(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2022 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 11KOA, ESKUBIDE SOZIALETAKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ GARATZEN BAITA ERABILERA LIBREKO PRESTAZIO EKONOMIKOA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO EGOITZA-ZERBITZUETAN BIZI DIREN ADINEKO PERTSONENTZAT, MENDEKOTASUN EGOERAN DAUDEN PERTSONENTZAT, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAT EDO GAIXOTASUN MENTAL LARRIA DUTEN PERTSONENTZAT

BON N.º 12 - 18/01/2022



Atariko

Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena du gizarte laguntzaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan ezarri bezala.

Gizarte Zerbitzuei buruzko ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak aurreikusten dituen prestazio bermatuen artean, erabilera libreko prestazio ekonomiko bat ezartzen da egoitza-arretarako baliabideetan bizi diren eta baliabide ekonomikorik ez duten adineko pertsonentzat, mendekotasun egoeran daudenentzat, desgaitasuna dutenentzat eta gaixotasun mental larria dutenentzat.

Prestazio horren helburua da egoitza-zerbitzu batean edozein modalitatetan bizi diren pertsonen erabilera libreko gastuak berdintzea, ez berek ez familiek baliabiderik ez dutenean. Gastu horien artean daude norberaren higienerako produktuetan egiten direnak, arropakoak, garraiokoak, aisialdikoak eta abar.

Prestazio hau osagarria eta subsidiarioa da indarrean dauden legeetan aurreikusitako beste edozein motako baliabide edo prestazio ekonomikoekin, eta horiek osotara erabili beharko dira prestazio hau eskatu aurretik.

Foru agindu honen xedea da erabilera libreko prestazio ekonomiko horren araubidea garatzea, prestazioa behar bezala kudeatu eta emateko.

Arau honi buruzko kontsulta egin zaie Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari, Desgaitasuna duten Pertsonen Kontseiluari eta Nafarroako Adinekoen Kontseiluari, bat etorriz kontsulta-organo horiek arautzen dituen araudian eskatutakoarekin.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da erabilera libreko prestazio ekonomiko baten araubidea garatzea, hots, Nafarroako Foru Komunitateko egoitza-zerbitzuren batean bizi eta baliabide ekonomikorik ez duten adineko pertsonentzat, mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat eta gaixotasun mental larria duten pertsonentzat aurreikusita dagoen prestazioarena.

2. artikulua . Onuradunak.

Hurrengo artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten adinekoek, mendekotasun egoeran dauden pertsonek, desgaitasuna duten pertsonek edo gaixotasun mental larria duten pertsonek aldizkako prestazio ekonomiko bat jasoko dute, erabilera librekoa, betiere artikulu horretan ezarritako baldintzak betetzen segitzen badute.

3. artikulua . Prestazioa jasotzeko baldintzak.

1. Foru agindu honetan ezarritako prestazioak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira bai eskaera aurkezten den unean, bai prestazioa jasotzen den bitartean:

- Eskaera egin aurreko bi urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea, edo, Espainiako beste toki batetik etorriz gero, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezartzen dituen irizpideak betetzea (Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa).

- Egoitza batean arreta hartzeko plaza iraunkor bat okupatzea, Nafarroako Gobernuan gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak halakotzat aitortua.

- Gutxienez 18 urte izatea.

- Berezko baliabide ekonomikorik ez izatea, ezta familiaren laguntzarik ere erabilera libreko gastuak berdintzeko. Prestazio hau eskatu aurretik, eskatzaileari legozkiokeen prestazio, pentsio edo subsidio ekonomikoetarako eskubide guztiak eskatuak izatea, baita prestazioa jasotzen den aldi osoan ere, eta mantenu- edota konpentsazio-pentsioak ezartzeko eta ordaintzeko legezko ekintzak gauzatu izana.

4. artikulua . Baliabide ekonomikoak.

1. Prestazio hau 2. artikuluan adierazitako onuradunek soilik jasotzen ahalko dute, baldin eta beren baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak, kapital higigarria eta kapital higiezina) erabilera libreko prestazioaren gehieneko zenbatekoa baino txikiagoak badira.

2. Prestazio ekonomiko hau jasotzeko ezinbesteko baldintza da onuradunak prestazioa jasotzen duen aldi osoan eskatzea eskubidez legozkiokeen prestazio ekonomiko guztiak.

5. artikulua . Helburua.

1. Erabilera libreko prestazio ekonomikoa aldizkako prestazio ekonomiko bat da, eta indarreko legerian aurreikusitako beste edozein baliabide eta prestazio ekonomikoren osagarria eta subsidiarioa da.

2. Prestazio honen helburua da egoitza-zentroetan bizi diren pertsonen behar espezifikoei erantzutea, baldin eta beren baliabideak ez badira nahikoak beste prestazio edo laguntza batzuen bidez estali ezin diren gastuei aurre egiteko, edo ezinezkoa bada Nafarroako Foru Komunitatean dauden baliabide normalizatuen bidez bideratzea.

