(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

69/2019 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 12KOA, ZEINAREN BIDEZ IRISGARRITASUN POLITIKA ONESTEN BAITA WEBGUNEETARAKO ETA GAILU MUGIKORREN APLIKAZIOETARAKO, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAN ETA FORU-SEKTORE PUBLIKO INSTITUZIONALEAN.

BON N.º 124 - 27/06/2019



Hitzaurrea

Ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 7.2 artikuluak ezartzen duenez (foru lege horren bidez jorratu zen irisgarritasun unibertsala), Nafarroako administrazio publikoek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, beren webguneen eta gailu mugikorren aplikazioen irisgarritasuna pixkanaka handitzeko, haiek hautemangarri, erabilgarri, ulergarri eta sendo eginez, halako moduz non bermaturik egonen baita, gutxienez, EN 301 549 V1.1.2 (2015-04) arauaren edo haren bertsio berrienaren pareko irisgarritasun maila eta, nolanahi ere, Estatuko oinarrizko araudian aurreikusitako irisgarritasun maila.

Irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuak (irisgarritasuna jorratzen duena sektore publikoko webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako) Estatuko araudira ekartzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko urriaren 26ko 2016/2102 (EB) Zuzentaraua (horren bidez irisgarritasuna jorratzen da sektore publikoko erakundeen webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako), eta xede du irisgarritasun betebeharrak bermatzea sektore publikoko erakundeen webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan, baita 2. artikuluko aplikazio esparruko obligaziodunen webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan ere.

Bat etorriz 1112/2018 Errege Dekretuaren 2. artikuluarekin, sektore publikoari aplikatuko zaio, eta sektore publikoaren barnean dago, autonomia erkidegoetako administrazioez gain, sektore publiko instituzionala, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea). Aipatutako 1112/2018 Errege Dekretuaren 2.2 artikuluak gehitzen du ezen Justizia Administrazioari ere aplikatuko zaiola horretan xedatutakoa.

Nafarroan, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera (foru lege horren bidez jorratu ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala), honako hauek dira foru-sektore publiko instituzionala osatzen dutenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko edozein erakunde publiko eta entitate; zuzenbide pribatuko entitateak, aurrekoekin lotuta edo haien menpeko direnak, administrazio-ahalak erabiltzen dituztenean; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa, baina kasu honetan haren berariazko araudiak gobernatuko du. Bat etorriz 3. artikuluarekin, Foru Administrazio Publikoa osatzen dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta hari lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko edozein erakunde publikok eta entitatek.

Aipatutako 1112/2018 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat, autonomia erkidegoetan unitate bat izendatuko da irisgarritasunaren arduradun, esparru autonomiko guztirako, galarazi gabe ezarri ahal izatea irisgarritasuneko unitate arduradun delegatuen eskema bat, menpeko erakunde edo entitateetan.

Foru dekretu honek, batetik, zehazten du irisgarritasun politika webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean; bestetik, izendatzen du Irisgarritasuneko Unitate Arduraduna, indarreko legeriarekin bat; eta, orobat, zehazten du Nafarroako Gobernuak duen konpromisoa herritar guztiei emateko webguneen eta gailu mugikorren aplikazioen bidez eskainitako zerbitzu eta eduki guztiak, edozein izanik ere erabiltzaileen adina, ezagutzak, gaitasunak edo sarbiderako teknologia.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 12ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Xedea.

1. Honako hau da irisgarritasun politika webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta foru-sektore publiko instituzionalerako: neurri tekniko eta antolakuntzako guztiak, beharrezko direnak bermatzeko ezen betetzen dela webguneetako eta gailu mugikorretako irisgarritasunari aplikatu beharreko araudia, eta barnean daude, orobat, beharrezko printzipio oinarrizkoak eta baldintza gutxienekoak, ahalbidetzen dutenak herritar guztiei ematea bitarteko hauen bidez eskaintzen diren zerbitzu eta eduki guztiak.

2. Foru dekretu honen ondorioetarako, ulertzen da irisgarritasuna dela errespetatu beharreko printzipio eta tekniken multzoa, diseinatzen, eraikitzen, mantentzen eta eguneratzen direnean webguneak eta gailu mugikorretarako aplikazioak, berma daitezen berdintasuna eta diskriminaziorik eza erabiltzaileen irisgarritasunean, bereziki desgaitasuna dutenen kasuan eta pertsona zaharren kasuan.

