(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

61/2022 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 1EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HAUR HEZKUNTZAREN ETAPAKO IRAKASKUNTZEN CURRICULUMA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 112 - 07/06/2022



  I. ERANSKINA. HAUR HEZKUNTZAKO FUNTSEZKO KONPETENTZIAK


  II. ERANSKINA. HAUR HEZKUNTZA


  III. ERANSKINA. IKASKUNTZA EGOERAK


Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Ikuspegi horri jarraikiz, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren atariko tituluak hezkuntzaren printzipio eta helburuen artean aipatzen du, besteak beste, haurren eskubideak benetan betetzea Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoaren arabera, hezkuntza inklusioa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioak aplikatzea.

Haur Hezkuntzari dagokionez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berriak etapako antolamenduari eta printzipio pedagogikoei gehitzen die haurtzaroaren kultura espezifikoarekiko errespetua, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eta haren Batzordearen Ohar Orokorretan zehazten dena.

Era berean, aldatu egiten da gutxieneko irakaskuntzen oinarrizko edukiei dagozkien eskumenen lehengo banaketa, Estatuaren eta autonomia erkidegoen artekoa. Horrela, Gobernuari dagokio, autonomia erkidegoei kontsulta egin ondoren, curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzea, gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituztenak, helburuen, konpetentzien, edukien eta ebaluazio irizpideen arloan. Hezkuntza administrazioak, berriz, beren lurralde esparrurako curriculuma ezartzeaz arduratuko dira, horren barnean sartuta daudela arestian aipatutako oinarrizko alderdiak.

Haur Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzea foru dekretu honen bidez.

Foru dekretu honetan zehazten dira etapa osoaren helburu, xede eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak, bai eta funtsezko konpetentziak ere, eskolatzearen hasieratik bertatik garatzen hasi behar direnak. Horrez gain, arlo bakoitzerako jasotzen dira etaparako aurreikusten diren konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta ziklo bakoitzean ezarritako oinarrizko jakintzak.

Bestalde, soilik orientabide gisa eta hezkuntzako langileen lana erraztearren, ikaskuntza egoeraren definizio bat proposatzen da eta haren diseinurako printzipio batzuk ezartzen dira.

Azkenik, arau honetan jasotzen dira beste xedapen batzuk ere, etaparen antolamenduarekin lotutako funtsezko zenbait alderdi jorratzen dituztenak, hala nola ebaluazioa, banako desberdintasunak eta ikastetxeen autonomia.

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren 1ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazioeremua.

Foru dekretu honen xedea da Haur Hezkuntzaren etapako curriculuma ezartzea, eta aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta Haur Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituztenetan.

2. artikulua . Curriculuma.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculuma da hezkuntzaren jarduna arautzen duten helburuen, konpetentzien (funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak), oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio irizpideen multzoa.

2. Ikastetxeek proposamen pedagogiko bat jasoko dute beren hezkuntza proiektuan, eta bertan, batetik, bi zikloen hezkuntza izaera jasoko da, eta, bestetik, foru dekretu honen eranskinetan ezartzen den curriculuma garatu eta osatuko dute, haur bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara eta beren hezkuntza eta gizarte errealitatera egokituta.

3. Irakasleek eta haurrak artatzen dituzten gainerako profesionalek beren hezkuntza jarduna moldatuko dute egokitzapen horien arabera, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalean oinarrituz eta kontuan hartuz bai hezkuntza etapa honen ezaugarriak bai beren ikasleen banako nahiz taldeko beharrak.

4. Hezkuntza Departamentuak lagunduko du curriculuma garatzen proposamen pedagogiko eta material didaktikoetarako eredu irekiak egin daitezen sustatuz, horien bidez ikasleen eta hezkuntzako langileen behar desberdinei erantzuteko.

3. artikulua . Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira hitz hauek:

a) Helburuak: ikasleek etapa amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, funtsezko konpetentziak bereganatzearekin lotuta.

b) Funtsezko konpetentziak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka globalei eta tokikoei aurre egiteko bete beharrekoak. Europar Batasuneko Kontseiluak 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzkoan, ezarritako funtsezko konpetentziak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzearen emaitza dira.

c) Konpetentzia espezifikoak: zenbait jarduera edo egoeratan, zeinetan lanketarako beharrezkoak baitira arlo bakoitzaren oinarrizko jakintzak, ikasleek bete behar dituzten jardunak. Konpetentzia espezifikoak lotura elementu bat dira, funtsezko konpetentzien eta arloetako oinarrizko jakintza eta ebaluazio irizpideen artekoa.

d) Oinarrizko jakintzak: arlo bateko berezko edukiak osatzen dituzten ezagutzak, abileziak eta jarrerak, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko ikasi beharrekoak.

e) Metodo pedagogikoak: irakasleek, kontzienteki eta gogoeta baten ondorioz, antolatu eta planifikatzen dituzten estrategiak, prozedurak, teknikak eta ekintzak; elkarren artean koordinatuta, helburu dute ikasleen ikaskuntza bideratzea helburuak eta funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak lortzera.

f) Ebaluazio irizpideak: erreferenteak dira, eta egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun-mailak adierazten dituzte; egoera edo jarduera horiek lotuta daude, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean, arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoekin.

g) Ikaskuntza egoerak: ikasleek funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak gauzatzea dakarten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratu eta garatzen laguntzen dutenak.

