(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2022 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 26KOA, ZEINAREN BIDEZ OSASUN ARLOKO ETA ARLO SOZIOSANITARIOKO LOTURA-HITZARMEN BEREZIAK ARAUTZEN BAITIRA.

BON N.º 31 - 11/02/2022



Zioen azalpena

1978ko Konstituzioak herritar guztiei aitortu die osasuna babesteko eskubidea. Adierazpen horren ondorioz, botere publikoek osasuna antolatu eta zaindu behar dute, prebentzio-neurrien eta beharrezko prestazio eta zerbitzuen bidez.

Nafarroako Foru Komunitatean, osasun-zerbitzuak, oro har, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kudeatutako titulartasun publikoko baliabideekin ematen dira.

Hala ere, tradizioz, osasun-sistema publikoak kanpoko osasun-erakundeen lankidetza behar izan du, erakunde horiek titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan, hala, bere osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduen egitura propioa osatu eta horrelako zerbitzuak eta prestazioak eman ahal izateko; izan ere, bi sektore horien arteko lankidetza funtsezko zutabea da osasun-sistemaren iraunkortasuna eta kaudimena bermatzeko.

Ildo horretan, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren IV. titulua osasun-jarduera pribatuei buruzkoa da; osasun-lanbideen jardun askea eta osasun-sektoreko enpresa-askatasunaren printzipioa aldarrikatu ondoren, eta Espainiako Konstituzioaren 35., 36. eta 38. artikuluekin bat, osasun-zentro eta -zerbitzu pribatuak lotzeko bide bikoitza ezartzen du: ituna (90. artikulua) eta hitzarmen berezia (66. eta 67. artikuluak).

Era berean, Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 4. artikuluan jasotzen denez, osasun-jarduera eta -zerbitzuen oinarrizko printzipio bat da erabiltzea bai osasun-baliabide publiko guztiak eta bai itun bidez lotutako baliabide pribatuak. Bestalde, osasun-laguntza espezializatuaren antolamendu funtzionalari dagokionez, batetik, finkatzen du sektore publikoa laguntza-sare publiko baten barrenean sartuta batera kudeatzearen printzipioa, eta, bestetik, ahalbidetzen du sektore pribatua erabilera publikoko laguntza sare batean lankidetzan aritzea eta integratzea ahalbidetzen du, eta, osasun-zerbitzua emateko lankidetzaren errealitatea jasoz, administrazio-ituna eta dirulaguntza arautzen ditu, tresna juridiko egokiak baitira ekimen pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza formalizatzeko.

Zerbitzu soziosanitarioak emateko ekimen pribatuarekin lankidetzan aritzeko ohiko formula osasun-ituna da. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Nafarroako osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloetako itun sozialei buruzko azaroaren 16ko 13/2017 Foru Legean dago araututa. Hala ere, ez da lankidetzarako modu bakarra, arau berak adierazten baitu bigarren xedapen gehigarrian osasun-itunak eta lotura-hitzarmen bereziak bateragarriak direla. Arau horretan lehen aldiz arautzen dira hitzarmenak itunetatik bereizita.

Adierazi den bezala, hitzarmenak jasotzen ditu, baina beste izen batekin, Nafarroako Osasunari buruzko Foru Legearen 77. artikuluak, adierazten baitu ezen, laguntza-zentro eta -zerbitzu pribatuak erabilera publikoko laguntza sarean integratzeko, itun berezia eginen dela erakunde edo instituzio bakoitzarekin.

Kontratazio publikoaren esparru orokorretik kanpo dauden formulen bidez osasun-zerbitzuak emateko aukera agertzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EB Zuzentarauan (kontratazio publikoari buruzkoa, 2004/18/EB Zuzentaraua indargabetzen duena), zeina Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen bidez transkribatu baita. Lege horren 7.1.j) artikuluak honako hauek uzten ditu legearen aplikazio-eremutik kanpo, bere izaeragatik eta berariazko araudia izateagatik: Nafarroako Administrazio Publikoek irabazi-asmorik gabeko entitateekin egiten dituzten itunak, zeharka kudeatzekoak pertsonentzako gizarte-, kultura-, hezkuntza- eta osasun-zerbitzuen ematea, eta lotura-hitzarmenak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 66. eta hurrengo artikuluetan eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 77. artikuluan ezarritako moduan, zerbitzu horien besterik gabeko finantzaketa, edo lizentziak edo baimenak ematea adjudikazio botereak aurretiaz ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitate guztiei, mugarik edo kuotarik gabe, horiek eraenduko baitira beren berariazko araudian, baldin eta, betiere, hark publizitate nahikoa bermatzen badu eta gardentasun-printzipioaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioaren araberakoa bada.

Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeak berak, lotura-hitzarmen bereziak bere aplikazio-eremutik berariaz kanpo uzteaz gain, horien gutxieneko arauketa ezartzen du bosgarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, irabazi-asmorik gabeko entitate edo erakunde pribatuenak diren zentro eta zerbitzu sanitarioek zilegi dute, Foru Komunitateko administrazioaren osasun-plangintzaren araberako jarduera dutenean eta ase beharreko osasun publikoko edo osasungintzako beharrizanek justifikatzen dutenean, erabilera publikoko laguntza-sareari zuzenean lotzea, lotura-hitzarmen berezi bat sinatuz, inolako publizitaterik gabe.

Beraz, hitzarmen horiek sinatzeko aukera irabazi-asmorik gabeko erakundeetara mugatzen da. Era berean, zerbitzu publiko eta pribatuen berdintasun, osagarritasun, optimizazio eta erabilera egokiaren printzipioak kontuan hartuta sinatu behar dira hitzarmen horiek, eta loturak lagundu behar du osasun-zerbitzu publikoaren helburu soziala eta unibertsaltasun, elkartasun eta ekonomia- eta aurrekontu-efizientziaren helburuak lortzen.

Itunek, besteak beste, subsidiariotasun-printzipioa dute oinarri, eta osasun-zerbitzuak era puntual edo koiunturalean osatzeko lankidetza-tresnak dira. Hitzarmen berezia, berriz, osagarritasun-printzipioan oinarritzen da, eta lankidetza estuagoa eta iraunkorragoa eskatzen du, zentroa edo zerbitzua osasun-sare publikoan erabat integratzea baitakar. Beraz, zentro edo zerbitzu horiek publifikatzen dira, eta zentro publikoen araubide bera aplikatzen zaie zerbitzu eta prestazioetako sarbide, tratu eta doakotasun irizpideei dagokienez. Hitzartutako jarduerak eta prestazioak osasun-administrazioak une bakoitzean duen programazio edo plangintza zehatzera egokitu beharko dira, eta titulartasun publikoko zentroen ikuskapen eta kontrol sanitario, administratibo eta ekonomiko berberak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, lotutako sektore pribatuak eutsi egiten dio zentro lotuen titulartasunari, bai eta haietan lan egiten duten langileen lan-harremanen edo harreman zibilen titulartasunari ere.

Era berean, xedapen gehigarri horren bigarren apartatuak arau-esparru berri bat ezartzen du, xedatzen baitu lotura-hitzarmen bereziek xedapen horretan ezarritakoa bete beharko dutela, bai eta erregelamendu bidez ezartzen dena eta, osagarri gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzekoa zaion araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen arloan indarrean dagoen araudia ere. Horrenbestez, bertan jasotako xedapenak garatzeko arauzko xedapen bat eman behar da.

Arau honen bidez, beraz, esparru arautzailea osatu nahi da, eremu soziosanitarioan lotura-hitzarmen bereziak izenpetzeari dagokionez. Horretarako, osasun-administrazioari tresna bat emanen zaio, segurtasun juridiko osoz eta kontratu-formuletatik at, osasun-sektore publikoaren eta irabazi-asmorik gabeko sektore pribatuaren arteko lankidetza ahalbidetzeko, azken hauen baliabideak antolaketan integratuz, modu eraginkorragoan eta efizienteagoan erabiltzeko, Nafarroan osasun-laguntzaren oinarri diren printzipioak une oro zainduz.