2. artikulua . Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako irisgarritasun politika hau aplikatu beharko zaie bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari -salbu Nafarroako Unibertsitate Publikoari- bai haiek kontratatutako entitate eta enpresei, baldin kontratu bat exekutatzen ari badira non emaitza izanen den web-produktu bat edo gailu mugikorretarako aplikazio bat.

2. Webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako irisgarritasun politika hau nahitaez bete beharrekoa izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate guztientzat eta foru-sektore publiko instituzionalaren unitate guztientzat, bai eta haietako langile guztientzat ere.

3. Baldin zalantzarik sortzen bada politika honek ezarritako jarraibideak aplikatzerakoan, Informazio Sistemaren Jabe den Unitateak ebatziko du, edo, bestela, Irisgarritasuneko Unitate Arduradunak, 5. artikuluko definizioen arabera.

3. artikulua . Aplikazio eremu objektiboa.

1. Webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako irisgarritasun politika hau aplikatuko zaie bai webguneei -edozein izanik ere horietara iristeko gailua- bai gailu mugikorren aplikazioei, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean.

Orobat, aplikatuko zaie finantzaketa publikoa jasotzen duten webguneei eta gailu mugikorren aplikazioei, aurreikusten den bezala irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarrian (errege dekretu horren bidez jorratzen da irisgarritasuna sektore publikoko webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako).

2. Webguneetako eta gailu mugikorren aplikazioetako eduki irisgarriek honako hauek hartzen dituzte barnean: testu-informazioa eta bestelako informazioa; deskarga daitezkeen agiriak eta inprimakiak; aldez aurretik grabatutako aldi baterako multimedia edukiak; interakzio bidirekzionaleko moduak; inprimaki digitalen tratamendua; eta identifikatzeko, autentifikatzeko, sinatzeko eta ordaintzeko prozesuak betetzea; hori dena, edozein izanik ere jendearen esku jartzeko erabiltzen den plataforma teknologikoa.

3. Politika honetatik salbuesten dira, hots, webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako irisgarritasun politika honetatik, ondoko hauek: webguneetako eta gailu mugikorren aplikazioetako zuzeneko edukiak eta aldez aurretik grabatutako aldi baterako multimedia edukiak, direnak irrati-difusioko zerbitzu publikoaren emaileenak edo haien filialenak, edo beste erakunde batzuenak edo haien filialenak baldin betetzen badute irrati-difusioko zerbitzu publikoa ematearen agindu bat. Kasu horietan, edukiak araudi espezifikoaren arabera arautuko dira.

4. Orobat, irisgarritasun politika honen aplikazio eremutik kanpo gelditzen dira honako eduki hauek:

a) 1112/2018 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik argitaratutako bulegotikako fitxategi formatuak, salbu beharrezkoak baldin badira jarduneko zeregin administratiboetarako, hots, errege dekretu horrek behartutako subjektuen eginkizunekin lotutako zeregin administratiboetarako.

b) 1112/2018 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik argitaratutako aldi baterako multimedia eduki aurregrabatua.

c) Zuzeneko multimedia edukia, aldi batez irauten duena, salbu beste legeria espezifiko batek horri buruzko betebeharra ezartzen badu.

d) Mapak eta kartografia on line, baldin funtsezko informazioa modu irisgarrian ematen bada digitalki, nabigatzeko mapen kasuan.

e) Hirugarrenen edukiak, ez daudenak subjektu obligaziodunak finantzatuak ez garatuak, eta haren kontrolpean ere ez daudenak.

f) Ondare bildumako ondasunen erreprodukzioa, baldin ezin badira guztiz irisgarri izan, honako arrazoi hauengatik:

- Bateraezina izatea irisgarritasun baldintzak eta ondasunaren kontserbazioa, edo erreprodukzioaren benetakotasuna.

