(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

48/2020 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 3KOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO HEZURDUNEN FRUTA-ARBOLEN PRODUKZIO INTEGRATURAKO ERREGELAMENDU TEKNIKOA ONESTEN DUENA

BON N.º 94 - 07/05/2020



Atariko

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

143/1997 Foru Dekretuak, zeina maiatzaren 26koa baita, eta Nafarroako produkzio integratua eta hortik sortutako produktuen bereizketa arautzen baititu, besteak beste honako hauek ditu zehazten ditu: helburua eta aplikazio esparrua; produkzio integratuaren definizioa; bereizketa-sistemak; laboreei buruzko erregelamenduen norainokoa; kontrol eta ziurtapen entitateen aintzatespena; eta Nafarroako Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordearen sorrera

2018an, Nafarroako produkzio integratuari buruz indarrean zegoen araudia berraztertu zuten Nekazaritzako Elikagaietarako Nafarroako Teknologia eta Industria Institutuko (INTIAko) teknikariek eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko langileek. Arauen berrikuspen horren emaitza izan da araudian aldaketa batzuk proposatzea, ekoizleen sektorearen eskaerari erantzuteko.

Foru arau horren aurretik, Nafarroako Ekoizpen Integratuaren Erregistroan inskribatutako ekoizleak behartuta zeuden urtero beren partzeletako lurra aztertzera, baina, sektoreak proposatuta, egoki da hori aldatzea, eta azterketa nahitaezkoa izan gabe gomendagarria izatea.

Etengabe aldatu direnez produktu fitosanitarioak erabiltzeko araudiak, eta produktuok baimentzeko baldintzak berrikusi, eta, horrenbestez, baimendutako produktuen zerrenda txikitu denez, haien ingurumen- eta osasun-inpaktua ahalik gehiena murrizteko, bidezko da Ekoizpen Integratuan baimendutako produktu fitosanitarioak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Produktu Fitosanitarioen Erregistroan bildutakoei atxikitzea.

Nekazaritza Zerbitzuak proposatuta, egin beharreko aldaketak kontuan hartuta, eta gai-arloan segurtasun juridiko handiagoa lortzeko helburuarekin, bidezko da 2001eko uztailaren 5eko Ebazpen bidez onetsitako hezurdunen fruta-arbolen produkzio integraturako aitzineko erregelamendua indargabetzea, eta lehenago adierazitako aldaketak jasoko dituen Nafarroako hezurdunen fruta-arbolen produkzio integraturako erregelamendu tekniko berria onestea.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako Hezurdunen Frutaarbolen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onestea.

Nafarroako Hezurdunen Fruta-arbolen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onesten da I. eranskinean ageri den moduan, eta foru agindu honetako II., III., IV. eta V. eranskinak onesten dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Espresuki indargabetzea.

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak 2001eko uztailaren 5ean emandako Ebazpen bidez onetsitako hezurdunen fruta-arbolen produkzio integraturako erregelamendua indargabetzen da.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Hezurdunen Fruta-arbolen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa (PDFa).

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web