69/2019 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 23KOA, LEHENDAKARITZAKO, FUNTZIO PUBLIKOKO, BARNEKO ETA JUSTIZIAKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ PUBLIZITATEA EMATEN BAITZAIO BETETZEN ARI DIREN LANPOSTUAREN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA ALDATZEAK (NAHITAEZKO EUSKARAZKO HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA ESLEITZEAK) ONDORIOAK ERAGITEN DIZKIEN LANGILEEN GAINEKO PROZEDURARI, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN, BEREN ERAKUNDE PUBLIKOETAN ETA MENPEKO DITUZTEN ZUZENBIDE PUBLIKOKO ENTITATEETAN EUSKARAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN AZAROAREN 15EKO 103/2017 FORU DEKRETUAN EZARRITAKOARI JARRAIKIZ
BON N.º 102 - 28/05/2019
Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, 6. artikuluan, ezartzen du ezen administrazio honetako departamentu bakoitzak hizkuntza plana egin behar duela; plan horren ondorioz gerta daiteke ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzea bere plantilla organikoko zenbait lanposturi.
Bestetik, 103/2017 Foru Dekretuaren 24. artikuluak honako hau xedatzen du: “Euskara jakin gabe ele biko lanpostutzat hartutakoak betetzen ari diren pertsonek hartutako eskubideak errespetatuko dira eta horretarako antolatuko diren euskarazko prestakuntza jardueretan beren borondatez parte hartzeko aukera eskainiko zaie”.
Orobat, arau horren zazpigarren xedapen gehigarriak honako hau ezartzen du: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen esparruan, foru dekretu honetako 6. artikuluan jasotako plangintza prozesutik heldutako departamentu edo erakunde autonomo bakoitzaren plantilla organikoa, euskararen ezagutza nahitaezkoa duten ele biko lanpostuen zehaztapenari dagokionez, negoziazio kolektibora eramango da. Aldez aurretik, betetzen ari diren plazaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak ondorioak eragiten dizkien langileen gaineko jarduketak arautuko dituen prozeduraren zehaztapena ere negoziazio kolektibora eramango da”.
Aurreikuspen horiek betetzeko, negoziazio kolektiboan aztertu da departamentu bakoitzak arlo horretan onesten duen planaren ondorioz plantilla organikoan ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena duten lanpostuak hautatzeko prozedura, baita hizkuntza-eskakizun berria eskatzeak lanpostu horiek betetzen ari diren langileen gaineko ondorioak ere. Zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaiak 2019ko otsailaren 15ean, martxoaren 11n eta apirilaren 9an egin zituen bileretan negoziatu zen.
Negoziatu den prozeduran, funtsean, langileek borondatez eta berariaz adierazi behar dute ados daudela betetzen ari diren lanpostuari ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzearekin. Lehenbizi langile finkoei eskainiko zaie aukera, eta gero aldi baterako langileei. Horrekin ados inor agertzen ez bada, ele biko hizkuntza-eskakizuna lanpostu bati esleitzeak ez du ondoriorik izanen lanpostua betetzen ari den langilearen gainean, eta ondorioak sortuko dira lanpostua hutsik gelditzen denean edo, sartzeko edo betetzeko dagokion prozeduraren bidez, behin betiko betetzen denean.
Foru agindu honen bidez publizitatea ematen zaio sindikatuekin negoziatu den prozedura horri. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde autonomo guztiek bete beharko dute, betetzen ari diren lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak ondorioak eragiten dizkien langileei dagokienez.
Horrenbestez, arlo honetan indarra duen legediak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Publizitatea ematea sindikatuekin negoziatutako prozedurari, betetzen ari diren lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna aldatzeak (nahitaezko euskarazko hizkuntza-eskakizuna esleitzeak) ondorioak eragiten dizkien langileei dagokienez, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
1. atala.-Ele biko hizkuntza-eskakizuna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomikoen plantilla organikoko lanpostu bati esleitzeak hura betetzen ari den langilearen gainean sortuko dituen ondorioak:
1. 103/2017 Foru Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat, lanpostu bati ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzen bazaio, hura betetzen ari den langileak borondatez eta berariaz horrekin ados dagoela adierazten duenean eskatuko da hizkuntza-eskakizun hori.
