(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2023 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 25EKOA, TRIBUTU HARMONIZAZIOARI BURUZKOA, ALDATZEN DITUENA BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 19/1992 FORU LEGEA, ZERGA BEREZIEI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 20/1992 FORU LEGEA ETA FINANTZA-TRANSAKZIOEN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 28KO 37/2022 FORU LEGEA, ETA LUZATZEN DITUENA BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGARI ETA ENERGIA ELEKTRIKOAREN EKOIZPENAREN BALIOAREN GAINEKO ZERGARI DAGOZKION ZENBAIT NEURRI Nota de Vigencia

BON 07/02/2023



Atarikoa

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, Itun Ekonomikoaren 31 bis, 32., 35.5 eta 40 bis artikuluek xedatzen dute energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga (aurrerantzean, EEEBZ), balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZ), zerga bereziak eta Finantza-transakzioen gaineko zerga (aurrerantzean, FTZ) ordainaraztean Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une bakoitzean indarra duten oinarrizko printzipio eta arau substantibo eta formal berak.

Horren ondorioz, Nafarroak bere tributu-araubidea aldatu behar du zerga horien arau substantibo eta formalei eragiten dien tributu-araubide erkidearen erreformaren bat dagoenean. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, tributuei buruzko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak ematen ahalko dituela. Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz, Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretuaren izena emanen zaie.

Estatuan, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legea aldatzen duen abenduaren 19ko 26/2022 Legeak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen du bigarren artikuluan, zehaztapen terminologiko bat gehitzeko zerga horri lotuta ez dauden eragiketen araubidean, 2022ko abenduaren 21etik aurrerako ondorioekin.

Era berean, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legeak tributu arloko aldaketa batzuk gehitu ditu balio erantsiaren gaineko zergari eta zerga bereziei dagokienez.

Bestalde, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta La Palma uhartearen berreraikuntzari laguntzeko eta beste zaurgarritasun egoera batzuetarako neurriei buruzkoak, besteak beste, neurri fiskalak hartzen ditu energiaren arloan eta jarduera bultzatzearen eta egonkortasun ekonomiko eta sozialari eustearen arloan; neurri horiek BEZari eta EEEBZari eragiten diete.

BEZarekin lotuta, Estatuko 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak zenbait aldaketa egiten ditu.

Lehenengo eta behin, barne ordenamenduan txertatzen dira Kontseiluaren 2019ko abenduaren 16ko 2019/2235 (EB) Zuzentaraua, Balio erantsiaren gaineko zergaren sistema erkideari buruzko 2006/112/EE Zuzentaraua aldatzen duena, eta 2008/118/EE Zuzentaraua, Zerga berezien araubide orokorrari buruzkoa, defentsa ahaleginari dagokionez Batasunaren esparruan, eta salbuespenen araubide bat ezartzen da, Ipar Atlantikoko Tratatuaren parte den edozein estatutatako indar armatuentzat aurreikusia zegoenaren antzekoa. Salbuespenen araubide hori zabaltzen da segurtasun eta defentsa arloko politika erkidearen esparruan egiten diren jardueretan parte hartzen duten estatu kideen indar armatuetara. Horrela, deklaratzen da salbuetsirik daudela indar armatu horiek Batasunaren barruan egindako ondasun entregak, inportazioak eta eskurapenak, indar horien edo haien zerbitzuko langile zibilen erabilerarako eta haien jantoki edo kantinen hornidurarako.

Bestalde, genero ikuspegia nabarmentzeko xedeaz, ehuneko 4ko zerga-tasa murriztua ezartzen zaie tanpoi, konpresa eta slip-babesei, emakumeentzat behar-beharrezkoak diren produktuak direlako, bai eta preserbatiboei eta sendagaiak ez diren beste antisorgailu batzuei ere. Aldaketa hori egiten da bat etorriz Kontseiluaren 2006ko azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauan, balio erantsiaren gaineko zergaren sistema erkideari buruzkoan, zerga-tasen arloan ezarritako muga berriekin.

Halaber, operadoreen segurtasun juridikoa eta zerga administrazioaren jarduketaren bermeak indartzeko, BEZaren araudia eguneratzen da haren edukia Batasuneko aduana-araudiarekin harmonizatzeko eta hartara egokitzeko.

Subjektu pasiboaren inbertsio mekanismoaren erregulazioan ere aldaketak egiten dira, haren aplikazioa zabaltzen baita plastiko eta oihal hondakin eta hondarren entregetara, eta aldatzen dira subjektu pasiboari dagozkion erregelak, subjektu pasiboaren inbertsio erregela aplika dadin hondakin horien eta berreskurapeneko materialen entregetan.

Aurrekoa gorabehera, subjektu pasiboaren inbertsio erregelaren aplikaziotik kanpo uzten dira higiezinen errentamendu zerbitzuen prestazioak, zergari lotuak eta salbuetsi gabeak, zerga aplikatzen den lurraldean establezimendurik ez duten pertsona edo entitateek egiten dituztenean. Horrela, erraztu egiten da ezarritako kenkari eta itzulketa araubide orokorraz baliatzea, zenbait inguruabar tartetan direlarik baztertuta zeudelako establezimendurik ez dutenentzako itzulketa araubidetik. Horrela, zergaren neutraltasuna bermatzen da eta itzulketa lortzeko zama administratiboak arintzen dira.

