(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

21/2019 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzekoa.

BON N.º 74 - 16/04/2019Fecha de revisión: 31/10/2019



ATARIKOA

I.–Foru Berria eguneratzea, hura Nafarroako errealitate sozialera irekiz eta hurbilduz, du foru lege honek helburu.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa edo Foru Berria testu oso bat da, eta barne hartzen dituen xedapenak tradizionalki zuzenbide zibila edo pribatua osatu duten gai guztiei buruzkoak dira: pertsona, familia, oinordetzak, jabetza eta kontratuak.

Osoa izateko duen helburua agerikoa izan da 1973an sortu zenetik.

Apirilaren 1eko 5/1987 Foru Legea aldarrikatu zenetik, zeinak Konstituzioaren araubidera egokitzearren testua aldatu baitzion, jada 32 urte igaro dira, esanda utzi zen arren erreforma hura mugatua eta presazkoa zela, eta beharrezkoa zela azterlan sakon bat egin eta testua osorik egokitzea (maiatzaren 11ko 11/1988 Foru Agindua).

Urte hauetan guztietan zehar Nafarroako gizarteak aldaketa sakonak izan ditu pertsonaren, familiaren eta ekonomiaren arloetan, baina horrek ez du isla egokia izan bertako zuzenbide pribatuan, eta, ondorioz, gizartearen errealitatea eta haren erakundeen araubidea elkarrengandik urrunduz joan dira.

Egun, nafar asko halako egoera juridikoei aurre egin beharrean suertatzen dira beren esparru pribatuan, batez ere familiarenean, non Foru Berriaren testuan behar bezalako konponbiderik aurkitzen ez duten; izan ere, Foru Berriak ardatz gisa darabilen bizi-ereduan gaur egun pertsona gehienek ez dute beren tokia aurkitzen eta, ondorioz, eredu horren aplikazio-eremutik at gelditzen dira.

Nafarroako Parlamentua ohartua da zuzenbidearen eremu honetan konponbideak bilatzeko beharraz; halere, urte hauetan hautatu du auziari modu puntualean ekitea, lege berezien teknikaren bidez. Horiek, baina, ez dute lortu zuzenbide zibila bere gizarteari guztiz, artez eta asegarritasunez hurbilaraztea. Eta hala, aldarrikatu zen azkenekoan, zeina baita martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legea, adingabeko seme-alaben zaintzari buruzkoa, nolabait aitortu zuen helburu hori lortzeko modua Foru Berriaren erreforma zela, hura baita “horrelako aldaketa baten esparru naturala, gainerako instituzioekin integratuta sistema koherente bat osatu behar baitu”.

Beraz, Forua Nafarroako gizarteari hurbiltzeko, beharrezkoa da bestelako bizi-ereduei ireki dakien; horietan, orain arte erakunde juridiko izan den Etxea eta haren printzipioak, askatasun zibilaren luze-zabalaren oinarri izan baita Nafarroako ordenamendu juridikoan, protagonismoa utzi behar dio askatasun horren titular den Pertsonari, eta modua eman behar dio, askatasun horren egikaritzean, bestelako bizi-hautuak egiteko, isla eta erantzun juridikoa ere baiki izanen dutenak.

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusibo historikoa du foru-zuzenbide zibilaren arloan eta, beraz, hura mantendu, aldatu eta garatzekoa, baita zuzenbide substantibo horretatik eratorritako prozesu-arauak tankeratzekoa ere, hala xedaturik dagoenez Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian eta 149.1.6 eta 8. artikuluetan, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 48. 48.1 eta 2 artikuluan.

Foru lege hau ematen da eskumen hori egikarituz, Konpilazioa edo Foru Berria eguneratze aldera, xede horrekin bertako erakundeak aldatuz eta garatuz eta ondorio gisa arautuz zuzenean eta substantzialki haiekin lotuta daudenak eta Foru Berriaren testuan jada jasota daudenetatik nahitaez eratorriak direnak, betiere jarraituz Nafarroako foru-zuzenbidea gidatzen duten printzipio bereizgarriei.

Eguneratze honen helburua da pertsona guztiak babestea haien banakotasunean eta haien familiarteko, bizikidetzako eta ondarezko harreman pribatuetan, oinarri hartuta haien askatasun zibila errespetatzea -eta arreta berezia jarrita adingabetasunari, desgaitasunari, mendekotasunari, adin-nagusitasunari edo hala behar duen beste edozein bizi-egoerari-, eta Foru Berriaren ardatza izatera igaro da. Foru Berriak lehen zituen 596 legeak mantentzen ditu, baina, orain, banatuta, atariko liburu batean eta lau liburutan.

II.–Atariko liburua.

1. Eguneratze-asmoari lehenbiziko legetik ekiten zaio, zeinak islatzen baitu, Konpilazio kontzeptua mantenduta, Nafarroako gizarte-errealitatera egokitu dela, eta aurreikusten baitu eguneraturik txertatzea haren testuan, kokagune naturala delakoan, jadanik lege berezien bidez araututako zenbait erakunde.

Modu korrelatiboan, Nafarroako tradizio juridikoaren arau- eta integratze-eraginkortasunari eusten zaio, jatorri gisa legeak berak aipatutako testu historikoak dituzten erakundeetan. Multzo horretatik zuzenbide historikoko zenbait arau kendu dira; zehazki, toki-foruak eta Foru Murriztua. Ezin ukatuzkoa da arau horiek iragan historikoan Nafarroako tradizio juridikoan izan duten eragina. Alabaina, iturrien interpretazioak ezinbestez izan behar duen berme juridikoak oinarria ematen du ez daitezen hertsiki halakotzat zerrendatuak izan, ezen toki-foruei testu-kritika muntadunak egin izan zaizkie, zenbait kasutan aizunduak izan direla demostratu dutenak; eta, Foru Murriztuari dagokionez, kontua da ez zela aldarrikatua izatera iritsi.

Nafarroako zuzenbidearen iturriek beren lehentasun-hurrenkerari eusten diote, eta ohiturak lehen iturri gisa dirau, nafar identitatearen sinbolo gisa eta bertako ordenamendu juridikoaren barne-koherentziaren agerpen gisa, zeinaren ezaugarri baitira Konpilazioko legeek duten hautazkotasun-izaera, askatasun zibilarekiko begirunea eta “paramiento”aren gailentasuna.

Nahiz eta Nafarroaren eskumena babestearen helburua gaur den egunean jadanik ez izan ohitura lehen iturri izatearen zergatiaren parte, ohiturak ez dio utzi arau-sorburu eta erakunde-erreformarako metodo izateari, betiere erantzuten baldin badio ikusmolde dinamizatzaile eta unean uneko errealitate sozialaren araberako bati, eta ezertan ukitu gabe, gainera, izan behar dituen mugapenak.

Mugapenak direla-eta, baina “paramiento”arenak direnez bezainbatean, 7. legeak “ordena publiko”aren kontzeptualizazio ireki bati abegi egiten dio, halako moldez non aintzat hartzen baititu pertsona guztien, eta ez soilik herritarren, oinarrizko eskubide eta askatasunak, nazioarteko testuei jarraituz.

2. Nafarroako forudunaren izaerari, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 5.3 artikuluaren araberako terminologiarekin bat, beste testu eta erregulazio bat eskaini zaizkio II. tituluan; abiapuntua da Estatuak eskumen esklusiboa duela auzotasun zibilaren arloan, eta jasotzen du Konstituzioaren doktrinan bildutako “ordenamenduen arteko parekotasun” printzipioa.

3. Izen berri batekin, “Eskubideen egikaritzea eta borondate-deklarazioak”, III. tituluak bere edukia deskribatzen du bere ordena sistematikoaren aldaketa baten bidez. Horren barrenean, nabarmentzekoa da “deuseztasun, deuseztagarritasun eta hutsalketaren” eta “borondate akatsen” arteko desberdintzapena: 19. legean gaitasunaren ikuspuntutik tratatu da; 20. legean, borondatea baliogabetzen duen akatsaren ikuspuntutik; 21. legean, horiei erantsi zaie modalitate bat, zaurgarritasun edo mendekotasun egoeran daudenak babestera bideratua -bidegabeko eragina eta eraginaren abusua-, populazioaren zahartzearen ondorioz gizartean presentzia handia duena, baina kasu horietara soilik mugatzen ez dena aplikatzen ahal baitzaio mendekotasun faktikoa dagoen beste edozein egoerari.

4. IV. titulua, konpilatzaileek taxutu zuten horretan, mugatzen da, erregulazio osoan, preskripzio azkentzailera; hortaz, eskuratze-preskripzioa arautzeko kokaleku sistematikoa, orain ere, hirugarren liburua da, nahiz eta iraungitzea ere hartzen duen (lehen 26. legean aipatu besterik ez zen egiten), eta igaro den titulu horren II. kapitulua osatzera, zeinak 38.etik 41.era bitarteko legeak jasotzen dituen.

Preskripzio epeak oro har hirura murriztu dira: 1, 5, eta 10 urte. Horrekin, heldu egiten zaio Europako herrialdeetan eta beste zuzenbide berezi batzuetan jada ezarritako joera bateratzaileari, nahiz eta, salbuespenez, 4 urtekoa izaten jarraituko duen deuseztagarritasunari eta hutsalketari dagokienak, eta 20 urtekoa, akzio hipotekarioari dagokionak. Horrekin batera, 30 urteko gehieneko preskripzio-epea ezartzen da, kontuan hartu gabe gerta litezkeen geldiarazte- edo etete-gorabeherak. Deusetan ukatu gabe, gainera, esanbidez arautzea akzio gehienen “dies a quo” eguna, printzipio orokor gisa ezartzen da ezagungarritasuna. Preskripzioari uko egiteari dagokionez, aukera gisa egituratu da, baina hala ere ezarri da garaiz aurretik uko egitearen deuseztasuna, eta hirugarrenen eskubideak zaintzen dira. Xeheki arautzen dira preskripzioa geldiarazteko eta eteteko arrazoiak, eta jasotzen dira jurisprudentzia finkatuak preskribaezin deklaratutako akzioak.

Iraungitzeari dagokionez, hori arautzen duten lege berrietan zerrendatzen dira Foru Berrian zehar aurreikusitako iraungitze-epe desberdinak, eta jasotzen da auzitegiek ofizioz hautematea, baita etetea ere.

III.–Lehenbiziko liburua.

Lehenbiziko liburua deitzen da eta jasotzen ditu bertan arautzen diren instituzio guztiak, orain emandako ordenan: “Pertsonak, familia eta Etxe Nafarra”. Antolaketa berrian, liburuak hamaika titulu ditu.

1. I. titulua orain hiru kapitulutan banatzen da, bereiz arautzeko Foru Berriak aitortutako pertsona juridikoak, familian desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen ondare bereziki babestuen figura berria, eta nortasunik gabeko enteak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa aldarrikatu ondoren, Konpilazioak orain arte jasotzen zuen pertsonifikazio juridiko publikoen zerrenda ez zegoen denbora gehiagoz mantentzeko beharrik, kasuko administrazio-legeetan jaso baita haien araubidea. Hura ezabatzearekin, lege bakar bat baizik ez da beharrezkoa gertatzen, zerrendatzearren zein diren Konpilazioak berak nortasun juridikoa aitortzen dienak.

Fundazioek erregulazio berria eskuratzen dute, jomugatzat hartzen duena Konstituzioaren 34. artikuluan ezarritakora bete-betean egokitzea. Hartara, Foru Berria zuzenbide pribatuaren konpilazio bat denez, eta interes orokorreko fundazioek zuzenbide publikoaren arlokoa den alderdi garrantzitsu bat dutenez, egokiagoa da horiek lege berezi batean arautzea. Horrela, argi uzten da fundazio izan daitezkeela interes orokorreko helburuei atxikiriko ondareak soilik, konstituzionalki xedatzen den bezala; eta, beren nortasun juridikoa eskuratzeko, galdakizun modura ezartzen da, etorkizuneko lege bereziak arautuko dituen baldintzak betetzeaz gain, ezinbestez publikotasuna eman dakien, haiek fundazioen erregistroan inskribatuz.

Horrekin batera, eta ahal den neurrian mantentzearren orain arte Foru Berriaren 44. legean eta hurrengoetan araututako erakundearen muina, mugatzen da ondare pribatu bat helburu altruistak bai baina interes amankomun edo orokorrekotzat jo ezin izanen liratekeenetara atxikitzeko aukera. Horrekin, asmoa da, orobat, desberdintzea Foru Berrian araututako erakundea ondare-sozietateetatik edo irabazi-asmoa duten beste entitate batzuetatik; horretarako, haren helburuak zedarritu egiten dira, horiek egokituz egungo gizarte pluralean indarrean dauden balio eta printzipio humanistikoetara, zeinak mamitzen baitira interes sozial, humanitario, kultural edo izaera solidarioko beste edozeinetan.

Foru Berrian ondare bananduak arautzen dira, eta, egun, beharrezkoa da desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen beharrizanei erantzutea; horiek oinarri hartuta, aparteko kapitulu batean arautu dira “ondare babestuak” deitutakoak, Nafarroan familiaren araubideak duen taxuera bereziaren arabera. Horregatik, eta ukatu gabe etorkizun batean Nafarroako Parlamentuak onets ditzakeela desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonen ondarea babesteko neurriak, pertsonen gaitasunaren erregulazioaren barrenean (orain arte adinari dagokionez soilik jasoa du gai hori Foruak), orain jasotzen da ondarearen babesa familiaren eremuan, eta zentzurik zabalenean; hau da, ez bakarrik 50. legean taxutu den moduan, baizik eta Etxearen eremuaren barruan ere, non beste familia-erakunde batzuk baitaude, hala nola erkidegoak eta harrerak. Kontua da, beraz, familiaren babesa berariaz arautzea, mendekotasun edo desgaitasunen bat aitortua izateagatik babes horren beharra duten kideentzat, halako moduan taxutuz non erabat errespetatuko baita nafar printzipio orokor den borondatearen autonomia.

Familia-erkidegoko edo -taldeko pertsona horien babeserako araubidea osatzen da 204. legean sartuz haien ezinbesteko beharrak asetzeko ondasunak eskueran dohainik izateko aukera, alarguntza-gozamena horrela eratutako ondareetatik kanpo uzteko kausa bat sartuz, eta oinordetza-fiduzian horren aurreikuspena sartuz kausatzaileak fiduziarioari emandako arduretako bat gisa. Eratzen da, azkenik, biztantzeko legezko eskubide bat, borondate pribatuarekiko subsidiarioa, 425. lege berrian.

Nortasunik gabeko taldeek, zeinak orain arte 49. legean jasotzen baitziren, titulu honetako III. kapitulua eta orain 46. legea osatzen dute; aldiz, Etxearen araudi osoa, 48. eta 75. legeak, aparteko titulu bat osatzera igaro da, liburu honetako azkena, horri lotutako erakunde guztiekin batera.

2. Foru Berriak, orain arte, soilik adinari dagokionez arautu du pertsonen gaitasuna, eta, hortaz, Kode Zibila modu osagarrian aplikatu da gaitasuna aldatzeari eta horretatik eratorritako erakundeei dagokien guztian. Horrekin batera, eta araudi haren barrenean, Foruak berariazko erregela batzuk soilik ezarri ditu puber-ak egintza batzuetarako duen gaitasunari dagokionez, zeinetarako Foruaren testuak berak aitortu dion gaitasuna. Guraso-ahalaren eremuan, jada arautzen zen adingabe emantzipatuaren gaitasuna, nahiz eta ez jaso horri bide ematen zioten arrazoiak. Pertsona indibidualaren gaitasunaren kapitulua ixten zuten arauak ziren ordezkaritzari zegozkionak.

Horrela Foruaren egungo erregulazioa mantenduta, eta ukatu gabe etorkizuneko legeria berezi batek osorik arautu lezakeela gaitasuna, eta jaso gaitasuna judizialki aldatua duten pertsonen laguntzarako figura guztiak, oraingo II. tituluan egiten den garapena da pertsonen gaitasunaren erregulazio zehatza, adinaren arabera; adingabearen gaitasuna ezarri da nazioarteko araudiarekiko eta legeria organikoarekiko modu koherentean eta errespetuzkoan, baina oinarritzat harturik 14 urtetik gorakoentzat eta emantzipatuentzat Nafarroako zuzenbidean jasotako berezitasunen begirunea eta mantentzea.

Foruak ordezkaritza-ahalordea ere arautu duenez, horren barrenean sartu da “prebentziozko ahalorde” deitutakoa.

3. Famili-egitatearen heterogeneotasunaren aitortza, errealitate sozial plural eta pertsonen oinarrizko eskubideen eta askatasun indibidualen adierazpen gisa ere, Nafarroako ordenamendu zibilean tankeratzen da, batetik, familia-erakundearen babesaren adierazpen gisa, eta bestetik, familia bere jatorriarengatik ez diskriminatzearen printzipioa oinarri hartuta (Espainiako Konstituzioaren 39. artikulua); horiek zuzenbide zibil propioari lotzen ahal zaizkio bai askatasun zibilaren printzipiotik eta bai familia-harreman orokorraren eta, zehazki, Etxeari lotua den erregulazio tradizionaletik ere.

Ondorioz, 50. legea jasotzen duen III. tituluan ezartzen dira bai familia-erakundearen babesa eta bai haren jatorriarengatiko diskriminaziorik eza, familia-talde osoari zuzendutako legeen printzipio orokor eta gidari gisa, familiako kideen arteko harremanak eta bizikidetza diziplinatzen dituztenak. Horri buruz, desberdindu egiten dira familiaren jatorria diren banakako ereduetako bakoitza, hala nola bikote ezkondua eta bikote egonkorra, arautu eta diziplinatzen duten legeetatik, baita berariaz arautu gabekoak direnen kasuan ere, hala nola bikote egonkorrik osatu ez duten more uxorio bizikidetza-harremanak, familia berrosatuak eta familia gurasobakarrak.

4. Seme-alabatasunari dagokionez, Foru Berria duela gutxi aldatu zen 9/2018 Foru Legearen bidez. Orain osoko eguneratzea egin denez, beharrezkoa izan da, lehenbizi, sistematikoki berrantolatzea haren arauketa-legeak, halako moldez non titulu osoa, orain IV.a, hiru kapituluz osatuta egotera igaro baita, gai hauei buruzkoak, hurrenez hurren: xedapen orokorrak, seme-alabatasun naturala eta adopzio bidezko seme-alabatasuna. Gainera, berariazko izaera substantiboarekin eta seme-alabatasun naturalaren barrenean, bi aldaketa sartzen dira, aipatutako 9/2018 Foru Legearen testuari dagozkionak, saiheste aldera berdintasunaren printzipio konstituzionalaren edozein urraketa. Alde batetik, gehitzen da ama adingabeari edo gaitasuna judizialki aldatua duenari defendatzaile judizial batek laguntzearen zuhurtasun-neurria, bermatzekoa haren errefusa inguruabar egokiz inguratua dagoela, inolako presiorik gabe; berme hori halaber ahalbidetzen da Fiskaltzari xede horretarako legitimazioa aitortzearen bidez. Bestetik, ikusi da Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluaren urraketa bat egon litekeela; izan ere, mugatu zen amak ezkontzazko seme-alabatasuna aurkaratzeko duen legitimazioa adingabearen ordezkari gisa eta haren interesaren alde joka dezakeen kasuetara; eta, halatan, senarrak bere aitatasuna aurkaratu badezake ere, bere interesaren alde eta horrek adingabeari kalte egin arren, kontua da emakume ezkonduak, 9/2018 Foru Legeak ekarritako erregulazioarekin, aitatasun hori seme edo alabaren interesetan bakarrik aurkaratu zezakeela. Horregatik, orain erantsi da amak izan dezala halaber aukera senarraren aitatasuna bere izenean eta eskubidez aurkaratzeko.

Konpilazioak orain arte ez du adopzioaren gaineko erregulazio oso bat izan. Mugatu da ezartzera erregela zehatz bat adingabeak adopzioa baimentzeko duen gaitasunari buruz, eta jarraitzen du formalitateak aipatzen (eskritura publikoaren bitartezko eraketa) eta modalitateak (osoa eta sinplea), zeinak aplikaezin bihurtu baitziren gai hau legeria erkidean 1987an erreformatu zenetik. Gainera, umeordetzea arautu du; figura hori desagertu egin da bere horretan, zeren xurgatuta geratu baita adingabeen harreraren formetan, nahiz eta bataren eta bestearen zertzeladak ez izan osotara berdinak. Bestalde, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak, nahiz eta batez ere adopzioaren alderdi administratiboak arautzen dituen, halaber ekin die, zuzenbide zibilaren arloko eskumena egikarituz, egokitasuna edo desegokitasuna baloratzeko erabiltzen diren irizpideetatik haragoko gaitasun-baldintza pertsonalei buruzko zenbait gairi, zeinak foru legeriari dagozkion zenbait berezitasunen agerpen izan baitira, Nafarroako Parlamentuak hainbat aldiz aztertuak (adibidez, gehieneko adin-diferentziak) eta gaur den egunean araudi erkidetik desberdintzen direnak. Hala, nahitaezkoa gertatzen da adopzioari buruzko nafar araudia harmonizatzea, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen da Konpilazioan honakoen gaineko arauak jasotzea: gaitasuna, eratzeko baldintzak, efektuak eta azkentzea. Gainerako gaiak, administrazio-izaerakoak, foru lege bereziaren eskuetan uzten dira, eta hori ere aldatu egin beharko da osotasunean garatzeko eta, beraz, testu erkiderako igorpena egitearen ondoriozko alderdi tekniko jakin batzuk txukundu ahal izateko, eta testu horren akats batzuk, praktikan jadanik agerian geratuak, arintzeko.

5. V. titulua orain arte guraso-ahala deitu denari buruzkoa da; hemendik aurrera, guraso-erantzukizuna deituko zaio, eta Foru Berrian berariaz eta osoa izateko asmoz araututako erakunde hori adierazten du. Terminologia berriak hizkuntza-parekotasuna du oinarri; bat dator Europako zuzenbidean erabiltzen denarekin, eta ez die eragiten foru-araudiaren taxuera eta edukiari, zeinak arlo honetan berezitasun handiak izan baititu.

Foruak, hasieratik, helburu izan du osorik arautua egotea eta beste legeetara igorpenik ez egitea, eta, hala, erregulazio berria haren eduki osoaren garapen erabatekoa da. Eduki hori zenbait betebehar eta ahalmenez dago osatua, substantibitate propioa dutenak; horrek ekarri du mugatzea “titulartasun” eta “egikaritze” kontzeptuak, bai erakunde osoari dagokionez eta bai betebehar eta ahalmen horietako bakoitzari dagokionez, eta, ondorioz, honako kasuen erregulazio berria ere ekarri du: etetea, gabetzea, azkentzea eta berreskuratzea. Horrekin batera, gehiago zehaztu dira orain arte guraso-ahal luzatua eta birgaitua deitutakoak.

Horren ondorioz, orain 14 lege daude lehen 5 zeuden tokian; horiek jada biltzen zuten erakunde horren erregulazio osoa, baina eguneratu beharra zegoen, aurreikuste aldera bizikidetzarik ez dagoeneko edo familian krisiak daudeneko kasuak, horiek baitira auzi gehien sortzen dituztenak eta irtenbide praktiko hobeak behar dituztenak. Irtenbide horiek ematen dira ituna oinarri hartuta, funtsezko printzipioa, zeinak modu berezian gobernatu duen arlo hau, Foruak garrantzi berezia eman baitie titularren arteko itunei, askatasun zibilaren printzipioa ardatz hartuta.

Ahalmen eta betebehar horien garapenak ahalbidetzen du zerikusidunak diren eta erakunde horretan sartuta dauden erakundeen araupetzea, hala nola zaintza eta jagoletza, jada nafar legegileak foru lege berezi baten bidez arautua zeinak bere garaian aurreikusi zuen, hain zuen ere, Foruaren testuan sartua izatea, haren familia-zuzenbidearen osoko erreforma baten kariaz; adingabeek gurasoekin eta beste senitarteko batzuekin egonaldiak eta kontaktuak izatea -orain arte, hori seme-alabatasunaren sailean eta Haurrentzako babesari buruzko Foru Legean jasotzen zen-; eta zenbait betebeharren araubidea, hala nola elikatze, biztantze, hezkuntza, eta laguntza material eta emozionalerako betebeharrena, horiek adingabeen oinarrizko beharrizan guztiei erantzuteko moduko gisa harturik. Horrek ezinbestez bideratzen du aurreikustera nori esleitu behar zaion familiaren etxebizitzaren erabilera eta zein izanen diren haren gastu arrunt nahiz berezietarako ekarpenaren nondik norakoak. Eta dena inolako desberdintzerik egin gabe ea jatorria ezkontzakoa den edo ezkontzaz kanpokoa, ea noizbait bizikidetzarik izan den edo ez, edo ea baterako gurasotasunaren araubideari dagokion edo guraso bakarrekoari.

Beraz, araudi berriak garbi bultzatzen du lehen aukera gisa gurasoen arteko gurasotasun-ituna, familiaren harremanak arautzeko eta auziratzea saihesteko; horrekin batera, garbi gidatzen du helburu hori errazten duen bitartekaritza ere, subsidiarioki diskrezionalitate judizial handia eskainita, hartara, “favor filii” funtsezko printzipiotik abiatuta, kasu zehatz bakoitzean hartze aldera itunik izan ezean beharrezkoak diren neurriak, testu zibil erkidearen hutsuneak edo zurruntasunak gainditzekoak, ageri-agerian gelditu baitira azkenaldi honetan pilatu diren egoera eta inguruabar berezien aniztasun zabalean, bai eta gurasotasun-koordinazioa errazte aldera ere. Hau da: askatasun zibila, ituna eta irizpide malguen bitartezko diskrezionalitate judiziala, baliabide egokiz hornitua, halaber izan dira nafar zuzenbideak propioak dituen printzipio gidariak, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanen gaineko arauketaren zuzendaritza izan dutenak.

6. Erregulazio berria eman zaio orain VI. titulua osatzen duen ezkon-araubide ekonomikoari, zeina Konpilazioak osotasunez jasotzen zuen. Orain egituratu den moduan, hasten da “ezkon-araubide ekonomiko primario” deitzen den horretatik; horrek biltzen dituen legeak orain arte ezkontideen gaitasunei eskainitako eremuan zeuden, baina konkista-sozietateari bakarrik aplika zekizkiokeen, eta, orain, igarotzen dira araubide guztien printzipio amankomun izatera, ezkontzak dirauen bitartean.

Hala, lehen kapituluan bildutako arauak dira ezkontzaren ondasun-araubideari aplikatzekoak diren guztiak, zer araubide itundu edo ezarri den kontuan hartu gabe, eta, besteak beste eta esanguratsuenen artean, ezkontzaren kargei edo gastuei eta familia-etxebizitzaren babes bereziari aplikatzekoak direnak.

Ondoren, arautzen dira ezkontzako itunak eta, jarraian, egungo Konpilazioan jasotako araubide bakoitza; horien testuak jaso egiten ditu doktrina zabal batek aldezturiko zehaztasun tekniko eta sistematikoak, eta horiei erantsi zaizkie jada finkatuak dauden jurisprudentzia bitartezko zenbait soluzio.

