(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

106/2022 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 30EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN DATUAREN GOBERNANTZA ETA DATUAREN BULEGOA ANTOLATZEKO EREDUA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 250 - 15/12/2022



  I. TITULUA. DATUAREN GOBERNANTZAREN ANTOLAKETAEREDUARI APLIKATU BEHARREKO XEDAPEN OROKORRAK


  II. TITULUA. DATUAREN GOBERNANTZAREN ETA DATUAREN BULEGOAREN ANTOLAKETAEREDUA

  I. KAPITULUA. ANTOLAMENDUAREN EGITURA

  II. KAPITULUA. DATUAREN GOBERNANTZA KOORDINATZEKO BATZORDEA

  III. KAPITULUA. NAFARROAKO DATUAREN BULEGOA


  III. TITULUA. LANKIDETZAEREDUA DATUEN GOBERNANTZAN

  I. KAPITULUA. DEPARTAMENTU ARTEKO LANKIDETZA

  II. KAPITULUA. ETIKA BATZORDEA


  IV. TITULUA. PLANGINTZA ETA KUDEAKETAEREDUA


Zioen azalpena

I

Martxoaren 23ko 24/2022 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.

Besteak beste, aldaketa horren bidez, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian atal berri bat sortu zen, Datuaren Bulegoa izenekoa, Nafarroako Gobernuan datuaren bulego bat instituzionalizatzeko, Estatuko Administrazioaren ildotik, Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordea sortu eta koordinatu ahal izateko.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuaren 54 bis artikuluan adierazitakoarekin bat, honako hauek dira Datuaren Bulegoaren Atalari esleitutako eginkizunak:

a) Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordeko Idazkaritza.

b) Nafarroako Datuaren Bulegoa garatzeko beharrezkoak diren jarduerak planifikatu eta programatzea eta, bereziki, urteko jarduketa planak eta plan estrategikoak prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

c) Estrategien definizioa koordinatzea arlo hauetan: datuen kudeaketaren eta datuen gobernantza, Espainiako Gaia-X-arekiko integrazioa eta datuak partekatzeko datu-espazioak.

d) Datuaren gobernuaren politika, prozesu eta estandarren definizioa eta horien hedapena koordinatzea. Datuaren kalitatea kudeatzea, datuen trukea, argitalpena, berrerabilpena eta banaketa kudeatzea. Datuetarako sarbidea kudeatzea, datuak anonimo bihurtzeko prozesuak eta baimenak kudeatzea. Datuaren ziurtapena kudeatzea.

e) Metadatuaren kudeaketa eta haren gobernua koordinatzea. Nafarroako Gobernuaren datu eta adierazleen hiztegia sortzea. Zeharkako datuen edo datu nagusien erakundeak definitzea eta kudeatzea.

f) Datuen eta datu-iturrien erregistro bat diseinatzea eta mantentzea.

g) Datuak modelatzeko politikak eta estandarrak diseinatzea, eta ereduen eta metaereduen erregistro bat mantentzea.

h) Politikak eta estandarrak diseinatzea Nafarroako Gobernuan datuetan oinarritutako erabaki-sistemak sortzeko, eta haiekin ekarpenak egiteko zeharkako aginte-koadroei, hiztegiei, OpenDataNavarra erakundeari, estatistika-adierazleei (Nastat) eta beste datu-espazio batzuei.

i) Politiken definizioa eta gomendioak koordinatzea algoritmoen bizi-zikloari dagokionez.

j) Nafarroako datuen plataforma definitzea, eraikitzea eta erabiltzea. Estandar teknologikoak definitzea eta bat egitea OpenDataNavarra (Nafarroako datu irekien gunea), Nastat (Nafarroako Estatistika Institutua) eta beste datu-espazio batzuetan eta batzuekin.

k) Beharrezko erregularizazioa koordinatzea eta sustatzea datuen elkarreragingarritasunean, gobernantzan, kalitatean eta segurtasunean aurrera egiteko.

l) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko unitateen jarduerak bultzatu eta koordinatzea datuen erabakien arloan.

m) Lankidetza eta elkarrizketa bultzatzea gobernantzaren eta datu-espazioen garapenaren arloan funtsezkoak diren eragile guztiekin, Nafarroako toki-erakunde, unibertsitate eta enpresekin, Espainiako Datuaren Bulegoarekin, Europako erakundeekin eta egokitzat jotzen diren entitate guztiekin.

n) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.

II

Europar Batasunaren eremuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Erregelamenduaren proiektu bat onesteko prozesuan dago gaur egun, zeinak hizpide baititu datuetarako sarbidea eta haien erabilera bidezkoak izateko arau harmonizatuak (Datuen Legea). Estatuan, berriz, Datuaren Bulego bat sortu zen 2020an, uztailaren 31ko ETD/803/2020 Aginduaren bidez, zeinak sortu baitzituen Datuaren Bulegoaren Dibisioa eta Programen Plangintza eta Exekuzio Dibisioa Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzan.

Horrek agerian uzten du datuak egungo gizartean duen garrantzia, zeinak informazioaren erabilera masiboa baitu bereizgarri. Hori dela eta, gero eta handiagoa da hodeian erabat sostengatuta edo eskainita dauden zerbitzuen kontsumoa, eta, horrela, gure datu-aztarna indibiduala eta kolektiboa handitzen da. Gizarte horrek datu-ekonomia berri bateranzko trantsizioa eskatzen du, non datuak balio-aktibo bihurtuko baitira, datuak modu zuzen eta ekitatiboan garatu ahal izateko, betiere Europako datuen subiranotasuna bermatuz.

