(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

82/2020 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 11KOA, NAFARROAKO JUSTIZIA KONTSEILUA SORTZEN DUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 277 - 26/11/2020



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO JUSTIZIA KONTSEILUA OSATZEN DUTEN PERTSONAK


  III. KAPITULUA. EGINKIZUNAK


  IV. KAPITULUA. ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA


Atarikoa

Justiziako zerbitzu publikoa era egokian emateko, beharrezkoa da zenbait administrazio publikok, organo konstituzionalek eta erakundek parte hartzea; izan ere, eskudantziak partekatzen dituzte, modu gainjarrian, eta beharrezkoa da koordinatzea, testuingurua konplexua bada ere, hala lurraldeari nola eginkizunei dagokienez. Estatuko hiru botereek era koordinatuan bete behar dituzte esleiturik dituzten eginkizunak, bakoitzak bere eskumenen eremuan. Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako eskumenaren ondorioz, zerbitzu publiko hori emateko beharrezkoak diren baliabide material eta pertsonal guztiak jartzen ditu, eta erantzukizun berezia du zerbitzu horren funtzionamenduari dagokionez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak gure autogobernuari esleitzen dizkion eskumenen esparruan.

Ildo horretan, frogaturik gelditu da sektore honetako krisiaren gobernantzarako eraginkorra dela Justizia Ministerioak honako hauekin batera bultzaturiko koordinazioa: Justizia Auzitegi Nagusia, Fiskaltza, Justizia Administrazioaren letraduak, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoak, gizarte-graduatuak, ordezkaritza sindikalen bitartez transferitutako langileak, eta abar. Hortaz, koordinazio horri eutsi behar zaio. Horrenbestez, beharrezkoa da parte hartzeko foro bat izatea, zeresana duten sektore guztiei hitza emateko erabakiak hartzeko prozesuan, ahalik eta adostasun handienarekin har daitezen erabaki horiek. Bestalde, une honetan gizartea asko aldatzen ari da Justiziaren arloari dagokionez. Zenbait erronka ditugu -besteak beste, iraultza digitala eta klima larrialdia-, eragin sakona izanen dutenak auzi motetan, horiek ebazteko moduan eta Justizia Administrazioa kudeatzeko eran. Horregatik, Foru Komunitateak eskura izan behar ditu beharrezkoak diren tresnak, aldaketarik etortzen bada mekanismoak izan daitezen erakundeek parte hartzeko, eta kontsentsua eta efizientzia lortzeko. Horrela, Justizia zerbitzuak ziurtatuko ditu kohesio soziala eta gizartearen garapen jasangarria, horretarako dialogoa, lankidetza eta gobernantza erabiliz, “Justizia 2030” delakoan jasotako printzipioekin bat.

Azaroaren 30eko 361/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Justiziako Aholku Kontseilua sortu zen, eta gero aldaketak egin ziren urtarrilaren 57/2007 Foru Dekretuaren bidez. Hala ere, aholkularitza organo horrek ez du jardunik izan 2011tik. Foru dekretu hau hartzen da helburu zehatz batekin, alegia, parte hartzeko eta lankidetzarako foro bat aktibatzea, justiziako zerbitzu soziala ematen duten sektore guztiek bide bat izan dezaten erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko, eraginkortasunez.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko azaroaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Sorrera.

1. Nafarroako Justizia Kontseilua sortzen da lankidetza, azterketa, eztabaida, partaidetza eta aholkularitzarako aholku organo gisa, Nafarroako Foru Komunitatean justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea sustatzeko asmoz Nota de Vigencia.

2. Justiziaren arloan eskumena duen departamentuari atxikiko zaio Nafarroako Justizia Kontseilua; behar bezala aritzeko behar dituen bitarteko materialak eta giza baliabideak emanen dizkio hark.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO JUSTIZIA KONTSEILUA OSATZEN DUTEN PERTSONAK

2. artikulua . Osaera Nota de Vigencia.

1. Honako hauek osatuko dute Nafarroako Justizia Kontseilua:

a) Justiziaren arloko eskumena duen kontseilaria, edo berak eskuordetzen duena.

b) Nafarroako Botere Judizialeko kide diren hiru pertsona, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin berariaz sinatuko den hitzarmenean zehazten den bezala izendatuko direnak.

c) Nafarroako fiskal nagusia edo berak eskuordetzen duena.

d) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu idazkaria edo berak eskuordetzen duena.

e) Nafarroako Abokatuen Elkargoen bi ordezkari, haien kideen artean izendatutakoak.

f) Nafarroako Prokuradoreen Elkargoaren ordezkari bat, haren kideen artean izendatutakoa.

g) Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko Langileen Batzordearen ordezkari bat.

h) Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren ordezkari bat, haren kideen artean izendatutakoa.

i) Nafarroako Gobernuko Justiziako zuzendari nagusia edo berak eskuordetzen duena.

j) Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuko zuzendaria edo berak eskuordetzen duena.

