(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, APIRILAREN 29KOA, PREMIAZKO NEURRIAK ONESTEN DITUENA KORONABIRUSAREN (COVID-19) OSASUN KRISIAK ERAGINDAKO INPAKTUARI AURRE EGITEKO.

BON N.º 91 - 04/05/2020



  ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  I. TITULUA. NEURRI BEREZIAK TRIBUTUEN ESPARRUAN.


  II. TITULUA. NEURRI BEREZIA, KOOPERATIBEN HEZKUNTZA ETA SUSTAPEN FUNTSAREN ERABILERA ALDI BATERAKO MALGUTZEKOA, COVID19AREN ONDORIOEI AURRE EGITEKO HELBURUAREKIN.

  ERANSKINA


Zioen Azalpena

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Gerora, martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak eta apirilaren 24ko 492/2020 Errege Dekretuak aldatu zuten lehenbiziko arau hura, eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuak, apirilaren 10eko 487/2020 Errege Dekretuak eta apirilaren 24ko 492/2020 Errege Dekretuak luzatu zuten alarma egoera. Luzapenak eginda, alarma egoeraren indarraldia 2020ko maiatzaren 10eko 00:00ak artekoa dela ezarri da.

Aipatutako 463/2020 Errege Dekretuak 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, eta, zein bere ardura eremuan, agintaritza eskudun delegatuak izanen dira, halaber, ministerio hauetako titularrak: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Agenda Urbanoa. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere agintaritza eskudunaren zuzeneko aginduen esparruan.

COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen aparteko egoeraren ondorioz, premiazko zenbait neurri berezi hartu behar izan dira. Horretarako, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren eta apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurri batzuk onetsi ziren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Nafarroako Parlamentuak 2020ko martxoaren 27an egindako Osoko Bilkurak erabaki zuen lehenbiziko bi foru lege-dekretuak baliozkotzea eta foru lege proiektu gisa tramitatzea presako prozeduraren bidez. Tramitazio horren ondorioz onetsi ziren, batetik, apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta, bestetik, apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Era berean, Nafarroako Parlamentuak 2020ko apirilaren 21ean egindako Osoko Bilkurak erabaki zuen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretua baliozkotzea.

Ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusita, beharrezkoa da laugarren neurri sorta ezartzea, foru lege-dekretu honetan jaso direnak, hain zuzen.

Testuinguru honetan, ekonomiaren arloan erabateko lehentasuna du ekoizpen eta gizarte sareari babesa eta sostengua emateak, inpaktua ahal den txikiena izan dadin eta, behin osasun alarma bukatuta, jarduera lehenbailehen susper dadin. Hori guztia alde batera utzi gabe, ordea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ere krisi honi aurre egiteko nahitaez behar duen finantzaketa.

Foru lege-dekretu honen I. tituluan zerga arloko araudia egokitzen da egungo egoerara, zergapekoaren jarduera ekonomikoaren zuzeneko adierazleetan oinarrituta ez dauden ordainketa betebeharrak murriztuz, kalkulatzen baitira jarduera ekonomiko hori garatzeko ahalmena neurtzeko zeharkako unitateen arabera. Ahalmen hori nabarmen desberdina da orain, kuotak ezarri zirenean hasiera batean kontuan hartu zenarekin alderatuta, eta foru lege-dekretu honen xedea da, hain zuzen ere, egungo egoerara egokitzea.

Horrela, koherentea da murriztea jokoaren gaineko tributu batzuen kuota, jolas-makinen ustiapenari dagokionez, makina horiek jarrita dauden establezimenduen itxiera dela eta. Ildo berean, saltoki handien gaineko zergaren kuota murrizten da, 2020ko zergaldikoa, alarma egoeraren deklarazioa dela eta, saltokia itxita egon den denboraren proportzioan.

Bestalde, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren likidazioa aldizkakoa ez denez, bi zergak aurkeztu eta diru-sarrera egiteko epeen kontaketarako ez da kontuan hartuko 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko aldia.

Horrez gain, neurri batzuk ezartzen dira, zenbait onura fiskal lortzeko bete beharreko epe eta denborei dagozkienak. Alde batetik, 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko epea ez da kontuan hartuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatik egiten den salbuespenari heltzeko epearen kontaketarako.

Bestetik, urtebete luzatzen da Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeagatik egiten den salbuespenari heltzeko ezartzen den epea, berrinbertitzeko epea 2020ko zergaldian bukatzen zaien zergadunen kasurako; 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzen da, berriz, Inbertsioetarako Erreserba Berezirako zenbatekoa gauzatzeko epea, gauzatzeko epea 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunen kasurako.

Era berean, desagertzen da 2020ko zergaldian batez besteko plantillak mantentzeko baldintza, enplegua sortzeagatiko kenkaria, sozietateen gaineko zergan arautua, 2018an eta 2019an aplikatzeko bete beharrekoa. Horrela, ez da eskatuko 2018an eta/edo 2019an sortutako kenkaria erregularizatzea enplegua ez bada mantendu 2020an koronabirusak eragindako krisi ekonomikoagatik.

Foru lege-dekretu honen II. tituluan neurri berezi bat jasotzen da, Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsaren erabilera aldi baterako malgutzekoa, COVID-19aren ondorioei aurre egiteko helburuarekin.

Ekonomiari eta enpleguari sostengua emateko presako neurri osagarriei buruzko apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege-dekretuak 13. artikuluan ezartzen duenez, kooperatibek, salbuespen gisa eta aldi mugatu baterako, Hezkuntza eta Sustapen Funtsa erabiltzen ahalko dute, osorik nahiz zati batean, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioak geldiarazi edo arintzen laguntzen duen edozein jardueratarako.

Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeak 51. artikuluan arautzen du kooperatiba guztietan Hezkuntza eta Sustapen Funtsa eratu behar dela, zeina banaezina eta enbargaezina baita, eta soilik erabili beharrekoa bertan ezarritako helburuetarako.