Hala adierazten baitu uztailaren 31ko ETD/803/2020 Aginduak, zeinaren bidez sortu baitziren Datuaren Bulegoaren Dibisioa eta Programen Plangintza eta Exekuzio Dibisioa Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzan, teknologiak elementu nagusiak dira ekonomiaren eta gizartearen funtzionamendurako. Teknologien eraginak bi alderdi ditu: batetik, erantzuteko gaitasun handiagoa ematen du eta jardunaren zati handi bati eustea ahalbidetzen du, eta, bestetik, hezkuntza- edo enpresa-arrakala areagotzen du. Mundu guztiak ez ditu aukera berak; beraz, digitalizazioak irabazleak eta galtzaileak sor ditzake gizartean. Horregatik, beharrezkoa da gaitasun eta trebetasun berriak, ekintzailetza teknologikoa eta adimen artifizial inklusiboa, etikoa eta gardena bultzatzea, aukera-berdintasuna eta enpleguen sorrera ekarriko dutenak. Big Data teknologiek aukera ematen dute, aztarna digitalak sortutako datuetatik abiatuta, informazioa ulertzeko, portaera-ereduak ateratzeko eta iragarpenak egiteko. Erantzun tekniko koordinatua emateko, garrantzitsua da arlo horretan espezializatutako organo espezifiko bat izatea Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren barnean. EBko herrialde askok Chief Data Officer (CDO) figura dute beren antolaketan. COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta, gero eta garrantzi handiagoa hartu du Datuaren Bulego bat sortzeak, zeina aurreikusita baitago Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa arautzen duen Foru Dekretuan. Epidemiak iraun zuen bitartean, zenbait toki eta hedabidetatik tratamenduaren inguruan agertu ziren ekimen eta aplikazioak sakabanatuta zeuden, eta horrek agerian utzi du beharrezkoa dela organo espezifiko bat sortzea ekimen horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan koordinatu eta integratzeko. Organo horren eginkizunen artean, datua ustiatzeko eta datua gobernatzeko estrategia sartzen da; hau da, segurtasun-politikak definitzea datuak kudeatzeko eta biltegiratzeko, pribatutasun-politikak definitzea eta, adierazi den bezala, aktiboki parte hartzea eremu horretako foroetan. Bestalde, digitalizazioa finantzaketaren lehentasunen erdigunean jartzen dute 2021-2027 aldirako EBren etorkizuneko finantza-esparruak eta COVID-19aren ondorengo programa ekonomikoek.

Horregatik, beharrezkoa da martxoaren 23ko 24/2022 Foru Dekretuak (Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua aldatzen duena) hasitako ibilbideari eustea, eta datuaren gobernua arautzen jarraitzea foru dekretu honen bidez, zeinaren xedea baita Nafarroako Datuaren Bulegoaren eta datuaren gobernantzaren antolaketa-eredua ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

Foru dekretu hau bat dator arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipioekin (ezarrita daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean), eta, zehazki, beharraren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren, sinpletasunaren, efizientziaren eta irisgarritasunaren printzipioekin; izan ere, foru dekretu honek interes orokorra betetzen eta bilatzen du, datuaren gobernantzaren eta datu-bulegoaren antolaketa-eredua arautzen baitu, Administrazioaren barne funtzionamendu egokirako, gastu publikoaren efizientziarako eta administrazio-jardueraren kudeaketa egokirako; izan ere, hura lortzeko arau-tresna egokiena da, koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin eta saihestu egiten ditu beharrezkoak ez diren administrazio-karga osagarriak.

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. TITULUA. DATUAREN GOBERNANTZAREN ANTOLAKETA-EREDUARI APLIKATU BEHARREKO XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Hauek dira foru dekretu honen xedeak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kudeatutako datuen gobernantzarako antolaketa-eredua ezartzea, barne daudela administrazio-, betearazpen- eta koordinazio-eginkizunak. Antolaketa-eredu horren helburua izanen da gobernantzari aplikatu beharreko printzipioak ezartzea, eta arau orokorrak definitzea informazioa sortu, biltegiratu, erabili eta partekatzeko.

b) Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordea sortzea eta haren osaera eta eginkizunak definitzea, hura izanen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan datuaren gobernantza bultzatzeko, zuzentzeko eta koordinatzeko kide anitzeko organoa.

c) Datuaren Bulegoaren antolaketa arautzea. Bulego horren egitekoa izanen da gobernu- eta teknologia-mekanismoak ezartzea maila korporatiboan, datuaren gobernuaren arloan.

d) Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorra sortzea eta haren osaera eta eginkizunak definitzea, hura izanen baita datuaren gobernantza-estrategiaren figura betearazlea eta kudeatzailea.

e) Agintzea departamentuetako datuen erreferenteen sarea sortzeko, helburua duena kasuan kasuko departamentuko datuen tratamendu egokia zaintzea eta zerbitzu adimendun berrietan datuei balioa ematea.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoa betetzeko, kontuan hartuko da datuen babesaren eta informazioaren segurtasunaren arloan aplikatu beharreko araudian oro har ezarritakoa, eta, bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politika onesten duen martxoaren 6ko 20/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari aplikatzen zaie, administrazio-ahalak baliatzen dituztenean (zehaztuta daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean).

2. artikulua . Definizioak.

Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako eta datuaren gobernantzaren eta Datuaren Bulegoaren antolaketa-ereduaren ondorioetarako, honako definizio hauek ezartzen dira:

a) Datua: ekintzen, gertaeren edo informazioaren edozein errepresentazio digital, eta ekintza, gertaera edo informazio horien edozein konpilazio, baita soinuzko, ikusizko edo ikus-entzunezko grabazioarena ere.

b) Metadatua: Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalaren arabera, metadatuaren definizio generikoa da: "beste datu batzuk definitzen eta deskribatzen dituen datua".

c) Datuaren gobernantza: printzipioak, politikak, arauak, estandarrak, prozedurak eta rolak, erakunde batean beharrezkoak direnak datuaren kudeaketa eta kalitate egokietarako. Prozesuak ezartzea datuak eraginkortasunez eta segurtasunez kudeatzeko, gobernu edo enpresa batek kudeatzen dituen datuak erakunde osoak erabiltzen ahalko dituela bermatuta.

d) Aktiboa: inguruneko edozein osagai, gailu edo datu, baliabide bat osatzen badu, kasu honetan informazioa.

e) Datuen analisia: datu multzo bat aztertzeaz arduratzen den prozesua da, erakundeari erabakiak hartzea edo, besterik gabe, hainbat gairi buruzko ezagutzak zabaltzea ahalbidetuko dioten ondorioak ateratzeko.

f) Datu-katalogoa: datuei buruzko informazio-gordailu zentralizatua, erakunde baten datuak inbentariatzeko eta dokumentatzeko. Informazioa biltzen du datuen egiturari, edukiari, metadatuei eta kudeaketarako eta erabilerarako oinarrizko negozio-arauei buruz.

g) Datuak menderatzea: erakundea osatzen duten arlo funtzionalen isla dira.

h) Datuaren bizi-zikloa: aktibo batek dituen etapak, atzematetik hasi eta artxibatu edo ezabatu arte.

i) Datu nagusiak: erakunde baten barneko oinarrizko negozio-helburuen ezaugarriak. Oso maiz erabiltzen dituzte departamentuek, eta denboran gutxi aldatzen dira.

j) Erreferentziako datuak: datu egonkorrak eta oso erabiliak, datu nagusiak kategorizatzen dituztenak eta kanpoko datuen estandarrekin lotzen dituztenak.

k) Datuen erabileraren etika: ziurtatzea datuekin egiten diren jardunbideek erakundeak ezarritako balio etikoak errespetatzen dituztela.

l) Informazioa: datu prozesatuen multzo antolatua, mezu bat osatzen duena zeinak aldatzen baitu mezua jasotzen duen subjektuaren edo sistemaren ezagutza-egoera.

m) Leinua: metadatu-forma bat da, bide ematen duena datu baten bizi-ziklo osoa ezagutzeko, datu hori atera zen egun eta ordu zehatzetik hasi eta iturburu-ingurune batetik helmugako beste ingurune batera kargatu arte.

n) Makrodatuak: beren bolumen eta aniztasunagatik eta prozesatu behar diren abiaduragatik ohiko sistema informatikoen gaitasunak gainditzen dituzten datuen multzoa.

o) Zerbitzu adimendunak: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta datuen kudeaketa egokia erabiltzen dituzten zerbitzuak, baliabideen kontsumoaren efizientzia eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

3. artikulua . Datuaren gobernantzaren eta Datuaren Bulegoaren antolaketaereduari aplikatu beharreko printzipioak.

1. Honako hauek dira datuaren gobernantzaren eta Datuaren Bulegoaren antolaketa-ereduari aplikatzeko printzipio orokorrak:

a) Balioa: datuak balio-iturri dira, ezagutzaren lehengai gisa. Beste lehengai batzuetan ez bezala, datuak ez dira ahitzen erabilerarekin, eta zenbat eta gehiago partekatu eta berrerabili, orduan eta balio handiagoa dute.

b) Partekatzea: foru dekretu honen aplikazio eremuan dauden pertsonek partekatu behar dituzte kudeatzen dituzten datuak, datu guztien balioa ustiatu ahal izateko, aurreikusitakoarekin bat, datu pertsonalak babesteko araudiko kasuetan soilik, eta betiere oinarri juridiko legitimatzaile bat egon behar da.

c) Erantzukizuna: foru dekretu honen aplikazio eremuan sartzen diren pertsonek datuen balioa ustiatzeko aukera eta erantzukizuna dute, beren helburu estrategikoekin eta eginkizunekin lerrokatutako berrikuntza-proiektuen bidez.

d) Zentralitatea: datuak pieza zentralak dira eraldaketa digitalean. Datuak erabiltzea sustatuko da erabakiak ongi hartzen laguntzeko, horietako bakoitzak babesa izan dezan ebidentzien analisian.

e) Erabilera librea: datuak, erabilera libreko lizentzien pean irekitzen direnean, hirugarren batzuek ustia ditzakete, balio sozial eta ekonomikoa lortzeko. Nafarroako datu irekien ekimena bideratuta dago berrerabilpen-sistema elikatu eta dinamizatzera.

2. Datuen kudeaketa arau sendoetan oinarrituko da, eta, horretarako, jarduketa hauek egin beharko dira:

a) Datuen kudeaketa onak oinarri du datuen kalitate nahikoa bermatzen duten politikak eta prozedurak formulatzea eta ezartzea. Datuaren kalitateak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako dimentsioak ditu.

b) Mekanismoak gaituko dira pertsona bakoitzak datuak behar bezala eskuratu eta erabiltzeko, baimen bereiziak ezarriz, koherenteak izanen direnak segurtasun-politikekin eta datuak babesteko politikekin.

c) Datuak ongi kudeatzeko, datuak gobernatzeko tresnak erabiltzen dira. Tresna horiek ezarritako zuzentarauek gauzatzen dituzte, eta, aldi berean, datuen erabilera errazten dute, segurtasun-arriskuak edo praxi txarraren arriskuak prebenituz eta saihestuz.

d) Ezarritako arauak praktikan jartzen den erabilera-kasu bakoitzean probatuko dira, lehenik, hasieratik kontrolpean dauden proiektuak lortzeko, eta, bigarrenik, kalitate-sistema etengabe hobetzeko zikloari ekiteko.

