(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2022 FORU LEGEA, URTARRILAREN 26KOA, ZENBAIT FUNDAZIOREN ZUZENDARITZA ORGANOAK ARAUTZEN DITUEN OTSAILAREN 17KO 2/2014 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

BON N.º 21 - 31/01/2022; corr. err., BON 7/03/2022



  “II BIS KAPITULUA. BABESLETZA


Texto

HITZAURREA

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzen duen apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legea onetsi ondoren funtsean aldatu da fundazioen araubide juridikoa, eta horrek eragin du Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea onestea, zeinak lehendik dagoen araudia Foru Berriari egokitzen dion eta Foru Berriaren 42. legearen babesean eratutako fundazio guztiei aplikatu beharreko araudi substantiboa biltzen duen.

Araudi berria gorabehera, 2/2014 Foru Legeak bere indarrari eusten dio, aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioek izaera berezia dutelako.

Nafarroako kasuan, Nafarroako Kutxa Fundazioa Nafarroako Kutxaren oinordekoa da. Azken horrek nortasun propiodun kreditu erakundea izateari utzi zion bere finantza-negozioa Banca Cívica banketxeari eskualdatzean –gero Caixabankek xurgatuko zuen– eta banku fundazio bilakatu zen Nafarroako Kutxaren ongintza- eta gizarte-ekintzaren muina izandakoa kudeatzeaz arduratzeko, Kreditu Erakundeak Berregituratzeari eta Suntsiarazteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aplikatuta.

Caixabank SAk Bankia SA xurgatu eta biek bat egin izana Valentziako Merkataritza Erregistroan inskribatzearen ondorioz, 2021eko martxoaren 26az geroztik Nafarroako Kutxa Fundazioak jada ez ditu betetzen aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzko araudiak banku fundazioa izateko eskatzen dituen baldintzak. Beraz, fundazio arrunt bilakatu behar da.

Kontuan izanda Nafarroako Kutxa Fundazioaren jatorria eta haren ezaugarri berezia, justifikatuta dago fundazio horiek bestelako araubidea izatea, parte-hartze eta kontrol publiko zabalagoarekin eta gardentasun-arauei lotua.

1. artikulua . Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legea aldatzea.

Aldaketa hauek egiten zaizkio Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legeari:

Bat.-Beste testu bat ematen zaio atarikoari, eta honela gelditzen da:

“Foru lege honen xedea da otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legea aldatzea; lege horrek aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioen zuzendaritza organoak arautzen ditu.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzen duen apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legea onetsi ondoren funtsean aldatu da fundazioen araubide juridikoa, eta horrek eragin du Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea onestea, zeinak lehendik dagoen araudia Foru Berriari egokitzen dion eta Foru Berriaren 42. legearen babesean eratutako fundazio guztiei aplikatu beharreko araudi substantiboa biltzen duen.

Araudi berria gorabehera, 2/2014 Foru Legeak bere indarrari eusten dio, aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioek izaera berezia dutelako.

Nafarroako kasuan, Nafarroako Kutxa Fundazioa Nafarroako Kutxaren oinordekoa da. Azken horrek nortasun propiodun kreditu erakundea izateari utzi zion bere finantza-negozioa Banca Cívica banketxeari eskualdatzean -gero Caixabankek xurgatuko zuen- eta banku fundazio bilakatu zen Nafarroako Kutxaren ongintza- eta gizarte-ekintzaren muina izandakoa kudeatzeaz arduratzeko, Kreditu Erakundeak Berregituratzeari eta Suntsiarazteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aplikatuta.

Caixabank SAk Bankia SA xurgatu eta biek bat egin izana Valentziako Merkataritza Erregistroan inskribatzearen ondorioz, 2021eko martxoaren 26az geroztik Nafarroako Kutxa Fundazioak jada ez ditu betetzen aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzko araudiak banku fundazioa izateko eskatzen dituen baldintzak. Beraz, fundazio arrunt bilakatu behar da.

Kontuan izanda Nafarroako Kutxa Fundazioaren jatorria eta haren ezaugarri berezia, justifikatuta dago fundazio horiek bestelako araubidea izatea, parte-hartze eta kontrol publiko zabalagoarekin eta gardentasun-arauei lotua. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legea aldatzea egungo errealitate juridiko eta sozialera egokitzeko”.

