(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

253/2019 FORU DEKRETUA, URRIAREN 16KOA, NAFARROAKO PLANEAMENDUAREN ERREGISTROA ETA NAFARROAKO HIRIGINTZA ETA LURRALDE PLANGINTZARAKO TRESNAK AURKEZTEKO FORMATUA ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 216 - 31/10/2019



  I. TITULUA. HELBURUA, IZAERA ETA APLIKAZIO EREMUA


  II. TITULUA. INSKRIBATZEKO PROZEDURA


  III. TITULUA. HIRIGINTZAKO ESPEDIENTEEN EDUKIA


  IV. TITULUA. PLANEAMENDUAREN ERREGISTROAN INSKRIBATUTAKO TRESNEN PUBLIKOTASUNA ETA SARBIDEA

  ERANSKINA. FITXATEGIAREN FORMATUA


Zioen azalpena

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 8. artikuluak zehazten duenez, pertsona guztiek eskubidea dute lurraldeari eta hirigintzari buruz administrazio publiko eskudunen esku dagoen informaziora iristeko, interes jakin bat egiaztatu beharrik gabe.

Lurraldearen antolamendurako eta hirigintzako planeamendurako tresnei eta haien araudiari buruzko publizitatea bermatzeko, Planeamenduaren Erregistroa sortu zen, zeina egun araututa baitago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 79. artikuluan. Erregistro hori publikoa da, eta horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta udalerriek behin betiko onesten dituzten lurralde antolamenduko tresnak eta hirigintza-planak zentralizatuko dira.

Aipaturiko 79. artikuluaren 4. apartatuak honako hau dio: “Planeamenduaren Erregistroa publikoa da. Publikotasuna gauzatuko da planeamendu zehatz bakoitzaren edukiari buruzko ziurtagiriaren bidez, horretarako gaitutako funtzionarioak luzatuko baitu, edo erregistroko agirien kopiaren edo haiei buruzko informazio-ohar soilaren bidez, zeinaren prezioa ez baita izanen administrazio kostua baino garestiagoa”.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak behartzen du etengabe edukitzera herritarren eskura informaziorik aipagarriena jardunaren oinarrizko eremuei buruz, eta, besteak beste, lurraldearen antolamenduri eta hirigintzari buruz.

Bestalde, Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legearen Testu Bateginak (7/2015 ELD), bere 5. artikuluan, honako hauek ezartzen ditu herritarren eskubideen artean: administrazio publikoek lurraldearen antolamenduari, hirigintzaren antolamenduari eta ingurumenaren ebaluazioari buruz duten informazioa eskuratzea eta administrazio-xedapenen edo -egintzen kopia edo ziurtagiria lortzea, kasuan kasuko legeria arautzaileak xedatutakoaren arabera. Eta honako hau zehazten du 25.4 artikuluan: “Administrazio publiko eskudunek indarrean dauden lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnen edukiaren publizitate telematikoa bultzatuko dute, bai eta tresna horiek jendaurrean jartzeko iragarkia ere”.

Lehenago, Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legeak, bere bederatzigarren xedapen gehigarrian, zenbait aldaketa egin zizkion Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeari. Gehitutako 70 ter artikulua nabarmendu behar da, non aurreikusten baita, batetik, lurraldearen eta hirigintzaren antolamenduan eskumenak dituzten administrazio publikoek hala eskatzen duten herritarren eskura eduki behar dituztela norberaren lurralde eremuan indarra duten lurralde- eta hirigintza-antolamendurako tresnen kopia osoak, baita kudeaketa dokumentuenak eta hirigintza hitzarmenenak ere, eta, bestetik, baliabide telematikoen bitartez argitaratuko dutela indarreko lurralde- eta hirigintza-antolamendurako tresnen eduki eguneratua, baita jendaurreko aldiaren iragarkiarena eta hura onetsi edo aldatzeko garrantzitsuak diren edozein tramitazio egintzena ere.

Behar bezalako publizitatea errazteko, 2007tik aurrera, Foru Komunitateak lurraldeari eta hirigintzari buruzko informazioaren sareko sarbidea eskaini du, Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren bidez. 2016tik aurrera, IDENAren (Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura) bisorean dauden loturen bidez ere eskura daiteke informazio hori.

Nolanahi ere, urte hauetan ikusi da oso heterogeneoak direla lurraldearen antolamendurako tresnak eta hirigintza planak eta oso irizpide desberdinak erabili direla haiek prestatzeko orduan. Ildo horretan, beharrezkotzat jo da heterogeneotasun hori apaltzea, agiri teknikoen aurkezpena normalizatuz eta aurkezpenaren formatuaren gutxieneko baldintza bateratuak ezarriz, bai tramitatu eta onesteko, bai gero Planeamenduaren Erregistroan sartzeko. Helburua da, beraz, administrazio publiko eskudunek errazago izatea tresna horien azterketa eta tratamendua. Bestalde, asmoa da modu automatizatuagoan sartzea gero Erregistroan eta Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sisteman, bide eraginkorragoak erabiliz. Horrek ekarriko du datuak era ekonomikoagoan inplementatzea eta sistemak eskainitako informazio telematikoak kalitate handiagoa izatea.