Horregatik, foru dekretu honetan jasotzen dira, besteak beste, hitzarmena sinatzeko beharrezkoak diren funtsezko eta prozedurazko betekizunak, hitzarmenen gutxieneko edukia, iraupena eta ondorioak, eta horiek azkentzeko arrazoiak. Nabarmentzekoa da, prozedurari dagokionez, berdintasun, gardentasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioen mesedetan, deialdi publikoa aukeratu dela lotura-hitzarmen bereziak egiteko mekanismo arrunt gisa, hargatik eragotzi gabe deialdi hori ez egiteko aukera, hitzarmena entitate zehatz batekin izenpetzea justifikatzen duten arrazoiak daudenean.

Foru dekretua ematen da Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 53. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan eta 49.1 artikuluaren c) eta d) apartatuetan Nafarroako Foru Komunitateari aitortutako eskumenak baliatuz.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko urtarrilaren hogeita seiko bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da arautzea Nafarroako Foru Komunitatean dauden titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro eta zerbitzu sanitario eta soziosanitarioekin lotura-hitzarmen bereziak.

2. artikulua . Loturahitzarmen bereziak sinatzeko baldintzak.

1. Lotura-hitzarmen berezi bat sinatzeko, zentro eta zerbitzu sanitario eta soziosanitarioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Behar den administrazio-baimena izatea eta inskribatuta egotea Osasun Departamentuko Osasun Zentro, Zerbitzu eta Establezimenduen Erregistroan.

b) Irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa eratuta eta erregistratuta egotea edo estatutuetan agertzea edozein onura beren helburu sozialetan inbertituko dela, eta hitzarmen honen xedeko zerbitzuak eman ahal izateko araudi sektorialak eskatzen dituen baldintzak betetzea.

c) Erantzukizun zibileko asegurua izatea, hitzarmenaren xedeko zerbitzuak estaltzeko.

d) Ekonomia, kontabilitate, zerga, lan, Gizarte Segurantza, emakumeen eta gizonen berdintasun arloetan indarrean dagoen araudia eta osasun-arloan aplikatu beharreko bateraezintasunei buruzko legeria betetzea.

e) Hitzarmenaren xedeko zerbitzuak emateko egokiak direla egiaztatzea, zerbitzua ematen hasteko unean azpiegituren, antolamenduaren, langileen eta funtzionaltasunaren aldetik egitura nahikoak edukitzea barne.

2. Aurreko paragrafoan ezarritako betekizunei eutsi egin beharko zaie lotura-hitzarmen berezia indarrean dagoen bitartean.

3. artikulua . Loturahitzarmen bereziak egiteko prozedura.

1. Prozedura hasiko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez, erakunde horretako Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak txostena egin ondoren. Txosten horretan egiaztatuko da badaudela zirkunstantziak eskatzen dutenak hitzarmenera jotzea osasun-prestazio jakin batzuk kudeatzeko. Txosten horrekin batera, memoria bat aurkeztuko da, hitzartu beharreko prestazioen xedea eta baldintzak jasoko dituena.

Halaber, loturaren kostuaren gehieneko zenbatekoari buruzko memoria ekonomiko bat erantsiko da, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritako edozein modalitateren bidez formulatu ahalko dena, bai eta aurrekontu-baliabideak daudela egiaztatzen duen agiri bat ere.

2. Hitzarmenera jo behar dela egiaztatu ondoren, lotura-hitzarmen berezia egiteko deialdia argitaratuko da, irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek kudeaketa-formula horretara jo nahi dutela adieraz dezaten.

3. Hitzarmena sinatu nahi duten erakundeek deialdian adierazitako epearen barruan aurkeztuko dute eskabidea, honako agiri hauek barne:

a) Erakundearen titularraren jarduteko gaitasuna eta eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna eta ordezkaritza egiaztatzen dituzten agiriak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, behar den administrazio-baimena dutela eta Osasun Departamentuko Osasun Zentro, Zerbitzu eta Establezimenduen Erregistroan inskribatuta daudela adierazten duena.

c) Irabazi-asmorik ez dutela egiaztatzen duten agiriak.

