(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

47/2019 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 3KOA, ARAUBIDE BEREZIKO KIROL IRAKASKUNTZEN BARRENEAN FUTBOLEKO GOI MAILAKO KIROL TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN.

BON N.º 110 - 07/06/2019



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFAN:


Zioen azalpena

1

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak kirolaren antolamendua ezartzen du, eta 55.1 artikuluan zehazten du ezen, Gobernuak, Hezkuntza Ministerioak proposaturik, kirol teknikarien ikasketak arautuko dituela, hezkuntza maila bakoitzak ezarritako betebeharren arabera. Bestetik, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, II. tituluko I. kapituluan (Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak arautzen dira bertan), zehazki, 5. artikuluko h) apartatuan, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskumena dela kirol teknikarien prestakuntza garatu eta arautzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak kirol ikasketen antolaketa eta haren egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean artikulatzen ditu, zeinean kirol ikasketetako zikloek zeregin garrantzitsua betetzen baitute ikasleek kirol jarduera edo modalitate batean lan egiteko behar duten prestakuntzari begira. Eredu horrek, gainera, ikasleei laguntzen die lan eta kirol munduaren bilakaerari eta herritarren aktibotasunari egokitzen.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak, araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duenak, kirol ikasketak ziklo hierarkizatuetan antolatzen direla ezartzen du, eta ziklo horiek, berriz, kirol prestakuntzako multzo eta moduluetan (posible da moduluka eta multzoka eskaintzea).

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretua garatzeko asmoz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluaren ondorioz Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak erabiliz, foru dekretu hau ematen da, Futboleko goi mailako kirol teknikariaren titulua lortzera bideratuta dagoen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena. Curriculum honen bidez martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretua garatzen da, Futboleko eta Aretoko Futboleko espezialitateetan kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezarri, dagozkien gutxieneko ikasketak onetsi eta haietara sartzeko probak eta baldintzak arautzen dituena.

Bestalde, abenduaren 28ko 248/1011 Foru Dekretuak eredu bat zehaztu du araubide bereziko kirol ikasketen curriculuma garatzeko, kirol modalitate eta espezialitate bakoitzaren ezaugarri eta helburuetara egokitzeko modukoa, baita ikasleen ezaugarri eta beharretara ere. Horregatik, Futboleko goi mailako kirol teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatera egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide profila, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide profila arau honen 3. artikuluan planteatu eta 1. eranskinean garatzen da, eta oinarrizko alderdi hauek ditu: lanbide profilaren deskribapena, gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, kirol eremuan duen tokia, eta erantzukizuna lan egoeretan.

Kirol eremuan duen tokiari dagokionez, zenbait jarraibide ematen dira tituludunak bere jardunean izanen duen lan eta lanbide testuinguruari buruz, eta adierazten da zein sektore produktibotan arituko den eta zeintzuk diren bete ditzakeen lanposturik aipagarrienak.

3

5. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, moduluen izena, iraupena eta sekuentziazioa daude, eta bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten moduluen garapena. Modulu guztietan, curriculumak egitura bera du: multzo komun bat, zeharka lantzen diren modulu zientifiko eta tekniko orokorrez osatua; berariazko multzo bat, espezialitate bakoitzari dagokion kirol prestakuntza zientifiko eta teknikorako moduluak dituena; multzo osagarri bat, kirol espezialitatearen irakaskuntzarako edo entrenamendurako baliabide teknologikoak erabiltzeko prestakuntza-helburuak dituzten edukiak biltzen dituena; eta prestakuntza praktikoaren multzo bat eta amaierako proiektua, ikasmaila edo gradu bakoitzeko multzo komuna, berariazkoa eta osagarria gainditu ondoren eginen direnak.

4

Araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko eta gora egiteko betekizunei dagokienez, 3. eranskinean garatzen den 6. artikuluak arautzen ditu Futboleko goi mailako kirol teknikariaren irakaskuntzetan sartzeko berariazko probak eta kirol betekizunak.

5

Azkenik, foru dekretu honetan arautzen den azken elementua 9. artikuluan azaltzen da (4. eranskina du lotua), hau da: irakasleek eduki beharreko titulazioa, tituluen baliokidetasunak irakaslanaren ondorioetarako, tituluen baliokidetasunak prestakuntza praktikoaren multzoaren segimendua eta sartzeko probak egiteko, eta ikastetxe publikoetako irakasleen betebeharrak.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko apirilaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Futboleko goi mailako kirol teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori araubide bereziko kirol irakaskuntzen barrenean kokatzen da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Futboleko goi mailako kirol teknikari titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Futboleko goi mailako kirol teknikaria.

b) Maila: araubide bereziko kirol irakaskuntzetako goi maila.

c) Iraupena: 875 ordu.

d) Araubide bereziko irakaskuntzak, futboleko espezialitatean.

3. artikulua . Lanbide profila eta lanbide jarduera.

Tituluaren lanbide profila, lanbide gaitasunari buruzko unitateak, lanbide gaitasunak, kirol eremuan hartzen duen tokia, eta lan egoeretako erantzukizunak foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira, betiere Futboleko eta Aretoko Futboleko espezialitateetan kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezarri, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onetsi eta haietara sartzeko probak eta baldintzak arautzen dituen martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren III. eranskineko 7. atalean ezarritakoarekin bat.

