(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

261/2019 FORU DEKRETUA, URRIAREN 30EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOA SORTU ETA HAREN ESTATUTUAK ONESTEN DITUENA Nota de Vigencia-Nota de Vigencia

BON N.º 220 - 07/11/2019



  I. TITULUA. IZAERA ETA XEDEAK


  II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

  I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ETA PARTAIDETZA ORGANOAK.

  II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

  III. KAPITULUA. ZUZENDARITZAKUDEATZAILETZA

  IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUAREN EGITURA


  III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUA ETA KONTROLA


  IV. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA


Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, II. kapituluan, foru-sektore publiko instituzionala arautu du, eta 48. artikuluan ezartzen du erakunde publikoak foru dekretuaren bidez sortuko direla, eta bertan adierazi beharko dela zer nolako erakunde publikoa sortzen den, zein diren haren helburuak, zer departamenturi edo zuzendaritza nagusiri atxikitzen zaion eta haren estatutuak zein diren.

Xedapen hauek betez, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 85/2019 Foru Dekretuarekin bat etorriz, foru dekretu honen bidez Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortzen da. Institutuak berezko nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmen osoa dauzka, eta bere oinarrizko helburua da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen prestakuntza planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola institutuari atxikita geratzen zaiolarik.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren estatutuek langile publikoen garapen pertsonal eta profesionalean prestakuntzak daukan garrantzia islatzen dute. Gaur egun, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolamendua arrazionalizatzeko prozesuaren barruan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari eman nahi zaio merezi duen garrantzia organikoa. Hortaz, erakunde autonomo bezala eratuko da, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren mende egonen da eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola atxikiko zaio hari. Eskola honek segituko du hartzen bere gain hauen prestakuntza: Nafarroako Poliziak, udaltzain laguntzaileak, Nafarroako Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko langileak, baita Nafarroako babes zibileko erakundeetako langileak ere. Zerbitzu bateratze honen helburua da erakunde autonomoaren zuzendaritzak sinergiak sor ditzan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zerbitzu zaharraren lanaren eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Zerbitzuaren artean, etorkizunean bada ere, egituren eta eginkizunen integrazioa posiblea izan dadin. Hortaz, ikuspegi integratzaile bat dago, eta begirada zabala egiten zaio prestakuntzari, zeinaren barruan sartzen baita segurtasun arloko prestakuntza bere berezitasun espezifikoekin. Institutuak ospe handia dauka langile publikoen prestakuntzaren arloan, eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola atxikitzen zaiolarik, haren lana, berretsi ez ezik, sustatu ere eginen da are eta sakonago teilakatuko baita funtzio publikoen egiturekin.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 30ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Onespena.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortzen da eta bere estatutuak onesten dira. Horien testu osoa erantsi zaio ondoren foru dekretu honi.

Lehen xedapen gehigarria.- Izendapenak.

1. Erakunde autonomoari atxikitako atalburutzak, bulegoburutzak eta atala baino lerrun txikiagoko unitateen burutzak izendatzeko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren lerrun bereko gainerako unitate organikoetarako oro har ezarritako araudia erabiliko da.

2. Foru dekretu honetan izena aldatu ez zaien burutzen izendapenak berresten dira, sortu ziren baldintza beretan.

Bigarren xedapen gehigarria .Berdintasunezko hizkera.

Zenbait lanpostu edo karguri buruz ari denean foru dekretu honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek emakumezkoek ala gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

Hirugarren xedapen gehigarria .Laguntza teknikoa eta materiala.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak laguntza teknikoa eta materiala emanen dio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari, haren helburuak betetzeko.

Laugarren xedapen gehigarria.- 113/2005 Foru Dekretua, irailaren 12koa, aldatzea (Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten du).

113/2005 Foru Dekretuan, irailaren 12koan, (Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten du), honako aldaketa hauek sartu dira:

Bat. Testuaren barruan “Barne Zuzendaritza Nagusiari” egiten zaizkion aipuak “Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoari” egiten zaizkiola ulertuko da.

Bi. Testuaren barruan “Barne arloan eskumenak dituen departamentuari” egiten zaizkion aipuak “Funtzio Publikoaren arloan eskumenak dituen departamentuari” egiten zaizkiola ulertuko da.

Hiru. Erregelamenduaren 2. artikulua honela idatzita geldituko da:

“Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren maila organikoa Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikitako zerbitzuarena da, eta haren helburua da Nafarroako Administrazio Publikoen segurtasun publikoaren langileak prestatze eta hautatzeko prozesuetan parte hartzea.”