- Behar diren konponbide automatizatu eta errentagarririk ez izatea, ahalbidetu dezaketenik eskuizkributik testua ateratzea, edo bestelako ondasunak ateratzea ondare bildumetatik, eta eraldatzea, irisgarritasun baldintzekin bateragarriak diren edukiak lortzeko.

g) Estraneteko eta intraneteko edukiak, esaterako talde mugatu batentzat bakarrik diren webguneak, eta ez publiko orokorrarentzat, 2019ko irailaren 23a baino lehen argitaratu direnak, harik eta webgune horiek berrikuspen sakon bat izan arte.

h) Webguneetako eta gailu mugikorren aplikazioetako edukietan, fitxategiak edo fitxategien tresna diren edukiak, beren baitan dituztelako jarduneko zeregin administratiboak garatzeko beharrezkoak ez diren edukiak bakarrik, baldin ez badira eguneratuak izan ez editatuak ere 1112/2018 Errege Dekretua indarretan sartu ondoren.

4. artikulua . Printzipioak.

1. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) izanik nahitaezko bitartekoa zerbitzuak eman daitezen eta esleiturik dituzten eskumenak gauza daitezen, eta helburua izanik ez daitezela inola ere izan sarbiderako edo iristeko oztopo, arlo honetan honako printzipio hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalaren jarduketan:

a) Pertsonari datxekion duintasunaren, banakako autonomiaren eta erabakiak hartzeko askatasunaren errespetua.

b) Bizimodu independentea.

c) Diskriminaziorik eza.

d) Desgaitasuna duten pertsonen desberdintasuna errespetatzea eta onartzea, giza dibertsitatearen eta gizatasunaren zati den aldetik.

e) Aukera berdintasuna.

f) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

g) Normalizazioa.

h) Irisgarritasun unibertsala.

i) Diseinu unibertsala edo pertsona ororentzako diseinua.

j) Parte-hartzea eta inklusioa gizartean, osotara eta egiaz.

k) Elkarrizketa zibila.

l) Desgaitasuna duten pertsonen nortasuna garatzeko errespetua, batez ere desgaitasuna duten haurrena, eta haien identitatea babesteko eskubidea.

m) Irisgarritasun unibertsalaren transbertsalitatea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalaren politika guztietan.

2. Printzipio horiei erantzunez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak sustatuko dute webguneen eta gailu mugikorren aplikazioen erabilgarritasuna eta irisgarritasuna, denek lor dezaten ahalik eta efizientzia eta gogobetetasun handiena, erabiltzen direnean webguneak eta gailu mugikorren aplikazioak, ingurune erabilgarri eta irisgarri baten bitartez, zeinak ahalbidetuko baitu pertsonek beren helburuak lortzea, edozein izanik ere beren gaitasunak, ezagutzak, adina edo teknologia erabiltzeko aukera.

5. artikulua . Antolaketa egitura.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean, honako agente hauek osatzen dute irisgarritasun unibertsala kudeatzeko antolaketa egitura, informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruan:

a) Irisgarritasuneko Unitate Arduraduna.

b) Informazio Sistemaren Jabe den Unitatea.

c) Unitate teknikoa.

d) Edukiak Kudeatzearen Arduraduna.

2. Irisgarritasuneko Unitate Arduraduna da unitate bat arduratzen dena zaintzeaz irisgarritasun politika zuzen aplikatzen dela webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean, eta, orobat, arduratzen dena betetze horren berri emateaz Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioari, hura baita jarraipena egiteaz arduratzen den organoa, eta Europako Batzordean txostenak aurkezteaz.

Irisgarritasuneko Unitate Arduradunak zehaztuko du funtzionamendu eredua bere eskumenen esparruan, zuzenean jokatuz esparru osoan edo, bestela, irisgarritasuneko arduradun ordezkarien eskema bat izanik erakundeetan edo menpeko entitateetan.

3. Informazio Sistemaren Jabe den Unitatea da unitate bat arduratzen dena bere jabetzako informazio sistemak betetzeaz legezko baldintza guztiak, eta berak koordinatuko ditu betetze horrekin zuzenean lotutako zereginak, esaterako: betetzearen auditoretza, zuzenketak eskatzea eta irisgarritasun adierazpena argitaratzea.