4. artikulua . Haur Hezkuntza hezkuntza sistemaren esparruan.

1. Haur Hezkuntza berezko nortasuna duen hezkuntza etapa bat da, haurrak jaiotzetik sei urte betetzen dituzten urte naturalera arte artatzen dituena.

2. Etapa honek bi ziklo ditu, eta ziklo bakoitzak hiru ikasmaila. Lehen zikloa 0 urtetik ikasleek hiru urte betetzen dituzten urte naturalera artekoa da, eta bigarrena, berriz, hiru urte betetzen dituzten urte naturaletik sei urte betetzen dituzten urte naturalera arte.

3. Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen ahalko da ziklo osoa hartzen duten ikastetxeetan edo, gutxienez, zikloko ikasmaila oso bat ematen dutenetan.

5. artikulua . Xedeak.

Haur Hezkuntzaren xedea da ikasleen garapen integral eta harmoniatsuan laguntzea alderdi guztietan -fisikoa, emozionala, sexuala, afektiboa, soziala, kognitiboa eta artistikoa-, autonomia pertsonala indartu eta norberaren irudi positiboa eta orekatua modu progresiboan sortzea eta elkarbizitzarako balio zibikoen araberako hezkuntza ematea.

6. artikulua . Printzipio orokorrak.

1. Haur Hezkuntza borondatezkoa da.

2. Hezkuntza etapa honen bigarren zikloa doakoa izanen da. Otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Gobernuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat, hezkuntza administrazioekin elkarlanean ezarri beharko duen planaren esparruan, lehen zikloa modu progresiboan ezartzera eginen da, behar adinako eskaintza publikoarekin eta doakotasuna zabalduz, lehentasuna izanen dutelarik pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden ikasleak sartzeak, batetik, eta eskolatze tasa apaleko egoerei aurre egiteak, bestetik.

3. Ekitatearen eta inklusioaren printzipioak bermatzeko helburuarekin, Haur Hezkuntzaren programazioan, kudeaketan eta garapenean aintzat hartuko dira arrazoi kultural, sozial eta ekonomikoek eragindako desberdintasunek ikaskuntzan eta haurren eboluzioan dituzten ondorioen konpentsazioa eta hezkuntza laguntzako berariazko premien detekzio eta arreta goiztiarrak.

4. Aipatutako helburu horrekin, antolaketaren, metodologiaren nahiz curriculumaren arloan hartzen diren neurriak Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioek zuzenduko dituzte: inplikazio moduak (ikaskuntzaren zergatia), irudikapen bideak (ikaskuntzaren zer) eta ekintza eta adierazpen bideak (ikaskuntzaren nola).

7. artikulua . Printzipio pedagogikoak.

1. Etapa honetan, hezkuntza jardunaren helburua izanen da modu progresiboan garatu eta finkatzea haur bakoitzaren garapen handiena lortzen lagunduko duten oinarriak.

2. Ikasteko gozamena sortzera bideratuko da jardun hori, eta oinarrituta egonen da ikaskuntza-esperientzia adierazgarri, globalizatu eta emozionalki positiboetan, bai eta esperimentazioan eta jolasean ere. Horrez gain, goxotasun eta konfiantza giroan gauzatu beharko da, ikaslearen autoestimua eta gizarteratzea sustatzeko eta atxikimendu segurua ezartzeko. Orobat, zainduko da lehen kontaktutik bermaturik egon dadin trantsizio positiboa familia ingurunetik eskola ingurunera, bai eta zikloen eta etapen arteko jarraitutasuna ere. Hezkuntzako jardunaren ardatz egituratzailea eguneroko errutinak izanen dira.

3. Etapa honen bi zikloetan, modu progresiboan landuko dira garapen afektiboa, kudeaketa emozionala, mugimendua eta gorputza kontrolatzeko ohiturak, komunikazioaren eta hizkuntzaren adierazpenak eta elkarbizitzaren eta harreman sozialen oinarrizko jarraibideak; horrekin batera, arreta jarriko zaio ingurunea, bertan elkarrekin bizi diren izaki bizidunak eta haien bizitokia den inguruaren ezaugarri fisiko eta sozialak deskubritzeari. Balioen hezkuntza ere sartuko da.

4. Halaber, kontsumo arduratsu eta jasangarrirako hezkuntzak eta osasunaren sustapenak eta hezkuntzak ere tokia izanen dute.

5. Horrekin batera, sustatuko da haurrek autonomia pertsonala bereganatzea eta norbere buruaz irudi positiboa, orekatua eta berdintasunezkoa taxutzea, estereotipo diskriminatzailerik gabekoa.

6. Hezkuntza Departamentuak sustatuko du adin hauetako hizkuntza eta pertzepzio-modu espezifiko guztien garapena, haien potentzialtasun guztiak gara ditzaten, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak eta haren Batzordearen Ohar Orokorrek definitzen duten haurtzaroaren kultura espezifikoa errespetatuz betiere.

7. Era berean, Lehen Hezkuntzari begira eskatzerik ez badago ere, irakurketa eta idazketara hurbiltzen hastea sustatzen ahalko da, bai eta hastapen goiztiarreko esperientziak egitea ere oinarrizko zenbaki-trebetasunetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, ikusizko adierazpenean, musika adierazpenean eta Hezkuntza Departamentuak erabakitzen duen edozeinetan.

