(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2021 FORU LEGEA, EKAINAREN 30EKOA, GARDENTASUNARI, INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEARI ETA GOBERNU ONARI BURUZKO MAIATZAREN 17KO 5/2018 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

BON N.º 163 - 14/07/2021



ZIOEN ADIERAZPENA

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, GARDENTASUNARI, INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEARI ETA GOBERNU ONARI BURUZKO MAIATZAREN 17KO 5/2018 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

HITZAURREA

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera sanitario, sozial eta ekonomiko larriari aurre egiteko, Europar Batasuneko eta estatu kideetako erakundeek aurrekaririk ez duen ahalegina egin dute, horretarako behar diren neurri guztiak hartzeko. 2020ko uztailetik azarora bitarte suspertze plan handinahi bat jarri zen abian, 2021-2027 epe luzeko aurrekontu-programa bat eta aldi baterako mekanismo berri bat -NextGenerationEU ekimena- jasotzen dituena. Horretarako, 1,8 bilioi euroko aurrekontu-esparru bat ezarri da, ekologikoagoa, digitalagoa eta erresilienteagoa izan dadin.

Estatu kideen artean lortutako akordioek hiru ardatz edukiko dituzte: ikerkuntza eta berrikuntza (Horizon Europe); trantsizio klimatiko eta digital bidezkoak (Bidezko Trantsiziorako Funtsa eta Digital Europe programa); eta prestakuntza, suspertzea eta erresilientzia (Suspertze eta Erresilientzia Funtsa, rescEU, eta EU4Health osasun programa). Orobat jartzen da arreta politika tradizionaletan (kohesio politika eta nekazaritza politika erkidea), klima-aldaketaren aurkako borrokan (EBren funtsen %30, Europako aurrekontuan inoiz jarritako portzentajerik handiena), biodibertsitatearen babesean eta genero-berdintasunean.

Testuinguru horretan, NextGenerationEU ekimena, zeina Kontseilu Europarrak 2020ko uztailaren 21ean onetsi zuen Suspertzerako Europako Bitartekoan gauzatzen baita, aldi baterako suspertze-bitarteko bat da, 750.000 milioi euroko zuzkidura duena eta Batzordeari aukera emanen diona kapitalen merkatuan funtsak lortzeko, koronabirusaren pandemiak eragindako berehalako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen laguntzearren.

-Honako zutabe hauek bereizi beharra dago:

- Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa da NextGenerationEU-ren osagai nagusia. 672.500 milioi euro dira, maileguetan nahiz dirulaguntzetan, baliagarri daudenak Europar Batasuneko herrialdeek abiarazitako erreformak eta inbertsioak babesteko. Helburua da koronabirusaren pandemiak izan duen inpaktu ekonomiko eta soziala arintzea eta Europako ekonomiak eta gizarteak jasangarriagoak eta erresilienteagoak izan daitezen eta trantsizio ekologiko eta digitalaren erronka nahiz aukerei aurre egiteko prestatuagoak egon daitezen lortzea.

- Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntza (REACT-EU), 47.500 milioi euroko zuzkidura duena. Ekimen berri bat da, Koronabirusari Erantzuteko Inbertsio Ekimenaren eta Koronabirus Plus-i Erantzuteko Inbertsio Ekimenaren bidez aplikatutako neurriak (krisiari erantzutekoak eta ordaina ematekoak) mantendu eta handitzeko. Ekonomiaren suspertzea ekologiko, digital eta erresilientea izaten lagunduko du. Honako funts hauen eskura jarriko dira funtsak: Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), Europako Gizarte Funtsa (EGF) eta Pertsona Behartsuenendako Europako Laguntzen Funtsa (FEAD).

- Azkenik, bitarteko horren bidez Europako beste programa edo funts batzuetarako funts osagarriak ere paratzen dira; esaterako, 2020 Horizontea, InvestEU, Landa Garapena edo Bidezko Trantsiziorako Funtsa (BTF).

Testuinguru horretan, Espainiako Estatuak 140.000 milioi euro jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan Suspertzerako Europako Bitarteko horren bidez, 2021-2026 aldian. Ogasun Ministerioak Nafarroari jada jakinarazi dio 148 milioi euro dagozkiola REACT-EU Funtseko 10.000 milioien banaketan.

Espainiako Gobernuak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana behin onetsita, Kontseilu Europarrak berretsi behar du plana gero bete dadin, baina orain arte ez da zehaztu Nafarroako Gobernuak aurkeztutako proiektuetatik zeintzuk sartuko diren Suspertze eta Eraldatze Ekonomikorako Proiektu Estrategikoetan edo Europako funtsen bestelako kudeaketa-tresnetan. Hortaz, oraindik ez da ezagutzen Europako funts horietatik zer diru-kopuru kudeatuko duen Nafarroako Gobernuak. Edozein modutan ere, Gobernuak Europako funts horietatik diru-kopuru handia kudeatu beharko duela aurreikusten da.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 10.3 artikuluak honako hau ezartzen du: “Gobernu Irekiaren Espazio Digitalak eta sortzen diren espazio digitalek Interneten publizitate aktiboa zabaltzeko plataforma elektronikoaren izaera izanen dute (...)”. Foru lege horren 18. artikuluan eta hurrengoetan, berriz, administrazio publikoek, erakunde publikoek, entitateek eta subjektuek zer informazio argitaratu behar duten arautzen da. Nafarroako Gobernuak eman beharreko informazio horren barruan sartzen dira Europako funtsen kudeaketarekin lotutako hainbat arlo; esate baterako, kontratazio publikoa, zerbitzu-emakida, lankidetza-hitzarmenak, kontratu-programak, esleipenak eta baliabide berekietarako mandatuak eta dirulaguntzen arloko jarduerak.