Lau. 16. artikuluko 1. apartatuko b) letran, honako hau esaten duenean: “Euskaran eta Hizkuntza Komunitarioetan eskumenak dituen zerbitzuaren ordezkari bat”, honako hau esan behar du: “Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ordezkari bat”.

Bost. 18. artikuluko 2. apartatua honela idatzita geldituko da:

“Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Plangintza, Garapen eta Koordinazio Ataleko buruak ordezkatuko du burutza betetzen duen pertsona.”

Sei. Erregelamenduaren 23. artikuluaren c) letra aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“c) Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan zerbitzua ematen duen segurtasun publikoaren zerbitzuetako langileek.”

Zazpi. Erregelamenduaren 30. artikuluko 3. apartatua honela idatzita geldituko da:

“3. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak prestakuntza planaren proiektua prestatuko du, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Prestakuntza eta Garapen Atalarekin, Barne Zuzendaritza Nagusiarekin eta dagozkion toki entitateekin lankidetzan. Ondoren, Prestakuntza Batzordeak txostena egin eta gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zuzendaritza Batzordera bidaliko da, aintzat har dezan”.

Zortzi. Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatua honela idatzita geldituko da:

“1. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zuzendaritza Batzordeak onetsi duen prestakuntza planean zehazten diren ikastaroak emanen ditu.”

Bederatzi. Irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren 1. xedapen gehigarria indargabetu da, baita Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren artikulu hauek ere: 5.a, 6.a, 9.a, 10.a, 11.a, 12.a, 13.a, 14.a eta 15.a, eta 22. artikuluaren a) letra.

Xedapen indargabetzaile bakarra.- Indargabetzen diren arauak.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena .Garatzea eta betetzea.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA. IZAERA ETA XEDEAK

1. artikulua . Izaera.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomo bat da, berezko izaera juridikoa du eta jarduteko ahalmen osoa du bere helburuak bete ahal izateko.

2. artikulua . Atxikipena eta babesa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago eta, eta bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren plangintza eta politika orokorrerako arauen mende egonen da. Zuzendaritza nagusi horrek erabiliko ditu Estatutuek, foru legeek eta administrazioko antolamendu juridikoak esleitzen dizkioten kontrolerako eta zaintzarako ahalmenak.

3. artikulua . Eskumenak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua Nafarroako Administrazio Publikoen goi mailako organismo teknikoa da, ondorengo eskumen hauek garatu nahi dituena:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak prestatu, birziklatu eta hobetzea.

b) Orobat, bultzatuko ditu lanbide gaitasuna eta trebakuntza, eraginkortasun administratiboa, gardentasuna eta herritarrarentzako zerbitzua, baita funtzionarioen partaidetza ere jarduketa administratiboan.

c) Funtzio publikora iristeko sistemen definizioan parte hartzea, eta elkarlanean aritzea haien betearazpenean eta zuzendaritza postuetarako hautagaien egokitasunaren ebaluazioan.

d) Nafarroako sektore publikoarekin lotutako jardunaldiak, sariak, argitalpenak eta beste edozein jarduera egitea.

e) Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola zuzentzea.

f) Nafarroako Administrazio Publikoak hobetzen dituen eta aurrekoen osagarria den edozein jarduera burutzea.

2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusian langileen kudeaketa eta fakturak eta ordainketen kudeaketa arloko eskumenak betetzeaz arduratzen diren organo berberak arduratuko dira eskumen horiek betetzeaz.

3. Artikulu honetan ezarritako eskumen horiek garatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Txostenak egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu edo maila goragoko edo bereko lanpostuak bete nahi dituzten hautagaien lanposturako egokitasunari eta gaitasunari buruz, eta haien lana ebaluatzea, lanpostuak eskuratu dituztenean ebaluazio hori aurreikusita duten igoera prozedurak aplikatuz.

b) Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko langileak hautatzen laguntzea, balorazio psikoteknikoari eta hizkuntzen ezagutzari dagokienez.

c) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen lanbide orientazioa zuzentzea, beste orientazio bat, garapen profesionala edo lanaren moldaketa behar denean.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei buruzko prestakuntza eta garapen politika orokorrak finkatu eta ezartzea, urteko prestakuntza planak diseinatu eta garatuta.

e) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei hainbat bide eta modalitateren bitartez eskaintzen zaizkien prestakuntza jarduerak, korporatiboak, arlokoak eta bakarkakoak izan, planifikatu, antolatu eta ebaluatzea, eta haien beharrak atzematea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan langile publikoei eskaintzen zaizkien prestakuntza jarduera guztiak koordinatzea eta Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta erakunde publikoek langileak prestatzeko burutzen dituzten jarduketei buruzko informazioa zentralizatzea.

