(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

91/2020 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 2KOA, ARAUBIDE BEREZIKO KIROL IKASKETEN BARRENEAN ATLETISMOKO KIROL TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN.

BON N.º 12 - 19/01/2021



  ERANSKINA


ZIOEN ADIERAZPENA

1

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak kirolaren antolamendua ezartzen du, eta 55.1 artikuluan zehazten du ezen, Gobernuak, Hezkuntza Ministerioak proposaturik, kirol teknikarien ikasketak arautuko dituela, hezkuntza maila bakoitzak ezarritako betebeharren arabera. Bestetik, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, II. tituluko I. kapituluan (Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak arautzen dira bertan), zehazki, 5. artikuluko h) atalean, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskumena dela kirol teknikarien prestakuntza garatzea eta arautzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araubide bereziko kirol ikasketen antolaketa eta haren egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean artikulatzen ditu, zeinean kirol ikasketetako zikloek zeregin garrantzitsua betetzen baitute ikasleek kirol jarduera edo modalitate batean lan egiteko behar duten prestakuntzari begira. Eredu horrek, gainera, ikasleei laguntzen die lan eta kirol munduaren bilakaerari eta herritarren aktibotasunari egokitzen.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala ezartzen du, produkzio sektorearen eskakizunei erantzutera bideratutako prestakuntza ekintzen esparruan. Araubide bereziko kirol ikasketen modalitate batzuek lanbide heziketaren kontzeptu orokorrarekin lotzen dituzten ezaugarriak dituzte, baina horrek ez dakar uko egin behar izatea kirol sistemara bideratutako berariazko eskaintza bat izateari, hau da, Gorputz eta Kirol Jardueren lanbide arloak hezkuntza sistemaren lanbide heziketaren barnean sektoreko gainerakoarentzat egiten duen eskaintzatik bereizitako eskaintza bat izateari.

Foru dekretu honen bitartez, atletismoko kirol teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretua garatzen du, atletismoko kirol teknikari titulua ezartzen eta horren gutxieneko ikasketak eta ikasketa horietara sartzeko baldintzak finkatzen dituena, hain zuzen.

Bestalde, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuak (haren bidez araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatean) eredu bat zehaztu du araubide bereziko kirol ikasketen curriculuma garatzeko, egokitzeko modukoa kirol modalitate eta espezialitate bakoitzaren ezaugarri eta helburuetara, baita ikasleen ezaugarri eta beharretara ere.

Horregatik, atletismoko kirol teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatera egokitzean eta garatzean, kontuan hartu dira abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretu horrek onesten dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan titulu horren curriculuma eratzen duten elementuak jorratzen dira: antolaketa, lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen iraupena, sarbideak, eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Ikasketa horiek antolatzeari dagokionez, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluko a) atalean ezartzen denez, erdi mailako kirol ikasketak bi ziklotan banatuko dira: erdi mailako hasiera zikloa eta erdi mailako bukaera zikloa. Hori dela eta, foru dekretu horrek ikasketa horien antolaketa eta iraupena ezartzen ditu 3. artikuluan.

3

Titulu horren lanbide erreferentea arau honen 4. artikuluan aurkezten eta 1. eranskinean garatzen da, eta oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako ingurune profesionala, pertsonala, lanekoa eta kirolekoa.

4

5. artikulua, hari lotuta dauden 2. eta 3. eranskinekin batera -hasiera eta bukaera zikloei dagozkienak, hurrenez hurren-, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, moduluen izena eta iraupena daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten moduluen garapena. Modulu guztietan, curriculumak egitura bera du: lehenik, multzo komun bat, kirol ikasketetako modulu komunak barnean hartzen dituena (kirol hastapena, kirol teknifikazioa eta goi errendimendua izeneko prozesuei dagozkien lanbide-gaitasunei lotutako prestakuntza); bigarren, multzo espezifiko bat, kirol prestakuntza zientifiko eta teknikoko moduluak, espezialitate bakoitzari dagozkionak, barnean hartzen dituena; eta, azkenik, prestakuntza praktikoaren multzoa, zeinerako sarbidea 6. artikuluan eta 4. eranskinean tratatzen baita. Ziklo bakoitzeko multzo komuna eta espezifikoa gainditu ondoren eginen da prestakuntza praktikoaren multzoa.