Azkenik, hiru arau lantzen dira, araubide guztietarako amankomunak direnak eta ezkontzaren indarraldia bukatu ondoren aplikatzekoak. Haren araubide osoaren garapen beharrezko bat dira, haren printzipio berezien araberakoa, eta xedetzat dituzte ezkontzak desegite-unean dituen kargak eta familiaren etxebizitza. Gai horiek orain arte ezkontza indarrean zen bitarterako bakarrik zeuden arautuak, baina haien ezkontzaosteko erregulazioak Foruaren eguneratzearen parte izan behar du, ezkontza hautsi ondoren errealitate sozialean sortzen diren zenbait gai konpontzea ahalbidetzen den neurrian. Hala, eta gidatzat hartuta foru-zuzenbidearen berezitasun horiek, seme-alaben babesa, zeina gainditutzat jo diren beste erakunde batzuen bidez tankeratu baita orain arte Foruan, oraingoan egin da arreta berezia jarriz adinez nagusiak izan baina une horretan ekonomikoki oraindik gurasoen mendeko diren seme-alabengan, babes hori ahalik eta gehien hurbilduz, kasuko interesen haztapen egokia eginda, seme-alaba adingabeei eskainitakoari. Eta, era berean, bistakoa da zaila dela Nafarroako araubidean txertatzea betebehardunaren heriotzaren kasurako Kode Zibilak duen konpentsazio-pentsioaren diziplina, baina hori ere ezkontzaren ondorio ekonomikoa da, eguneratze-ekimen horretan nahitaez arautu beharrekoa; hori dela-eta, hemen “desorekagatiko konpentsazio” deiturikoa arautu da, abegi eginez araubide amankomun kontzeptualki gainditu bat errealitate sozialera egokitu duten doktrina- eta jurisprudentzia-irizpideei eta aintzat hartuz nafar oinordetza-araubide berezia.

7. Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legea izan zen Foru Zuzenbide Zibileko lehenbiziko erregulazio garaikidea, bikote-bizikidetza egonkorra bezalako errealitate sozial bat ezkontza-ereduaz bestelako familia-eredu gisa taxutu zuena. Aipatutako foru lege hori egin zen foru-zuzenbide zibilaren arloko eskumen esklusiboaren babespean. Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurak emandako 93/2013 Epaiak, apirilaren 23koak, ebatzi zuen foru lege horren artikuluen zati bat Konstituzioaren kontrakoa zela. Ezin zitzaion ez ikusiarena egin bikote egonkorren gaian zegoen segurtasun-falta juridikoari, ez eta ordenamendu juridikoak horrelako egitateei lotu ohi dizkien efektu juridikoen ezari ere, arau-hutsunea partziala izanagatik ere. Segurtasun-falta juridiko horrek ez du arauaren hartzailea bakarrik ukitzen; dagokien lanbide eremuetan erakundea lantzen duten eragile juridiko ezberdinak ere ukituta gertatzen dira.

Beharrezkoa izan da, beraz, Nafarroan bikote egonkorren errealitate sozialari egokituriko araubide berri bat eskaintzea, doktrina konstituzionala uztartuko duena foru-zuzenbide zibileko berariazko araubide juridiko eta estatutu baten taxuketarekin, eta segurtasun juridikoa emanen diena beren askatasun indibiduala erabiliz ezkontzakoaz bestelakoa eta -horrenbestez- apartekoa den elkarbizitza- eta familia-eredu baten alde borondatezko hautua egiten dutenei.

Hala, bikote egonkorrentzat berariazko estatutu juridiko bat tankeratzea da, besterik gabe, pertsonaren eta familiaren nafar zuzenbidearen garapenaren beste egikaritze bat, non ez baita arrotza pertsonen eta familien arteko bizikidetza eta lankidetza moduen tradiziozko erregulazioa, hala nola 129. legeko egitatezko erkidegoak; hortaz, konstituzionalki egiaztatu denez bikote ezkondua eta bikote egonkorra errealitate desberdin ez-baliokideak direla, nafar legegilea konstituzionalki gaituta dago gizarte- eta familia-errealitate horri estatutu juridiko propio bat emateko, doktrina konstituzionalak lehenago aipatu den epaian jada adierazi zuen bezala.

Horrela, bikote egonkorrari buruzko nafar eredu arautzaileak, Konpilazioan I. liburu honetako VII. titulu moduan erantsitakoak, premisatzat arreta eskaini behar die bikote egonkorraren heterogeneotasun eta askotarikotasunari, eta haren kideek, beren askatasun indibidualaren egikaritze librearen bitartez, beren bizikidetza-harremanari eman nahi dizkioten efektu juridikoak -batez ere ondarearen eta oinordetzaren arloan- bestelakoak izatearen errealitate soziologikoari. Efektu horiek, gainera, ezberdinak izan ohi dira osatzera doazen familia-nukleoa primarioa edo berreratua izatearen arabera, haien bizi-ibilbidearen arabera eta, azken finean, haien askatasun indibidualek, usteek, sinesmenek, eta nortasun-garapenak osatzen duten esparru intimoagoaren arabera. Eskubide konstituzional horiek legegileak ezin ditu alboratu eta ez ditu alboratu behar, eta isla izan behar dute estatutu juridiko horren izaera nagusiki hautazko eta ez-aginduzkoan. Horrek ez du eragozten, alabaina, araubidean gutxieneko eduki bat ezartzea, betiere ordena publiko konstituzionalaren agergarri gisa ulertua, bai eta zenbait eskubide eta askatasun indibidualen adierazpen gisa ere, hala nola duintasuna, berdintasuna (14. artikulua) eta familiaren babes konstituzionala (39.1 artikulua). Edozein kasutan ere, jotzen da eduki hori borondatez onartzen dutela horren jakinaren gainean egonik familia-eredu hau aukeratzen dutenek.

8. VIII. tituluak ezartzen dituen arauak orain arte Konpilazioan jasotzen ziren, erkidego-araubidean oinarritutako ezkontza-sozietate segidakoen ondasunen likidazioari dagokionez. Arau-multzo hori eguneratze honen izaeraren ildotik eguneratzearren eta, batez ere, seme-alaba batzuen eta besteen arteko diskriminazioa ekiditearren, arau horiei gehitu zaizkie bikote egonkorraren kasuak, bai aurrekoa bai ondorengoa, zeinak aplikatzekoak izanen diren edozein erkidego-araubidetan; kasu guztietan kendu da irabazietan heren batean parte hartzearen zehapena.

9. IX. tituluak jasotzen du Foru Berrian sartu den erakunde- eta bizikidetza-egoera berri bat, elkarlaguntza-harremanak, eta hasiera bateko oinarrizko arauketa gisa egiten du. Foruaren testuan jadanik araututa agertzen ziren erkidegoko eta pertsonen harrerako egoerak, ahaidetasun loturarik egon nahiz ez egon. Bestetik, abenduaren 10eko 34/2002 Foru Legearen bidez arautu zen adinekoen familia-harrera, nahiz eta horren printzipioak beste hartan aurreikusitako erkidego-harremanen desberdinak izan. Horrela, figura horrek ahalbidetzen du adinekoei erakunde geriatrikoez eta bakardade-egoerez bestelako eredu alternatibo bat eskaintzea, biztanleriaren zahartze progresiboa dela-eta egun dagoen errealitate sozialari emandako erantzun gisa. Halatan, arlo hori arautzeari heltzen zaio orain Foruan jasota dauden bizikidetza-harremanen garapen bezala, oinarri praktiko gisa hartuta hori lagungarri dela adinekoen beharrizanek irudikatzen duten errealitate sozialari begira, zeinetan partekatzen ahal duten arreta baterako beharrizanak baitaude, eta printzipio gisa heldurik borondatezkotasunari eta ituntzeko askatasunari, Nafarroako zuzenbidearen ezaugarri direnak.

10. Orain arte “propter nuptias dohaintzak” deitutakoak X. titulura igaro dira, izen honekin: “dohaintzak, familiarako eta familia-ondarearen batasunerako eta jarraitutasunerako”. Izan ere, haien edukia egokitu egin da, dauden familia-egoera desberdinetara ez ezik, baita gaur egun bestelakotu egin den familia-ekonomiara ere, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arlokoa izatetik enpresa-arlora hedatu baita.

Horrela, oraingo erregulazioan zenbait figuraren arteko nahaste-borrastea dagoenez, eta lauso agertzen direnez haien arteko bereizketak, desberdindu egin dira, hasteko, familia berria eratzeagatiko dohaintzak eta familia-enpresaren jarduera edo ondareari jarraitutasuna emateko dohaintzak. Era berean, desberdindu egin dira ezkontideek edo bikotekideek beren artean egindako dohaintzak eta, horien barrenean, bizikidetza hasteagatik egindakoak eta bizikidetzak dirauen bitartean -are bukatu ondoren ere- ondare-oreka bati eustearren egindakoak. Halatan, onartu egin dira jurisprudentzian eta doktrinan egindako interpretazioak eta bereizketak.

Horrekin bat etorriz, unea egokitu da bizikidetzaren eta familia-taldea osatzearen hasierara, talde horren jatorria kontuan hartu gabe, 50. legean familia dela-eta jasotzen den kontzeptualizazio berriaren ildo beretik.

11. Jada adierazi den bezala, titulu bakar batean, XI.ean, bateratu dira Etxea eta hari lotutako erakundeak. Hasteko, Etxeari buruz eman den kontzeptuan argitu egin da orain arte ikuspuntu tekniko-juridikotik erraz ulertzen ez zena, eta Etxearen berariazko gisa ezarri dira orain arte familiaren ondasunen araubide orokorrari lotzen zitzaizkion printzipioak. Atal honetara ekarri dira, halaber, orain arte Etxeari zegozkion “propter nuptias” dohaintzen berezitasunak; orain ordenatzen ahal dira haien batasuna eta jarraitutasuna mantentzeko, haien kontzeptuazio berriaren arabera.

Sistematika honekin bat etorriz, titulu honen kapituluek jasotzen dute honakoen araudia: konkisten familia-sozietatea, familia-erkidegoak, etxe-harrera eta zuzkidurak. Horien teknika hobetu egin da jurisprudentziako irtenbideak egokitzeko, eta edukia ere egokitu da egungo familia-errealitatera, zeina baita, era berean, ezartzen duena ezkonsaria eta erresak kentzeko beharra, ez bakarrik zaharkituak gelditu direlako, baizik eta, batez ere, horien araudiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna urratzen zuelako, xedatzen baitzuen senarrari zegokiola ondasun horien gaineko administrazioa eta baimenak ematea.

Titulua Ahaide Nagusien erakundeak ixten du, zeina mantentzen baita, borondatezko gisa eta interesdun guztien adostasunez, hertsiki ondare-izaerakoak diren afera xedagarrietarako; hortaz, guraso-erantzukizunaren arlotik kanpo uzten da. Hala ere, gorde dira oinordetza-fiduziaren kasuak (281. legea), bai eta eskualdatze-eskubidea eraginkorra den besteak ere (180. legea), beharrezkoa baita Ahaide Nagusiek parte hartzea horietan.

IV.–Bigarren liburua.

1. Foru Berriak Kode Zibilera egiten zituen igorpen estatiko askotarikoak kentzeko asmoz, osorik arautzen dira oinordeko izateko gaitasuna (152. eta 153. legeak), ezduintasunaren ondoriozko ezgaitasunaren arrazoiak (154. legea), eskergabekeria (163. legea) eta jaraunsgabetzea (270. legea).

2. Testamentuen arloan, testamentua egiteko gaitasuna ere arautu da; kendu egin da Kode Zibilerako igorpena, eta ondu den testuak, 22. legearen idazketa berriarekin bat etorriz terminoak eguneratzeaz gain, araubidea taxutzen du judizialki aldatutako gaitasuna duen pertsonaren gaur egungo errealitatearekin bat etorriz, bai eta pertsona horrek testamentua egin ahal izatearekin ere, baldin eta egiteko unean ulertzeko eta nahi izateko behar adinako gaitasuna badu, ezertan eragotzi gabe pertsona horretaz judizialki xedatutakoa. Urritasun sentsoriala duten pertsonen intimitatearekiko errespetua ere aurreikusi da.

Era berean, lekukoen erregulazio osoa egin da; bertan behera utzi dira igorpenak, zehaztu da lekukoen beharra eta testamentu bakoitzean zenbat behar diren, kendu da derrigortasuna notario aurreko testamentu irekian, eta esplizituki ezarri dira haren baldintzak, foru-berezitasun guztiak mantenduta, auzotasunaren beharra izan ezik, ez baita beharrezkotzat jotzen.

Arlo honetan arautu gabe gelditu diren gauza guztietarako, formula gisa hartu da zuzenbide erkidean araututako testamentu guztietara igorpen dinamikoa egitea, holografoa izan ezik, zeina berariaz arautzen baita notariotza-legeria beteta eta horren gainean Foruak berak jasotzen dituen berezitasun zehatzak ahaztu gabe.

Ermandadeko testamentua sakon aztertu da haren eragingabetasunari eta errebokatzeari dagokienez. Lehenaz denaz bezainbatean, hausturan oinarrituriko arrazoi espezifikoak jaso dira ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek egindakoen kasuetarako, eta eragingabetasuna haien xedapen guztietara hedatu da, segurtasun juridiko handiagoaren mesedetan, doktrinak jada aldezten zuenarekin bat. Horrekin batera, kausa-bereizketa egin da ezkonduen eta bikoteen artean; edozein kasutan ere galdatzen da konstantzia fede-emailea, segurtasun handiagoa izateko, eta jasotzen dira orain arte zalantzagarriak ziren kasu batzuk; hots, ezkondu aurretik egiten duten pertsonena, eta bikote egonkorra izan eta ondoren ezkontzen direnena. Berariaz jaso da testamentugilekideetako batek testamentua egiteko gaitasuna galtzen dueneko kasua ere, deklaratuta, alde batetik, horren errebokaezintasuna, deusetan ukatu gabe testamentuak berak beste aurreikuspen bat ezar dezakeela, eta, horrekin, ermandadeko testamentugileak bultzatuta aintzat har dezaten berariaz egoera hori, gertatzen den ohikotasun berarekin, heriotzaren kasurako; eta ahalbidetuta, bestalde, korrespektiboak ez diren xedapenak edo oinordeko izan ezin diren pertsonen alde egindakoak errebokatzea.

3. Fideltasun-gozamena orain alarguntza-gozamena deitzen da, araudi berrira egokitzeko eta Nafarroako zuzenbidean zuen aurreko izena berreskuratzeko.

Bikote egonkorretara ere hedatu da, lehenbiziko liburuko VII. tituluan haientzat ezarritako estatutu juridikoaren arabera eta hura zorrozki betez, halako moldez non kapitulu honetan jasotako legeak bizirik dirauen bizikideari aplikatuko baitzaizkio espresuki eta borondatez xedatu denean hori, eta kasu horretan soilik.

Baztertze-arrazoiak aldatu dira, errealitate sozialera haiek egokitzeko, eta honako hauek jasotzen dira halako arrazoitzat: banantze egoera, kausatzailearen eta ondorengo ahaideen kontrako atentatu larriak, familia-harremanen aurkako delituak eta guraso-erantzukizuna kentzeko arrazoiak.

Kommutaziorako aukera sartzen da familia-enpresa denean, eta berariaz uzten dira horretatik kanpo bereziki babestutako ondare bat osatzen duten ondasunak. Inbentarioari dagokionez, horretarako galdakizunak malgutu dira, hala formari nola epeari dagozkionak, eta argitu da kausatzailearen heriotzarengatik jadanik lortu den eskubidearen egikaritzea ahalbidetzen duela; mugatu da zein kasutan formalizatu behar den, eta bermatu da jabe soilak presentzia izatea egintza horretan.

Jabe soilaren betebeharren arloan, erantsi da desorekagatik eman beharreko konpentsazioaren ordainketari dagokiona, erakunde horren araubidearekin bat etorriz eta betebeharraren iraupenaren kasuetarako, 105. lege berrian xedatutakoaren ildotik.

4. Seniparte nafarrak bere betidaniko taxuketari eusten dio; hots, erakunde formal huts gisa dirau, ondare-edukirik gabe. Eta, nahiz eta ezabatu orain arte 267. legean jasotako espresioa, horren adierazpena erraztearren, aintzat harturik haren terminologiaren zaharkitua eta, are, nahasmena sor lezakeela, ez zaio bizkarrik ematen testuan hartaz literalki oroitzeari, identitate-ikur bezala, tradizioz adierazi izan den bere horretan. Senipartea mantentzearen ondorioz, beharrezkoa da argitzea zein diren preterizio kasuak eta horren ondorioak, bai eta instituzioaren formalitatea malgutzea ere notarioaren esku-hartzerik gabe egindako testamentuetarako, behar diren legeak aldatuta.

5. Lehenago aurreratu denez, Foru Berriak seme-alaben babesa taxutu du xedatze-askatasunaren muga gisa, lehenbiziko ezkontzazko seme-alabei zedarritua. Erakunde hori, zeinaren arnasa eta pilpira Foru Berriaren luze-zabalean nabari baitira, doktrinak askotan kritikatua izan zen, errealitate sozialei egokitu gabe egoteagatik eta, are, desgaituaren ondare-tutoretza eragozteagatik; konstituzio-kontrakotasun erantzukiak ere egin zitzaizkion, bai eta auzitegien doktrinaren ondoriozko ñabardurak ere, nahiz eta ez gatazkarik gabe.

Seme-alaben eta ondorengoen babesa premia handiagoko kasu eta uneetarako pentsatu da orain, zeinetan behar bezalako interes-haztapena eginez justifikatuko baitira ezarri beharreko betebeharrak eta xedatze-askatasunari ipini beharreko mugapen juridikoak.

Hala egin da, adierazitakoaren arabera, adin nagusiko izan bai baina oraindik gurasoengandik beregain bizitzeko modurik lortu ez duten seme-alaben kasuan, haien gastuetarako ekarpena egiteari eta familiaren etxebizitzaren erabileran irauteari dagokionez, aukera hori lortzeko behar den denbora neurritsuan.

Premia egoera halaber da oinordetzaren arloan kapitulu berri bat sarrarazi duen arrazoia, xedatze-askatasunaren mugapenen barrenean, oinarrizko beharrizanak dituzten seme-alabei eta ondorengo ahaideei babesa emateko. Eta horrela, legez aitortzen zaie mantenu-eskubidea laguntza hori ematera behartua zegoen gurasoa hil ondoren hori erreklamatzeko legezko egoeran daudenei, guztiak barne harturik; alegia, bai ezkontza barrenekoak bai ezkontzaz kanpokoak, bai eta geroagoko edozein bikoterekin izandakoak ere, eta are, denen jatorria bikote-harreman bakar bat denean ere; hala, aplikatuko da bikote-harreman berriak gorabehera eta edozein diskriminazio ekidinez. Foruak aurreikusi eta mantendu egiten duenez alarguntza-gozamena duenak ordaindu behar duela mantenua, orain araututako erakundea aplikatuko da betebehar hori duen gurasoaren alargunak gozamenari uko egin edo hori beste arrazoi batengatik azkentzearen kasuetan bakarrik, zeinetan bikote egonkorrak ez duen gozamen itundurik, bai eta gozamena horiek estaltzeko nahikoa ez denean ere. Kasu horietan guztietan, gurasoaren legezko betebehar hori haren borondatezko oinordekoen eskuetara pasatzen da, haiek izan daitezen, lehentasunezko beste legezko betebeharpekorik ez badago (ezkontidea edo ondorengoak), bere gain hartuko dutenak mantenua ordaintzea guraso zendua behartua zegoen edukiarekin; betiere, jasotako ondare-esleipenaren mugen barrenean eta horren kargura.

6. Orain arte “bigarrenez ezkondutakoaren erreserba” deitutakoren asmoa da babestea bere ondasunez beste gurasoaren mesedetan xedatzen duen gurasoaren borondatea, bai eta horrekin izan dituen seme-alabak babestea ere. Horrela, instituzioa mantentzen da, nahiz eta, seme-alaben arteko edozein diskriminazio eragozteko, horren aplikazioa bikoteetara hedatu den, eta erreserbatze-betebeharraren sorrera-unea parekatu ezkonduen eta bikote egonkorraren artean. Horretarako, tituluaren izena aldatu da; orain da “seme-alaben aldeko erreserba”, eta testua egokitu da aipatutako kasu guztietara.

7. Legezko oinordetza aldatu egin da, oinordetza-hurrenkerari dagokionez; izan ere, orain arte indarrean zena ez zetorren bat sentsibilitate eta borondate sozial errealekin, eta, halaber, ez zen berdintasuneko eta segurtasun juridikoko arrazoien ondoriozkoa; horrek, bere aldetik, ekarri du anai-arreba guztiak parekatuak izatea, kontuan hartu gabe haien lotura bikoitza edo bakuna den.

8. Jarauntsia eskatzeko akzioa, preskripzio epeari dagokionez, orain arte 30 urtekoa baitzen, harmonizatu da eskuratze-preskripzioaren araudi berriarekin. Hain zuzen ere, nahiz eta atariko liburuko IV. tituluan jarraitutako ildo laburtzaile eta bateratzailearen arabera 10 urteko epe bat ezarri beharko zen, aipatutako harmonizazioa aukeratu da, zeinak baitakar preskribatuko dela bateraezintasuna daukan usukapioaren ondorioz bakarrik; horrekin erdibideko egoerak saihesten dira, zeinetan gauza “res nullius” bihurtuko baitzen, eta behar den segurtasun juridikoa ematen da.

V.–Hirugarren liburua.

Oraingo hirugarren liburuak hartzen du orain arte horren I. titulutik VII.era artekoen edukia zena, eta gainerakoa laugarren liburu berria osatzera igaro da; hala, sistematikoki bereizi dira ondasunei buruzko zuzenbidea eta betebehar, estipulazio eta kontratuei buruzko zuzenbidea.

1. Foruaren testuan mantendu egin da ondasunen sailkapena, legegintza-eskumenaren adierazpen gisa, gero horren arauzko garapena ahalbidetzeko, Konpilazioan ez ezik, izaera pribatu nahiz publikoko beste arau batzuetan ere. Baina idazketa egokitu da izaera administratiboko arauetara (Nafarroako Ondareari buruzko Foru Legea, Toki Administrazioari buruzko Foru Legea eta Ondasunen gaineko Erregelamendua), halako moldez non, ondasunak publiko gisa sailkatuz gero, ukatu gabe aurresuposatzen dela horiek, auzotar guztienak izateaz gain, administrazio publikoenak ere badirela, egiten baita helburuaren araberako sailkapen bat, hau da, batetik jabari publikokoak, (horien barrenean daude herri-ondasunak), eta bestetik ondare-ondasunak. Kontzeptu horien edukia osatu behar da aipatutako legeria administratiborako igorpenaren bidez. Bestalde, kendu egin direnez orain arte 42. eta 43. legeetan jasotzen ziren enteak, titularrari egindako erreferentzia ezin da besterik izan administrazio publikoak baizik, legeria administratiboan taxututa dauden moduan (Foru Komunitateko Administrazioaren Foru Legea).

2. Preskripzio azkentzailearen epeak murriztearekin batera, usukapioarenak ere aldatu dira. Horri buruz, 35. legearen idazketa berriak berarekin dakar preskripzio azkentzailearen epeei buruzko harmonizazio baten beharrik ez egotea, zeren eta eskuratze-preskripzioa Foruan berariaz arautzen baita usukapioari eta zortasunen eskuratze-preskripzioari dagokienez bakarrik, eta azken horrek usukapioaren epeetarako igorpena egiten du. Hau da, Foruak berak diseinatutako elkarmendekotasunak, akzio errealen preskripzio azkentzailearen epearen eta usukapio epeen arteko horrek, atea zabalik uzten du eskuratze-preskripzioaren edo usukapioaren edozein epe ezartzeko, preskripzio azkentzailearen araudia aldatu beharrik izan gabe. Horregatik, aldaketa ardaztu da epeen murriztapenean eta horien etenaldiari eta uko egiteari dagokienaren harmonizazioan; eta, horretarako, beste zuzenbide zibil berezi eta europar batzuek jarraitutako bidetik, usukapitzeko epeak murriztu dira eta ezabatu egin dira inguruabar baten araberako epe desberdinak, zeina baita bizilekua Nafarroan izan edo ez izatea, gaur egun galdu egin baitu lehen izan zezakeen garrantzia, eztabaidaezinak baitira mugikortasun geografikoak izan duen gorakada eta komunikazioen garapena.

3. Gauza amankomunaren zatiketa eta adjudikaziorako prozedura judizialari buruzko egungo erregulazioak arazo praktiko gehiegi sortu ditu bere fase exekutiboan. Sesta ematearen figura, Bilduma Pribatuari egindako oharretan ageri den bezala, hartu zen Nafarroako udalerriek berezkoak zituzten administrazio-kontrataziorako arau batzuei zegokiena zuzenbide pribatura hedatu zuen ohituratik. Hala, proposatutako araudi berriak desberdintzen ditu, erkidego kasuei dagokienez, gauza bakar zatiezinen gainekoak eta, bestetik, zenbait ondasunen gainekoak, eta hurrengo izapideak antolatzen ditu; horien artean funtsezko izapidea zera da, enkantean adjudikaziorako eskaintza egite aldera jada tasazio-balioa eskaini duten jabekideen agerraldi judiziala. Izapide horien bidez ezin adjudikatu izateak ahalbidetzen du, bere aldetik, jotzea PZLk araututako enkante judizialera edo Foru Berriko 574. legeko enkante pribatura. Hori ere birmoldatu egiten da.

4. Erkidego berezien arloan, amankomuneko erkidegotik hasita, beharrezko gertatzen da esplizituki bereiztea ondasun publikoen gaineko erkidegoa, zeina baita auzotar guztiena, eta pribatuak, eta, hala, aldarrikatzen da lehenaren zatiezintasuna eta xedaezintasuna, eta horrekin batera, toki entitatearen aldeko erreskate-aukera aitortzen da.

Erkidego publiko zein pribatuak izateko aukera hori da aldi berean oinarritzen duena Foru Berriaren araudian bazkalekuak mantentzea; horien oinarrizko ezaugarriak izaera zibilekoak dira, berdin delarik horiek eremu administratiboan arautzea eta, hala dagokionean, mota horretako arauak aplikatzea. Era berean, luditzearen oinarria interes soziala eta denen onura besterik ez denez, pentsatu da kargarik gabeko herri-lurra berreskuratze hutsa nahikoa dela bidezkoa izateko, eta, hori hala izanik, zuzentasunezko konpentsazio egokia jada ordaintzen da aprobetxamendu soilaren balioaren kalte-ordainarekin, eta, hala, “lortutako onura”ren parametroa, orain arte nahitaezkoa, baztertu egin behar da kalte-ordainetarako parametro gisa, kasua entitate publiko bati eta herri-ondasun bati buruzkoa denean, legeria publikoan jasotako kasu guztien ildotik. Herri-lurra berreskuratzearen ideia horrekin bat, kasu hauetan atzera-eskuratzea ezartzen da toki entitatearen alde baino ez.

“Fazeria” eta “fazeria-erkidego”-en erregulazioa ere mantendu da Foruan, finka pribatuen gain egokitzen den heinean eta ukatu gabe dagoen eta administrazio eremuan garatu behar den araudia, finka publikoen gain egokitzen denerako. Dena den, eta jada azaldutakoaren ildotik, alegia, ahalbidetzea toki entitateek herri-ondasunen gaineko ahalmen guztiak izan ditzaten auzotar guztien mesedetan, bi erakundeetara hedatzen da bazkalekuetarako aurreikusitako atzera-eskuratzearen eta luditzearen araubide bera.