g) Hautaproben ondoko prestakuntza ikastaroak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen sustapen profesionalerako edozein jarduera antolatu, planifikatu eta burutzea.

h) Prestakuntza jarduerei buruzko asistentziaren eta aprobetxamenduaren gaineko diploma eta ziurtagiriak ematea, baita hizkuntzak jakitearen gaineko diploma eta ziurtagiriak ere.

i) Hizkuntzetan prestatzeko jarduerak diseinatu, programatu eta burutzea, administrazioko unitateen beharrak betetzeko.

j) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko langileek Europar Batasuneko hizkuntzak ikasi eta hobetzeko ikastaroak planifikatu eta burutzea.

k) Hizkuntza-prestaketari buruzko ebaluazio metodoak diseinatzea eta enplegatu publikoak prestatu eta birziklatzeko Europako proiektuetan parte hartzea.

l) Europar Batasuneko edozein lan-hizkuntza behar duten lanpostuen hizkuntza-betekizunak baloratzeko txostenak egitea, euskara alde batera utzita.

m) Autonomia erkidegoetan, Espainian eta atzerrian antzeko eginkizunak dituzten erakundeekin eta bereziki Nafarroako unibertsitateekin lankidetzarako loturak sortzea.

n) Azterlanak eta argitalpenak egitea, jardunaldiak, biltzarrak eta eztabaidaguneak sustatzea eta sarietarako dei egitea, lehen aipatu diren arloei buruz.

ñ) Administrazioko unitateekin koordinaturik, Nafarroako Administrazioko Publikoetako lanpostuak eskuratzeko eskatzen diren baldintza eta gaitasunak eta hautapen metodoak aztertzea.

o) Zehapen espedienteen instruktoreei laguntzea, txostenen eta peritazio teknikoen bidez, haiek hala eskatuta, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari banakako orientazio zerbitzu bat, pertsonala edo profesionala, eskaintzea.

p) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ETA PARTAIDETZA ORGANOAK.

4. artikulua . Zuzendaritza eta partaidetza organoak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendaritza organoak honako hauek dira:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendaritza-kudeatzailetzaren titularra.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen prestakuntza batzordea partaidetza organoa da.

II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

5. artikulua . Osaera.

Gobernu Kontseiluko kideak hauek izanen dira:

1. Kontseiluburua: Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

2. Kontseiluburuordea: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Zuzendaritza-kudeatzailetzaren titularra.

3. Batzordekideak:

a) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

b) Aurrekontuaren, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

c) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Prestakuntza eta Garapen Atalaren titularra.

d) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalaren titularra.

e) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalaren titularra.

f) Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Zuzendaritzaren titularra.

g) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

h) Bi ordezkari sindikal, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen negoziazio mahai orokorrean ordezkaritza handiena duten eta, aldi berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten lan-kontratudunen eremuan hautatutako ordezkariak dituzten erakunde sindikalak ordezkatuz Nota de Vigencia.

4. Idazkaritza, ahotsarekin baina botorik gabe: Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalaren titularra.

6. artikulua . Ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek ditu:

a) Erakundeak ekitaldi bakoitzean edukiko dituen planak eta egitarauak onestea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen prestakuntzako batzordeari entzun eta gero, hala dagokionean.

b) Erakundearen zuzendaritza lanak kontrolatu eta gainbegiratzea.

7. artikulua . Gobernu Kontseiluko buruaren ahalmenak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko buruari dagokio Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deialdiak egitea eta gai-zerrenda prestatzea, bilkurak zuzentzea eta buru izatea, bertan hartzen diren erabakiak betetzen direla zaintzea, baita Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren funtzionamendurako arauak betetzen direla zaintzea ere.

8. artikulua . Idazkaria.

Hauek izanen dira idazkariaren eginkizunak:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Zuzendaritza-kudeatzailetzaren titularraren jarraibideen arabera, eta erabakiak betetzeko tramiteak egitea.

b) Kontseiluko bilkuretarako deialdia eta bilkuren akta egitea, hartutako erabakien fede ematea eta eskatzen zaizkion ziurtagiriak egitea.

c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua . Bilkurak.

Gobernu Kontseiluak nahitaez urtean bilkura arrunt bat egin behar du, gutxienez. Halaber, bilera berezia eginen du, kontseiluburutzak horretarako dei eginez gero.

10. artikulua . Deialdia.

Gobernu Kontseiluaren deialdia jakinarazi beharko da bi egun balioduneko aurrerapenarekin, gutxienez, bilkura arrunta bada, eta egun baliodun batekoarekin, berezia bada.