d) Hitzarmenaren xedeko zerbitzuak estaltzen dituen erantzukizun zibileko asegurua.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, hitzarmenaren xedeko zerbitzuak eman ahal izateko araudi sektorialak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituztela adierazten duena.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, ekonomia, kontabilitate, zerga, lan eta gizarte segurantza arloetan indarrean dagoen araudia eta osasun-arloan aplikatu beharreko bateraezintasunei buruzko legeria betetzen dituztela adierazten duena.

g) Ziurtagiriak, indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen dutenak.

h) Erakundearen instalazioen, ekipamenduen eta profesionalen memoria.

i) Erakundearen zerbitzuen eta prestazioen zorroaren deskribapena.

j) Erakundearen finantza-auditoretza, eskaera formulatzen denetik gutxienez 6 hilabete lehenago egindakoa, aurkeztutako dokumentazioan jasotako inguruabarrak ez direla aldatu egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.

k) Deialdian eskatutako agiriak, foru dekretu honen 4. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko.

4. Eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabideak Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak edo horretarako eratutako batzorde teknikoak baloratuko ditu, deialdian ezarritako hautaketa-irizpideen arabera.

Zuzendaritza horrek, era berean, aldeko txostena eman beharko du deialdiaren xedeko osasun-prestazioa egiteko balorazioaren arabera proposamen onena egin duen erakundearen egokitasunari buruz.

5. Aurreko txostenak justifikazio gisa balioko du dagokion lotura-hitzarmen bereziaren proposamena egiteko, foru dekretu honen 5. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.

6. Proposamena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak bidaliko dio osasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari, hark onar eta sina dezan. Proposamenarekin batera, txosten juridiko bat bidaliko da, prozeduraren tramitazioari eta hitzarmen bereziaren proposamena ordenamendu juridikora egokitzeari buruz, baita kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa ere.

Sinatutako hitzarmena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da.

7. Eskabideak ezetsitzat jo ahal izanen dira aurkezteko epea amaitu zenetik hiru hilabetera, ez bada sinatu egindako deialdiaren ondoriozko lotura-hitzarmen berezirik.

8. Artikulu honetan ezarritako prozedura gorabehera, ez da deialdi publikorik eginen baldin eta, osasun-baliabideen planifikazioari begira, osasun-baliabideak planifikatzeko arrazoi objektiboek -geografiagatik edo zerbitzuen zorroagatik- justifikatzen badute hitzarmena erakunde jakin batekin sinatzea.

4. artikulua . Hautaketairizpideak.

1. Lotura-hitzarmen berezia egiteko deialdian, hitzarmena sinatuko duen erakundea hautatzeko aplikatuko diren irizpideak zehaztuko dira.

2. Deialdiak honako hautaketa-irizpide hauetatik hiru zehaztuko ditu gutxienez:

a) Ezarria egotea zerbitzua emanen den herri edo eremu geografikoan.

b) Erakundearen egitura, baliabideak, ekipamendua eta zerbitzuen zorroa.

c) Zerbitzuan emandako esperientzia-urte egiaztatuak.

d) Beste erakunde batzuekin sarean lan egitearen esperientzia, haien jarduera hitzarmeneko zerbitzua emateko osagarria denean.

e) Administrazio publikoek egindako auditoretza-txostenak.

f) Erabiltzaileen balorazioa, aurretik zerbitzua eman badute.

g) Kalitate-ziurtagiriak eta esperientzia egiaztatua zerbitzuen kudeaketan eta hobekuntzan.

h) Jarraitutasuna eta kalitatea emandako laguntzan.

i) Pertsona errotua egotea arreta emanen den ingurunean.

j) Jardunbide egokiak gizarte eta lan arloetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeko neurriak barne.

k) Erabiltzaileak zerbitzuen prestazioan eta ebaluazioan benetan inplikatzeko mekanismoak ezartzea.

l) Erakunde eskatzailearen gaitasuna eta egokitasuna baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein.

5. artikulua . Hitzarmenen edukia.