Osasun krisiaren egoera honetan, ekonomiaren doikuntza eta enpleguaren babesa errazteko neurri gisa, komeni da presako eta ohiz kanpoko beste neurri bat hartzea, Nafarroako kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsaren erabilera aldi baterako malgutzeko, hau da, Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatutako kooperatibena, halako moduan non, alarma egoeraren indarraldian eta 2020ko abenduaren 31 arte funts hori, osorik nahiz zati batean, finantza baliabide gisa erabili ahal izanen baita, kooperatibak likidezia izan dezan, funtzionamendurako behar izanez gero edo COVID-19aren osasun krisia geldiarazten edo haren ondorioak arintzen laguntzen duen edozein jarduera betetzeko, bai bere ekintzen bidez, bai beste entitate publiko edo pribatu batzuei dohaintzak eginez.

Beste alde batetik, lehenengo xedapen gehigarriaren bidez aldatzen da Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 13.4 artikulua, 2020ko maiatzaren 30era arte luzatzearren aintzat hartuko ez den epea ondorio hauetarako: zerga prozeduren gehieneko epea, alegazioak aurkeztea, errekerimenduei erantzutea eta errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkeztea. 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko epea ere ez da aintzat hartuko preskripzio edo iraungitze epeen ondorioetarako.

Bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan Balio Erantsiaren gaineko Zerga arautzen duen apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege-dekretuarekin harmonizatzen da -horren bidez presako neurri osagarriak hartu ziren ekonomiari eta enpleguari sostengua emateko-, bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onetsi zuen abenduaren 26ko 28/1990 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin.

Lehenbizi, osasun-materialaren hornidura azkar eta modu eraginkorrean egin ahal izateko, 2020ko uztailaren 31ra arte, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, ehuneko zeroko zerga-tasa ezartzen da horrelako ondasunen barne-entregetarako, inportazioetarako eta Europar Batasunaren barruko eskurapenetarako, hartzaileak entitate publikoak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo ospitaleak baldin badira. Zerga politikaren arloko neurri honek ohiz kanpoko egoera honetan izanen du eragina, eta helburua da indarrean dagoen bitartean ondorio nabarmenak lortzea, baina, betiere, balio erantsiaren gaineko zergaren tasen egituran betiko finkatzeko asmorik gabe. Subjektu pasiboen fakturazio sistemak egokitu behar ez izateko, eragiketa horiek, fakturetan, eragiketa salbuetsi gisa dokumentatuko dira. Dena dela, ehuneko zeroko zerga-tasa aplikatuta ere, horrek ez du mugatzen eragiketa egiten duen subjektu pasiboak jasandako balio erantsiaren gaineko zergan kenkaria egiteko eskubidea.

Bigarrenik, kontuan hartuta konfinamenduak berekin ekarri duela herritarrek kultur eta informazio produktu gehiago eskatzea, liburu, egunkari eta aldizkari digitalen sarbidea erraztearren, haiei aplikatu beharreko zerga-tasa ehuneko 4ra murrizten da, eta, horrekin batera, kendu egiten da, aplikatu beharreko zerga-tasari dagokionez, liburu fisikoaren eta liburu elektronikoaren artean zegoen diskriminazioa.

Laugarren xedapen gehigarriaren bidez, gaikuntza ematen zaio tributu arloan eskumena duen departamentuko titularrari planifikazio fiskalerako mugaz gaindiko baliabideen aitorpena egiteko epeak ezar ditzan, alegia, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnena, betiere, aitorpena egiteko betebeharra 2018ko ekainaren 25etik 2020ko abenduaren 31ra arte sortu den kasuetan.

Bosgarren xedapen gehigarriaren bidez aldatu egiten da Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko presako neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 2. artikulua, batetik, argitzeko zein baldintza bete beharko dituzten sasoiko produkzioetan aritzen diren nekazaritzako langile autonomoek foru lege-dekretu horretan ezarritako ohiz kanpoko zuzeneko laguntzak jasotzeko eskubidea izateko, eta, bestetik, laguntza horiek jasotzeko eskatzen diren baldintzei buruzko alderdi jakin batzuk zehazteko.

Seigarren xedapen gehigarriaren bidez aldatu egiten da Koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko presako neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluaren 1. apartatua, argitzearren laguntzak ematen dituen organoari dagokiola, aurretiazko inolako baimenik behar izan gabe, irabazi-asmorik gabeko entitateei edo federazioei, konfederazioei nahiz horien elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzetarako baldintzak aldatzea, partez edo guztiz ezinezkoa bada diruz lagundutako jarduerak gauzatzea edo zerbitzuak ematea COVID-19aren ondorioz edo administrazio publikoek haren aurka hartutako neurrien ondorioz, betiere, gauzatzea ezinezkoa izan den zatiari dagokionez, hots, jarduera gauzatzea edo zerbitzua ematea galarazten duen izatezko egoera gertatzen denetik hasi eta jarduera gauzatzen edo zerbitzua ematen berriz has daitekeen unera arte.

Azkenik, apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, presako neurri batzuk hartu ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Horri dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren kudeaketa eraginkorra egiteko neurri berezien artean, 7. artikuluan, gaikuntza eman zitzaion Osasuneko kontseilariari hirugarren adinekoen egoitzetarako koordinazio asistentzial exekutiboaren arduraduna izendatzeko, eta, orobat, egokitzat jotzen diren profesionalei koordinazio lan horietan laguntzeko eginkizunak agintzeko.

Artikulu horretan gaikuntza ematen zitzaion Osasuneko kontseilariari koordinazio asistentzial exekutiboaren arduraduna izendatzeko, bakar-bakarrik, hirugarren adineko pertsonen egoitzetako osasun laguntzarako. Dena den, esperientziak erakutsi du gaikuntza hori zabaldu behar dela desgaitasun fisikoa zein psikikoa duten pertsonen egoitzetara, zentro psikogeriatrikoetara eta horiekin parekatutako zentroetara, horietan ere osasun laguntza ematen baitzaie egoiliarrei, eta, hortaz, COVID-19arekin kutsatzeko arrisku bera dago, hirugarren adinekoen arloan bezala. Izan ere, horiek guztiak egoitza soziosanitarioak dira.