5

Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko eta aurrera egiteko baldintzei dagokienez, 7. artikuluan arautzen dira atletismoko kirol teknikariaren ikasketetan sartzeko proba berariazkoak eta eskatzen diren kirol beharkizunak (hori guztia 5. eranskinean garatzen da).

Orobat, 11. artikuluan azaltzen da ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzeko aukera, eta 12. artikuluan eta 6. eranskinean azaltzen dira baliozkotzeak eta salbuespenak.

6

13. eta 14. artikuluetan honako hau azaltzen da (7. eranskina du lotua): irakasleek eduki beharreko titulazioa, tituluen baliokidetasunak irakaskuntzaren ondorioetarako, tituluen baliokidetasunak prestakuntza praktikoaren multzoaren segimendua egiteko, baita sartzeko proben ebaluazioa egiteko ere.

7

Azkenik, foru dekretu honek azaltzen dituen azkeneko elementuak hauek dira: espazioak eta ekipamendua, eta irakasle/ikasle ratioa. 15. eta 16. artikuluetan eta horiekin loturik dauden 8. eta 9. eranskinetan azaltzen dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko abenduaren bian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da atletismoko kirol teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori araubide bereziko kirol ikasketen barrenean kokatzen da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Atletismoko kirol teknikari titulua elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Atletismoko Kirol Teknikaria.

b) Maila: Erdi mailako Kirol Ikasketak.

c) Iraupena: 1.005 ordu.

d) Europako erreferentea: HNSN-3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Antolaketa.

Atletismoko kirol teknikari titulua eskuratzeko ikasketak bi ziklotan banatzen dira:

a) Atletismoko erdi mailako hasiera zikloa, 430 ordukoa.

b) Atletismoko erdi mailako bukaera zikloa, 575 ordukoa.

4. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta ingurune profesionala, lan ingurua eta kirol ingurua ere.

5. artikulua . Curriculuma.

1. 2 A) eranskinean jasotzen dira atletismoko erdi mailako hasiera zikloko araubide bereziko kirol ikasketen helburu orokorrak. Foru dekretu honen 2 B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

2. Foru dekretu honen 3 A) eranskinean jasotzen dira atletismoko erdi mailako bukaera zikloko kirol ikasketen helburu orokorrak, eta 3 B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

3. Ikasketok ematen dituzten ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute atletismoko kirol teknikariaren ikasketetako modulu bakoitzerako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

6. artikulua . Prestakuntza praktikoaren modulua.

1. Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 18. artikuluan azaltzen da prestakuntza praktikoaren modulua nolakoa izanen den.

2. Oro har, behin foru dekretu honen 4. eranskinean ezarritako kirol ikasketetako moduluetan ebaluazio positiboa lortuta, egoki diren prestakuntza praktikoaren moduluak garatuko dira.

7. artikulua . Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzea eta aurrera egitea.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren araubide bereziko erdi mailako kirol ikasketetan sartzeko beharrezkoa izanen da abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

2. Atletismoko erdi mailako hasiera zikloan sartzeko, foru dekretu honen 5. eranskinean ezarritako proba espezifikoa gainditu beharko da.

3. Atletismoko erdi mailako hasiera zikloko berariazko probak honako gaitasun profesional hau egiaztatzen du: “atletismoko oinarrizko teknikak menderatzea, kirol hastapenari dagozkion zereginak garatzeko behar adinako mailarekin”. Gaitasun hori foru dekretu honen 5. eranskinean dago jasota, eta tituluan 120 orduko prestakuntza karga esleitzen zaio atletismoko erdi mailako hasiera zikloaren guztizko iraupenetik.

4. Berariazko proba gainditzeko beharrezkoa izanen da bertan azaltzen diren ebaluazio irizpide guztietan ebaluazio positiboa lortzea.

8. artikulua . Berariazko sarreraprobaren eraginak eta indarra.