Horrez gain, saiheste fiskaleko egoerak ekiditeko, erregela horren aplikaziotik salbuesten dira, halaber, bitartekaritza zerbitzuen prestazioak higiezinen errentamendurako, zerbitzu horiek establezimendurik ez duten enpresaburu edo profesionalek ematen dituztenean. Bereziki, errentatzaileak BEZetik salbuetsitako errentamendu zerbitzuak ematen dituenean, bermatzen da bitartekaritza zerbitzuei dagokien zergaren bilketa eta murrizten dira errentatzaile horiek BEZaren aitorpenak eta sarrerak berekin dakartzaten zama administratiboak errentatzaileentzat, ez baitute, oro har, zergaren aitorpen-likidaziorik aurkeztu behar.

Azkenik, Batasuneko ordenamendura hobeki egokitzeko, kreditu kobraezinetatik sortutako BEZa subjektu pasiboak berreskuratzeko prozedura eta arauaren alderdi batzuk aldatzen dira. Zehazki, Batasuneko beste estatu bateko organo jurisdikzionalak deklaratutako kaudimengabezia prozesu baten ondorioz kobraezinak diren kredituen kasuan, zerga-oinarria aldatzeko aukera ematen duen doktrina administratiboa gehitzen da.

Beste alde batetik, kreditu kobraezinei dagokienez, hauek dira aldaketak: eragiketaren zerga-oinarriaren gutxieneko zenbatekoa murrizten da hartzaile berankorra azken kontsumitzaile denean; prozedura malgutzen da, zordunari erreklamazio judiziala edo aldez aurreko errekerimendu notariala egin ordez zordunari kobrantzaren erreklamazioa egin zaiola modu fede-emailean frogatzen duen beste edozein bide erabiltzeko aukera gehituta; eta 6 hilabetera luzatzen da BEZa berreskuratzeko epea, kreditua kobraezin deklaratzen denetik. Azken neurri horrekin batera araubide iragankor bat ezartzen da, 6 hilabeteko epe berriaz baliatu daitezen BEZaren subjektu pasibo guztiak, haien aldaketa epea 2023ko urtarrilaren 1ean iraungi ez bada.

Kontseiluaren 2019ko abenduaren 16ko 2019/2235 (EB) Zuzentarauak berritasunak ekarri ditu zerga berezien arloan ere, behar bezala txertatu direnak Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen bitartez.

Zehazki, fabrikazioaren gaineko zerga berezien arloan, fabrikazioaren gaineko zerga berezien xede diren produktuen fabrikazioa eta inportazioa salbuetsirik egonen dira, produktu horiek Batasuneko edozein estatutako -Espainia ez dena- indar armatuentzat badira, indar horiek edo haien zerbitzuko langile zibilek erabiltzeko edo haien jangelak edo kantinak hornitzeko, indar horiek atxikita baldin badaude segurtasun eta defentsa politika erkidearen esparruan Batasunaren jarduera bat betetzeko defentsa ahalegin bati.

Beste gai batzuetara pasatuta, 2022an Espainian Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko onetsitako salbuespenezko neurriei jarraipena emateko, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuak luzatzen du, 2023ko abenduaren 31ra arte, gas naturalaren entregetako fakturaren osagai guztien gaineko BEZaren zerga-tasa ehuneko 5era murrizteko neurria, bai eta berokuntza sistemetan erregai gisa erabiltzen diren eta biomasatik datozen briketa edo pelleten eta egurraren entregetakoa ere.

Orobat, 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen du BEZaren ehuneko 5eko zerga-tasaren aplikazioa energia elektrikoaren zerbait horniduratan.

Azkenik, 2023ko ekainaren 30era arte luzatzen du BEZaren ehuneko 4ko zerga-tasaren aplikazioa erabili eta botatzeko maskara kirurgikoen entrega, inportazio eta eskurapenetan, Batasunaren barrukoetan, eta BEZaren ehuneko 0ko zerga-tasaren aplikazioa SARS-CoV-2aren txertoetan eta proba diagnostikoetan.

Halaber, BEZaren zerga-tasa ehuneko 4tik 0ra jaisten du oinarrizko elikagaietarako, zeinek orain arte tasa murriztua baitzuten, bai eta olioetarako eta jateko pastetarako ere, ehuneko 10etik 5era jaisten baita, oinarrizko elikagai horien amaierako prezioa jaisten laguntzeko. Bi murrizketak aldi baterako eta aparteko izaeraz ezartzen dira, 2023ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, azpiko inflazioaren urte arteko tasaren bilakaeraren menpe betiere.

Eragiketa horiei dagokien baliokidetasun-errekarguaren tasa ere murrizten da horrekin lotuta, indarrean dagoen eta aplikatzen den bitartean.

Aurrekoen osagarri, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuak 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen du EEEBZaren aldi baterako etetea.

Bukatzeko, FTZaren kasuan, Estatuko araudian zenbait salbuespeni dagokienez xedatutakoarekin harmonizatzen da.

Horregatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, BEZari, zerga bereziei, EEEBZari eta FTZari dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko urtarrilaren 25ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo Artikulua. Balio erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

Bat.-7.8.F)d') artikulua, ondorioak 2022ko abenduaren 21etik aurrera izateko.

"d') Portu eta aireportuetako zerbitzuak eta trenbideetako azpiegituren administrazio zerbitzuak, ondorio horietarako kontuan hartuta, halaber, hurrengo 9. zenbakian zergari lotuta ez egotetik salbuetsirik dauden emakidak eta baimenak."