Horrekin batera, Foruan positibizatzen da, iralekuei dagokienez, aprobetxamendu soilaren presuntzioa, orokortasunez eta finkaren izendapena edo destinoa gorabehera, ezertan ukatu gabe titulartasun pribatiboaren proba, orain arte jurisprudentziak ezarri duen bezala. Hala, itxiturari, atzera-eskuratzeari eta luditzeari dagozkien legeak aplikatzekoak izanen dira, inoren gauzaren gaineko eskubide gisa partikularren arteko aprobetxamendurako eskubide-posibilitateari ez ezik, herri-lurren aprobetxamenduei ere, azken horiei buruz administrazio legeriak ezarritakoa gorabehera, bazkalekuekin gertatzen den bezala.

Ondare-instituzioaren oinarrizko eta funtsezko arau gisa mantentzen da “kontzejuaren jabari”ari buruzko legea, kasuko ibarretako administrazio-ordenantzek ezarritakoa gorabehera, eta, horren osagarri, herri-lurren araubideak xedatutakoa, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 10. xedapen gehigarriak ezartzen duen bezala. Eta, azkenik, “kanpoko auzotasuna” mantentzen da eskubide errealei dagokien figura tipiko gisa, nahiz eta, titulartasun eta eskualdagarritasunari buruz testuak jasotzen duen erregulaziotik harago eta aplikatzekoak diren beste figura batzuetara igorpenak egiten dituzten gainerako arauetatik harago, ahalbidetzen den herri-ondasunen administrazio-araubidera jotzea, azken finean izaera horretako lurren gaineko aprobetxamendu bat dela kontuan hartu behar baita. Gainera, eta aplikatze horretan, luditze-araubidea bateratu egiten da bazkalekuekin.

5. Gozamenaren arloan, beharrezkoa zen alderdien eskubide eta betebeharren sistematizazioa, eta hala egin da 414. eta 415. legeetan, bildurik gainerako arauetan sakabanatuak zeuden guztiak.

Lehenago esanda utzi denez, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonak babesteko neurrietako bat izan da biztantzeko eskubide bat arautzea. Nafarroan, biztantze-eskubidea inoren gauzaren gaineko eskubide erreala da, erabileraz nahiz gozamenaz bestelakoa, eta bere titularrari ahalmena ematen dio etxebizitza bat osorik okupatzeko, berarentzat eta berarekin bizi direnentzat (ez dute senitarteko izan beharrik) esklusiboki, bai eta etxebizitza osoa edo horren parte bat alokatzeko ere. Beraz, eskubide hori harago doa bere titularrari aterpe edo bizileku baterako giza premia zuzenean asetzeko modua ematetik. Foruak halaber adierazten duenez horren eraketa borondatezko nahiz legezko xedapen baten bidez egin daitekeela, horrek ahalbidetzen du legezko halako biztantze-eskubide bat ezartzea zeinak mugatu egiten baitu Konpilazioak eskubide honi gainontzean eta borondatezko xedapen berariazkorik ezean ematen dion taxuera. Horrela, legez eratzen da eskubide hori, zeinak bermatzen baitu esklusiboki desgaitasuna izan eta, kausatzailearekin elkarbizitzan egonik, haren aurreko edo ondorengo ahaideak diren pertsonen etxebizitza, baldin eta, betiere, kausatzaileak ez badu beste modu batean xedatu premia horren asetzea, eta salbu utzirik berariazko baztertzea. Hori dela eta, mugatu egiten da eskubidearen titularrak duen errentamendurako aukera. Horrekin batera, Nafarroan ezkontideak etxebizitzaren gain halako eskubideak dituenez zeinak eratortzen baitira oraingo 99. legeak aipatutako adjudikazio eta erabileratik, bai eta alarguntza-gozamenetik ere (azken hori bikote egonkorreko kideari ere egokitzen ahal zaio, hala xedatu bada borondatez), eskubide horiek hemen eratzen denarekin batera existitu beharko dute. Gainerakoan, eta borondatezko bestelako aurreikuspenik ezean, 423. legeak ezarritako araubidea aplikatuko litzateke; hau da, doakoa eta biziartekoa da eta ezin da luditu titularraren borondatearen aurka.

6. Berariaz arautzen da alderantzizko akzesioa; hain zuzen ere, halakorik eza aurpegiratu izan baitio legegileari doktrinaren sektore batek, hura bai baitzegoen jasota Bilduma Pribatuan. Hala, eta akzesioaren eragina azalera- eta gaineraikuntza-eskubideekiko leundu zen bezalaxe, orain aurreikusten da “superficie solo cedit” printzipioa samurtzeko aukera, demostratzen denean gehiegizkoa dela, eraikitzaileak fede onez diharduela eta eraikuntzaren balio ekonomikoa handiagoa dela; oinarri horien gainean erantsi da horren erregulazioa.

7. Atzera-eskuratzeei dagokienez, ikusirik ez dagoela aurreikusia lehentasun bertikalik administrazio arauetan eta zuzenbide zibil erkidean araututako atzera-eskuratzeetan, ezta lehentasun horizontalik ere horietan guztietan, argitu da, lehenari dagokionez, ez dela Foruan jasotako ordena aplikatu behar dena, baizik haren arau erregulatzaileek ezarritakoa. Horrekin batera, lehentasun horizontalari dagokionez, proportzionaltasunaren erregelari heltzen zaio, baina araubide berezirik ez duten atzera-eskuratzeentzat bakarrik (grazia bidezkoa, kanpoko auzotasuna, bazkalekuak eta iralekuak); izan ere, foru-jentilizioak eta zuzenbide erkidean araututakoek lehentasun-erregela propioak dituzte.

Grazia bidezko atzera-eskuratzean, dies a quoa ezartzen da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaietan ezarritakoari jarraikiz. Eta jentilizioan, epea luzatzen da jakinarazpenik ez dagoen kasuetarako, atzera-eskuratzaileari segurtasun handiagoa emateko orain arte eskastzat jotzen zen epe horren aurrean.

Aukera-eskubidearen epeari dagokion testua ere argitu eta harmonizatu egin da; mantendu dira Foruan jasotako hamar urteak, ematen zaion izaera errealaren ildotik eta beharrik izan gabe inskripziorako beste epe bat ezartzeko, baina segurtasun juridiko handiagoa emanez luzapenei dagokienez, Hipoteka Erregelamenduan ezarritako irizpidea hartuta. Horrekin batera, ezartzen dira horren erabilera argitzen duten arauak.

VI.–Laugarren liburua.

Hirugarren liburuko VII.etik XV.era bitarteko tituluak laugarren liburu berria osatzera igaro dira, zeina, bere aldetik, hiru tituluk osatzen duten: I.a, betebeharrei buruzko orokorra; II.a, estipulazioei buruzkoa; eta III.a, kontratuei buruzkoa. Azken hori zortzi kapitulutan banatzen da, honako hauei buruzkoak, hurrenez hurren: mailegu-kontratuak, zentsuak (biziarteko zentsua ezarri da kontsignatarioaren ordez), zaintza eta gordailutzea, mandatua eta negozioen kudeaketa, salerosketa, atzera-eskuratze itunarekin egindako salmenta, trukea eta gauzen errentamendua.

1. Betebeharrei dagokienez, berrantolaketa sistematiko orokor bat egin da, eta horrek modua ematen du hobeki identifikatu eta definitzeko orain arte lege berean jasoak zeuden erakundeak. I. titulu honi hasiera ematen dion iturri-zerrendan, sinplifikatu egiten da zerrenda hori 488. legean, iturriak borondatera eta legera murrizten baitira, nahiz eta, hala ere, aipatzen diren orain arte agertzen ez ziren beste batzuk: egitate kaltegarria eta kausarik gabe aberastea. Era berean, manu horretan jasotzen dira orain arte borondate-deklarazioez aritzean aipatzen ziren hitzarmen-elementuak. Lege hori itxuratzen amaitzen da bertan sartuz interpretazioari dagozkion arauak eta bertatik atereaz kontratuz kanpoko erantzukizuna, modu autonomoan arautze aldera.

Betebeharrak betetzearen eta azkentzearen arloan ere egin da antolaketa hori; haren edukitik erauzi dira bestelakoak diren kontuak, hala nola ez-betetzea. Betetzeari dagokionez, Nafarroako zuzenbidean jasotako bi instituzio garatu dira, hura aplika dadin sustatzeko, oso erabilgarriak baitira krisi garaietan: ordainketa partziala eta nahitaezko ematea. Garapen horrek, baldintza substantiboen zehaztapena ekartzeaz gain, zuzenbide horren aplikaziorako beharrezkoa den espezialitate prozesala ere barne hartu du (Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikulua, Konstituzio Auzitegiaren 135/2006 eta 47/2004 epaiak, eta Konstituzio Auzitegiaren 2011ko ekainaren 19ko epaia), eta betearazpen-prozedurarako ezarri ditu zordunak kontra egiteko kausa bana.

Erakunde ezberdinak indibidualizatzearen helburu sistematiko horrekin, kapitulu berri beregainak erantsi dira, tratatze aldera, batetik, orain arte betetzea, azkentzea eta ez-betetzea bezalako beste gai batzuekin batera arautzen zen betebehar-berrikuspena, eta, beste alde batetik, azken instituzio hori eta loturikoa den erruzko erantzukizuna, nahiz eta kausarik gabeko aberasteari eskainitako atalean mantendu den, halere, “causa data, causa non secuta” deitutako figuran oinarritutako suntsiarazpena.

Kaltearen ondoriozko hutsaltzean, uko egitearen baliozkotasunerako baldintza gehigarriak sartu dira; hain zuzen, dituen ondorio juridikoei buruzko informazio zehatz eta xehea, asmotan hartuz estilo klausulak saihestea, zeinak hain ohikoak baitira, batez ere, uko egitea aldi berean egiten denean kontratuarekin eta horren parte denean klausula estereotipatu baten bidez.

Jada esan bezala, kontratuz kanpoko erantzukizuna aparteko kapitulu bat osatzera igaro da, lege bakarrekoa, eta horretan bildu da aurreko 488.2 legearen edukia. Araubide horretan sartzen da, zabarkeriaren titulu subjektiboarekin batera, jarduera arriskutsua; solidaritate inpropioa aurreikusten da; eta aipatzen da, “ondare”arekin eta “pertsona”rekin batera, hirugarrenaren “interesa”, barne hartze aldera mota guztietako kalte pertsonalak, morala ere. Gainera, eta preskripzioari dagokionez, haren “dies a quo”a arautzen da.

Kausarik gabeko aberastea ere aparteko kapitulu bat osatzera igaro da; lege bat du eta haren testua argitu da, kausa orokor bat jasotzeko, barne hartuko dituena bai zeharkako eskualdatzeak eta bai zeharkako aberastea, eta kausarik gabeko eskuratze eta atxikitzea sistematizatzen da, itzultze-betebeharrarekin batera doazen ondorioak gehituta, doktrina jurisprudentziala denboran zehar ezarri dituen bezala.

Titulu hau ixten du betebeharren lagatzeari buruzko kapituluak. Azken urteetako krisi larriak ekarri du diru kopuruen erreklamazio asko aurkeztea, eta horrek pareko gorakada ekarri du aurkezturiko demanda judizialetan, zeinetatik eratorri baita, geroago, ordaindu gabeko kredituetako batzuen salmenta. Egoera horrek eraman du, bai zuzenbide erkidearen eremuan eta bai Nafarroan, ordura arte erabilgarritasun demostraturik izan ez zuten zenbait figura juridikori heltzera, hala nola, batetik, Kode Zibileko 1535 artikulua, auzipeko kredituetara mugaturiko xededuna, eta, bestetik, hemen, Nafarroan, Foruaren 511.etik 514.era bitarteko legeak, zeinek aplikazio-eremu zabalagoa baitute, kredituak orokortasunez jorratzen dituztenez gero. Hori dela eta, Nafarroako zuzenbidean aurreikusitako instituzio horien garapenak, oso erabilgarriak baitira aplikazio praktikoan, behar du haien baldintzen definizio hobea, bai eta gutxieneko egokitzapen prozesal bat ere, beharrezkoa eta berezitasun substantibotik eratorria. Horretarako, kontuan hartu da praktika judiziala, esan nahi baita galdatzen dela zordunak zorrozki jakitea zein den lagapenaren prezioa, bere eskubidea erabiltzeko aukera izan dezan, bai eta gehiegizko eskaera ere, kasuko betearazpen-prozedurari kontra egiteko kausatzat hartua.

2. IV. liburu “berri”ko II. titulua estipulazioei buruzkoa da, eta hor landu da, batez ere, legean estipulazio penalari eskainitako araubide berri bat; kendu dira Nafarroako araudian zorroztasun handienekoak ziren bi berezitasunak, kritika doktrinal asko jasotakoak: epaile-moderazioaren ezintasuna, eta zorduna askatzearen ezintasuna, betebehar nagusitik libre utz lezakeen kausaren bat egon arren. Gainera, esplizituki bereizten dira jada haren testutik ondorioztatzen ziren klausula penal ezberdinak, zigortzailea, likidaziokoa eta fakultatiboa, zeinak, gaur egun, doktrinak eta jurisprudentziak aitortzen dituen, nahiz eta abiapuntutzat hartzen den, orain arte bezala, klausula zigortzailea; hala, beste bietarako beharrezkoa da berariazko ituna.

3. Eta azkenik, III. titulua Konpilazioan araututako kontratuei buruzkoa da; bakoitzak aparteko kapitulu bat betetzen du.

Zerrendari hasiera ematen dio maileguaren eta komodatuaren erregulazioaren aldaketa puntualak. Berrikuntza nagusienak dira mailegua ukitzen dutenak, bai ordainketako bai luzamenduko interes ez-zilegi edo abusuzkoen itunaren eragingabetasun partziala gehitu baita, areagotzearren kontratatzaile ahula babesteko eginkizuna, Europako zuzenbidearen bideratze berriaren araberakoa, bai eta adingabeei eta jarduteko gaitasun judizialki aldatua duten pertsonei egiten zaizkien maileguen berrikuspena eta egokitzapena ere, babeste-helburu berarekin.

Zentsuak II. kapituluaren edukia izatera igaro dira. Foruan orain arte araututako zentsu bakarra zainpeketa-zentsua deitutakoa zen, baina gaur egun ez du batere erabilgarritasun praktikorik. Hala ere, zentsuaren figurak aplikazio erabilgarri bat izaten jarrai dezake “biziarteko” izenez ezagutzen den modalitatean, eta horregatik egokitu da orain arte araututakoa, bitarteko juridiko bat izan dadin bizitzako edo maila pertsonaleko arazoak konpontzeko, are familiaren eta jaraunspenaren arlokoak ere. Horretarantz jotzen dute araudi hori osatzen duten arau konkretuek, eta hori da, halaber, eguneratzearen oinarria.

Zaintza eta gordailutze-kontratuak III. kapituluan berrantolatu dira, haien edukia mantenduta; mandatua eta negozioen kudeaketa IV. kapitulua osatzera igaro dira eta horiek ere gorde dute beren edukia.

V. kapitulua salerosketari buruzkoa da, eta bertan aldaketa, integratze eta ezabatze tekniko puntualak egin dira; izan ere, doktrinak salatuta zeuzkan zenbait zuzentasun falta edo hutsune. Partikularren arteko enkantearen berrantolaketa egokia egin da. VI.ean jaso da atzera-eskuratze itunarekin egindako salmenta; aldatu den gauza bakarra preskripzioaren araubide berriaren ondoriozko epea da, eta VII.ean eduki berarekin mantendu da trukea.

Bukatzeko, titulua ixten duen gauzen errentamenduan, halaber zehaztasun tekniko jakin batzuk bakarrik egin dira, doktrinak adierazitakoak, beharrezkoak baitira argiagoa egiteko haren testua eta araubide horrek Nafarroan jasotako errentamendu-lege bereziekin duen harremana.

1. artikulua. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioaren liburu, titulu eta kapitulu hauen izenburuak eta osaera aldatzen dira. Aurrerantzean, izenburu eta eduki hauek izanen dituzte:

1. Atariko liburua. Titulu hauen osaera eta izenburuak aldatzen dira:

II. titulua: 11., 12. eta 13. legeak.

III. titulua: “Eskubideen egikaritza eta borondate-deklarazioak”: 14. legetik 22. legera bitartekoak.

IV. titulua: “Preskripzio azkentzailea eta akzioen iraungitzea”. Bi kapitulu ditu: I. kapitulua: “Akzioen preskripzioa”: 23. legetik 37. legera bitartekoak; eta II. kapitulua: “Akzioen iraungitzea”: 38. legetik 41. legera bitartekoak.

2. Lehenbiziko liburua. Aurrerantzean, izenburutzat “Pertsonak, Familia eta Etxe Nafarra” izanen du, honako tituluekin eta osaerarekin:

I. titulua: “Pertsona juridikoak, babes berezia duten ondareak eta nortasunik gabeko beste ente batzuk”. Hiru kapitulu ditu: I. kapitulua: “Pertsona juridikoak”: 42. eta 43. legeak; II. kapitulua: “Desgaitasuna edo erkidego nahiz familia-taldearekiko mendekotasuna duten kideentzat babesturiko ondareak”: 44. eta 45. legeak; eta III. kapitulua: “Nortasunik gabeko beste ente batzuk”: 46. legea.

II. titulua: “Pertsona indibidualen gaitasuna eta ordezkaritza”: 47., 48. eta 49. legeak.

III. titulua: “Familiaren babes juridikoa”: 50. legea.

IV. titulua: “Seme-alabatasuna”. Hiru kapitulu ditu: I. kapitulua: “Printzipio orokorrak”: 51. eta 52. legeak; II. kapitulua: “Seme-alabatasun naturala”: 53. legetik 58. legera bitartekoak; eta III. kapitulua: “Adopzio bidezko seme-alabatasuna”: 59. legetik 63. legera bitartekoak.

V. titulua: “Guraso-erantzukizuna”: 64. legetik 77. legera bitartekoak.

VI. titulua: “Ezkontzako ondasun-araubidea”. Sei kapitulu ditu: I. kapitulua: “Indarraldian zeharreko printzipio amankomunak”: 78. legetik 82. legera bitartekoak; II. kapitulua: “Ezkontzako itunak”: 83. legetik 86. legera bitartekoak; III. kapitulua: “Konkisten ezkon-sozietatea”: 87. legetik 99. legera bitartekoak; IV. kapitulua: “Ondasun-erkidego unibertsalaren araubidea”: 100. legea; V. kapitulua: “Ondasun-banantzearen araubidea”: 101. eta 102. legeak; eta VI. kapitulua: “Indarraldiaren osteko printzipio amankomunak”: 103., 104. eta 105. legeak.

VII. titulua: “Bikote egonkorra Nafarroan”: 106. legetik 113. legera bitartekoak.

VIII. titulua: “Ondasun-likidazioa bigarren edo ondorengo elkartzeetan”: 114., 115. eta 116. legeak.

IX. titulua: “Elkarri laguntzeko erkidegoak”: 117., 118. eta 119. legeak.

X. titulua: “Dohaintzak familiarentzat eta familia-ondarearen batasunerako eta jarraitutasunerako”: 120. legetik 126. legera bitartekoak.

XI. titulua: “Etxe Nafarra”. Bost kapitulu ditu: I. kapitulua: “Etxea eta Etxearen eskualdatzea, dohaintza ordenatuaren bidezkoa, haren batasunerako eta jarraitutasunerako”: 127. eta 128. legeak; II. kapitulua: “Konkisten familia-sozietatea”: 129. legetik 133. legera bitartekoak; III. kapitulua: “Familia-erkidegoak”: 134., 135. eta 136. legeak; IV. kapitulua: “Etxe-harrera eta zuzkidurak”: 137. eta 138. legeak; eta V. kapitulua: “Ahaide nagusiak”: 139. legetik 147. legera bitartekoak.

3. Bigarren liburua. Izenburu hauek aldatzen dira:

II. liburuko X. tituluko I. kapitulua: “Alarguntza-gozamena”.

II. liburuko X. tituluko III. kapitulua: “Mantenua emateko betebeharra”: 272. legea.

4. Hirugarren liburua. Bi liburu ditu: “Ondasunak” izenburuko III. liburuaren edukia egungoaren I. titulutik VII. titulura bitartekoena da, eta zenbakiak, hurrenkera, izenburuak eta osaera oraingo berak dira; guztira, 346. legetik 487. legera bitartekoak hartzen ditu.

5. Laugarren liburua sortzen da, “Betebeharrak, estipulazioak eta kontratuak” izenburuarekin; horren edukiak barne hartzen du orain arte III. liburua izan denaren VIII. titulutik XV. titulura bitartekoen edukia, eta honako titulu, kapitulu eta lege hauek ditu, izenburu eta eduki hauekin:

I. titulua. “Betebeharrak orokorrean”. Zortzi kapitulu ditu: I. kapitulua: “Betebeharren iturriak eta efektuak”: 488. legetik 491. legera bitartekoak; II. kapitulua: “Betebeharrak betetzea eta azkentzea”: 492. legetik 497. legera bitartekoak: III. kapitulua: “Betebeharrak berrikustea”: 488. legea; IV. kapitulua: “Betebeharrak ez betetzea”: 499. legea; V. kapitulua: “Kaltearen ondoriozko hutsalketa”: 500. legetik 506. legera bitartekoak; VI. kapitulua: “Kontratuz kanpoko erantzukizuna”: 507. legea; VII. kapitulua: “Kausarik gabeko aberastea”: 508., 509. eta 510. legeak; VIII. kapitulua: “Betebeharrak lagatzea”: 511. legetik 514. legera bitartekoak.

II. titulua: “Estipulazioak”. Bi kapitulu ditu: I. kapitulua: “Hitzemateak orokorrean”: 515. legetik 524. legera bitartekoak; eta II. kapitulua: “Fidantza”: 525. legetik 530. legera bitartekoak.

III. titulua: “Kontratuak”. Zortzi kapitulu ditu: I. kapitulua: “Mailegua eta komodatua”: 531. legetik 540. legera bitartekoak; II. kapitulua: “Biziarteko zentsua”: 541. legetik 544. legera bitartekoak; III. kapitulua: “Zaintza- eta gordailutze-kontratuak”: 545. legetik 554. legera bitartekoak; IV. kapitulua: “Mandatu-kontratua eta negozio-kudeaketa”: 555. legetik 562. legera bitartekoak; V. kapitulua: “Salerosketa”: 563. legetik 574. legera bitartekoak; VI. kapitulua: “Salmenta atzera-eskuratze itunarekin egitea”: 575. legetik 583. legera bitartekoak; VII. kapitulua: “Trukatzea”: 584., 585. eta 586. legeak; eta VIII. kapitulua: “Gauzen errentamendua”: 587. legetik 596. legera bitartekoak.

2. artikulua. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioko honako lege hauen testua jarraian adierazitakoa izanen da:

1. LEGEA

Konpilazioa. Foru zuzenbide pribatuaren Konpilazio edo Nafarroako Foru Berri honek jasotzen du bere onespen-egunean antzinako erresumaren zuzenbidetik indarrean dirauen zuzenbide zibila, tradizioarekin eta bertako ohitura, foru eta legeen betetze praktikoarekin bat etorriz; Nafarroako errealitate sozialaren arabera eguneratu da, eta harmonizatu da Nafarroako Parlamentuak bere eskumen historikoaz baliatuz emandako gainerako arau zibilekin.

Nafarroako tradizio juridikoa. Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren esangura historikoaren eta iraupenaren adierazpen gisa, jatorria zuzenbide horretan duten erakundeei dagokienez Konpilazioko legeen interpretazio eta integrazioa egiteko lehenespena dute honako hauek, eta hurrenkera honetan: Bilduma Berri-berriaren ondoren Gorteetan egindako legeek; Bilduma Berri-berriak; Foruaren Hobetzeek; Nafarroako Foru Orokorrak; eta Zuzenbide Erromatarretik hartua izan denak.

2. LEGEA

Iturri-hurrenkera. Nafarroan, zuzenbide-iturrien hurrenkera honako hau da:

1. Nafarroako errealitate sozialak ezarritako ohitura.

2. Konpilazio honetako legeak eta Nafarroako lege zibilak.

3. Nafarroako Zuzenbidearen printzipio orokorrak.

3. LEGEA

Ohitura. Nafarroako errealitate sozialean ezarri eta errotutako ohitura, legez kontrakoa denean ere, gailendu egiten zaio idatzizko zuzenbideari, baldin eta ez badoa moralaren edo ordena publikoaren aurka. Tokiko ohiturak lehentasuna dauka ohitura orokorraren aldean.

Ohitura ez baldin bada nabaria, auzitegietan alegatu eta frogatu beharko da.

4. LEGEA

Printzipio orokorrak. Printzipio orokor dira Nafarroako ordenamendu zibil osoa itxuratzen dutenak; besteak beste, izaera historikokoak, bai eta ordenamendu horren xedapenetatik eratortzen direnak ere.

5. LEGEA

Analogia. Foru Zuzenbide Pribatuan berariaz jaso gabeko kasuetan, haren hutsuneak bete beharko dira haren xedapenen hedapen analogiko arrazionalaren bidez.

Presuntzioak. Konpilazio honetan ezarritako presuntzioak “iuris tantum” erakotzat hartuko dira, salbu eta legeak espresuki baztertzen duenean aurkako froga oro.

6. LEGEA

Lehentasuna eta ordezkotasuna. Kode Zibila eta Espainiako lege orokorrak Konpilazio honen eta 1. legeak azaldutako nafar tradizio juridikoaren ordezko zuzenbide izanen dira.

7. LEGEA

“Paramientoa”. “Paramiento fuero vienze” edo “paramiento ley vienze” printzipioari jarraikiz, aldebakarreko edo kontratuzko borondatea gailendu egiten zaio edozein zuzenbide-iturriri, salbu eta moralaren edo ordena publikoaren aurkakoa denean, hirugarrenari kalte egiten dionean, edota Konpilazio honetako debekuzko manu baten aurkakoa izan eta manu horrek deuseztasun-zehapena dakarrenean.

Ordena publikoaren mugaz barnekotzat jotzen dira, besteak beste, giza eskubideen eraginkortasuna, erakunde juridikoen oinarria eta Konstituzioaren bidez finkatutako sistema demokratiko eta sozialak berezko dituen balioen zaintza.

10. LEGEA

Barneko lege-gatazkak. Konpilazio honek arautzen ez dituen gaietan, barneko lege-gatazkak ebatziko dira Estatuko arau orokorrak aplikatuz eta ordenamenduen arteko parekotasunaren printzipioaren arabera.

11. LEGEA

Izaera zibilaren zehaztapena. Nafarroako forudun izateak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila bete behar izatea dakar. Auzotasun zibilaren arloko Estatuko arau orokorrek arautuko dute forudun izaera, ordenamenduen parekotasunaren printzipioa errespetatuz.

12. LEGEA

Pertsona juridikoen foruduntasuna. Pertsona juridikoen arauketa Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoa denean, haien egoitza Nafarroan egoteak erakarriko du foruduntasuna, eta pertsona horiek Nafarroako Zuzenbideari loturik egon beharko dute.

13. LEGEA

Foruduntasunaren efektuak. Forudun diren pertsonek gauzaturiko egintzek ez dute baliozkotasunik galduko pertsona horiek gero beste zuzenbide bati loturik geratzen badira ere; baina egintza horien efektuak beste ordenamendu horren galdakizunei egokitu beharko zaizkie.

Izaera-aldaketak. Era berean, egintzak baliozkotasunez gauzatu eta gero horien egileek forudun-izaera eskuratzen badute, egintza horiek Nafarroako zuzenbidearekin bat etorriz sortu beharko dituzte beren efektuak, are egintza gauzatzean arau-emailetzat harturiko ordenamenduaz bestelakoa denean Nafarroako zuzenbidea.

