(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

105/2021 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 1EKOA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITIRA JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAK ERABILI BEHARREKO PAPERAREN EZAUGARRIAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATERAKO.

BON N.º 287 - 23/12/2021



  ERANSKINA. EGOITZA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DUTEN JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO ORGANOEK BEREN EGINTZAK ETA EBAZPENAK JASOTZEKO ERABILI BEHARREKO DOKUMENTAZIOAREN EZAUGARRIAK


Hitzaurrea

Jurisdikzio-jarduketak eta -ebazpenak jaso behar dituzten euskarrien formatua arautzean, aintzat hartu beharrekoak dira azken hogeita bost urteotan gertatutako funtsezko bi aldaketa.

Lehenengoa, formalagoa, ofizio-papera desagertu izana da, Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen ondorioz. Izan ere, lege horren bidez, indargabetuta geratu ziren, batetik, abenduaren 24ko 25/1986 Legearen bigarren xedapen gehigarria, arlo horretan ofizio-paperaren erabilera zehazten zuena, eta bestetik, maiatzaren 3ko 637/1993 Errege Dekretua, ofizio-paperaren ezaugarriak zehazteko eskumenak Justizia Ministerioari esleitzen zizkiona. Ildo horretatik, kontuan izan behar dugu aipatu 66/1997 Legearen 101. artikuluak ezarritakoa: jurisdikzio-egintzak eta -ebazpenak eta horiekin lotuta aldeek egiten dituzten idazkiak paper arruntean emanen dira, eta erregelamendu bidez zehaztuko dira paper horren ezaugarriak. Manu hori garatzeko, ekainaren 12ko 1184/1998 Errege Dekretua eman zen.

Aintzat hartu beharreko bigarren aldaketa materiala da, eta sakonagoa: digitalizazioak herritarren eta botere publikoen arteko interakzioan eragin duen eraldaketa da. Berebiziko garrantzia du justiziaren esparruan, hura modernizatzeko ezinbestekoa baita espediente judizial elektronikoa ezartzea. Nafarroan, dagoeneko, espediente hori errealitate bihurtu da, kudeaketa prozesaleko aplikazio informatikoei esker. Testuinguru horretan, gure epaitegiek eta auzitegiek operadore juridikoekin elkarreragiteko behar dituzten bitartekoak ez dira soilik eta nagusiki euskarri analogikoetan oinarritzen, euskarri digitaletan baizik.

Gure Foru Administrazioari dagokio horiek ematea, eta neurri horretan, horien formatua eta irudi instituzionala arautzea. Hala ondorioztatzen da Nafarroak Justizia Administrazioari dagokionez dituen eskumenetatik, eskumen horiek baitira Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoek Estatuko Gobernuari aitortzen edo esleitzen dizkioten guztiak, jurisdikzio militarra izan ezik. Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrarekin, abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuarekin, Konstituzioaren 149.1.5.a) artikuluarekin eta aipatu lege organikoaren 60.1 artikuluarekin. Horri jarraikiz, maiatzaren 14ko 813/1999 Errege Dekretuaren bidez, Transferentzien batzordeak 1999ko apirilaren 28an hartutako Erabakia onetsi zen. Erabaki horren bidez, Justizia Administrazioa baliabide material eta ekonomikoz hornitzeko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Erabaki horren bigarren apartatuaren a) letrak eginkizun horien artean aipatzen ditu Justizia Auzitegiek Nafarroako Foru Komunitatean jarduteko beharrezkoak diren baliabide materialen administrazio-plangintza, -programazioa eta -kontrola.

Hortaz, eta Estatuko araudi aplikagarriarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio arautzea bere lurralde-eremuan Justizia Administrazioaren egintzak eta ebazpenak jasotzen dituzten euskarrien ezaugarri teknikoak, bai eta horietan jaso behar den identifikazio instituzionala ere.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aldeko txostena egin ondoren, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko abenduaren batean hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Ezaugarriak.

1. Foru dekretu honen eranskinean zehaztutako ezaugarriak izanen ditu egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duten Justizia Administrazioko organoetako egintzak eta ebazpenak jasotzen dituzten agirien formatuak, agiri horiek euskarri digitalean nahiz analogikoan eman.

2. Euskarria papera denean, kasuan kasuko sistema, programa edo aplikazio informatikoaren bidez inprimatuko da zuzenean, betiere eranskinean zehaztutako ezaugarriekin.

2. artikulua . Erabilera.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lurralde-eremuko Justizia Administrazioko organoek aurreko artikuluan aipatutako euskarriak erabiliko dituzte soil-soilik prozedura judizialetan sartzen diren jurisdikzio-egintza eta -ebazpenetan.

3. artikulua . Aldeek erabili beharreko papera.

Aldeek jurisdikzio-egintzekin eta -ebazpenekin lotutako idazkiak paperean aurkezten badituzte, paper arrunta erabiliko dute, eta ahal dela, UNE A-4 formatukoa izanen da.

Azken Xedapenetako Lehena. Garapena eta aplikazioa.

Justiziaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean hartuko du indarra.

ERANSKINA. EGOITZA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DUTEN JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO ORGANOEK BEREN EGINTZAK ETA EBAZPENAK JASOTZEKO ERABILI BEHARREKO DOKUMENTAZIOAREN EZAUGARRIAK

ERANSKINA

-Formatua: UNE A-4.

-Paperezko euskarria offset zuria edo antzekoa (paper birziklatua bada) izanen da, eta 80 gramokoa metro koadroko.

-Inprimatzea: tinta beltzez.

-Goian, ezkerreko angeluan, Espainiako armarria agertuko da, zeina arautua baitago urriaren 5eko 33/1981 Legean eta abenduaren 18ko 2964/1981 Errege Dekretuan; neurriari dagokionez, 22 milimetroko zabalera eta 25 milimetroko altuera izanen du. Ezkerreko ertzetik 4 milimetrora eta goiko ertzetik 17 milimetrora kokatuko da. Azpian, “Justizia Administrazioa” legenda jarriko da.

-Behean, ezkerreko angeluan, eta Espainiako armarriaren neurri berberekin, Nafarroako armarria agertuko da, zeina arautua baitago Nafarroaren sinboloei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean. Ezkerreko ertzetik 4 milimetrora eta beheko ertzetik 30 milimetrora jarriko da.

-Orrialdearen beheko aldean, beheko ertzetik 16 milimetrora, zentratuta, 8,5 tamainako Arial letrarekin eta kolore grisez, honako hau agertuko da: Administración de Justicia en Navarra • Justizia Administrazioa Nafarroan.

-Lerro bertikal bat izanen du estanpatuta, 2 puntuko lodierakoa, aurrealdeko ezkerreko ertzetik 30 milimetrora, goiko ertzetik 15 milimetrora eta beheko ertzetik 3 milimetrora.

-Atzealdeak ez du inolako estanpaziorik izanen.

Iragarkiaren kodea: F2117047

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web