3. Ongi zehaztuta egonen dira datuak tratatzeko eginkizunei dagozkien rolak eta erantzukizunak. Horretarako:

a) Pertsona bakoitzak datuak sortu eta erabiliko ditu bere ohiko lanaren barnean. Sentsibilizazio- eta prestakuntza-neurriak diseinatu eta abian jarriko dira, sektore publikoan datuaren kultura zabaltzeko.

b) Lanpostu bakoitzaren rolak eta erantzukizunak argituko dira, eta prozedurak onetsiko dira sistemak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko.

4. Kudeaketak datuaren bizi-ziklo osoa hartzen du, inguruabar hauek kontuan hartuta:

a) Datuen bizi-zikloa aktibatzen da erakundearen premia bati erantzuteko. Ziklo osoan sartzen dira datuak beren iturrietatik ateratzea, horiek erabiltzeko antolatzea eta dokumentatzea, biltegiratzea, mantentzea eta ezabatzea.

b) Bizi-ziklo osoan datuaren kalitatea bermatzeko, arauak ezarriko dira eta tresna teknologikoak erabiliko dira kalitatezko datuak hasiera-hasieratik sortzeko.

c) Langile bakoitzak, bere rol partikularretik, badu zeregin bat datuak ongi kudeatzen laguntzeko.

4. artikulua . Datuen kalitatearen dimentsioak.

1. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du datuen kalitatea modu eraginkorrean kudeatzeko, helburu hauekin: Europako datu-espazioak datu onez hornitzen laguntzea, erakundearen efizientzia hobetzea, erabakiak hartzea erraztea eta datuen akatsetatik eratorritako kostuak murriztea.

2. Datuaren kalitatearen oinarrizko dimentsio hauek aitortzen dira:

a) Irisgarritasuna: irisgarritasunak deskribatzen du datuak zein neurritan dauden eskuragarri behar direnean. Alde batetik, jasotzen du erabiltzaileek interfaze edo API bat daukatela, aukera ematen duena beren beharrei modu errazean erantzuteko. Irisgarritasunak, gainera, datuei buruzko dokumentazio ona izan behar du, hiztegi, katalogo eta glosarioen bidez.

b) Osotasuna: osotasuna erregistroen presentzia-mailari dagokio. Taula- edo datu-base bat osatuta egon dadin, erregistro guztiak sartu behar dira, eta, erregistro bakoitzerako, daturik garrantzitsuenak. Horrek esan nahi du badituela behar lituzkeen erregistro guztiak eta funtsezko balio guztiak osatzen direla, gelaxka baliogabeak saihestuz.

c) Bakartasuna: bakartasunak esan nahi du erregistroak ez direla bikoizten. Horrek esan nahi du datuek erregistro bakarra dutela ordezkatzen duen erakunde bakoitzerako, eta balio bakoitza behin biltegiratzen dela. Bakartasuna kudeatzeko, baliagarria da hiztegi estandarizatuak, erreferentzia-datuak eta datu nagusiak adieraztea.

d) Eguneratzea: eguneratzeak deskribatzen du datuak zenbateraino diren dagokien aldiaren isla zehatza eta datuak eta horien balioak eguneratuta dauden. Datuak eguneratuta daude baldin eta bilketaren eta eskuragarritasunaren arteko tartea egokia bada aurreikusitako erabilerarako. Garrantzitsua da aurreikusitako eguneratze-maiztasuna eta azken eguneratzearen data adieraztea.

e) Baliozkotasuna: baliozkotasuna dagokio datuak espero den heinean eta formatuan dauden mailari. Garrantzitsua da eremu batean aurreikusitako balioak ezagutzea eta balio-hein onargarri bat ezartzea baliozkotasuna kudeatu ahal izateko. Baliozko datuak datu-mota horretarako formatu egokian biltegiratzen dira.

f) Zehaztasuna: zehaztasunak deskribatzen du datuak errealitatearekin zenbateraino datozen bat. Datuen alborapenek eragina izan dezakete zehaztasunean. Datuak alboratuta daudenean, horrek esan nahi du ez direla biztanleria osoaren adierazgarri. Garrantzitsua da neurketen alborapena ezagutzea, ahal bada, eta datuen erabiltzaileei jakinaraztea.

g) Sendotasuna: Sendotasunak deskribatzen du datu multzo baten balioek noraino ez dieten kontra egiten erakunde beraren adierazgarri diren beste balio batzuei. Datuak sendoak dira, halaber, beste datu multzo bateko datuekin kontraesanean ez badaude.

3. Aurreko zenbakian aipatutako kalitatearen dimentsioez gain, kontuan hartuko dira, baita ere, datuen babesaren eta informazioaren segurtasunaren arloan aplikatzekoa den araudian ezarritako dimentsioak, eskuragarritasunari, benetakotasunari, osotasunari, konfidentzialtasunari, trazabilitateari eta erresilientziari dagokienez.

5. artikulua . Datuen kalitateari eta elkarreragingarritasunari buruzko arauak.