Halaber, nahitaezkotzat jotzen da prozedura bat prestatzea kasuan kasuko tresnak inskribatzeko Planeamenduaren Erregistroan, baina egun horrek ez du berariazko araudirik.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenaren bidez, baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari behar adina erregelamenduzko xedapen eman ditzan legegintzako foru dekretua garatu eta gauzatzeko.

Horrenbestez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 16an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. TITULUA. HELBURUA, IZAERA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa arautzea, eta zehazki:

a) Udalaren hirigintza planeamendurako eta lurraldearen antolamendurako tresnak aurkezteko formatua eta eduki dokumentala, haiek tramitatzeko eta gero Nafarroako Planeamenduaren Erregistroan sartzeko.

b) Nafarroako Planeamenduaren Erregistroan behin betiko onetsitako udalaren hirigintza planeamendurako eta lurraldearen antolamendurako tresnak inskribatzeko prozedura, baita kudeaketa eta urbanizazio tresnena ere, foru dekretu honek ezarritakoaren arabera.

c) Nafarroako Planeamenduaren Erregistroko kontsulta araubidea.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau udalaren hirigintza planeamendurako eta lurraldearen antolamendurako tresna guztiei aplikatu behar zaie, baldin eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarra duen foru araudiak arautzen baditu eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan tramitatzen badira, baita kudeaketa eta urbanizazio tresnei ere, baldin eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskudun den departamentuak onetsitako udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak garatzen badituzte.

3. artikulua . Izaera juridikoa.

1. Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa erregistro publikoa eta administratiboa da, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuak kudeatzen duena eta helburu duena hirigintzaren funtzio publikoaren gardentasuna eta publizitatea bermatzea, bertan inskribatuz udalaren hirigintza planeamendurako eta lurraldearen antolamendurako tresnak. Ondorengo ebazpenak ere inskribatu behar dira, administratiboak edo judizialak izan, edukia ukitzen badute.

2. Edozein pertsona edo entitate, publikoa nahiz pribatua izan, sar daiteke Planeamenduaren Erregistroan aurrez aurreko kontsulta eginez lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den unitate organikoaren bulegoetan, edo modu telematikoan Internet bidez. Horretarako gaitutako funtzionarioak baimenduko ditu erregistroaren idazpenen ziurtagiriak. Halaber, informazio oharrak eman daitezke, eta erregistroan dauden dokumentuen kopiak eskuratu, eta horren kostuak ez du kostu administratiboa gaindituko.

4. artikulua . Erregistroaren edukia.

Honako hau izanen du Nafarroako Planeamenduaren Erregistroak:

1. Datu-base informatizatu bat; hor, tresna bakoitzaren inskripzio fitxak jasoko dira, 7. artikuluan aurreikusten direnak.

2. Dokumentu-artxibo bat, tresna bakoitza eratzen duten dokumentuen kopia banaz osatua, euskarri digitalean, foru dekretu honetan jasotako zehaztapenei jarraituz.

II. TITULUA. INSKRIBATZEKO PROZEDURA

5. artikulua . Abiaraztea.

1. Honako hauek inskribatu behar dira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroan behin betiko onetsi ondoren: lurralde antolamenduko tresnak, haiek garatzen dituzten kudeaketa eta urbanizazio tresnak eta udalaren hirigintza planeamendurako tresnak. Tresna horietako edozeinetan eginiko aldaketak ere inskribatu behar dira.

2. Nahitaezkoa da erregistroko inskripzioa. Honela egin daiteke:

a) Ofizioz, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuak egina, lurraldearen antolamendurako tresnen kasuan, haiek garatzen dituzten kudeaketa eta urbanizazio tresnen kasuan eta udalaren hirigintza planeamendurako tresnen kasuan, baldin eta Foru Komunitate Administrazioari badagokio behin betiko onestea.

b) Kasuan kasuko udalak eskatuta, lurraldearen antolamendurako tresnen kasuan eta udalaren planeamendurako tresnen kasuan, hari badagokio behin betiko onestea. Horretarako, foru dekretu honen 9. artikuluan zehazten den dokumentazioa igorri beharko zaio lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenak dituen departamentuari, tresna behin betiko onetsi eta hurrengo hamar eguneko epean.

c) Ekimen partikularrarekin sustatutako tresnen sustatzaileek eskatuta, baldin eta administrazio isiltasunez onetsi badira tresnak. Halakoetan, erregistroaren arduradunak kasuan kasuko udalari eskatuko dio foru dekretu honen 9. artikuluan zehaztutako dokumentazioa igor dadin 10 eguneko epean gehienez.

6. artikulua . Inskripzio idazpena egitea.

1. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuak ofizioz eginen du inskripzio idazpena Planeamenduaren Erregistroan, tresnen behin betiko onespena Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena denean, 5.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

Horretarako, inskripzio fitxa bat sortu eta kasuan kasuko dokumentazioa dokumentu-artxiboan gordailutuko du. Inskripzioa eginda, Erregistroko unitate arduradunak erregistroko ziurtapena emanen du, non jasoko baita zer erregistro zenbaki esleitu zaion eta adieraziko baita tresnaren gordailua egin dela. Kasuan kasuko tresnak zer udalerri ukitzen duen, horiei igorriko zaie ziurtapen hori. Halaber, 4. artikuluko datu basean sartuko da inskripzio fitxa.

2. Tresnaren behin betiko onespena udalei dagokienean, udalek igorri behar diote tresna lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenak dituen departamentuari, foru dekretu honetako zehaztapenekin bat.

a) Dokumentazioa aztertzean ikusten bada zerbait falta dela edo zerbait gaizki dagoela, erregistroko unitate arduradunak eskatuko dio kasuan kasuko udalari behar adina agiri edo datu aurkez ditzan hamar eguneko epean gehienez, eta, hori bete ezean, ukatzen ahalko du inskripzio idazpena egitea.

b) Igorritako dokumentazioa osorik dagoenean, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroko unitate arduradunak 30 eguneko epean eginen du gehienez inskripzio izendapena, eta, horretarako, inskripzio fitxa bat sortu eta dokumentazioa gordailutuko du. Epe hori iraganik izendapena egin gabe, ulertuko da inskripzio eskaera baietsi dela.

c) Inskripzioa eginda, Erregistroko unitate arduradunak erregistroko ziurtapena emanen du, non jasoko baita zer erregistro zenbaki esleitu zaion eta adieraziko baita tresnaren gordailua egin dela. Ziurtapen hori ukitutako udalei komunikatuko zaie.

4. artikuluko datu basean sartuko da inskripzio fitxa.

d) Aurreko ataletan ezarritakoa beteko da ezertan galarazi gabe departamentuak tresnen kontrola egiten duela bere eskumenaren esparruan, bat etorriz lurraldearen antolamenduaren arloan eta hirigintzaren arloan indarra duen foru araudian eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin.

Kontrol-txostenaren emaitza kasuan kasuko inskripzio fitxan jasoko da.

7. artikulua . Inskripzio fitxak.

Datu hauek izanen dituzte inskripzio fitxek:

1. Tresnaren identifikazioa:

a) Tresna mota.

b) Dituen determinazioak egituratzaileak edo xehakatuak diren.

c) Deskribapena: tresnaren xedea.

2. Kokalekua:

a) Udalerria edo udalerriak.

b) Kontzejua.

c) Populazio entitatea, hala bada.

d) Kasuan kasuko eremua: lurraldea, hirigintza edo araudia.

e) Kasuan kasuko kokalekua: toponimia, katastroa edo posta.

3. Pertsona sustatzaileak:

a) Ekimena: publikoa edo pribatua.

b) Pertsona sustatzaileak: haien izena edo sozietatearen izena edo administrazioa.

4. Tramitazioa:

a) Noizkoa den Udalez gaindiko Plan Sektorialaren deklarazioa edo haren tresnaren hasierako onespena, noiz argitaratu den Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, kasua bada, prentsan. Adierazi behar da zer administraziok jardun duen.

b) Noizkoa den behin-behineko onespena. Adierazi behar da zer administraziok jardun duen.

c) Noiz onetsi den behin betiko eta noiz argitaratu den Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Adierazi behar da zer administraziok jardun duen.

d) Noiz onetsi diren Nafarroako Aldizkari Ofizialean onetsitako araudi idatzia eta dokumentazio grafikoa eta zer erreferentzia eta Interneteko zer lotura duen kasuan kasuko iragarkiak.

e) Zer ondorio duen tresna kontrolatzeko txostenak, zeina 6.2.d) artikuluan aurreikusten baita.

5. Tresnaren iraupena:

a) Indarraldia.

- Indarrean dago.

- Ez dago indarrean (argitaratzeko dago edo indarra galdu du epaiak, administrazio ebazpenak edo bestelako egintzak direla eta).

b) Oharrak: badagoen erabakirik, epairik edo ebazpenik, tresnaren indarra edo edukia ukitzen duenik (behar adina datu emanda edukia eskuratzeko edo lotura adierazita hiperesteka batekin bertsio telematikoan).

6. Erregistroaren data eta zenbakia.

a) Inskripzio data:

b) Erregistro zenbakia.

8. artikulua . Inskribatutako datuak aldatzea.

Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak eguneraturik edukiko du Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa.

Inskripzio fitxako datuak baldintza hauetako bat betetzen bada alda daitezke:

a) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea onespenaren erabakia eta kasuan kasuko araudia.

b) Inskripzioan atzemandako akats materialak zuzentzea.

c) Epai judizialek edo administrazio ebazpenek tresna inskribatuak ukitzea, administrazioaren irmotasuna lortu ondoren.

d) Epaileek eta epaitegiek hartutako kautelazko neurriek tresnen aplikazioa ukitzea.

e) Erregistroko unitate arduradunaren iritziz beste edozein egintzak, erabakik edo ebazpenek tresnak ukitzea.