2. Lanpostu bati ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitzen bazaio eta hura betetzen ari den langilea horrekin ados ez badago, langile horri ez zaio eskatuko hizkuntza-eskakizuna, eta lanpostuan jarraituko du hutsik gelditu arte edo, sartzeko edo betetzeko dagokion prozeduraren bidez, behin betiko bete arte.
Aurreko lerroaldea gorabehera, hizkuntza-eskakizuna eskatuko zaio langileari baldin eta, legezko prozedura baten bidez, plantillan ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitu ondoren betetzen badu lanpostua.
3. Lanpostua aldi baterako betetzen ari zen langileak borondatez hizkuntza-eskakizunarekin ados zegoela adierazita ere, lanpostuaren titularrari ezin zaio hizkuntza-eskakizuna eskatu lanpostua berriz betetzen duenean, edozein arrazoirengatik hura utzi ondoren.
Titularrak, lanpostua berriz betetzen duenean, adierazten badu ez dagoela ados lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunarekin, hau da, aldi baterako betetzen zuenak ados zegoela adierazi ondoren esleitutako horrekin, berriz esleituko beharko da hizkuntza-eskakizuna, jarraian adierazten den prozedurari osoki jarraikiz, hizkuntza-eskakizuna unitate organikoaren lanpostu bati esleitzeko aipatu prozedurarekin bat.
4. Halaber, hizkuntza-eskakizuna esleitzeko unean aldi baterako langileek betetzen duten lanpostu baten titularrak lanpostu hori berriro betetzen duenean eta ados agertzen ez denean lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunarekin, dena delako unitate organikoan lanpostuari hizkuntza-eskakizuna esleitzeko unean behar beste boluntario egon ez bada, hizkuntza-eskakizuna berriro esleitzeko prozedura egin beharko da dena delako unitate horretan, jarraian ezarritako prozedurari bete-betean jarraikiz .
2. atala.-Hizkuntza-eskakizuna zein lanposturi esleitu behar zaien erabakitzeko irizpideak, departamentuko plana onetsi edo aldatu ondoren:
1. 103/2017 Foru Dekretuan ezarritako departamentu plan bat onetsi edo aldatzeagatik ele biko hizkuntza-eskakizuna esleitu behar bazaie unitate organiko bateko zenbait lanposturi, edo lanpostu bakar bati, eta lanbide jakin batean lanpostu gehiago badaude ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostu kopurua baino, honela eginen da, irizpideen lehentasun-ordenari jarraikiz:
A) Hizkuntza-eskakizunaren esleipena egin behar den unitate organikoan, dagokion planean eskatzen den lanbide bera betetzen duten langile finko guztiei galdetuko zaie ados dauden horrekin ala ez. Ados dagoen langile batek behar den titulazio edo hizkuntza-maila ez badu, dagokion prestakuntza jasoko du.
A1) Ados dauden langileen kopurua eta hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena bera bada, lanpostu horiei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta bukatuko da prozedura.
A2) Ados dauden langileen kopurua txikiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, langile horiek betetzen ari diren lanpostuei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta, esleipena bukatzeko, hurrengo B) eta C) ataletan ezarritakoari jarraituko zaio.
A3) Ados dauden langileen kopurua handiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, irizpide hauei jarraituko zaie:
A3.1) Hizkuntza-maila altuena dutenak, euskara ezagutza handienetik txikienera.
Hizkuntza-maila egiaztatzeko, interesdunek frogatzen dituzten titulu edo ziurtagiriak hartuko dira kontuan. Aurrekoa gorabehera, unitate organikoek edo interesdunek eskatzen ahal diote Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari probak egiteko, euskara jakin bai baina titulu edo ziurtagirik ez duten interesdunen hizkuntza-maila ezagutzeko.