14. LEGEA

Eskubideen egikaritzearen mugak. Eskubideak libreki egikaritu daitezke, eta horren muga bakarrak dira haien izaeraren, ohituraren, legearen, moralaren, fede onaren eta gauzak beste pertsona batzuek kaltegabeki erabiltzearen ondoriozkoak, eskubide-abusuan edo eskubide-egikaritze antisozialean erori gabe.

15. LEGEA

Eskubideak iruzurrez egikaritzea. Baldin eta egintzak gauzatu badira hirugarren baten eskubidea bidegabeki baztertzeko asmoarekin, zilegi da egintza horiek aurkaratzea eta, aldi berean, iruzur egin nahi izan zitzaion eskubidea egikaritzea.

16. LEGEA

Ez egikaritzearen ondoriozko eskubide-azkentzea. Eskubideak azkendu daitezke egikaritze-ezagatik hala itundu izanez gero, edo ohiturak nahiz legeak aurreikusitako kasuetan.

17. LEGEA

Burutze formala. Edozein dela ere borondate-deklarazioa egiteko erabilitako forma, deklarazio hori baliozkoa eta zilegia da berorretatik eratorritako eskubideak egikaritzeko.

Dena den, legeak egintza edo kontratu jakin batzuetarako forma zehatzik ezarri ez arren kasuko forma espresuki hitzartu bada, egintza edo kontratu horiek ez dira burututzat joko, forma hori betetzen ez bada. Egintza bati eskuarki forma zehatz bat ematen bazaio, presuntzioz joko da alderdiek egintzaren burutzea baldintzatu nahi izan dutela forma horren betetzera.

Nafarroako lege zibilaren aginduz forma jakin bat bete behar den kasuetan, hori solemnitatezkotzat hartuko da.

18. LEGEA

Isiltasuna edo ez-egitea. Isiltasuna edo ez-egitea ez dira borondate-deklaraziotzat joko, baldin eta alderdiek ez badute halakorik hitzartu, edo ez bada hala interpretatu behar legeari, ohiturari edo usadioei jarraituz.

19. LEGEA

Borondate-deklarazioen deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta hutsaltzea. Ezertan eragotzi gabe 47. legean xedatutakoa, borondate-deklarazio deusezak dira ulertzeko eta nahi izateko gaitasun naturalik ez duten pertsonek eginikoak, xede ezinezkoa edo immorala dutenak eta legez debekaturik dauden guztiak. Halaber, deusezak dira gaitasuna judizialki aldatua duten pertsonek epaian ezarri diren debekuak urratuta egindakoak.

Deuseztagarriak dira adingabe emantzipatugabeek egindako deklarazioak, salbu eta frogatzen denean ez zeukatela inolako arrazoimenik horiek egiteko unean; zeren eta, kasu horretan, erabat deusezak izanen baitira. Era berean, deuseztagarriak dira pertsona emantzipatuek behar bezalako laguntzarik gabe egindako borondate-deklarazioak, 48. legeak xedatzen duenaren arabera laguntza hori beharrezkoa denean. Halaber, deuseztagarriak izanen dira gaitasuna judizialki aldatua duten pertsonek egindakoak, epaian ezarritako gaitasun-osagarririk gabe jarduten dutenean.

Borondate-deklarazioak hutsalgarriak dira legeak hala xedatzen duenean.

20. LEGEA

Borondatearen akatsak. Deuseztagarriak dira okerraren, doloaren nahiz indarkeria fisiko edo moral larriaren eraginez akastun diren deklarazioak, baina ezin izanen da alegatu egitatezko edo zuzenbidezko errakuntza desenkusaezina.

21. LEGEA

Bidegabeko eragina. Borondate-deklarazioak deuseztagarriak dira egiten direnean noren eta, bere mendean egilea izanda, bestela eskuratuko ez lukeen abantaila bat berarentzat edo beste batzuentzat lortzeko asmoz egoera hori aprobetxatzen duenaren alde.

Abusuzko eragina. Era berean, deuseztagarriak dira beste pertsona baten abusuzko eraginaz egiten direnean, halako moldez non pertsona horrek, beragan jarritako konfiantza edo deklaratzailearen ahulezia mentala edo herstura aprobetxatuta, onura bat lortzen baitu.

22. LEGEA

Simulazioa. Egintzek sortzen dituzten efektuak alderdiek eginiko deklarazioaren berezkoak dira; baina, simulatuak badira, balioko duena alderdiek benetan egin nahi izan duten hori bakarrik izanen da, zilegi bada eta legeak horretarako eskatzen dituen betekizun formal guztiak betetzen baditu.

Simulaturiko deklarazioaren deuseztasuna ezin da alegatu fede oneko hirugarrenen aurka.

23. LEGEA

Preskripzioa. Beren izaeragatik edo legeak hala xedatzeagatik preskribaezinak ez diren akzio guztiak kapitulu honek edo akzioen araubidea ezartzen duten gainerako legeek zehazten dituzten epeetan preskribatuko dira.

Akzioak egikaritzeko ezartzen diren epeak preskripziokotzat jotzen dira presuntzioz.

Legezko xedapen berezirik ezean, preskripzio-epeak zenbatuko dira, behin akzioak egikaritzeko modua egonez gero, akzioen titularrak preskripzioari oinarria ematen dioten egitateak bai eta akzioa zer pertsonaren aurka zuzendu behar den ere badakizkienetik edo taxuzko ustez jakin ahal izan dituenetik .

Preskriba daitekeen edozein uzi betiere azkentzen da sortu zenetik hogeita hamar urteko epea igarotzean, berdin delarik preskripzioa eteteko edo geldiarazteko kausarik egon den.

24. LEGEA

Uko egitea. Preskripzioari garaiz aurretik edo mugagabeki uko egitea dakarren edozein itun deuseza izanen da.

Burututako preskripzioari uko egiteak ez ditu hirugarrenen eskubideak kaltetuko, eta akzioaren preskripzioaz baliatu nahi dutenen eskubideak ere ez, are uko-egileari solidaritate-loturaz elkarturik daudenean ere.

25. LEGEA

Zerbitzu- eta hornidura-ematea. Emandako zerbitzu profesionalengatiko eta merkatari batek saldutako merkatu-gaiengatiko edo animaliengatiko zorren ordaintzea merkatari ez den norbaiti exigitzeko akzioak bost urteren buruan preskribatuko dira, zerbitzua eman edo gauza entregatu zenetik. Zorra agiri batean jasota badago, akzioa hamar urteko epean preskribatuko da. Epe hori zerbitzua eman edo gauza entregatu zenetik hasita zenbatuko da, agirian bestelakorik ezarri ezean.

26. LEGEA

Maileguak. Interesdun maileguetan, bost urte igarotakoan preskribatuko da kapitala erreklamatzeko akzio pertsonala; interesak erreklamatzeko akzioa, berriz, urtebete igarotakoan. Mailegua interesik gabekoa denean, 35. legean xedaturikoa aplikatuko da.

Kapitala data zehatz batetik aurrera galda badaiteke, hori erreklamatzeko akzioaren preskripzio-epea data horretan hasiko da. Bestela, 532. legeko bigarren paragrafoan xedaturikoa bete beharko da. Interesei dagokienez, horiek muga-eguneratu eta ordaindu ez direnetik aurrera zenbatuko da epea.

27. LEGEA

Akzio hipotekarioa. Akzio hipotekarioa hogei urte igarotakoan preskribatzen da.

28. LEGEA

Exekuzio-tituluak. Titulu judizialetan, edo exekuziodun titulu estrajudizialetan, betearazpen-akzioa.

bost urte igarotakoan preskribatzen da. Akzio arruntak indarrean dirau 35. legeak ezarritako epean zehar.

29. LEGEA

Zentsuak. Zentsu-pentsioa erreklamatzeko akzioa bost urte igarotakoan preskribatzen da.

Preskripzio-epea haren ordaintzea galda daitekeen unetik zenbatuko da. Zentsua preskripzio bidez azkentzen da, zentsu-emaileak pentsioa erreklamatu gabe hamar urte igarotakoan.

30. LEGEA

Kaltearen ondoriozko hutsaltzea. Kalte oso handiaren ondoriozko hutsalketa-akzioa bost urte igarotakoan preskribatzen da; eta kalte oso-oso handiaren ondoriozkoa, hamar urte igarotakoan.

Preskripzio-epea kontratua burutzen den unetik zenbatuko da.

31. LEGEA

Hutsaltzea eta aurkaratzea. Aurreko legean jasotzen ez diren hutsalketa-akzioak eta egintza deuseztagarriak aurkaratzekoak lau urte igarotakoan preskribatzen dira.

Hutsalketa-akzioen preskripzio-epea kontratua burutzen den unetik zenbatuko da; eta egintza deuseztagarriak aurkaratzeko akzioarena, indarkeria edo larderia amaitu zenetik edo adostasun akastuna eman zuenak akatsaren edo doloaren berri izan zuenetik. Gainerako ekintza deuseztagarriei dagokienez, 23. legean ezarritakoa beteko da.

32. LEGEA

Saneamendua. Tratua hausteko akzioa eta “quanti minoris” akzioa urtebete igarotakoan preskribatzen dira.

Saldutako gauza benetan entregatzen denetik zenbatu beharko da preskripzio-epea.

33. LEGEA

Edukitza-akzioak. Edukitza atxiki edo berreskuratzeko akzioa urtebete igarotakoan preskribatzen da.

Preskripzio-epea kasuko traba hasten denetik edo edukitza kentzen denetik hasiko da zenbatzen.

34. LEGEA

Preskripzioari buruzko beste lege batzuetarako igorpena. Hurrengo akzioak lege hauetan ezarritako epeetan preskribatzen dira:

1. Ezkontide batek beste ezkontidearen adostasuna beharrezkoa izan eta hori gabe egiten dituen egintzen aurka beste ezkontideak edo haren jaraunsleek duten aurkaratze-akzioa, 79. legeko azken apartatuko lehen paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

2. Jarauntsia eskatzeko akzioa, 324. legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Atzera-eskuratze itunarekin egindako salmentetako atzera-eskuratze akzioa, 480. legearekin bat etorriz.

4. Kontratuz kanpoko erruaren ondoriozko erantzukizuna galdatzeko akzioa, 507. legean xedaturikoarekin bat etorriz.

5. Epe mugagabeko grazia-agiriaren akzioa, 582. legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

35. LEGEA

Preskripzio orokorra.

a) Akzio pertsonalak. Beste epe berezirik ezarri ez zaienean, akzio pertsonalak bost urte igarotakoan preskribatzen dira, edozein dela ere eratu den berme errealak berezko duen preskripzio-epea.

Epe orokorra aplikatuko da baldin eta epe berezi bat ezarrita duen akzioa egikaritzeko baldintza guztiak ez badira betetzen.

b) Akzio errealak. Epe berezirik ezarri ez zaien akzio errealak preskribatzen dira bateraezin duten usukapioaren bidezko eskuratzearen ondorioz bakarrik.

Bateraezintasuna usukapioz eskuratzeko modukoa ez den eskubide erreal baten aurrean agertzen bada eta akzio errealak berariazko eperik zehaztuta ez badu, preskripzio-epea bost urtekoa izanen da.

36. LEGEA

Preskripzioa geldiaraztea. Preskripzioa geldiarazten dute demanda aurkezteak, adiskidetze eskaera bat aurkezteak, arbitraje prozedura hasteak, auzibidez kanpoko erreklamazioak eta eskubidearen edo betebeharraren esanbidezko errekonozimenduak nahiz errekonozimendu inplizituak.

Etetea. Preskripzio-epeen zenbaketa eten eginen da honako kasu hauetan:

1. Doako laguntza juridikoa eskuratzeko eskaera bat aurkeztearen ondorioz eta abokatua behin betiko izendatu arte.

2. Harik eta atariko eginbideak edo erlazio juridiko-prozesalaren eraketa baliodunerako ezinbestekoak eta antzekoak diren beste prestaketa-egintza batzuk bideratzen diren artean.

3. Aurretiazko erreklamazio administratiboak izapidetzen diren bitartean, nahitaezkoak diren kasuetan.

4. Adingabeen edo gaitasuna judizialki aldatua duten pertsonen uzietan, legezko ordezkaririk edo beren gaitasuna osatzeko laguntzarik ez duten bitartean.

5. Bitartekaritza-prozesu bat hasi dela formalki frogatzearen ondorioz.

6. Jaraunsle ezagunik ez duten jaraunspen-ondare baten aurkako uzietan, defendatzaile judizialik hautatu ez den bitartean.

7. Ezinbesteko arrazoiengatik.

37. LEGEA

Akzio preskribaezinak. Preskribaezinak dira:

1. Egoera zibilari buruzko akzioak, horiek egikaritzeko eperik ezarri ez denean.

2. Jaraunsle-izaera deklaratzeko akzioa.

3. Jabariaren deklarazio hutserako akzioa.

4. Zatiketa-akzioak, zeinak erkideei eta jaraunskideei baitagozkie, eta mugaketa-akzioak, ukitutako ondasunen eskuratze-preskripzioaren kalterik gabe.

5. Egintza edo kontratu baten erabateko deuseztasuneko akzioa.

6. Helburu gisa dutenak dokumentu pribatuan egin den kontratu bat agiri publikoan jasotzeko hartutako betebeharra bete dadila.

38. LEGEA

Iraungitzen diren akzioak. Hurrengo akzioak jarraian adierazten diren legeek aipatzen dituzten epeetan iraungitzen dira:

1. Seme-alabatasunaren aitorpena errefusatzea eta seme-alabatasuna aurkaratzeko nahiz deklaratzeko akzioak, 54., 56. eta 57. legeetan xedatutakoaren arabera.

2. Kontu-ematea eta kalte-galeren ordaina eskatzeko akzioa, eta seme-alaben ondasunak administratzeagatik gurasoei kalte-galeren ordainketa eskatzekoa, 66. legean xedatutakoaren arabera.

3. Ezkontide ez-zordunaren akzioa, galdatzekoa ezen beste ezkontidearen zorrengatik konkista-sozietateko ondasun amankomunen gainean eginiko enbargoaren ordez egin dadila enbargoa zordunari sozietate horretatik dagokion partearen gainean, 93. legeak xedatutakoari jarraikiz.

4. Dohaintzak errebokatzeko akzioa, 163. legeko azken paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.

5. Atzera-eskuratze akzioak, 383., 390., 392., 446., 451. eta 458. legeetan xedatutakoaren arabera.

39. LEGEA

Epeen kontaketa. Hilabeteka edo urteka adierazitako iraungitze-epeak datatik datara kontatu behar dira.

40. LEGEA

Ofizioz hautematea. Iraungitzea auzitegiek ofizioz hauteman ahal izanen dute, iraungitzeak ukituriko alderdiei entzunaldia eman ondoren.

41. LEGEA

Etetea. Behin hasita, iraungitze-epeak ezin dira geldiarazi, baina eten egin beharko dira, Konpilazio honetako beste lege batzuetan berariaz jasotako kasuetan ez ezik, 36. legeko bigarren paragrafoak preskripzio-epeetarako jasotzen dituen kasu beretan ere.

42. LEGEA

Fundazioak. Interes orokorreko xedeetarako diren fundazioak haiei buruzko lege berezian xedatutakoari jarraikiz eratu beharko dira, eta nortasun juridikoa lortuko dute eraketa-egintza kasuko Fundazioen Erregistroan inskribatzen denetik.

Beste pertsona juridiko batzuk. Legeek aitorturiko nortasun juridikoa duten erakundeez gain, honako hauei ere aitortzen die Konpilazio honek:

1. Santutegi, ermita, kofradia eta horien antzekoen batzarrei edo “mere legos” patronatuei, ezertan eragotzi gabe zuzenbide kanonikoak horiei ematen dien izaera.

2. Irabazi-asmorik gabeko interes pribatuko xedeei lotutako ondareei, zeinak hurrengo legean jasotzen baitira.

43. LEGEA

Interes pribatuko xedeei lotutako ondareak.

a) Xedea. “Inter vivos” edo “mortis causa” egintzen bitartez, edozein pertsonak nortasun juridiko propioa eman ahal izanen dio edozein motatako ondasunek eta eskubideek osatzen duten ondare bati, eta hori atxiki ahalko du interes sozial, humanitario edo kulturaleko xede pribatu batzuk edo izaera solidarioko eta irabazi-asmorik gabeko beste edozein xede lortzera.

Eskritura publikoz egin beharko da ondareari nortasun juridikoa esleitzea eta ondarea xede horietara “inter vivos” egintza baten bidez atxikitzea. Eskritura horretan jasoko dira horrela eraturiko pertsona juridikoaren zuzendaritza-organoaren izendapen, berritze, funtzionamendu eta eskudantziak eraenduko dituzten estatutuak.

“Mortis causa” egintzaren bidez eratuz gero, eratzaileak zilegi du estatutuak bere kabuz antolatzea edo haien antolaketa osoki edo zati batez lehenengo zuzendaritza-organoaren edo beste pertsona batzuen ardurapean uztea. Zilegi du, halaber, ondasun- edo eskubide-zuzkidura egitea, dela eratze-egintzan bertan, dela bereizitako egintza batean, dela ondasunak edo eskubideak esleitzeko ardura beste pertsona batzuei eskuordetuz, titulu unibertsalaren nahiz banakako tituluaren bidez.

b) Araubidea. Horrela eratzen diren pertsona juridikoak arautuko dira eratzailearen borondateak egintza horretan eta estatutuetan adierazitako borondatearen arabera; aurreikusi gabeko orotan, Konpilazio honen II. liburuan jasotako xedapenak izanen dira borondate horren osagarri eta interpretazio-integrabide.

c) Zuzendaritza-organoaren ahalmenak. Estatutuetan bestelakorik xedatu ezean, zuzendaritza-organoari dagozkio, bete-betean eta inolako mugapenik gabe, ondoko ahalmenak:

1. Zuzkiduraren ondarea administratu eta xedatzekoak.

2. Eratzailearen borondatea interpretatzekoa.

3. Ondasunekin inbertsioak egin, horiek diru bihurtu, eraldatu edo gordailupean jartzekoak, bai eta ondasun horiek eratze-egintzan zehaztutako xedeetarako erabiltzekoa ere.

4. Aurrekontuak egin, eta bere kabuz eta eragingarritasun osoz kontuak onestekoak.

Borondate pribatuz eta interes pribatuko xedeetarako sortutako pertsona juridikoak izateak eratzaileari ahalbidetzen dio pertsona horiek administrazioaren esku-hartzetik salbuestera. Dena den, edozein pertsonak hala eskatuz gero, Fiskaltzak zilegi izanen du kudeaketa ikuskatzea, eta akzio egokiak premiatu eta egikaritzea.

d) Lehengoratzea. Eratze-egintzak edo estatutuek ondasunen lehengoratzea ezar dezakete, eratzailearen jaraunsle edo pertsona jakin batzuen mesedetan, eratzailearen ahaide izan zein ez, 224. legean ezarritako mugarekin.

e) Azkentzea. Lege honen arabera eratutako pertsona juridiko bat azkentzen denean, ez badago zehazturik zein xede izan behar duten horren ondasunek, Nafarroako Foru Komunitateak eskuratuko ditu ondasun horiek, eta interes sozial edo orokorreko xedeetarako erabiliko ditu.

44. LEGEA

Ondare babestuak.

a) Kontzeptua eta ezaugarriak. Desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzat, pertsona horiek familia-erkidegoaren edo -taldearen kide badira are elkarrekin bizi ez direnean ere, ondare bereziki babestuak eratu ahal izanen dira, haien ondareari ondasun eta eskubide batzuen dohainikako ekarpena eginez, eta beharrezkoak diren neurriak ezarriz horiek zer helbururi atxikiak dauden zehazteko, bai eta haiekin lorturiko etekinak pertsona horien premiei erantzuteari lotzeko ere. Horrek ez du ezertan eragotziko lege orokor nahiz bereziek haien ondare-babesari buruz xedatzen dutena.

Eratze-egintzan xedatutakoak arautuko ditu ondare horiek, eta egintza horrek ez dio inolako titulartasunik ez eta eskubide errealik ere emanen onuradunari. Ondareak ez du erantzukizunik izanen onuradunari, eratzaileari edo ekarpenak egin zituzten gainerako pertsonei haren eraketaren ondoren suerta lekizkiekeen haren helburuaz bestelako betebeharren gainean.

b) Eraketa. Ondare babestuak eratu ahal izanen ditu, desgaitasun edo mendekotasuna pairaturik ondarearen onuraduna izan eta horretarako behar adinako gaitasuna duen pertsonaz gain eta haren legezko ordezkariez gain, haren familia-erkidegoko edo -taldeko edozein kidek ere, haren baimena izanik, harako ondasun eta eskubideen ekarpena eginez zeinek, beren izaeragatik edo errentagarritasunagatik, onuradunaren bizi-premiak asetzeko balio baitute.

Notario aurrean egindako eskritura publiko edo testamentu baten bidez eratuko dira, eta agiri horietan honako hauek adierazi beharko dira nahitaez, beste xedapen batzuk ezertan eragotzi gabe:

1. Izen-abizenen bidez identifikatzen den edo diren onuradunari edo onuradunei loturik eginen den ondarearen izena.

2. Eratzailearen identifikazioa eta borondatea.

3. Hasierako ondasun- eta eskubide-inbentarioa.

4. Ondarearen administratzea eraendu behar duten arauak eta administratze hori kontrolatzeko neurriak, eta hori egikaritzeaz arduratuko diren pertsonen izendapena.

5. Gerakinaren likidazioa egitean horri eman beharreko erabilera; zeina izaten ahalko baita ondasunak lehengoratzea eratzailearen jaraunsleen alde edo pertsona jakin batzuen alde, eratzailearen ahaide izan nahiz ez izan, 224. legean ezarritako mugarekin.

45. LEGEA

c) Administrazioa. Eratze-eskrituran administratzaile izendatutako pertsonek beren kudeaketa gauzatu beharko dute eskritura horretan ezarritakoari jarraituz eta ondasunak beren produktibitateari eusteko edo hori areagotzeko moduko egoeran gordetzeko behar den arretaz.

Betebeharrak hartu ahal izanen ditu ondarearen kontura, eta haren interesak defendatzeko legitimazio prozesala izanen du.

Eratze-eskrituran ezarrita ez dagoen orotarako, tutoretzari buruzko arauak aplikatuko dira.

d) Kontuen kontrola eta kontu-ematea. Eratze-eskrituran ezarritako kontrol neurriak ezertan eragotzi gabe, administrazio-zereginerako izendatutako pertsonek urteroko kontu-emate betebeharra dute eskrituran izendatutako pertsonarekiko, bai eta onuradunarekiko edo haren legezko ordezkariekiko ere.

e) Azkentzea eta likidazioa. Ondare babestua azkenduko da onuradunaren heriotzarengatik edo heriotza-deklarazioarengatik, ondarea eratzeko oinarri hartu zen izaeraren galeragatik edo ondarea eratzean ezarritako epea edo baldintza suntsiarazlea bukatu edo betetzeagatik, kasua bada.

Ondarea azkentzeak berekin ekarriko du ondare hori administratzaileak likidatzea, salbu eta haren eratze-tituluan eginkizun horretarako beste pertsona bat izendatu bazen; kasu horretan, pertsona horrek eraketan ezarri zen helbururako erabili beharko du gerakina.

Ondasunen xedea eratzailearen jaraunsleei itzultzea ezarri bada eta horrelakorik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateak eskuratu, eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonak babesteko helburuetarako aplikatuko ditu.

46. LEGEA

Nortasunik gabeko sozietate eta elkartzeak. Sozietate edo izaera zibileko beste elkartze batzuek, horiei nortasuna aitortu ez zaienean, zuzenbideko subjektu gisa jardun dezakete, pertsona jakin batzuen bitartez, horiei esanbidez edo isilbidez beren ordezkaritza eman badiete.

Subjektu kolektibo horiek eskubideak eskuratzen badituzte, eskubide horien titulartasuna kide guztiei batera dagokiela ulertuko da, eta kideon ahobatezkotasuna nahitaezkoa izanen da halako eskubideak xedatzeko, ezertan eragotzi gabe alderdien arteko barne-harremanak.

Subjektu kolektibo horiek betebeharrak hartzen badituzte, betebeharron gain subjektuon kide guztiek izanen dute erantzukizun solidarioa eta pertsonala.

47. LEGEA

Gaitasuna. Gaitasun osoa adin-nagusitasunarekin eskuratzen da, hemezortzi urte betetakoan.

Adingabeak. Adingabeek gaitasuna dute berezko dituzten eta, haien heldutasunaren arabera, beren kabuz egikari ditzaketen eskubideei dagozkien egintza guztietarako, legeek beren kabuz nahiz beren legezko ordezkarien laguntzaz egiten uzten dieten egintza eta kontratuen kasuan, bai eta gizarte-usadioen arabera haien adinarekin bat datozen ondasun eta zerbitzu arruntei buruzkoen kasuan ere.

Prestazio pertsonalak egitera behartzen dituzten kontratuak egiteko, aldez aurretik adostasuna adierazi beharko dute, aski helduak badira eta, betiere, adinez 12 urte baino gehiagokoak badira, eta kasu horietan ere entzunaldia eman beharko zaie horiek ukitzen dituzten beste edozein egintza edo kontratutarako.

Adingabeen jardute-gaitasunaren mugak modu murriztailean eta haien intereserako interpretatuko dira beti.

14 urte baino gehiagoko adingabeak. Legeen arabera egin ditzaketen egintza guztiak ezertan eragotzi gabe, 14 urte baino gehiagoko adingabeek gaitasuna izanen dute Konpilazio honetan zehazturiko egintzetarako.

Gainera, beren kabuz onar ditzakete inolako betebeharrik harrarazten ez dieten orotariko eskuzabaltasunak, baita haietan mugapen edo debekuak adierazten direnean eskuzabaltasunaren xede diren ondasunen gainean.

16 urte baino gehiagoko adingabeak. 16 urte baino gehiagoko adingabe emantzipatugabeek zilegi dute beren irabazizko jardueraren bidez eskuratu dituzten ondasunen administrazio arrunteko egintzak gauzatzea.

Halaber, agiri publiko baten bidez onar ditzakete 66. legeko bigarren apartatuak gurasoei buruz aipatzen dituen xedatze-egintzak; kasu horretan, ez da epailearen baimenik beharko.

48. LEGEA

Emantzipazioa. Emantzipazioa gertatuko da guraso-erantzukizuna gauzatzen dutenek eta epaileak onartzearen ondorioz.

Lehen kasuan beharrezkoa da adingabeak 16 urteko adina beteta izatea, emantzipazioari onespena ematea eta eskritura publikoan edo Erregistro Zibilaren arduradunaren aurrean ematea.

Epaileak emantzipazioa eman diezaieke horretarako eskaera egiten duten guraso-erantzukizunpeko 16 urte baino gehiagoko pertsonei, entzunaldia eman ondoren gurasoei eta honako kasu hauetan:

1. Gurasoak bananduta bizi badira.

2. Guraso-erantzukizuna gauzatzen duena berriro ezkontzen bada, bikote egonkorra osatzen badu edo ezkonduen gisa bizi bada beste gurasoa ez den pertsona batekin.

3. Guraso-erantzukizunaren egikaritzea larriki eragozten duen edozein arrazoi baldin badago.

Era berean, eman ahalko dio tutoretzapean egonik hori eskatzen duen 16 urte baino gehiagoko adineko pertsonari ere, Fiskaltzak txostena egin ondoren.

