(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/2023 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 15EKOA, BABES BEREZIKO BASA FLORAKO ESPEZIEEN NAFARROAKO ZERRENDA SORTU ETA FLORA ESPEZIE MEHATXATUEN NAFARROAKO KATALOGOA EZARTZEN DUENA

BON 27/02/2023



  ERANSKINA. Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrenda eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoa


ZIOEN AZALPENA

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 56. artikuluan Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrenda ezarri zen, eta balio zientifiko, ekologiko edo kulturala dela medio, bitxiak, arraroak edo mehatxu maila dela-eta arreta eta babes berezia behar duten basa populazio, espezie eta subespezieak jaso zituen. Bidenabar, Espainiak berretsitako nazioarteko hitzarmen eta zuzentarauen eranskinetan babestutzat jotakoak ere ageri dira.

Halaber, 58. artikuluak Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa sortzen du aipatutako zerrendaren barnean. Mehatxatutako biodibertsitateko taxon edo populazioek osatzen dute, bi kategoria hauetako batean sailkatuta:

a) Galzorikoa: taxon edo populazio horiek nekez iraunen dute, oraingo egoera eragiten duten faktoreek jarraituz gero.

b) Kaltebera: taxon edo populazio horiek etorkizun hurbilean aurreko kategoriara pasatzeko arriskua dute, eragiten dieten faktore kaltegarriak zuzentzen ez badira.

Horrez gain, 42/2007 Legean xedatzen da autonomia erkidegoek, kasuan kasuko lurralde eremuan, babes bereziko basa espezieen zerrendak eta espezie mehatxatuen katalogoak ezartzen ahal dituztela. Gainera, hala behar bada, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan ematen zaiena baino babes handiagoa ematen ahal zaie espezieei autonomia erkidegoetako katalogoetan, mehatxu handiagoko kategoria batean sartuta.

Otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuak Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrenda eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa garatzen ditu, eta aipatutako kategorietan jasotako espezieen zerrenda zehatza ezartzen du.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateak flora espezie mehatxatuen katalogazioari heldu zion apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuaren bidez. Izan ere, foru dekretu horretan Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortzen da eta katalogatutako basa floraren kontserbaziorako neurriak hartzen dira.

Apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretua martxoaren 27ko 4/1989 Legea garatzeko onetsi zen, eta estatu mailako araudi hori abenduaren 13ko 42/2007 Legeak ordeztu du; hortaz, foru dekretuko kategoriak indarrean dagoen oinarrizko araudira egokitu behar dira.

Bestalde, Nafarroak ez du oraindik babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrendarik ezarri erkidegorako, 42/2007 Legearen 56.4 artikulua garatu beharrez.

Apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretua onetsi zenetik igaro den denbora luzean, Nafarroan dauden flora espezie batzuek aldaketa garrantzitsuak izan dituzte populazio parametroetan. Aldaketa horien ondorioz, haien estatusa berrikustea komeni da. Horrez gain, taxon askoren bilakaerari eta banaketari buruz gehiago dakigunez, badugu aski informazio haien mehatxu maila zehazteko.

Nafarroan dauden florako taxonen estatusak berrikustean oinarritzat hartu dira Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrenda eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa garatzen dituen otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa eta Ingurumen Kalitate eta Ebaluazioaren eta Natur ingurunearen Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko martxoaren 6ko Ebazpenean ezarritako irizpideak (ebazpen horren bidez argitaratu baitzen Ministroen Kontseiluaren 2017ko otsailaren 24ko Erabakia, zeinaren bidez onesten baitira taxonak eta populazioak Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan jasotzeko irizpide orientatzaileak).

Estatu mailan erabilitako irizpide horien abantaila da espezieen populazioen edo okupazio eremuen joerak ebaluatzen dituztela. Hedadura gutxiko eremu batean, Nafarroan gertatzen den bezala, hurbileko populazioen egoerak eragin erabakigarria izan dezake gure floraren kontserbazioan. Horregatik, aipatutako irizpideak zehaztu egin dira IUCNren Zerrenda Gorriko Irizpideak Eskualdeetan erabiltzeko jarraibideen bidez.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera eta Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 15eko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrenda sortzen da, non jasoko baitira balio zientifiko, ekologiko edo kulturala dela medio, bitxiak, arraroak edo mehatxu maila dela-eta arreta eta babes berezia behar duten basa floraren populazio, espezie eta subespezieak, Babes Bereziko Basa Espezieen Espainiako Zerrendan egun jasota ez daudenak, horrek eragotzi gabe hurrengo apartatuan adierazten dena. Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrenda foru dekretu honi atxiki zaio eranskin gisa.

2. Aipatutako zerrendaren barnean Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogoa ezartzen da, kategoria hauekin:

a) Galzorikoa: taxon edo populazio horiek nekez iraunen dute, oraingo egoera eragiten duten faktoreek jarraituz gero.

b) Kaltebera: taxon edo populazio horiek etorkizun hurbilean aurreko kategoriara pasatzeko arriskua dute, eragiten dieten faktore kaltegarriak zuzentzen ez badira.

Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogoan dagoeneko mehatxatuen artean Espainiako Katalogoan ageri ez diren taxonak baino ez dira agertuko, edo, Espainiako Katalogoan agertuz gero, mehatxu kategoria txikiagoarekin agertu badira. Katalogoa foru dekretu honi atxiki zaio.

2. artikulua. Babesaren araubidea eta taxonak Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrendan eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan jasota egotearen ondorioak.

1. Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrendan jasotako taxonen kasuan Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 57. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoa aplikatuko da.

Halaber, taxon horien kontserbazio egoeraren ebaluazioa eginen da aldian behin.

2. Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan jasotako taxonen kasuan Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 59. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoa aplikatuko da.

3. artikulua. Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrendan eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan espezieak sartzea eta bertatik kanpo uztea.

1. Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrendan taxonak sartu eta bertatik kanpo utziko dira, bai eta mehatxuaren kategoria aldatuko ere, hala egitea komeni dela dioen informazio tekniko edo zientifikoa dagoenean. Horretarako, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bat eman eta, Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena eman ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan taxonak sartu eta bertatik kanpo utziko dira, bai eta mehatxuaren kategoria aldatuko ere, hala egitea komeni dela dioen informazio tekniko edo zientifikoa dagoenean. Horretarako, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bat eman eta, Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena eman ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4. artikulua. Taxonak Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrendan eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan jasotzeko behar den informazioa.

1. Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrendako taxon bakoitzari buruz honako informazio hau bilduko da:

a) Izen zientifikoa, izen arruntak eta posizio taxonomikoa.

b) Espezieak, subespezieak edo populazioak hartutako lurralde eremua.

c) Zerrendan jasotzeko arrazoien justifikazio tekniko laburra eta irizpideak.

2. Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoko taxon bakoitzari buruz honako informazio hau bilduko da:

a) Mehatxuaren kategoria eta horren justifikazioa.

b) Kontserbazio egoeraren diagnostikoa, mehatxuen identifikazioa eta, hala badagokio, Nafarroan espezieak lurralde mugakideekin duen loturari buruzko erreferentziak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indargabetzen da apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogaturiko basa flora kontserbatzeko neurriak ezartzen dituena.

Azken Xedapenetako Lehena. Garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrenda eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoa

ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web