8. Lehen ziklotik hasita egiten ahalko da atzerriko hizkuntzarako lehen hurbilketa, Hezkuntza Departamentuak arauz ezartzen duenaren arabera.

8. artikulua . Helburuak.

Haurrek honako gaitasun hauek gara ditzaten lagunduko du Haur Hezkuntzak:

a) Norberaren gorputza eta ikaskideena deskubritu eta ezagutzea, bai eta gorputzaren ekintzarako aukerak ere, eta desberdintasunak errespetatzen ikastea.

b) Beren familia, natura eta gizarte ingurunea behatu eta esploratzea, Nafarroako berezko ezaugarri batzuk bereiztea eta izaki bizidunekiko eta ingurumenarekiko begirune eta zaintza jarrerak garatzea.

c) Ohiko jardueretan autonomia eskuratzen joatea.

d) Beren gaitasun emozionalak eta afektiboak garatzea, eta helduekin nahiz beste haurrekin lotura seguruak ezartzea.

e) Ikaskideekin berdintasunezko harremanak izatea eta, modu progresiboan, elkarbizitzarako eta harreman sozialetarako oinarrizko pauta batzuk bereganatzen joatea; enpatiaz baliatzen eta gatazkak bakebidez konpontzen trebatzea, interesa erakusteko eta laguntzarako jarrerak garatuz, indarkeria mota oro baztertuta.

f) Komunikazio trebetasunak garatzea zenbait hizkuntza eta adierazpidetan.

g) Trebetasun logiko-matematikoak eskuratzen hastea, irakurtzen eta idazten hastea, eta mugimendua, keinua eta erritmoa lantzen hastea.

h) Gizonen eta emakumeen berdintasuna sustatzen duten arau sozialak sustatu, aplikatu eta garatzea.

9. artikulua . Arloak.

1. Haur Hezkuntzaren hezkuntza edukiak haurren esperientziari eta garapenari dagozkien esparruekin bat datozen arlo batzuetan antolatzen dira; haurrentzat interesa eta esanahia duten ikaskuntza proposamen globalizatuen bidez landuko dira.

2. Haur Hezkuntzaren arloak hauek dira:

-Harmonian Haztea.

-Ingurunea Deskubritzea eta Esploratzea.

-Errealitatea Komunikatzea eta Irudikatzea.

3. Arloak elkarren arteko sakoneko lotura duten esperientzia-esparrutzat hartu behar dira, eta, beraz, ikaskuntza egoera globalak, adierazgarriak eta bizigarriak sortzea sustatzen duen hezkuntza planteamendua beharko da, horiek osatzen dituzten elementu guztien artean loturak ezartzen laguntzeko.

4. Hezkuntza Departamentuak arauz ezarriko duenaren arabera, ikastetxeek eskola ordutegiaren zati bat curriculuma euskaraz garatzeko erabili beharko dute, A hizkuntza ereduaren kasuan, edo gaztelaniaz, D hizkuntza ereduaren kasuan.

5. Era berean, ikastetxeek eskola-ordutegiaren zati bat curriculuma atzerriko hizkuntzan garatzeko erabiltzen ahalko dute.

6. Hizkuntzen ikaskuntza modu integratu eta koordinatuan eginen da, hizkuntza komunikaziorako konpetentzia eta eleaniztasunerako konpetentzia eskuratzeko prozesua indartzeko.

10. artikulua . Konpetentziak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak, oinarrizko jakintzak eta ikaskuntza egoerak.

1. Hauek dira funtsezko konpetentziak, etapa osorako komunak direnak:

-Hizkuntza komunikaziorako konpetentzia.

-Eleaniztasunerako konpetentzia.

-Matematikarako konpetentzia, eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia.

-Konpetentzia digitala.

-Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa.

-Herritar konpetentzia.

-Ekimenerako konpetentzia.

-Kulturaren kontzientzia eta adierazpenerako konpetentzia.

2. Foru dekretu honen I. eranskinean jasotzen dira funtsezko konpetentzia horiek, bai eta horiek bereganatzen laguntzeko modu batzuk.

3. II. eranskinean arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoak ezartzen dira, etaparen bi zikloetarako komunak direnak, bai eta arlo bakoitzean ziklo bakoitzerako ezartzen diren ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintzak ere.

4. Ikastetxeek bi zikloetarako diseinatu eta ezarritako metodo pedagogikoen helburua izanen da haurren autoestimua eta gizarteratzea sustatzea, esperientzietan, jardueretan eta jolasean oinarrituta, goxotasun eta konfiantza giroan.

5. Konpetentziak bereganatu eta garatzeko, hezkuntza taldeak ikaskuntza egoerak diseinatuko ditu, III. eranskinean orientabide gisa ezartzen diren printzipioei jarraikiz.

11. artikulua . Tutoretzalana.

1. Haur Hezkuntzan tutoretza-lanak ikasleen banako eta taldeko hezkuntza prozesuan lagunduko du eta, era berean, elkarrekiko begirunea, aniztasunarekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza sustatuko du, arreta berezia jarriz genero berdintasunari.