Datuen kudeaketak printzipio hauek beteko ditu:

a) Kalitatea jatorritik: departamentuek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte beren aplikazioetan eta informazioa sartzeko eta erregistratzeko prozesuetan, datuak jatorrizko iturriaren aurka egiazta daitezen, datuaren bizi-zikloaren faserik goiztiarrenean.

b) Datu nagusiak eta erreferentziakoak: Nafarroako Gobernuak lan eginen du datu bakoitzaren iturri bakarra zehazteko. Era berean, datu nagusiak eta erreferentziakoak identifikatuko dira, informazio-sistemekiko zeharkakotasunez.

c) Kalitatea egiaztatzea: barne-datuen kalitatea neurtu, monitorizatu eta auditatu beharko da, ezartzen diren politiken arabera. Kanpoko iturrietatik lortutako datuak egiaztatu eta onartu beharko dira, txertatu aurretik.

d) Datuen dokumentazioa: baliozkotzat egiaztatutako datuak metadatuen bilduma baten bidez dokumentatuko dira Nafarroako datu-hiztegian. Metadatuek informazioa emanen dute aktiboei buruz, baita haien kalitate-mailari, babes-eskakizunei, negozio-glosarioari eta beharrezkotzat jotzen diren beste batzuei buruz ere.

e) Etika datuak erabiltzean: datuen kudeaketak errespetatu behar ditu aipatzen dituzten pertsonen eta erakundeen konfidentzialtasun-eskubideak eta beste eskubide batzuk, datuak zabaltzeari zein erabiltzeari dagokionez. Gainera, printzipio etikoa da datuei balioa ematea eta ahalik eta hobekien erabiltzea; izan ere, aktibo publiko bat da, eta ahalik eta onura sozial handiena lortzeko baliatu behar da.

f) Datuaren kultura: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak baliabideak jarriko ditu bere langileek norberaren lan-esparruan datuak erabiltzeko behar diren trebetasunak eta tresnak eskura ditzaten, eta datuetan oinarritutako administrazio bateranzko ikuspegi instituzionala ezarriko du.

g) Etengabeko hobekuntza: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak konpromisoa hartzen du datuen kalitatea etengabe neurtu, zaindu, kudeatu eta hobetzeko, lehentasuna emanez herritarrentzako eta Nafarroako eraldaketa digitala lortzeko garrantzitsuak diren hobekuntzei.

II. TITULUA. DATUAREN GOBERNANTZAREN ETA DATUAREN BULEGOAREN ANTOLAKETA-EREDUA

I. KAPITULUA. ANTOLAMENDUAREN EGITURA

6. artikulua . Antolamenduaren egituraren figurak.

1. Datuaren antolaketa-eredua hurrengo artikuluetan garatzen diren figura hauetan egituratzen da:

a) Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordea.

b) Nafarroako Datuaren Bulegoa.

2. Era berean, datuaren gobernantzarekin lotutako gaiak koordinatzeko beste figura batzuk aurreikusten dira:

a) Datuaren Batzorde Iraunkorra.

b) Datuaren Erreferenteen Sarea.

c) Lantaldeak.

d) Datuaren Batzorde Etikoa.

II. KAPITULUA. DATUAREN GOBERNANTZA KOORDINATZEKO BATZORDEA

7. artikulua . Xedea eta osaera.

1. Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordea kide anitzeko organo bat da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan integratua eta informazio-sistemen arloan eskudun den departamentuari atxikia, helburu duena datuen gobernantza zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea; horretarako, Nafarroako Datuaren Bulegoaren sostengua izanen du, eta hark beteko ditu ematen zaizkion aginduak.

2. Honako hauek osatuko dute Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordea:

a) Burua: informazio-sistemen arloan eskumena duen departamentuaren titularra.

b) Buruordea: informazio-sistemen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

c) Batzordekideak:

- Nastat-eko zuzendaria.

- Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

- Departamentu bakoitzak proposatuta aipatutako zuzendaritza nagusiak dituzten pertsonak, ezarriko direnak informazio-sistemen arloan eskumena duen kontseilaritzaren foru agindu bidez.

d) Idazkaria: Datuaren Bulegoaren arloan eskumena duen atalaren titularra; hitza izanen du, baina botorik ez.

3. Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordeko kideek beste pertsona batzuen esku uzten ahalko dute bertan parte hartzea, haien ordezkari gisa.

8. artikulua . Funtzionamendua.

1. Foru dekretu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauetan kide anitzeko organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruz aurreikusitakoa aplikatuko da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

2. Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordeak osoko bilkura du antolabide, Koordinatzeko Batzordeko kide guztiek osatuko dutena, eta foru dekretu honen hurrengo artikuluan ezarritako eginkizunak beteko ditu.

3. Koordinatzeko Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen espezialistak gonbidatzen ahalko ditu bilkuretara, bere eginkizunak hobeki betetzeko.

9. artikulua . Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordearen eginkizunak.

1. Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Plan estrategikoak eta urteko jarduketa-planak onestea eta ebaluatzea, bai eta datuaren gobernuaren politikak, prozesuak, estandarrak eta tresnak ere, eta Nafarroako Gobernu osoan betetzen direla sustatzea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unitateek datuen gobernantzaren arloan egiten dituzten jarduerak bultzatzea eta koordinatzea, baita datuetan oinarritutako erabakiak eta datuetan oinarritutako balio-proiektuak ere.

c) Lankidetza espazioak bultzatzea datuen gobernantza eta datuak partekatzeko espazioak garatzean, eta analitika eta analitika aurreratua eta adimen artifiziala oinarri dituzten balio-proiektuak garatzea, arlo horretan lankidetzan arituz Nafarroako toki-erakundeekin, unibertsitateekin eta enpresekin, Estatuko Datuaren Bulegoarekin, autonomia-erkidegoetako antzeko bulegoekin, Europako erakundeekin eta egokitzat jotzen diren entitate guztiekin.

d) Beharrezko erregulazioa bultzatzea, Nafarroako Foru Komunitateari buruzko datuak erreferentzia zehatz eta homogeneoz hornitzeko.

e) Begiratzea mantentze-lanak, eguneraketak eta gainerako bermeak betetzen direla Nafarroako Datuaren Bulegoaren gobernantza osatzen duten datuen, metadatuen eta prozesuen kalitateari eta segurtasunari dagokienez.

f) Lantalde berriak sortzea onestea, Batzorde Iraunkorrak hala eskatuta, eta beste lantalde batzuk sortzea, berak hala eskatuta.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan datuen gobernantzaren balioak sustatzea eta Nafarroako Datuaren Bulegoaren ekimenak eta jarduerei ikusgarritasuna ematea.

h) Orientazio estrategikoa ematea eta Batzorde Iraunkorraren jarduerak gainbegiratzea.

i) Administrazioko unitateen esku uztea plan estrategikoetan eta urteko jarduketa-planetan adostutako ekimenak gauzatzea.

j) Alderdiek beren borondatez datuen gobernantzaren arloan eskatzen dizkioten gatazkak ebaztea.

III. KAPITULUA. NAFARROAKO DATUAREN BULEGOA

10. artikulua . Nafarroako Datuaren Bulegoaren sorrera eta misioa.

1. Datuaren Bulegoaren egitekoa izanen da gobernu- eta teknologia-mekanismoak ezartzea maila korporatiboan, datuaren gobernuaren arloan.

2. Nafarroako Datuaren Bulegoa baliabide multzo antolatua da, batez ere bideratuta dagoena datuak partekatzeko plataformak eta espazioak gaitzera, datuen eta algoritmoen kudeaketari funtzionamendu-eredu homogeneo eta estandar bat ematera eta analitika eta analitika aurreratuan eta adimen artifizialean oinarritutako balio-proiektuen garapenari laguntzera.

3. Datuaren Bulegoak laguntza emanen dio Koordinatzeko Batzordeari Nafarroako Gobernuaren datu-estrategia definitzeko, eta datuen gobernantza ezartzeko ematen dizkioten aginduak betearaziko ditu.

4. Nafarroako Gobernuko departamentuek datuen kudeaketarekin lotuta egindako jarduera, eragiketa eta prozesu guztiek Datuaren Bulegoarekin koordinatuta egon beharko dute, eta foru dekretu honetan ezarritako printzipioen arabera gauzatu beharko dira, bai eta haiek garatzen dituzten politika eta prozeduren arabera ere.

5. Datuaren Bulegoak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko lankidetza sustatuko du, bai eta beharrezko hitzarmenak ere, baterako lanari, koordinazioari, aholkularitza tekniko, zientifiko eta ikerketakoari dagokienez.

6. Datuaren Bulegoak Erakundearteko Batzorde bat sustatzen lagunduko du, lankidetza, hartutako ekimenen elkarreragingarritasuna eta erakundeen arteko koordinazioa indartzeko.

7. Honako hauek dira Datuaren Bulegoa osatzen duten elementuak:

a) Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorra.

b) Datuaren Bulegoa Koordinatzeko Batzordea.

c) Datuaren Erreferenteen Sarea.

d) Datuaren gobernuko lantaldeak.

11. artikulua . Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorra.

1. Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorrak datuaren bulegoa zuzentzen du, Nafarroako Gobernuko datuen gobernantzarako zeharkako egitura betearazle gisa.

2. Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorrak kide anitzeko organo gisa funtzionatzen du, eta honako hauek osatzen dute:

a) Aurrerapen digitalaren arloko zerbitzu eskudunaren titularra.

b) Gobernu irekiaren arloko zerbitzu eskudunaren titularra.

c) Nastat-eko zuzendaria.

d) Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren titularra (hitzarekin, baina botorik gabe).

e) Datuaren Bulegoaren arloan eskumena duen atalaren titularra.

3. Batzorde Iraunkorrak beharrezkotzat jotzen dituen espezialistak gonbidatzen ahalko ditu bilkuretara, bere eginkizunak hobeki betetzeko.

12. artikulua . Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorraren eginkizunak.

1. Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Plan estrategikoak egitea eta Koordinatzeko Batzordeari igortzea, onets ditzan.

b) Datuaren gobernantzako plan estrategikoak garatzeko beharrezkoak diren jarduerak planifikatu eta programatzea, urteko jarduketa-planen bidez, eta Koordinatzeko Batzordeari igortzea.

c) Proposatzea estrategian sartutako proiektuak garatuko dituzten lantaldeak sortzea. Lantalde bakoitza sortzeko proposamenean adierazi beharko dira xedea, eginkizunak, ahalmenak, funtzionamendu-arauak, osaera eta indarraldia.

d) Lantaldeek ezartzen dituzten ekimenak koordinatzea, bai eta horien jarraipena eta lehenespena egitea ere.

e) Koordinatzeko Batzordeari plangintzan egindako aurrerapenen berri ematea, eta datuen gobernantzaren funtzionamenduan eragin negatiboa izan dezaketen oztopoak eta ekimenak igortzea.