Funts horien kudeaketa, onetsitako Europako araudiarekin bat, ahal den gardentasun handienarekin egin behar da, bai informazio eta dokumentazioari dagokionez bai kontu-arrazoiak emateari dagokionez; hortaz, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean gune bat jaso beharra dago, herritarrari begira hobetzeko Europako funtsen bidez finantzatutako proiektuen deialdiaren, esleipenaren eta ezarpenaren prozesuan kontrola, gardentasuna, informazio publikoa eta kontu-arrazoiak ematea hobetzeko. Aldi berean, gune horrek aukera emanen du segurtasun eta seriotasun irudi bat emateko Europako funtsen kudeaketari dagokionez. Europako funts horien kudeaketaren garrantzi kuantitatibo eta kualitatiboak eskatzen du gardentasun eta kontu-arrazoiak emate hori erabatekoak izatea eta berariazko tratamendua izatea Foru Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atarian.

Hala, gardentasuna da baliabide horien kudeaketa- eta inplementazio-sistemaren kalitatea baliozkotzen duen ardatz nagusia. Horretaz gain, gizartearen konpromisoa behar da. Gizarteari beharrezkoak diren osagaiak ematen zaizkio baliabide publikoen aplikazioa ebaluatzeko, eta hala iruzurraren aurkako borrokaren giltzarri bihurtzen da.

Artikulu Bakarra

Xedapen gehigarri berri bat gehitzen zaio Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeari. Hona testua:

“Bederatzigarren xedapen gehigarria.-Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzatik (REACT-EU) eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik (Next-EU) heldu diren Europako funtsen kudeaketari buruzko gardentasuna eta kontu-arrazoiak ematea.

1. Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian gune bat irekiko da, informazio-sistema integral bat jasoko duena, eta bertan argitaratuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzatik (REACT-EU) eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik (Next-EU) heldu diren Europako funtsen kudeaketari buruz duten informazio guztia. Horretaz gain, gune horretan proiektuen betetzeari eta lortutako emaitzei buruzko kontu-arrazoiak emanen dira.

2. Gune horretan honako informazioa argitaratuko da finantzaturiko edo kofinantzaturiko proiektu bakoitzeko:

-Proiektuaren izena.

-Proiektua betetzearen ardura duen organoa

-Betetzearen hasierako eta amairako datak

-Betetzearekin loturiko mugarriak, aurreikusitako datak eta egiazko betetzearenak adierazita.

-Lortu beharreko helburuak, horietako bakoitzari loturiko adierazlea, espero den balioa eta egungo betetze-maila adierazita.

-Erabilitako kudeaketa-tresnak, honako hauek xehakatuta:

- Onetsitako dirulaguntza-deialdiak, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalak esleitutako kodearen arabera identifikatuta. Hurrengo dirulaguntza-emateak agertuko dira, onuraduna eta zenbatekoa adierazita.

- Formalizaturiko kontratuak, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman duten kodearen arabera identifikatuta. Kontratista eta kontratuaren zenbatekoa identifikatuko dira.

- Dirulaguntzen onuradunek eta kontratistek sinaturiko azpikontrataziorako kontratuak, kontratuaren beste aldea eta kontratu bakoitzaren zenbatekoa adierazita. Kontzeptu honetatik kanpo geratuko da diruz lagundutako edo kontrataturiko jarduera onuradunak edo adjudikaziodunak berak egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

- Proiektuaren aurrekontu-eragina dagokion urte anitzeko ikuspegiarekin, gauzatze-maila adierazita. Aurtengo ekitaldirako loturiko aurrekontu-partiden egoera jasoko da, betetze-fase guztietan.

3. Gune horretan jasoko da, halaber, Foru Komunitateko Administrazioaren organoek proiektuak betetzeko harturiko konpromisoen arabera nahitaezkoa den informazioa, Gardentasunaren Atariaren helburuak betetzeari begira garrantzizkotzat jotzen den bestelako informazioa jasotzea galarazi gabe.

4. Gune honen bidez erraztu beharko da, proiektu horiei dagokienez, Foru Administrazioak eta haren foru-sektore publiko instituzionalak foru lege honen 19. artikulutik 29.era bitartekoetan ezarritako moduan eta baldintzetan argitaratu beharreko informazioa eskuratzeko bidea.

5. Xedapen hau indarrean sartzen denetik, Nafarroako Gobernuak gune honetan sortu eta argitaratuko du dokumentazio interesdun guztia, informazio-sistema integrala gaitzeko epea ezertan galarazi gabe.

6. Proiektuen ardura duten unitateek bermatuko dute argitaraturiko informazioa fidagarria, zuzena, osoa eta eskuragarria dela, eta horretarako datu ireki eta berrerabilgarriko formatuan emanen da.

7. Gune honetan argitaratu beharreko informazioa organo eskudunak prestatu edo onetsi eta gehienez ere hilabeteko epean jasoko da, bidezkoa bada.

8. Nafarroako Gobernuak xedapen honetan aurreikusitakoa bete ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak bermatuko ditu”.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Informaziosistema integrala gaitzeko epea.

Foru lege hau indarrean sartu eta 6 hilabeteko epean gaituko da artikulu bakarrean aipatzen den gunea Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 20213ko ekainaren 30ean.-Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2110551

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web