Aldaketa horiek erregistroko unitate arduradunak eginen ditu, ofizioz edo alderdi batek eskaturik. Horretarako, udalek komunikatu behar diote Planeamenduaren Erregistroari baldintza horietako bat betetzen dela.

Udalak beharturik daude, orobat, Erregistroari komunikatzera tresna behin betiko onetsi ondoko egintza edo ebazpen batek, administratiboa edo judiziala izan, onetsitako agiriaren edukia ukitzen duela, garrantzia badu erregistro mailan eta horretan esku hartu badu bere eskumenak direla eta.

Planeamenduaren Erregistroko unitate arduradunak inskripzio fitxan eginiko edozein zuzenketaren berri emanen die ukitutako udalei.

III. TITULUA. HIRIGINTZAKO ESPEDIENTEEN EDUKIA

9. artikulua . Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Udalek espediente osoaren kopia bat igorriko diote lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenak dituen departamentuari, euskarri digitalean. Kopia horrek artikulu honetako dokumentazio guztia izan behar du, hala idatzizkoa, nola grafikoa, tresna bakoitzari zer eskatzen zaion. Dokumentazio hori atal hauetan antolatuko da:

a) Agirien aurkibidea: PDF formatuko fitxategi bat izanen du, aurkezten diren agirien zerrenda dakarrena, hurrengo ataletan zehazten denari jarraituz.

b) Dokumentazio administratiboa:

- Hasierako, behin-behineko eta behin betiko onespenaren ziurtagiriak.

- Hasierako onespenaren erabakia prentsan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu izanaren ziurtagiria.

- Udalaren txostenak, eduki juridiko eta teknikokoak, toki administrazio jarduleko profesionalek emanak, edo Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 16. eta 18.2 artikuluetan aurreikusitako organoetako profesionalek emanak.

- Beste organo batzuek beren eskumenak direla-eta emaniko txostenak.

- Aurkeztutako alegazioak, txostenak eta haietaz emaniko ebazpenak.

c) Dokumentu tekniko osoa, bere benekotasuna bermatzen duten eginbideak eta tresnaren onespenaren data dakartzana.

- Informazio eta justifikazio agiriak. Edukia, kasua bada: informazio eta justifikazio memoria, informazio planoak, parte hartzeko plana, exekuzioari buruzko laburpena, ingurumen azterlan estrategikoa, bideragarritasunaren memoria eta jasangarritasun ekonomikoarena, sortutako mugigarritasunari buruzko azterlana, etxebizitza babestuaren egokitasunari buruzko azterlana, kudeaketaren adierazleen sistema, jasangarritasuna eta emaitza, merkataritza erakarri eta antolatzeko plana, garatu eta exekutatzeko programa, eta indarreko legediaren arabera eska daitekeen gainerako dokumentazioa.

- Dokumentazio arautzailea. Edukia, kasua bada: ordenamendu planoak, hirigintzako arauak, babeserako katalogoa eta indarreko legediaren arabera eska daitekeen gainerako dokumentazioa.

d) Dokumentazio bektoriala, 10. artikuluan eta eranskinean jasotako kasuetan eta baldintzetan.

e) Epai edo auto judizialaren testua, edo edukia ukitzen duen beste edozein administrazio ebazpen.

2. PDF formatuan aurkeztuko da dokumentazioa, 10. artikuluan adierazitakoa izan ezik. Testu agirien orrialdeak zenbakiturik egonen dira, dokumentuaren orrialde kopuruari erreferentzia eginez. Agiri teknikoaren fitxategi bakoitza behar bezala eginbideturik egonen da sinadura digitalaren bidez, ziurtaturik egon dadin fitxategiaren edukia bat datorrela onetsitako agiriarekin.

Bere propietateek aukera eman behar dute inprimatu, kopiatu, atera eta sinatzeko.

Fitxategi digitalak direktorio nagusi batean egonen dira, eta izen hau eramanen dute: udalerriaren izena (udalez gaindiko ukipenaren kasuan, zerrenda alfabetikoko lehen udalerriaren izena eta ondoren # sinboloa), tresna motaren laburdura edo akronimoa eta eremuaren erreferentzia, hura udal-mugarteaz bestelakoa denean. Beheko marratxo batek bereiziko ditu datuak.

Direktorio horren barnean, karpeta hauek egonen dira:

a) Dokumentazio administratiboa, PDF formatuan (gutxieneko bereizmena: 200 puntu hazbeteko).

b) Dokumentu teknikoak, PDF formatuan, karpeta hauetan banatuak:

- Dokumentazio idatzia (gutxieneko bereizmena: 200 puntu hazbeteko).