Horregatik, egoitza soziosanitarioetan pandemia hobeki kudeatzeko, zazpigarren xedapen gehigarriaren bidez artikulu hori aldatzen da, esandakoaren ildotik.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipatu neurriak berehala hartzea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bederatziko apirilaren hogeita bederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru Lege-dekretu honen xedea da neurri bereziak hartzea koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

I. TITULUA. NEURRI BEREZIAK TRIBUTUEN ESPARRUAN.

2. artikulua . Jokoaren gaineko tributuak.

Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/216 Foru Legearen 9.2 artikuluaren arabera B motakoak diren makinak (saria duten jolas-makinak) ustiatze kasuetan, 2020ko bigarren hiruhilekoari dagokion kuota behar den ehunekoan murriztuko da, eta horretarako aintzat hartuko da hiruhileko horretan zenbat denbora egon diren itxita makinak instalatuta dauden establezimenduak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoeragatik.

Aurreko paragrafoan ezarritako murriztapen-ehunekoari ehuneko hogei puntu erantsiko zaizkio 2020ko lehenengo hiruhilekoan, alarma egoeraren deklarazioa dela kausa, establezimenduak itxita egoteagatik, baina, betiere, %100 gainditu gabe. Kuota nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez den murriztapen-soberakina hurrengo hiruhileko(et)an aplikatuko da.

3. artikulua . Saltoki handien gaineko zerga.

Saltoki handien gaineko zergaren kuota, 2020ko zergaldiari dagokiona, behar den ehunekoan murriztuko da, eta horretarako aintzat hartuko da zenbat denbora egon den itxita saltokia martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoeragatik.

Aurreko paragrafoan ezarritako murrizketa-ehunekoa ez zaio aplikatuko, alarma egoeraren deklarazioa eginda ere, jendearentzat irekita egon den azalerari dagokion zerga kuotaren zatiari.

4. artikulua . Nola kontatuko den sarrerak egiteko eta aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko epea, bai oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, bai ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokienez.

2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko epea ez da kontuan hartuko Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren Erregelamenduaren 37. artikuluan sarrerak eta aurkezpenak egiteko ezarritako epeen ondorioetarako (erregelamendu hori urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), ez eta Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren Erregelamenduaren 91. artikuluan sarrerak eta aurkezpenak egiteko ezarritako epeen ondorioetarako ere (erregelamendu hori maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

5. artikulua . Nola kontatuko den ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatik egiten den salbuespena aplikatzeko epea.

2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30ra bitarteko epea ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatik egiten den salbuespenari heltzeko ezarrita dagoen epea kontatzeko, zeina Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 40.4 artikuluan ezarrita baitago (erregelamendu hori maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

6. artikulua . Ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeko eta Inbertsioetarako Erreserba Berezia gauzatzeko epeak luzatzea.

Ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketa batean lortutako dirua berrinbertitzeko epea, zeina Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 37.1. artikuluan ezarrita baitago, urtebete luzatzen da, baina, bakar-bakarrik, berrinbertitzeko epea 2020ko zergaldian bukatzen zaien zergadunentzat.

Inbertsioetarako Erreserba Berezia gauzatzeko epea, zeina arautua baitago 26/2016 Foru Legearen 45.2 artikuluaren lehenengo paragrafoan, 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzen da, baina, bakar-bakarrik, gauzatze-epea 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunentzat.

7. artikulua . Enplegua sortzeagatiko kenkaria, 2018an eta 2019an sortua.

Enplegua sortzeagatiko kenkariari dagokionez, zeina arautua baitago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 66. artikuluan, kenkaria 2018ko zergaldian sortu bada, ez da bete beharko kenkaria egiteko eskubidea eman zuten batez besteko plantillak mantentzeko baldintza. Nolanahi ere, esandakoa aplikatuko da kenkaria sortu zen zergaldia bukatu eta ondoko hamabi hilabeteko bigarren epean, eta, bakar-bakarrik, batez besteko plantillak ez mantentzeko arrazoia izan baldin bada COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera.

Era berean, enplegua sortzeagatiko kenkaria 2019ko zergaldian sortu bada, ez da bete beharko kenkaria egiteko eskubidea eman zuten batez besteko plantillak mantentzeko baldintza, baina, betiere, kenkaria sortu zen zergaldia bukatu eta ondoko hamabi hilabeteko lehenengo epean aplikatuko da.

II. TITULUA. NEURRI BEREZIA, KOOPERATIBEN HEZKUNTZA ETA SUSTAPEN FUNTSAREN ERABILERA ALDI BATERAKO MALGUTZEKOA, COVID-19AREN ONDORIOEI AURRE EGITEKO HELBURUAREKIN.

8. artikulua . Aldi baterako malgutzea Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsaren erabilera.

1. Alarma egoerak, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuaren bidez deklaratutakoak, eta haren luzapenek indarrean irauten duten bitartean eta 2020ko abenduaren 31ra bitarte, helburu hauetarako erabiltzen ahalko da, guztiz edo zati batean, Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsa, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 51. artikuluan arautzen dena:

a) Finantza baliabide gisa, likidezia emateko kooperatibari hark behar badu bere funtzionamendurako.

Ondorio horietarako, kooperatibak itzuli beharko du helburu horretarako erabiltzen den Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsa, urte bakoitzean sortzen diren erabilera libreko emaitzen %30ekin, harik eta berdintzen den arte salbuespeneko aplikazioa erabakitzen denean funtsak zuen zenbatekoa, eta gehienez ere, 10 urteko epean.

b) COVID-19aren osasun krisia edo haren ondorioak arintzen laguntzen duen edozein jardueratan, dela ekintza berekien bidez, dela beste entitate publiko edo pribatuei dohaintzak eginez.

2. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma egoerak edo haren luzapenek irauten duten bitartean, Zuzendaritza Kontseiluak bere gain hartuko du Hezkuntza eta Sustapen Funtsa aplikatzea onesteko eskumena, 1. apartatuan aurreikusi bezala, sozietate kooperatiboen Batzar Nagusia biltzeko deialdia egitea ezinezkoa denean, baliabide birtualen bidez egiteko behar adina baliabiderik edo bitarteko egokitik ez izateagatik.

Zuzendaritza Kontseiluak eskumen hori salbuespenez bere gain hartzea 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da, baldin eta, kooperatibako bazkideen osasuna babestearren Batzar Nagusia baliabide birtualen bidez egin behar bada baina egiterik ez badago behar adina baliabiderik edo bitarteko egokirik ez izateagatik.

3. Ondorio horietarako soilik, ez da aplikagarria izanen Nafarroako Kooperatiben Zerga-araubideari buruzko ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legearen 9.3 eta 16.4 artikuluetan xedatutakoa. Hortaz, artikulu honen 1. apartatuko a) letraren arabera aplikatu den Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsa ez da kooperatibaren diru-sarreratzat hartuko, eta ez du ekarriko zerga kontuetarako babesturiko kooperatibaren izaera galtzea.

Lehen xedapen gehigarria.- Aldatzea apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea; haren 13.4 artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“4. 2020ko martxoaren 14tik 2020ko maiatzaren 30era bitarte bere horretan mantenduko dira tributu itzulketen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako toki entitateek aitortutako bestelako ordainketen ofiziozko konpentsazioak, eta konpentsazio horien ondoriozko premiamendu probidentziak emanen dira.”

Bigarren xedapen gehigarria.- Aldatzea Balio erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

2020ko apirilaren 23tik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37.Bi.1.Bigarrena artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“Bigarrena. Liburuak, egunkariak eta aldizkariak, bide elektronikotik ematen diren zerbitzutzat hartzen direnean ere, bakarrik edo nagusiki publizitaterik ez dutenak eta osorik edo gehienbat bideoaren edo entzuteko musikaren edukiak ez dituztenak, baita haiekin batera prezio bakar batean ematen diren elementu osagarriak ere.

Zenbaki honetan sartuko dira obra exekuzioak, betiere horien ondoko emaitza honakoak erdiestea baldin bada: liburu, egunkari edo aldizkari bat pleguan edo jarraian, ondasun horien fotolito bat edo horien koadernatzea.

Ondorio horietarako, elementu osagarritzat hartuko dira zinta magnetofonikoak, diskoak, bideokaseteak eta entzutekoak zein bideomagnetikoak diren antzeko euskarriak, liburu, egunkari edo aldizkariarekin unitate funtzionala osatzen dutenak, haien edukia hobetzeko edo osatzeko baliagarri badira eta betiere horiekin saltzen direnak, salbuespen hauekin:

a) Musika obrak soilik daukaten diskoak eta zinta magnetofonikoak, beti ere, horien prezioa horiekin batera entregatzen diren liburu, egunkari edo aldizkariena baino handiagoa denean.

b) Zineko film, programa edo telesaio fikziozko edo musikalak dauzkaten bideokaseteak eta antzeko euskarriak, entzutekoak zein bideomagnetikoak, horien prezioa horiekin batera entregatzen diren liburu, egunkari edo aldizkariena baino handiagoa denean.

c) Aurreko letretan adierazitako euskarrietan edozein baliabideren bitartez grabatutako produktu informatikoak, batez ere beste bide batzuetatik merkaturatzen diren programak edo aplikazioak dauzkatenean.

Ulertuko da liburuek, egunkariek eta aldizkariek nagusiki publizitatea dutela, editoreari diru-sarreren ehuneko 90 baino gehiago bide horretatik ematen badiote.

Zenbaki honetan sartzen dira partiturak, mapak eta marrazketa kaierak, salbu eta gai eta tresna elektronikoak.”

Hirugarren xedapen gehigarria.- Balio erantsiaren gaineko zergatasa, COVID19aren ondorioei aurre egiteko beharrezkoak diren ondasunen entrega, inportazio eta Europar Batasunaren barruko eskurapenetan aplikatu beharrekoa.

Ondorioak izanik 2020ko apirilaren 23tik aurrera, eta indarraldia, berriz, 2020ko uztailaren 31ra arte, balio erantsiaren gaineko zergaren %0ko tasa aplikatuko da foru lege-dekretu honen eranskinean zehaztutako ondasunen entrega, inportazio eta Europar Batasunaren barruko eskurapenetan, baldin eta hartzaileak eskubide publikoko entitateak, klinikak edo ospitaleak badira, edo izaera sozialeko entitate pribatuak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3 artikuluak aipatzen dituenak. Eragiketa horiek, fakturetan, eragiketa salbuetsi gisa dokumentatuko dira.

Laugarren xedapen gehigarria.- Informaziobetebeharra planifikazio fiskalerako baliabide batzuetan.

Tributu arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen dituen epeetan eginen da planifikazio fiskalerako mugaz gaindiko baliabideen aitorpena, alegia, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnena, betiere, aitorpena egiteko betebeharra 2018ko ekainaren 25etik 2020ko abenduaren 31ra arte sortu den kasuetan.

Bosgarren xedapen gehigarria.- Aldatzea apirilaren 15eko 3/2020 Foru Legedekretuaren 2. artikulua. Foru legedekretu horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; haren 2. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. artikulua. Laguntzak langile autonomoentzat.