Bi.-Beste testu bat ematen zaio 3. artikuluari, eta honela gelditzen da:

“3. artikulua. Patronatuaren osaera.

1. Patronatua honako hauek osatuko dute, patronatukide gisa:

a) Bost kide Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak hautatuak. Foru parlamentari bakoitzak hiru hautagai bozkatu ahalko ditu, gehienez ere.

b) Nafarroako Gobernuak hautaturiko hiru kide.

c) Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak hautaturiko kide bat.

2. Hautagaiek ospe profesional egiaztatua, jakintza eta esperientzia izan beharko dituzte fundazioaren xedeekin zerikusia duten arloetan. Estatutuetan zehaztuko da nola.

3. Beste edozein araudi indardun aplikatzearen ondorioz izan ditzaketen bateraezintasunez gainera, ezin izanen dira patronatuko kide hautatu edo izendatu egoera hauetan dauden pertsonak:

a) Konkurtsopean eta desgaituta daudenak, desgaikuntza aldia amaitu arte.

b) Kargu publikoetan aritzeko desgaikuntza orokorra edo berezia dakarren zigorrera kondenatuak.

c) Administrazio publikoen zerbitzuko langileak, fundazioei dagozkien jarduerekin zuzeneko zerikusia duten eginkizunak baldin badituzte.

d) Karguetarako hautatzen dituzten unean edo karguetan aritu bitartean fundazioarekin zorrak dituztenak, mugaeguneratuak eta galdagarriak, edozein motatakoak.

e) Fundazioaren aurka auzitegietan edozein erreklamazio dutenak, salbu eta lan-arloko erreklamazioak edo patronatuko kideek aurkezten dituztenak.

f) Lau merkataritza-sozietate edo entitate korporatibotan baino gehiagotan administrazio kontseiluko edo pareko organoko kide direnak. Salbuesten dira Fundazioaren ordezkari bezala edo hark hautaturik betetzen diren karguak.

g) Lotura dutenak fundazioarekin edo sozietate edo banku entitateekin, baldin eta sozietate edo banku entitate horietan fundazioak kapitalaren ehuneko 20tik gorako partaidetza badu obra-, zerbitzu- nahiz hornidura-kontratuaren bidez edo ordaindutako lanaren bidez. Bateraezintasun bera aplikatuko zaie honako hauei: ezkontide eta parekoei; eta sozietateei, baldin eta patronatukideak, zuzenean nahiz zeharka, bakarrik, ezkontidearekin batera nahiz aurreko edo ondorengo ahaideekin batera, ehuneko 20tik gorako partaidetza badu, edota horietakoren batek lehendakari, kontseilari delegatu edo pareko kargua badu.

h) Patronatukide, lehendakari, kontseilari, administratzaile, zuzendari, kudeatzaile, aholkulari edo antzeko kargu edo lanpostua dutenak banku entitateetan edo banku entitateen fundazio edo erakundeetan.

i) Hautespen bidezko edozein kargu politiko dutenak Europar Batasuneko, Estatuko, autonomia erkidegoetako edo Nafarroako Foru Komunitateko edo tokiko erakundeetan.

j) Goi kargua dutenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Estatuko Administrazio Orokorrean, Toki Administrazioan edo horiekiko lotura edo menpekotasuna duten sektore publikoko entitateetan, zuzenbide publikokoak nahiz pribatukoak izan.

k) Betearazpen edo zuzendaritza kargua dutenak alderdi politiko, enpresa elkarte edo sindikatu batean.

Artikulu honetako g), i), j) eta k) letretan aipatutako bateraezintasunek iraun eginen dute lotura edo kargua amaitu eta gero, hori amaitzen den egunetik bi urte igaro arte.

4. Patronatuko lehendakaria gehiengo osoz eta bozketa sekretuaren bidez hautatuko da patronatuko kideen artetik.

5. Patronatuaren bileretan izanen dira, halaber, zuzendari eta idazkari izateko izendatutako pertsonak, salbu eta zuzenean dagozkien lan-aferak direnean hizpide. Pertsona horiek hitza izanen dute, baina botorik ez. Ez zuzendaria ez idazkaria ez dira patronatukide izanen.

