(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

100E/2022 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 18KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAN “INDARKERIAREN BIKTIMA DIREN EMAKUMEEI ETA HAIEN SEME-ALABEI ARRETA INTEGRATUA EMATEKO LANTALDE TEKNIKOA” SORTZEN DUENA.

BON N.º 113 - 08/06/2022



ZIOEN AZALPENA

2000ko irailean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak oinarrizko osasun laguntza eta laguntza espezializatua koordinatzeko plana onetsi zuen, besteak beste, sistemaren eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko, bi laguntza maila horietako medikuen arteko etengabeko harremanean oinarrituta.

Plan horrek zenbait helburu estrategiko jasotzen ditu, besteak beste, bi laguntza maila horietako arduradun klinikoen arteko harreman-bideak ezartzea eta unean-unean lehentasunezkotzat jotzen diren arlo klinikoetan edo espezialitateetan hobekuntza-planak egitea.

Emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeriari ikuspegi soziosanitariotik eraginkortasunez ekiteko, prebentzioa, detekzioa, arreta eta errekuperazioa hartu behar dira kontuan. Horrek emakumeen aurkako indarkeriaren alderdi biologikoak, psikologikoak eta sozialak kontuan hartzen dituen ikuspegi integrala eskatzen du. Era berean, arreta kontinuista behar du, arreta horretan inplikatuak dauden profesionalak barne hartzen dituena, batez ere oinarrizko osasun laguntzako profesionalak, osasun mentalekoak, laguntza espezializatukoak, larrialdietako zerbitzuetakoak, ginekologiakoak, pediatriakoak eta sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetakoak. Arreta horren bidez, emakumeari prozesu osoan zehar lagundu behar zaio.

Arretak uniformetasuna bermatu behar du, bai eta integrazioa ere emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeriaren esparruko laguntza soziosanitarioaren sare osoan, helburua izanik indarkeriaren biktima den emakumea detektatzea eta prozesu osoan jardutea eta lagun egitea, oinarrizko osasun laguntzako, laguntza espezializatuko eta ospitaleratze arloko esparru guztietan, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak ezartzen duen bezala, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka jarduteko eta osasun profesionalen jarduera proaktiboak sustatzeko.

Aipatutako helburu estrategikoak bermatzeko, beharrezkotzat jo zen aipatutako espezialitate edo arlo kliniko bakoitzean bi laguntza maila horietako medikuek eta teknikariek osatutako lantalde tekniko bat eratzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuak proposatu du “Indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei arreta integratua emateko Lantalde Teknikoa” sortzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19,3. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.º

“Indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei arreta integratua emateko Lantalde Teknikoa” eratzea.

2.º

Lantalde teknikoa honako hauek osatuko dute:

- Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko Arreta Soziosanitarioaren Ataleko burua, taldeko burua izanen baita.

- Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuaren ordezkari bat, Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko buruak izendatua.

- Oinarrizko Osasun Laguntzaren ordezkari bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak izendatua.

- Osasun Mentalaren ordezkari bat, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak izendatua.

- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuaren ordezkari bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko buruak izendatua.

- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Larrialdi Zerbitzuaren ordezkari bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Larrialdi Zerbitzuko buruak izendatua.

- Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroen ordezkari bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko buruak izendatua.

- Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren ordezkari bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko buruak izendatua.

- Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Osasun Departamentuan duen berdintasun teknikaria.

- Lizarrako Osasun Barrutiaren ordezkari bat, Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak izendatua.

- Tuterako Osasun Barrutiaren ordezkari bat, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak izendatua.

- Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko pertsona bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko buruak izendatua.

- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko pertsona bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko buruak izendatua.

3.º

Hauek dira Indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei arreta integratua emateko Lantalde Teknikoaren eginkizunak:

- Indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen zaien arreta etengabe hobetzeko laguntza-kultura berri bat sustatzea, laguntza-profesionalen arteko komunikazioa eta harremanak erraztuz.

- Balorazioan, prebentzioan eta tratamenduan jarduteko irizpideak bateratzea.

- Osasun sistemako profesionalekin adostutako jarduera-protokoloak prestatzea, arretaren uniformetasuna eta integrazioa bermatzeko, profesional batzuen eta besteen praktika klinikoaren artean dauden aldeak minimizatuz.

- Baheketa diseinatzea, planifikatzea, inplementatzea eta ebaluatzea laguntza maila guztietan. Baheketa modu egituratuan eta zerbitzu horietako profesionalekin adostuta egiteko modurik onena zein den aztertuko da.

- Historia Kliniko Elektronikoan beharrezkoak eta egokiak diren kodeak, erregistroak eta eskakizun funtzionalak diseinatzea, bai laguntza integratua emateari begira, bai egoera ezagutzeko eta jarduerak planifikatzeko adierazleak prestatzeko beharrezkoak diren datuak edukitzeari begira.

- Emaitzak ebaluatzeko adierazleak definitzea. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko egoerei eta jarduketa sanitarioei buruz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eskuragarri dauden datuak eta informazioa aztertzea eta analizatzea, bai eta gauzatutako neurrien eraginari eta hautemandako joeren azterketari buruzkoak ere.

- ”Adierazleen gidaliburu” bat diseinatzea, osasun arloko langile guztientzat eskuragarri egonen dena. Gidaliburu horrek honako hauek bilduko ditu: emakumearen ezaugarrien eta aurrekarien araberako susmo-adierazleak, kontsultan jasotako susmo-adierazleak, seme-alaben susmo-adierazleak eta arriskua baloratzeko eskalak.

- Emakumeen esperientzia eta profesionalen gogobetetasuna ebaluatzea.

- Osasun arloko profesionalen prestakuntza-beharrak hautematea eta etengabeko prestakuntza-plan eguneratuak eta nahitaezkoak proposatzea, emakumeen aurkako indarkeria-egoerak azkar eta segurtasunez detektatzeko gai izan daitezen.

- Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan eta toko-ginekologiako kontsultetan arreta emateko espazio fisiko egokiak diseinatzea eta ebaluatzea, emakumea seguru sentitu dadin eta bere seme-alabekin edo berak eskatzen dituen inguruko beste pertsona batzuekin egon dadin.

- Kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzak egitea barneko langileentzat zein herritarrentzat.

- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egituraren barruan eta herritarren artean zabaltzea emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko dauden baliabideak, biktima diren emakumeen eta haien seme-alaben artean ezinegona eragiten duen eta gure gizartean kroniko bihurtu den osasun arazo bat den aldetik.

4.º

Taldekideen artetik aukeratutako pertsona bat lantaldeko idazkaria izanen da, taldeko buruak proposatuta.

5.º

Lantaldeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahalko die laguntza eskatzeko.

6.º

Lantaldea honako arau hauek gobernatuko dute: lantaldearen beraren barne funtzionamendurako arauak eta kide anitzeko organoentzat ezarritako jarraibideak, zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota daudenak.

7.º

Foru agindu hau interesdun guztiei jakinaraztea eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuari eta Osasun Departamentuko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoari bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 18an.-Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2206691

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web