2. Tutoretza-lanaren bidez koordinatuko da hezkuntzako esku-hartzea eta etengabeko harremana izanen da gurasoekin edo legezko tutoreekin, Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.1.d) eta g) artikuluan aitortzen diren eskubideen erabilera errazteko.

12. artikulua . Ebaluazioa.

1. Ebaluazioa globala, etengabekoa eta prestakuntzakoa izanen da. Zuzeneko behaketa sistematikoa izanen da ebaluazio prozesuaren teknika nagusia.

2. Etapa honetako ebaluazioaren helburua izanen da haur bakoitzaren hasierako baldintzak eta bilakaeraren erritmoa eta ezaugarriak identifikatzea. Horretarako, erreferentziatzat hartuko dira arlo bakoitzean ziklo bakoitzerako ezarritako ebaluazio irizpideak.

3. Ebaluazio prozesuak lagundu beharko du irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan, erabilitako estrategia metodologikoen eta baliabideen egokitasuna baloratuz. Helburu horrekin, inplikatutako profesional guztiek ebaluatuko dute beren hezkuntza jarduna.

4. Gurasoek eta legezko tutoreek parte hartu eta lagundu beharko dute beren seme-alaben edo tutoretzapeko haurren hezkuntza prozesuaren bilakaeran, ebaluazioari dagozkion erabakien berri izan beharko dute eta elkarlanean aritu ikastetxeekin, haurren hezkuntza aurrerabideari laguntzeko haiek hartzen dituzten neurrietan.

5. Ebaluazio agiriak Hezkuntza Departamentuak arauz ezartzen dituenak izanen dira.

13. artikulua . Banako desberdintasunei arreta jartzea.

1. Banako arreta izanen da irakasleen eta hezkuntza arloko gainerako profesionalen hezkuntza ekintzarako ohiko gidalerroa.

2. Hezkuntza arloko esku-hartzean aintzat hartuko da ikasleen aniztasuna, eta hezkuntza jarduna haur bakoitzaren ezaugarri, behar, interes eta estilo kognitibora moldatuko da; haur bakoitzaren eskola bilakaeran eragina izan dezaketen ezaugarriak identifikatuko dira, ikasle guztien inklusio erabatekoa ziurtatzeko helburuarekin.

3. Hezkuntza Departamentuak arautzen duenarekin bat, ikastetxeek prozedura batzuk ezarriko dituzte irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan gerta daitezkeen zailtasunen detekzio goiztiarra eta prebentzioa ahalbidetzeko, esku-hartze goiztiarra erraztuko duten plan eta programen bidez. Era berean, Hezkuntza Departamentuak lagunduko du ikasle horiek artatzen esku hartzen duten sektore guztien koordinazioan.

4. Ikastetxeek neurri egokiak hartuko dituzte hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat.

5. Horrekin batera, hezkuntza premia bereziak dituzten haurren ezaugarri eta behar pertsonaletarako hezkuntza erantzun egokiena ezarriko dute.

6. Hezkuntza Departamentuak, haurren banako desberdintasunak kontuan hartuz, zeinu-hizkuntza espainiarrak sartzen ahalko ditu bere hezkuntza eskaintzan.

14. artikulua . Ikastetxeen autonomia.

1. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen autonomia pedagogikoa eta antolaketakoa sustatuko du, eta talde-lana eta hezkuntza jardunetik abiatutako ikerketa lana sustatuko ditu.

2. Haur Hezkuntza irakasten duten ikastetxe guztiek foru dekretu honen 2.2 artikuluan aipatzen den proposamen pedagogikoa jaso beharko dute beren hezkuntza proiektuan.

3. Ikasle guztien prestakuntza prozesuaren jarraitutasuna eta trantsizio eta bilakaera positiboak bermatzeko, curriculumaren garapenean jasoko da bi zikloen artean beharrezkoa den jarraitutasuna eta etapa honen eta Lehen Hezkuntzaren artekoa; horretarako, bi etapetako hezkuntza langileen arteko koordinazio estua beharko da. Helburu horrekin, etapa bukatzean tutoreak txosten bat eginen du ikasle bakoitzaren garapenaz eta beharrez.

4. Hezkuntza Departamentuak ziurtatuko du egun zikloak irakasten dituzten ikastetxeetako talde pedagogikoen arteko koordinazioa, bai eta horien eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen artekoa ere.

5. Gurasoen edo legezko tutoreen funtsezko erantzukizuna errespetatzeko, etapa honetan Haur Hezkuntzako ikastetxeak lankidetza estuan arituko dira haiekin, horretarako behar diren neurriak ezarriz.

Lehen Xedapen Gehigarria. Ezarpena eta ordutegia.

Hezkuntza Departamentuak foru agindu baten bidez arautuko ditu irakaskuntza hauen ezarpena eta ordutegia.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Erlijio irakaskuntza Haur Hezkuntzako bigarren zikloan.

1. Erlijio irakaskuntza Haur Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen duen otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoak arautuko du.

2. Ikastetxeek behar diren antolaketa neurriak hartuko dituzte, gurasoek edo tutoreek beren seme-alabek edo tutoretzapekoek erlijio irakaskuntza jasotzea aukeratu badute, ikasle horiek behar bezalako hezkuntza arreta jaso dezaten.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Nafarroako Gobernuaren titularitatekoak diren eta hiru urtetik beherako haurrak artatzen dituzten ikastetxeak.