4. Unitate Teknikoa da unitate bat arduratzen dena behar diren lanak inplementatzeaz produktu berri bat sortzeko edo jada baden produktu bat garatzeko. Horrenbestez, bere ardura da bete daitezela Informazio Sistemaren Jabe den Unitateak zehaztutako irisgarritasun baldintzak, produktuaren fase guztietan, eta betetze horren berrikuspena egitea ere bere ardura izanen da.

5. Edukiak Kudeatzearen Arduraduna da unitate bat arduratzen dena informazio sistemak argitaratutako edukiak kudeatzeaz eta behar diren jarraibideak aplikatzeaz eduki irisgarria sortu ahal izateko. Nahiz eta rol horrek bat egiten duen, gehienetan, Informazio Sistemaren Jabe den Unitatearen rolarekin, ez da beti hala, eta rol espezifiko bat eskatzen du.

6. artikulua . Irisgarritasuneko Unitate Arduraduna.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean, Irisgarritasuneko Unitate Arduradunak bete beharreko eginkizunak esleitzen zaizkio Lehendakaritza arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari, hots, unitate horren ardura izanen da bermatzea betetzen direla irisgarritasun baldintzak webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan, bere eskumenen esparruan.

Nafarroako Gobernuko departamentuek, erakunde publikoek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko entitateek eta aurrekoekin lotutako edo haien menpeko zuzenbide pribatuko entitateek -ahalmen administratiboak gauzatzen dituztenean- izendatuko dute irisgarritasuneko unitate arduradun delegatu bat, banaka edo amankomun bat horietako zenbaitetarako. Haren ardura izanen da irisgarritasun baldintzak betetzea webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan, bere eskumenen esparruan, eta betetzen horren berri ematea Irisgarritasuneko Unitate Arduradunari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalaren baitan.

2. Irisgarritasuneko Unitate Arduradunaren eginkizunak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalaren baitan, honako hauek dira:

a) Webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan, irisgarritasunari dagokionez, zaintzea benetan funtzionatzen dutela herritarrekiko eta entitate interesdunekiko komunikazio mekanismoek, eta horretarako koordinazio lana egitea.

b) Pertsona interesdunek arlo honetan igorritako erreklamazioei arreta eta erantzuna ematea.

c) Berrikustea irisgarritasun arloko ebaluazioak eta irisgarritasun baldintzen betetzetik egiten diren salbuespenak -neurriz kanpoko karga ekartzeagatik-, 1112/2018 Errege Dekretua, 7. artikuluaren arabera (1112/2018 Errege Dekretuaren 7. artikulua: Neurriz kanpoko karga).

d) Irisgarritasunaren aldian behingo berrikuspenak koordinatzea, behar denean elkarlana izanik informazioaren eta komunikazioen teknologiaren ardura duten unitateekin.

e) Arlo honetan, sustapen, kontzientziazio eta prestakuntza jarduerak koordinatzea eta sustatzea.

f) Urtero, arlo honetan aurreikusitako txostenak egitea.

g) Harremanetarako solaskide gisa jardutea Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioarekin.

h) Esleitzen ahal zaion beste edozein, irisgarritasuna bermatze aldera webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan.

3. Irisgarritasuneko Unitate Arduraduna izanen da solaskidea irisgarritasun arloan eskumena duten beste erakunde batzuekin. Hala, pertsona batzuk izendatuko ditu jaso ditzaten Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Web Irisgarritasunaren Behatokiaren jakinarazpenak eta txostenak, eta, halaber, pertsona batzuk izendatuko ditu parte har dezaten IKTen Irisgarritasuneko Lantaldearen sei hilean behingo bileretan, Administrazio Publikoetan (IKTen Zentro Erakuslea).

4. Orobat, Irisgarritasuneko Unitate Arduradunaren ardura izanen da koordinatzea txosten puntualen edo aldian behingoen sorrera eta igorpena, Web Irisgarritasunaren Behatokira, Administrazio Elektronikoaren Batzorde Sektorialera eta, hala eskatzen bazaio, beste instantzia batzuetara.

5. Irisgarritasuneko Unitate Arduraduna sortuta ere, langile guztiek zaindu behar dute, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean, betetzen direla irisgarritasun unibertsalari buruzko betebeharrak beren jarduketa eremuan, beren arduraren mailaren arabera.