Bi.-16.3 artikulua, ondorioak 2022ko uztailaren 1etik aurrera izateko.

"3. Honako hauek egindako atxikipena:

a) Ipar Atlantikoko Tratatuaren parte den estatu bateko indarrek, zerga aplikatzen den lurraldean, beren erabilerarako edo lagun duten elementu zibilaren erabilerarako, edo

b) Batasuneko edozein estatutako indar armatuek, beren erabilerarako edo beren zerbitzuan dituzten langile zibilen erabilerarako, baldin eta indar horiek atxikita badaude segurtasun eta defentsa politika erkidearen esparruan Batasunaren jarduera bat betetzeko defentsa ahalegin bati, indar horiek edo haien elementu zibilak Erkidegoan zergaren tributaziorako dauden baldintza normaletan eskuratu ez dituzten ondasunen atxikipena, edo horien inportazioari ezin zaionean aplikatu zergaren salbuespena, Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 62. artikuluan ezarritakoa."

Hiru.-18. artikulua, 3. zenbakia aldatzea eta 7. zenbakia gehitzea, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"3. Lanak diren zerbitzu prestazioak, zerga aplikatzen den lurraldean lan horiek egiteko eskuratu edo inportatu diren ondasun higigarrietan egiten direnak, ondasun horiek, ondoren, erkidegotik kanpora bidali edo eramaten baditu pertsona hauetako batek: lan horiek egin dituenak; zerga aplikatzen den lurraldean establezimendurik ez duen ondasunen hartzaileak; aurrekoez beste pertsona batek, aduana arloko araudian xedatutakoaren arabera esportatzailea bada; edo beste pertsona batek, aurreko edozeinen izenean eta haren kontura jarduten duenak.

Salbuespenak ez ditu hartzen kirolerako edo aisialdirako ontzien, turismoko hegazkinen edo erabilera pribatuko beste edozein garraiobideren konponketa edo mantentze lanak, horiek igarotze araubidean edo aldi baterako inportazioko araubidean sartu badira."

"7. Aduana arloko araudian xedatutakoaren arabera esportatzailea den norbaitek, ez bada zerga aplikatzen den lurraldeko establezimendurik gabeko eskualdatzailea edo eskuratzailea, edo haren izenean eta kontura jarduten duen beste batek erkidegotik kanpora bidali edo eramaten dituen ondasunen entregak."

Lau.-19. artikulua, 10. eta 11. zenbakiak aldatzea, ondorioak 2022ko uztailaren 1etik aurrera izateko, eta 7. zenbakia aldatzea eta 16. zenbakia gehitzea, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"7. Zerbitzu prestazioak, artikulu honetako aurreko zenbakietan jasota ez daudenak, 1. eta 4. zenbakietan ezarritako salbuespenak aplikatzen zaizkien itsasontzi eta aireontzien zuzeneko premiei edo itsasontzi eta hegazkin horien zamaren premiei erantzuteko egiten direnak.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren zerbitzuen hartzaileek izan beharko dute itsasontzi horien ustiapenaren titularrak edo aireontziak erabiltzen dituzten enpresak edo erakunde publikoak.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren salbuespen gisa, salbuetsirik egonen dira zamalanak, estibatze eta desestibatze lanak eta ontzi-aldaketak egiteko zerbitzuak, 1. zenbakian jasotako itsasontzien zamaren premiekin lotutakoak, estibatzaile profesionalek egindakoak, beren izenean, estibatze enpresentzat, eta enpresa horiek erabilitakoak itsasontzi horien ustiapenaren titularrei emandako zerbitzuetan."

"10. Hauentzat egindako ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak:

a) Ipar Atlantikoko Tratatuaren parte diren gainerako estatuen indarrentzat, Tratatuaren parte diren estatuek beren indarren estatutuari buruzko hitzarmenean ezarritako baldintzetan;

b) Batasuneko edozein estatutako -Espainia ez dena- indar armatuentzat, indar horiek edo haien zerbitzuko langile zibilek erabiltzeko edo haien jangelak edo kantinak hornitzeko, indar horiek atxikita baldin badaude segurtasun eta defentsa politika erkidearen esparruan Batasunaren jarduera bat betetzeko defentsa ahalegin bati.

11. Batasuneko beste estatu batentzat egindako ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak, bai eta hauentzat ere:

a) Ipar Atlantikoko Tratatuaren parte den edozein estaturen -destinoko estatu bera ez dena- indarrentzat, Tratatuaren parte diren estatuek beren indarren estatutuari buruzko hitzarmenean ezarritako baldintzetan;

b) Batasuneko edozein estatutako -destinoko estatu bera ez dena- indar armatuentzat, indar horiek edo haien zerbitzuko langile zibilek erabiltzeko edo haien jangelak edo kantinak hornitzeko, indar horiek atxikita baldin badaude segurtasun eta defentsa politika erkidearen esparruan Batasunaren jarduera bat betetzeko defentsa ahalegin bati."

"16. Aurreko zenbakietan xedatutakoaren aplikazioaren ondorioz salbuetsirik dauden eragiketetan ez daude sartuta 17., 17 bis, 18. eta 22. artikuluen ondorioz salbuetsirik daudenak."

Bost.-20. artikulua, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"20. artikulua. Aldi baterako gordailu egoerei eta beste egoera batzuei dagozkien salbuespenak.

