(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

42/2020 FORU AGINDUA, IRAILAREN 11KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ PREBENTZIO NEURRIAK HARTZEN BAITIRA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN COVID-19AK ERAGINDAKO EGOERA EPIDEMIOLOGIKOAK IZAN DUEN BILAKAERAREN ONDORIOZ Nota de Vigencia

BON 14/09/2020



Atariko

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Gobernuak 2020ko abuztuaren 26an hartutako beste erabaki batek aldatu du erabaki hura.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Orobat, abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretuak ohiz kanpoko neurriak onetsi zituen Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko, eta, hala, mugak ezarri zituen ordutegietan ostalaritza establezimenduetarako eta jatetxeetarako, josteta aretoetarako, ziberzentroetarako, bingo aretoetarako, joko aretoetarako eta kirol aretoetarako. Foru lege dekretu horren bigarren xedapen gehigarriak gaikuntza eman zien Osasun Departamentuko titularrari eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko titularrari, behar ziren aldi baterako neurri gehigarriak edo osagarriak har zitzaten lokalizatuak dauden agerraldien hedapena saihesteko. Neurri horiek, betiere, proportzionalak izan behar zuten eta ezinbestekoa zen denboran aplikatzekoak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako egoera epidemiologikoaz egindako txostenaren arabera, abuztuaren 31tik irailaren 6ra arteko astean, baieztatutako diagnostiko berrien tasa 175ekoa da 100.000 biztanleko. 2020ko maiatzaren 11tik irailaren 9ra arte, COVID-19aren 6.862 kasu jakinarazi dira Nafarroan. Maiatzaren lehendabiziko hamabostaldian, 15 bat kasu jakinarazten ziren egunero, eta irailaren 6tik 9ra, berriz, 200 kasu baino gehiago diagnostikatu dira egunero.

Nafarroa, azken asteotan, COVID-19aren zirkulazio handiena duten Europako eskualdeen artean dago; Espainiako bigarrena da azken asteko metatutako inzidentzian, eta hirugarrena azken bi astekoan. Handitu da COVID-19a dela-eta izandako ospitaleratzeen kopurua, eta bereziki kezkagarria da 85 urtetik gorakoen tasaren igoera, kasu larrien igoera ekar dezakeelako. Aipatutako txostenaren arabera, senitartekoen eta lagunen arteko “konfidantzazko” inguruneak dira COVID-19a zabaltzen dutenak herritarren artean. Horrek esan nahi du halakoetan gehiegi laxatzen direla prebentzio neurriak. Bukatzeko, adierazi da arriskuarekiko oraingo esposizioarekin, birusaren hedapena askoz handiagoa izan litekeela neguan, eta horrek kalte larriak ekar liezazkiekeela jendearen bizitza ekonomikoari eta sozialari eta hezkuntzari. Beharrezkoa da zuhurtziaz jokatzea eta beharrezko prebentzio neurriak indartzea, transmisio komunitarioa murrizteko eta gaixotasunaren hedapena saihesteko.

Horregatik, osasun publikoan nagusi den zuhurtasun-printzipioa oinarri hartuta, prebentzio neurriak hartu behar dira aldi baterako. Foru agindu honek dituen neurriak, funtsean, familiaren arlokoak eta arlo sozialekoak dira, hor gertatzen ari baitira nagusiki kutsapenak. Nafarroa osoa ukitzen dute neurriok, zeren, datuen arabera, ez baitago alde geografiko handirik kutsatze kopuruari dagokionez, eta antzeko egoera batean dago Komunitatearen zatirik handiena.

