentsibilizazio lanak eginen ditu justizia errestauratiboa ezagutzera emateko.

II. TITULUA

BITARTEKARITZA SUSTATZEA

28. artikulua . Kontzeptua.

1. Bitartekaritza da desadostasunak konpontzeko tresna bat, edozein dela ere haren izena, zeinetan bi alde edo gehiago beren borondatez ahalegintzen baitira akordio bat lortzen, bitartekari baten esku-hartzearekin.

29. artikulua . Aplikazioeremua.

1. Bitartekaritza aplikatzen ahalko da libreki erabakitzen diren gaiak edo aldeek akordiorako proposamenak aurkezten ahal dituzten gaiak oinarri dituzten gatazketan, horretan aplikatzekoa den legeriaz baliatuz.

2. Titulu honetan Nafarroan bitartekaritza sustatzeko neurriak ezartzen dira. Zigor arloko bitartekaritza eta justizia errestauratiboaren gainerako teknikak titulu honen aplikazio-eremutik kanpo daude.

30. artikulua . Sustapen neurriak.

Nafarroako Gobernuak bitartekaritza eta desadostasunak konpontzeko beste bide egoki batzuk garatzea sustatuko du informazioa eskura jarriz, kasu jakin batzuetan doako bitartekaritzako eskubidea bermatuz, hitzarmenak izenpetuz, dirulaguntzak emanez, prestakuntza eta zabalkunde jarduerak eginez eta egokia den beste edozein neurri erabiliz.

31. artikulua . Informazioa.

Nafarroako Gobernuak bermatuko du organo jurisdikzionalen eta herritarren eskura jarriko dela bitartekaritzari buruzko informazioa, prozesu judizialaren alternatiba gisa.

32. artikulua . Herritarren artean zabaltzea.

Nafarroako Gobernuak bitartekaritzari buruzko zabalkunde eta sentsibilizazio jardunaldiak eta ekintzak eginen ditu aldizka eragile juridikoentzat eta herritarrentzat oro har, garrantzia berezia emanez lurralde-ekitatearen printzipioari.

33. artikulua . Prestakuntzaren sustapena.

1. Justiziaren arloko eskumena duen departamentuak, bitartekariekin eta bitartekaritza-erakundeekin elkarlanean, bitartekarien hasierako eta etengabeko prestakuntza egokia sustatuko du.

2. Nafarroako Bitartekaritza Erregistroan izena emandako pertsonek eta entitateek bi urteko kalitate planean ezarritako prestakuntza-jarduerak egin beharko dituzte.

34. artikulua . Bitartekarien eta bitartekaritzaerakundeen lanaren kalitatea sustatzea.

1. Nafarroako Gobernuak esparru orokor bat landuko du Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzen diren bitartekaritza-prozesuen faseak arautzeko, eta bitartekaritzaren arloko jokabide-kode bat ere landuko du.

2. Beren borondatez Nafarroako Bitartekaritza Erregistroan inskribatutako pertsonek eta erakundeek bitartekaritza-prozesuen faseen esparru orokorra bete beharko dute, bai eta foru lege honen arau-garapenean ezarriko den jokabide kodea ere.

35. artikulua . Funtzionamendu irizpideak.

Nafarroako Gobernuak finantzatutako bitartekaritza arautuko da haren kontratuetan, hitzarmenetan eta protokoloetan xedatutakoaren arabera, eta horiek osatuko dituzte indarreko legerian jasotako printzipio gidariak.

36. artikulua . Baterako bitartekaritza.

1. Nafarroako Gobernuak finantzatutako bitartekaritza prozesuetan, diziplina desberdinetako profesionalen arteko baterako bitartekaritza lehenetsiko da, hori gomendatzen duten arrazoi teknikoak daudenean, ezaugarri familiar, psikologiko eta sozial garrantzitsuei erantzuteko.

2. Kasu horietan, Kalitate Planak ezarriko du zerikusia duten profesionalen arteko baterako koordinazio eta prestakuntza sistema, eta nahitaez bete beharrekoa izanen da Nafarroako Bitartekaritza Entitateen Erregistroan izena emandako entitate guztientzat.

37. artikulua . Kalitatearen bermea.

Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak bermatuko du Nafarroako Gobernuak finantzatutako bitartekaritzaren kalitatea, eta horretarako, zerbitzu hori ematen duten bitartekariak eta bitartekaritza-erakundeak ikuskatuko ditu eta Kalitate Planean zehaztutako ekintzak gauzatuko.

38. artikulua . Bitartekaritzaerakundeak.

1. Nafarroako Gobernuak zainduko du Nafarroan jarduten duten bitartekariek eta bitartekaritza-erakundeek, beren jarduerak garatzean, errespetatzen dituztela bitartekaritzaren printzipioak, hots, estatuko legerian eta foru-lege honetan ezarritakoak, dagozkien arau erregulatzaileek ezartzen duten moduan.

2. Ildo horretatik, Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa ezarriko da. Erregistroa borondatezkoa izanen da, eta informazioa ematea izanen du helburu. Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak kudeatuko du.

39. artikulua . Kalitate Zigilua.

1. Nafarroan erregistratutako bitartekariek eta bitartekaritza-erakundeek bitartekaritzako kalitate zigilua eskuratzen ahalko dute, ezartzen diren jokabide-kodeekiko atxikimendua bermatzeko.

2. Erregelamenduz zehaztuko dira bitartekariek eta bitartekaritza-erakundeek kalitate zigilua lortzeko betebeharrak eta prozedura, hala eskatzen badute eta kalitate irizpide berezi batzuk betetzen badituzte.

3. Bitartekaritzaren kalitatea neurtzeko, kontuan hartuko da ea beren gain hartzen eta betetzen dituzten Kalitate Planean zehaztutako jokabide-kodeak eta prestakuntza espezifikoko eskakizunak.

4. Nafarroako Bitartekaritza Erregistroak Kalitate Zigilu hori duten pertsonen eta erakundeen berri emanen du.

40. artikulua . Lanbideelkargoak.

1. Nafarroako Gobernuak sustatuko du lanbide-elkargoak arlo horretan aritzea, kontuan hartuta bitartekaritzaren garapenean duten garrantzi berezia, esperientzia eta ospe aitortua.

2. Ildo horretan, laguntza emanen zaie bitartekari eta bitartekaritza-erakunde gisa onartuak izatea eskatzen duten eta baldintzak betetzen dituzten lanbide-elkargoei, izaera hori aitor dakien.

41. artikulua . Doako bitartekaritza.

1. Nafarroako Gobernuak bermatuko die doako bitartekaritza izateko eskubidea, auzitegikoa nahiz auzitegiz kanpokoa, hala eskatzen duten pertsona fisiko eta juridikoei, doako bitartekaritzarako eskubidearen onuradun izateko irizpideak eta baldintzak betetzen badituzte, foru lege honen erregelamendu bidezko garapenean ezartzen diren baldintzetan. Nolanahi ere, doako bitartekaritzarako eskubidea izanen dute doako laguntza juridikorako eskubidearen onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenek.

2. Nafarroako Gobernuak programa espezifikoak gauzatzen ahalko ditu erabiltzaileen mesedetan, eta horietan bitartekaritzari buruzko informazio saioa dohainik eskainiko dira, edo zenbait gatazkaren auzitegi barruko nahiz kanpoko bitartekaritza prozedura doakoa izanen da osotara edo zati batean.

42. artikulua . Bitartekaritza administratiboa eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioordenakoa sustatzea.

Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu bitartekaritza sustatzeko administrazioarekiko auzien prozeduretan eta bere eskumeneko administrazio-prozeduretan, administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian eta aplikatzekoa den gainerako legerian ezarritakoarekin bat.

43. artikulua . Bitartekaritza administratiboa sustatzeko hitzarmenak.

Lankidetza-hitzarmenak egiten ahalko dira toki erakundeekin, Nafarroako Administrazio Auzitegiarekin eta Nafarroako Arartekoarekin, beren eskumenen esparruan bitartekaritza sustatzeko.

III. TITULUA. JARDUNBIDE ERRESTAURATIBO KOMUNITARIOAK

44. artikulua . Definizioa.