1. Eragiketa hauek salbuetsirik egonen dira, erregelamenduz ezartzen diren baldintza eta betebeharrekin:

a) Aldi baterako gordailu egoeran dauden ondasunen entregak, bai eta zerbitzuen prestazioak ere, aurreko ondasun entregekin zuzeneko lotura dutenak eta ondasunak egoera horretan dauden bitartean egiten direnak.

b) Lurralde-itsasora eramaten diren ondasunen entregak, zulaketa edo ustiaketa plataformetan txertatzeko, horien eraikuntza, konponketa, mantentze edo birmoldatze lanetarako, ekipamendurako edo plataforma horiek kontinentearekin lotzeko.

Salbuespenak aurreko paragrafoan aipatzen diren plataformak hornitzeko ondasunen entregak ere hartzen ditu.

c) b) letran deskribatutako ondasun entregekin zuzenean lotutako zerbitzu prestazioak, bai eta zenbaki horretan jasotzen diren egoeretan jartzeko xedea duten ondasunen inportazioak ere.

d) b) letran adierazitako egoeran dauden ondasunen entregak, bai eta ondasunak egoera horretan dauden bitartean egiten diren zerbitzu prestazioak ere.

2. Aldi baterako gordailu egoerak, bai eta artikulu honetan aipatzen diren ondasunak aldi baterako gordailu egoeran jartzeak ere, aduanaren arloko legerian ezarritako definizio, arau eta betebeharrak beteko dituzte.

3. Artikulu honetan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, aipatzen diren ondasunak ez dira erabiliko, ez eta baliatuko ere, aipatutako egoeretan azken kontsumoa egiteko.

4. 1. zenbakiaren arabera salbuetsirik dauden zerbitzu prestazioetan ez dira sartuta egonen 17., 18. eta 19. artikuluen arabera salbuespena dutenak."

Sei.-21. artikulua, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"21. artikulua. Aduana eta zerga araubideei dagozkien salbuespenak.

1. Eragiketa hauek zergatik salbuetsirik egonen dira, erregelamenduz ezartzen diren baldintza eta betebeharrekin:

a) Ondasun hauen entregak:

1. Zona frankoko araubideari lotu beharrekoak eta araubide horri loturik daudenak.

2. Hobekuntza aktiboko aduana eta zerga araubidearen babesean egindako prozesuetan erabili beharrekoak, bai eta araubide horiei loturik daudenak ere, hobekuntza aktiboko esportazio aurreratuaren modalitatea salbu.

3. Aldi baterako inportazio araubideari loturik daudenak, inportazioaren edo kanpo-igarotzearen gaineko eskubideak erabat salbuetsirik.

4. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 18.Bat.2 artikuluan jasotakoak, aldi baterako inportazioaren araubide fiskalaren edo barne igarotzearen araubidearen babesean daudenak.

5. Aduana gordailuko araubideari lotu beharrekoak eta araubide horri loturik daudenak.

6. Aduanakoa ez den gordailu bateko araubideari lotu beharrekoak eta araubide horri loturik daudenak.

b) a) letran deskribatutako entregekin zuzeneko lotura duten zerbitzu prestazioak.

c) Eragiketa eta ondasun hauekin zuzeneko lotura duten zerbitzu prestazioak:

1. Zona frankoko araubideari lotzen zaizkion ondasunen inportazioak.

2. Kanpo-igarotzearen araubideari lotzen zaizkion ondasunen inportazioak.

3. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 18.Bat.2 artikuluan jasotako ondasunen inportazioak, aldi baterako inportazioaren araubide fiskalaren edo barne igarotzearen araubidearen babesean jartzen direnak.

4. Hobekuntza aktiboko aduana eta zerga araubideei lotzen zaizkien ondasunen inportazioak.

5. Aduana gordailuaren araubideari lotzen zaizkion ondasunen inportazioak.

6. Aldi baterako inportazioaren araubideari lotzen zaizkion ondasunen inportazioak, erabat salbuetsirik egonda.

7. Aduanakoa ez den gordailu araubide bati lotzen zaizkion ondasun inportazioak, Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 65. artikuluaren arabera salbuetsirik daudenak.

8. 1., 2., 3., 4., 5. eta 7. ordinaletan deskribatutako araubideei lotutako ondasunak.

2. 1. zenbakian aipatzen diren araubideak aduana arloko legerian definitutakoak dira, eta horiei lotzeko eta horietan mantentzeko, legeria horretan ezarritako arau eta betebeharrak bete beharko dira.

Hobekuntza aktiboko araubide fiskala baimenduko da izen bereko aduana araubidetik kanpo gelditzen diren ondasunetarako, eta, gainerako guztian, aduana araubide horren gaineko arau berak bete beharko dira.

Aldi baterako inportazioaren araubide fiskala baimenduko da Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide komuna arautzen duen Legearen 3.Bi.1.b) artikuluan jasota dauden lurraldeetatik datozen ondasunetarako, horien aldi baterako inportazioa erabat salbuetsirik baldin badago inportazio eskubideetatik edo ondasunak beste herrialde batzuetatik etorriz gero salbuespen hori izanen balu.

Foru lege honen ondorioetarako, aduanakoez bestelako gordailu araubidea eranskinaren bosgarren atalean definitutakoa izanen da.

3. 1. zenbakian deskribatutako salbuespenak aplikatuko dira ondasunak aipatutako araubideei loturik dauden bitartean.