Karguagatik izendatuta ez dauden ordezkarien kasuan, edo izendatutakoek eskuordetzen dituztenen kasuan, ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzeko.

2. Justizia arloan eskumena duen kontseilaria Nafarroako Justizia Kontseiluko lehendakaria izanen da.

3. Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuko zuzendaria Nafarroako Justizia Kontseiluko idazkaria izanen da.

4. Artikulu honen 1. apartatuko b), c) eta d) letretan aipatutako karguak betetzen dituzten pertsonek kontseilukide izaera hartuko dute baldin eta Kontseiluko kargu horretaz jabetzea onartzen badute.

3. artikulua . Agintaldia, ordezpena eta karguuztea.

1. Karguagatik Kontseiluko kide direnen agintaldiak kargu horretan dauden bitartean iraunen du.

2. Kontseiluko kide beren karguagatik ez direnen agintaldiak lau urte iraunen du, eta pertsona horien agintaldi kopurua ez da mugatuko.

3. Kontseilukide beren karguagatik ez direnen posturen bat hutsik gelditzen bada, ordezkoaren agintaldiaren iraupena izanen da lanpostua utzi duenaren agintaldia amaitu arte falta den denbora tartea.

4. Nafarroako Justizia Kontseiluko kideek kargua utziko dute honako arrazoi hauetako batengatik:

a) Kontseiluko kide izatea dakarren kargua uztea.

b) Haren izendapena egin zuen entitateak proposatzea.

c) Gerora etorritako ezintasuna, legez adierazitakoa.

d) Agintaldiaren bukaera.

e) Uko egitea.

f) Kargu publikoetan aritzeko gaitasunik gabe uztea epai judizial irmoaren bidez.

5. Nafarroako Justizia Kontseiluko kideak beren karguetan arituko dira horiek ordeztu behar dituztenak karguaz jabetu arte.

4. artikulua . Eskubideak eta betebeharrak.

1. Nafarroako Justizia Kontseiluko kideek honako eskubide hauek dituzte:

a) Nafarroako Justiziako Aholku Kontseiluko osoko bilkuraren eta partaide diren lantaldeen bileretarako deia jasotzea eta horietara joatea hitzarekin eta botoarekin.

b) Proposamenak aurkeztea lehendakariaren bidez.

c) Eratzen diren batzorde txostengileetako kide izatea, osoko bilkurak zehazten duenaren arabera.

d) Legez edo erregelamenduz esleitzen zaien beste edozein.

2. Nafarroako Justizia Kontseiluko kideek partaide diren organoen bileretara joateko betebeharra dute, eta ezin etorria adieraziko dute ezinezko egiten zaienean.

5. artikulua . Kalteordainak.

Nafarroako Justizia Kontseiluko kide izateak ez dakar inolako ordainsaririk berekin, ezertan galarazi gabe zerbitzuaren ondorioz sortzen diren gastuengatik eslei daitekeen kalte-ordaina.

III. KAPITULUA. EGINKIZUNAK

6. artikulua . Eginkizunak.

1. Nafarroako Justizia Kontseiluak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Justizia Administrazioarekin zerikusia duten gaiei buruzko azterketak egitea eta horietan, ahal dela, datuak sexuen arabera bereizirik hartzen ahalegintzea.

b) Nafarroako Justizia Administrazioa hobetzen lagunduko duten jardun proposamenak egitea.

c) Organo eta entitate eskudunetan Kontseiluak egindako proposamenen berri izan dezaten eta, kasua bada, ezar daitezen sustatzea, eta halaxe egitea, halaber, Nafarroako Justizia Administrazioa hobetzen lagun dezakeen beste edozein proposamenekin Nota de Vigencia.

2. Eginkizun horiek betetzean arreta berezia emanen zaie Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren inplementazioarekin lotura dutenei.

3. Eginkizunak artikulu honetan ezarritakoak izanen dira, ezertan ukatu gabe Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, Estatuko fiskal nagusiari eta Justizia Administrazioarekin lotutako eskumenak dituzten administrazioei dagozkien eskumenak.

4. Nafarroako Justizia Kontseiluak egiten dituen proposamenak, azterlanak eta txostenak aukerakoak eta ez-lotesleak dira.

5. Nafarroako Justizia Kontseiluak onesten dituen proposamenak eta azterlanak jakinaraziko zaizkie horien edukiaren arabera interesduntzat edo ukitutzat jotzen diren entitateei eta sektore sozialei.