1. Arloko organo eskudunak langile autonomo bati aitortu dionean jardunari uzteagatiko prestazio berezia, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehazten dena, langile autonomoak eskubidea izanen du 2.200 euroko laguntza zuzen eta berezia jasotzeko, baldin eta horretarako eskubidea ematen duten baldintza hauek betetzen baditu:

a) Zerga-egoitza Nafarroan izatea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako eta Nafarroako Foru Komunitatean alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma egoera deklaratu zuen egunean.

b) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketa egunean izatea.

c) 2018ko ekitaldiko ondarearen gaineko zergan tributatzeko betebeharrik ez izatea, ordaindu beharreko kuotaren emaitzarekin.

d) Langile autonomoaren familia-unitateko kide guztien etekin garbien batura ez izatea, eskaera egin aurreko hilabete naturalean, zenbateko hauek baino handiagoa:

I) Oro har, muga izanen da hileko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (hemendik aurrera OAEAPa) halako lau.

II) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko. Guraso bakarreko familia-unitateen kasuan, 0,15ekin biderkatuko OAEAPa haren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzak dakarren igoera kalkulatzeko.

III) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitateko kide den eta 65 urte baino gehiago dituen pertsona bakoitzeko.

IV) Familia-unitateko kideren batek deklaraturik baldin badu %33ko edo goragoko desgaitasuna, mendekotasun egoera edo lanean aritzeko modu iraunkorrean ezgaitzen duen gaixotasun frogatua, aurreikusten den muga OAEAPa halako bost izanen da, ezertan galarazi gabe haren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko metatzen diren igoerak.

e) Alta emanda egotea autonomo gisa Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan Nafarroako Foru Komunitatean hamabi hilabetez, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehaztutako prestazioa bukatzen denetik aurrera. Alta emanda egoteko betebehar hori betetzen ez bada, hartzaileak itzuli beharko du ez-betetzeak iraun duen aldiari dagokion laguntzaren zati proportzionala.

2. Langile autonomo batek heldu ez dionean jardunari uzteagatiko prestazio bereziari, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehaztutakoari, eskubidea izanen du 700 euroko laguntza zuzena jasotzeko, baldin eta, aurreko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan ezarritakoaz gain, baldintza hauek ere betetzen baditu:

a) Autonomo moduan altan segitzea Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean edo Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitate batean eta Nafarroako Foru Komunitateko ekonomia-jardueren gaineko zergan, alarma egoera deklaratu zen egunetik hasita laguntza-eskaera egiten den egunera arte.

b) Jardunari utzi ez izana, baina laguntza eskatu aurreko hilabete naturaleko fakturazioa gutxienez %30 murriztu bada aurreko seihileko naturaleko batez besteko fakturazioaren aldean.

Nekazaritza arloan beren kontura ari diren langileendako sistema berezian sartuta dauden nekazaritzako langile autonomoei dagokienez, sasoiko produkzioetan aritzen badira, prestazioa eskatu aurreko produkzio-kanpainaren hilabeteetan batez besteko fakturazioa gutxienez %30 murriztu denean aurreko urteko kanpainako hilabete berberetako fakturazioaren aldean.

Ekonomia-jardueren sailkapen nazionaleko (EJSN) 2009, 5912, 5915, 5916, 5920 eta 9001etik 9004 bitarteko kodeak (bi horiek barne) dituzten jarduerak garatzen dituzten langile autonomoei dagokienez, prestazioa eskatu aurreko hilabete naturalean fakturazioa gutxienez %30 murriztu denean aurreko 12 hilabeteetako fakturazioaren aldean.

3. Aurreko 2. apartatuko laguntza zuzena 800 eurokoa izanen da baldin eta langile autonomoaren familia-unitateko kide guztien etekin garbien baturak ez baditu gainditzen zenbateko hauek, eskaera egin aurreko hilabete naturalean:

I) Oro har, muga izanen da hileko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (hemendik aurrera OAEAPa) halako hiru.

II) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko. Guraso bakarreko familia-unitateen kasuan, 0,15ekin biderkatuko OAEAPa haren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzak dakarren igoera kalkulatzeko.

III) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitateko kide den eta 65 urte baino gehiago dituen pertsona bakoitzeko.

IV) Familia-unitateko kideren batek deklaraturik baldin badu %33ko edo goragoko desgaitasuna, mendekotasun egoera edo lanean aritzeko modu iraunkorrean ezgaitzen duen gaixotasun frogatua, aurreikusten den muga OAEAPa halako lau izanen da, ezertan galarazi gabe haren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko metatzen diren igoerak.

Apartatu honetan eta 1. apartatuko e) letran ezarritakoaren ondorioetarako, kontuan hartuko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onartzen duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako etekin garbien eta familia-unitatearen kontzeptuak.

4. Aurreko apartatuetan ezarritako laguntzaren onuradun izan daitezke ekonomia-jardueren gaineko zergari atxiki gabeko jarduerak (nekazaritza, basogintza, abeltzaintza independentea, abeltzaintza integratua eta merkataritzako ordezkariak) Nafarroan egiten dituzten langile autonomoak, baldin eta apartatu horietan eskatutako gainerako betebeharrak betetzen badituzte.

5. Lan elkartuko kooperatibetako bazkide-langile batek aukeratu duenean norberaren konturako langile gisa sailkatuta gelditzea kasuan kasuko araubide berezian, hark ere eskubidea izanen du lehenengo apartatuan zehaztutako laguntza jasotzeko, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen baditu, salbu ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egoteko betebeharra, kooperatibista baita. Era berean, honako hauek ere izan daitezke laguntza honen onuradun, baldintza berberetan: autonomo sozietarioak edo nortasun juridikorik gabeko entitateetako edo merkataritza sozietateetako langileak.

6. Aurreko apartatuetan ezarritako laguntza zuzen eta bereziak Zuzenbide Publikoari lotutako prestazio ekonomikoak izanen dira, eta haien kudeaketa Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari dagokio.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari laguntza hau emateko prozedura foru agindu bidez garatzeko.