7. artikulua . Irisgarritasun arloko betebeharrak webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak bete beharko ditu irisgarritasunaren arloko betebeharrak, webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako, gutxienez ere jarduketa hauetan:

a) Kontratazio administratiboaren arloan: klausulen agiriak egitean, haietan jasoko da betebehar hau: gutxienez ere, Estatuko oinarrizko araudian aurreikusitako irisgarritasun maila betetzea, baita kontratuen adjudikazioan irisgarritasuna baloratzearen betebeharra ere, baldin kontratatutako produktuak edo zerbitzuak eragiten badio 3. artikuluan zehaztutako edukietako edozeini.

b) Produktu eta zerbitzuen garapenean eta entregan: jasoko dira aplikatu eta bete beharreko arau teknikoak; produktuen eta zerbitzuen irisgarritasun mailaren auditoretzaren eta jarraipenaren oinarri diren tresnak; eta irisgarritasun arloan euskarri diren zerbitzuak.

c) Produktuen eta zerbitzuen auditoretzak bere barnean hartuko ditu garapen faseko eta produkzioko irisgarritasun analisien ikuskapena egitea.

d) Irisgarritasun adierazpenak bere barnean hartuko du produktu bakoitzaren irisgarritasun egoera argitaratzea, horretarako ezarritako ereduaren arabera.

e) Kontsulten eta erreklamazioen komunikazioak eta haiei ematen zaien arretak barnean hartuko dituzte arreta prozedurak, bai komunikazioei bai erreklamazioei eman beharrekoa, irisgarritasunaren arloan.

f) Sustapenak, kontzientziazioak eta prestakuntzak barnean hartuko dituzte behar diren ekintzak berma dadin langile guztiek ezagutzen dituztela bere betebeharrak eta badutela gaikuntza hori betetzeko.

g) Aldian behingo jarraipen txostenek barnean hartuko dituzte produktuen irisgarritasun egoera; bilakaera; irisgarritasuna hobetzeko edo mantentzeko ekintzak; eta egindako prestakuntza, kontzientziazio eta sustapen ekintzak.

8. artikulua . Kontratazio administratiboan, irisgarritasun arloko betebeharrak webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako.

1. Kontratazioa arautzen duten agirietako jarraibide teknikoak idaztean kontuan hartu beharko dira irisgarritasun unibertsaleko irizpideak eta erabiltzaile guztientzako diseinukoak, bat etorriz apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 60. artikuluarekin (foru lege horren bidez jorratu ziren kontratu publikoak).

2. Bat etorriz ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 7.2 artikuluarekin (foru lege horren bidez jorratu zen irisgarritasun unibertsala), bermatu beharko da, gutxienez, EN 301 549 V1.1.2 (2015-04) arauaren irisgarritasun maila, edo haren bertsio berrienaren parekoa.

3. Bat etorriz irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuaren 6. artikuluarekin, zuzenean aplikatuko dira arau horren erreferentziekin lotuta Batzordeak erabakitzen dituen eguneraketak, egintza delegatuen bidez, erreferentzia bertsio berrienari egiteko.

4. Bat etorriz aipatutako 1112/2018 Errege Dekretuaren 6.5 eta 18.1 artikuluekin, Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioak bere webgunean eskura edukiko du erreferentzia zehatza, egiten zaiena une horretan aplikatzekoak diren arau harmonizatuei, arauei eta zehaztapen teknikoei.

9. artikulua . Produktuen eta zerbitzuen auditoretza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak auditatuko dute betetzen dela irisgarritasunaren arloko indarreko legeria, webgune eta gailu mugikorren aplikazio guztietan, eta auditoretza hori zabalduko da bai beren langileek egindako lanetara, bai enpresa kontratatuek egindakoetara. Bi fase ezartzen dira auditoretzetan: lehenbizikoan sartzen dira diseinua, garapena eta balidazioa, eta, bigarrenean, produkzioaren egoera.

2. Diseinuaren, garapenaren eta balidazioaren fasean, irisgarritasunaren irizpideak kontuan hartu beharko dira diseinutik hasita, garapenean eta probetan, eta produktuaren entregaraino, hots, balidazio-inguruneetan instalatzeko entregatzen den uneraino.

