(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2021 FORU LEGEA, MARTXOAREN 26KOA, NAFARROAKO FORUZAINGOAREN LANALDIAK, ORDUTEGIAK ETA ORDAINSARIAK ARAUTZEKOA.

BON N.ş 73 - 31/03/2021



  I. TITULUA

  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. TITULUA. LANALDIA ETA ORDUTEGIAK.


  III. TITULUA. ORDAINSARIAK


ZIOEN ADIERAZPENA

Irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien erregelamendua.

Aipatutako foru dekretu hori dela-eta administrazioarekiko lau auzi-errekurtso aurkeztu ziren, 509/2016, 526/2016, 540/2016 eta 531/2016 prozedura arruntei dagozkienak, zeinak amaitu baitziren baiespen-epaiekin; hain zuzen, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako 228/2018, 225/2018, 227/2018 eta 226/2018 epaiak, erregelamenduaren erabateko deuseztasuna deklaratzen zutenak.

Aipatu erabaki judizialek 79/2016 Foru Dekretuaren erabateko deuseztasuna xedatzen dute, haren izapidetzean forma hutseko akats bat atzemateagatik.

Erabateko deuseztasunaren aplikazio materialaren ondorioz, Nafarroako Foruzaingoaren kideen ehuneko laurogei ingururen ordainsari osagarriak murriztu egin dira 2016ko urtarrilaren 1etik. Neurriz kanpokotzat jotzen da Foruzaingoaren plantillako pertsona gehienentzat erabateko deuseztasunaren aplikazioak dakarren ondorioa, atzemandako akatsa forma hutsari dagokionean, eta ez ukitutako xedapenaren edukiari.

Foruzaingoaren plantillako pertsona gehienei eraginen dien ustekabeko kalte ekonomiko garrantzitsu bat -aipatu langileei egotzi ezin zaien arrazoien ondoriozkoa- saihestu beharrak justifikatzen du foru lege honen onespena.

Bestalde, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean lansarien egitura berria arautzen da Foru Komunitateko polizientzat, eta kontzeptu eta portzentaje-zenbatespen berriak erantsi dira.

Aipatu foru legearen azken xedapenetako lehenak betebehar gisa ezartzen du lege horren erregelamenduzko garapenerako beharrezko diren xedapenak ezartzea; besteak beste, Nafarroako Foruzaingoko langileen lanaldiei, ordutegiei eta ordainsariei buruzkoak.

Araugintzazko garapen hori oraindik ez denez egin, bidezkoa da, halaber, gai horri esparru juridiko bat ematea, aipatu garapena egin bitartean.

Ondorio horietarako, egokitzat jotzen da indarrean mantentzea deuseztaturiko foru dekretuaren edukia, Foruzaingoaren lanaldiak eta lansariak onetsi arte, hori baita horretarako adostu eta onetsiriko azken testua; eta, haren izapidetzean forma hutseko akats bat egin bazen ere, haren xedapen materialak ez dira inongo zuzenbideren kontrakotzat deklaratu.

I. TITULUA

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldia arautu eta lansarien araubidea ezartzea, hurrengo xedapenetan jasotako baldintzen arabera.

II. TITULUA. LANALDIA ETA ORDUTEGIAK.

2. artikulua . Lanaldia eta lanordutegiak.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldia benetako 1.592 lanordukoa izanen da urteko.

Benetako lantzat hartuko da ohiko lantokian zerbitzu-ematearen hasiera-ordutik zerbitzu-ematearen amaiera-ordura arte igarotako denbora. Zerbitzua destinokoa ez den beste herri batean emanez gero, benetako lanaldia neurtuko da ohiko lantokira iristen denetik bertara itzuli eta zerbitzua amaitzen den arte.