7. Alarma egoera zein hilabetetan bukatzen den, hurrengo hilabeteko azken egunera arte eska daiteke artikulu honetan arautzen diren laguntza zuzen eta bereziak aitortzeko. Eskaera hori modu telematikoan aurkeztu beharko da. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, aurkeztutako eskaeraren eta agirien arabera, halakorik bada, bidezko ebazpena emanen du, eskubidea baiesteko edo ezesteko, eskaera aurkeztu zenetik hasita 3 hilabeteko epean. Laguntzak ordaindu ondorengo edozein unetan egiaztatzen bada onuradunak ez dituela baldintzak betetzen, oker jasotako dirua itzultzeko prozedura tramitatuko da.

8. Aurreko 2. apartatuko b) letran aipatzen den fakturazio murrizketa frogatzeko, hori justifikatzen duen kontabilitate-informazioa aurkeztuko da, dela egindako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopiaren bidez, dela diru-sarreren eta gastuen eguneroko-liburuaren kopiaren bidez, dela salmenten eta diru-sarreren erregistro-liburuaren kopiaren bidez, dela salmenten eta diru-sarreren erregistro-liburuko erosketen eta gastuen liburuaren kopiaren bidez, edo erosketen eta gastuen liburuaren kopiaren bidez.

Langile autonomo bat beharturik ez dagoenean jardunaren bolumena frogatzen duten liburuak eramatera, zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide erabiliz frogatu beharko du gutxienez eskatzen den %30eko murrizketa izan duela.

Aurreko apartatuetan eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen direla frogatzeko, zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide erabili beharko da.

Eskaerarekin batera zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko da, non jasoko baita betetzen direla prestazio horretarako eskubidea ematen duten baldintza guztiak.

9. Aurreko apartatuetan ezarritako laguntza zuzen eta bereziak bateragarriak dira xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribatuetatik edo erregioko, nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

10. Aurreko apartatuetan ezarritako dirulaguntzak oker jaso dituztenak beharturik izanen dira haien zenbatekoa itzultzera. Itzulketak arau hauen mende egonen dira:

a) Laguntza horien kobrantzarako aplikatuko da Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen II. kapituluko 3. atalean ezarritakoa.

b) Laguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik behar den espedientea tramitatuko da eta bertan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, behar diren txostenak eta frogak bilduko dira, bai eta onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago. Prozedura amaitzeko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori iraganik, dirua itzultzeko prozedura iraungitzat joko da.

c) Prozedura amaitzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio. Diru-sarrera non, nola eta noiz egin behar duen adieraziko zaio eta, orobat, ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bideari hasiera emanen zaiola.”

Seigarren xedapen gehigarria.- Aldatzea apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluaren 1. apartatua. Foru lege horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Aldatzen ahalko dira irabazi-asmorik gabeko entitateei edo federazioei, konfederazioei nahiz horien elkarteei dirulaguntzak emateko baldintzak, partez edo guztiz ezinezkoa bada diruz lagundutako jarduerak gauzatzea edo zerbitzuak ematea, COVID-19aren ondorioz edo administrazio publikoek haren aurka hartutako neurrien ondorioz. Gauzatu ezin den zatia aldatuko da, jarduera betetzea edo zerbitzua ematea galarazten duen izatezko egoera gertatzen denetik betetzea edo ematea berriz has daitekeen unera arte.

Edonola ere, bermatu eginen da Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntzak osorik jasotzen dituztela entitate horiek; horretarako, egokitu eginen dira dirulaguntzen deialdiak edo emakidak. Halaber, alarma egoerak dirauen bitartean ahal den neurrian malgutuko dira arreta presentzialerako eta funtzionamenduko baldintzak.”

Zazpigarren xedapen gehigarria.-Aldatzea apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 7. artikulua. Foru lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 7. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“7. artikulua. Osasun laguntza emateko antolakuntza neurriak hirugarren adinekoen egoitzetan, desgaitasuna dutenen egoitzetan, zentro psikogeriatrikoetan eta pareko zentroetan.

Gaikuntza ematen zaio Osasuneko kontseilariari izendatzeko koordinazio asistentzial exekutiboaren arduraduna hirugarren adinekoen egoitzetarako, desgaitasuna dutenen egoitzetarako, zentro psikogeriatrikoetarako eta bidezkotzat jotzen diren pareko zentroetarako, Osasun Departamentuak proposaturik, bai eta egokitzat jotzen diren profesionalei koordinazio lanetan laguntzeko eginkizunak agintzeko ere”.

Xedapen indargabetzaile bakarra.- Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe uzten da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren seigarren xedapen iragankorra.

Azken xedapenetako lehena.- Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.- Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako hirugarrena .Indarra hartzea eta indarraldia.

1. Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak.

2. Halaber, foru lege-dekretu honetan onetsitako neurrien artean iraunaldi zehatza dutenek hura beteko dute.

Iruñean, 2020ko apirilaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

ERANSKINA

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIAN AIPATZEN DIREN ONDASUNEN ZERRENDA

PRODUKTUAREN IZENA

ONDASUNAREN/PRODUKTUAREN DESKRIPZIOA

NC KODEA

1

Gailu medikoak

Zainketa intentsibo eta azpi-intentsiboetarako arnasgailuak

ex 9019 20 00

Haizagailuak (arnasketa artifizialerako tresnak)

ex 9019 20 00

Oxigenoterapiarako beste tresna batzuk, oxigeno dendak barne

ex 9019 20 00

Gorputzaz kanpoko mintz bidezko oxigenazioa

ex 9018 90

2

Monitoreak

Parametro anitzeko monitoreak, eramangarriak barne

ex 8528 52 91

ex 8528 52 99

ex 8528 52 00

ex 8528 52 10

3

Ponpak

-Kanpo nutriziorako ponpa peristaltikoak

-Sendagaien infusiorako ponpak

-Hurrupatze ponpak

ex 9018 90 50

ex 9018 90 84

ex 8413 81 00

Xurgatze ponpak

ex 9018 90 50

4

Hodiak

Hodi endotrakealak

ex 9018 90 60

ex 9019 20 00

Hodi esterilak

ex 3917 21 10

a ex 3917 39 00

5

Kaskoak

Aireztapen mekaniko ez-inbaditzailerako CPAP/NIV kaskoak

ex 9019 20 00

6

Aireztapen ez-inbaditzailerako maskarak (NIV)