Gisa honetako neurriak hartzen dira: pertsonen kopurua mugatzea ospakizun sozialetan, ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak ematen dituzten establezimenduetan; mugak ezartzea ostalaritzan eta jatetxeetan; edukiera mugatzea igerilekuetan, eremu publikoko merkatuetan, joko eta apustu lokaletan, kultur ekitaldietan; elkarte gastronomikoak eta peñak ixtea; eta pertsonen bilkurak mugatzea eremu publikoan. Foru agindu honetako neurriak, funtsean, hartu behar dira, batetik, kutsaduraren kurba mendean hartzeko, apaldu dadin, eta, bestetik, hartu behar ez izateko neurri askoz murriztaileagoak, bizitza soziala eta eremu ekonomikoa nabarmenki mugatuko dituztenak.

Ildo horretan, neurriak proportzionalak dira, kaltea txikiagoa baita Nafarroako herritarren bizitza ekonomiko eta sozialerako, neurri askoz murriztaileagoak eta kaltegarriagoak hartuta izanen litzatekeena baino. Beraz, proportzionalak, beharrezkoak, egokiak eta justifikatuak dira, haien helburua baita bermatu dadin, osasun publikoaren araudiaren esparruan, kutsaduraren kontrola eta bizitzeko eskubidearen, osotasun fisikoaren eta jendearen osasunaren babesa.

Foru agindu honetan adierazitako neurriak Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela judizialki baimentzea edo berrestea osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere hamabost egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa. Nafarroako Foru Komunitaterako prebentzio neurri hauek agintzea, COVID19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela eta.

1. Beilak eta hiletak.

Behar bezala gaitutako instalazioetan egin daitezke beilak, baldin eta gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada.

Hileten segizioa 50 pertsonara mugatzen da, barnean hartuta familiakoak, hurkoak eta kultu ministroa.

2. Kultua.

Kultu-tokietan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar, eta, kasu guztietan, 2,25 metro koadro egon beharko dira erabiltzaile bakoitzeko.

3. Ezkontza zeremoniak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk.

1. Ezkontza zeremoniak eta bestelako ospakizun erlijioso edo zibilak mota guztietako instalazio publiko edo pribatuetan egiten ahalko dira, aire zabaleko tokietan nahiz itxietan, baldin eta edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada eta erabiltzaile bakoitzeko 2,25 metro koadroko azalera baldin badago.

2. Zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak dituzten establezimenduetan, bete beharko dira pertsonen arteko segurtasun neurri orokorrak eta, kasu guztietan, 1,5 metroko tartea, eta ez da behin ere gaindituko berrogeita hamar pertsonaren kopurua, gehienez, establezimenduen barruan, eta hirurogeita hamabost pertsonena, kanpoan bada.

3. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

4. Ostatuak eta jatetxeak.

1. Lokalaren barnean 12:00etatik aurrera kontsumitzeko, eserita egon beharko da, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta.

2. Ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan eta mota orotako establezimenduetako terrazetan, mahaietan sei pertsona egoten ahalko dira gehienez, segurtasun tartea gordez betiere.

3. Edonola ere, ahalik eta gehien erabiliko da maskara, eta pertsonen arteko tartea gordeko.

4. Neurri horiek berak aplikatuko zaizkio ostalaritza, jatetxe edo terraza zerbitzuren bat ematen duen establezimendu, jarduera edo instalazio orori.

5. Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko pertsonarteko distantzia gordetzen ahal dela bermatuko du. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da, gutxienez.

Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira Nota de Vigencia.

6. Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentro pribatuak, eta prestakuntza zentroak.

Akademia, autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentro pribatuetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada.

7. Kultur ekitaldiak.

1. Espazio itxietako kultur ekitaldietan, ez da gaindituko gehienez baimendutako edukieraren ehuneko hirurogei, eta eserlekuak aurrez esleitu beharko dira. Edukiera 350 pertsonatik gorakoa bada, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txosten bat eman beharko du aldez aurretik.

2. Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, kultur ekitalditzat jotzen dira Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako erabakiaren eranskinaren 3.17 puntuan zehazten direnak. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratu zen eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

8. Aisialdiko igerilekuetan, kanpokoetan zein estalietan, edukieraren ehuneko berrogeita hamarreko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol jardueretarako igerilekuen erabilera Nota de Vigencia.