- Dokumentazio grafikoa (gutxieneko bereizmena: 300 puntu hazbeteko). Dokumentazio tekniko grafikoa osatzen duten orriek, bidezkoa denean, lau aldeen koordenatu geografikoak agertuko dituzte, foru dekretu honen eranskinean zehazten den erreferentziako sistema geodesikoan.

c) Informazio geografiko bektoriala: informazio bektoriala ekarriko du, fitxategi digitaletan, 10. artikuluan eta eranskinean zehazten diren datu multzoei dagokiena.

3. Halaber, lurraldearen antolamendurako tresnak eta udalaren hirigintza planeamendurakoak, haien onespena Foru Komunitateko Administrazioari baldin badagokio, formatu digitalean aurkeztu behar dira, eta Planeamenduaren Erregistroan artikulu honetan zehazten den dokumentazio guztia eduki.

10. artikulua . Formatu bektorialaren ezaugarriak.

Lurraldearen eta hirigintzaren antolamendurako tresnek, egiturazko antolamenduko determinazioak ukitzen badituzte, informazio geografiko bektorialari buruzko datuak izanen dituzte informazio geografiko bektoriala izeneko karpetan, foru dekretu honen eranskinean zehazten diren erreferentziako sistema geodesikoaren, formatuaren eta datuen ereduekin bat.

IV. TITULUA. PLANEAMENDUAREN ERREGISTROAN INSKRIBATUTAKO TRESNEN PUBLIKOTASUNA ETA SARBIDEA

11. artikulua . Publizitatea eta sarbidea.

1. Planeamenduaren Erregistroan inskribatutako tresnen erregistro-publikotasuna egiteko, kontsulta zuzena egin daiteke administrazio titularrak horretarako zehazten dituen bulegoetan, edo erregistroko dokumentuen kopiak egin, edo lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarra duen legedian xedatzen diren beste modu batzuk erabili.

2. Administrazio publikoen prozedura administratibo erkideari buruzko legedi orokorrean nola, hala erabiliko da agirien kopiak eskuratzeko eta sarbiderako eskubidea.

3. Orobat, erraztu beharko da bide telematikoez egitea tresnak osatzen dituzten agiri teknikoen sarbidea eta kontsulta, Nafarroako Gobernuak horretarako eskura jartzen dituen atarien bidez.

12. artikulua . Datu pertsonalak babestea.

Dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko, bete beharko da, kasu guztietan, datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusitakoa.

Horretarako, udalek eta sustatzaileek adierazi behar dute, berariaz, emandako informaziotik zein den konfidentziala, datuak babesteko indarreko legediaren babesean.

Erregistroko unitate arduradunak egiaztatuko du betetzen dela artikulu honetan xedatutakoa.

Xedapen iragankor bakarra .Tramitatzen ari diren tresnak eta tresna onetsiak.

Foru dekretu honek indarra hartzean tramitatzen ari diren tresnak honetako zehaztapenetara egokitu behar dira behin betiko onetsi baino lehen.

Foru dekretu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko honek indarra hartzean behin betiko onetsita dauden tresnei; horiek Planeamenduaren Erregistroko inskripzioari eutsiko diote jatorrizko baldintzetan.

Lehen xedapen gehigarria .Kudeaketa eta urbanizazio tresnen inskripzioa.

Udalek, borondatez, kudeaketa eta urbanizazio tresnak igor ditzakete, haiei baldin badagokie tresnak behin betiko onestea Planeamenduaren Erregistroan zuzenean inskribatzeko.

Azken xedapenetako lehena .Eranskina aldatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari eranskineko zehaztapenak aldatzeko, behar berrietara, teknologia eskuragarrira, nazioarteko mailan Open Geospatial Consortium-ek estandarrez ematen dituen xedapenetara edo maila handiagoko xedapen orokorretara egokitzeko.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea Nota de Vigencia.

Foru dekretu hau indarrean sartuko da bi hilabeteren buruan, zenbatzen hasita COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak indarra galtzen duenetik, edo, bestela, haren luzapenek.

Iruñean, 2019ko urriaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

ERANSKINA. FITXATEGIAREN FORMATUA

ERANSKINA

Shapefile formatuan aurkeztuko da 10. artikuluan aipatutako informazio geografiko bektoriala.

Fitxategi independente bat eratuko du datuen sei multzoetako bakoitzak. Fitxategi guztien izenaren aurretik datuen multzoaren CODSIUN atributua kokatuko da (1. Jarduketaren eremua) eta ondoko taulan zehazten den testuarekin osatuko da izena:

DATUEN MULTZOA

FITXATEGIAREN IZENA

1.  Jarduketaren eremua

CODSIUN_ambito

2.  Unitate espazialak

CODSIUN_udespacial

3.  Lurzoru mota

CODSIUN_clase

4.  Lurzoru urbanizaezinaren kategoriak eta azpikategoriak

CODSIUN_snu

5.  Lurzoru urbanizagarriko sektoreak

CODSIUN_sector

6.  Sistema orokorrak

CODSIUN_sg

Erreferentziako sistema geodesikoa

Espainian sistema geodesiko ofiziala arautzen duen uztailaren 27ko 1071/2007 Errege Dekretuak ezarritakoa izanen da erreferentziako sistema geodesikoa: ETRS89 erreferentziako sistema geodesikoan oinarritutako koordenatuak, UTM proiekzioa 30 iparra eremua (ETRS89 UTM 30 N, honela kodetua: EPSG: 25830), edo kasuan-kasuan Espainian indarrean dagoena.