6. Patronatuaren osaera ahalik eta paritarioena izanen da. Horretarako, erakunde proposatzaile guztiek parekidetasun irizpideak erabiliko dituzte beren proposamenetan”.

Hiru.-Beste testu bat ematen zaio 4. artikuluari, eta honela gelditzen da:

“4. artikulua. Patronatukideak izendatzea eta karguaz jabetzea.

Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babesletzari jakinaraziko dizkiote patronatukide kargurako hautaturiko pertsonen izenak. Horiek kargua onartu beharko dute Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritako eran, izendatzen dituztenetik hasita hilabeteko epea igaro baino lehen”.

Lau.-Beste testu bat ematen zaio 5. artikuluari, eta honela gelditzen da:

“5. artikulua. Patronatukide karguaren iraunaldia.

Patronatukideek sei urte iraunen dute karguan; hiru urtean behin, karguen berritze partziala eginen da, estatutuetan ezarritako moduan egin ere, eta karguak ezin izanen dira berriz ere hautatuak izan hurrengo agintaldian”.

Bost.-Aldatu egiten da 6. artikuluko g) letra, eta honela idatzita gelditzen da:

“g) Fundazio bereziaren iturri den erakunde nagusia sortu zenez geroko dokumentazio osoa zaintzea. Gainera, kasua bada, beharrezkoak diren zuzemenak eginen ditu jatorriaren arabera dagokion dokumentazioa berreskuratzeko”.

Sei.-Beste testu bat ematen zaio 8. artikuluari, eta honela gelditzen da:

“8. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

1. Edozein araudi indardun aplikatuta egokitzen ahal zaizkion ahalmenez gain, patronatuak honako ahalmen hauek ditu:

a) Patronatuak ahalmenak ditu fundazioaren gobernuarekin, ordezkaritzarekin eta administrazioarekin zerikusia duten gai guztiei buruz, estatutuetan jasotakoarekin bat.

b) Patronatuari dagokio fundazioaren estatutuak onetsi, aldatu eta interpretatzea, aurrez babesletzak nahitaezko txostena emanda. Estatutuak inola ere ezin dira izan foru lege honetan eta gainerako araudi indardunean ezarritakoaren kontrakoak.

Estatutuak onesteko, aldatzeko eta interpretatzeko, patronatuko kideen gehiengo osoak hartutako erabakia beharko da.

Estatutuak, beren aldaketak eta interpretazioari buruzko erabakiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta fundazioaren web orrian argitaratuko dira.

c) Patronatuari dagokio aurrekontuak prestatzea eta ekitaldi bakoitzean fundazioaren urteko kontuak onestea patronatukideen gehiengo soilak hartutako erabakiaren bidez.

Aurrekontuetan jasotako gastu aurreikusiek ezin izanen dute ehuneko 25etik gorako igoerarik izan ekitaldirako aurreikusitako guztizko diru-sarrerekin alderatuta, non eta babesletzak berariazko baimena ematen ez duen.

Aurrekontuetan jasotako gastu aurreikusiek ezin izanen dute ehuneko 10etik gorako igoerarik izan aurreko ekitaldiko aurrekontuan jaso ziren gastu aurreikusiekin alderatuta, non eta babesletzak berariazko baimena ematen ez duen.

Aurrekontuak eta urteko kontuak, onetsi eta gero, publikoak izanen dira.

d) Patronatuari dagokio fundazioaren urteko kontuak auditatuko dituen sozietatea izendatzea.

Izendapen hori eta auditoretzaren txostena publikoak izanen dira.

e) Jokaera Kode Etikoa onestea.

f) Fundazioaren egitura organikoa eta horren aldaketak onestea, bai eta zuzendaritza karguetan izanen direnak hautatzea ere.

g) Fundazio bereziaren dokumentazio osoa ordenatu, sailkatu eta kudeatzea, bai eta fundazioaren iturri izandako entitatearen edo entitateen dokumentazio osoa ere. Foru parlamentariek dokumentazio hori eskatu ahalko dute Parlamentuko Erregelamenduan ezarritako prozeduraren bidez. Halaber dokumentazio horrek Nafarroako gainerako erakunde publikoen eskura egon beharko du. Eskuratzeko protokoloa prestatuko da eta patronatuko kideen gehiengoak onetsi beharko du.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako ahalmenak ez dira inoiz ere delegatuko”.