f) Nafarroako Gobernuak edo Koordinatzeko Batzordea osatzen duten kideetako edozeinek gobernantzari dagokion beste edozein gairi buruz egiten dizkioten kontsultei erantzutea, eta aholku ematea Nafarroako Foru Komunitateko datuen gobernantzako eta datu-espazioetako jarduerei eta prozedurei buruz.

g) Datuaren gobernuaren politikak, prozesuak, estandarrak eta tresnak definitzea eta Nafarroako Gobernu osoan bete daitezen sustatzea.

h) Datuen erabilera bultzatzea erabakiak hartzeko eta berrikuntza publikoa egiteko, ezarritako parametro etikoen barnean.

i) Bultzatzea erakunde osoan datuaren kultura bat ezar dadin, pertsona guztiak sentsibilizatuz eta gaituz, datuetan oinarritutako erakundea izatera iristeko.

j) Lankidetza eta elkarrizketa bultzatzea gobernantzaren eta datu-espazioen garapenaren arloan funtsezkoak diren eragile guztiekin, Nafarroako toki-erakunde, unibertsitate eta enpresekin, Espainiako Datuaren Bulegoarekin, Europako erakundeekin eta egokitzat jotzen diren entitate guztiekin.

k) Txostenak egitea, bai beraren ekimenaz bai eskatzen zaizkionean, datuen tratamenduari lotutako jarduketa eta prozedurei buruz.

l) Beharrezko erregulazioa koordinatzea eta proposatzea datuen elkarreragingarritasunean, gobernantzan, kalitatean eta segurtasunean aurrera egiteko.

m) Integrazioa koordinatzea Gaia-X Espainian eta datuak partekatzeko beste espazio batzuetan.

n) Koordinatzeko Batzordearen Osoko Bilkurak agintzen dizkion guztiak.

2. Nafarroako Datuaren Bulegoaren eginkizunak dira ezarrita daudenak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuaren 54 bis artikuluan, edo etorkizunean hura ordezten duen araudian.

III. TITULUA. LANKIDETZA-EREDUA DATUEN GOBERNANTZAN

I. KAPITULUA. DEPARTAMENTU ARTEKO LANKIDETZA

13. artikulua . Datuaren erreferenteak.

1. Datuaren erreferenteak arduratzen dira administratzen dituzten datuen eremuan datuak gobernatzeko printzipioak, politikak, prozedurak eta jarduerak aplikatzeaz eta betearazteaz.

2. Apurka-apurka, datuen domeinu bakoitzeko datuen erreferenteak izendatuko dira, bai departamentu mailan, bai administrazio-unitate mailan.

3. Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordeak sustatuko du departamentu bakoitzean datuen kudeaketan parte hartzen duten rolen antolaketa eta harmonizazioa egotea: datuen erreferenteak, informazioaren segurtasuneko arduradunak eta estatistika-batzordeko ordezkariak. Era berean, begiratuko da beren eginkizunak betetzeko behar adina baliabide dutela.

4. Datuaren erreferenteek honako eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Bere unitatean bultzatutako Datuaren Gobernuaren ekimenen sustapena eta jarraipena egitea, eta ekimen horiek behar bezala ezartzeko ardura izanen dute.

b) Datuak kudeatzeko arduradunei igortzea bere unitateko datuen aktiboak barne hartzen dituzten sarbide-eskaerak eta integrazio-ekimenak.

c) Bere unitateko datuen aktiboei buruzko informazioa dokumentatzea, katalogatzea eta eguneratuta edukitzea.

d) Ziurtatzea bere unitateko datuen aktiboak legeria aplikagarriaren arabera behar bezala sailkatuta daudela.

e) Unitatearen heldutasuna monitorizatzea, gobernantzari, kudeaketari eta datuaren erabilerari dagokienez.

f) Harremanetarako eta aholkularitzarako puntu bakar gisa jardutea bere unitatea inplikatzen duen datuaren gobernantza-politiken kudeaketan.

g) Eskatzen zaion lantaldeetan parte hartzea eta bere ikuspegia, esperientzia eta ezagutza ematea.

14. artikulua . Datuaren Erreferenteen Sarea.

1. Datuaren Erreferenteen Sarea talde iraunkor bat da, helburu duena datuaren erreferenteen artean ezagutza zabaltzea. Datuaren kudeaketaren arloko lankidetza-sare profesionala da.

2. Erreferenteen sareak barne komunikazio arina du, datuen gobernantzaren arloko bilakaera koherentea eta homogeneoa izan dadin Administrazioko unitate guztietan.

3. Datuaren Erreferenteen Sareak, lankidetza-sare profesionala den aldetik, izendatutako erreferente guztiak biltzen ditu.

4. Datuaren Bulegoak erreferenteen sarea koordinatzen du, eta zehazten diren jardueren martxa egokiaz arduratzen da.

5. Datuaren Erreferenteen Sareko kideek beren eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten espezialista guztiak gonbidatzen ahalko dituzte beren jardueretara.

6. Datuaren Erreferenteen Sareak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aholku ematea Nafarroako Foru Komunitateko datuen gobernantzako eta datu-espazioetako jarduerei eta prozedurei buruz.

b) Balorazio adostuak eztabaidatzea eta hitzartzea datuaren gobernantza ziurtatzeko garatutako politika, prozedura eta ekimenei buruz, eta Batzorde Iraunkorrari igortzea.

c) Administrazioko unitateetan datuaren gobernantzari lotutako zeharkako beharrak identifikatzen laguntzea.

15. artikulua . Datuaren gobernuko lantaldeak.

