(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

12/2022 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 16KOA, NAFARROAKO LURRALDE POLITIKAREN GIZARTE KONTSEILUA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 43 - 01/03/2022; corr. err., BON 4/03/2022



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK


  III. KAPITULUA. OSAERA ETA ANTOLAMENDUA


  IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA


Zioen azalpena

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak, ezartzen du Nafarroako Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua dela Foru Komunitateko partaidetza eta eztabaidarako organoa lurraldearekin zerikusia duten gaietan.

Apirilaren 5eko 166/2004 Foru Dekretuak arautu zuen Nafarroako Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua; haren osaketari dagokionez, Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak eta lurraldearen antolamenduaren arloan eragina duten eragile ekonomiko eta sozialak dira Kontseiluko kideak. Bidezkoa da orain organo hori eguneratzea, administrazio egitura berriekin bat, eta hizkera inklusiboagoa erabiliz generoaren ikuspegitik.

Era berean, zehatzago garatu behar dira Kontseiluko organoen eginkizunak eta haien jardun araubidea.

Horrenbestez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko otsailaren hamaseian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluaren araubidea, antolaketa eta jarduteko arauak ezartzea, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarra duen foru legerian jasotako aurreikuspenak garatzeko.

2. artikulua . Izaera juridikoa.

Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko partaidetza, kontsulta eta aholkularitzako kide anitzeko organoa da lurraldearekin zerikusia duten gaietan.

3. artikulua . Araubide juridikoa.

Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua arautuko dute foru dekretu honetan, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarra duen foru legerian eta, osagarri gisa, Administrazio Publikoen kide anitzeko organoei aplikatu beharreko arau orokorretan xedatutakoek.

II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK

4. artikulua . Eginkizunak.

Hauek dira Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluaren eginkizunak:

1. Foru Komunitateko Administrazioak lurralde politikaren arloan ezartzen dituen jarduketa ildoetan ardura izatea.

2. Lurraldearen antolamendua arautzen duten xedapen orokorrei, Nafarroako Lurralde Estrategiari, lurralde antolamenduko planei eta lurralde ekintzako plan zuzentzaileei buruzko txosten nahitaezkoak eta ez lotesleak egitea.

3. Nafarroako Gobernuari, toki erakundeei eta ekonomia, gizarte eta erakunde eragileei proposamenak egitea lurraldearekin lotutako gaiei buruz.

4. Lurraldearekin zerikusia duten eta kontsultatzen zaizkion gaiei buruzko txostenak egitea.

5. Nafarroako lurralde garapenerako interesgarriak diren gizarte, ekonomia edo ingurumen gaiei buruzko azterketak eta txostenak egitea.

6. Solaskide sozialen arteko elkarrizketarako eta topaketarako bide iraunkorra izatea, guztien intereseko arazoei aurre egiteko adostasun eta akordio agertokiak ahalbidetuta.

III. KAPITULUA. OSAERA ETA ANTOLAMENDUA

5. artikulua . Osaera.

1. Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluko kide izanen dira honakoak:

a) Kontseiluko burua: lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen departamentuaren titularra.

b) Buruordea: lurralde antolamenduaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

c) Kideak:

c.1) Parlamentuko Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak izendatutako bi pertsona.

c.2) Herri-lanen arloko eskumena duen departamentuaren titularra.

c.3) Garraioen arloko eskumena duen departamentuko titularra.

c.4) Landa Garapenaren arloko eskumena duen departamentuko titularra.

c.5) Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuaren titularra.

c.6) Toki administrazioaren arloko eskumena duen departamentuaren titularra.

c.7) Industriaren arloko eskumena duen departamentuaren titularra.

c.8) Merkataritzaren arloko eskumena duen departamentuko titularra.

c.9) Lanaren arloko eskumena duen departamentuko titularra.

c.10) Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuko titularra.

c.11) Estatuko Administrazioaren ordezkari bat.

c.12) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria.

c.13) Iruñeko Udaleko alkatea.

c.14) Nafarroako eskualdeetako garapen partzuergo eta elkarteen lau ordezkari, entitate horiek beraiek izendatuak, biztanleria gehien duten lau elkarteetako bakoitzeko bat, elkarte horietan parte hartzen duten udalek osatzen dituzten udal-mugarte bakoitzeko biztanleria osoa aintzat hartuta.

c.15) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren ordezkari bat.

c.16) Sindikatuen bi ordezkari, Nafarroan ordezkaritza handiena duten bi sindikatuetako bana.