Aurpegi osoko maskarak eta maskara orononasalak, aireztapen ez-inbaditzailerako

ex 9019 20 00

7

Hurrupatze sistemak/makinak

Hurrupatze sistemak

ex 9019 20 00

Hurrupatze elektrikoko makinak

ex 9019 20 00

ex 8543 70 90

8

Hezegailuak

Hezegailuak

ex 8415

ex 8509 80 00

ex 8479 89 97

9

Laringoskopioak

Laringoskopioak

ex 9018 90 20

10

Hornigai mediko suntsikorrak

-Intubazio kitak

-Aiztur laparoskopikoak

ex 9018 90

Xiringak, orratzarekin edo gabe

ex 9018 31

Metalezko orratz tubularrak eta josturetarako orratzak

ex 9018 32

Orratzak, kateterrak eta kanulak

ex 9018 39

Sarbide baskularrerako kitak

ex 9018 90 84

11

Monitorizazio estazioak

Pazienteak monitorizatzeko tresnak - Elektrodiagnostikorako tresnak

Monitorizaziorako estazio zentralak, zainketa intentsiboetarako

ex 9018 90

-Pazienteak monitorizatzeko gailuak

-Elektrodiagnostikorako tresnak

ex 9018 19 10

ex 9018 19 90

12

Ultrasoinu bidezko eskaner eramangarria

Ultrasoinu bidezko eskaner eramangarria

ex 9018 12 00

13

Elektrokardiografoak

Elektrokardiografoak

ex 9018 11 00

14

Ordenagailu bidezko tomografiarako sistemak/eskanerrak

Ordenagailu bidezko tomografiarako sistemak

ex 9022 12,

ex 9022 14 00

15

Maskarak

-Aurpegiko maskarak, oihalezkoak, iragazki aldagarririk edo pieza mekanikorik gabekoak, barne direla maskara kirurgikoak eta ehundu gabeko ehun-materialez fabrikaturiko aurpegiko maskarak, erabili eta botatzekoak.

-Aurpegiko maskarak, FFP2 eta FFP3 motakoak

ex 6307 90 10

ex 6307 90 98

Paperezko maskara kirurgikoak

ex 4818 90 10

ex 4818 90 90

Gas maskarak, agente biologikoen aurka babesteko iragazki aldagarriak edo pieza mekanikoak dituztenak. Hemen sartzen dira begiak ere babesten dituzten maskarak edo aurpegiko ezkutuak.

ex 9020 00 00

16

Eskularruak

Plastikozko eskularruak

ex 3926 20 00

Gomazko eskularru kirurgikoak

4015 11 00

Gomazko beste eskularru batzuk

ex 4015 19 00

Puntuzko eskularruak, plastikoz edo gomaz estaliak edo inpregnatuak

ex 6116 10

Ehunezko eskularruak, puntuzkoak ez direnak

ex 6216 00

17

Aurpegirako babesak

-Aurpegirako babesak, erabili eta botatzekoak nahiz berrerabilgarriak

-Aurpegirako babesak, plastikozkoak (begiena baino azalera handiagoa estaltzen dutenak)

ex 3926 20 00

ex 3926 90 97

18

Betaurrekoak

Babeserako betaurreko handiak eta txikiak (googleak)

ex 9004 90 10

ex 9004 90 90

19

Lan jantziak

Mantal iragazgaitzak - askotariko motak - tamaina desberdinak

Erabilera kirurgiko/medikorako babes jantziak, feltrozkoak edo ehundu gabeko oihalezkoak, barne daudela inpregnatuak, estalkidunak, gaineztatuak edo laminatuak (56.02 edo 56.03 partidetako ehunak).

Erabilera anitzeko arropa (barne daudela eskularruak, mitoiak eta eskuzorroak), goma bulkanizatuzkoa

ex 4015 90 00

Jantziak

ex 3926 20 00

Arropa eta osagarriak

ex 4818 50 00

Puntuzko ehunez egindako jantziak, 5903, 5906 edo 5907 partidetakoak

ex 6113 00 10

ex 6113 00 90

Puntuzko ehunez egindako beste jantzi batzuk

6114

Erabilera kirurgiko/medikorako jantziak, feltrozkoak edo ehundu gabeko oihalezkoak, izan nahiz ez inpregnatuak, estalkidunak, gaineztatuak edo laminatuak (56.02 edo 56.03 partidetako ehunak). Barne daude ehundu gabeko materialezko jantziak (“spun-bonded”)

ex 6210 10

Babeserako beste jantzi batzuk, kautxuztaturiko ehunez eginikoak, edo inpregnatuak, estalkidunak, gaineztatuak edo laminatuak (59.03, 59.06 edo 59.07 partidetako ehunak)

ex 6210 20

ex 6210 30

ex 6210 40

ex 6210 50

20

Oinetakoen estalkiak/galtzak

Oinetakoen estalkiak/galtzak

ex 3926 90 97

ex 4818 90

ex 6307 90 98

21

Txanoak

Txano puntadunak

ex 6505 00 30

Txanoak eta bururako beste babesgarri batzuk, eta edozein materialezko sareak

ex 6505 00 90

Bestelako txanoak eta bururako babesgarriak, forratuak/estuak nahiz ez.