Ondorio guztietarako, emantzipatutzat joko da gurasoen adostasunarekin haiengandik beregain bizi den 16 urte baino gehiagoko pertsona, ezertan eragotzi gabe gurasoek adingabearen interes gailenean oinarrituta adostasun hori errebokatzea.

Emandako emantzipazioak ez du efekturik izanen hirugarrenen aurrean, harik eta Erregistro Zibilean inskribatzen den arte.

Adingabe emantzipatuaren gaitasuna. Adingabe emantzipatuak bere kabuz egin ditzake mota guztietako egintzak eta kontratuak, are epaiketan agertzea ere, salbu eta dirua maileguan hartu, abalak edo fidantzak jarri, eta ondasun higiezinak, merkataritza- nahiz industria-establezimenduak, horien oinarrizko osagaiak edo ohiz kanpoko balioa duten objektuak besterendu edo kargatu. Egintza horietarako, bai eta epaiketa batean egintza horiei buruzko edo aipaturiko motetako ondasunei buruzko agerraldia egiteko, gurasoetatik edozeinen laguntza beharko du; eta, horiek ez badaude, bere legezko ordezkariarena.

49. LEGEA

Ordezkaritza. Pertsona gai orok ahalordedunaren bidez egin ditzake berak bere kabuz egin ahal izanen lituzkeen egintza guztiak, Konpilazio honetan ezarritako mugapenez bestelakorik izan gabe.

Errebokagarritasuna. Ahalorde-emaileak askatasunez erreboka dezake ordezkaritza-ahalordea, salbu eta ahalordea izaera errebokaezinez eman denean berariaz, ahalordedunaren interes zilegi baten ondorioz, edota errebokaezintasuna justifikatzen duen kontratu-harreman bat dagoenean ahalordedunaren eta ahalorde-emailearen artean.

Ahalordea, hauek aurreikusten direnerako: gaitasunaren aldaketa edo galera, edo gaitasun juridikoa behar bezala egikaritzeko laguntza neurrien beharra. Halaber, pertsona gai orok ahalordeak eman ditzake eskritura publiko batean, halako moldez non aurreikusten den ezen ahalorde horien indarraldia hasi eta garatuko dela noiz eta, gaitasuna judizialki aldatua izatearen ondorioz, bere kabuz jarduteko ezinduta edo horretarako laguntza beharrean dagoenean.

Ahalorde horiek izan ahalko dute pertsonei eta ondareari dagokienez ahalorde-emaileak zehaztuko duen hedadura, edozein sostengu- eta kontrol-neurri ezarri ahalko dute, bai eta horiek egikarituko dituzten pertsonak izendatu ere.

Ahalorde-emailearen ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren alde emandako ahalordea automatikoki azkenduko da elkarrekin bizitzeari uzten dioten unean, salbu eta ahalorde-emaileak kontrako zentzuko xedapena ematen badu edo haren egoera ikusita ahalordearen iraupena justifikatzen duen arrazoiren bat baldin badago.

Ahalorde-emailearen gaitasuna aldatuta, horri buruzko zehaztasunak ezartzen dituen ebazpen judizialak zilegi izanen du ahalordean zehaztutako neurriez bestelakoak xedatzea baldin eta horiek arrazoitu egiten baditu eta haren interesak babesteko beharrezkoak badira.

50. LEGEA

Familia. Familiak Nafarroako ordenamendu zibilaren babes juridikoa du, zeinak babesten baititu ezkontzaren, bikote harremanaren, seme-alabatasunaren eta guraso bakarrak bere ondorengoekin osatutako taldearen ondoriozko familia-harremanak.

Familia berrosatuetako kide dira familia-talde berean elkarrekin bizi diren guraso bakoitzaren seme-alabak, baina kidetasun horrek beste gurasoarekiko lotura aldatu gabe, eta ordenamendu juridikoak zehazten dituen efektuekin.

Inor ezin da diskriminatu familia-talde jakin batekoa izateagatik.

51. LEGEA

Motak. Seme-alabatasuna naturala izan daiteke, laguntza bidezko ugalketako tekniken ondoriozkoa barne harturik, edo adopzio bidezkoa.

Seme-alabatasun guztiek efektu juridiko berberak dituzte.

52. LEGEA

Seme-alabatasunaren edukia eta efektuak. Behar bezala zehazturiko aitatasun eta amatasunak guraso-erantzukizuna esleitzen die gurasoei, 64. legearen eta hurrengoen arabera; semeari edo alabari, abizenak, Erregistro Zibilari buruzko legeriarekin bat etorriz; eta bai batzuei bai besteari, Konpilazio honetan aitortutako eskubide eta betebeharrak.

Arestikoa gorabehera, ondoko legeek berariaz aurreikusten dituzten kasuetan aipatzen diren ebazpenetan, epaileak zilegi izanen du, arrazoiturik, xedatzea ezen seme-alabatasunaren efektuak harreman horren deklaratze hutsezkoak izanen direla, edo efektu horien norainokoa murriztea.

Aitatasuna edo amatasuna epaiketa bidez gurasoaren errefusatze funsgabearen aurka zehaztu bada, edota guraso hori kondenatzen duen epai penalaren bidez, guraso horrek ez du izanen guraso-erantzukizunik edo seme nahiz alabaren gaineko bestelako babes-eginkizunik, ezta lege-aginduzko eskubiderik ere haren ondarearen gain edota haren “mortis causa” oinordetzan. Eta seme edo alabaren beraren edo horren legezko ordezkariaren borondatez bakarrik jarriko zaizkio seme edo alabari gurasoaren abizenak.

Guraso bakoitzak, nahiz eta guraso-erantzukizunaren titular ez izan edo horren egikaritza eduki ez, bere seme-alaba adingabeak edo gaitasuna judizialki aldatua dutenak jagoteko betebeharra du, bai eta horiei mantenua ematekoa ere.

53. LEGEA

Seme-alabatasun naturala zehaztea. Seme-alabatasun naturala honako xedapen hauen arabera zehaztuko da:

a) Ezkontzazko seme-alabatasuna. Ezkontzazko seme edo alabatzat hartzen dira:

1. Ezkontza egin denetik ehun eta laurogei egun igaro ondoren, eta ezkontza hori desegin denetik edo ezkontideak benetan banandu direnetik hirurehun egun igaro baino lehen jaio direnak.

2. Ezkontza egin eta hurrengo ehun eta laurogei eguneko epean jaio direnak, senarrak ez badio aitatasunari ukorik egin agiri kautoan formalizaturiko adierazpenaren bidez, erditzearen berri izan zuenetik sei hilabeteko epean. Bere aitatasuna ezin izanen du eragingarritasunez ezeztatu lehenago aitatasun hori esanbidez nahiz isilbidez aitortu duen norbaitek.

3. Ezkontza desegin denetik edo ezkontideak benetan banandu direnetik hirurehun egun igaro ondoren jaio direnak, frogatzen baldin bada haurdunaldia ohikoa baino luzeagoa izan dela, banandutako ezkontideak berriro batu direla edota horiek adostasuna eman dutela semea edo alaba ezkontzazko gisa inskribatzeko.

b) Ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna. Erregistro Zibilari buruzko legerian xedaturikoa ezertan eragotzi gabe, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna guraso bakoitzarentzat zehazten da, horrek egindako aitorpenaren bidez edo epai irmoaren bitartez.

c) Ezkontzaren aurreko seme-alabatasuna. Gurasoen ezkontzaren aurretik jaiotako semea edo alaba ezkontzazko seme edo alabatzat hartuko da gurasoak ezkontzen direnetik, horrek bi gurasoekiko duen seme-alabatasuna legez zehaztu bada.

d) Laguntza bidezko ernalketaren ondoriozko seme-alabatasuna. Foru lege berezi batek hori arautzea ezertan eragotzi gabe, amaren laguntza bidezko ernalketaren ondoriozko seme-alabatasuna zehazteko, lege orokorretan xedatutakoari helduko zaio.

e) Xedapen amankomuna. Seme-alabatasunaren zehaztapena ez da eragingarria izanen, horrekin kontraesanean dagoen beste seme-alabatasun aurretiaz ezarritako bat baliogabetzen ez den bitartean.

54. LEGEA

Aitorpena.

a) Forma. Aitorpena egin beharko da Erregistro Zibilaren arduradunari egindako adierazpenaren bidez edota beste agiri publiko baten bidez.

Gurasoek seme-alabatasuna biek batera edo bakoitzak bere aldetik aitor dezakete. Bakoitzak bere aldetik eginez gero, kasuko aitorpenean ezin izanen dute adierazi beste gurasoa nor den, salbu eta nortasun hori jadanik zehaztuta dagoenean.

b) Gaitasuna. Aitorpena 14 urte baino gehiagoko pertsona orok egin dezake. Adingabe emantzipatugabea bada edo gaitasuna judizialki aldatuta badauka, beharrezkoa izanen da epailearen onespena, Fiskaltzari entzunaldia eman ondoren.

c) Baldintzak. Adin nagusikoaren edo adingabe emantzipatuaren aitorpenak haren esanbidezko edo isilbidezko baimena izan beharko du.

Emantzipatu gabeko adingabearen edo epaileak aldaturiko gaitasuna duen pertsonaren aitorpena Erregistro Zibilean inskribatu ahalko da, ezertan galarazi gabe haren legezko ordezkaritza duenak errefusa adieraztea, hurrengo apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta pertsona aitortuaren interes gailenean oinarrituz.

Adingabeko ama emantzipatugabeak edo gaitasuna judizialki aldatua duenak adierazitako errefusaren kasuan, defendatzaile judizial bat izendatuko zaio horretarako, ezertan eragotzi gabe Fiskaltzak zuzenean egitea errefusa.

Halaber aitortu ahalko da jadanik zendutako seme edo alaba bat, baldin eta ondorengo ahaideak utzi baditu. Horiek adin nagusikoak edo adingabe emantzipatuak baldin badira, aitorpenak haien esanbidezko edo isilbidezko baimena izan beharko du. Emantzipatu gabeko adingabeak badira, edo epaileak haien gaitasuna aldatu badu, aitorpena inskribatzeko modukoa izanen da, baina halaber zilegi izanen da haien legezko ordezkariak errefusa adieraztea, haien interes gailenean oinarriturik.

d) Aitorpena errefusatzea. Errefusa urtebeteko epean formalizatu beharko da aitorpena jakinarazi zenetik; jarraitu beharko dituen izapideak Borondatezko Jurisdikzioari buruzko Legeak ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna aitortzeko ezartzen dituenak dira, eta baietsi eginen da aitorturiko pertsonaren edo haren ondorengo ahaideen interesaren aurkakoa denean.

55. LEGEA

Seme-alabatasunari buruzko akzioak. Xedapen orokorrak. Aitatasuna eta amatasuna erreklamatu eta aurkaratu ahal izanen dira mota guztietako frogabideak erabiliz, Konpilazio honetako xedapenei jarraiturik. Epaileak ez du demanda onartuko, horrekin batera ez bada aurkezten demandari oinarri ematen dioten egitateei buruzko froga-hastapenik.

Ezin da seme-alabatasunik erreklamatu legez zehaztuarekin kontraesanean dagoenik, aldi berean bigarren hori aurkaratzen ez bada. Konpilazio honek deklaratze-akzioa egikaritzeko legitimazioa aitortzen dien pertsonek halaber izanen dute legitimazioa, eta epe berean, kontraesanean dagoen seme-alabatasuna aurkaratzeko; are aurkaratze-akzioa lokabetasunez egikaritzeko legitimaziorik ez dutenean ere.

Epai irmoz ezarritako seme-alabatasuna ez da ezein kasutan aurkaratzen ahalko.

Prozeduran zehar, epaileak egoki deritzen neurri guztiak hartuko ditu adingabe emantzipatugabea edo judizialki aldaturiko gaitasuna duena babesteko, pertsona horren seme-alabatasuna denean demandaren xede; bai eta haren ondasunak babesteko ere.

Pertsona horiei dagozkien akzioak egikari ditzakete horien legezko ordezkariak nahiz Fiskaltzak, desberdintasunik gabe.

Demandatzailea hildakoan, horren jaraunsleek zilegi izanen dute jadanik abiatuta dauden akzioen egikaritzeari jarraipena ematea.

56. LEGEA

Aurkaratze-akzioak. Ezertan galarazi gabe Erregistro Zibilari buruzko legediak erregistro-idazpenen aurkaratzeari eta zuzenketari buruz dioena, seme-alabatasunaren aurkaratzea honako xedapen hauei jarraikiz eginen da:

a) Amatasunaren aurkaratzea.

Jaiotza-inskripzioan agertzen den amatasuna auzibide zibilean aurkaratu ahalko da, frogatzen baldin bada erditzea ustezkoa izan zela edo ustezko seme edo alaba eta benetan jaio dena ez direla pertsona berbera.

Amatasunaren eta egoera-edukitzaren kointzidentzia baldin badago, amatasun hori zuzenean aurkaratu ahalko duten bakarrak dira seme edo alaba, batetik, eta, bestetik, bere amatasunaren inskripzio faltsuaren edo horren ondoriozko seme-alabatasunaren jatorri diren egitateetan kontzienteki eta borondatez parte hartu ez duen emakumea.

Ez baldin badago amatasunaren eta egoera-edukitzaren kointzidentziarik, interes zilegi eta zuzenekoa dutenek ere aurkaratu ahal izanen dute amatasun hori.

b) Senarraren aitatasunaren aurkaratzea.

Amaren senarraren aitatasuna senar horrek aurkaratu ahal izanen du harik eta urtebete igarotzen den arte seme-alabatasuna Erregistro Zibilean inskribatu zenetik, baina epe hori ez da igarotzen hasiko jaiotzaren berririk ez daukan bitartean, salbu eta, horren berri izanda ere, ez baldin badaki aitatasun biologikorik ez duela; eta kasu horretan, urtebeteko epea igarotzen hasiko da horren jakitun bihurtzen den unean edo, taxuzko ustez, horren jakitun izateko modua izan duen unean.

Baldin eta senarra hil egiten bada aurreko paragrafoan zehazturiko epea igaro aurretik, horretarako akzioa oinordeko bakoitzak izanen du epe hori amaitzeko falta den denbora-tartean. Hiltzen bada inskripzio hori egin ez delarik, jaiotzaren edo bere aitatasunaren berri izan gabe, haren oinordekoek zilegi izanen dute aipaturiko epean aurkaratzea abiaraztea.

Seme edo alabak berak ere aurkara dezake aitatasuna, urtebeteko epean, behar adinako gaitasuna eskuratzen edo berreskuratzen duenetik, edo beraren jaiotza inskribatzen denetik, hori geroagokoa izanez gero.

Amak bere izenean nahiz seme edo alabaren ordezkari gisa egiten ahalko du aurkaratzea, seme edo alaba hori adingabe emantzipatugabea denean edo gaitasuna judizialki aldatua duenean. Epea urtebetekoa izanen da, inskripzioaren unetik hasita edo senarraren aitatasunik ezaren berri izan duen unetik hasita.

c) Aitorpenaren aurkaratzea.

Adostasunaren akatsa tarteko dela egin den aitorpen bat haren emaileak aurkaratu ahalko du akatsaren desagerpenaren ondorengo urtean zehar.

d) Aitorpenaren bitartez zehazturiko aitatasuna aurkaratzea.

Adingabe emantzipatugabearen edo epaileak aldaturiko gaitasuna duenaren legezko ordezkariak zilegi izanen du, aitorpena dela-eta berak adierazitako errefusa ezetsi bada, horrela zehazturiko seme-alabatasuna aurkaratzea, aitorpena egin duenaren gurasotasuna egiazkoa ez izateagatik. Halaber, seme edo alabaren edo horren ondorengo ahaideen interesetan, zilegi izanen du, hura zendu ondoko aitorpena denean, akzioa egikaritzea aitorpenaren efektuak epaian murriztu daitezen, 52. legeak adierazitakoaren arabera. Bi kasu horietan, akzioa egikaritzeko epea urtebetekoa izanen da, seme-alabatasuna zehaztuta geratu denetik.

Adingabetasun-aldian edo aldaturiko gaitasuna izan duen aldian aitortua izan den pertsonak, edo adingabe zirelarik nahiz adostasuna emateko behar adinako gaitasunik ez zeukatelarik aitortua izan zen pertsona zenduaren ondorengo ahaideek, zilegi izanen dute horrela zehazturiko seme-alabatasuna aurkaratzea adin-nagusitasuna edo emantzipazioa lortu ondoko nahiz akzioa egikaritzeko behar adinako gaitasuna berreskuratu ondoko urtean zehar, baldin eta haien legezko ordezkariak ez badu jadanik hori egin, aurreko paragrafoari jarraituz.

Horrela zehazturiko gurasotasuna halaber aurkaratu ahalko dute horrekin kalteturik suertatzen direnek, gurasotasuna inskribatu ondorengo lau urteetan.

57. LEGEA

Deklaratze-akzioak.

a) Ezkontzazko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa.

Aitak, amak eta seme edo alabak edonoiz erreklama dezakete ezkontzazko seme-alabatasuna, semearena edo alabarena. Egoera-edukitza egonez gero, interes zilegi eta zuzenekoa duten hirugarrenek akzioa egikari dezakete.

b) Ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa.

Ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa honako hauek egikaritu ahalko dute:

1. Seme-alabek, beren bizitza osoan zehar. Adingabeak direnean edo gaitasuna epaileak aldatuta daukatenean, akzioa haien legezko ordezkariak eta Fiskaltzak izanen dute.

Baldin eta adingabe zirelarik edo gaitasuna epaileak aldatuta zeukatelarik hil baziren, akzioa haien ondorengo ahaideek egikaritu ahalko dute.

2. Gurasoek, ustezko aitatasun edo amatasunaren berri izan ondoko edo horren berri izateko modua taxuzko ustez izan ondoko urtebeteko epean.

Seme-alabatasuna zehaztu gabe dagoenean, beharrezkoa izanen da bere gurasotasuna deklaratua izan dadila nahi duen gurasoak aldez aurretik aitorpena egin izana 54. legeak ezarritakoari jarraituz, eta horren araberako seme-alabatasun-zehaztapena ezin egin izana aitorturiko pertsonaren edo, kasua bada, haren ondorengo ahaideen adostasunik ezagatik, edo kasuan kasuko legezko ordezkarien errefusa judizialki baietsia suertatzeagatik.

Kasu horietan, akzioa egikaritzeko epea eten eginen da aitorpena egiten den unean, eta epe-kontaketa jarraitu eginen da adostasunik eza agerikoa denetik edo errefusa baiesten duen ebazpena irmo bihurtzen denetik.

Deklaratze-akzioa baiesten duen epaiak zehaztu eginen du seme-alabatasuna, baina zilegi izanen du, seme edo alabaren nahiz haren ondorengo ahaideen interesetan, haren efektuak mugatzea, 52. legeak xedatuari jarraikiz.

3. Zuzeneko interes zilegi bat daukaten pertsonek, baldin eta egoera-edukitza badago, eta edonoiz.

58. LEGEA

Adopta dezaketen pertsonak. Edonork, gaitasuna izanez gero, adopta dezake, lege orokorrekin bat etorriz, baldin eta hogeita bost urte baino gehiago baditu eta, entitate publikoaren proposamena tartean egonez gero, gaitzat deklaratua izaten bada.

Gainera, adoptatzaile guztiek adoptatuak baino hamasei urte gehiago izan beharko dituzte gutxienez.

Ezin dira adoptatzaile izan guraso-erantzukizuna kenduta edo etenda duten pertsonak edo guraso-erantzukizuna kendua izateko arrazoietakoren bat betetzen dutenak.

Baterako adopzioa. Pertsona batek baino gehiagok eginiko adopzioa posible izateko, beharrezkoa izanen da pertsona horiek ezkontideak edo bikote egonkor bateko kideak izatea. Kasu horietan, adopzioa aldiberekoa edo ondoz ondokoa izan daiteke, eta nahikoa izanen da adoptatzaileetako batek 25 urteak beteak izatea.

59. LEGEA

Adoptatuak izan daitezkeen pertsonak. Honako hauek izaten ahalko dira adoptatuak:

1. Babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, bestelako babes-neurri bat eratzea edo mantentzea ez denean onargarria.

2. Adoptatzailearen ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren seme-alabak diren adingabeak.

3. Adingabe umezurtzak, adoptatzailearen odol nahiz ezkontza bidezko hirugarren edo laugarren gradurainoko alboko ahaide direnak.

4. Adoptatu nahi dituenak tutoretzapean dituen adingabeak, tutoretzako kontuaren azken onespena egin bada.

5. Emantzipatu aurretik adoptatzaile(ar)ekin etenik gabe bizi izan diren pertsona adin nagusiko edo emantzipatuak, edo urtebete baino gehiagoz haren/haien legezko edo izatezko zaintza, tutoretza edo harrerapean egon direnak.

Ezin da odol nahiz ezkontza bidezko ondorengorik edo anai-arrebarik adoptatu.

60. LEGEA

Adostasunak. Adopziorako adostasuna bai adoptatzaileak (adoptatzaileek) bai 12 urte baino gehiagoko adopziogaiak adierazi behar dute.

Baiespenak. Adopzioari baiespena eman behar diote bai adoptatzailearen ezkontide edo bikotekide egonkorrak bai adopziogai den adingabe emantzipatugabearen gurasoek, salbu eta guraso horiek guraso-erantzukizuna kenduta badute edo hori kendua izateko arrazoiren bat betetzen badute.

Ez da adopziogaiaren gurasoen baiespenik beharko, baiespena emateko ezintasuna epaileak hauteman eta arrazoitzen duenean.

Adingabearen babesgabetasun-deklarazioaren ondorioz gurasoek guraso-erantzukizunaren egikaritzea etenda badute, ez da haien baiespenik beharko, eten hori aurkaratu gabe bi urte igaro badira edo aurkaratze hori epai irmoz ezetsi bada.

Entzunaldiak. Adopzioa eratu baino lehen, entzunaldia eman beharko zaie guraso-erantzukizuna kenduta ez duten gurasoei, haien baiespena beharrezkoa ez denean adopzioa eratzeko, tutoreari edo, hala denean, adoptatzaile ez diren harrera-egileei, baita behar adinako heldutasuna duen 12 urte baino gutxiagoko adopziogaiari ere.

61. LEGEA

Adopzioaren efektuak. Adopzioak berekin dakar pertsona adoptatuaren eta haren jatorriko familiaren arteko lotura juridikoak desegitea.

Salbuespen gisa, dagokion gurasoaren familiarekiko lotura juridikoek honako kasu hauetan iraunen dute:

1. Adoptatua adoptatzailearen ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren seme edo alaba bada, are bata edo bestea hilik daudenean ere.

2. Gurasoetako bakarra izan denean legez zehaztua, baldin eta efektu hori eskatu egin badute adoptatzaileak, 12 urte baino gehiagokoa den adoptatuak eta irautekoa den lotura duen gurasoak.

62. LEGEA

Azkentzea. Adopzioa errebokaezina da.

Epaileak adopzioa azkentzea erabakiko du baldin eta adopzioaren aurretik seme-alabatasuna zehazturik duten eta, errurik izan gabe, adopzio prozeduran esku hartu ez duten gurasoetako edozeinek eskatzen badu. Halaber, beharrezkoa izanen da adopzioaren ondoko bi urteko epearen barnean aurkeztea demanda, eta eskatutako azkentzeak adingabea larriki ez kaltetzea. Adoptatua adin nagusikoa bada, beharrezkoa izanen da, adopzioa azkentzeko, hark adostasuna esanbidez adieraztea.

Adoptatuari dagokion seme-alabatasun naturala zehazteak ez eta, kasua bada, epaileak 52. legearen arabera badirautela deklaratzen duen efektuek ere ez dute ezein kasutan eraginik izanen adopzioan.

63. LEGEA

Ordezko araubidea. Aurreko legeek aurreikusten ez duten orotan, eta haiekin bateragarria den heinean, lege bereziek edo Kode Zibilak ezarritakoa aplikatuko zaio adopzioari.

64. LEGEA

Izena eta kontzeptua. Guraso-erantzukizun deitzen zaio beren seme-alaba adingabeen gainean edo, hala denean, gaitasuna judizialki aldatua dutenen gainean, gurasoei dagozkien betebehar eta ahalmenen multzoari, zeinak helburutzat baitu haien garapen erabatekoa lortzea, haien nortasun eta interes gailenaren arabera eta haien eskubideak eta osotasuna errespetatuta.

Titulartasuna. Guraso-erantzukizuna bi gurasoena da, batera.

65. LEGEA

Edukia. Guraso-erantzukizunak honako betebehar eta ahalmen hauek hartzen ditu barnean:

1. Seme-alabak jagotea eta haiekin egotea, bai eguneroko zaintza-lanetan jarduteari dagokionez bai kontaktuak eta aldi baterako egonaldiak garatzen diren aldietan.

2. Behar duten guztia ematea elikadura, jantzi, biztantze, hezkuntza eta prestakuntza integral eta artatze fisiko, psikiko eta emozionalari dagokienez.

3. Seme-alaben jokabideak taxuz eta neurriz onbideratzea, haien duintasunarekiko erabateko begirunez eta haien heziketa egokia jomugatzat hartuz.

4. Seme-alabak ukitzen dituzten eta beren kasa gauzatu ezin dituzten egintza guztietan haien ordezkari jardutea, gaitasunari buruzko legeen arabera.

5. Seme-alaben ondasunak administratu eta xedatzea, honako salbuespen hauekin:

a) Eskuzabaltasunaren ondoriozko direnak, horren emaileak gurasoen administrari-jarduna baztertu badu; kasu horretan, emaileak ezarritako araubideari jarraituko zaio.

b) “Mortis causa” eskuratutako ondasunak, baldin eta gurasoetako batek edo biek ezduintasunagatiko ezgaitasunarengatik ezin izan bazituzten horiek eskuratu; kasu horretan, ondasun horiek beste gurasoak administratuko ditu eta, haren ezean, judizialki hautaturiko administratzaile batek.

6. Era berean, gurasoei dagokie seme-alaba kontzebitu eta jaiogabeen interes eta igurikimenak defendatzea.

Seme-alaben betebeharrak. Guraso-erantzukizunaren pean familiarekin elkarbizitzan dirauten bitartean, seme-alabek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Gurasoei obeditu eta haiek errespetatzea.

2. Familiaren bizibideari ekarpena egitea beren titulartasunpean dauden ondasunen fruituak emanez. Ekarpen hori betetzeko asmoz, gurasoek, administrazio-zereginetan jardutean, fruitu horiek aplikatu ahal izanen dituzte familia artatzeko, egoki den proportzioan eta ondasunak jabetzan dituzten seme-alaben premiak ase ondoren. Ahalmen horretatik salbuesten dira aurreko apartatuko 5. zenbakiak aipatzen dituen guraso-administraziotik kanpoko ondasunak.

66. LEGEA

Bermeak eta administratzearen mugak. Gurasoen administratzeak arriskuan jartzen badu seme edo alabaren ondarea, epaileak zilegi du gurasoei galdatzea, alderdi interesdunak edo Fiskaltzak hala eskatuta, berme egokia eman dezaten, edo ondasunen segurtasunerako beste neurri batzuk hartzea; are administrazioa gurasoei kendu eta administratzaile bat izendatzea ere.

Administratze-aldia bukatzean eta hurrengo hiru urteko epean, seme-alabek, administratzaile judizialak edo Fiskaltzak zilegi dute gurasoei administratze horren kontuak eman ditzaten eskatzea, eta kasuaren arabera bidezko suerta litekeen kalte-galeren ordaina galdatzea.