Fase horretan, Unitate Teknikoak ikuskatuko du betetzen direla exijitutako estandarrak eta egiten dela entregaren aurreko berrikuspen bat.

3. Produkzioaren fasean, behin produkzio-ingurunean ezarri ondoren eta behin betiko edukiak kargatu ondoren, Informazio Sistemaren Jabe den Unitateak koordinatuko du produkzioan egiten den irisgarritasunaren lehenbiziko berrikuspena eta egoki den txostena egitea.

Ministro-agindu bidez onetsitako ereduarekin bat eginen da txosten hori. Eredu hori onetsi arte, jarraituko zaio Batzordearen 2018ko urriaren 11ko 2018/1524 (EB) Betearazpen Erabakiari (haren bidez ezartzen dira jarraipena egiteko metodologia eta estatu kideek txostenak aurkezteko xedapenak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/2102 (EB) Zuzentarauarekin, zeinaren bidez jorratu baitzen irisgarritasuna, sektore publikoko webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako).

Txostenaren emaitzekin bat, Informazio Sistemaren Jabe den Unitateak eskatuko du aurkitutako akatsak zuzendu ditzatela, bai barneko langile teknikoek bai produktua garatzeko kontratatutako enpresak, edo edukia eguneratzeko ardura duten langileek.

Azkenik, Informazio Sistemaren Jabe den Unitateak programatuko du aldian behin egiten den hurrengo berrikuspena, eta koordinatuko du webgunearen irisgarritasunari buruzko adierazpenaren argitalpena, 10. artikuluan zehaztutakoarekin bat.

4. Behin web bat argitaratuta, Informazio Sistemaren Jabe den Unitatea arduratuko da aldian behingo berrikuspenez, egiaztatzeko ea betetzen den irisgarritasun arloko araudia. Berrikuspen horiek urtean behin eginen dira, eta, nolanahi ere, aldaketa inportantea dagoenean produktuaren bertsioan.

Besterik ezean, webgunea argitaratu eta urtebetera egin eta argitaratu beharko da berriskupeneko lehenbiziko txostena. Lehenbiziko txostenetik aurrera, gutxienez txosten bat egin eta argitaratu beharko da urtero.

Txostenaren emaitzekin bat, Informazio Sistemaren Jabe den Unitateak eskatuko du aurkitutako akatsak zuzendu ditzatela, bai barneko langile teknikoek bai produktua garatzeko kontratatutako enpresak, edo edukia eguneratzeko ardura duten langileek.

Behin txostena eginda, Informazio Sistemaren Jabe den Unitateak koordinatuko du produktuaren irisgarritasun adierazpenaren eguneraketa (azken txostenaren eguna eta emaitza eta erator daitezkeen bestelako aldaketak), eta Irisgarritasuneko Unitate Arduradunari komunikatuko dio, hura arduratzen baita aldian behingo txostenak egiteaz eta irisgarritasun adierazpenak eguneratzeaz.

10. artikulua . Irisgarritasun adierazpena.

1. Irisgarritasuneko Unitate Arduraduna arduratuko da koordinazioaz irisgarritasun adierazpenak prestatu eta argitaratu daitezen webgune eta gailu mugikorren aplikazio guztietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean. Adierazpen horiek eguneratu eginen dira, produktu eta zerbitzuen irisgarritasunaz egiten diren berrikuspen segidaren emaitzen arabera.

2. Irisgarritasuneko unitate arduradun delegatuek eginen eta argitaratuko dituzte beren webgune eta gailu mugikorren aplikazioen irisgarritasun adierazpenak, eta horien berri emanen diete Irisgarritasuneko Unitate Arduradunari.

3. Ministro-agindu bidez onetsitako adierazpen ereduarekin bat eginen da irisgarritasun adierazpena. Eredu hori onetsi arte, jarraituko zaio Batzordearen 2018ko urriaren 11ko 2018/1523 (EB) Betearazpen Erabakiari (haren bidez ezartzen da irisgarritasun adierazpen eredu bat, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 26ko 2016/2102 (EB) Zuzentarauarekin, zeinaren bidez jorratu baitzen irisgarritasuna, sektore publikoko webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako).