Lotura-hitzarmen bereziek, gutxienez, honako alderdi hauek zehaztu beharko dituzte:

a) Hitzarmen berezia sinatzen duten alderdien identifikazioa eta alderdi bakoitzak jarduteko duen gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna.

b) Hitzarmen bereziaren xedea, lotzen diren zentroaren zerbitzu, baliabide eta prestazioak adierazita.

c) Foru dekretu honen 2. artikuluan hitzarmena sinatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

d) Osasun-laguntza publikorako eskubidea duten erabiltzaileek zentroko edo zerbitzuko prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko araubidea. Araubide horrek ziurtatuko du osasun-laguntza dohainik eta berdintasunez emanen dela.

e) Hitzarmenaren finantzaketa edo araubide ekonomikoa, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan adierazitako baldintzetan eta bertan ezarritako modalitateen artean, eta, hala badagokio, prezioak berrikusteko edo eguneratzeko araubidea.

f) Hitzarmenaren xedeko zerbitzuak ordaintzeko araubidea eta horretarako aurkeztu behar den dokumentazioa.

g) Indarraldia, foru dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, hala badagokio, luzatzeko aukera.

h) Lotutako zentro eta zerbitzuak ikuskatzeko araubidea.

i) Hitzarmenaren betearazpenaren ebaluazio tekniko eta administratiborako sistema; gutxienez, garatutako jardueren urteko memoria eta hitzarmenaren aurrekontua gauzatu dela justifikatzen duen urteko memoria izanen ditu.

j) Hitzarmena sinatzen duen erakundearen obligazioak gardentasun-betebeharrak betetzeko, publizitate aktiboa egiteari eta informazioa emateari dagokienez.

k) Ez-betetzeagatiko zigorrak, kontuan izanik ez-betetze bat lotura-hitzarmen berezia suntsiarazteko kausa izan daitekeela.

l) Hitzarmena iraungitzeko arrazoiak.

m) Hitzarmenaren jarraipen batzordearen osaera eta eginkizunak zehaztea, foru dekretu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

n) Hitzarmena aldatzeko araubidea.

6. artikulua . Loturahitzarmen berezien iraupena.

1. Lotura-hitzarmen bereziek gehienez ere hogei urteko iraupena izanen dute, horien balizko luzapena barne; luzapen hori ezin izanen da lau urtetik gorakoa izan. Hasieran itundutako baldintza ekonomikoak berrikusi eta aldatu ahal izanen dira lotura-hitzarmen berezian zehaztutako moduan eta epeetan.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak lotutako zentroari eskatu ahal izanen dio hitzarmenean adostutako baldintza teknikoak berrikusteko eta, hala badagokio, aldatzeko.

7. artikulua . Jarraipen batzordea.

1. Hitzartutako laguntza-jarduera kudeatzeko batzorde bat eratuko da, eta hitzarmena betetzearen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteaz gain, hitzarmenean ezartzen diren ahalmenak izanen ditu.

2. Batzordeak lau kide izanen ditu: bi osasun-arloan eskumena duen departamentuak izendatuko ditu, eta beste bi lotutako zentroaren pertsona fisiko edo juridiko titularrak. Departamentu horrek izendatutako kideetako bat izanen da batzordeburua. Batzordea osatzean, ahal dela, bete eginen da emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekatuaren printzipioa.

Kideak edozein unetan ordezkatu ahal izanen dira, ordezkatzen duten erakundeak proposatuta.

3. Batzordearen antolamendua eta funtzionamendua kide anitzeko organoak arautzen dituen foru-araudiaren arabera zehaztuko dira.

8. artikulua . Loturahitzarmen berezi bat sinatzearen ondorioak.

1. Oro har, lotutako osasun-zentroen jarduerek zuzenbide pribatuaren mende segituko dute, lan-, zerga-, ondare- eta kontabilitate esparruei dagokienez.

2. Lotutako zentro eta zerbitzuek osasun-zerbitzu publikoen plangintzaren arloan osasun-arloan eskumena duen departamentuko organoek hartzen dituzten erabakietara egokitu beharko dituzte beren jarduerak eta hitzartutako prestazioak, eta titulartasun publikoko zentroen ikuskapen eta kontrol sanitario, administratibo eta ekonomiko berberak bete beharko dituzte.

3. Lotutako zentro eta zerbitzuek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eskatzen dien informazio sanitarioa eta estatistikoa eman beharko dute.