1. Atletismoko erdi mailako hasiera ziklorako ezartzen den sarrera-proba gainditzeak Estatuko lurralde osoan izanen ditu eraginak.

2. 5. eranskinean ezartzen den proba espezifikoa gainditzeak 18 hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

9. artikulua . Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak proba espezifikoa gainditzetik salbuestea.

Atletismoko erdi mailako hasiera ziklorako proba espezifikoa gainditzetik salbuetsirik egonen dira honako hau frogatzen duten kirolariak:

a) Goi mailako kirolari izatea, Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuko baldintzen arabera, atletismoko kirol modalitate edo espezialitatean.

b) Autonomia erkidegoek atletismoaren modalitatean errendimendu handikotzat edo horren baliokidetzat kalifikatutako kirolari izatea, haien araudiaren arabera.

c) Azken bi urteetan, gutxienez behin, zortzi lehenengoen artean sailkatu izana, Espainiako lehiaketako kategoria absolutuko edozein espezialitate edo probatan. Baldintza hori Espainiako Atletismo Federazioak egiaztatu beharko du.

10. artikulua . Desgaitasuna frogatzen dutenak sartzeko beharkizunak.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera sartzen ahal dira ziklo hauetara desgaitasuna duten pertsonak, eta administrazio eskudunen betebeharra da arrazoizko egokitzapenak egitea, sarbide horrek ez dezan sortu bidegabeko murrizketarik, aukera berdintasunaren kontra.

11. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

Atletismoko kirol teknikari tituluak batxilergoko edozein modalitatetara sartzeko aukera ematen du.

12. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ezarriko du errege dekretu honetan aratuta dauden ikasketetatik zer multzo komun baliozkotzen ahal zaizkien ikasketa edo titulu hauek frogatzen dituztenei:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien lizentziatura, irailaren 24ko 1670/1993 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan, Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien unibertsitateko titulu ofiziala eta hura eskuratzeko ikasketa planetarako jarraibide orokor berariazkoak ezartzen dira.

b) Gorputz Hezkuntzako diplomatura eta lizentziatura, apirilaren 24ko 790/1981 Errege Dekretuan arautuak. Dekretu horretan, Gorputz Heziketako Institutu Nazionalak eta horietan ematen diren ikasketak ezartzen dira.

c) Gorputz Hezkuntzan espezializatutako irakaslearen titulua, abuztuaren 30eko 1440/1991 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan irakasle izateko unibertsitateko titulu ofiziala eta haren espezialitateak ezartzen dira, bai eta haiek eskuratzeko ikasketa planetarako jarraibide orokor berariazkoak ere.

d) Gorputz eta Kirol Ekintzak Sustatzeko goi mailako teknikariaren titulua, abenduaren 22ko 2048/1995 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan Gorputz eta Kirol Ekintzak Sustatzeko goi mailako teknikari izateko lanbide heziketako titulua eta hori eskuratzeko gutxieneko ikasketak ezartzen dira.

e) Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzak Gidatzeko teknikariaren titulua, abenduaren 22ko 2049/1995 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzak Gidatzeko teknikaria izateko titulua eta hori eskuratzeko gutxieneko ikasketak ezartzen dira.

f) Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan jasotzen den unibertsitate-ikasketa ofizialen ordenamenduan araututako edozein gradu. Errege dekretu horretan, gaitasun egokiak eskuratzea bermatzen duten unibertsitate-ikasketa ofizialen ordenamendua ezartzen da.

g) Batxilergoko ikasgaiak.

h) Abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako tituluak. Dekretu horretan kirol teknikari tituluak eskuratzeko araubide bereziko ikasketak ezartzen dira, eta tituluetako jarraibide orokorrak eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak onartzen.

2. 6.A) eranskinean ezartzen da zer baliozkotze egiten ahal diren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako moduluen eta atletismoko kirol teknikari tituluko multzo espezifikoko kirol ikasketetako moduluen artean.