Xedapena. Gurasoek ezin diezaiekete ukorik egin seme-alaben titulartasunpeko eskubideei, eta, era berean, ezin dituzte besterendu, kargatu edo edozein modutan bermatu ondasun higiezinak, industria nahiz merkataritzako establezimenduak edo horien oinarrizko osagaiak edo aparteko baliodun objektuak, non eta aldez aurretik epaileak, Fiskaltzari entzun eta gero, horretarako baimenik eman ez duen. Baimen hori ez da beharrezkoa izanen kreditu ziurtatu bat kobratu ondoren hipoteka edo beste berme erreal bat ezerezteko, legezko nahiz borondatezko atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzeagatiko atzera-eskuratzerako, ez eta legezko xedapenek behartuta bete behar den eta adingabearentzat onuragarria den ezein xedatze-egintzatarako ere.

Gurasoek beren kabuz onar ditzakete seme-alaben mesederako doako xedapen guztiak, epailearen baimenaren beharrik gabe; baimen hori beharrezkoa izanen da, alabaina, halakoak arbuiatzeko.

Deuseztagarriak izanen dira gurasoek seme-alaben izenean aldez aurreko baimen judizialik gabe gauzatzen dituzten egintzak, baldin eta baimen hori beharrezkoa bada lege honetan ezarritakoaren arabera.

67. LEGEA

Guraso-erantzukizuna egikaritzea.

a) Erregela orokorra. Guraso-erantzukizunak berezko dituen betebehar eta ahalmenak eta horien ondoriozko erabaki guztiak hitzartu denaren arabera egikaritu eta hartuko dituzte gurasoek, eta, hitzarmenik ezean, biek batera edo horietako bakar batek, baina bestearen esanbidezko edo isilbidezko adostasuna duela.

Baliozkoak izanen dira, hala ere, haietako edozeinek bere kabuz gauzaturiko egintzak, horiek egin badira seme-alaben ohiko beharrizanak asetzeko, familiaren inguruabarren eta tokiko usadioaren arabera, edo presako konponbidea behar duten egoeretan.

b) Banakako egikaritzearen legezko esleipena. Lege zibil edo penaletan aurreikusitako beste kasu batzuk ezertan eragotzi gabe, gurasoetako baten absentzia-deklarazioa edo gaitasun-aldaketa judizialaren deklarazioa badago, beste gurasoak egikarituko du guraso-erantzukizuna, salbu eta gaitasunari buruzko epaiak bestelakorik ezartzen duenean seme-alaben interesetan.

c) Banakako egikaritzearen esleipen judiziala. Guraso bakoitzak esku-hartze judiziala eskatu ahal izanen du honako kasu hauetan:

1. Besteak ezintasuna duenean, eta guraso-erantzukizunaren egikaritzearen esleipen esklusiboa eskatzeko xedeaz.

2. Guraso-erantzukizunaren egikaritze baterakoa larriki eragozten duen edozein arrazoi dagoenean, epaileak gurasoei bereizirik esleitu ahal izan diezaien eginkizun-egikaritzea, edo horien artean banatu ahal izan ditzan eginkizunak, arrazoiturik egokitzat jotzen den aldirako, eta ezertan eragotzi gabe adingabeen interesak hobeki babesten dituzten neurriak hark zuzenean hartu ahal izatea.

3. Guraso-erantzukizuna egikaritzeko orduan desadostasunak daudenean, epaileak gurasoetako bati eslei diezaion erabakitzeko ahalmena. Desadostasunak behin eta berriro agertzen badira, epaileak zilegi izanen du aurreko zenbakian aurreikusitako ebazpenetako edozein hartzea.

Borondatezko Jurisdikziopeko izapideen bitartez bideratuko dira apartatu honetan aurreikusitako prozedura judizialak.

d) Bitartekaritza. Desadostasunak direla-eta hasitako prozeduretan, gurasoek bitartekaritzapean jar ditzakete beren desadostasunak.

68. LEGEA

Guraso-erantzukizuna, gurasoen elkarbizitzarik ez dagoenean edo elkarbizitza hautsi dutenean. Nahiz eta gurasoak elkarrekin bizi ez, guraso-erantzukizunak berezko dituen betebehar eta ahalmenak hitzartu denaren arabera egikarituko dira, eta, hitzarmenik ezean, biek batera egikarituko dituzte, edo horietako bakar batek, baina bestearen esanbidezko edo isilbidezko adostasuna duela. Aurreko legean aurreikusitako erregelak aplikatuko dira.

Hori ezertan eragotzi gabe, kasu horietan, unearen arabera seme-alabak bere ardurapean dituen gurasoak egikaritu beharko ditu zaintza-betebeharraren ondoriozko ahalmen arruntak.

Elkarbizitzaren hausturak ez du aldatzen guraso-erantzukizuna osatzen duten betebehar eta ahalmenen titulartasuna, ezta horien egikaritzea ere.

Gurasoek zilegi izanen dute hitzartzea nola egikarituko dituzten betebehar eta ahalmen horiek ardurakidetza-araubidean, hurrengo legeak ezartzen duenari jarraituz.

Hitzarmenik izan ezean, epaileak hartuko ditu adingabeak ukitzen dituzten erabaki guztiak, haien interes eta onura zehatzak kontuan hartuta, 70. legetik 74. legera bitartekoetan ezarritakoarekin bat.

69. LEGEA

Gurasotasun-ituna. Gurasoek guraso-betebehar eta -ahalmenak erantzunkidetasunez egikaritzeko modua adosten dutenean, guraso-plangintzako itun bat aurkeztu beharko dute, kasua bada dagokion hitzarmen arauemailearen zati gisa. Honako hauek jasoko ditu itun horrek:

1. Seme-alabek unean-unean batarekin eta bestearekin bizitzeko erabiliko dituzten tokiak. Horietatik erroldatze ondorioetarako zein agertuko den ezarriko da, baita seme-alaben nortasuna garatzeko muntadun diren erabaki guztien hartzea partekatzeko modua ere.

2. Seme-alabek guraso bakoitzarekin bizitzeko eta egoteko dituzten aldiak, une horretan seme-alabak ardurapean ez dituen gurasoarekin komunikatzeko seme-alabek erabiliko duten modua, eta gurasoen artean zaintza aldatzeari eragiten dioten alderdi pertsonalak eta ekonomikoak.

3. Adingabeen eskolako eta eskolaz kanpoko eguneroko jarduerei dagokienez gurasoetako bakoitzak ardurapean hartzen dituen zereginak, hirugarren pertsonen esku-hartzearen edo laguntzaren aipamenarekin, kasua bada, eta seme-alabei buruzko informazio muntadun guztia elkarri jakinarazteko erabiliko duten bitartekoa ere aipatuta.

4. Gurasoetako bakoitzak seme-alaben premia arrunt eta aparteko guztiei erantzuteko jarriko dituen baliabideak eta nola eginen duen horretarako ekarpen ekonomikoa, batzuk eta besteak zehaztuta eta halaber adierazirik haiek ezartzeko oinarri gisa mota guztietako zer inguruabar aintzat hartu diren.

5. Elkarbizitza-aldian familia-etxebizitza izan denaren eta bertan bildutako ostilamenduaren erabilera eta helburua, eta horrekin batera, erabilera-eskubidea gurasoetako bati edo biei esleitzea, kasua bada, bai eta eskubide horren iraupena eta baldintzak, eta esleipen horrek adingabeen premiei erantzuteko laguntza emateko orduan duen eragina.

6. Adingabeek beste senide eta hurbileko batzuekin harremanetan egoteko erabiliko duten modua, hori beharrezkotzat jotzen denean haien interesa errespetatzeko, eta betiere horiekin harremanak ezartzen dituzten pertsonen adostasuna argi badago.

Gurasoek gurasotasun-itunean sartu ahal izanen dute haren aplikaziotik heldutako desadostasunak ebazte aldera familia-bitartekaritzara jotzeko konpromisoa.

70. LEGEA

Neurri judizialak. Gurasoen arteko adostasunik ezean, epaileak hartuko ditu adingabeen interesak ondoen babesten dituzten neurri guztiak, guraso-erantzukizuna osatzen duten betebehar eta ahalmenei dagokienez.

Horretarako, gurasoetako bakoitzak guraso-erantzukizuneko planerako proposamen bat aurkeztu beharko du bere eskaeran, dena delako prozeduraren barnean; proposamen horrek aurreko legean aipatzen den edukia jaso beharko du.

Kasuko akzio judiziala egikaritu baino lehen, bi gurasoek familia-bitartekaritzara jo ahal izanen dute beren desadostasunak ebazteko, guraso-plangintzako itun bat lortze aldera.

Prozedura hasi ondoren, epaileak bitartekaritza horretara jotzea proposatu ahal izanen die biei, uste badu posible dela haiek itun hori erdiestea.

71. LEGEA

Zaintza eta jagoletza. Gurasoetako edozeinek epaileari seme-alaba adingabeen eguneroko zaintza eta zainketari buruzko erabakia hartzea eskatzen dionean, epaileak adingabeetako bakoitzaren interes zehatzerako komenigarriena den zaintza mota erabaki ahal izanen du, dela bi gurasoek partekatutakoa dela horietako bakarrarena.

Horretarako, kontuan hartuko ditu guraso bakoitzak aurkezten dituen eskaera eta guraso-erantzukizunerako plangintzarako proposamenak, eta, hala denean, aditu-txostenetan adierazitakoa ere bai; Fiskaltzak esan beharrekoa entzunen du, baita haren ustez adingabeei buruzko iritzia adierazi behar dutenek diotena ere, eta honako faktore hauek hartuko ditu aintzat:

1. Seme-alaben adina.

2. Gurasoen gaitasuna, gurasoen artean dagoen harremana, eta adingabeek elkarbizitzan zehar guraso bakoitzarekin sortu duten lotura.

3. Guraso bakoitzak agertzen duen jarrera, honako hauei dagokienez: bere betebeharrak bere gain hartzea, bestearen eskubideak errespetatzea, eta, bereziki, beren artean kooperatzea eta harremana bermatzea seme-alaben eta bi gurasoen, haien familien eta, hala denean, guraso bakoitzaren bikotekide berrien artean.

4. Seme-alabek gizartean eta familian duten errotzea.

5. Seme-alaben iritzia, baldin eta behar besteko zentzutasuna badute eta, betiere, hamabi urte baino gehiago badituzte, bereziki aintzat hartuta hamalau urte baino gehiago dituztenena.

6. Gurasoek seme-alaben egonkortasuna ziurtatzeko duten gaitasuna eta borondatea.

7. Gurasoek familia-bizitza eta lana uztartzeko nolako modua duten.

8. Gurasoen artean aldez aurretik egon litezkeen akordioak eta hitzarmenak, baldin eta horiek justifikatu badizkiote.

9. Elkarbizitza-araubideari begira munta berezia duen beste edozein inguruabar.

Kasua edozein dela ere, erabakiak jomugatzat izanen du posible den heinean interes guztiak uztartzea, lehentasunezkotzat harturik seme-alaba adingabeenak edo epaileak aldaturiko gaitasuna daukatenenak, eta seme-alabekiko beren harremanetan gurasoen berdintasuna ziurtaturik seme-alabentzat onuragarri den orotan, eta ardurakidetza sustaturik.

Epaileak jagoletza partekatua erabakitzen badu, gurasoetako bakoitzaren eta seme-alaben arteko bizikidetzarako araubide bat ezarriko da, familiaren egoerari egokitua, bi gurasoei ziurtatze aldera berdintasunez egikaritu ahal izatea beren eskubideak eta betebeharrak.

Jagoletza banakakoa erabakitzen badu, epaileak beste gurasoarekiko komunikazio- eta egonaldi-araubide bat ezarriko du, haren berariazko inguruabarrak ikusita, hark bermatuta izan dezan Konpilazio honetako legeen arabera esleituta dituen guraso-erantzukizunaren berezko ahalmen eta betebeharren egikaritzea.

Non eta berariaz justifikatutako inguruabarrak gertatzen ez diren, ez da anai-arrebak bereiztea dakarren konponbiderik erabakiko.

Ez da zilegi izanen zaintza eta jagoletza gurasoetako bakarrari esleitzea, ez indibiduala ez partekatua, hurrengo bi baldintza hauek batera ematen badira:

a) Beste gurasoaren edo seme-alaben biziari, osotasun fisikoari, askatasunari, osotasun moralari edo sexu-askatasun eta -ukigabetasunari eraso egiteagatik abiatutako prozesu penal batean sartuta egotea.

b) Kriminalitate-zantzu arrazoizkoak eta funtsatuak daudela dioen ebazpen judizial arrazoitu bat eman izana.

Era berean, zaintza eta jagoletza ez dira esleituko baldin eta epaileak ondorioztatzen badu, alderdien alegazioei eta froga praktikatuei erreparatuta, badaudela familia- edo genero-indarkeriaren zantzu funtsatuak eta arrazoizkoak.

Bi kasu horietan hartzen diren neurriak berrikusteko modukoak izanen dira, kasua bada jurisdikzio penalean horri buruz emaniko ebazpen irmoaren arabera.

Ezkontide edo bikotekide baten aurkako salaketa ez da bere horretan nahikoa izanen automatikoki ondorioztatzeko ezen bestearenganako edo seme-alabenganako indarkeria, mina edo mehatxuak daudela, ez eta hari esleitzeko ere seme-alaben zaintza eta jagoletza.

Hirugarrenen aldeko zaintza. Salbuespen gisa, epaileak ezarri ahal izanen du seme-alaben zaintza eta jagoletza beste senide edo hurbileko batzuei esleitzea, hori onartzen badute, edo, kasua bada, adingabea babesteko ahalmenak legez esleiturik dituen entitate publikoari; hori guztia, ezertan eragotzi gabe esleipen horri dagokion figura juridikoa ondoren formalizatzea.

Zaintza hori erabakitzen duen ebazpenean, epaileak adingabearen harrera, tutoretza edo babes-neurria era dadila premiatuko du, kasu bakoitzaren arabera, nahiz eta zilegi izanen duen, neurri horiek ezertan eragotzi gabe, bere ustez gurasoek mantendu beharrekoak diren guraso-erantzukizunaren ahalmenak eta betebeharrak ezartzea.

Adingabeen eta beste pertsona batzuen arteko bisitak. Guraso-erantzukizunari buruzko neurriak erabakitzen dituen ebazpen berean, epaileak zilegi izanen du, gurasoetako edozeinek edo Fiskaltzak eskatuta, adingabeen eta beste senide eta hurbileko batzuen arteko komunikazio-, bisita- eta harreman-sistema ezartzea, batez ere anai-arreba eta aitona-amonekikoa, hori onuragarria bada haientzat, eta pertsona horiei entzunaldia eman ondoren.

72. LEGEA

Adingabeen biztantzea. Epaileak erabakiko du zer erabilera eta xede eman familia-etxebizitzari, lehentasunezko bermakizuntzat hartuz adingabeen biztantze-eta egonkortasun-beharraren asetzea eta horien eta guraso batekiko nahiz bestearekiko elkarbizitza, harremanak eta egonaldiak.

Zaintza indibiduala ezarrita, epaileak etxebizitzaren erabilera esleituko die adingabeei eta zaintza egoera horrek dirauen bitartean horiekin dagoen gurasoari, salbu eta guraso horrek beren biztantze-premiak beste baliabide batzuen bidez behar adina eta behar bezala berma baldin baditzake; kasu horretan, egokia dena ebatziko du haren esleipenaz eta, hala bada, esleipenaren iraupenaz, babes-premiarik handieneko interesak kontuan hartuta.

Zaintza partekatua ezartzen denean edo seme-alaba ezberdinena gurasoen artean banatzen denean, etxebizitzaren erabiltzea guraso baten edo bien alde taxuzko ustez epe egokitzat jotzen den baterako erabakitzeko, epaileak honako inguruabar hauek hartuko ditu kontuan:

1. Zaintzarako eta harremanetarako denbora banatzeko ezarritako sistema zehatza.

2. Adingabeetako bakoitzak etxebizitza dagoen ingurunean daukan errotze pertsonal, sozial eta hezkuntza-arlokoa.

3. Guraso batek eta besteak adingabeen zaintza egokitzen zaien aldietan horien etxebizitza-premiak asetzeko daukaten ahalmena.

4. Familia-etxebizitzaren titulartasuna, eta okupazio-tituluaren izaera.

5. Gurasoetako edozeinen eskura beste etxebizitza batzuk egotea.

6. Gurasoen gainerako premiak, eta batak zein besteak horiek asetzeko dituzten baliabide pertsonal eta ekonomikoak, adingabeekiko elkarbizitzari eragiten diotenean.

Familia-etxebizitzaren erabilerari eta helburuari buruzko erabaki judiziala baloratu beharrekoa izanen da guraso batek nahiz besteak seme-alaben bizibiderako egin beharreko ekarpena zehaztean.

Etxebizitzaren titularrak eginiko xedatze-egintzek inoiz ez diote kalterik eginen erabilera esleituari. Zilegi izanen da erabiltze-eskubidea Jabetzaren Erregistroan inskribatzea edo bertan haren prebentziozko idatzoharra egitea.

73. LEGEA

Adingabeen bizibiderako ekarpena. Gastu arruntak eta bereziak. Epaileak ezarriko du zein den guraso bakoitzak seme-alaba adingabeen bizibiderako egin beharreko ekarpena.

a) Gastu arruntak dira adingabeen elikadura, biztantze, osasun laguntza, janzte eta oinarrizko prestakuntza integralerako ezinbestekoak diren guztiak.

Guraso bakoitzak gastu horietarako ekarpena eginen du premien arabera eta horiek asetzeko dituen baliabide ekonomikoen proportzioan. Ekarpen hori zehazteko, epaileak kontuan hartuko ditu, halaber, ezarritako eguneroko zaintza- eta jagoletza-sistema eta adingabeen beharrizan guztiei erantzuteko batak eta besteak eskaintzen duten jardute-ahalegina.

Ekarpena behar den moduan eta denboran ezarriko da eta dagokion eguneratzea izanen du; eta, kasua bada, adingabeen gastuak behar bezala administratu eta ordaintzen direla ziurtatzen duten bermeak egonen dira. Guraso batek besteari ordaintzen dion aldizkako ekarpen batez osatua egon daiteke, edo bakoitzak funts komun batean sartzen duen munta bereko nahiz ezberdineko kopuru batez; epaileak funts horren kudeaketa esleituko dio guraso bati edo biei, aldi berean nahiz txandaka jarduteko.

b) Gastu bereziak dira adingabeen bizibide arrunterako ekarpena zehazteko unean aurreikusi ezin diren guztiak.

Epaileak ezarriko du zer proportziotan egin behar dien aurre guraso bakoitzak beharrezkoak diren gastuei, guraso baten eta bestearen ahalmen ekonomikoarekin bat.

Ezertan eragotzi gabe epaileak kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen dituen beste gastu batzuk, betiere talde honetakoak izanen dira beren izaeragatik edo duten urgentziagatik bazterrezin direnak, gurasoen aseguru sozialek edo pribatuek estali gabeko osasun gastuak, eta seme-alaben garapen eta prestakuntza integralerako beharrezko diren hezkuntza arloko gastu osagarriak, horien barne direla unibertsitate ikasketenak edo lanbide gaikuntzarenak.

Gainerako gastuei epaileak ezartzen duen proportzioan eginen zaie aurre, baldin eta bi gurasoek horiekiko adostasuna esanbidez edo isilbidez adierazi badute. Biek adierazitako adostasunik ezean, gastu horiek egitea erabaki duen gurasoa izanen da haien ordaintzaile.

Gurasoen artean gastu berezi baten premiazkotasunari buruzko desadostasuna badago, epaileak ebatziko du hori, eta erabakiko du nola ordaindu behar den, ezertan eragotzi gabe 70. legeko azken bi paragrafoek xedatzen dutena.

74. LEGEA

Beste neurri batzuk. Aurreko legeetan aurreikusitako neurriez gain, epaileak adingabeen interesa babestera bideraturiko beste edozein xedapen hartu ahal izanen du dena delako prozeduran; bereziki, haien familia-ingurunean edozein arrisku edo kalte edo hirugarren pertsonek eragindakoak ekiditera bideratuta daudenak.

Behin-behineko neurriak. Epaileak aurreko legeetan aurreikusitako neurrietako edozein behin-behinekoz hartu ahal izanen du dena delako prozeduran, une zehatz horretan dauden inguruabarrak kontuan hartuta, eta hartuko den behin betiko ebazpena gorabehera.

75. LEGEA

Etetea. Lege zibil edo penaletan aurreikusitako kasuak ezertan eragotzi gabe, zilegi izanen da guraso-erantzukizunaren edo horren ahalmenetakoren baten titulartasuna etetea baldin eta absentzia, ezintasuna edo gaitasun-aldaketa badago, baina betiere salbuetsirik epaileak gurasoen eskuetan utzi beharrekotzat deklaratzen dituen guraso-ahalmenak.

Etetea eragin duen arrazoia amaitzen denean, epaileak zilegi izanen du seme edo alabaren interesa dela-eta ahalmen horien egikaritzeari ezarri beharrekoak diren mugak jartzea.

Gabetzea. Zilegi izanen da gurasoetako edozein edo biak epai bitartez gabetzea guraso-erantzukizunaren edo horren ahalmenetakoren baten titulartasunaz, nork bere betebeharrak larriki edo errepikapenez urratuz gero, are urraketa horrek adingabearen babesgabetasunik ekartzen ez duenean ere.

Gabetzea eraginkorra izanen da epaia irmo bilakatzen denetik, ezertan eragotzi gabe kautelazko etena erabaki ahal izatea.

Auzitegiek, adingabearen onura eta interesetan, berreskuratze osoa edo partziala erabaki dezakete, baldin eta gabetzea eragin zuen arrazoia amaitu bada.

Azkentzea. Seme-alaben gaineko guraso-erantzukizuna azkentzen da:

1. Seme edo alabaren edo bi gurasoen heriotzaren edo heriotza-deklarazioaren ondorioz.

2. Seme edo alabaren emantzipazioagatik edo adin-nagusitasunagatik.

3. Seme edo alabaren adopzioaren ondorioz, haren lehenagoko gurasoei dagokienez, haietakoren batekiko loturak iraun ezean.

Guraso-erantzukizuna azkentzearekin batera, amaitu egiten dira seme edo alabaren arlo pertsonalean eta ondarean zituen efektuak, eta zilegi izanen da kontu-ematea eta, kasua bada, kalte-galeren ordainketa ere eskatzea, 66. legean ezarritakoaren arabera.

Sorberritzea. Hildakotzat deklaraturiko seme edo alaba bere adin-nagusitasunera heldu baino lehen berragertzen bada, sorberritu eginen da haren gaineko guraso-erantzukizuna.

Hildakotzat deklaraturiko gurasoa berragertzen bada, haren guraso-erantzukizuna sorberritu eginen da onuragarria baldin bada seme-alabentzat, eta epaileak erantzukizun horren ahalmenak mugatu ahal izanen ditu, horretarako arrazoiak emanez.

Defendatzaile judiziala. Gurasoen eta haien ardurapeko seme-alaben interesak elkarri kontrajarririk daudenean, beharrezkoa izanen da defendatzaile judizialaren esku-hartzea.

Interes-kontrajarpena guraso batekin bakarrik gertatzen bada, besteari dagokio seme edo alabaren ordezkaritza, izendapen judizialaren beharrik izan gabe.

Epaileak defendatzailea izendatuko du, berak zehazturiko ahalmenekin, kasua bada tutoretza egikaritzea legokiekeen pertsonen artetik.

76. LEGEA

Luzapena. Gaitasuna aldatua duten seme-alaba adingabeen gaineko guraso-erantzukizuna lege-aginduz luzaturik geratuko da haiek adin-nagusitasunera heltzean, haien gaitasunari buruzko epaiak ezartzen duena ezertan ukatu gabe.

Berrezarpena. Guraso-erantzukizuna seme-alaba adinez nagusien edo emantzipatuen gainean berrezarri ahal izanen da, haien gaitasuna aldatu bada gurasoekin bizi diren bitartean, horien gaitasunari buruzko ebazpenak ezartzen duen edukia eta mugak errespetatuta eta, betiere, epaileak ez baderitzo horien intereserako onuragarriagoa denik bestelako laguntza-neurri bat ezartzea beste pertsona batzuen ardurapean.

Guraso-erantzukizun luzatua edo berrezarria azkentzea. Aurreko legeak jasotako arrazoiez gain, guraso-erantzukizun luzatua edo berrezarria honako hauengatik azkenduko da:

1. Seme edo alabaren gaitasun-aldaketa eragin duen arrazoia amaitu dela deklaratzen duen ebazpen judizial baten ondorioz.

2. Geroago beste pertsona batzuen ardurapeko tutoretza eratzeagatik.

3. Gurasoek eskatutako azkentzearen onespen judizialagatik, haien egoera pertsonal edo sozialak ezindu egiten duenean seme edo alabaren berariazko premien araberako erantzukizun-betetzea.

77. LEGEA

Guraso-erantzukizunaren gaineko ikuskapen judiziala. Konpilazio honetako legeen arabera epaileak guraso-erantzukizunaren ondoriozko aferei buruzko erabakia eman behar duen prozedura guztietan, zilegi izanen du seme-alaben eta gurasoen arteko harremanak ikuskatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak erabakitzea, arrazoiak azalduta, horien eskubideak bermatze aldera; horretarako, gurasotasun-koordinatzaile bat izendatu ahal izanen du.

Ikuskapen hori gizarte-zerbitzuen edo familia-elkarguneen esku utzi ahal izanen du, baldin adingabeentzako arriskua edo hori justifikatzen duen beste edozein inguruabar dagoela funtsatuki ondorioztatzen badu.

78. LEGEA

Itunak egiteko askatasuna. Ezkontza-itunen bidez, ezkontideek askatasunez adostu ahal izanen dute beren ezkon-araubide ekonomikoa, 7. legean ezarritako mugak besterik izan gabe.

Ezkontideen gaitasun indibiduala. Ezkontide bakoitzak zilegi du bere kabuz eskubideak egikaritu eta defendatzea eta edozein administrazio-, xedatze- eta ordezkaritza-egintza judizial nahiz estrajudizial egitea, borondatez edo legez ezarritako mugak besterik izan gabe.

Ezkontideen absentzia, gaitasun aldaketa, zarrastelkeria edo legezko banantzearen kasuetan, Kode Zibilaren xedapenak aplikatuko dira.

79. LEGEA

Ezkontideen arteko adostasunak, baiespenak eta ahalorde-emateak. Itunez edo legez bi ezkontideen adostasuna edo batak bestea baiestea behar duten egintzetan, ezkontide bakoitzak zilegi du hori orokortasunez nahiz egintza baterako edo batzuetarako ematea.

Errebokagarria izanen da kasuko egintzaren aurretik emandako adostasuna edo baiespena; ezkontzako itunen bidez ematen denean, 86. legean xedatutakoari men egin beharko zaio.

Ezkontideen arteko ahalorde-ematea batak besteari aldebakartasunez eginikoa nahiz biek elkarrekikotasunez eginikoa izan daiteke, eta egoki deritzeten ahalmenak bilduko ditu. Ahalordea orokortasunez nahiz egintza bat edo batzuetara zuzendurik ematen ahalko da, eta betiere izanen da errebokagarria, are ezkontzako itunen bitartez eman denean ere.

