(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

41/2020 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 3KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN LABORATEGIKO LANETAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 170 - 03/08/2020



  ERANSKINA. Laborategiko Lanetako teknikari titulua


Zioen azalpena

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau ezartzen du: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio-sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, dagokion lurralde eremuan lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko.

Hezkuntza Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu lanbide heziketari dagokionez, besteak beste, haren xedeak eta helburuak, oinarrizko lanbide heziketa eta lanbide heziketa duala ezartzen ditu, eta funtsean aldatzen ditu lanbide heziketako zikloetan sartu eta onartuak izateko baldintzak, garrantzizko gai batzuk aipatzearren.

Foru dekretu honen bitartez, Laborategiko Lanetako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Honako curriculum honek martxoaren 23ko 554/2012 Errege Dekretua garatzen du, Laborategiko Lanetako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituena, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Laborategiko Lanetako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek, alegia, Industria kimikoan mugimendu lanak egitea eta produktuak entregatzea, otsailaren 4ko 143/2011 Errege Dekretuak arautzen duena, eta osatu gabe dagoen Energia instalazioetako eta zerbitzu osagarrietako lanak, irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretuaren bidez arautua, hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, badu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari honek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Ekoizpen sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituztenak Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Gutxienez ere bi dimentsio osagarri dituen sistema batean kokatzen da ingurune hori. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera Estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegia dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziazko sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitateetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta, bestetik, halako ibilbide batzuk diseinatzeko, eta, horrela, prestakuntza eskaintzan gaitasunak ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura gehitzeko. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Laborategiko Lanetako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren lekuen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko ekainaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat, honako hau

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Laborategiko Lanetako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Kimikaren lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Laborategiko Lanetako teknikari titulua honako elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Laborategiko Lanak.

b) Maila: 2 - Erdi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Kimika.

e) Europako erreferentea: CINE - 3b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita ekoizpen sistemaren erreferentzia, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Laborategiko Lanetako teknikariaren heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Laborategiko Lanetako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen martxoaren 23ko 554/2012 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Laborategiko Lanetako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Laborategiko Lanetako teknikari tituluak sarbidea ematen du goi mailako heziketa zikloetarako, oinarrizko araudian ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Laborategiko Lanetako teknikari tituluak Batxilergoko edozein modalitate egiteko aukera ematen du, baita Gobernuak erabakitzen dituen Batxilergoko ikasgaiak baliozkotzeko ere, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34.2 artikuluari jarraikiz (foru dekretu haren bidez ezarri zen antolamendu orokorra hezkuntza sistemako lanbide heziketarako).

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 4. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin eta gaitasun unitateekin eta Batxilergoko irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokionez, martxoaren 23ko 554/2012 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoa bete beharko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Laborategiko Lanetako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5.A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5.B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 6.A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanaren ondorioetarako, aurrekoen baliokideak diren tituluak, irakasleen espezialitateari dagokionez, foru dekretu honen 6.B) eranskinean ageri dira.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 6.C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat pertsonarentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipamenduek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte ikasgelak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzen lorpena eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen garapenak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen Xedapen Gehigarria. Tituluaren baliokidetasunak.

1. Martxoaren 23ko 554/2012 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Laborategiko Lanetako teknikari tituluak, zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen baita, eta jarraian aipatzen diren tituluek ondorio profesional berdinak sortuko dituzte:

a) Laborategiko Operadorearen Teknikari Laguntzailea, Kimika adarra.

b) Laborategiko Laguntzailearen Teknikari Laguntzailea, Kimika adarra.

2. Era berean, Laborategiko teknikari tituluak, martxoaren 3ko 56/1997 Foru Dekretuak arautzen duenak, Laborategiko Lanetako teknikari tituluaren (zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen den) ondorio profesional eta akademiko berdinak izanen ditu.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Beste lanbide gaikuntza batzuk.

Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak izeneko lanbide moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, martxoaren 23ko 554/2012 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan ezarritakoarekin bat.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Genero neutraltasuna.

Foru dekretu honen gaztelaniazko bertsioan erabiltzen den terminologian batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela, eta, beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten da martxoaren 3ko 56/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Laborategiko teknikari tituluari dagokion erdi mailako heziketa zikloaren curriculuma ezartzen duena.

2. Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken Xedapenetako Lehena. Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarrean jartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Laborategiko Lanetako teknikari titulua

ERANSKINA

DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDF FORMATUAN

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web