2. Aurreko apartatuan finkatuari jarraituz zenbaturiko urteko lanordu-kopuruaren gainean ordu-konpentsazioa aplikatu ondoren, ondoren aipatzen diren txanda-araubideetakoren batean lan egiten duten Nafarroako Foruzaingoko langileek lanpostuan benetan egon beharreko lanaldi hau izanen dute:

a) Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txanda: 1.457 ordu urtean.

b) Gauetako txanda finkoa: 1.535 ordu urtean.

c) Goiz eta arratsaldeetako txanda, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.554 ordu urtean.

d) Lanaldi zatitua, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.569 ordu urtean.

Benetako zerbitzua txanda horietako batean ematen ez duten Nafarroako Foruzaingoko langileei Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei aplikatzekoak zaizkien xedapen orokorrak ezarriko zaizkie; zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lan-egutegia urtero onesten duen foru agindua.

3. Aurreko apartatuan aurreikusitako lan txandetan, gaueko lanaldiak zortzi ordukoak izanen dira gehienez ere.

4. Oro har, 24 orduko aldi bakoitzerako, 11 ordu jarraituko atsedenaldi gutxienekoa ezartzen da. Zazpi egun jarraituko lanaldi bakoitzeko, 24 orduko gutxieneko atsedenaldi etengabea izanen da, zeinari gehituko baitzaizkio aurreko paragrafoan aipatzen diren eguneroko atsedeneko 11 orduak.

Sindikatuekin aldez aurretik negoziatuta ezarri ahalko da aurreko paragrafoan aurreikusitako atsedenaldien berezko araubide bat, betiere konpentsaziorako atsedenaldi baliokideak edota babes baliokidea ematen badira eta araubide horri atxikitako funtzionarioen segurtasuna eta osasuna modu egokian zaindu eta babesten badira.

5. Nafarroako Foruzaingoko langileek guardia lokalizatuen araubidean jardun ahalko dute; kasu horretan, laneko hamabost minutu zenbatuko zaizkie eginiko guardia-ordu bakoitzagatik. Bertaratzeko eskatzen zaienean lanaldi osoa zenbatuko zaie; edo, gehiago luzatuz gero, benetan eginiko ordu kopurua.

6. Organo eskudunak ezarriko ditu lan-egutegiak, urtea hasi baino lehen, eta kasuan kasuko iragarki-oholetan jarriko dira. Egutegian zehaztu ahalko dira laneko txandak, guardia lokalizatuak eta jaiegunetako lana.

Salbuespen gisa, eta larrialdi eta babes zibileko arrazoiak tarteko, egutegi horiek aldatu ahalko dira, era arrazoituan. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkie interesdunei.

Foruzaingoaren buruak emandako jarraibideen bidez eta aldez aurretik sindikatuekin negoziatuta zehaztuko dira laneko txandak, guardia lokalizatuak eta jaiegunetako lana.

3. artikulua . Deiegitea.

1. Zerbitzuaren beharrak tarteko, norbaiti bere txanda edo lanalditik kanpo dei egiten bazaio atxikirik dagoen unitatean zerbitzuak emateko, behartuta egonen da deiari erantzutera eta hori dela-eta eskatzen zaizkion eginkizun guztiak betetzera.

2. Zerbitzuaren beharrak tarteko, norbaiti dei eginez gero zerbitzuak emateko bere lan egutegian atsedenaldi gisa ezarritako egun batean, dagozkion aparteko orduak sorraraziko ditu, bere lanpostuak dedikazio esklusiboa edo lanaldiaren luzapena berekin dakarrenean izan ezik, eta guardia lokalizatuetarako ezarritakoa galarazi gabe.

3. Atxikipen unitatetik kanpo zerbitzua emateko deia egin ahalko da, soil-soilik, salbuespenez eta presazko edo ezinbesteko arrazoiak tarteko.

4. artikulua . Asteburuak.

1. Nafarroako Foruzaingoko kide orok eskubidea izanen du urteko asteburuen erdiak gozatzeko.

2. Betiere zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute, gozatze-eskubide hori lan-egutegietan jasoko da eta asteburuak txandaka hartuko dira.