ex 6506

22

Termometroak

Likidodun termometroak, zuzenean irakurtzekoak

Barne daude termometro kliniko estandarrak, beira barnean merkurioa dutenak

ex 9025 11 20

ex 9025 11 80

Termometro digitalak, edo termometro infragorriak, neurketa kopetan egitekoak

ex 9025 19 00

23

Eskuak garbitzeko xaboia

Xaboiak eta eskuak garbitzeko prestakinak eta produktu organiko tentsioaktiboak (apain-mahaiko xaboia)

ex 3401 11 00

ex 3401 19 00

Xaboia eta produktu organiko tentsioaktiboak

Xaboia beste forma batzuetan

ex 3401 20 10

ex 3401 20 90

Agente organiko tentsioaktiboak (xaboiaz bestelakoak) - Katioi-agenteak

ex 3402 12

Produktu eta prestakin organiko tentsioaktiboak azala garbitzeko, likidoak edo krema gisakoak eta txikizkako salmentarako prestatuak, xaboidunak edo ez.

ex 3401 30 00

24

Eskuen desinfektatzailearen banagailuak, paretan jartzekoak

Eskuen desinfektatzailearen banagailuak, paretan jartzekoak

ex 8479 89 97

25

Disoluzio hidroalkoholikoa litrotan

2207 10: desnaturalizatu gabe, alkohol etilikoa bolumenaren %80 edo gehiago denean.

ex 2207 10 00

2207 20: desnaturalizatua, kontzentrazioa edozein dela ere

ex 2207 20 00

2208 90: desnaturalizatu gabe, alkohol etilikoa bolumenaren %80 baino gutxiago denean

ex 2208 90 91

ex 2208 90 99

26

Hidrogeno peroxidoa, %3an, litrotan.

Hidrogeno peroxidoa, prestakin desinfektatzaileetan gaineratua gainazalak garbitzeko

Hidrogeno peroxidoa, urearekin solidotua edo ez

ex 2847 00 00

Hidrogeno peroxidoa, ontziratu gabe

Eskuen desinfektatzailea

ex 3808 94

Beste prestakin desinfektatzaile batzuk

27

Larrialdiko garraiorako tresnak

Desgaitasuna duten pertsonentzako garraioa (gurpil-aulkiak)

ex 8713

Ohatilak eta orgatxoak, ospitale edo klinika barnean pazienteak eramateko

ex 9402 90 00

28

ARN erauzgailuak

ARN erauzgailuak

9027 80

29

COVID-19aren probak egiteko kitak / Proba diagnostikoetan erabilitako tresnak eta gailuak

-Koronabirusaren proba diagnostikoa egiteko kitak

-Diagnostikorako erreaktiboak, erreakzio immunologikoetan oinarrituak

ex 3002 13 00

ex 3002 14 00

ex 3002 15 00

ex 3002 90 90

Diagnostikorako erreaktiboak, polimerasaren kate-erreakzioan (PCR) oinarrituak (azido nukleikoaren proba)

ex 3822 00 00

In vitro diagnostikorako laborategi klinikoetan erabiltzen diren tresnak

ex 9027 80 80

Laginak hartzeko kitak

ex 9018 90

ex 9027 80

30

Isipuak

Guata, gaza, bendak, kotoi-txotxak eta antzeko artikuluak

ex 3005 90 10

ex 3005 90 99

31

Kanpainako ospitaleak jartzeko materiala

Ospitaleetako oheak

ex 9402 90 00

Karpak/kanpadendak

ex 6306 22 00,

ex 6306 29 00

Karpak/plastikozko kanpadendak

ex 3926 90 97

32

Sendagaiak

-Hidrogeno peroxidoa, sendagai gisa aurkeztua

Parazetamola

-Hidroklorokina/klorokina

-Lopinavir/Ritonavir - Remdesivir

-Tocilizumab

ex 3003 90 00

ex 3004 90 00

ex 2924 29 70

ex 2933 49 90

ex 3003 60 00

ex 3004 60 00

ex 2933 59 95

ex 2934 10 00

ex 2934 99 60

ex 3002 13 00

ex 3002 14 00

ex 3002 15 00

33

Esterilizatzaile medikoak, kirurgikoak edo laborategikoak

Esterilizatzaile medikoak, kirurgikoak edo laborategikoak

ex 8419 20 00

ex 8419 90 15

34

1-propanola (alkohol propilikoa) eta 2-propanola (alkohol isopropilikoa)

1-propanola (alkohol propilikoa) eta 2-propanola (alkohol isopropilikoa)

ex 2905 12 00

35

Eterrak, eter-alkoholak, eter fenolak, eter-alkohol-fenolak, alkohol peroxidoak, bestelako peroxidoak, zetona peroxidoak

Eterrak, eter-alkoholak, eter fenolak, eter-alkohol-fenolak, alkohol peroxidoak, bestelako peroxidoak, zetona peroxidoak

ex 2909

36

Azido formikoa

Azido formikoa (eta gatz eratorriak)

ex 2915 11 00

ex 2915 12 00

37

Azido salizilikoa

Azido salizilikoa eta gatz eratorriak

ex 2918 21 00

38

Behin erabiltzeko oihalak, 5603 partidako ehunez eginak, prozedura kirurgikoetan erabiltzen diren horietakoak

Behin erabiltzeko oihalak, 5603 partidako ehunez eginak, prozedura kirurgikoetan erabiltzen diren horietakoak

6307 90 92

39

Ehundu gabeko oihalak, izan nahiz ez inpregnatuak, estaliak, gaineztatuak edo laminatuak

Ehundu gabeko oihalak, izan inpregnatuak, estaliak, gaineztatuak edo laminatuak nahiz ez

ex 5603 11 10

a

ex 5603 94 90

40

Erabilera kirurgikoa, medikoa edo higienikoa duten artikuluak, txikizkako salmentakoak ez direnak

Paperezko ohe-estalkiak

ex 4818 90

41

Laborategiko beirateria, edo higienikoa edo farmazeutikoa

Laborategiko beirateria, edo higienikoa edo farmazeutikoa, kalibraturik eta graduaturik egon nahiz ez.

ex 7017 10 00

ex 7017 20 00

ex 7017 90 00

Iragarkiaren kodea: F2004697

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web