A3.2) Ados daudenek hizkuntza-maila bera frogatzen badute, ele biko hizkuntza-eskakizuna orainago sortu diren lanpostuei esleituko zaie.
Lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, handienetik txikienera.
B) Hizkuntza-eskakizunaren esleipena egin behar den unitate organikoan, dagokion planean eskatzen den lanbide bera betetzen duten aldi baterako langile guztiei galdetuko zaie ados dauden horrekin ala ez. Ados dagoen langile batek behar den titulazio edo hizkuntza-maila ez badu, dagokion prestakuntza jasoko du.
B1) Ados dauden langileen kopurua eta hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena bera bada, lanpostu horiei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta bukatuko da prozedura.
B2) Ados dauden langileen kopurua txikiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, langile horiek betetzen ari diren lanpostuei esleituko zaie hizkuntza-eskakizuna eta, esleipena bukatzeko, hurrengo C) atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
B3) Ados dauden langileen kopurua handiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuena baino, irizpide hauei jarraituko zaie:
B3.1) Hizkuntza-maila altuena dutenak, euskara ezagutza handienetik txikienera.
Hizkuntza-maila egiaztatzeko, interesdunek frogatzen dituzten titulu edo ziurtagiriak hartuko dira kontuan. Aurrekoa gorabehera, unitate organikoek edo interesdunek eskatzen ahal diote Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari probak egiteko, euskara jakin bai baina titulu edo ziurtagirik ez duten interesdunen hizkuntza-maila ezagutzeko.
B3.2) Ados daudenek hizkuntza-maila bera frogatzen badute, ele biko hizkuntza-eskakizuna orainago sortu diren lanpostuei esleituko zaie.
Lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, handienetik txikienera.
C) Hizkuntza-eskakizunaren esleipena egin behar den unitate organikoan, horrekin ados dauden langileen kopurua txikiagoa bada hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuen kopurua baino, irizpide hauei jarraituko zaie:
C1) Ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duen lanbide bakoitzean, aldi baterako beteta dauden lanpostuei esleituko zaie, sorrera dataren arabera, zaharrenetik berrienera.
C2) Aurreko apartatuari dagozkion lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, txikienetik handienera.
C3) Ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duen lanbide bakoitzean, titularrak egiazki beteta dauden lanpostuei esleituko zaie, sorrera dataren arabera, berrienetik zaharrenera.
C4) Aurreko apartatuari dagozkion lanpostuak egun berean sortu baziren, lanpostu zenbakiari jarraikiz esleituko da hizkuntza-eskakizuna, handienetik txikienera.
2. Unitate organiko batean lanpostuaren berriei hizkuntza-eskakizuna esleitzeak ez du aldatuko hizkuntza-eskakizun hori esleituta zuten lanpostuena.
3. atala.-Prozeduraren aplikazio-eremua, eta departamentuen hizkuntza-planak betetzeko eskumena:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde autonomo guztiek bete beharko dute foru agindu honetan ezarritako prozedura, plantilla organikoaren aldaketa Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari proposatzen diotenean 103/2017 Foru Dekretuak aipatzen duen departamentu plana onesteagatik, edo ele biko lanpostuetan eragina duen plan aldaketa onesteagatik, azaroaren 103/2017 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.
2. Departamentuaren hizkuntza-planaren arabera unitate organiko bakoitzean ele biko hizkuntza-eskakizuna izan behar duten lanpostuen kopurua jarraitu eta mantentzea, ez da automatikoa.
Departamentu bakoitzari dagokio bere departamentuaren plana betetzea, 2019-2021 aldirako; horretarako, planaren indarraldian proposatu beharko du plantilla organikoa aldatzea, aurretik ezarritako irizpideen arabera ele biko hizkuntza-eskakizunaren esleipena jaso behar duten lanpostuak zehaztuta, behar adina aldiz, unitate organiko eta lanbide bakoitzean planaren arabera izan behar diren ele biko lanpostu kopurua mantentzeko.
2. Agintzea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 23an.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.