11. artikulua . Quoruma.

Gobernu Kontseilua balioz eratzeko lehen deialdian, kideen gehiengo osoak egon behar du bertan. Bigarren deialdian eraketa baliozkoa izanen da bost kide daudenean, gutxienez; edozein kasutan, beharrezkoa izanen da kontseiluburua eta idazkaria bertan egotea, edo legez ordezkatzen dituztenak.

12. artikulua . Erabakiak nola hartu.

1. Kontseiluaren erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketa bada, kontseiluburuak edo legez ordezkatzen duenak deseginen du bere kalitatezko botoaren bidez.

2. Hartzen diren erabakiak eguneko gaien zerrendan sartuta dauden gaiei buruz izanen dira, salbu, kide anitzeko organoko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada, gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

III. KAPITULUA. ZUZENDARITZA-KUDEATZAILETZA

13. artikulua . Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki izendatuko eta kargutik kenduko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zuzendaritza-kudeatzailetzaren titularra, Funtzio Publikoko arloan eskumena duen departamentuko kontseilariaren proposamenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako funtzionarioen artean.

14. artikulua . Eskudantziak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Zuzendaritza-kudeatzailetzaren titularrari dagokio eskudantzia hauek erabiltzea:

a) Institutuaren jardunean goreneko ardura bere gain hartzea.

b) Erakundearen ordezkaritza zuzena betetzea.

c) Gobernu Kontseiluaren erabakiak bete eta betearaztea.

d) Kudeaketa arlorako helburu orokorrak, aurrekontuak, funtzionamendurako arau orokorrak eta jarduketa memoriak prestatzea.

e) Erakunde autonomoak jarduteko behar dituen administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

f) Beste entitate eta erakunde batzuekin hitzarmenak izenpetzea.

g) Giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, osoki kudeatzea, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatekoak eman ahal izateko.

h) Institutuaren langileen buru izatea, eta zehazki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 3., 5. eta 6. artikuluak ematen dituen ahalmenak erabiltzea.

i) Institutuaren ondarea kudeatu eta erabiltzea, ondasunen titulartasuna erabiltzeko egintzak izan ezik, horien eskumena bestelako organo edo entitateei badagokie.

j) Institutuan zerbitzuak emateko behar diren kontratuak izenpetzea.

k) Gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordainketa-obligazioak aitortzea.

l) Institutuak egin beharreko jardueren tarifak onestea.

15. artikulua . Eskuordetzea.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zuzendaritza-kudetzailetzaren titularrak bere eskudantzia batzuk eskuordetzen ahal dizkio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren zerbitzuko zuzendaritzaren titularrari, bere eskumeneko arloan.

IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUAREN EGITURA

16. artikulua . Egitura.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak egitura hau dauka:

1. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Zerbitzua.

2. Atal hauek:

a) Prestakuntza eta Garapen Atala, eta horren mende Prestakuntza Koordinatzeko eta Ebaluatzeko Bulegoa.

b) Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atala, eta horren mendean Hizkuntza Komunitarioetan Prestatzeko Bulegoa.

c) Psikologia Aplikatuaren Atala.

3. Zerbitzu Osagarrien Bulegoa.

17. artikulua . Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikiko zaio, zerbitzu baten maila organikoa edukiko du eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz garatuko da.

18. artikulua . Prestakuntza eta Garapen Atala.

Prestakuntza eta Garapen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako hauei dagokienez: Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen prestakuntza eta garapen profesionala, deusetan galarazi gabe arlo horietan beste organo batzuek esleiturik dituzten eskumenak. Orobat, gaitasuna eta lanbide-trebakuntza, eraginkortasun administratiboa, gardentasuna eta herritarrarendako zerbitzua bulkatuko ditu, baita funtzionarioen partaidetza ere jarduketa administratiboan.

19. artikulua . Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atala.

Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu prestakuntza eredu berriak ezartzeari dagokionez. Nafarroa Administrazio Publikoen langileen hizkuntza-ikasketa eta hobekuntza sustatuko du, hala era presentzialean, nola online ere, beste organo batzuek arlo hauetan dauzkaten eskumenen kaltetan gabe. Halaber, hizkuntzen ezagutzak egiaztatzeko probak eginen ditu, eta hautapen prozesuetan aurkezten diren hizkuntza-ziurtagiriak baloratuko ditu.

20. artikulua . Psikologia Aplikatuaren Atala.