1. Lantalde teknikoak egonen dira lantaldeetan, eta Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordeak onetsitako urteko planen araberako ekimenak ezarriko dituzte.

2. Lantaldeek helburu espezifikoei erantzunen diete, eta betetzeko epeak ezarriko dituzte. Proiektuka lan eginen dute, datuen gobernantzaren esparruko diziplinen inguruan.

3. Batzorde Iraunkorrak lantalde espezifikoen bidez jarduten ahalko du. Lantalde horiek datuen gobernantzaren arloan estrategikotzat jotzen diren diziplinez arduratuko dira.

4. Lantaldeek beren ekimenen, jardueren eta erabakien bilakaeraren berri eman beharko diote Batzorde Iraunkorrari.

5. Lantaldeek gehienez urtebeteko iraupena izanen dute, eta beste urtebetez luzatzen ahalko dira.

6. Lantalde bakoitzaren lidergoa eta beste eginkizun batzuk berariaz zehaztuko dira izendatzen direnean.

II. KAPITULUA. ETIKA BATZORDEA

16. artikulua . Etika Batzordearen helburua eta osaera.

1. Nafarroako Datuaren Bulegoko Etika Batzordea kide anitzeko organo eztabaidatzailea eta aholku-emailea da, eta datu pertsonalen eta publikoen kudeaketaren inplikazio etikoekin eta adimen artifizialeko algoritmoen erabilerarekin zerikusia duten gaietan jardunen du.

2. Etika Batzordeak diziplina anitzeko osaera izanen du, eta gai teknikoetan, juridikoetan edo humanistetan kualifikazio egiaztatua duten profesionalek osatuko dute.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, arlo horretan eskumena duen departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez onetsiko dira haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

4. Etika Batzordeko kideek autonomia osoz beteko dituzte beren zereginak.

5. Etika Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen espezialistak gonbidatzen ahalko ditu bilkuretara, bere eginkizunak hobeki betetzeko.

17. artikulua . Etika Batzordearen eginkizunak.

1. Etika Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Datuaren Bulegoaren eremuan Nafarroako Gobernuaren datuen eta algoritmoen erabilerari buruzko manifestu etikoan jasotako printzipioak babestea eta sustatzea.

b) Koordinatzeko Batzordeari eta Batzorde Iraunkorrari aholku ematea, hala eskatzen zaionean, alderdi etikoak baloratzea beharrezkoa den jardueretan.

c) Jarduteko protokoloak definitzea Datuaren Bulegoaren jarduera-eremuan gatazka etikoak eragiten dituzten egoeretarako.

d) Txostenak, proposamenak eta gomendioak egitea inplikazio etikoak dituzten gaiei buruz, baldin eta gai horien eremua Datuaren Bulegoari badagokio.

e) Aholku ematea eta proposamenak egitea, plan estrategikoak egiteko esparru etikoa sustatzeko.

f) Jardueren urteko txostena egitea, eta informazio-sistemen arloan eskumena duen kontseilariari aurkeztea.

IV. TITULUA. PLANGINTZA- ETA KUDEAKETA-EREDUA

18. artikulua . Plangintza, programazio eta ebaluaziotresnak.

1. Honako hauek dira datuen gobernantzaren estrategiaren plangintza-, programazio- eta ebaluazio-tresnak:

a) Plan estrategikoak.

b) Urteko jarduketa planak.

c) Urteko jarduketa planen memoriak.

2. Proiektuak, programak, proposamenak eta beste dokumentu batzuk ere datuen gobernantzaren estrategia garatzeko tresnak izanen dira.

19. artikulua . Proiektuak eta zereginak kudeatzea plangintza abiapuntu izanik.

1. Datuaren gobernantza-plan estrategikoak urte anitzeko plangintza-tresnak dira, lortu beharreko inpaktuak eta bete beharreko helburuak ezartzen dituztenak. Koordinatzeko Batzordeak onetsi behar ditu.

2. Datuaren gobernantzaren urteko planek ekitaldi bakoitzean gauzatuko diren helburuak, jarduera-ildoak eta zereginak ezartzen dituzte, zehazten dute zer proiektutan multzokatzen diren, erabili beharreko baliabideak ezartzen dituzte eta erantzukizunak esleitzen dizkiete dagozkien administrazio-unitateei. Koordinatzeko Batzordeak onetsi behar ditu.

3. Datuaren Bulegoko Batzorde Iraunkorrak, plan estrategikoetatik eta urteko planetatik abiatuta, lan-planak egiten ditu eta lantaldeak sortzea proposatzen du, Koordinatzeko Batzordeak onets ditzan.

4. Datuaren Bulegoak jarduketa planen jarduera guztien jarraipena eginen du, eta, horretarako, memoria-sistema bat ezarriko da Nafarroako Gobernuaren zeharkako proiektuen aurrerapenari buruz.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena. Antolaketaren garapena.

Informazio-sistemen arloko eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko.

Azken Xedapenetako Bigarrena. 54 bis artikulua aldatzea urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen baita.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuaren 54 bis artikuluko a) eta j) letrak aldatzen dira, eta honela idatzita geldituko dira:

a) Datuaren Gobernantza Koordinatzeko Batzordeko Idazkaritza.

j) Nafarroako datuen plataforma definitzea, eraikitzea eta erabiltzea. Estandar teknologikoak definitzea eta bat egitea OpenDataNavarra (Nafarroako datu publikoen gunea), Nastat (Nafarroako Estatistika Institutua) eta beste datu-espazio batzuetan eta batzuekin.

Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2216206

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web