3. Baliozkotu eginen dira kirol ikasketetako modulu komunak eta espezifikoak, izen eta kode berberak izanez gero.

4. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako edozein modalitate edo espezialitatetan, 1. edo 2. mailako multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, baliozkotu eginen dira atletismoko dagokion zikloko -hasierakoa zein bukaerakoa- multzo komuneko modulu guztiak. Atletismoko kirol teknikari tituluko hasiera zikloan edo bukaerakoan multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, baliozkotu eginen dira dagokien mailako multzo komuneko modulu guztiak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluetan.

5. Foru dekretu honetan araututako zikloetako prestakuntza praktikoaren modulua salbuesten ahal da, osorik edo partez, segun zer korrespondentzia duten kiroleko edo laneko esperientziarekin. 6.B) eranskinean zehazten da.

13. artikulua . Irakasleek izan beharreko tituluak ikastetxe publikoetan jarduteko.

Ikastetxe publikoetako irakasleen titulazio beharkizuna irakatsiko duten kirol ikasketetako multzoaren araberakoa izanen da.

1. Foru dekretu honen 7.A eranskinean ezarritakoari jarraikiz, espezialitate horietako irakasle funtzionarioei dagokie foru dekretu honetan araututako zikloetako kirol ikasketetako multzo komuneko moduluak irakastea, ikastetxe publikoetan.

2. 7.B eranskinean zehazten da nori dagokion ikastetxe publikoetan foru dekretu honetan araututako zikloetako kirol ikasketetako multzo espezifikoko moduluak irakastea, eta honako profil hauei dagokie:

a) Gorputz Hezkuntzan espezializatuta dauden irakasleak, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetakoak, Atletismoko goi mailako teknikari titulua dutenak.

b) Atletismoko goi mailako teknikari titulua duten irakasle espezialistak, edo titulurik izan ez arren, lan- eta kirol-munduan edo irakaskuntzan esperientzia frogatzen ahal duten pertsonak. 7.C eranskinean zehazten da.

3. Hezkuntza administrazioek baimentzen ahal dute Atletismoko goi mailako teknikari titulurik ez duten baina Gorputz Hezkuntzan espezializatuta dauden Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleek irakasle espezialista bati dagozkion multzo espezifikoak irakastea, baldin eta helburu horretarako taxututako edo hezkuntza administrazioek onartutako trebakuntza, edo lan-esperientzia, kirol-esperientzia edo irakaskuntza-esperientzia badute. 7.C eranskinean zehazten da.

4. Berariazko proben ebaluatzaileek Atletismoko goi mailako teknikari titulua dutela frogatu beharko dute gutxienez.

14. artikulua . Titulaziobeharkizunak ikastetxe pribatuetako irakasleentzat eta hezkuntzaz bestelako administrazioetako titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat.

Foru dekretu honen 7.D eranskinean azaltzen da zer titulu eskatzen zaizkien ikastetxe pribatuetako edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetako irakasleei, foru dekretu honetan araututako zikloak osatzen dituzten multzo komuneko zein espezifikoko moduluak irakasteko.

15. artikulua . Espazioak eta ekipamenduak.

1. Atletismoko kirol teknikari tituluko ikasketak emateko baimenduta dauden ikastetxeek izan behar dituzten espazioak eta ekipamenduak foru dekretu honen 8. eranskinean jaso dira.

2. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, hala bermatuko baita ikasketen kalitatea.

16. artikulua . Irakasle/ikasle ratioa.

1. Atletismoko erdi mailako hasiera zikloan eta bukaerakoan multzo komuneko moduluak irakasteko, baita multzo espezifikoko moduluen kontzeptu-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko ere, irakasle/ikasle ratioa 1/30 izanen da.

2. Atletismoko erdi mailako hasiera eta bukaera zikloetan multzo espezifikoko moduluen prozedura-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko, irakasle/ikasle ratioa foru dekretu honen 9. eranskinean jasotakoa izanen da.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Tituluaren erreferentziako araudia.

Foru dekretu honetan jasotzen ez diren alderdietan, irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa. Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenak Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

ERANSKINA

Atletismoko kirol teknikari titulua, araubide bereziko kirol ikasketen barrenean.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web