Zazpi.-II bis kapitulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

“II BIS KAPITULUA. BABESLETZA

“II BIS KAPITULUA

9 bis artikulua. Babesletza: izaera eta eginkizunak.

1. Fundazioaren babesletza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio. Ekonomia eta ogasun arloan eskumena duen departamentuaren bidez edo eskumena erregelamenduz esleitzen zaion departamentuaren bidez beteko du eginkizun hori.

2. Babesletzak, araudi indarduna aplikatuta egokitzen zaizkion ahalmenez gain, honako ahalmen hauek izanen ditu:

a) Fundazioaren legezkotasuna eta funtzionamendu ona zaintzea, estatutuen arabera fundazioak dituen helburuak egoki betetzen direla egiaztatuz eta interes orokorra lortu behar dela aintzat hartuz.

b) Fundazioaren ondarearen osotasuna, nahikotasuna eta errentagarritasuna zaintzea, eta egiaztatzea ea fundazioaren baliabide ekonomikoak fundazioaren helburuak betetzeko erabili diren, estatutu hauetan eta legean ezarritako eran. Horretarako beharrezkoa den informazioa eskatu ahalko dio patronatuari.

c) Babesletzaren ordezkari bat izendatzea, fundazioaren kide anitzeko organoen bilkuretan parte hartu ahal dezan, hizpidearekin baina botorik gabe.

d) Bere babes eginkizuna betetzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatzea fundazioari.

e) Fundazioan ikuskapenak egitea: aldian behingoak, fundazioaren funtzionamenduari eta jarduerari buruzko arau orokorrak eta estatutuetakoak betetzen direla egiaztatzeko, eta bereziak, fundazioaren edozein jarduera edo alderdi espezifikoren gainean.

f) Fundazioaren gobernu organoaren eginkizunetan behin-behinean aritzea, hura osatu behar duten pertsona guztiak falta badira, edozein arrazoi tarteko; eta fundazioa azkentzeko eskatzea.

g) Patronatukideen erantzukizuna eskatzeko akzioa egikaritzea legean jasotako kasuetan.

h) Fundazioaren organoen egintzak eta erabakiak aurkaratzea, fundazioa arautzen duten legeetako edo estatutuetako manuen kontrakoak direnean.

i) Fundazioaren bat-egiteetarako eta fundazioa azkentzeko baimenak eta patronatuak erabakiak hartzeko baimenak ematea estatutu hauetan eta legeetan aurreikusitako kasuetan.

j) Fundazioa likidatzeko prozesua kontrolatzea.

k) Legeek esleitzen dizkioten beste eginkizun guztiak.

l) Ekitaldirako aurreikusitako guztizko diru-sarrerak ehuneko 25eko aldeaz gainditzen dituzten gastuak baimentzea.

m) Aurreko ekitaldiko aurrekontuan jasotako gastu aurreikusiekin alderatuta ehuneko 10etik gorako igoera duten gastuak baimentzea.

n) Nahitaezko txostena ematea foru lege honen aplikazio eremuan dauden fundazioen estatutu-proiektuei buruz, bai eta estatutu horien aldaketei buruz ere”.

Zortzi.-11., 12., 13. eta 14. artikuluak kentzen dira.

Bederatzi.-Beste testu bat ematen zaio 15. artikuluari, eta honela gelditzen da:

“15. artikulua. Fundazioaren betebeharrak.

1. Foru lege honen menpeko fundazioen organo guztiak indarrean dagoen legediari eta estatutuei lotuko zaizkie jarduteko, eta etikaren, gobernu onaren eta profesionaltasunaren printzipioak beteko dituzte.

2. Fundazioek urtero emanen diote beren jardunaren berri Nafarroako Parlamentuari, lehendakariak eginiko agerraldi batean.

Nafarroako Parlamentuak fundazioaren organoen titularrak agertzeko eskatu ahalko du. Titularrek laguntza eman beharko diote Parlamentuari, eta eskatzen dien informazioa eskuratuko diote.