1. Foru dekretu honen bidez onetsitako curriculuma aplikatuko da Nafarroako Gobernuaren titularitatekoak diren eta hiru urtetik beherako haurrak artatzen dituzten ikastetxeetan.

2. Ikastetxe horiek Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez sortuko dira eta Haur Eskolak deituko dira.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

1. Indargabetzen da martxoaren 19ko 23/2007 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzak eta curriculuma ezartzen dituena.

2. Indargabetzen dira Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren atariko tituluaren 3. artikulua, I. titulua eta eranskina.

3. Indargabetzen dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena. Ezarpen egutegia.

Foru dekretu honetan xedatutakoa 2022-2023 ikasturtean ezarriko da.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Arau garapena.

Ahalmena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA. HAUR HEZKUNTZAKO FUNTSEZKO KONPETENTZIAK

I. ERANSKINA

Haur Hezkuntzako etapa etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziak bereganatzeko prozesuaren hasiera da. Konpetentzia horiek Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan jasota daude. Errege dekretu honetan, funtsezko konpetentzia horiek egokitu dira bai eskolaren testuingurura bai Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan hezkuntza sistemarako ezarritako printzipio eta xedeetara. Hauek dira konpetentziak:

-Hizkuntza komunikaziorako konpetentzia.

-Eleaniztasunerako konpetentzia.

-Matematikarako konpetentzia, eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia.

-Konpetentzia digitala.

-Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa.

-Herritar konpetentzia.

-Ekimenerako konpetentzia.

-Kulturaren kontzientzia eta adierazpenerako konpetentzia.

Gomendioan adierazten denarekin bat, ez dago konpetentzien arteko hierarkiarik, denek garrantzia berdina dutela uste baita. Haien arteko muga bereizgarririk ere ez da ezartzen, gainezkatuta eta elkar lotuta daudelako. Beraz, zeharkako izaera dute: haietako bakoitza ez dagokio soilik arlo bakar bati zuzenean eta adiera bakar batekin; arloetan gertatzen diren ikaskuntzetatik abiatuta eskuratzen eta garatzen dira denak. Konpetentzien zeharkako izaera hori lagungarria da Haur Hezkuntzaren etapak berezkoa duen ikuspegi globalizaturako.

Pentsatzekoa da eskolatzean zehar konpetentzia horiek bereganatzeak aukera emanen diela ikasleei prestatzeko eta XXI. mendeko desafio nagusiei arrakastaz aurre egiteko: bizi-ohitura osasungarriak planifikatzea, ingurumena babestea, gatazkak bakebidez konpontzea, kontsumitzaile arduratsu gisa jokatzea, teknologiak modu etiko eta eraginkorrean erabiltzea, genero berdintasuna sustatzea, ziurtasun ezak eragiten duen estutasuna kudeatzea, ekitate ezaren egoerak identifikatzea eta enpatia sentimenduak garatzea, lankidetza eta elkarbizitza gizarte ireki eta aldakorretan, desgaitasuna onartzea, aniztasunaren balioa estimatzea, proiektu kolektibo baten parte izatea eta konfiantza izatea ezagutzan, garapenaren eragiletzat hartuz. Desafio horiei eta beste batzuei erantzuteko -erabateko dependentzia baitute elkarren artean-, ezagutzak, abileziak eta jarrerak behar dira, hain zuzen ere funtsezko konpetentzien barnean daudenak eta modu globalean lantzen direnak etapa osatzen duten arlo guztietatik.

Horregatik, Haur Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak prestatzeko, funtsezko konpetentzien ikuspegi egiturazko eta funtzional bat baliatu da; ikuspegi horretan, hiru dimentsioak -kognitiboa edo ezagutzena, instrumentala edo abileziena eta jarrerena- ekintza zehatzetan txertatzen dira, haurren garapen integralera bideratuta dagoen zeregin adierazgarri eta kontestualizatu bat eraginkortasunez ebazteko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoan etapa honetarako ezarritako helburuari erantzunez.

Helburu horrekin berarekin, konpetentzien artean funtsezko abilezia batzuk sartu dira, hala nola pentsamendu kritikoa, arazoak ebaztea, talde-lana, komunikazio eta negoziaziorako abileziak, abilezia analitikoak, sormena eta kulturarteko abileziak. Trebetasun horiek errazten diete haurrei haien errealitatea deskubritzea, ezagutzea eta ulertzea, horren barne direla, besteak beste, ingurunea eta objektuak, erakunde eta harreman sozialak, eta haien ideiak, asmoak edo bizipenak begirunez eta sormenaz komunikatzeko hizkuntza desberdinak.