4. Aduana eta zerga araubideei dagozkien salbuespenak aplikatzeko, betiere, kasuan kasuko ondasunak ez dira erabili beharko ez eta baliatu ere azken kontsumoa araubideen indarraldian egiteko, horrek ukatu gabe hobekuntza aktiboko aduana eta zerga araubideen babesean egiten diren eraldaketa prozesuetan sartutako ondasunak.

5. 1. zenbakiaren aplikazioaren ondorioz salbuetsirik dauden zerbitzu prestazioetan ez dira sartuko 17. artikuluaren ondorioz salbuetsirik daudenak."

Zazpi.-28. artikuluaren 4. zenbakiko A) letra, 3. eta 4. baldintzak, eta B) letra; eta 5. zenbakia, 2. erregela, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"3. Eragiketaren hartzaileak enpresaburu edo profesional gisa jardutea, edo, bestela, eragiketaren zerga-oinarria, balio erantsiaren gaineko zerga kenduta, 50 eurotik gorakoa izatea.

4. Subjektu pasiboak kobratzea eskatu izana zordunari erreklamazio judiziala eginez edo errekerimendu notarialaren bidez, edo kobrantzaren erreklamazioa egin zaiola modu fede-emailean frogatzen duen beste edozein bitarteko erabiliz, ente publikoek indartutako kredituak direnean ere.

Lehen baldintzan aipatutako epeko eragiketen kasuan, nahikoa izanen da horietako baten kobrantza eskatu izana, laugarren baldintzan aipatzen diren bitarteetako edozein erabiliz, zerga-oinarria aldatzeko ordaindu gabeko epeari edo epeei dagokien proportzioan.

Ente publikoek zor dituzten kredituak direnean, 4. baldintzan aipatzen diren bitartekoen ordez, ente publiko zorduneko organo eskudunak emandako ziurtagiri bat erabiliko da, bertako kontu-hartzaileak edo diruzainak zordunaren betebeharra eta zenbatekoa aitortzeko eginen duen txostenarekin bat.

B) Aldaketa sei hilabeteko epean egin beharko da, 1. baldintzan aipatu sei hilabeteko edo urtebeteko epea bukatzen denetik, eta horrez gainera, zerga administrazioari jakinarazi beharko zaio erregelamenduz ezartzen den epean.

Kutxa irizpidearen araubide berezia aplikatzen zaien eragiketen kasuan, aldaketa egiteko sei hilabeteko epea foru lege honen 108 terdecies artikuluan aipatzen den abenduaren 31ko mugaegunetik hasiko da kontatzen."

"2. Eragiketen hartzailea zerga aplikatzen den lurraldean kokatua ez badago, ezta Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan ere, ez da bidezkoa izanen zerga-oinarria aldatzea.

Aurreko paragrafoan xedatutakotik kanpo daude Batasunaren beste estatu bateko organo jurisdikzional batek deklaratutako kaudimengabezia-prozesu baten ondorioz kobraezinak diren kredituen kasuak, kaudimengabezia prozedura horiei aplikatu behar bazaie Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko 2015/848 (EB) Erregelamendua, kaudimengabezia prozedurei buruzkoa, halakoetan subjektu pasiboaren zerga-oinarria aldatzen ahalko baita foru lege honen 28.3 artikuluan aurreikusitako baldintzetan."

Zortzi.-31.1.2 artikulua, a) letra, c') letra aldatzea eta d') eta e') letrak gehitzea; eta c) letra, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"c') 17 bis artikuluan, 18.ean, 1., 2. eta 7. ordinaletan edo 22.ean aurreikusitakoa aplikatzearen ondorioz zergatik salbuetsirik dauden ondasun entregak direnean, bai eta azken artikulu horretan jasotako ondasun entregak direnean ere, zergarik lotuak eta salbuetsi gabeak.

d') Ondasun higiezinen errentamendurako zerbitzu prestazioak direnean, zergari lotuak eta salbuetsi gabeak.

e') Ondasun higiezinen errentamenduan bitartekaritza egiteko zerbitzu prestazioak direnean."

"c) Kasu hauetan:

1. Industriako hondakin berrien entregak, galdaketako hondarren eta hondakinenak, metal ferrikoek eta ez ferrikoek osatutako hondarren eta berreskuratu beharreko gainerako materialenak, haien aleazioen, zepen, errautsen eta metalak edo haien aleazioak dituzten industriako hondakinenak.

2. Aurreko marratxoan aipatu diren produktuak aukeratzeko, ebakitzeko, zatikatzeko eta prentsatzeko eragiketak.

3. Plastiko hondarren, hondakinen edo ebakinen entregak.

4. Paper, kartoi edo beira hondarren edo hondakinen entregak.

5. Trapu, listari, soka edo sareen hondakinen edo artikulu erabilezinen entregak.

6. Lehen marratxoan aipatzen diren metal ez-ferrikoak eraldatu, landu edo galdatzearen emaitza diren produktu erdilanduen entregak, kenduta nikelez konposatutakoenak. Bereziki, produktu erdilandutzat joko dira lingoteak, blokeak, plakak, barrak, alea, granaila eta alanbre-burdina.

Nolanahi ere, foru lege honen eranskinean zehaztu diren materialen entregak aurreko ordinaletan sartuta daudela ulertuko da."

Bederatzi.-37. artikulua, Bat.1.6.b) apartatua kentzea eta bi.1 apartatuan 7. ordinala gehitzea, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"7. Konpresak, tanpoiak, slip-babesak, preserbatiboak eta sendagaiak ez diren beste antisorgailu batzuk."