4. Irisgarritasunaren berrikuspenak barnean hartuko ditu EN 301 549 arauko baldintza guztiak, edo hura ordezten duten arau teknikoetako baldintza guztiak, berrikuspen automatikoaren bidez eta adituen eskuzko berrikuspenen bitartez, eta txosten batean jaso beharko da emaitza. Txosten hori formatu irisgarrian jarriko da eskura, webguneko irisgarritasun ataletik, edo, gailu mugikorren kasuan, aplikazioarekin datorren dokumentaziotik.

5. Irisgarritasun adierazpenaren gutxieneko edukia honako hau izanen da:

a) Adierazpenaren egilea den entitatea, eta zer webi edo aplikaziori dagokion, barnean direla bertsioaren datuak, beharrezkoa izanez gero.

b) Bat etortzea: araudiarekin osoki edo partzialki bat datorren, edo ez datorren.

c) Irisgarria ez den edukia, adierazita zein den irisgarria den alternatiba -halakorik bada- eta zergatia:

- Bat ez etortzea, zehaztuz zer alderdi ez den irisgarria, kasu bakoitzean.

- Salbuespena, neurriz kanpoko kargarengatik, bat etorriz 1112/2018 Errege Dekretuaren 7. artikuluarekin.

- Aplikatu beharreko esparrutik kanpo, legeen arabera.

d) Irisgarritasun adierazpena egin den eguna, baita azkeneko berrikuspenarena ere.

e) Berrikuspena egiteko erabilitako metodoa (autoebaluazioa edo hirugarren batek egindako ebaluazioa).

f) Komunikazio modua, irisgarritasun baldintzen edozein ez-betetze jakinarazteko, informazio irisgarria eskatzeko eta kexetarako.

g) Aplikatzekoa den prozedura baldin jakinarazpen, eskaera edo kexaren erantzuna gogobetegarria ez bada.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateek ziurta dezakete foru dekretu honetako baldintzak betetzen direla beren webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan, ziurtapenerako entitate baten bitartez. Entitate horrek behar du eduki gaitasun teknikoa formalki aitortua, honako hauen bidez: Egiaztatze Erakunde Nazionala edo beste erakunde nazional bat, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko uztailaren 9ko 765/2008 Erregelamenduarekin (EE), zeinaren bidez ezartzen baitira akreditatzeko eta merkatuak zaintzeko baldintzak, produktuen merkaturatzearekin lotuta.

11. artikulua . Kontsulta, kexa eta erreklamazioen komunikazioa eta haiei ematen zaien arreta.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak erabiltzaileei eskaini beharko diete komunikazio modu bat, ahalbidetuko duena edozeinek aurkeztea iradokizunak eta kexak, irisgarritasun baldintzen ez-betetzeen berri ematea -haien webgune edo gailu mugikorren aplikazioei dagokienez-, eta salbuetsitako informazioa eskatzea, bat etorriz irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuaren 10. artikuluan eta hurrengoetan (errege dekretu horren bidez jorratzen da irisgarritasuna sektore publikoko webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako).

2. Aurreko atalean aurreikusitako ondorioetarako, web-orri bakoitzean edo gailu mugikorren aplikazio bakoitzerako, helbide elektroniko bat argitaratuko da, eta web-orriei inprimaki bat gehituko zaie, eta ahalbidetuko dute komunikazioak aurkeztea irisgarritasun baldintzei buruz. Horretaz gain, aurkez daitezke telefonoz edo aurrez aurreko arretarako bulegoetan.

3. Informazio irisgarriaren eskaerak, kexak eta erreklamazioak aurkeztuko dira urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin bat (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Prozedura Erkidea), Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo erregistrorako arreta ematen den edozein bulegotan, eta organo eskudunak ebatziko ditu.

4. Irisgarritasuneko Unitate Arduradunak behar diren koordinazio eginkizunak beteko ditu berma dadin ongi kudeatzen direla aurreko paragrafoetan aurreikusitako komunikazioak, informazio irisgarriaren eskaerak eta kexak, eta arreta egokia ematen zaiela.

Orobat, zuzentzen zaizkion erreklamazioei arreta eman eta ebatziko ditu, irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

12. artikulua . Sustapena, kontzientziazioa eta prestakuntza.