Informazio geografiko bektorialari lotutako edukia eta datuak

Honelaxe zenbakitu eta izendatuko dira informazio geografiko bektorialari buruzko datuen multzoak:

1. datuen multzoa: Jarduketaren eremua.

2. datuen multzoa: Unitate espazialak.

3. datuen multzoa: Lurzoru mota.

4. datuen multzoa: Lurzoru urbanizaezinaren kategoriak eta azpikategoriak.

5. datuen multzoa: Lurzoru urbanizagarriko sektoreak.

6. datuen multzoa: Sistema orokorrak.

1. Jarduketaren eremua.

Tresnak ukitutako eremu geografikoa jasoko du. Eremu edo espazio hori etena izan daiteke, eta, kasua bada, dauden sistema orokorrak (sareak eta zerbitzuak) eta aurreikusitakoak lotzeko azpiegiturek ukitutako lurzoruak agertuko ditu.

Geometria poligonala izanen da, eta zati anitzeko elementuak eta irla-poligonoak onartuko dira, bidezkoa bada, eta egitura hau daukan atributuen taula lotuko zaio:

ATRIBUTUAREN IZENA

MOTA

TAMAINA

EDUKIAREN AZALPENA

CODSIUN

Zenbaki osoa

6

Tresnaren identifikazio kodea Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sisteman (SIUN)

UDALERRIAK

Testua

255

Ukitutako udalerriaren edo udalerrien izena, komaz bereizita

CODTIP

Testua

10

Tresna motaren akronimoa

TIPINSTRUM

Testua

255

Tresna mota

FECHAPROB

Testua

8

Data, formatu honetan: UUUUHHEE

CODSIUN atributua: lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak identifikatzaile bakarra emanen du lurraldearen antolamendurako edo hirigintzarako tresna bakoitzerako.

Balioen zerrenda kontrolatua:

CODTIP

TIPINSTRUM

PSIS

Udalez gaindiko plan eta proiektu sektoriala

MPSIS

Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialeko aldaketa

PGM

Udal Plan Orokorra

MPGM

Udal Plan Orokorreko aldaketa

MPM

Udal Planeko aldaketa

MPGOU

Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko aldaketa

MNS

Aldaketa Arau Subsidiarioetan

PC

Baterako plana

MPC

Baterako Planeko aldaketa

PE

Plan Berezia

MPE

Plan Bereziko aldaketa

Irizpide berariazkoak:

-Tresnaren eremuak muga grafiko ofiziala duenean (udalerria, kontzejua, poligonoa edo katastroko lurzatiak...), edo erreferentzia grafiko horiek beharrezkoak direnean eremuaren muga doitzeko, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak orduan ezarrita duen muga ofiziala erabiliko da.

-Garatu beharreko planeamendua eremu ofizialeko mugetara egokituko da. Salbuespenez ez da egokituko antolamendu berriak eremua aldatzea eskatzen duenean, eta soilik banandu edo batu beharreko lurzatien kasuan.

2. Unitate espazialak.

Datuen multzo horretan unitate espazialak biltzen dira (planeamendurako tresnak baldin baditu), zeinak mugatuta baitaude hirigintza-koherentziaren irizpideekin bat, irizpideak barnekoak nahiz hirigune eta udalerri osorakoak izan. Horretarako, sektoreen arteko banaketak, ahal dela, bat etorriko dira lurraldeko edo antolamenduko elementu egituratzaileekin.

Geometria poligonala izanen da, eta zati anitzeko elementuak eta irla-poligonoak onartuko dira, bidezkoa bada. Egitura hau izanen du lotutako atributuen taulak:

ATRIBUTUAREN IZENA

MOTA

TAMAINA

EDUKIAREN AZALPENA

UNITATE ESPAZIALA

Testua

6

Honela eratuko da: “SE-” hiru karaktereak gehi 001-999ra bitarteko zenbaki korrelatiboa, ezkerreko zeroak eramaten dituena

Bermatu behar da adostasun geometrikoa dagoela datuen multzo horren eta 1. datuen multzoaren artean, halako eran non ez baita unitate espazialik egonen jarduketaren eremuak zehaztutako mugak gainditzen dituenik.