Hamar.-112.3. artikulua, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"3. Ondasunen inportazioetan, aduanaren arloko legerian muga-zergetako eskubideetarako aurreikusitako moduan likidatuko da zerga, edo, hala badagokio, Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 167 bis artikuluan aurreikusi bezala.

Erregelamenduz ezarriko den moduan eginen da inportazioaren gaineko zergaren kuoten bilketa eta sarrera, eta han ezartzen ahalko da zer baldintza eskatu subjektu pasiboei, administrazioak egindako likidazioa jasotzen duen dokumentua hartzen duten epealdiari dagokion aitorpen-likidazioan kuotak sar ditzaten.

Halere, aduanako aitorpena Batasunaren beste estatu batean aurkezten denean bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduan, Batasunaren aduana-kodea ezartzen duenean, 179. artikuluan, aurreikusitakoarekin, Administrazioa, zergaren likidazioa egiteko, aitorpena aurkeztu den estatu kidearen aduanak emandako informazioan oinarrituko da."

Hamaika.-Zortzigarren xedapen iragankorra, gehitzea, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"Zortzigarren xedapen iragankorra.-Balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-oinarria aldatzeko epea, kreditu kobraezinengatik.

Osorik nahiz zati batean kobraezinak diren kredituen zerga-oinarria aldatzen denean, 2023ko urtarrilaren 1ean ez bada bukatu hiru hilabeteko epea, Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.4.A) artikuluko 1. baldintzak aipatzen duen sei hilabeteko edo urtebeteko epea bukatu denetik, 4. zenbaki horretako B) letran aipatzen den epea, zerga-oinarria aldatzekoa, sei hilabetekoa izanen da aipatutako sei hilabeteko edo urtebeteko epea bukatzen denetik hasita.

Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa den eragiketetan, 6 hilabete edukiko dira zerga-oinarriaren aldaketa egiteko, aipatutako abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 108 terdecies artikuluan aipatzen den muga-datatik aurrera -abenduaren 31-."

Hamabi.-Eranskina, seigarren atala, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"Seigarrena. Galdaketaren hondakinak edo hondarrak, burdinarenak nahiz altzairuarenak, burdinazko edo altzairuzko txatarra edo txatar lingoteak, metal ez-ferrikoen edo haien aleazioen hondakinak edo hondarrak, industriaren zepak, errautsak eta hondakinak, metalak edo haien aleazioak dituztenak.

Galdaketaren hondakinak edo hondarrak, burdinarenak nahiz altzairuarenak, burdinazko edo altzairuzko txatarra edo txatar lingoteak, metal ez-ferrikoen edo haien aleazioen hondakinak edo hondarrak, industriaren zepak, errautsak eta hondakinak, metalak edo haien aleazioak dituztenak izanen dira aduana-zergaren partida hauetan jasota daudenak:

NCE KOD.SALGAIAREN IZENDAPENA
7204Galdaketaren hondakinak edo hondarrak, burdinarenak nahiz altzairuarenak (txatarra eta lingoteak).

Metal ferrikoen hondakin eta hondarretan honako hauek sartuta daude:

a) Burdinaren edo altzairuaren galdaketaren fabrikazioan edo mekanizatuan sortzen diren hondakinak, hala nola, torneatze-hautsak, karrakadurak, lingoteen, totxoen, barren edo profilen punta moztuak.

b) Burdinaren edo altzairuaren galdaketaren manufakturak, behin betiko erabilezin gelditu direnak hausturengatik, ebakidurengatik, higaduragatik edo beste arrazoi batzuengatik, bai eta haien hondarrak ere, horietako zati edo pieza batzuk berrerabilgarriak badira ere.

Ez dira sartzen jatorrizko erabilerarako berriz erabil daitezkeen produktuak, dela beren horretan dela konpondu ondoren.

Txatar lingoteak burdina edo altzairu oso aleatuzkoak izan ohi dira, zakar itsatsiak, berriz galdatutako hondakin eta hondar finekin lortuak (harriz lantzearen hautsak edo torneatze-hauts finak), eta haien azala latza eta irregularra da.

NCE KOD.SALGAIAREN IZENDAPENA
7402Findu gabeko kobrea; birfintzeko kobrezko anodoak.
7403Kobre findua, katodo eta katodo-sekzio gisa.
7404Kobre hondakinak eta hondarrak.
7407Kobre barrak eta profilak.
7408.11.00Kobre finduzko alanbrea, zeharkako sekzioaren neurri handiena “ 6 mm-koa denean.
7408.19.10Kobre finduzko alanbrea, zeharkako sekzioaren neurri handiena “ 0,5 mm-koa eta “= 6 mm denean.
7502Nikela.
7503Nikel hondakinak eta hondarrak.
7601Aluminio landugabea.
7602Aluminio hondakinak eta hondarrak.
7605.11Aleatu gabeko aluminiozko alanbrea.
7605.21Aluminio aleatuzko alanbrea.
7801Beruna.
7802Berun hondar eta hondakinak.
7901Zinka.
7902Zink hondar eta hondakinak (kalamina).
8001Eztainua.
8002Eztainu hondar eta hondakinak.
2618Siderurgiako zepa pikordunak (zepa harea).
2619Zepak (pikordunak izan ezik), batidurak eta siderurgiako gainerako hondarrak.
2620Metala edo metal-konposatuak dituzten errautsak eta hondakinak (siderurgia izan ezik).
3915Plastiko hondakinak, hondarrak eta ebakinak.
47.07Paper edo kartoi hondakinak edo hondarrak. Paper edo kartoi hondarretan sartuta daude karrakadurak, ebakinak, orri urratuak, egunkari zaharrak eta argitalpen-lanak, hondakin-orriak, inprenta-probak eta antzeko artikuluak. Definizioan sartuta daude, halaber, paper edo kartoi manufaktura zaharrak, birziklatzeko saltzen direnak.
6310Oihalezko trapuak, listariak, sokak eta sareak, hondakinetan edo artikulu erabilezinetan.
70.01Beira hondakinak edo hondarrak. Beira hondakin edo hondarretan sartuta daude beirazko objektuen fabrikazioaren hondakinak, bai eta erabili edo kontsumitzeko ekoitzitakoak ere. Haien ezaugarri nagusia ertz zorrotzak dira, ebakitzen dutenak.
 Berunezko bateria berreskuratuak."