3. Urteko lan-egutegietan gehienez ere laneko 29 asteburu ezarri ahalko dira.

4. Beharrezkoa balitz, hiru asteburutan jarraian zerbitzua emateko mekanismo bat ezarriko da, urtean bi aldiz.

5. Soilik artikulu honen ondorioetarako, asteburutzat ulertuko da larunbata eta igandea osorik edo, txandakako lanaren kasuan, ostiraleko gaueko txandako sarreratik igandeko arratsaldeko txandako irteera arte doan denbora-tartea.

5. artikulua . Kontrola.

Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldi eta ordutegien kontrolaren arduradun zuzenak izanen dira kasuan kasuko antolaketa-unitateetako buruak, ezertan galarazi gabe goragoko agintarien eta Foruzaingoaren buruaren goi mailako ikuskapena.

III. TITULUA. ORDAINSARIAK

6. artikulua . Ordainsarien araubidea.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideek ondoko kontzeptu hauei dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, ez besterik:

A. Norberaren oinarrizko ordainsariak:

a) Mailari dagokion hasierako soldata.

b) Graduari dagokion ordainsaria.

c) Antzinatasun saria.

Norberaren oinarrizko ordainsariak eskubide eskuratua dira, funtzionario izaerari datxekiona.

B. Ordainsari osagarriak:

a) Berariazko osagarria.

b) Lanpostuaren osagarria.

c) Burutzaren osagarria.

d) Txandakako lanaldiaren osagarria.

e) Lanaldiaren luzapeneko osagarria.

f) Aldi baterako osagarri pertsonala bigarren jardueran aritzeagatik.

Lansari horiek dira esleituta dituen lanpostua betetzeagatiko ordaina, eta, ondorioz, haiek jasotzeari utziko zaio lanpostua utzitakoan.

C. Bestelako ordainsariak:

a) Zerbitzuan izandako gastuen kalte-ordaina.

b) Egindako bidaien kalte-ordaina.

c) Bizileku-aldaketadun nahitaezko lekualdatzeagatiko kalte-ordaina.

d) Familia-laguntza, familia-unitateak sortutako gastuak jasoko dituena.

e) Aparteko orduen konpentsazioa, gaueko ordutegian edo jaiegunetan egiten direnena, bertan egoteko guardiak eta guardia lokalizatuak egiteagatik, langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik eta prestakuntza ikastaroak emateagatik.

2. Oinarrizko ordainsari pertsonalak eta artikulu honetako 1. apartatuko C) letran adierazitakoak Nafarroako administrazio publikoen gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauen arabera antolatuko dira, betiere Nafarroako poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezartzen diren berezitasunak kontuan hartuta.

7. artikulua . Berariazko osagarria.

1. Nafarroako Foruzaingoko kide guztiek jasoko dute berariazko osagarria. Osagarriaren zenbatekoa kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren ehuneko 45 izanen da, eta barne hartuko ditu bai polizia-bateraezintasuna (ehuneko 35) bai arrisku berezia (ehuneko 10).

2. Lanpostuak dedikazio esklusiboa eskatzen badu, berariazko osagarria kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren ehuneko 65 izanen da. Portzentaje horren barruan, arrisku bereziari dagokion ehuneko 10a sartuta dago.

3. Nafarroako Foruzaingoko inongo kidek ezin izanen ditu aldi berean jaso bateraezintasunaren osagarri hori eta dedikazio esklusiboko osagarria.

4. Dedikazio esklusiboko osagarria kobratzeak debekua dakar irabazizko inolako jarduerarik egiteko, hala sektore publikoan, nola pribatuan ere, non ez den irakasle lana unibertsitateko zentroetan, norberaren edo familiaren ondarea administratzea, lan zientifiko eta teknikoak edo literatur eta arte lanak ekoitzi eta sortzea, eztabaida eta programetan noizbehinka parte hartzea, ikastaro profesionaletan noizbehinka lagundu eta parte hartzea eta baimendurik dauden beste jarduera batzuetan aritzea.