3. Foru lege honek arautzen dituen fundazioei urtero eginen zaie jardueraren auditoria, eta babesletzak aztertu eginen du, esleituta dauzkan eginkizunen barnean. Auditoria hori onetsi eta gero Nafarroako Parlamentuari igorriko zaio.

4. Fundazioaren jardueraren, bere patronatuaren, haien egintza, kontratu, hitzarmen eta diru-laguntza nagusien eta foru lege honetan aipatzen diren egintzen publizitatea fundazioaren web orri baten bidez eginen da.

Aipatu atarian argitaratuko da, halaber, fundazioaren funtsetatik, edozein kontzepturengatik, 15.000 euro baino gehiago jasotzen dituzten pertsonen zerrenda, eta kopuru horren kontzeptua eta zenbateko zehatza. Aurrekotik salbuetsita daude fundazioarekin lan harremana duten pertsonen ordainsariak, zuzendariarenak izan ezik”.

Hamar.-Lehen xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Lehen xedapen gehigarria.

Foru lege honetan xedatzen ez den orotan, fundazioei aplikatzekoa zaien foru araubidean ezarritakoari jarraikiko zaio; bereziki, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakoari”.

Hamaika.-Bigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Bigarren xedapen gehigarria.

Ezertan ukatu gabe Nafarroako Parlamentuaren kontrola, foru lege honetan eta legeetan oro har ezartzen den moduan, foru lege honen menpeko fundazioen jardunaren autonomia bermatzen da, gainerako edozein erakunde publikorekiko”.

Hamabi.-Hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Hirugarren xedapen gehigarria.

Foru lege honen menpeko fundazioak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen aplikazio eremu subjektiboan sartuko dira”.

Hamahiru.-Laugarren, bosgarren eta seigarren xedapen gehigarriak kentzen dira.

Hamalau.-Lehen xedapen iragankorraren 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Aurrezki kutxen gobernu-organoei eta entitate horien araubide juridikoaren gaineko beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren babesean Nafarroan eratu diren izaera bereziko fundazioek, banku fundazioa edo fundazio berezia izateari uzten badiote, foru lege honetako xedapenetara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, eta horretarako hiru hilabeteko epea izanen dute, banku fundazioa edo fundazio berezia izateari uzten diotenetik aurrera. Foru lege honek indarra hartzen duenerako jada banku fundazioa edo fundazio berezia izateari utzi dioten fundazioek, berriz, indar-hartze horretatik hiru hilabete igaro baino lehen egokitu beharko dituzte beren estatutuak foru lege honetako xedapenetara.

Estatutuak onesten direnean, patronatuko kideek beren karguak utziko dituzte eta hilabeteko epean patronatu berriko kideak hautatuko dira foru lege honetan eta fundazioaren estatutuetan ezarritako eran.

Salbuespenez, estatutuen egokitzapena ez bada egiten aurreko apartatuan ezarritako epean, foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten estatutuen xedapenak indarrik gabe geratuko dira. Halaber, egungo patronatukideak kargutik kenduko dira eta Patronatu berri bat izendatuko da hilabeteko epean. Patronatu berriak estatutuen egokitzapena eginen du hiru hilabeteko epean”.

Hamabost.-Bigarren xedapen iragankorra aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Lehendabiziko patronatua berritzea.

Lehendabiziko agintaldian zehar, salbuespenez, estatutuetan ezarritako prozedurari jarraikiz hautatutako lau kidek kargua utziko dute agintaldia hasi eta hiru urtera, 5. artikuluan aurreikusitako berritze partziala bermatzeko. Patronatuko lehendakariak kargu-uzte horien berri emanen die kasuko entitateei muga-eguna baino bi hilabete lehenago, hautagai berriak izenda ditzaten”.

Hamasei.-Hirugarren eta laugarren xedapen iragankorrak kentzen dira.

2. artikulua . Maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea aldatzea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

2. artikuluaren 1. apartatuari j) letra gehitzen zaio. Honako testu hau izanen du:

“j) Aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioak”.

Azken xedapen bakarra.-Foru legeak indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 26an.-Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2201249

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web