Psikologia Aplikatuaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, honako honi dagokionez: txostenak egitea Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek lanpostuak betetzeko dituzten egokitasunari eta gaitasunari buruz. Orobat, langile horiek sartzeko hautapenean laguntza emanen du, eta haien orientazio profesionala gidatuko du, beharrezkoa denean orientazio berri bat, garapen profesionala edo lan aldaketa bat.

21. artikulua . Atala baino beheragoko beste unitate administratibo batzuk.

1. Zerbitzu Osagarrien Bulegoa.

Zerbitzu Osagarrien Bulegoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lokalak egokitzea prestakuntza eta hautapen jardueretarako, ekitaldi instituzionaletarako eta bestelakoetarako.

b) Lokalak erabiltzeko tokiak eta denborak kontrolatu eta banatzea.

c) Baliabide teknologiko-didaktikoen mantentze lana egitea, eta haiek puntuan izatea prestakuntza jarduera, bilera, jardunaldi eta abarretarako.

d) Lokalen garbiketa eta mantentze-lana gainbegiratzea.

e) Material suntsikorrak kontrolatu eta horien erosketa proposatzea.

f) Institutuaren liburuxka, informazio eta gutunak banatu eta igortzea.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

2. Prestakuntza Koordinatu eta Ebaluatzeko Bulegoa.

Prestakuntza Koordinatu eta Ebaluatzeko Bulegoa Prestakuntza eta Garapen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:

a) Langileak prestatzeko beharrak identifikatu eta aztertzea.

b) Prestakuntza arloetako ekintzak gainbegiratzea.

c) Prestakuntza ekintzak aztertu, baloratu, antolatu eta haien jarraipena egitea, administrazio unitateek eskatzen dutenean.

d) Urteko prestakuntza planen hasierako proposamena egitea.

e) Egiten diren ekintzak ebaluatzea, honako hauek eginez, besteak beste: programen kalitatea eta egokitasuna aztertzea, hobekuntza planak garatzea, gogobetetzeari buruzko galdera-sortak hobetzeko azterlana egitea eta beste prestakuntza plan batzuk aztertzea.

f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. Hizkuntza Komunitarioetako Prestakuntza Bulegoa.

Hizkuntza Komunitarioetako Prestakuntza Bulegoa Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:

a) Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak antolatzea, orokorrak eta espezifikoak, online, udakoak, eta hizkuntzei buruzko beste jarduera batzuk.

b) Hizkuntza-prestakuntza antolatzea, unitateek eskatzen dutenean.

c) Administrazio unitateei hizkuntzako gaiei buruz aholkularitza ematea.

d) Ziurtagiriak balioestea eta hizkuntza probak egitea.

e) Lanpostuetako hizkuntz eskakizunak balioesteko txostenak egitea.

f) Departamentuekin lan egitea eskualde arteko prestakuntza esperientziak planifikatzen eta garatzen.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUA ETA KONTROLA

22. artikulua . Ondarea.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren ondarea, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearekin bat, mota guztietako ondasunek eta eskubideek osatzen dute, Nafarroako Foru Komunitatearen ondarekoak badira eta erakunde horri atxikitakoak badira horrek bere helburuak bete ditzan, ondare horretako ondasunak izateagatik dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoari eusten diotela, hori guztia aipatutako foru lege horren 75. artikuluaren eta hurrengoen irismenarekin.

23. artikulua . Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren baliabideak honako hauek izanen dira:

a) Eskueran jartzen zaizkien ondasun eta eskubideak.

b) Ondasun eta eskubide horien produktu eta errentak.

c) Kobratzen ahal dituzten ohiko eta ohiz kanpoko diru-sarrerak, arautzen dituzten xedapenen arabera.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleiturik dituzten transferentzia arruntak edo kapitalekoak.

e) Administrazioetatik edo entitate publikoetatik jasotzen dituzten dirulaguntzak, ohikoak edo kapitalekoak.

f) Dohaintzak, legatuak eta entitate pribatuen nahiz partikularren bestelako ekarpenak.

g) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

24. artikulua . Aurrekontu araubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren kudeaketa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko aurrekontuarekin batera Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sarturik dagoen urteko aurrekontuaren araubidearen mende dago.

2. Aurrekontuen egitura, diru-sarreren eta gastuen sailkapenari eta horien zehaztasun mailari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie.

3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.

25. artikulua . Kontuhartzearen araubidea.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko kudeaketa ekonomikoa -hots, eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.

26. artikulua . Kontabilitate araubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua kontabilitate publikorako araubidearen mendean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuak ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurreikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

27. artikulua . Araubide orokorra.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 45. artikuluan erakunde autonomoetarako ezarritakoa da.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1913754

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web