Epailea ordezko. Lege honetako lehen paragrafoak aipatzen dituen egintzetan, ezkontide baten ordez epaileak ematen ahalko du adostasuna edo baiespena, beste ezkontideak hori eskatuz gero. Epaileak Borondatezko Jurisdikziopeko prozeduran ebatziko du.

Berrespena. Ezkontide batek egintzak egiten baditu besteak eman beharreko adostasunik edo baiespenik gabe edo epaileak ordezko gisa jardun gabe, esku hartu ez duen ezkontideak edo beraren jaraunsleek egintza horiek berretsi ahal izanen dituzte; baina, balioa izan dezaten, beharrezkoa izanen da hark edo horiek aurkara ez ditzaten lau urteko epean, ezkontzaren desegitea edo legezko banantzea gertatu denetik.

Ondasun amankomunen gaineko dohaineko xedapen-egintzak salbuesten dira, horiek edonoiz aurkara daitezke eta.

80. LEGEA

Ezkon-gastuak. Ezkon-gastu dira familiaren bizibiderako beharrezkoak diren guztiak, aintzat hartuta haren maila ekonomikoa eta une bakoitzean haren barnean bizi diren kideak, berdin delarik gastuak arruntak nahiz bereziak izatea.

Ekarpena. Ezkontide bakoitzak ezkon-gastuak ordaintzeko ekarpena egin behar du bere diru-sarrerekin, ondarearekin eta familiarentzat egindako lan pertsonalarekin, ezkon-araubide ekonomikoan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe eta horrekin bat etorrita.

Etxeko ahala egikaritzea. Ezkontideetatik edozeinek xeda dezake bere kabuz ondasun amankomunez, familiaren inguruabarren eta tokiko usadioaren arabera familiaren premia arrunt direnei erantzuteko, bai eta gastu urgenteei erantzuteko ere, nahiz eta apartekoak izan, ezertan eragotzi gabe bere ezkon-araubide ekonomikoaren arabera egin beharrekoak diren itzulketak egitea.

81. LEGEA

Familia-etxebizitzaren eta ostilamenduaren gaineko mugak. Bi ezkontideen adostasuna behar da ohiko etxebizitzaren edo bertako altzari arrunten gaineko eskubideak “inter vivos” xedatzeko edo horiek erabilera amankomunetik kanpo uzteko.

Eskubideak ezkontide bakarrarenak baldin badira, izaera pribatiboarekin, beharrezkoa izanen da bestearen baiespena.

Epaileak adostasun edo baiespenerako ordezko gisa jardun ahal izanen du, 79. legeko bigarren apartatuan ezarritakoarekin bat.

Ezkontideetako batek aldebakartasunez egindako egintzei lege horretako azken apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Hala ere, ezkontide titularrak errakuntzaz edo faltsukeriaz adierazten badu etxebizitza ez dela ohikoa, horrek ez die kalterik eginen fede oneko hirugarrenei.

82. LEGEA

Ezkontideen arteko egintza juridikoak. Ezkontideek beren artean mota guztietako estipulazio, kontratu eta dohaintzak egin ditzakete.

162. eta 163. legeetan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, ezkontideen artean egindako dohaintzak errebokatu ahal izanen dira ezkontideen banantze edo dibortzio edo ezkontza-deuseztasun kasuetan, judizialki deklaratzen denean dohaintza-hartzaileak ez dituela bete ezkontzako edo familiarekiko betebeharrak.

Bermeak. Ezkontideetatik edozeinek zilegi du fidantza eman, bestelako betebehar bat bere gain hartu edo berme erreala ematea, bai beste ezkontidearen bai hirugarrenen mesederako, ezertan eragotzi gabe kasuko ezkon-araubide ekonomikorako xedaturik dagoena.

83. LEGEA

Ezkontzako itunak egiteko unea eta gaitasuna. Ezkontzako itun edo kontratuak ezkondu aurretik nahiz ondoren egin daitezke. Ezkondu ondoren egiten badira, itunoi atzeraeragina eman dakieke ezkontzaren datatik aurrera, hirugarrenek eskuraturiko eskubideak ezertan eragotzi gabe.

Ezkontzako itunak egin ditzakete ezkontideek eta, horretarako gaitasuna izanda, ezkontzera doazenek. Egile adingabe batek besteari 48. legean aurreikusitako egintzetako edozein egitea dakarten xedapenei dagokienez, lege horretan xedaturikoa bete beharko da.

Itun-egite horretan halaber parte hartu ahal izanen dute ezkontzarengatik edo ezkontzaren abagunean beste xedatze batzuk egiten edo beren eskubideei ukoren bat egiten dietenek.

Eragingabetasuna. Itunak eraginik gabe geratuko dira, ezkontzarik ez bada egiten urtebeteko epean. Ezkontzaren deuseztasunak haien eragingabetasuna dakar deuseztasuna deklaratzen duen epaia irmo denetik.

84. LEGEA

Forma. Ezkontzako itunak deusezak dira eskritura publikoan egiten ez badira. Ezkontzako itunetan jasotzen badira hirugarrenek ezkontide baten mesederako edo ezkontideek beren artean egindako dohaintzak, horien xede diren ondasunak deskribatu behar dira, eskrituran bertan edo horri erantsitako inbentarioan.

Publizitatea. Hirugarrenen aurrean aurkaratzeko modukoak izateko, itunak bai erregistro zibilean bai horiek inskribatzea eskatzen duten gainerako erregistroetan argitaratu beharko dira.

85. LEGEA

Edukia. Ezkontzako itunek zilegi izanen dute haien egileek ezkontzarako libreki ezartzen duten ondasun-araubidea jasotzea. Konpilazio honetan aurreikusitako beste edozein araubideri ere osorik edo zati batean atxiki ahal izanen zaizkio egile horiek.

Halaber, itunek ezkontzaren ondoriozko edozein xedapen edo uko jaso ahal izanen dute, “inter vivos” nahiz “mortis causa” motakoak, eta hala ezkontzaren indarraldirakoak nola banandu edo desegin osteko garairakoak, ezertan eragotzi gabe izaeraz xedaezinak zaizkien eskubideak.

Era berean, itunek libreki ezarri ahal izanen dute familiaren ondasunen araubidea, XI. tituluan ezarritakoaren arabera, baita X. tituluak aipatzen dituen dohaintzak eta beste edozein xedapen (bai “inter vivos” bai “mortis causa” motakoak) agindu ere.

86. LEGEA

Aldaketa. Ezkontzako itunak edonoiz alda daitezke, baldin eta 84. legeak ezarritako forma betetzen bada eta horretarako adostasuna ematen badute, ezkontideek edo ezkongaiek ez ezik, aldaketa egiteko unean bizirik dauden beste egileek, azken horiek eman edo jasotako ondasun eta eskubideetan aldatze horrek eragina duen neurrian.

Hirugarrenen aurrean aurkaratzeko modukoa izateko, beharrezkoa izanen da aldaketa inskribatzea, lege horretako bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

Ezkontide edo ezkongaietako bat hiltzen bada edo haren gaitasuna aldatzen bada, itunak ezin izanen dira aldatu.

Lege honetako lehen paragrafoan ezarritakoaren arabera esku hartu behar duen beste edozein egileren gaitasuna aldatzen bada, ordenamendu juridikoaren arabera eginen da haren adostasunaren ordezkotza.

Lege honek ezarritakotik salbuesten dira espresuki egindako itunaren ondorioz edo beren izaeragatik errebokagarriak diren estipulazioak.

Ezkontideen arteko elkarrekikotasunezko oinordetza-itunak ezkontideek berek aldatu edo errebokatu ahal izanen dituzte, eta ez da beharrezkoa izanen itunon gainerako egileen adostasunik.

87. LEGEA

Ordezko lege-araubidea. Ezkontideek beren ezkon-araubide ekonomikoa ezkontzako itunetan adostu ezean, konkistenari helduko zaio, zeina Konpilazio honetako xedapenek arautuko baitute, haien artean bereziki itundu ez den orotan.

88. LEGEA

Konkista-ondasunak. Konkista-araubidean, bi ezkontideen ondasun amankomun bilakatzen dira:

1. Itun edo xedapen bidez konkistetara bildutako ondasunak.

2. Ezkon-aldian zehar ezkontideetatik edozeinek kostu bidez konkista-ondasunen kontura eskuraturiko ondasunak.

3. Kostu bidez ondasun pribatiboen kontura eskuratutako ondasunak, baldin eta ezkontideek adosten badute horiek konkista-ondasun izatea, edozein direla ere ondasun horien trukean emandako prezio edo kontraprestazioa eta horiek eskuratze aldera egikarituriko eskubidearen izaera.

4. Ezkon-aldian zehar ezkontideetako edozeinen lan edo bestelako jarduera baten bidez irabazitako ondasunak.

5. Ondasun amankomunen eta ondasun pribatiboen fruitu eta etekinak.

6. Ezkon-aldian zehar egindako kontratuen ondoriozko errentari-eskubideak.

7. Hitzarmenezko edo legezko atzera-eskuratzeko eskubidea, aukera-eskubidea, jabetza lortzeko eskubidea, lehentasunezko harpidetze-eskubidea edota konkista-sozietateari dagozkion bestelako eskuratze-eskubideak erabilita eskuraturiko ondasunak.

8. Konkista-ondasunen akzesio edo gehikuntzak.

9. Hurrengo legearekin bat etorriz, pribatiboak ez diren beste ondasunak.

Presuntzioa. Presuntzioz, ondasunak konkistakoak direla uste da, horiek pribatiboak direla egiaztaturik ez dagoen bitartean.

Itzulketak. 3 eta 7. zenbakietan ezarritakoa ulertuko da kasuan-kasuan bidezkoak diren itzulketak ezertan eragotzi gabe. Itzulketa horiek gauzatzen direnean eguneratu beharko dira, dela ezkon-sozietatearen indarraldian, dela hura likidatzen denean.

89. LEGEA

Ondasun pribatiboak. Ezkontidearen ondasun pribatibo dira:

1. Itun edo xedapenen bidez konkistetatik baztertutakoak.

2. Ezkontzaren aurretik eta kostu bidezko tituluaren bitartez ezkontide bati datozkion ondasunak, nahiz eta ondasun horien eskuratzea ezkontza bitartean gertatu, edo ondasunon truke emandako prezioa zein kontraprestazioa beste ezkontidearen edo konkista-sozietatearen funtsekin osorik zein zati batez ordaindu, ezertan eragotzi gabe lege honetan familia-etxebizitzarako xedatutakoa.

3. Ezkondu aurretik edo ezkontza bitartean dohainik eskuratutakoak.

4. Erosketa, trukaketa, ordainean emate, salmenta edo transakzioaren bidez, eta ondasun pribatiboen gaineko beste edozein subrogazioren bidez eskuratutakoak.

5. Konkista-ondasunen kontura eskuratutakoak, baldin eta eskuratze-tituluan bi ezkontideek agerrarazi badute horietako bati ondasun pribatibo gisa egindako eratxikipena.

6. Hitzarmenezko edo legezko atzera-eskuratzeko eskubidea, aukera-eskubidea, jabetza lortzeko eskubidea, akzioen lehentasunezko harpidetze-eskubidea edota ezkontide bati dagozkion bestelako lehentasunezko eskuratze-eskubideak erabilita eskuraturiko ondasunak.

7. Ondasun pribatiboen akzesio edo gehikuntzak.

8. Ezkontide bati dagozkion ondasun pribatiboetan egindako eraikinak, landaketa berriak eta bestelako hobekuntzak.

9. Ezkontideari berari edo horren ondasun pribatiboei eragindako kalte-galeren ordaina.

10. Pertsonak berezko dituen ondasunak eta ondare-eskubideak, eta “inter vivos” eskualdatu ezin direnak.

Familia-etxebizitza eta -ostilamendua. Familia-etxebizitzari eta -ostilamenduari dagokienez, horiek eskuratzen direnean edo haien prezioa osorik edo zati batean ordaintzen denean ezkontzak irauten duen bitartean (nahiz eta aurreko titulutik etorri), honako erregela hauek hartuko dira kontuan:

a) Ezkontideetako bakar baten ekarpen berariazkoaren bidez egin bada ordainketa, haren ondasun pribatiboa izanen da.

b) Ordainketa bi ezkontideen titulartasun pribatiboko ondasunen bidez egin bada, biena izanen da indibisoan, bakoitzaren ekarpenekiko proportzioan.

c) Ezkontide baten edo bien ondasunen eta konkista-sozietatearen ondasunen bidez ordaintzen bada, indibisokoa izanen da bakoitzaren eta konkista-sozietatearen ekarpenekiko proportzioan.

Familia-etxebizitza edo -ostilamendua erosteko prezioari aurre egiteko egindako ordainketek zehaztuko dituzte aurreko apartatuek aipatzen dituzten ekarpenak, kontuan hartu gabe erosketa eskura, epeka edo ondoko mailegu baten bidez egin den.

Itzulketak. 2., 6., 7. eta 8. zenbakietan ezarritakoa ulertuko da kasuan-kasuan bidezkoak diren itzulketak ezertan eragotzi gabe. Itzulketa horiek eguneratu beharko dira gauzatzen direnean, dela ezkon-sozietatearen indarraldian, dela hura likidatzen denean.

90. LEGEA

Konkista-sozietatearen kargak. Ondare komunaren kargura izanen dira honakoak:

1. Familiaren bizibiderako gastuak, arruntak nahiz bereziak, familiaren inguruabarrak eta maila ekonomikoa aintzat hartuta, bai eta bienak diren seme-alaben hezkuntzak eta prestakuntza integralak eragindakoak ere.

2. Ezkontide baten eta bestearen seme-alaben elikadura eta biztantze-gastuak, mendekotasun ekonomikoa dutenenak, elkarrekin bizi diren aldietan sortutakoak, eta, halaber, ezkontideekin bizi diren eta independentzia ekonomikorik ez duten beste familiarteko edo gertukoenak.

3. Ezkontide batek aurreko ezkontza bitartean izandako seme-alaben mantenuak eta hezkuntza, ezkontideak egin ez badu 114. legean jasotako ondasunen banaketa eta entrega, bidezkoa denean.

4. Ondasun amankomunak administratzearen gastu arruntak eta bereziak.

5. Ondasun amankomunak administratzeari dagokionez konkista-sozietatearen interesetan edo horrentzat onurak suertaturik eginiko egintzetatik ezkontideentzat eratorri diren kontratuz kanpoko betebeharrak.

6. Hirugarren baten aurka bi ezkontideek abian dituzten auzien ondoriozko nahitaezko gastuak; edo auzia ezkontide bakar batek duenean, gastuak probetxugarri suertatzen baldin badira familiarentzat.

7. Ezkontideen ondasun pribatiboak administratzearen gastu arruntak.

8. Ezkontide bakoitzaren negozioetan, ustiapen erregularrak dakartzan gastuak, eta horien lanbide, arte edo ogibidean aritzeak sortzen dituen gastu arruntak.

91. LEGEA

Karga pribatiboak. Ezkontide bakoitzaren kargura izanen dira honakoak:

1. Bienak ez diren seme-alaben elikadura eta gainerako gastu arruntak, aurreko legearen 2. zenbakiak aurreikusitako kasuetatik kanpo, bai eta haien hezkuntza-gastuak ere.

2. Aurreko elkartze bateko bere seme-alaben bizibidea, elikadura eta hezkuntza, baldin eta ondasun-banaketa eta -entrega egin badira, bidezkoa bada, 114. legearekin bat, edo bidezkoa ez bada, 115. legearekin bat.

3. Ezkontideetako edozeinek jokoan galdu eta ordaindutakoa, salbu eta diru-kopuru txikiak badira, modu erregularrean eta aldiro-aldiro aplikatzen direnak zabalkunde eta jarraipen sozial handiko joko edo apustuetan, bai eta zori, enbido eta ausazko jokoetan galdutakoa eta ordaindu gabekoa ere, zenbatekoa legez galdatzeko modukoa delarik.

4. Aurreko legearen arabera konkista-sozietatearen karga ez diren gastu eta betebeharrak.

92. LEGEA

Konkista-sozietatearen erantzukizuna. Erantzukizuna ondasun amankomunen bitartezkoa eta kasu bakoitzean zehazturikoaren araberakoa izanen da, honako hauei aurre egiteko:

1. 90. legearen arabera sozietatearen karga diren gastu eta betebeharrak, ezkontideetako batek bakarrik bere gain hartutakoak direnean ere.

Azken kasu horretan, ondasun amankomunena ez ezik, ezkontide zordunaren ondasun pribatiboen zuzeneko erantzukizuna ere egonen da. Horrez gain, bi ezkontideenak diren legezko betebehar nahitaezkoak betetze aldera ezkontide bakarrak bere gain hartutako betebeharren kasuan, beste ezkontidearen ondasunek erantzukizun subsidiarioa izanen dute.

Aurreko erantzukizun bera egonen da fidantzamenduen kasuan, karga horien ondorioz eginikoak direnean.

2. Ezkontide batek nahiz besteak batera hartutako betebeharrak, edo haietako batek hartutakoak bien izenean eta biak ordezkatuz.

Betebehar horien gaineko erantzukizun solidarioa ondare komunarena eta bakoitzaren ondare pribatiboarena izanen da, bietako edozeinena; ondare komunaren erantzukizuna izanen da zor osoaren gainekoa, eta pribatiboena erdiaren gainekoa.

Erantzukizun bera eraginen dute bi ezkontideek hirugarrenen alde eratutako fidantzek, 525. legean ezarritakoa ukatu gabe.

Ulertzen da aurreko apartatuetan adierazitakoak ez duela eragozten itzulketak egitea, bidezko direnak kargaren eta hartutako erantzukizuna ordaintzeko erabili zen ondarearen izaera pribatiboaren edo amankomunaren arabera.

3. Ezkontide batek bestearen adostasuna izanik hartutako betebehar indibidualak.

Kasu horretan, erantzukizuna, ezkontide zordunaren ondasunenaz gain, ondasun amankomunena ere izanen da. Horrez gain, nahitaez bete beharreko legezko betebeharrak, bi ezkontideenak, betetzeko hartutako betebeharren kasuan, beste ezkontidearen ondarearena izanen da erantzukizun subsidiarioa.

Horrek guztiak ez du eragozten itzulketak egitea, kargaren izaeraren eta horri aurre egiteko erabili zen ondarearen arabera bidezko direnak.

4. Bi ezkontideenak diren legezko betebehar nahitaez egikaritu beharrekoak betetzean ezkontide bakar batek hartutako betebehar indibidualen kasuan, erantzukizun solidarioa izanen dute zorpetu zen ezkontidearen ondasunek eta ezkon-sozietatearenek; eta ordezko erantzukizuna izanen dute beste ezkontidearen ondasunek, bidezko diren itzulketak ezertan eragotzi gabe.

Erantzukizun bera eratorriko da ezkontide bakar batek emandako fidantzetatik, fidantza horiek direnean ezkonduek legez eman beharreko arretengatik hirugarren batek bere burua zorpetu izanaren ondoriozkoak.

93. LEGEA

Ezkontide bakoitzaren erantzukizun pertsonala. Ezkontide bakoitzaren ondare pribatuaren erantzukizunekoa izanen da 91. legean aipatzen diren kargak, bai eta ezkontideak bestearen adostasunik gabe bere gain hartzen dituenak ere, konkista sozietatearen kargurako eta erantzukizunekoak ez badira 90. eta 92. legeetan aurreikusitakoarekin bat.

Erantzukizun horrek ezkontideetako batek bakarrik hirugarrenen alde emandako bermeak ere hartuko ditu.

Kasu horietan, ezkontidearen ondare pribatiboa aski ez bada, hartzekodunak konkista ondasunen enbargoa eska dezake; hori berehala jakinaraziko zaio beste ezkontideari.

Betearazpena ondasun amankomunen gainean gauzatuz gero, ulertuko da ezkontide zordunak bere partaidetzaren kontura jaso duela ondasun horien balioa, hala bere ondasunekin horiek ordaintzen dituen unean, nola ezkon-sozietatea likidatzeko unean.

Nolanahi ere, oztopoa edo, kasua bada, bestearen erantzukizun pribatiboa deklaratzen duen ebazpena jakinarazi ondorengo bederatzi eguneko epean, zorduna ez den ezkontideak zilegi izanen du zordunaren ondasun pribatiboak seinalatzea, hartutako erantzukizunerako nahikoak direnak, edo exigitzea oztopoa ordeztu dadila halako moldez non, konkista ondasunetakoa izan beharrean, ezkon-sozietatearen likidazioan ezkontide zordunari adjudikatzen zaion gerakinekoa izanen baita; kasu horretan, enbargoak berarekin ekarriko du ezkon-sozietatea desegitea eta likidatzea, eta ondasun-banantzearen araubidea aplikatuko da, 101. legean aurreikusitako zertzeladekin.

94. LEGEA

Administrazioa eta xedapena. Ezkontzako itunetan edo eskritura publikoan hitzarturikoak arautuko ditu konkista ondasunen administrazioa eta xedapena.

Ezer itundu ezean, bi ezkontideei batera dagozkie halakoak, hurrengo apartatuetan ezarritakoa eragotzi gabe:

1. Ezkontideetako batek ezintasunen bat badu eta, horren ondorioz, ezin badu adostasunik eman, konkista ondasunak administratu edo xedatzeko egintza bati edo batzuei begira, edo hori egiteari ezezkoa ematen badio arrazoirik gabe, epaileak ebatziko du.

2. Ezkontide batek bere kabuz egin ditzake konkista-sozietatearen ondasun edo eskubideen gaineko administrazio-egintzak eta izaera bereko diruaren edo balore-tituluen gaineko xedatze egintzak, baldin eta horiek beraren esku edo izenean badaude, eta berarentzat eraturiko kreditu-eskubideak erabil ditzake; hori hala da, kasuan-kasuan bidezko diren itzulketak eragotzi gabe.

3. Bi ezkontideak adingabeak badira, beharrezkoa izanen da horien gurasoen laguntza edo, kasua bada, haien legezko ordezkariarena, helburua baldin bada ondasun higiezinak, merkataritza- nahiz industria-establezimenduak, horien oinarrizko osagaiak edo aparteko balioa duten objektu amankomunak besterendu edota kargatzea.

Aurreko paragrafoan aipatzen den laguntza ez da beharrezkoa izanen ezkontideetako bat bakarrik denean adingabe; halakoetan, nahikoa da bi ezkontideen adostasuna.

4. Administrazioa eta xedapena lege-aginduz transferituko zaizkio ezkontidearen tutoreari edo legezko ordezkariari, hark jardute-gaitasuna aldatua duenean.

5. Ezkontideen adostasuna ezin izanen da ordeztu konkista-ondasunak dohainik besterentzeko edo kargatzeko egintzetarako. Hala ere, bi ezkontideek zilegi izanen dute beren kabuz neurrizko dohaintzak egitea, familiaren posizioaren eta gizarte-usadioen arabera.

6. “Mortis causa” egintzen bidez, ezkontide bakoitzak xeda ditzake bere ondasun pribatiboak, bai eta ezkon-sozietatea desegindakoan konkista-ondasunetatik dagokion zatia ere. Konkista-ondasun zehatzak xedatzen direnean, 251. legeak legatuari buruz ezarritakoa bete beharko da.

95. LEGEA

Desegitea. Konkisten ezkon-sozietatea desegiteko arrazoi dira:

1. Ezkontzako itunetan ezarritakoak.

2. Bi ezkontideak ados egotea; baina, aldez aurretik ezkontzako itunak egin badituzte, 86. legean ezarritakoa bete beharko da.

3. Bi ezkontideetako baten heriotza.

4. Ezkontzaren deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa deklaratzen duen ebazpen judiziala.

5. Ezkontide batek hala eskatuta, hori dekretatzen duen ebazpen judiziala, hurrengo kasuetan:

a) Beste ezkontidearen gaitasuna judizialki aldatu bada, edo horren absentzia deklaratu denean.

b) Beste ezkontidea konkurtsoan deklaratu dutenean, ondorio hori Konkurtso Legean aurreikusita dagoenean.

c) Beste ezkontideak bere kabuz zenbait egintza burutzea eta egintza horiek desegitea eskatu duen ezkontideari iruzur, kalte edo arriskua ekartzea, konkista sozietatean dagozkion eskubideetan.

d) Ezkontideek egitez urtebete baino gehiago banandurik dutenean.

e) Konkista-ondasunen gainean enbargoa dekretatu denean beste ezkontidearen betebehar pertsonalen ondorioz, 93. legearen azken paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Zenbaki honetan jasotako kasu guztietan, desegite-arrazoiari buruzko auzia sortzen bada, behin horren izapidetzea hasi eta gero, epaileak inbentarioa egiteko xedatuko du, eta behar diren neurriak hartuko ditu konkista-sozietatearen ondasunak administratzeko; halaber, epailearen baimena beharrezkoa izanen da, administrazio arrunta gainditzen duten egintzak gauzatzeko.

96. LEGEA

Kausarik gabeko irabaziak itzultzea. Edozein kasutan, konkista-sozietatea desegin ez bada ere, ondare pribatiboaren eta konkista ondarearen artean itzulketak egin beharko dira, ondare baten mesederako eta bestearen kalterako irabaziak gertatu badira inolako kausarik gabe.

Itzulketen zenbatekoa itzulketa horiek gauzatzen diren unearen arabera eguneratu beharko da, hala ezkon-sozietateak dirauen bitartean nola hori likidatzen denean.

97. LEGEA

Likidazioa. Behin sozietatea desegin eta gero, horren likidazioa egin beharko da, eta aktibo eta pasiboaren inbentarioa eginez hasiko da. Inbentarioa ez da beharrezkoa izanen, interesdun guztiek onartu badute alargunak berari dagokion alarguntza-gozamena dela-eta egin duena.

Aktiboa. Aktiboan sartuko dira desegite-unean dauden konkista-ondasun guztiak, bai eta sozietateak ezkontideekin dituen kredituak ere, eta, horien artean, konkista-sozietatearen erantzukizuna diren itzulketek, karga pribatiboen ondoriozkoek, eragindakoak ere.

Pasiboa. Pasiboak bere barnean hartuko ditu, sozietatearen erantzukizunekoak izanik, ordaindu gabe dauden betebeharrak, ezkontideek sozietatearen aurka dituzten kredituen ondoriozkoak barne.

Ordainketa. Behin inbentarioa amaitu eta gero, sozietatearen zorrak ordainduko dira, horrek ezkontideekin dituenak barne, kredituen pilaketa eta hurrenkerari buruzko xedapenekin bat etorriz.

Sozietatearen hartzekodunek horren likidazioan izanen dituzte jarauntsia likidatu eta banatzean legez dagozkien eskubide berberak.

Mantenua. Ondasun-masa amankomunetik mantenua emanen zaie ezkontideei edo, kasua bada, alargunari eta seme-alabei, masa horren ondarea osatzen duten ondasunen entrega egin bitartean. Emandako mantenuak ondarearen fruitu eta etekinetatik kenduko dira, eta azken horiek gainditzen badituzte, ondaretik bertatik, gaindikinari dagokion heinean.

98. LEGEA

Zatiketa. Konkista-ondasunen gerakin likidoa zatituko da ezkontideek itundutako proportzioan edo, ezer itundu ezean, ezkontideen edo horien jaraunsleen artean erdibana.

Abantaila-eskubideak. Hobetzeko edo abantaila-eskubidea dela bide, alargunaren jabetzakoak izanen dira, konkistetan berari dagokion zatian zenbatu gabe, jantziak eta norberak erabiltzeko bestelako tresnak, bai eta etxeko ostilamenduaren gainerako objektuak ere, horien balioa ez bada gehiegizkoa, familiaren maila ekonomikoarekin eta gizarte-usadioekin bat etorriz. Era berean, abantaila gisa ere ken daitezke, ondare komunarekin alderatuz gero, neurriz kanpoko baliorik ez duten lanabesak ere.