Jardunbide errestauratibo komunitarioak judizializatu gabeko gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko tresnak dira, bai eta gizarte-kohesioa sustatzekoak ere, helburu dutenak konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzako baldintza kolektiboak sortzea, sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudea ditzan hasierako faseetan eta modu espontaneoan.

45. artikulua . Aplikazioeremua.

Jardunbide errestauratibo komunitarioak prozedura judizialetik kanpo garatzen dira, eta ez dute ondorio juridiko loteslerik izan nahi.

Jardunbide errestauratiboak edozein esparru sozialetan egiten ahalko dira, horren barne direla familia, auzoa, eskola, osasuna, kontsumoa, antolakundeak eta espetxe arlokoa, besteak beste.

46. artikulua . Printzipioak.

Atariko Tituluan bildutako printzipioez gain, jardunbide errestauratibo komunitarioek honako printzipio hauek betetzen dituzte:

a) Herritarren parte-hartzea: herritarren parte-hartze solidarioa sustatuko da boluntariotzaren formulen bidez, bideratzaile profesionalen parte-hartzea baztertu gabe.

b) Gatazka sozialak prebenitzea eta konpontzea: prozesuen helburua izanen da gatazka sozialak prebenitzea eta konpontzea, baita ikuspegi desberdinak eztabaidatzea ere premia sozialei aurre egiteko modu onenari buruz.

c) Gizarte-kohesioa handitzea: prozesuen helburua izanen da erantzukizun partekatuaren ideia eta komunitate zibikoko kide izatearena indartzea, aniztasunari eta kulturartekotasunari ikuspegi positibotik begiratuta.

47. artikulua . Jardunbide errestauratibo komunitarioak sustatzea.

1. Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak jardunbide errestauratibo komunitarioak eskainiko dituen sare bat sortzea sustatuko du, horretarako ezarritako dirulaguntzen deialdi baten bidez, bai eta gizarte-ekimeneko entitateekin lankidetzan aritzeko beste tresna batzuen bidez ere.

2. Arreta berezia eskainiko zaio lurralde-ekitateari, eta gatazkak konpontzeko gune komunitarioak ezarriko dira landa-eremuetan.

3. Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak Nafarroako Sare Errestauratiboa sortuko du, non jardunbide errestauratiboak eskaintzen dituzten entitateek aukera izanen duten parte hartu eta beren esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko.

48. artikulua . Jardunbide errestauratiboetan boluntarioak areagotzeko neurriak.

Boluntariotza sustatzeko, Komunitateko Agente Errestauratiboaren figura sortuko da -haren ezaugarriak erregelamenduz zehaztuko dira- eta hitzarmenak adostuko dira dauden boluntariotzako entitateekin, Nafarroako Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera.

49. artikulua . Jardunbide errestauratiboetako prestakuntza sustatzeko neurriak.

1. Jardunbide errestauratiboei buruzko ikastaro espezifikoak egitea sustatuko da, herritarrei oro har, esku-hartze sozialeko profesionalei eta beste diziplina batzuetako profesionalei zuzenduak.

2. Nafarroako Gobernuak, orobat, gatazken prebentzioa sustatuko du, ikastetxeetako programazio didaktikoetan sartuz berdintasunerako hezkuntzarekin, bakearekin, indarkeria ezarekin eta gatazken ebazpen baketsuarekin lotutako edukiak.

50. artikulua . Jardunbide errestauratiboen programak eta teknikak.

1. Aurreko definizioarekin eta printzipioekin bat datorren edozein programa edo teknika ezartzen ahalko da.

2. Honako hauek sustatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean:

a) Bitartekaritza-programak eta beste jardunbide errestauratibo batzuk txertatzea familiari sostengua emateko jarduketen artean, harrera- eta adopzio-prozesuak barne.

b) Hezkuntzaren eremuan gatazkak prebenitu eta kudeatzeko jardunbide errestauratiboen programak.

c) Judizializatu gabeko gorroto-intzidenteak zuzentzeko jardunbide errestauratiboen programak.

d) Bitartekartizako sare komunitarioak auzoetan eta herrietan.

e) Hausnarketarako eta gatazkak konpontzeko gune komunitarioek pertsona talde handiek parte hartzeko moduko teknikak erabiltzen ahalko dituzte, hala nola elkarrizketa-zirkuluak, foro irekiak edo ezartzen diren beste batzuk.

f) Entitate, programa edo baliabide bat ikuspegi errestauratibora egokitzea, hura osatzen dutenen artean konfiantza, errespetua eta kohesioa sortuz.