9. Joko eta apustuetarako lokalak.

Joko eta apustuetarako establezimenduek eta lokalek beren jarduera gauzatzen ahalko dute, baldin eta baimenduriko edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada.

10. Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Bertan behera geldituko da elkarte gastronomikoen eta peñen jarduera, eta itxita egonen dira.

Etenaldi horretatik salbuetsita daude bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzeju txikietan kokatutakoak, baldin udalerri edo kontzejuan ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta haiek badira herri guztia elkartzeko lokal bakarrak.

11. Aire zabaleko eta erabilera publikoko eremuak.

Nafarroako Foru Komunitateko aire zabaleko eta erabilera publikoko eremuetan, ez dira sei laguneko talderik baino talde handiagorik elkartuko, elkarrekin bizi direnen taldeen salbuespenarekin, eta bete beharko dira osasun agintaritzak COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak.

12. Bilerak eremu pribatuan.

Gomendatzen da gehienez ere 6 pertsona elkartzea lagunen edo familien bilera pribatuetan, elkarrekin bizi direnen kasuan izan ezik.

13. 13. Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egitea espazio itxietan.

Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak espazio itxietan egiteko taldeetan ez dira arituko hamabost pertsona baino gehiago.

Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko ditu jarduera hauek egiteko baldintza espezifikoak Nota de Vigencia.

14. Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, jendearentzat irekita daudenak eta merkataritza zentro edo parkeen parte ez direnak.

Jendearentzat irekita daudenean txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, baldin merkataritza-zentro edo -parkeen parte ez badira, ezin izanen da gainditu gehienez baimenduriko edukieraren ehuneko berrogeita hamar. Lokalek solairu bat baino gehiago baldin badute, bezeroek proportzio berari eutsi beharko diote solairu bakoitzean.

Kasu guztietan, beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko eta maskara erabiltzeko.

Saiatuko da 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez ematen Nota de Vigencia.

15. Merkataritza-gune edo -parketzat jotzen diren establezimenduak, edo horien zati direnak.

Merkataritza-gune eta -parkeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogei eremu komunetan eta atseden eremuetan; merkataritza-gune edo -parke bakoitzaren autobabeserako planak zehazten du zein den gehieneko edukiera hori.

Merkataritza-gune eta -parkeetan dauden lokaletan ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

Kasu guztietan, beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko eta maskara erabiltzeko.

Saiatuko da 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez ematen Nota de Vigencia.

Bigarrena Nota de Vigencia

Debeku da alkohola saltzea 22:00etatik 8:00ak arteko tartean, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak. Horien baldintzak eta ordutegiak berariaz aurreikusitakoak izanen dira.

Hirugarrena

Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, hamabost egun naturaleko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena

Neurri horietako batzuek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian adierazitako horiek (gero Gobernuaren abuztuaren 26ko Erabakiak aldatu zuen erabakia), baina erabaki hori osotara aplikatzekoa da arautzen dituen gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, ezertan ukatu gabe aplikatu beharreko beste xedapen orokor batzuk.

Bosgarrena

Foru agindu honetan ezarritako prebentzio neurriak eta betebeharrak betetzen ez direnean, hori administrazioko arau-haustea bada, zehapenak jar daitezke aplikatu beharreko indarreko araudiarekin bat.

Osasun agintaritzek babesa eta lankidetza jaso dezakete udaltzaingoetatik, Foruzaingotik eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan aritzen diren Estatuko segurtasun kidego eta indarretatik, foru agindu honetako neurriak ikuskatu eta gauzatzeko.

Seigarrena

Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikora, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zazpigarrena

Foru agindu honek ondorioak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, 3.2 eta 7. puntuek izan ezik, 2020ko irailaren 14tik aurrera izanen baitituzte ondorioak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web