3. Gainera, laguntza hauek finalistak dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik erabiliko dira.

6. artikulua . Gastu kontzeptuak eta zenbatekoa.

1. Erabilera libreko gastuei aurre egiteko prestazio ekonomikoak honako gastu kontzeptu hauek izanen ditu:

a) Norberaren higienerako produktuak.

b) Arropa.

c) Garraioa.

d) Aisia.

e) Arreta mediko pribatua.

f) Laguntza teknikoak.

g) Pertsonarentzat beharrezkoa den beste edozein gastu, artatzen duen baliabideak estaltzen ez badu.

2. Prestazioaren zenbatekoa urtean 1.728,74 eurokoa izanen da gehienez, eta onuradunak lortzen dituen baliabide ekonomikoak osatuko ditu, zenbateko horretara iritsi arte.

7. artikulua . Prozedura.

1. Prozedura interesdunak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan, osasun etxean, osasun mentaleko zentroan edo bizi den egoitza-zentroan eskatuta hasiko da, behar bezala sinatutako eskabidea aurkeztuz, honako dokumentazio honekin batera:

a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiriaren fotokopia.

b) Eskatzailearen Erregistro Zibilaren ziurtagiri indibiduala.

c) Dibortzio-epaia eta/edo hitzarmen arauemailea, hala badagokio.

d) Erroldatze eta bizikidetza agiria, Nafarroan bizitzen zenbat urte daramatzan adierazten duena.

e) Diru-sarreren frogagiriak.

f) Beste prestazio edo pentsio bat eskatu bada, ukatzearen frogagiriak.

g) Zentroaren txostena aurkeztu behar da, honako hauek jasoko dituena:

a. Eskatzailea egoitza-zentroan sartu zen eguna.

b. Prestazioa emateko beharrezkotzat jo daitezkeen beste agiri batzuk, aurreko ataletan jasota ez daudenak.

h) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera. Jasotzailea ez bada eskatzailea, berariazko baimena ere aurkeztu beharko da.

2. Dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuen kasuan, zilegi izanen da dokumentu horiek kontsultatzea edo eskatzea, non eta interesduna horren aurka azaltzen ez den. Horretarako, dokumentuak noiz eta zein administrazio organotan aurkeztu ziren adierazi beharko da.

Aurrekoa gorabehera, salbuespen gisa, Administrazioak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, horiek aurkezteko eskatzen ahalko zaio interesdunari.

3. Aurkeztutako agirietan akatsik edo kontraesanik atzemanez gero, edo eskatutako baldintzak frogatzeko osatu beharra dagoela iritziz gero, eskatzaileari eskatuko zaio hamabost egun balioduneko epean akatsa zuzen dezala edo eskatutako agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela.

8. artikulua . Prozedura ebaztea eta ebazpena emateko epea etetea.

1. Erabilera libreko prestazio ekonomiko honen eskaerak tramitatu eta ebazteko organo eskuduna honako hau izanen da: adinekoentzako, mendekotasun egoeran dauden edo desgaitasuna duten pertsonentzako eta gaixotasun mental larria duten pertsonentzako zerbitzuen arloko eskumena duen unitatea.

2. Eskatutako prestazioa emateko edo ukatzeko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hilabetekoa da, eskaera Nafarroako Gobernuko erregistro ofizialetako batean sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, eskaera administrazioaren isiltasunez ezetsi dela ulertuko da.

Prestazioa emanez gero, ebazpenean adieraziko zaio onuradunari zer kontzeptu sartzen diren eta laguntza zenbatekoa den. Ematen den laguntza eskatutakoa baino txikiagoa bada, murrizketa horren arrazoia adieraziko da.

Ukatuz gero, ukatzeko arrazoia adieraziko da.

Ebazpena prestazioaren onuradunari jakinaraziko zaio beti.

3. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea etenik geldituko da interesdunari eskatzen zaionean akatsak zuzentzeko eta beharrezkoak diren agiriak edo ebazteko beste elementu batzuk aurkezteko, errekerimendua jakinarazten denetik egiazki zuzendu edo aurkezten diren arte, edo, horrelakorik ezean, ematen den epea bukatu arte.

4. Prozedurari bukaera ematen dion ebazpena aurkaratzen ahalko da administrazio prozedura orokorraren araudian ezarritakoaren arabera.

9. artikulua . Prestazioa ordaintzea.

1. Prestazioa hilero ordainduko da, urteko zenbatekoa 12 hilekotan hainbanatuta, onuraduna egoitza-baliabidean dagoen bitartean eta foru agindu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituen bitartean.

2. Oro har, prestazioaren hartzailea eskatzailea bera izanen da. Salbuespen gisa, onuraduna dagoen egoitza-zentroari ordaintzen ahalko zaio prestazioa. Ez da beharrezkoa izanen gastuak justifikatzea.

3. Ematen den prestazioaren ondorioak hasiko dira eskaera egin eta hurrengo egunean.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken Xedapen Bakarra . Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 11n.-Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2200391

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web