3. Lurzoru mota.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak ezarritako lurzoru motak izanen ditu.

Geometria poligonala izanen da, eta zati anitzeko elementuak eta irla-poligonoak onartuko dira, bidezkoa bada, eta egitura hau daukan atributuen taula lotuko zaio:

ATRIBUTUAREN IZENA

MOTA

TAMAINA

EDUKIAREN AZALPENA

LURZORU MOTA

Testua

50

Lurzoru mota: LURZORU MOTA balioen zerrenda kontrolatuko item bat

CODCLASE

Testua

10

Lurzoru motaren akronimoa: CODCLASE balioen zerrenda kontrolatuko item bat

Balioen zerrenda kontrolatua:

CLASESUELO

CODCLASE

Hiri lurzorua

SU

Lurzoru urbanizagarria

SUBLE

Lurzoru urbanizaezina

SNU

Bermatu behar da adostasun geometrikoa dagoela datuen multzo horren eta 1. datuen multzoaren artean, halako eran non guztiz okupatuko baita eta ez baita lurzoru motarik egonen jarduketaren eremuak zehaztutako mugak gainditzen dituenik.

4. Lurzoruaren kategoriak eta azpikategoriak.

Lurzoru urbanizaezinaren kategoriak eta azpikategoriak bilduko ditu, zeinak zehazturik baitaude 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92. artikuluan.

Geometria poligonala izanen da, eta zati anitzeko elementuak eta irla-poligonoak onartuko dira, bidezkoa bada. Egitura hau izanen du lotutako atributuen taulak:

ATRIBUTUAREN IZENA

MOTA

TAMAINA

EDUKIAREN AZALPENA

CATEGSNU

Testua

50

Lurzoru urbanizaezinaren kategoria: item bakar bat edo kateatua#, CATEGSUELO balioen zerrenda kontrolatukoa (hutsik, bidezkoa ez bada)

SBCATEGSNU

Testua

255

Lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria. Atributuaren balio bakar bat edo kateatua#, SBCATEGSNU balioen zerrendaren arabera

COD_CS

Testua

10

Lurzoru urbanizaezinaren kategoriaren eta azpikategoriaren sintesi kodea: item bakar bat edo kateatua#, CODIGO_CS balioen zerrenda kontrolatukoa

Balioen zerrenda kontrolatua, zeinetik item bakar bat edo kateatua# aukeratu behar baita:

CATEGSNU

SBCATEGSNU

COD_CS

Langilearen babesa (babes pertsonala)

Paisaia balioa

PROT.VP

Ingurumen balioa

PROT.VA

Ustiapen naturalerako balioa

PROT.EN

Kultur balioa

PROT.VC

Garapen eredua babestea

PROT.MD

Arriskuen prebentzioa

PROT.PR

Azpiegituretarako lurzorua

PROT.DI

Jarduera bereziak

PROT.AE

Babestu beharrekoa

Paisaia balioa

PRES.VP

Ingurumen balioa

PRES.VA

Ustiapen naturalerako balioa

PRES.EN

Kultur balioa

PRES.VC

Garapen eredua babestea

PRES.MD

Arriskuen prebentzioa

PRES.PR

Azpiegituretarako lurzorua

PRES.DI

Jarduera bereziak

PRES.AE

Kateatua#: lurraldearen zati bat lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria batekoa edo gehiagokoa izan daiteke, eremua ukitzen duen legedi sektorialarekin bat eta/edo sektorearen edo lurraldearen planifikazio tresnekin bat, baita kasuan kasuko udalaren hirigintza planeamenduarekin bat ere. Hortaz, CATEGSNU, SBCATEGSNU eta COD_CS balioak elkarren gainean jar daitezke. Hori islatzeko, 1. balioa + 2. balioa formarekin sartu behar dira (‘gehi’ zeinua, tarte bat utziz alde bakoitzean).

Bermatu behar da adostasun geometrikoa dagoela datuen multzo horren eta 3. datuen multzoaren artean, halako eran non guztiz okupatuko baita lurzoru urbanizaezina eta multzo honetako kategoriek eta azpikategoriek ez baitituzte jarduketaren eremuak zehaztutako mugak gainditzen.

5. Lurzoru urbanizagarriko sektoreak.

Jasotzen du zer eremutan banatzen duen tresnak lurzoru urbanizagarria antolamendu xehatua garatzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 49.2.d) artikuluko antolamendu egituratzailearen determinazioak islatuta.

Geometria poligonala izanen da, eta zati anitzeko elementuak eta irla-poligonoak onartuko dira, bidezkoa bada, eta egitura hau daukan atributuen taula lotuko zaio:

ATRIBUTUAREN IZENA

MOTA

TAMAINA

EDUKIAREN AZALPENA

SECTORSU

Testua

6

Honela eratuko da: “S-” bi karaktereak gehi 001-999ra bitarteko zenbaki korrelatiboa, ezkerreko zeroak eramaten dituena

USOGLOBAL

Testua

50

Erabilera orokorra: USOGLOBAL balioen zerrenda kontrolatuko item bat

EDIF_MAX

Bikoitza, doitasuna: 2

19

Gehieneko eraikigarritasuna, gehieneko azalera eraikiaren metro koadroen kopurutan adierazia

P_VIV_PROT

Bikoitza, doitasuna: 2

19

Babes publikoari atxikitako etxebizitzaren portzentajea

USOGLOBAL: balioen zerrenda kontrolatua:

Bizitegietarako erabilera

Hirugarren sektorekoa

Industriakoa

Hirugarrena-industriakoa

Ekipamendua

Bermatu behar da datuen multzoaren adostasun geometrikoa, halako eran non ez baita gainditzen duen barrutirik egonen, edo 3. datuen multzoan CLASESUELO balioa “lurzoru urbanizagarria” dutenaz bestelakoa denik. Lurzoru mota.