Etapako une bakoitzean errealitatea ulertzeko moduek baldintzatzen dute konpetentzien garapena. Izan ere, etapak izaera globala badu ere, hezkuntza asmoa duten bi ziklotan antolaturik dago. Bi zikloen curriculum elementuak haietako bakoitzean dauden ikasleen ezaugarri eta berezitasunetara egokitzen dira. Lehen zikloan garrantzi berezia ematen zaie norberaren gorputza ezagutu eta menderatzeko prozesuei eta indibidualizazioari, ingurune fisiko eta sozialean harreman eta interakzio sare bat eraikitzeari eta hori ahalbidetzen duten hizkuntzen erabilerari. Horretan guztian printzipio nagusi bat dago, haur bakoitzaren banako erritmoak eta funtsezko zaintzak errespetatzea alegia, goxotasun, parte-hartze eta berdintasunezko ingurune batean, haurrari konfiantza, ongizatea eta segurtasuna emateko. Bigarren zikloan, aurretik eskuratutako ikaskuntzak zabaldu eta sendotzen dira, eta protagonismo handiagoa hartzen du “izaten ikasten” eta “egiten ikasten” laguntzen duten abileziak bereganatzeak, horri esker aurrera eginen baitute zereginak egiteko nolabaiteko autonomia, ardura eta ekimena garatzeko bidean. Ziklo batean nahiz bestean, garapen eta ikaskuntza prozesuaren ezaugarri nagusiak behaketa, entzute aktiboa eta jardueraren areagotze progresiboa dira, esperimentazioaren eta jolasaren bidez.

Funtsezko konpetentziak islatuta daude bai curriculumaren elementuetan bai etapak berezkoak dituen printzipio pedagogikoetan.

Printzipio horietako lehena haurren garapen integrala sustatzea da. Zeregin horretarako, haien beharrak, interesak eta kezkak ezagutu behar dira, eta, halaber, esperimentatu, garatu eta ikasteko haien aukerak taxutzen dituzten eboluzio faktoreak eta prozesuak ezagutu beharra dakar. Era berean, haurren behar, interes eta kezka horiei erantzuna emateak, bakoitzaren heldutasunaren eta bizi-unearen arabera, aukera ematen du tresna batzuk haien esku jartzeko, horiek lagundu diezaieten autonomia handiagoarekin jokatzen eta epe labur eta luzean ager daitezkeen desafioei ardurarekin aurre egiten. Horretarako, kontuan hartuko dira haur bakoitzaren banako beharrak eta aukerak, bai eta haren familia ingurunearenak ere, eta haren hezkuntza inklusioa bermatuko duten neurri arruntak eta bereziak ezarriko dira.

Beste printzipio pedagogikoetako batek esperimentazioan eta jolasean oinarritzen du hezkuntza jarduna, baita ikaskuntza esperientzia adierazgarri eta emozionalki positiboetan. Horrela, ikaskuntza ulertzen da haurrek modu aktiboan gauzatzen duten prozesu bat bezala, zeinak berekin ekartzen baitu errealitatean eraginez jardutea, haien motibazioa, interpretazioak egitea eta esanahiak ulertzea, beren ingurunearen eta norberaren alderdietara -esploratu, deskubritu eta ikasi nahi dituztenak- modu progresiboan egokitzen joanen direnak. Alde horretatik, ikaskuntza egoerak haurren behar, interes eta kezkekin lotzea errazteko, espero da egoera horiek formulatuko direla ikasleen eta helduen arteko interakziotik abiatuta, loturak ezarriz berriaren, jakinaren, esperimentatuaren eta bizitakoaren artean. Etapako ikaskuntzei ikuspegi horretatik heltzeak esan nahi du ikaskuntza egoera funtzional, adierazgarri eta garrantzizkoak diseinatu eta garatu behar direla, Haur Hezkuntza osatzen duten arloen berezko ezagutzak, abileziak eta jarrerak batera edo hurrenez hurren agertzea beharrezkoa dutenak.

Ikasle guztien inklusioa laguntzeko, arreta berezia jarriko zaio ikasgelan manipulatzeko materiala eskura izateari. Horrekin batera, eguneroko jardueren diseinurako ikuspegiak kontuan hartuko du diskriminazioaren prebentzioa; desgaitasuna duten ikasleen ongizate emozionala ziurtatzeko eta haien inklusio soziala sustatzeko, bermatu eginen da berdinekin interakzioan aritzen direla jarduera horiek betetzean. Era berean, aintzat hartuko dira desgaitasuna duten ikasleek komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan izan ditzaketen behar espezifikoak.

Ondoren, etapa honetan funtsezko konpetentziak bereganatzen laguntzen duten bide batzuk jasotzen dira:

Hizkuntza komunikaziorako konpetentzia.

Haur Hezkuntzan sustatzen da beste haurrekiko eta helduekiko begirunezko komunikazio trukeak izatea, trukeei intentzionalitatea eta edukiak emanez, haien zuzen ere haurrak eskuratzen joaten diren ezagutzak, abileziak eta jarrerak kontuan hartuz modu progresiboan prestatzen direnak. Aurrekoa lagungarria izanen da geroz eta konplexutasun eta zuzentasun handiagoko adierazpideak ager daitezen, norberaren nahiz besteen behar, bizipen, emozio eta sentimenduei buruzkoak. Horrez gain, ahozkotasunak zeregin nabarmena du etapa honetan, komunikaziorako, adierazpenerako eta jarreraren erregulaziorako baliabide nagusia izateaz gain, haurrentzat literaturaren kulturara hurbiltzen hasteko bitarteko nagusia ere delako, errima, hitz-jolas, asmakizun eta ipuinen bidez, horrek haien ondare soziokulturala eta hizkuntzakoa aberastuko baitu, aniztasuna errespetatuz.

Eleaniztasunerako konpetentzia.