Hamahiru.-Eranskina, zortzigarren atala, ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

"Zortzigarrena. Zergaren likidazioa, Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 19.5. artikuluko bigarren paragrafoan jasota dauden kasuetan:

Zergaren likidazioa, Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 19.5. artikuluko bigarren paragrafoan jasota dauden kasuetan egiteko, arau hauek bete beharko dira:

1. Foru lege honen 20. eta 21. artikuluetan jasotako egoerak bukatu edo araubideak azkentzen direnean, likidazioa egin beharko da, aipatutako egoeretan jartzeagatik edo araubideei lotzeagatik salbuespena izan duten eragiketei dagokien zergarena, erregela hauei jarraikiz:

a) Ondasun horien entrega salbuetsiak, bat edo batzuk, egin badira aurretik, sartu beharreko zerga izanen da egindako azken entrega salbuetsiari zegokiona.

b) Ondasunen eskurapen salbuetsi bat egin bada, Batasunaren barnekoa, aipatutako egoeretan jarri direlako edo araubideei lotu zaizkielako, eta ondoren ez bada haien entrega salbuetsirik egin, sartu beharreko zerga izanen da eragiketa horri salbuespenik izan gabe zegokiona.

c) Ondasunekin eragiketa salbuetsiak egin badira aurreko a) edo b) letretan adierazitakoen ondotik, edo azken eragiketa horiek egin ez badira, sartu beharreko zerga izanen da letra horietan xedatutakoaren emaitza, gehi ondoko eragiketa salbuetsiei zegokiena.

d) Ondasunen inportazio salbuetsia egin bada aduanakoez beste gordailu araubide bati lotzeagatik eta inportazio horren ondotik ondasun horiekin eragiketa salbuetsiak egin badira, sartu beharreko zerga izanen da inportazio horri salbuespenik izan gabe zegokiona, gehi eragiketa salbuetsiei zegokiena.

2. Aipatutako egoerak bukatzeari edo araubideak azkentzeari dagozkien kuoten likidazioa eta sarrera egiteko betebeharra izanen du une horretan ondasunen jabea denak, bera izanen baita subjektu pasiboa eta berak aurkeztu beharko baitu foru lege honen 112.1 artikuluan aipatzen diren eragiketei dagokien aitorpen-likidazioa.

Aipatutako kuota horien sarrera egiteko betebeharra duenak haien kenketa egiten ahalko du, foru legean 31.1.Bigarrena artikuluan jasotako kasuetarako aurreikusitakoarekin bat.

Zergaren aplikazio lurraldean establezimendurik ez duten enpresaburu edo profesionalek, zergaren subjektu pasibo direnek apartatu honetan xedatutakoarekin bat, arrazoi honengatik likidatutako kuoten kenketa egiten ahalko dute lurraldean establezimendua dutenek egiten duten baldintza berekin eta modu berean.

3. Agindu honetan aipatzen diren gordailuen titularrak dagokion tributu zorraren ordainketaren erantzule solidarioak izanen dira, zortzigarren apartatu honetako aurreko paragrafoetan xedatutakoarekin bat, zergaren lurralde-esparruan establezimendurik ez duten enpresaburu edo profesionalen ordezkari fiskal gisa jardun nahiz ez."

Bigarren Artikulua. Zerga Bereziei buruzko Foru Legearen aldaketa.

Ondorioak 2022ko uztailaren 1etik aurrera izateko, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 9.1 artikuluari g) letra gehitzen zaio:

"g) Batasuneko edozein estatutako -Espainia ez dena- indar armatuentzat, indar horiek edo haien zerbitzuko langile zibilek erabiltzeko edo haien jangelak edo kantinak hornitzeko, indar horiek atxikita baldin badaude segurtasun eta defentsa politika erkidearen esparruan Batasunaren jarduera bat betetzeko defentsa ahalegin bati."

Hirugarren Artikulua. Energiaren, jarduera bultzatzearen eta egonkortasun ekonomiko eta sozialari eustearen arloko neurriak.

Bat.-Neurri fiskalak luzatzea.

1. 2023ko ekainaren 30era arte luzatzen da balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 4ko zerga-tasaren aplikazioa Sendagaien Prezioetarako ministerioen arteko Batzordearen 2020ko azaroaren 12ko Erabakian aipatzen diren erabili eta botatzeko maskara kirurgikoen entrega, inportazioa eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barruan egiten direnetan, Tributu Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 13ko 1/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa. Legegintzako foru dekretu horren bidez aldatzen da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea.