Irisgarritasuneko Unitate Arduradunak honako jarduketa hauek gauzatuko ditu, betetzen dituenean esleiturik dituen sustapen, kontzientziazio eta prestakuntza jarduerak koordinatzeko eta sustatzeko eginkizunak:

- Langileen artean, dibulgatzea eta kontzientziatzea zer eragin dakartzan honako arau hauek indarra hartzeak: ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa, eta irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretua, zeinaren bidez jorratzen baita irisgarritasuna sektore publikoko webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan.

- Barne prestakuntzarako programak, bermatzen dutenak ezagutza eguneratuak izatea webetako eta gailu mugikorren aplikazioetako irisgarritasunaz, bereziki webak edo gailu mugikorren aplikazioak garatzen dituzten unitateetan eta edukiak editatzeko eta sortzeko ardura duten unitateetan.

- Herritarren artean dibulgatzea zer komunikazio modu dauden iradokizunetarako, eskaerak egiteko eta, ez-betetzeak izanez gero, erreklamazioak jartzeko.

- Herritarrek parte hartzeko bideen dibulgazioa, bereziki desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen ordezkaritza handieneko erakundeen artean.

13. artikulua . Jarraipena egiteko aldian behingo txostenak.

1. Bat etorriz 1112/2018 Errege Dekretuaren 19. artikuluarekin, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, Irisgarritasuneko Unitate Arduradunak hiru txosten eginen ditu urtero bere jarduketa eremuari buruz, honako eduki honekin:

a) Kexen eta erreklamazioen arretari buruzko txostena.

b) Irisgarritasun baldintzak betetzeari buruzko jarraipen txostena, barnean direla abiarazitako neurriak eta eratorritako ondorioak, eta irisgarritasunaz egindako berrikuspen txosten guztiak.

c) Sustapen, kontzientziazio eta prestakuntzari buruzko jarraipen txostena, bere eskumeneko eremuari dagokionez, eta eratorritako emaitzak.

2. Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren esku jarriko dira txosten horiek, organo horrena baita ardura txostenen jarraipena egitearena eta horiek Europako Batzordean aurkeztearena.

3. Txosten horiek egiteko, irisgarritasuneko unitate arduradun delegatuek Irisgarritasuneko Unitate Arduradunari igorriko dizkiote beren eskumeneko eremuko txostenak, horretarako ezarritako epean.

14. artikulua . Irisgarritasun politikaren garapena eta berrikuspena, webguneetan eta gailu mugikorren aplikazioetan.

1. Irisgarritasuneko Unitate Arduradunak prozedurak zehaztuko ditu eta behar diren gidak eta jarraibide teknikoak prestatuko ditu politika hau garatzeko, adinekoak eta desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeen parte-hartzearekin.

Garapen prozesu horretan, eska daiteke 5. artikuluan jasotako unitateen elkarlana.

2. Webguneetarako eta gailu mugikorren aplikazioetarako irisgarritasun politika honek berrikuspen prozesu bat izanen du, egokitu dadin teknika eta antolaketa egoera berrietara, eta ez dadin zaharkiturik gelditu.

3. Politika honen berrikuspenak foru dekretu bidez onetsiko dira.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA. Aldatzea irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baita Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura.

Beste letra bat eransten zaio, n´) letra, irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 8. artikuluari (foru dekretu horren bidez ezartzen da Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura). Letra honek testu hau izanen du:

“n´) Irisgarritasuneko unitate arduradunak bete beharreko eginkizunak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta foru-sektore publiko instituzionalean”.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, salbuespen hauekin:

Webguneetarako, foru dekretu honen 11.3 artikuluan xedatutakoa honako egun hauetan izanen da aplikatzekoa:

-2019ko irailaren 20tik, 2018ko irailaren 20aren ondoren argitaratutako webguneetarako.

-2020ko irailaren 20tik, 2018ko irailaren 20aren aurretik argitaratutako webguneetarako.

2021eko ekainaren 23tik izanen dira aplikatzekoak gailu mugikorretarako aplikazioei buruzko xedapen guztiak.

Iruñean, 2019ko ekainaren 12an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1908041

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web