4. Hitzarmena sinatu duen erakundeak eutsi eginen dio hitzartutako jarduera ematen den zentro, zerbitzu eta instalazioen titulartasunari, bai eta haietan lan egiten duten langileen lan-harremanei eta harreman zibilei ere. Hala ere, hitzarmen bakoitzean mekanismoak ezarri ahal izanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendeko osasun-langileen eta lotutako zentroko langileen arteko lankidetzarako, laguntzaren kalitatea hobetzeko eta baliabideen erabilera optimizatzeko.

5. Hitzarmenaren indarraldiko edozein unetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egiaztatu ahal izanen du itundutako baldintzak betetzen direla, laguntza-prozesuaren kalitatea taxuzkoa dela eta, oro har, lotura-hitzarmen bereziaren ondoriozko jarduerak egokitzen direla aplikatu beharreko osasun- eta administrazio-arauetara.

6. Zentro lotuek, hitzartutako laguntza-jardueraz gain, izaera pribatuko beste laguntza-jarduera batzuk ere egin ahal izanen dituzte. Nolanahi ere, beste jarduera horiek osagarriak izan beharko dute, eta ezinen dute inolako aldaketarik eragin hitzartutako jardueraren ohiko funtzionamenduan.

Ondorio horietarako, laguntza-jarduera osagarritzat hartuko dira atxikitako zentroen beste jarduera batzuk, hitzarmenaren xede ez direnak.

7. Hitzarmena sinatu duen erakundeak ezin izanen du hitzarmenaren xedeko jarduerak edo zerbitzuak finantzatzeko diru-laguntzarik jaso.

9. artikulua . Hitzarmenak azkentzeko arrazoiak.

1. Lotura-hitzarmen bereziak honako arrazoi hauengatik azkenduko dira:

a) Indarraldia betetzea.

b) Hitzarmena sinatu duten alderdiek azkentzea adostea.

c) Alderdi sinatzaileetako edozeinek hitzarmenaren funtsezko betebeharrak larriki ez betetzea, aldez aurretik horretarako errekerimendua eginda ez-betetzea konpontzen ez denean.

d) Titularra den pertsona juridikoa azkentzea.

e) Hitzartutako erakundearen administrazio-baimena errebokatzea.

f) Hitzarmena sinatzeko eskatutako edozein baldintza gerora ez betetzea.

g) Zerbitzua emateko hitzartutako erakundea bere borondatez uztea, behar bezala baimenduta.

h) Aplikatzekoa den Estatuko eta autonomia-erkidegoko osasun-araudian osasun-zerbitzuen erabiltzaileei aitortutako edozein eskubide urratzea.

i) Hitzarmenaren titularraren bideragarritasun ekonomikorik eza, auditoretza-txostenen bidez egiaztatua.

j) Zerga, lan, gizarte segurantzako edo bateraezintasunen arloko legeriaren arabera larria den arau-haustea egitea.

k) Une bakoitzean indarrean dauden baimen- edo egiaztapen-arauak ez betetzea.

l) Administrazioak bideratutako erabiltzaileei arreta emateari uko egitea edo administrazioak baimendu gabeko hitzartutako zerbitzuak ematea.

m) Hitzartutako zerbitzuak zuzenean kudeatzea bitarteko publikoekin, lehen bezala.

n) Hitzarmenean berariaz ezartzen diren beste batzuk.

2. Hitzarmena azkendutzat jo ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak behar diren neurriak hartuko ditu hitzarmenaren xedeko prestazioen jarraitutasuna bermatzeko.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Nafarroako Parlamentuak berrestea.

Lotura-hitzarmen bereziak onetsi eta sinatzeko, beharrezkoa izanen da Nafarroako Parlamentuak aldez aurretik berrestea, azaroaren 16ko 13/2012 Foru Legearen (osasunaren eta gizarte-zerbitzuen esparruko gizarte-itunei buruzkoa) bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

Bigarren xedapen gehigarria.-Gaikuntza.

Bere eginkizunen eremuan, osasun-arloan eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan aurreikusitakoa behar bezala betetzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 26an-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2201214

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web