5. Bateraezintasun-osagarria jasotzeak berekin dakar kasuko lanpostuari dagokion tituluaren lanbide-jardueraren debekua.

6. Prestakuntza tekniko, eskuragarritasun eta erantzukizunaren berezitasunagatik, dedikazio esklusiboko lanpostuak izanen dira Polizia Judizialeko Dibisiokoak, lurraldeko polizia-etxeetako Polizia Judizialeko taldeetakoak, Agintariak Babesteko Dibisiokoak, komisario nagusienak, komisarioenak eta inspektoreenak.

Dedikazio esklusiboko lanpostuak betetzen dituzten Nafarroako Foruzaingoko kideek ezin izanen dute aparteko ordurik kobratu.

Dedikazio esklusiboko lanpostuak betetzen dituzten Nafarroako Foruzaingoko kideek ez dute eginen, urtean, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko gainerako funtzionarioentzat oro har ezarritako gehieneko lanaldia baino luzeagorik.

8. artikulua . Lanpostuko osagarria.

1. Lanpostuko osagarriaren bidez zailtasuna, dedikazioa eta erantzukizuna saritzen dira, bai eta eskatzen den prestakuntza tekniko berezia ere.

Halaber, diru-sari bat eman ahalko da prestakuntza fisikoan emandako denboragatik.

2. Nafarroako Foruzaingoko kideek lanpostuko osagarri gisa jasoko dute mailari dagokion hasierako soldataren gaineko portzentaje bat. Haren gutxieneko zenbatekoa ondokoa izanen da, kategorien arabera xehakatuta:

a) Polizia: %6,45.

b) Kaboa: %17.

c) Inspektoreordea: %10.

d) Inspektorea: %17.

e) Komisarioa: %5.

f) Komisario nagusia: %17.

3. Lanpostuko osagarria zehaztuko da aurreko apartatuan ezarritako gutxieneko zenbatekoei batuta lanpostuen azterketan egiten den baloraziotik ondorioztaturiko ehunekoak, foru lege honen eranskinetan jasotzen diren Balorazio Eskuliburuko irizpideen eta horren araberako puntuazioei jarraikiz.

Enplegu bereko lanpostu desberdinen artean kontzeptu horrengatik jasotako lansariak izanen dituen gehieneko aldeak ehuneko 7koak izanen dira.

9. artikulua . Burutzako osagarria.

Burutzako osagarria jasoko duten lanpostuak izanen dira haietan jarduteak enplegu barruko aginte egoera berezikoak izatea eskatzen duenekoak, eta haren zenbatekoa kasuan kasuko mailari dagokion oinarrizko soldataren portzentaje bat izanen da, ondokoaren arabera:

a) Arloko burutza: %10.

b) Polizia-etxeko eta Dibisioko burutza: %9.

c) Brigadako burutza: %7.

d) Taldeko burutza: %5.

10. artikulua . Txandakako lanaldiaren osagarria.

Txandakako lanaldiaren osagarri bat ezartzen da, zeinaren zenbatekoa kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren ehuneko 6koa izanen baita, errotazio-txanden araberako araubidean lan egiten duten Nafarroako Foruzaingoko kideentzat, halakotzat ulerturik lan-ordutegia lanaldien heren batean baino gehiagotan aldatu behar izatea dakartenak, hiruhileko bakoitzean kontaketa orokorra eginda.

11. artikulua . Lanaldiaren luzapeneko osagarria.

Orokorrean ezarritakoaz goragoko lanaldia egitera behartu ohi duten lanpostuei lanaldiaren luzapeneko osagarri bat esleitzen zaie, zeinaren zenbatekoa kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren ehuneko 10ekoa izanen baita.