4. artikulua . Irakaskuntzen helburua.

Futboleko goi mailako kirol teknikari tituluko irakaskuntzen helburua da ikasleari behar bezalako prestakuntza ematea honako hauetarako:

a) Futboleko eta Aretoko Futboleko kirol espezialitateetan behar den gaitasun teknikoa eta profesionala duela bermatzea, baita behar bezalako heldutasun profesionala ere, etorkizunean ikasketa gehiago egitera eta bere burua kualifikazioen aldaketetara egokitzera bultzatuko duena.

b) Dagokion kirol modalitatearen ezaugarriak eta antolaketa ulertzea eta bere zereginetatik datozen eskubideak eta betebeharrak ezagutzea.

c) Dagozkion zereginak segurtasun baldintzetan betetzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak eskuratzea.

5. artikulua . Curriculuma.

1. Futboleko goi mailako kirol teknikariaren curriculuma osatzen duten moduluak eta haien iraupena eta sekuentziazioa foru dekretu honen 2 A) eranskinean jaso dira.

2. Irakaskuntza hauek ematen dituzten ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute Futboleko goi mailako kirol teknikarien irakaskuntzen modulu bakoitzerako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

4. Kirol irakaskuntza hauetako moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean garatzen dira, II. kapituluan agindutakoarekin, eta martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren III. eranskineko 3. eta 8. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua . Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzea eta aurrera egitea.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren araubide bereziko goi mailako kirol irakaskuntzetan sartzeko prozedurak abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, izan ere, dekretu horren bidez araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautu ziren Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Futboleko goi mailako kirol teknikari tituluko irakaskuntzetan sartzeko kirol betebeharrak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarrita daude.

7. artikulua . Ebaluazioa eta ziurtapena.

Ikasketa hauen ebaluazioei eta ziurtapenei dagokienez, otsailaren 28ko 248/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

8. artikulua . Ondorio akademiko eta profesionalak.

Futboleko goi mailako kirol teknikari tituluak martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren IV. kapituluan adierazten diren ondorio akademiko eta profesionalak izanen ditu.

9. artikulua . Irakaskuntza hauek irakasteko bete beharrekoak.

1. Materialaren eta segurtasunaren arloan bete beharrekoei eta erantzukizunei dagokienez, martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren VI. eranskinean 1. eta 2. ataletan xedatutakoari jarraikiko zaio, hurrenez hurren.

2. Irakasleek eduki beharreko tituluak, tituluen baliokidetasunak irakaslanaren ondorioetarako, prestakuntza praktikoaren multzoaren segimendurako tituluen baliokidetasunak, ikastetxe publikoetako irakasleen titulazioa eta irakasle/ikasleen erlazio numerikoa foru dekretu honen 4. eranskinean ezarritakoak izanen dira, martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren VI. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

10. artikulua . Irakasle espezialistak.

1. Kirol ikasketen moduluak ikastetxe publikoetan irakasteko, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 49., 50. eta 51. artikuluetan modulu horiek irakasteko gaitasunari buruz xedatutakoari jarraikiko zaio.

2. Multzo espezifikoko moduluak irakasteko eskumena irakasle espezialistei eta Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoan eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan Gorputz Hezkuntzako espezialitatea duten kideei dagokie, baldin egoki den kirol modalitatean edo espezialitatean onetsitako maila goreneko titulua badute.

3. Hezkuntza Departamentuak Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoan eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan Gorputz Hezkuntzako espezialitatea duten kideei baimena ematen ahalko die irakasle espezialistei esleitutako kirol irakaskuntzako moduluak irakats ditzaten, horretarako gaituta badaude eta ezartzen den berariazko profila baldin badute, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduan ezarritako prozedurarekin bat, betiere egiaztatzen bada berariaz diseinatutako eta departamentuak aitortutako prestakuntza dutela, edo kirol modalitate eta/edo espezialitate horretako lanbide gaitasunei lotutako irakasle, lanbide edo kirol esperientzia dutela.

4. Hezkuntza Departamentuak irakasle espezialistak gehitzen ahalko ditu kirol ikasketen zenbait modulutan irakasle gisa jardun dezaten, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarri bezala.

5. Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluaren a), b) eta c) apartatuetan aipatzen diren pertsonek lan edo administrazio araubidean jardunen dute irakasle gisa, aplikatu beharreko araudiarekin bat, eta inola ere ez da gehieneko irakastordu kopururik ezarriko irakasle bakoitzeko eta ikasturte bakoitzeko.

Lehen Xedapen Gehigarria. Genero neutraltasuna.

Foru dekretu honetan, gaztelaniazko bertsioan, erabiltzen den terminologian batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela, eta, beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Terminologia aldaketa.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aurreikusitakoarekin bat, martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuan desgaitasuna duten pertsonei dagokienez erabiltzen den terminologia eguneratu da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFAN:

ERANSKINA

Futboleko goi mailako kirol teknikari titulua.

Iragarkiaren kodea: F1904914

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web