6. Sistema orokorrak.

Sistema orokorrak jasotzen dituzte, hau da, herritar guztien zerbitzura dauden ekipamendu publikoen sarea (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 49.2.c eta 55.3 artikuluak).

Geometria poligonala izanen da, eta zati anitzeko elementuak eta irla-poligonoak onartuko dira, bidezkoa bada. Egitura hau izanen du lotutako atributuen taulak:

ATRIBUTUAREN IZENA

MOTA

TAMAINA

EDUKIAREN AZALPENA

SIST_GEN

Testua

6

Honela eratuko da: “SG-” hiru karaktereak gehi 001-999ra bitarteko zenbaki korrelatiboa, ezkerreko zeroak eramaten dituena

SG_DESTINO

Testua

50

Sistema orokorra 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 49.2.c) artikuluan zehaztutako destinoei atxiki ahalko zaie: item bat SG_DESTINO balioen zerrenda kontrolatukoa

SG_DESTINO: balioen zerrenda kontrolatua:

Bide publikoa

Hiri zerbitzua

Espazio librea

Ekipamendu publikoa

Ekipamendu pribatua

Nola prestatu

Informazio geografiko bektorialari buruzko sei datuen multzoek irizpide grafiko eta tekniko hauek bete beharko dituzte:

Koherentzia dokumentazio idatziaren edukiaren eta planoen artean:

Dokumentazio idatzian alderdi geografikoei buruz azaldutako informazioak bat egin behar du zehazki planoen eduki grafikoarekin.

1. datuen multzoaren kasuan (Jarduketaren eremua), dokumentazio idatzian zehaztutako muga grafikoek (udalerria, eskualdea, mugak, lurzatiak, guztiz edo partez hartzen dituenak, eta portzentajea) bat egin behar dute grafikoko marrarekin.

Koherentzia topologikoa maila goragoko planeamenduetan zehaztutako barrutiekin:

Berdin-berdinak izanen dira planeamendurako tresna batean aurkezten diren eremu geografikoak eta maila goragoko planeamendurako tresnetakoak, lehenago onetsi baziren.

Koherentzia topologikoa katastroko marrekin:

Barrutiak edo barrutiaren zatiak Nafarroako katastro ofizialeko marretara doitu behar direnean planifikazioarekin bat, informazio geruza horretako marra zehatza erabiliko dute, eta ez da berriz digitalizatuko.

Lurzatiak banandu behar direnean hala eskatzen duelako proiektatutako planeamenduak, katastroko marrekin bat ez datozenak erabil daitezke banantzearen leku geografikoan.

Koherentzia topologikoari eutsi behar dio datuen multzo bakoitzak bere buruarekin:

-Marren jarraitutasuna: marrak elkarrekin lotuko dira, haien artean tarterik utzi gabe.

-Marren tarte solterik gabe: marren erpin orok marren beste erpin batekin lotuta egon beharko du.

-Marra bikoizturik ez: marra bakoitza bakarra izanen da.

-Antzeko marrarik ez: ez da hondar barrutirik egonen antzeko marrek eta marra hurbilek sortutakorik.

-Puntu bikoitzik ez: marra batean sartutako puntu bakoitza bakarra izanen da.

-Begiztarik ez: elementuek marren uniformetasuna izanen dute.

-Irla poligonoak: mugak poligono handiago baten barnean dituen poligonoa da irla. Beste poligono batek guztiz inguratzen ditu poligono horiek. Jakinarazi behar zaio poligono handienari badagoela irla-poligono bat, kontuan izateko azalera kalkulatzeko orduan.

-Elkarren ondoko barrutiak: bat izanen dira elkarren ondoko barrutiek amankomunean dituzten marrak. Ez da inola ere hutsunerik edo teilakatzerik sortuko.

Koherentzia topologikoari eutsi behar dio datuen multzo bakoitzak gainerakoekin:

Berdinak izanen dira datuen multzo batean baino gehiagotan azaltzen diren barrutiak edo barrutien zatiak; hau da, marra bera izanen da topologiaren aldetik. Horretarako, geruza bateko marra beste batean kopiatuko da, eta ez da berriz digitalizatuko.

Arau horren xedea da berdin-berdinak izatea bat egiten duten marrak, aurkeztu beharreko sei datuen multzoak elkarren gainean jartzean.

Koherentzia topologikoa eduki osagarriak dituzten datuen multzoetako barrutien artean:

-Horietako bakoitzak koherentzia grafikoa izan behar du osagarriak direnekin.

-3. datuen multzoak (Lurzoru mota) tresnaren eremu guztia osatu behar du.

Iragarkiaren kodea: F1913254

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web