Lanaldiaren luzapeneko osagarria jasotzen duten Nafarroako Foruzaingoko kideek ezin izanen dute aparteko ordurik kobratu.

Lanaldiaren luzapeneko osagarria bateraezina da dedikazio esklusiboarekin.

12. artikulua . Txanda aldaketak.

1. Txanda edo zerbitzu aldaketak eskatu ahalko dira enplegu eta antolaketa-unitate berari atxikitakoen artean soilik.

2. Eskaerak idatziz aurkeztuko dira, ukitutako txandetako lehena hasi baino lehen.

3. Txanda aldaketek ez dute eraginik izanen eskatzaileen ordu-kopuruan, eta bai txanda aldaketa bai haren itzulketa urte beraren barruan egin beharko dira.

4. Edozein txanda aldaketa egiteko, aldez aurretik baimena eman beharko du eskatzaileak atxikita dauden antolaketa-unitateko buruak, eta baimen hori betiere zerbitzuaren beharretara baldintzatuta egonen da.

13. artikulua . Ehunekoak eguneratzea.

Foru lege hau indarrean sartu ondoren, aurreko artikuluetan aurreikusitako osagarrien kontzeptuengatik lanpostu bakoitzari esleituriko ehunekoen eguneratzea eginen da barne gaietako eskumena duen departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez, aldez aurretik sindikatuetako ordezkariekin negoziatuta, eta betiere foru lege honen eranskinetan jasotako balorazio irizpideak aplikatuta.

14. artikulua . Proba fisikoak gainditzeagatiko konpentsazioa.

Gai honetan aplikatuko da Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa eta hura garatzeko onetsitako erregelamenduzko araudia.

Xedapen gehigarri bakarra. Ordainsariak.

Foru lege hau indarrean sartzea galarazi gabe, azken xedapen bakarrean ezarritakoari jarraikiz, 2016ko urtarrilaren 1erako atzeraeraginez aplikatuko zaie Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretuaren aplikazioak data horretatik aurrerako ordainsari osagarrien gehikuntza ekarri zien foruzainei, eta 2016ko urriaren 1erako atzeraeraginez, berriz, ordainsari gehikuntza azken data horretatik aurrera ekarri zien foruzainei.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren arauak.

Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, ondoko hauek:

a) 1/2005 Foru Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duena.

b) Otsailaren 12ko 11/2007 Foru Dekretuaren 4. artikulua. Foru dekretu hori da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen ordainsari osagarrien gehikuntzak aplikatzen dituena, horrela betetzen baita Administrazioak eta sindikatuek izenpetu zuten akordioa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruzkoa, 2006. eta 2007. urteetarakoa.

c) Martxoaren 17ko 19/2008 Foru Dekretuaren 1. artikuluko A) apartatua. Foru dekretu hori da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen ordainsari osagarriak egokitzen dituena, horrela betetzen baita Administrazioak eta sindikatuek izenpetu zuten akordioa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruzkoa, 2006. eta 2007. urteetarakoa.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duen otsailaren 7ko 7/2011 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarria.

Xedapen indargabetzaile honetan xedatutakoa galarazi gabe, foru lege hau izaera iragankorrekoa eta aldi baterakoa dela kontuan harturik, inolaz ere ez da ulertuko derogatuta gelditu direnik Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen lanaldiei, ordutegiei eta ordainsariei buruzko xedapenak, zeinak Gobernuak erregelamenduzko garapena egin arte ez baitira aplikatuko, aipatu foru legearen azken xedapenetako lehenengoan adierazi bezala.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru lege honetan xedatutakoak indarra izanen du Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoa aplikatzearen ondorioz Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldiak eta ordainsariak arautzeko onesten den araudi berria indarrean sartzen den egunera arte. Hori guztia ezertan galarazi gabe foru lege hau espresuki indargabetuta geldituko dela izaera iragankorrekoa delako.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web