IV. TITULUA

ANTOLAKETA ADMINISTRATIBOA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

51. artikulua . Nafarroako Gobernuaren jarduna.

Nafarroako Gobernuak, justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuaren bitartez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bultzatu, antolatu eta gainbegiratzea Nafarroako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua, auzitegi barruko bitartekaritza sustatzeko neurriak eta jardunbide errestauratibo komunitarioen programak.

b) Behar diren neurriak hartzea bermatzeko justizia errestauratiboko, bitartekaritzako eta jardunbide errestauratiboetako zerbitzuak, programak eta prozesuak, bakoitza bere izaera bereziaren arabera, kalitate homogeneokoak direla Nafarroako Foru Komunitate osoan, lurralde-kohesioaren eta berdintasunaren printzipioak betetze aldera.

c) Onestea Nafarroako Justizia Errestauratiboa, bitartekaritza eta jardunbide errestauratiboak sustatzeko lau urteko plan estrategikoa, eta Nafarroako Parlamentura bidaltzea, hark bere iritzia eman dezan.

d) Onestea Justizia Errestauratiboaren, bitartekaritzaren eta jardunbide errestauratiboen bi urteko Kalitate Plana.

e) Foru Komunitateko agintari judizialei eta operadore juridikoei laguntzea auzitegi barruko bitartekaritzako eta justizia errestauratiboko zerbitzuak benetan abian jartzen.

f) Departamentuen arteko koordinazio orokorrerako eta zeharkako koordinaziorako irizpideak eta ereduak ezartzea beharrezkoa denean, bizikidetzan hezteko plan eta proiektuetako hezkuntza-ekintzen koordinaziorakoak barne.

g) Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa kudeatzea eta etengabe eguneratzen dela gainbegiratzea.

h) Bitartekaritzako Kalitate Zigilua ematea, erregelamendu bidez ezarriko diren betekizunen arabera.

i) Justizia errestauratiboko, bitartekaritzako eta jardunbide errestauratiboko zerbitzuen jardueren gaineko datuak biltzea, helburu estatistikoz, eta emaitzak argitaratzea.

j) Arlo horietan jardunbide egokien protokoloak egin daitezen sustatzea, eta horietan diharduten pertsonak eta entitateak protokolo horiei atxikitzea sustatzea.

k) Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratiboei buruzko zabalkunde- eta prestakuntza-programak bultzatu eta garatzea, profesionalei eta langile boluntarioei zuzendutakoak, foru-lurralde osoan, berdintasuneko eta lurralde-kohesioko irizpideei jarraikiz.

l) Ikerketa eta azterketa sustatzea justizia errestauratiboaren, bitartekaritzaren eta jardunbide errestauratiboen arloan.

m) Arlo horietan ezagutzak, esperientziak eta berrikuntzak truka daitezen sustatzea, eta etengabeko prestakuntzarako eta prestakuntza espezializaturako ikastaroak, jardunaldiak edo mintegiak sustatu eta antolatzea.

n) Foru-lege hau garatzeko hartu beharreko neurriak hartzea.

52. artikulua . Jarduketen koordinazioa.

1. Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak jarduerak koordinatuko ditu zeresana duten entitateekin, Nafarroako Justizia Kontseiluan lantalde hauek sortuz eta bultzatuz:

- Justizia Errestauratiboaren Batzordea.

- Bitartekaritza Batzordea.

- Jardunbide Errestauratiboen Batzordea.

2. Departamentu horrek beste departamentu, zerbitzu edo plan batzuekin koordinatzeko mekanismoak ezarriko ditu, baldin eta horien jarduketek lotura badute justizia errestauratiboaren, bitartekaritzaren eta jardunbidFpde errestauratiboen printzipio eta helburuekin.

53. artikulua . Nafarroako Bitartekaritza Erregistroan izena emandako bitartekarien eta bitartekaritzaerakundeen jarduna.