2. 2023ko ekainaren 30era arte luzatzen da balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 0ko zerga-tasaren aplikazioa SARS-CoV-2aren ondorioei aurre egiteko zenbait ondasunen entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barruan egiten direnetan, eta zerbitzu prestazioetan, bai eta baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziaren ondorioetarako ere, Tributu Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 13ko 1/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa. Legegintzako foru dekretu horren bidez aldatzen da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea.

3. 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen da balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 5eko zerga-tasaren aplikazioa elektrizitate hornidura jakin batzuetan, Tributu Harmonizazioari buruzko uztailaren 5eko 4/2022 Legegintzako Foru Dekretuaren laugarren artikuluan aurreikusitakoa. Legegintzako foru dekretu horren bidez zenbait neurri hartu eta luzatzen dira balio erantsiaren gaineko zergari eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari dagokienez.

4. 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen da balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 5eko zerga-tasaren aplikazioa gas naturalaren eta biomasatik datozen briketa edo pelleten eta egurraren entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barrukoetan, Tributu Harmonizazioari buruzko azaroaren 30eko 6/2022 Legegintzako Foru Dekretuaren artikulu bakarrean aurreikusitakoa. Legegintzako foru dekretu horren bidez aldi baterako murrizten da Europar Batasunaren barruko erregai jakin batzuen entregei, inportazioei eta eskurapenei aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren tasa.

Aurreko paragrafoan aipatutako denboran, biomasatik datozen briketa edo pelleten eta egurraren entregetan, ehuneko 0,62ko baliokidetasun-errekargua aplikatuko da Nota de Vigencia.

Bi.-Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa zehaztea 2023ko zergaldirako.

1. 2023ko zergaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria hau izanen da: energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta ekitaldian sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak.

2023ko lau hiruhilekoei dagozkien ordainketa zatikatuak kalkulatzeko, epe horretan ekoiztutako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioa zero eurokoa izanen da, betiere energia hori zentraleko barretan neurtuta.

Hiru.-Elikagaien entrega, inportazio eta eskurapen jakin batzuetan, Europar Batasunaren barrukoetan, aldi baterako aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa, bai eta baliokidetasun-errekarguaren ondorioetarako ere.

Ondorioak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eta indarra 2023ko ekainaren 30era bitarte izateko:

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 5eko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Oliba-olioa eta hazi-olioak.

b) Jateko pastak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 0,62koa izanen da.

Halere, 2023ko maiatzaren 1etik aurrera, aplikatu beharreko zerga-tasa ehuneko 10ekoa izanen da, martxoko azpiko inflazioaren urtetik urterako tasa (apirilean argitaratzen dena) ehuneko 5,5 baino txikiagoa bada. Kasu horretan, eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 1,4koa izanen da.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 0ko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua, soil-soilik ogi arrunta egiteko erabiltzen direnak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animaliak emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Fruta, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta laboreak, elikadura kodearen eta hori garatzeko emaniko xedapenen arabera produktu naturalen izaera dutenak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 0koa izanen da.

Halere, 2023ko maiatzaren 1etik aurrera, aplikatu beharreko zerga-tasa ehuneko 4koa izanen da, martxoko azpiko inflazioaren urtetik urterako tasa (apirilean argitaratzen dena) ehuneko 5,5 baino txikiagoa bada. Kasu horretan, eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa ehuneko 0,5ekoa izanen da.

3. Zerga-tasaren murrizketaren onura osoa kontsumitzaileak jasoko du eta, beraz, murrizketaren zenbatekoa ezin izanen da erabili, osorik nahiz partez, enpresen mozkin-marjina handitzeko, produktuen ekoizpen, banaketa edo kontsumo katean prezioak igota; horrek ez ditu ukatzen ukitutako sektoreek, erantzukizun soziala dela eta, konpromiso gehigarriak beren gain hartu eta publizitatzea.

Neurri honen eraginkortasuna egiaztatuko da prezioen bilakaeraren jarraipena egiteko sistema batekin, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bere eskumenen esparruan egin beharreko jarduketez gain betiere.

Laugarren Artikulua. Finantzatransakzioen gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Finantza-transakzioen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/2022 Foru Legearen manu hauek testu hau izanen dute:

Bat.-3.1.m) artikulua, ondorioak 2022ko uztailaren 2tik aurrera izateko:

"m) Enpleguko pentsio-funtsek eta gizarte-aurreikuspeneko mutualitateek edo irabazi-asmorik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateek egindako erosketak."

Bi.-3.2.i) artikulua, ondorioak 2022ko uztailaren 2tik aurrera izateko:

"i) 1. apartatuko m) letran jasotako salbuespenari dagokionez, enpleguko pentsio-funtsaren, gizarte-aurreikuspeneko mutualitatearen edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitatearen identifikazioa.

Apartatu honetan aipatzen diren entitateak identifikatzeko, beharrezkoa izanen da, hala badagokio, Erakunde Juridikoaren Identifikatzailea (LEI, ingelesezko siglen arabera) jakinaraztea.

Subjektu pasiboak eta eskuratzaileak zerga administrazioaren eskura gorde beharko dituzte jakinarazpenaren gauzatzea eta edukia egiaztatzen dituzten egiaztagiriak."

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web