(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

28/2022 FORU LEGEA, URRIAREN 11KOA, ZEINAREN BIDEZ EZARTZEN BAITIRA NAFARROAKO ETXEBIZITZA-ARLOKO JARDUKETA BABESGARRIEI 2023AN APLIKATZEKOAK ZAIZKIEN MODULUAK.

BON N.º 212 - 26/10/2022



Atarikoa

Aparteko une bati aurre egin beharrean gaude, gehienbat Ukrainako gerraren eta horrek mundu-mailan sortu dituen ondorioen kariaz; halatan, energiaren eta lehengaien merkatuek kolpe handia nozitu badute ere, aipatu ondorioak gure ekonomiaren sektore guztietara hedatzen dira.

Guda horren ondorio nagusietako bat energia-kostuen gorakada ari da izaten, zeina ekoizpen-kostu orokorren gorakada eragiten ari baita mundu-mailan, baina batez ere Europan, hala nola Alemaniako ekonomian (%7,5), Italiakoan (%8,4), Austriakoan (%9,3) edo Bulgariakoan (%17,3). Espainiako estatuaren kasuan, %10,4 ingurukoa izan da joan den abuztuan gehikuntza-tasa, eta badirudi joera dela datozen hilabeteetan geldotzea, uztailean goi-erpinera (%10,8) iritsi ondoren.

Oro har, eraikuntzaren sektoreak eragin bikoitza jasan du: lehengaien prezio-gorakadarena eta horietakoren baten stock-etenarena. Eragin oso berretua jasan dute etxebizitza babestuak sustatzeko jarduketek, aurten nabarmenki mantsotu baita etxebizitza-sustapena.

Nafarroan, 2021eko urtarriletik abuztura bitartean behin-behineko kalifikazioa guztira 453 etxebizitza babesturi eman zitzaien (barne harturik babes ofizialeko etxebizitzak eta prezio tasatuko etxebizitzak); 2022. urteko epe berean, ordea, kalifikazioak 106 etxebizitzari bakarrik eman zitzaizkien; alegia, iaz sustatu zirenen laurdenei, ozta-ozta. Etxebizitza librearen sustapenean ere, nahiz eta proportzio txikiagoan, beherakada ohargarria gertatu da, 2021ean kalifikaturiko 1707 etxebizitza libreetatik 1.233 etxebizitzatarako jaitsiera gertatu baita; hots, %30eko gutxiagotzea.

Etxebizitza babestuaren eskaintzak izandako beherakada da kezkagarriena, horixe izaki bizibide mugatuenak dituzten familia eta pertsonentzako etxebizitza-mota, bermatzen duena etxebizitza eskuraerraz bat lortu ahal izatea.

Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeko 10. artikuluak xedatuaren ildotik, Nafarroako Gobernuari dagokio etxebizitza babesturako modulu ponderatu eta ponderatugabeen eguneraketa zehaztea. Adierazitako egoeraren apartekotasuna dela-eta, beharrezkoa gertatzen da modulu horiek gaurkotzea indar-hartze berehalakoa izanen duen lege-mailako arau baten bitartez, etxebizitza babestuaren sustapen-paralizatzea eragotzita.

Artikulu Bakarra. Etxebizitza babestuen 2023ko gehieneko salmentaprezioa.

1. Etxebizitza babestuen eta horien elementu erantsien 2023ko gehieneko salmenta-prezioa zehazteko, ez da aplikatzekoa izanen Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeko 10.1 artikuluko a) eta d) letretan xedatzen dena. Aplikatu beharrekoa honakoa izanen da:

a) Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2023an aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.456,96 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

b) Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2023an aplikatuko zaien modulu ponderatugabea 1.398,68 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

2. Aurreko apartatuan ezarritako modulu ponderatua halaber izanen zaie aplikatzekoa behin-behineko kalifikaziorako eskea foru lege honen indarraldia hasten denetik 2022ko abenduaren 31ra arteko bitartean aurkezten duten etxebizitza babestuaren espedienteei.

Azken Xedapena. Indarrean sartzea.

Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean sartuko da argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko urriaren 11n.-Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2213578

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web