(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

17/2022 FORU LEGEA, MAIATZAREN 30EKOA, NAFARROAKO ABEREEN OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 16KO 11/2000 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

BON N.º 107 - 31/05/2022



HITZAURREA

Nafarroako Parlamentuak, maiatzaren 10eko 8/2021 Foru Legearen bidez, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen, legearen testuari xedapen iragankor bat gehitzekoa, zeinaren bidez ahalbidetzen baitzen 2022ko maiatzaren 30era arteko etenaldia ezartzea 1250 AzLU (Azienda Larriko Unitate) baino gehiagoko behi-aziendako abeltegiak Nafarroan instalatzeko abeltzaintza-baimenetarako eskaerak hartzeari eta baimen horiek emateari dagokionez eta jadanik badauden abeltegiak handitzeari dagokionez, handitze horren ondoriozko ustiategiak 1.250 AzLU baino gehiagokoak suertatuz gero.

Neurri horren ziotzat hartu zen foru lege proiektu baten bidez arautu beharra zegoela Nafarroako ustiategietan abereen osasun-baldintza hoberenak bermatzeko beharrezkoak diren tamaina- eta edukiera-betekizunak. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak konpromiso hori bere gain hartu zuen, horretarako jarraikiz martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretua prestatzean, hain zuzen abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituena prestatzean, eginiko lanaren ildoari.

Foru lege proiektua 2021eko abenduaren 22an aurkeztu zen Nafarroako Parlamentuan. Hala ere, ez zuen lortu onetsia izateko behar adinako babes parlamentariorik, eta Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak baztertu egin zuen 2022ko martxoaren 3an.

Azaldutakoa gorabehera, Nafarroako Parlamentuak askotan adierazi izan du bere borondatea, Europako “Baserritik mahaira” estrategiarekin eta biodibertsitatearen defentsarako estrategiekin lerrokaturiko abeltzaintza-ereduak sustatzekoa, jasangarritasunean oinarrituz egin dadin sektorearen garapena.

Xede horrexekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa errege-dekretu proiektu bat izapidetzen ari da gaur egun, zeinaren bidez behitegien oinarrizko antolamendurako arauak ezarri nahi baitira, erantzun egokia ematearren sektoreak azken urteetan izandako bilakaerari, duen osagai sozial muntadunari eta iritsi duen profesionalizazio- eta nazioartekotze-maila altuari; hori guztia, ingurumenaren, biosegurtasunaren eta animalia-ongizatearen arloko erronka berriekin batera.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak jendaurreratze-tramitean jarritako errege-dekretu aurreproiektuan behitegien gehienezko ekoizpen-ahalmena 850 AzLUan ezartzen da, eta Espainiako Konstituzioaren 149.1. artikuluko 13, 16 eta 23. arauak aipatzen ditu eskumen-titulu gisa, zeinek Estatuari esleitzen baitiote eskumen esklusiboa, hurrenez hurren, jarduera ekonomikoaren planifikazio orokorraren oinarriei eta koordinazioari, osasungintzaren oinarriei eta koordinazio orokorrari eta ingurumen-babeserako oinarrizko legediari dagokienez.

Bestalde, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 50. artikuluko 1. apartatuak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetako eskumen esklusiboa aitortzen dio Nafarroari, bere foru araubidea dela-eta eskuratua, ekonomiaren antolamendu orokorraren barruan.

Nafarroak duen eskumen-sorta zabalak, bai eta Parlamentuan adierazia izan den borondateak ere, lurraldearen, gizartearen, ekonomiaren, ingurumenaren eta abere-osasunaren garapenean jasangarritasuna lortzekoak, agerian jartzen dute lanean jarraitu beharra dagoela, Nafarroako ustiategietan abere-osasuneko baldintza hoberenak bermatzeko foru arau bat taxutu eta oneste aldera. Arau horrek errespetatu beharko ditu estatu-arauak ezartzen dituen gutxieneko eta oinarrizko babes-baldintzak, baina zilegi izanen da babes-neurri gehigarriak ezartzea, hori justifikatzen duen arrazoirik egonez gero.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzen duen maiatzaren 10eko 8/2021 Foru Legean ezarritako epea aldatzea, halako moduz non, abeltzaintza-ustiategiek izan beharreko edukiera eta behitegien antolamenduaren beste zertzelada batzuk zehazten diren bitartean, Nafarroan behi-aziendaren abeltegien 1.250 AzLU-ko edukiera-muga mantenduko baita; hori guztia, behi-aziendaren sektore-antolamenduko baldintzei eustearren.

Hori dela-eta, aldatu egiten da Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, jarraian adierazitako moduan:

Artikulu Bakarra

Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Hirugarren xedapen iragankorra.-Etetea.

1. 2023ko maiatzaren 30era arte ez da eskabiderik hartuko, ez eta abeltzaintza-baimenik emanen ere, 1.250 AzLU baino gehiagoko edukiera duten behi-aziendako abeltzaintza-ustiategiak jartzeko.

2. Halaber, ez da eskabide berririk hartuko, ez eta baimen berririk emanen ere, jadanik badauden behi-aziendako abeltzaintza-ustiategiak handitzeko, baldin eta handitzearen ondoriozko ustiategia 1.250 AzLU baino gehiagokoa izanen bada.

3. Aurreko apartatuetan ezarritako edukiera-muga ordeztuko da estatu-araudiak oinarrizko gisa eta kasua bada ezartzen duenarekin, azken hori txikiagoa izanez gero”.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web