Etapa honetan hasten da familiakoaz beste hizkuntza eta kulturekiko harremana, eta haurrengan sustatzen dira hizkuntza eta kultur aniztasunarekiko begirunea eta estimua, bai eta hizkuntza errepertorioa aberasteko interesa ere. Elkarrizketa eta elkarbizitza demokratikoa sustatzen dira horrela.

Matematikarako konpetentzia, eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia.

Haurrak abilezia logiko-matematikoak lantzen eta pentsamendu zientifikorako lehen urratsak egiten hasten dira, jolasaren eta manipulazioaren bidez eta esperimentu errazak eginez. Haur Hezkuntzan, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua testuinguru iradokitzaile eta jostagarrian planteatzen da; bertan, hezkidetzan oinarritutako ikuspegi batetik, haurren jakin-mina pizten da -haien errealitatea osatzen duen guztia ulertu nahi dutelako, batez ere beren pertzepzio eta esperientziaren eremuan dagoena-, betiere bakoitzaren ikaskuntza erritmoak errespetatuz. Helburu horrekin, behatu, sailkatu, zenbatetsi, eraiki, galderak egin, probatu eta frogatzeko gonbidapena egiten zaie, gertuko ingurune naturaleko fenomeno batzuk ulertu eta azaltzeko, ingurumena estimatzen hasteko eta lehen ohitura osasuntsuak eskuratzeko. Funtsezko konpetentzia hau garatzeko, arreta berezia jartzen zaie oinarrizko zenbaki-trebetasunetako hastapen goiztiarrari, objektuen manipulazioari eta fenomenoak egiaztatzeari.

Konpetentzia digitala.

Etapa honetan hasten da alfabetatze digitalaren prozesua, berekin dakarrena, besteak beste, informazioa eskuratzea, komunikazioa eta bitarteko digitalekin edukiak sortzea, bai eta tresna digitalen erabilera osasungarria eta arduratsua. Gainera, tresna horiek ikasgelako jarduera, esperientzia eta materialetan erabili eta txertatzeak laguntzen ahal du haurren motibazioa eta ulermena areagotzen eta ikaskuntzak eskuratzen aurrera egiten.

Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa.

Bereziki garrantzitsua da haurrak hastea beren emozioak eta sentimenduak ezagutzen, adierazten eta modu progresiboan kontrolatzen, bai eta besteen emozioak eta sentimenduak identifikatzen aurrerapausoak egitea ere, ulermen eta enpatia jarrerak garatzearekin batera. Bestalde, etapa honetako eskolatzeak familiakoa ez den beste ingurune bat deskubritzea dakar, non esperimentatzen baita gizartean ikasteko poza, norberaren esperientzia beste pertsona batzuekin partekatzearekin eta haiekin elkarlan eraikitzailean aritzearekin batera. Horretarako, haurrak baliabide pertsonalak eta estrategiak abian jartzen hasten dira, gero eta eraginkortasun handiagoarekin, eta horiek laguntzen diete ingurune sozialean moldatzen, gero eta autonomia handiagorekin eta gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen, babesa ematen dien testuinguru integratzaile batean.

Herritar konpetentzia.

Herritartasun demokratikorako oinarriak ezartzeko helburuarekin, etapa honetan eredu positiboak eskaintzen dira, zenbait baliotan (begirunea, ekitatea, berdintasuna, inklusioa eta elkarbizitza) oinarritutako jarrerak ikasten lagunduko dutenak eta gatazkak bake eta elkarrizketaren bidez konpontzeko pautak emanen dituztenak. Norberaren identitateari eta kulturari dagozkien gertaera sozialak identifikatzeko gonbidapena ere egiten da. Horrez gain, jasangarritasunaren eta animalien zaintza eta babesaren balio eta praktikekin konpromiso aktiboa hartzea sustatzen da. Helburu horrekin sustatzen da, halaber, ohitura osasungarri eta jasangarriak eskuratzea, haurrek bere egunerokotasunean sartzen joanen diren errutinen bidez. Orobat, norbere buruarekiko, besteekiko eta ingurunearekiko begirunezko portaerak sortzeko behar diren baldintzak ezartzen dira, portaera horiei esker mota orotako jokabide diskriminatzaileei aurrea hartzeko.

Ekimenerako konpetentzia.

Sorkuntza eta berrikuntza funtsezko bi faktore dira, bizitzan zehar, garapen pertsonalerako, gizarteratzeko eta herritartasun aktiborako. Haur Hezkuntza arlo askotarako pizgarria den etapa dugu: jakin-mina, ekimena, irudimena eta ikertu eta sortzeko gogoa, jolasaren, jarduera zuzendu nahiz libreen, lankidetza proiektuen eta bestelako ikaskuntza proposamenen bidez; hori guztia autonomia indartzeko eta norberaren edo taldearen ideiak gauzatzeko aukera da. Horrela, oinarriak ezartzen dira bai pentsamendu estrategiko eta sortzailerako bai arazoak ebazteko, eta lehen adinetik sustatzen da eta analisi kritiko eta eraikitzailea.

Kulturaren kontzientzia eta adierazpenerako konpetentzia.

Haurrek beren nortasuna eraiki eta aberastu dezaten, etapa honetan ideiak, sentimenduak eta emozioak sormenez adieraztea sustatzen da, hainbat hizkuntzaren eta forma artistikoren bidez. Horrekin batera, kulturaren kontzientzia eta gizarteko kide izatearen sentimendua garatzen laguntzen da, kultura- eta arte-adierazpenetara lehen hurbilketa eginez.