c.17) Lanbide elkargo eta elkarteen bi ordezkari, lurraldearen antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuak izendatuak entitate horiek proposatutako hautagaien artean.

c.18) Nafarroako Ingurumen Kontseiluak izendatutako kide bat, naturaren babesa, defentsa eta azterketa egiten duten erakunde eta elkarteen ordezkarien artetik aukeratua.

c.19) Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak izendatutako kide bat, inongo administrazio publikoren ordezkari ez direnen artetik aukeratua eta ondare historiko, artistiko, arkeologiko eta etnografikoaren arloan aditua.

c.20) Nafarroako Turismo Kontseiluak izendatutako kide bat, inongo administrazio publikoren ordezkari ez direnen artetik aukeratua.

c.21) Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendatutako kide bat, lurraldearen antolamenduan aditua.

c.22) Nafarroako Unibertsitateak izendatutako kide bat, lurraldearen antolamenduan aditua.

c.23) Kontseiluaren jardueraren xede diren gaietan entzute handia duten bi aditu, lurraldearen antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuak izendatuak.

d) Idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe arituko dena: lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

2. Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua osatzeko, kontuan hartuko da ordezkaritza orekatuaren printzipioa betetzea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa. Horretarako, titularrak eta ordezkoak proposatzean, ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen arteko oreka errespetatzeko.

6. artikulua . Agintaldia.

1. Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua erabat berrituko da legegintzaldi bakoitzean, Nafarroako Gobernu berria eratu eta gehienez ere bederatzi hilabetera. Kontseiluko kideak lurralde antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru aginduz izendatuko ditu, bidezkoa denean 5. artikuluan aipatzen diren entitate edo erakundeek proposaturik.

Kide bakoitzeko, titular bat eta ordezko bat izendatu beharko dira. Kargua hutsik dagoenean edo titularra kanpoan edo eri dagoenean arituko da ordezkoa.

2. 5. artikuluan aipatzen diren Kontseiluko kideek karguak betetzeari uzten diotenean utziko dute beren kargua.

7. artikulua . Egitura.

1. Kontseilua organo hauetan egituratuta dago:

a) Kontseiluko burua.

b) Buruordea.

c) Idazkaria.

d) Osoko Bilkura.

e) Batzorde Iraunkorra.

f) Batzorde espezifikoak.

2. Osoko Bilkurak, Batzorde Iraunkorrak eta batzorde espezifikoek lan taldeak eratzen ahalko dituzte; horietara joatera gonbidatzen ahalko dira aztertu eta analizatzen ari diren lurralde edo sektoreko politiken arduradunak, baita funtzionarioak edo sektore pribatuko ordezkariak ere, bere eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkotzat joz gero.

8. artikulua . Kontseiluko burua.

1. Kontseiluko buruak eginkizun hauek ditu:

a) Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua ordezkatzea.

b) Kontseiluko organoen bilkuren deialdia erabakitzea eta eguneko gai-zerrenda ezartzea.

c) Bilkuretan buru egitea eta eztabaidak moderatzea.

d) Berdinketak ebaztea, kalitateko botoa erabiliz.

e) Kontseiluaren eginkizunak eta erabakiak betetzen direla zaintzea, baita haren zerbitzuak ongi dabiltzala zaintzea ere.

f) Kontseiluaren araudia betetzen dela zaintzea, eta, zehazki, erregelamendu hau betetzen dela zaintzea.

g) Kontseiluko burua izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo indarreko araudiak esleitzen dizkionak.

2. Kontseiluko burua kanpoan edo gaixorik badago, edo kargua hutsik badago, Kontseiluko buruordeak ordezkatuko du.

9. artikulua . Buruordea.

Kontseiluko buruordeak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseiluko burua ordezkatzea kargua hutsik badago edo gaixorik badago edo justifikatutako beste edozein arrazoi baldin badago.

b) Batzorde Iraunkorreko burua izatea.

c) Kontseiluko buruak, Osoko Bilkurak edo Kontseiluaren batzordeek Kontseiluaren kudeaketa, antolaketa eta jardun onerako esleitutako eginkizun guztiak betetzea.

10. artikulua . Idazkaria.