IV. KAPITULUA. ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

7. artikulua . Kontseiluko burua.

1. Nafarroako Justizia Kontseiluko buruak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseilua ordezkatzea.

b) Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea eta gai-zerrenda finkatzea, kideen proposamenak aintzat hartuz.

c) Bilkuretan buru eta moderatzaile lanak egitea.

d) Nafarroako Justizia Kontseiluarenak izan eta beste organo bati esleituta ez dagoen beste edozein.

2. Kontseiluburuaren kargua bete gabe dagoenean, hura falta denean edo eri dagoenean, berak izendatzen duen kideak ordeztuko du.

8. artikulua . Idazkaritza.

Nafarroako Justizia Kontseiluko idazkariak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Buruak aginduta, Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea.

b) Bilkuren aktak idaztea.

c) Kontseiluaren dokumentuak eta artxiboak zaintzea.

d) Kontseiluko buruak ontzat emanda, Kontseiluaren bilkuren akten, erabakien eta bertaratzeen ziurtagiriak egitea.

e) Idazkariari dagokion beste edozein.

2. Idazkariaren kargua bete gabe dagoenean, hura falta denean edo eri dagoenean, kontseiluburuak izendatzen duen kideak ordeztuko du.

9. artikulua . Osoko Bilkura.

1. Nafarroako Justizia Kontseiluko osoko bilkura buruak, idazkariak eta kideek osatuko dute.

2. Osoko bilkurak urtean bi aldiz eginen du bilkura arrunta, gutxienez.

Bilkura arruntetarako deia zortzi egun lehenago eginen da gutxienez, eta Kontseiluko kideei igorriko zaie, gai-zerrendarekin eta beharrezkotzat jotzen den dokumentazioarekin batera.

3. Osoko bilkurak bilkura bereziak eginen ditu kontseiluko buruak egokitzat jotzen duenean edo kideen laurden batek eskatzen duenean.

Bilkura berezietarako deia lau egun lehenago eginen da, eta bilkura arruntetarako deien baldintza beretan eginen da.

4. Kontseiluburuak osoko bilkurarako deia egiten ahalko du premia larriko arrazoiengatik, eta, halakoetan, osoko bilkura hurrengo 24 orduan bildu beharko da.

5. Osoko bilkura lehen deialdian modu baliozkoan eratzeko, beharrezkoa izanen da kontseiluburua, idazkaria (edo horiek modu baliozkoan ordezten dituztenak) eta kideen erdia, gutxienez, bertaratzea.

Bigarren deialdian, baldin badago, nahikoa izanen da kideen heren bat egotea.

6. Osoko bilkuraren erabakiak kideen gehiengo osoz hartuko dira.

10. artikulua . Lantaldeak.

1. Osoko bilkurak lantaldeak sortzen ahalko ditu, Nafarroako Justizia Kontseiluaren lanak prestatu, egin edo idazteko.

2. Kontseilutik kanpoko pertsonak sartzen ahalko dira lantaldeetan, baldin eta haien lan esperientzia edo jakintza teknikoak interesgarritzat jotzen badira Kontseiluaren eginkizunak gauzatzeko. Bereziki, genero arrakala nabarmen adierazgarria den gaietan, generoaren arloko adituen laguntza izateko ahaleginak eginen dira.

3. Lantaldeak sortzeko erabakiak honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

a) Osaketa, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua izatea kontuan hartuz.

b) Koordinatzailea, beharren arabera buruaren eta idazkariaren lanak gauzatuko dituena lantaldean.

c) Lantaldearen xedea eta, hala badagokio, haren edukiari buruzko jarraibideak.

d) Bere lanaren emaitzak Kontseiluko buruaren bidez osoko bilkurari helarazteko duen epea.

e) Lantaldeek behar bezala funtzionatzeko beharrezkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

11. artikulua . Funtzionamendu arauak.

Nafarroako Justizia Kontseiluak bere barne funtzionamendurako arauak ezartzen ahalko ditu honako hauetan ezarritakoaren esparruan: foru dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Xedapen gehigarri bakarra.- Nafarroako Justizia Kontseiluaren eraketa.

1. Nafarroako Justizia Kontseilua hiru hilabeteko epean eratu beharko da, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hasita.

2. Nafarroako Justizia Kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, nahikoa izanen da lehendakariak, idazkariak eta kideen erdiek hartzea karguaren jabetza Nota de Vigencia.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Justiziako Aholku Kontseilua sortzen duen azaroaren 30eko 361/2004 Foru Dekretua.

Azken xedapenetako lehena.- Arau garapena.

Justiziaren arloan eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren arau guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko azaroaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2013498

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web