II. ERANSKINA. HAUR HEZKUNTZA

II. ERANSKINA

Orrialdeak 7255 – 7266 BON 07/06/2022

III. ERANSKINA. IKASKUNTZA EGOERAK

III. ERANSKINA

Haurrek eraginkortasunez beregana ditzaten foru dekretu honen I. eranskinean deskribatzen diren funtsezko konpetentziak, lagungarria izanen da haurrak berak haien ikaskuntzaren eragiletzat hartzen dituen metodologia bat garatzea.

Haurtzaroa jakintza berekiak dituen etapatzat hartu behar da, non haur bakoitza gai baita ikaskuntza horiek hizkuntza guztietan adierazteko, denak elkarloturik daudela eta garrantzi bera dutela. Horregatik, hezitzaileak prest egon beharko du haurrak dakiena eta adierazi nahi duena azaleratzen uzteko.

Haurrek heldutasunera bidean pasatzen dituzten etapak errespetatu beharko dira, eta garrantzitsua da ikaskuntzak ez behartzea. Hori dela eta, proposatzen da ikaskuntza egoera pizgarriak, adierazgarriak eta integratzaileak diseinatzea, ongi kontestualizatuta daudenak eta, horrez gain, errespetatzen dutenak ikasleen garapen integralerako prozesua, alderdi guztietan, eta aintzat hartzen dituztenak haien potentzialtasunak, interesak eta beharrak, bai eta etapako une bakoitzean errealitatea ulertzeko moduak ere. Ikaskuntza egoera horiek lagunduko diete eboluzionatzen eta haien prozesuetan aurrera egiten, bakoitzaren denborak errespetatuz, eta desafioak eskainiko dizkiete, prozesu pertsonal eta sozialean aurrerapausoak egiten jarraitzen laguntzeko.

Ikaskuntza egoerek desafio edo arazo bat planteatu behar dute, haurraren adin eta garapenaren araberako konplexutasuna izanen duena, haurrak, hura sormenez ebazteko, etapa antolatzen duten hiru arloetan ikasitakoa abian jar dezan modu integratuan. Zeregin eta jarduera batzuk egitea da egoera horien abiapuntua, lortu nahi diren helburuak argi eta zehatz planteatuta, helburu horiek lortzeko beharrezkoa izan dadin oinarrizko jakintza multzo bat integratzea.

Hiru arloak elkarren artean lotura estua duten esperientzia esparruak direnez, hezkuntza planteamenduak sustatu beharko du ikaskuntza egoera holistiko eta esanguratsuak sortzea, esperientziazko zentzua dutenak, aberatsak, baliotsuak eta anitzak, osatzen dituzten elementu guztien artean erlazio konplexuak ezartzen lagunduko dutenak.

Ikasgelan ikasteko iturri nagusietako bat berdinen taldea dela kontuan harturik, hainbat egoera proposatuko dira, talde lana eta lankidetza sustatzeko eta, horrekin batera, bikotean eta bakarka lan egitea; talde txikitan antolatzea sustatuko da, zeinak aldi berean ikaskuntza ibilbide edo zeharkaldi desberdinak egiten ahalko dituzten, beraiek aukeratutako proposamen eta proiektuak lantzen, horiekin konprometituta, bere gain banako ardurak hartuta eta elkarlanean, planteatutako desafioaren ebazpenari heltzeko.

Egoera horiek lagungarriak izanen dira haurrek bereganatutako ikaskuntzak erabil ditzaten eguneroko beren errealitateko arazo bati konponbidea emateko, bakoitzaren heldutasun mailaren arabera. Diseinuan kontuan hartuko da lagundu behar duela gogoetan oinarritutako ikuspegi kritikoa modu progresiboan garatzen. Era berean, beste alderdi batzuk landu behar dira, hala nola interes komuna, jasangarritasuna, desberdintasunaren errespetua edo elkarbizitza, eta lehen urratsak egin balizko gatazka egoerak elkarrizketa eta adostasunaren bidez kudeatzen. Halaber, aintzat hartu behar dira haurren baldintza pertsonalak, sozialak edo kulturalak, bazterketa eragin dezaketen elementuak detektatu eta tratatzeko.

Proposamenen diseinuaren abiapuntuan haurren interesek eta motibazioek egon beharko dute, haien jakin-minezko begirada nora zuzentzen duten behatuz detektatuko direnak. Proposamen horiek ez dira izanen murritzak, lerratuak edo erraztuak, eta haurren gaitasun guztiak hartu behar dituzte kontuan.

Etapa honetan, ebaluazioa egiteko orduan, honako hauek izanen dira erreferentziak: haur bakoitzaren banako ezaugarriak, ikaskuntza erritmoa, ikasteko modu partikularra, bikaintasunak eta ekarpenak, eta kontuan hartuko ditu ikaskuntza bat berera iristeko bideak. Ikaskuntza prozesu horien ebaluaziorako, behaketa erregistroak erabiliko dira, lorpen bakoitza interpretatu eta ateratzeko; beraz, garrantzitsua da emaitzak ez ezik gertatutako prozesuak ere ikertu eta dokumentatzea, balioa emanez bakarka eta taldeka egindako ibilbideei.

Iragarkiaren kodea: F2208127

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web