(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

87/2019 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 14KOA, LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 159 - 15/08/2019



Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, kasuan kasuko departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. paragrafoak adierazten du, aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean. 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuen titularren menpe egon daitezkeela.

Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, departamentu bakoitzaren titularrak proposaturik.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko abuztuaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Lurralde Kohesiorako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

c) Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia.

d) Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua

e) Idazkaritza Tekniko Nagusia Nota de Vigencia.

2. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak zituen eskumenak, eta hari atxikitzen zaizkio gai horretan eskudantziak dituzten unitate organikoak.

3. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak zituen eskumenak, garraio arlokoak izan ezik, eta hari atxikitzen zaizkio kasuan kasuko unitate organikoak.

4. Garraio Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak garraioen arloan zituen eskumenak, eta hari atxikitzen zaizkio gai horretan eskudantziak dituzten unitate organikoak.

5. Lurralde Kohesiorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitzen zaizkio Garapen Ekonomikorako Departamentuko lehengo Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Atala eta Barne Araubidearen eta Administrazio Laguntzaren Atala.

Xedapen gehigarri bakarra .Deskontzentrazioa.

1. Departamentuko zuzendaritza nagusien eta Idazkaritza Tekniko Nagusiaren titularren esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren titularrari kontratazioaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

2. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren titularrari, eskumen esparru horretan, ondare erantzukizunaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

3. Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren titularrari ondare erantzukizunaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera; salbuespena izanen dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumen esparrukoak.

4. Garraio Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dira indarra duen araudiak Garraio Zuzendaritza Nagusiaren titularrari garraio arloko zehapen prozedurak ireki eta ebazteari dagokionez esleitzen dizkion eskumenen titulartasuna eta erabilera.

5. Garraio Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dira indarra duen araudiak Garraio Zuzendaritza Nagusiaren titularrari garraio arloko baimenei dagokienez esleitzen dizkion eskumenen titulartasuna eta erabilera.

6. Lurralde Kohesiorako departamentuko titularrak indarrik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumen deskontzentrazioa, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Xedapen iragankor bakarra .Arauek jarraitzea.

Departamentuaren zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatu arte, honakoetan xedatutakoa aplikatuko da, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez, eta foru dekretu honen edukiaren aurka ez dagoen neurrian: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua, eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretua; ulertu behar da horien aipamenak Lurralde Kohesiorako Departamentuari dagozkiola.

Xedapen indargabetzaile bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

Azken xedapenetako lehena.- Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuaren titularrei gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F1910741

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web