1. Kontseiluko Idazkaritzak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

b) Kontseiluko buruak aginduta, Kontseiluaren bilkuretarako deialdia egitea, bai eta hura osatzen duten kideentzako zitazioak ere.

c) Kontseiluaren Osoko Bilkuraren saioetarako behar den dokumentazioa prestatzea eta saio horien akta egitea.

d) Kontseiluaren akten, erabakien eta asistentzia-orrien ziurtagiriak egitea.

e) Kontseiluko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo haren ardurakoak diren bestelako idazki guztiak.

f) Kontseiluaren dokumentuak eta artxiboak zaintzea.

g) Kontseiluaren jarduketen legezkotasuna zaintzea, eta eratze- nahiz erabaki-hartze prozedurak eta erregelak errespetatzen direla bermatzea.

h) Idazkaritzako titularra izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo lehendakariak esleitzen dizkionak.

2. Idazkaria kanpoan, oporretan edo gaixorik baldin badago, lurraldearen antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuari atxikitako beste pertsona batek ordeztuko du, Kontseiluko buruak izendatuta.

11. artikulua . Osoko Bilkura.

1. Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkura Kontseiluko kide guztiek osatuko dute, foru dekretu honen 5. artikuluan aipatzen direnek.

2. Ondokoak dira Osoko Bilkuraren eginkizunak:

a) Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluaren Jarduera Programa eta Urteko Kudeaketa-memoria onartzea.

b) Nafarroako Foru Komunitatean lurralde antolamenduaren arloko jarduerei buruzko urteko memoriaren berri izan eta eztabaidatzea.

c) Nahitaezko txostenak onartzea.

d) Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluko kideen proposamenak eta eskatzen zaizkion kontsultak edo azterketak onartzen diren aztertzea.

e) Beharrezkotzat jotzen diren batzorde espezifikoak eratzea.

f) Nafarroako Gobernuari, toki erakundeei eta ekonomia, gizarte eta erakunde eragileei proposamenak egitea lurraldearekin lotutako gaiei buruz.

g) Kontseilutik kanpoko pertsonei edo erakundeei esleitzea azterketak eta txostenak egitea, beharrezkotzat jotzen den kasuetan.

3. Aurreko paragrafoan adierazitako eginkizunak Batzorde Iraunkorrari eskuordetzen ahalko zaizkio gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez.

12. artikulua . Batzorde Iraunkorra.

1. Batzorde Iraunkorra kide hauek osatuko dute:

a) Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluko burua; batzordeburua izanen da.

b) Lurralde antolamenduaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

c) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria.

d) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatutako kidea.

e) Unibertsitateek proposatuta izendatutako kideak.

f) Entzute handiko aditu diren aldetik izendatutako kideak.

g) Sindikatuek proposatuta izendatutako kideak.

h) Kontseiluko idazkaria.

2. Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroaren garapenerako interesgarriak diren gizarte, ekonomia edo ingurumen gaiei buruzko azterketak eta txostenak egitea.

b) Kontseiluaren jarduera programa egitea.

c) Osoko Bilkurari proposatzea batzorde espezifikoak sortzea.

d) Osoko Bilkurari eskatzea bilkura berezien deialdia.

e) Kontseiluak hartutako erabakiak betetzen direla zaintzea.

f) Kontseiluko Osoko Bilkurak esleitu edo eskuordetzen dizkion beste eginkizun guztiak, eta Kontseiluko beste organo batek esleituak ez dituen guztiak.

13. artikulua . Batzorde espezifikoak.

1. Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bere ekimenez edo Batzorde Iraunkorrak proposaturik, batzorde espezifikoak eratu ditzake, Kontseiluak berezko dituen jarduerekin lotutako berariazko gaiei buruzko azterlan, txosten edo proiektuak egiteko.

2. Batzorde espezifikoak sortzeko Osoko Bilkuraren erabakia beharko da, gehiengo osoz hartua. Osoko Bilkuraren sortze erabakiak honako alderdi hauek zehaztuko ditu, gutxienez:

a) Aztertzeko aurkezten zaion gaia, eta, hala badagokio, garrantzizkoenak iruditzen zaizkion kontuak zehaztea.

b) Batzordeko kideak, betiere hiru kide baino gutxiago eta bost baino gehiago izan gabe, eta, ahal den neurrian eta aztertu beharreko gaia kontuan hartuta, Osoko Bilkuraren ordezkaritza-irizpideak errespetatuz.

c) Ondorioak ateratzen amaitzeko epea.

3. Batzorde espezifikoak bere kideen artean aukeratuko ditu, kideen gehiengoz, batzordeko burua eta idazkaria, eta izendapen horien berri eman beharko zaio Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluko buruari.