Hona hemen Nafarroako Bitartekaritza Erregistroan izena emandako bitartekarien eta bitartekaritza-erakundeen eginkizunak:

a) Bitartekaritza prozesu zehatz bat egin behar duen bitartekari bat izendatzea, erakundekoa, izendatzeko prozesuan gardentasuna bermatuta.

b) Beren esparruan diharduten bitartekarien identitatea ezagutaraztea, eta horiek bitartekaritzaren arloan duten prestakuntza, espezialitatea eta esperientzia jakinaraztea.

c) Bitartekariei eta bitartekaritza-erakundeei dagokienez, diziplina-eginkizuna betetzea, eta zaintzea legeek, protokoloek eta jokabide-kodeek ezartzen dizkieten betebeharrak errespetatzen dituztela.

d) Bitartekaritzaren erabilera sustatzea eta zabaltzea, eta erabiltzaileei doako informazioa ematea bitartekaritzaren ezaugarriei, printzipioei eta abantailei buruz.

e) Saioak, jardunaldiak edo prestakuntza-ikastaroak antolatzea bitartekarientzat eta bitartekaritza-erakundeentzat.

f) Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuari igortzea bitartekaritza-jarduerei buruzko kexak edo salaketak, bai eta jarritako diziplina-zehapenak ere.

g) Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak eskatzen dion informazio guztia bidaltzea, helburu estatistikoetarako, betiere konfidentzialtasun-betebeharra eta datu pertsonalak babesteko araudia errespetatuz.

h) Erakundeak bitartekaritzaren arloan egiten dituen jardueren urteko memoria egitea, justiziaren arloko eskumena duen departamentura bidaltzeko.

i) Bitartekaritza espedienteak gordetzea eta zaintzea.

Lehen xedapen gehigarria. Erregelamendu bidezko garapenerako gaikuntza.

Ahalmena emanen zaio Nafarroako Gobernuari foru-lege honetan xedatutakoa garatzeko behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak emateko.

Foru-lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, gehienez ere, honako hauek onetsi beharko ditu Nafarroako Gobernuak:

- Nafarroako Bitartekaritza Erregistroaren sorrera eta funtzionamendu-arauak.

- Nafarroako Bitartekaritza Erregistroan izena emandako pertsona bitartekariek eta Bitartekaritza Erakundeek Kalitate Zigilua lortzeko bete beharreko baldintzak.

- Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzen diren bitartekaritza prozesuen faseak arautzeko esparru orokorra, beren borondatez Nafarroako Bitartekaritza Erregistroan izena emandako pertsonei eta entitateei zuzendua, edo, hala badagokio, horri atxikitzeko nahia dutenei, erregistroan izena eman ez badute ere.

- Beren borondatez Nafarroako Bitartekaritza Erregistroan izena emandako pertsonei eta entitateei zuzendutako bitartekaritzako jokabide-kodea, zeinak barne hartuko duen, beste neurri batzuen artean, kodea urratuz gero bitartekaritzako kalitate zigilua galtzeko eta Nafarroako Bitartekaritza Erregistrotik kanporatua izateko aukera.

- Komunitateko agente errestauratibo izaera lortzeko eta Nafarroako Sare Errestauratiboaren parte izateko betekizunak.

Bigarren xedapen gehigarria. Plan estrategikoa eta kalitate plana.

Lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako erregelamendu bidezko garapena onetsi eta urtebeteko epean, gehienez ere, justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak justizia errestauratiboa, bitartekaritza eta jardunbide errestauratiboak sustatzeko lehen plan estrategikoa onetsi beharko du, bai eta foru-lege honetan ezarritako Kalitate Plana ere.

Plan horiek egiteko beharrezkoak diren lantaldeak eratuko ditu, Nafarroako Justizia Kontseiluaren esparruan.

Hirugarren xedapen gehigarria. Dirulaguntzen deialdia.

Foru-lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, gehienez ere, justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak dirulaguntzak emateko deialdi baten oinarriak onetsiko ditu, horren bidez gizarte-kohesiorako jardunbide errestauratiboak sustatzeko.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru-lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web