4. Batzorde espezifikoak bere lan-egutegia ezarriko du, betiere Osoko Bilkurak ezarritako epea kontuan hartuta; nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskaera egiten ahalko da, inguruabarrek hala justifikatzen dutenean.

5. Batzorde espezifikoak azkenduko dira beren ondorioak aurkezten direnean edo Osoko Bilkurak arrazoituta erabakitzen duenean.

IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA

14. artikulua . Bilkuren araubidea.

1. Ohiko Osoko Bilkura urtean behin bilduko da, gutxienez.

Era berean, bilkura bereziak egiten ahalko ditu buruak hala erabakitzen badu, gutxienez kideen herenak edo Batzorde Iraunkorrak idatziz hala eskatzen badio Osoko Bilkurari. Eskabidean aipatuko da ukitu beharreko gaien zerrenda, eta aintzat hartu behar den dokumentazioa gaineratuko da.

2. Batzorde Iraunkorrak gutxienez sei hilean behin eginen du ohiko bilkura.

Era berean, bilkura bereziak egiten ahalko ditu batzordeko buruak erabakitzen duenean edo batzordeko kideen herenak, gutxienez, eskatzen dionean, idatziz, Batzorde Iraunkorrari. Eskabidean aipatuko da jorratu beharreko gaien zerrenda, eta aintzat hartu behar den dokumentazioa gaineratuko da.

3. Batzorde espezifikoak bilduko dira horiek sortzeko erabakiak ezartzen duen aldizkakotasunarekin.

4. Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorra lehen deialdian balioz eratuta geratuko dira, baldin eta burua, idazkaria edo haien ordezkoak eta gutxienez kideen erdiak bertaratzen badira.

Bigarren deialdian, lehenengo deialdirako ezarritako ordua baino ordu erdi geroago egitekoa, nahikoa izanen da burua eta idazkaria bertan egotea edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta, gainera, zazpi kide, Osoko Bilkuraren kasuan, eta hiru kide, Batzorde Iraunkorraren kasuan.

15. artikulua . Deialdiak.

1. Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren deialdiak Kontseiluko idazkariak eginen ditu, buruak aginduta, bilkura egiteko aurreikusitako eguna baino gutxienez hamar egun natural lehenago, bilkura berezien deialdien kasuan izan ezik, horiek 48 orduko gutxieneko epearekin eginen baitira.

Salbuespenez, epe hori laburtzen ahalko da, buruak erabakitako presako arrazoiengatik.

2. Deialdia bitarteko elektronikoen bidez zabalduko da kide bakoitzak eman duen posta elektronikoaren helbidera mezua bidaliz. Bertan bilkura zer egunetan, non eta zer ordutan eginen den finkatuko da, eta eguneko gai zerrenda jasoko da, baita eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa ere.

16. artikulua . Erabakiak hartzea.

1. Erabakiak, oro har, hitza eta botoa duten bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira.

2. Kideen legezko kopuruaren gehiengo osoa beharko da honako erabaki hauek hartzeko:

a) Eginkizunak Batzorde Iraunkorrari eskuordetzea.

b) Batzorde espezifikoen eraketa.

c) Bilkurak jendearentzat irekiak izatea.

d) Erregelamendu honetan adierazitako beste edozein, baldin eta gehiengo hori eskatzen bada.

3. Bozketak, behar izanez gero, arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke.

4. Kontseiluan gehiengoaren erabakiarekin bat ez datozenek boto partikularra ematen ahalko dute idatziz, eta onartutako akordioaren testuari eta bileraren aktari erantsiko zaio.

17. artikulua . Aktak.

1. Osoko Bilkurak edo batzordeek egiten dituzten bilkura bakoitzaren akta eginen du idazkariak, eta hartan honako hauek jaso behar dira: bertaratutako pertsonak, gai zerrenda, bilkura non eta noiz izan den, eztabaidetako puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukiak; eta, kasua bada, honako hau ere bai, dena delako botoa eman duenak eskatzen badu: hartutako erabakiaren kontrako botoa, bere abstentzioa eta hori justifikatzen duten arrazoiak, edo bere aldeko botoaren azalpena.

2. Lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte aktak, eta horiek onetsiko dira bilera horretan bertan edo hurrengoan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira haren kontrako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta bereziki, honako hau:

-166/2004 Foru Dekretua, apirilaren 5ekoa, Nafarroako Lurralde Politikaren Gizarte Kontseilua arautzen duena.

Azken xedapenetako lehena.-Arau garapena.

Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko otsailaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2202315

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web