99. LEGEA

Lehentasunezko adjudikazioa. Konkista-sozietatearen likidazioan, ezkontide bakoitzak eskubidea izanen du hurrengo ondasunak berari adjudika dakizkion, bere hartzekoaren ordain gisa eta hein horretan, ondasun horiek amankomunak izanez gero:

1. Ezkontideetatik edozeinek konkista-sozietatera itun bidez erantsitako ondasun pribatiboak.

2. Etxeko ostilamendua osatzen duten objektu eta lanabesak, aurreko legearekin bat etorriz horiek ezkontidearenak ez badira abantaila-eskubidea dela bide.

3. Ezkontidearen ardurapeko ustiategia, hori nekazaritza, abeltzaintza, baso, merkataritza nahiz industriakoa izan.

4. Lanbide, arte edo ogibidean aritzeko, ezkontideak erabili izan duen lokala.

5. Beste ezkontidea hiltzen denean, ezkontideon ohiko bizilekua izan den etxebizitza.

1. 4. eta 5. zenbakietako kasuetan, alargunak galda dezake ondasunen jabetza osoa berari eratxikitzeko edo, bestela, horien gaineko erabiltze- edo biztantze-eskubidea bakarrik. Jabetzaren balioak edo kasuan kasuko eskubidearenak gainditzen badu ezkontide adjudikaziodunaren hartzekoa, ezkontide horrek diruz ordaindu beharko du aldea.

100. LEGEA

Efektuak. Ezkontideek ezkontzako itunetan ondasun-erkidego unibertsalaren araubidea ituntzen badute, honako erregela hauek aplikatuko dira, baldin eta ez bada itunik espresuki ezartzen masa amankomuna osatzen duten ondasun eta kargei buruz eta haren administrazio, desegite eta likidazioari buruz:

1. Araubide honen bidez amankomun bihurtzen dira ezkontideen orainaldiko eta etorkizuneko ondasun guztiak, berdin delarik horiek eskuratzeko titulua kostu bidezkoa nahiz dohainekoa, “inter vivos” zein “mortis causa” izatea.

2. Ondare komunaren erantzukizuna izanen dira bi ezkontideei dagozkien karga eta betebehar guztiak, biek batera nahiz batek bakarrik hartuak izan, bai eta haietako edozeini banaka dagozkionak ere, ezkontza aurrekoak nahiz ondokoak izan.

3. Ondasun amankomunak administratu eta xedatzeari dagokionez, aplikatuko da 94. legean konkista-ondasunei buruz aurreikusitakoa, ezertan eragotzi gabe 78. legetik 82. legera bitartekoetan guztientzat aurreikusitakoa.

4. Ezkontza desegitean, ondasun amankomunen gerakin likidoa hitzarturiko proportzioan zatituko da, eta, hitzarmenik ezean, ezkontideen edo horien jaraunsleen artean erdi bana.

5. Ezkontideek itundu ez dituzten kontuetan edo lege honetan aurreikusirik ez daudenetan, analogiaz aplikatuko dira Konpilazio honetan konkista-araubideari buruz ezarritako xedapenak, hori ondasun-erkidego unibertsalaren araubidearen aurkakoa edo horrekin bateraezina ez den neurrian.

101. LEGEA

Hitzarmenezko banantzea eta edukia, itunik izan ezean. Ezkontideek ezkontzako itunetan ondasunen banantze-araubidea ituntzen badute edo araubide hori ezartzen bada lege-xedapenez, bertan berariazko xedapenik ez badago, honako erregela hauek aplikatuko dira:

1. Ezkontide bakoitza hasierako unean dituen ondasunen titular izanen da, bai eta ondoren edozein tituluren bidez eskuratzen dituenena ere.

Ondasun eta eskubideak, erdi bana eta indibisoan, bi ezkontideei dagozkiela uste izanen da presuntzioz, horien jabetza indibiduala frogatzen ez bada, edo kuota eratxikipenik gabe eskuratu badira.

2. Ezkontide bakoitzari banaka dagokio bere ondasunen luperketa, administrazioa eta xedapena, 81. legean familiaren etxebizitzarako xedatutakoa eragotzi gabe.

3. Ezkontide bakoitzak berak hartutako betebeharren gaineko erantzukizun esklusiboa izanen du. Hala ere, ezkontide batek betebeharrak bere gain hartzen baditu, etxeko ahala erabiliz, familiak bere zirkunstantzien eta 80. legean aipatzen den tokiko usadioaren arabera dituen beharrizan arrunt eta bereziei erantzuteko, orduan, ezkontide zordunaren ondarea aski ez bada, beste ezkontidearen ondasunek ordezko erantzukizuna izanen dute, kasuan-kasuan bidezko diren itzulketak gorabehera.

4. Ezkontzako itunen edukia ezertan eragotzi gabe, ezkontide bakoitzak ezkon-gastuei 80. legeak ezartzen duenari jarraikiz eginen die aurre, bere ahalmen ekonomikoaren eta dedikazio pertsonalaren proportzioan.

5. Ezkontide batek modu pertsonalean eta ordainsaririk gabe familiarentzat egindako lanaren eraginez, ezkontide horri ezkonduen gastuetan proportzioan dagokion ekarpena gainditzen bada, bestearen ekarpen ekonomiko eta pertsonalarekin alderatuta, konpentsazioa jaso beharko du araubidea azkentzen den unean.

Konpentsazio horren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira, familiaren maila ekonomikoaren eta inguruabarren barruan, ezkontza urteak eta seme-alaben eta ezkontideekin bizi diren beste familiarteko batzuei emandako dedikazioaren eta arreta pertsonalaren iraupena eta intentsitatea.

6. Horrez gain, ezkontideetako batek lan egin badu bestearen enpresa edo lanbide jardueretan, eskubidea izanen du konpentsazioa jasotzeko, egindako lanaren proportziokoa, lan horren truke ordainsaririk jaso ez, edo jasotakoa aski izan ez bada, ezkonduen kargetan laguntzeko betebeharrean izandako soberakinak direla-eta itzulketak egiten badira ere.

102. LEGEA

Banantze judiziala. Banantzea epaiketa bidez dekreta daiteke, 95. legeko 5. zenbakian ezarritako arrazoien ondorioz, ezkontzako ondasun-araubidea edozein izanda ere.

Likidazioa Konpilazio honetako erregelekin bat etorriz eginen da, kasuan kasuko araubidearen arabera.

103. LEGEA

Itunak egiteko askatasuna. Ezkontideek zilegi izanen dute ezkontza-hausturaren ondorio ekonomiko guztiak aurreikuspen gisa nahiz haustura gertatu ondoren ituntzea, ezertan eragotzi gabe V. tituluak xedatzen duena haien seme-alaba adingabeen gaineko guraso-erantzukizunarekin zerikusia duten ondorioei buruz.

Itun horiek kasuan kasuko efektuak izanen dituzte, agiri pribatuan edo publikoan egin diren edo deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa arautzen duen hitzarmenean jaso diren.

Ezkontideek itun horietan jaso dezakete bitartekaritzaz baliatzeko konpromisoa, horien aplikazioak eragiten dituen desadostasunak ebazteko.

104. LEGEA

Neurri judizialak.

a) Adin nagusiko seme-alaben bizibiderako ekarpena. Itunik ez dagoenean, epaileak ezarriko du zein den ezkontide bakoitzak egin beharreko ekarpena, oraindik ekonomikoki haien mendeko diren adin nagusiko seme-alaben bizibiderako, 73. legean ezarritakoarekin bat, aplikatzekoa den guztian.

Hala eta guztiz ere, epaileak ezar dezake, hala eskatzen denean, guraso bakoitzak adin nagusiko seme-alaben bizibiderako ordaindu beharreko kopurua zuzenean ematea seme-alabei.

b) Familiaren etxebizitza. Adingabeko seme-alabak dauden kasurako 72. legean ezarritakoa eragotzi gabe, halakorik ez dagoenean edo denak adin nagusikoak direnean, epaileak behar handiena duen ezkontideari eman diezaioke familiaren etxebizitza erabiltzeko eskubidea, etxebizitzaren titularra ez bada, betiere aldi baterako.

Erabiltzeko eskubidearen epea epaileak ezarriko du, zuhurtziaz, inguruabarrak kontuan harturik, batez ere ekonomikoki gurasoen mende dauden adin nagusiko seme-alaben biztantze-beharrak.

105. LEGEA

c) Desorekagatiko konpentsazioa. Ezkontza haustean ezkontideetako baten egoera ekonomikoa desorekatua bada beste ezkontidearekiko, familiari emandako dedikazioagatik, epaileak haren alde ezar dezake, hala eskatuz gero, desorekagatiko konpentsazio bat, eman daitekeena aldi baterako edo epe mugagaberako prestazio gisa, edo osotarako diru-kopuru gisa; horretarako, besteak beste, inguruabar hauek hartuko ditu aintzat:

1. Bizikidetzaren iraupena, osotara, eta denbora horretan familiari emandako dedikazioa.

2. Ezkontide bakoitzaren egoera ekonomiko orokorra ezkontza haustean, eta, bereziki, ezkon-aldian zehar ezkon-araubide ekonomikoaren arabera ezkontide bakoitzarentzat izandako ondare eskualdaketek eragindakoa.

3. Ezkontide bakoitzaren lan edo lanbide aukerak, adina eta osasun egoera kontuan hartuta, eta seme-alaben zaintzan etorkizunean izanen duen dedikazioa.

4. Eskatzaileak aukerak galdu izana, lanerako, profesionalak edo prestazioak jasotzekoak, eta, batez ere, galera hori gertatu denean beste ezkontidearen jardueretan edo haren prestazio eskubideak aitortzen laguntzeagatik.

5. Familiaren etxebizitzaren erabilera nori esleitu zaion eta horrek dakarren gastu araubidea.

Aldaketa. Konpentsazioa aldi baterako edo mugagabeko prestazio gisa ematea ezarri denean, haren zenbatekoa, ordainketa modua edo iraupena aldatu ahal izanen da ezkontide baten edo bestearen inguruabarrak aldatzen badira, eta, horrekin batera, konpentsazioa ezarri zenean zuten egoera.

Iraungipena. Konpentsazioaren prestazioa arrazoi hauengatik azkenduko da: hartzekodunaren heriotza, ezkontza edo bikote egonkorra osatzea, edo beste norbaitekin ezkonbizitza egitea, ezarritako epea betetzea, bai eta prestazioak bere xedea betetzeari uztea dakarren beste edozein inguruabar ere.

Kasu hauetan, prestazioaren aldaketa edo azkentzea deklaratzen duen epaiak bere atzeraeraginezko efektuak eraman ahal izanen ditu aldaketa edo azkentze hori eragin duen arrazoia sortu zen uneraino.

Zordunaren heriotza. Zordunaren heriotzak ez du berez azkentzen konpentsazio gisa ezarritako prestazioa.

Kasu bakoitzean epaileak ebatziko du prestazioaren iraupenaz, haren zenbatekoaren aldaketaz, prestazioa zenbateko oso batekin edo ondasun batzuk entregatzearekin ordezteaz edo hura azkentzeaz, bai eta, kasua bada, betebeharraren erantzukizunaz eta banaketa ekitatiboa egiteaz zordunaren oinordeko unibertsal edo partikularren eta, baleude, biziarteko gozamendunen artean. Horretarako, inguruabar hauek hartuko ditu kontuan, kasuan aplikagarritzat jo ahal dituen beste batzuez gain:

1. Zer balio garbi, errentagarritasun eta likidezia duten jarauntsiaren ondareak eta horren gainean oinordekoek edo gozamendunek dituzten eskubide zehatzek.

2. Ezkontideek dituzten betebeharrak, seme-alaba adingabekoen edo gaitasuna judizialki aldatua dutenen edo beraiekin bizi diren adin nagusiko seme-alaba ekonomikoki mendekoen bizibideari loturikoak, bai eta beste mantenu-betebehar batzuk ere, Konpilazio honetako legeen edo lege orokorren arabera beren gain hartu beharrekoak direnak.

3. Haietariko bakoitzak dituen beharrizan pertsonalak eta ekonomikoak.

Lege honen arabera prestazio horretara beharturik gerta daitezkeen pertsonek zilegi izanen dute eskatzea, kasuko deklarazio- edo exekuzio-prozeduran, ordainketa eten dadila harik eta aurreko apartatuan aipatzen diren gaiak behin betiko ebazten diren arte. Etendura horren efektuak atzeraeraginez aplikatuko dira zordunaren heriotzaren uneraino.

106. LEGEA

Eraketa. Ezkontzaren pareko bizitza-elkarte afektiboan bizi diren bi adin nagusiko pertsonak edo adingabe emantzipatuk Konpilazio honetan aurreikusten diren efektuekin bikote egonkorra eratu nahi badute, hori egin ahal izanen dute beren borondatea agiri publikoan adieraziz.

Erregistroa. Bikote egonkorrak Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren erregistro bakarrean inskribatu beharko du erregistro hori eraentzen duen arauan aurreikusitako froga- eta publizitate-efektuak izateko, bai eta beste lege-xedapen batzuetan ezarritako efektuak ere izateko.

107. LEGEA

Debekuak. Honakoek ezin dute bikote egonkorra eratu:

1. Ezkonduta daudenak edo beste pertsona baten bikotekide egonkorra direnak.

2. Elkarren artean odol edo adopzio bidezko ahaidetasun zuzena edo bigarren graduko albokoa dutenak.

Ezin izanen da aldi baterako bikote egonkorra osatzea hitzartu, ezta baldintzapetu ere.

108. LEGEA

Ahaidetasuna. Bikote egonkorrak ez du inolako ahaidetasun harremanik sortzen bikotekide bakoitzaren eta bestearen ahaideen artean.

109. LEGEA

Bikote egonkorraren araubide iraunkorra. Bikotekideek itun bidez arautu ahal izanen dituzte harremanaren alderdi pertsonalak, familiarrak eta ondarekoak, bai eta haien eskubideak eta betebeharrak ere.

Familiaren etxebizitza. Familiaren etxebizitzaren erabilerari 81. legean xedatutakoa aplikatuko zaio, bikotekideen artean kontrakoa ituntzen ez bada.

Gastu komunak eta ekarpena. Bikotearen gastu komunak dira bikotekideen eta bien seme-alaben beharrei aurre egiteko beharrezkoak direnak, bai eta bietako batenak direnen mantenuak eta biztantzeak eragindakoak ere, familiaren etxebizitzan bizi badira.

Itunik ez badago, bikote egonkorreko kideek familiaren etxebizitza mantentzeko eta gastu komunetarako eginen duten ekarpena bakoitzaren baliabide ekonomikoen proportzioaren araberakoa izanen da; horretarako, kontuan hartuko da familiarentzat emandako lan pertsonala eta beraiekin bizi diren seme-alaben, bienak izan nahiz ez, eta gainerako pertsonen zaintzan duten dedikazioa.

Erantzukizun zibila hirugarrenen aurrean. Bikotekideek erantzukizun solidarioa izanen dute hirugarrenen aurrean haietako bakoitzak, aurreko apartatu aipatzen diren gastuak direla-eta, bere gain hartutako betebeharrengatik, baldin eta bat badatoz gizarte-usadioekin eta ukatu gabe dagozkion itzulketak, egin behar badira,barne harremanekin bat.

110. LEGEA

Azkentzeko arrazoiak. Arrazoi hauengatik azkenduko da bikote egonkorra:

1. Bikotekideetako baten heriotzagatik edo heriotza-deklarazioagatik.

2. Bikotekide baten ezkontzagatik eta bien arteko ezkontzagatik.

3. Bikotekideen adostasunagatik.

4. Bikotekide baten borondatez, borondate hori beste bikotekideari modu fede-emailean jakinarazita.

5. Bizikidetza amaitzeagatik, bizi-erkidegoaren egiazko haustura gertatuta.

Bikote egonkorraren azkentzea jakinarazi beharko du bikotekideetako edozeinek erregistro bakarrari, zeinetan dagoen inskribatuta, horri; bizikideetako edozeinek bestearen alde emandako adostasunak eta ahalordeak errebokatzea ekarriko du azkentzeak.

Bikotea azkentzen bada, kideen artean emandako dohaintzak errebokatu ahal izanen dira, tituluan aurreikusitako arrazoiez gain, epaileak deklaratzen duenean dohaintza-hartzaileak ez dituela bete familia-betebeharrak.

111. LEGEA

Bizikidetzaren amaiera aurreikusten duten itunak. Bizikidetzaren amaiera aurreikusita, eskritura publikoan itundu ahal izanen dira bikote egonkorraren azkentzeak izanen dituen efektuak.

112. LEGEA

Azkentzearen efektuak. Bizikidetza amaitzen denean, konpentsazioaren xede izan daiteke familiarentzat egindako lana ez ezik, nahiz bai bikotekide batek bestearen enpresa edo lanbide jardueretan egindakoa ere, 101. legearen 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako moduan.

113. LEGEA

Oinordetzarako eskubideak. Bikote egonkorra azkentzen bada bikotekide baten heriotzagatik edo heriotza-deklarazioagatik, bizirik dirauen bikotekidearen oinordetzarako eskubideak elkarri edo bietako batek bestearen alde, batera edo bakoitzak bere aldetik, egin dituztenak baizik ez dira izanen, betiere testamentu, oinordetza-itun edo “mortis causa” dohaintza bidez, edo Konpilazio honetan onartzen diren gainerako xedatze-egintzak erabiliz eginak.

114. LEGEA

Aurreko ezkontza edo bikote egonkor baten ezkon-sozietatea edo ondasun-erkidegoa likidatzea. Bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondu edo beste pertsona batekin bikote egonkorra eratzen duen gurasoa behartuta egonen da ezkontide edo bikotekidearen heriotzagatik desegindako aurreko ezkontzako edo bikote egonkorreko bere seme-alabekin edo ondorengo ahaideekin batera egitera ezkon-sozietate edo ondasun-erkidego deseginaren likidazioa, eta haiei zilegi dituzten ondasunak formalki eta egiazki entregatzera, seme-alaba edo ondorengo ahaide horiek aurretiaz zendutakoaren jaraunsle edo zati alikuotaren legatu-hartzaile direnean.

Defendatzaile judizialak ordezkatuko ditu seme-alaba adingabeko emantzipatugabeak.

Aurreko elkartzeko edo bikoteko seme-alaben eskubideak. Baldin eta ezkondu edo bikote egonkorra eratu aurretik gurasoek ez badute aurreko apartatuak ezartzen dien betebeharra bete, aurreko ezkontzako edo bikote egonkorreko seme-alabek edo ondorengoek zilegi izanen dute likidazioa exigitzea, eta erreklamatzea beren ondasunek ezkon-sozietate edo ondasun-erkidego berrian eragindako ondare-gehikuntzengatik edo irabaziengatik dagokiena.

Lege honetan xedaturikoa bete beharko da, baldin eta ezkontza edo bikote egonkor berriaren ondasun-araubidea ondasun-erkidegoa bada.

115. LEGEA

Salbuespenak. Aurreko legean xedatutakoa ez da aplikatuko kasu hauetan:

1. Lehenik hiltzen denaren heriotza-unean, haren jaraunsle bakar eta unibertsala bizirik dirauena denean.

2. Hildakoak jaraunsle izendatu duenean bere ezkontidea edo bikotekidea, edo bere seme-alabez edo ondorengoez beste pertsona batzuk.

3. Hildakoak jaraunsle izendatu dituenean seme-alabak, soilik bere ondasun pribatiboetarako.

4. Hildakoak bizirik dirauena izendatu duenean konfiantzazko jaraunsle edo fiduziariokomisario, horretarako baldintza bezala jarri gabe berriz ezkontzea edo bikote egonkor berria eratzea.

5. Bizirik dirauena denean jaraunsle-fiduziarioa, edo seme-alabak edo ondorengoak jaraunsle fideikomisodunak.

6. Baldin eta ezkon-sozietatea edo erkidegoa desegiteko unean ez badago behar besteko ondasunik, oinarririk eman ahal izan duenik geroko ezkontza- edo bikote-harremanaren indarraldian inolako irabazirik lortzeko. Bizirik dirauen ezkontideak edo bikotekideak notario-aktan edo adiskidetze-ekitaldian agerrarazi beharko du halako ondasunik ez dagoela, eta interesdunei edo horien ordezkari legitimoei jakinarazpena edo zitazioa eginen die.

116. LEGEA

Ezkon-sozietatea edo ondasun-erkidegoa likidatzea, aurreko elkartze batzuetako ondorengoak daudenean. Ezkon-sozietatean edo ondasun-erkidegoan aurreko elkartze batzuetako seme-alaba edo ondorengoen interesik badago, banan-banan eta ondoz ondo eginen da haietako bakoitzaren likidazioa.

Ezkontza bakoitzeko seme-alaba edo ondorengoei dagozkien hartzekoetara bilduko dira:

1. Geroko ezkontza egin edo bikote egonkorra eratu aurretik, 114. legearekin bat etorriz horiei eman behar zitzaizkien ondasunak.

2. Hurrengo edo ondorengo elkartzeekin dituzten kredituak, aipatutako legearekin bat.

1. zenbakian zehazturiko hartzekoak kobratzeko, lehentasuna izanen dute elkartze zaharreneko seme-alaba edo ondorengoek.

2. zenbakiko hartzekoei dagokienez, lehentasunik gabe parte hartuko dute aurreko elkartzeetako seme-alaba edo ondorengo guztiek.

Banaketa. Aurreko beste elkartze batzuetako seme-alaba edo ondorengoak batera pilatzen badira, horiek ezkontide edo bikote egonkorreko kide batenak nahiz bienak izan, ondare-gehitzeak eta irabaziak buruko banatuko da seme-alaba horien artean; aurrenik hildako seme edo alabaren ondorengoek ordezkapen-eskubidea izanen dute.

117. LEGEA

Definizioa. Ohiko etxebizitza berean bizi diren bi adin nagusikok edo gehiagok, hala irauteko borondatearekin, kontraprestazio ekonomikorik gabe eta elkarri laguntza emateko helburuarekin, gastu komunak eta etxeko lanak denen artean banatuz, elkarri laguntzeko harremana era dezakete idatzizko hitzarmen baten bidez.

118. LEGEA

Betebehar pertsonalak eta debekuak. Elkarri laguntzeko harremana era dezakete alboko ahaidetasunez, gradu mugarik gabeaz, adiskidetasunez edo kidetasunez lotuta daudenek.

Ezin dute halakorik eratu ezkontideek, ezta bikote egonkorreko kideek edo izatezko bikotekideek.

119. LEGEA

Araubidea bizikidetzan. Bizikideek idatzizko itun bidez arautu ahal izanen dituzte bizikidetzan izanen dituzten harreman pertsonalak, eskubideak eta betebeharrak, bai eta haietako bakoitzak gastu komunetarako eta etxeko lanetan eginen duen ekarpen berdina edo desberdina ere.

120. LEGEA

Familiarentzako dohaintza motak. Familiarentzako dohaintzak hauek dira:

1. Ezkontideek edo bikotekideek elkarri egiten dizkioten dohaintzak ezkontzagatik edo bizikidetzaren hasieragatik.

2. Ezkontideek edo bizikideek elkarri egindako dohaintzak, ezkon-aldian edo elkarbizitzan zehar edo hura amaitzen denerako oreka ekonomikoa mantentzeko asmoarekin.

3. Pertsona batek edo batzuek batera egindako dohaintzak, ezkontide baten edo bien alde, bikotekide baten edo bien alde, edo familia-taldea eratu duen baten alde, betiere dohaintza horien bitartez ondasun batzuk eskualdatzen badira ezkontza, bizikidetzaren hasiera edo familia-talde berri hori eratzea dela eta.

4. Pertsona batek edo batzuek batera egindako dohaintzak, bere familiak belaunaldi berri batean irautea dela eta, ezkontide baten edo bien alde, bikotekide baten edo bien alde, edo familia-taldea eratu duen baten alde, betiere dohaintza horiek ondasunen eskualdaketak badira, familiaren ondarearen edo enpresaren batasunari eta jarraitutasunari eusteko helburuarekin.

121. LEGEA

Edukia. Dohaintzak izan daitezke oraingo ondasun zehatz batzuen gainekoak, oraingo eta etorkizuneko ondasun guztien gainekoak edo dohaintza-emailea hiltzean geratzen direnen gainekoak; jabari osoan edo gozamenaren erreserbarekin egin daitezke, eta, halaber, xedapen librearekin edo mugatuarekin, errebokatze edo lehengoratze klausulekin, oinordetza deiekin eta fideikomisoekin edo zilegi den beste edozein baldintzarekin.

122. LEGEA

Epeak, forma eta onarpena. Dohaintzak ezkontza egin, bizikidetza hasi edo familia-talde berria eratu aurretik edo ondoren egin daitezke, eta ezkontzako itunen edo eskritura publikoaren bidez egin beharko dira, betiere ondasunak eskrituran bertan edo erantsitako inbentarioan deskribatuta.

Dohaintzetan nahitaezkoa da dohaintza-hartzailearen onarpena, dohaintzaren eskrituran bertan edo bestelako eskritura bananduan adierazia.

Dohaintza-emailea edo emaileak bizirik dagoela edo hil ondotik egin ahal izanen da onarpena.

Dohaintza-emaileek edo horren jaraunsleek dohaintza errebokatu ahal izanen dute onarpenaren berririk ez badute, salbu eta, notario-aktaren bidez dohaintza-hartzaileari errekerimendua egin eta hori jasotzearekin batera, horrek onarpena ematen duenean.

123. LEGEA

Araubidea. Familiako dohaintzei hurrengo erregelak aplikatuko zaizkie:

1. Dohaintza-hartzaile unibertsala oinordekoa da jaraunsle gisa, baina ez du inolako erantzukizunik dohaintza-emaileek dohaintzaren ondotik egindako zorren gainean, horiek familiaren ondare edo enpresaren onurarako direnean izan ezik.

2. Orainaldiko eta etorkizuneko ondasunen gaineko dohaintza unibertsalean, presuntzioz uste izanen da, aurkako itunik izan ezean, dohaintza-hartzaileak etorkizunekoak eskuratzen dituela dohaintza-emailea zendutakoan bakarrik.

3. Dohaintza unibertsalean dohaintza-emaileek ondasun edo zenbatekoen erreserba egiten badute, xedapen librerako, honakoa uste izanen da presuntzioz: a) xedapen librea “inter vivos” nahiz “mortis causa” izanen dela; b) erreserba batera egiten dela dohaintza-emaileen alde, eta oso-osorik bizirik dirauenarentzat; c) dohaintza-emaile guztiak zendu ondoren, xedatu ez dituzten erreserbako ondasunak dohaintza-hartzailearenak izanen direla, dohaintzan sartuta daudela ulertuta; d) dohaintza-emaileek dohaintza egitean ezkutatu dituzten zorren gaineko lehentasunezko erantzukizuna haiek erreserbatutako ondasunen gainekoa izanen dela.

4. Norbaitek dohaintza egiten badu bera hildakoan geratuko den horren gain, bere ondasunak xedatu ahal izanen ditu kostu bidezko “inter vivos” egintzen bitartez bakarrik.

5. Dohaintza-emaileek beraientzat erreserbatu badituzte gozamena eta administrazioa, presuntzioz uste izanen da, aurkako xedapenik izan ezean, erreserba dohaintza-emaileentzat batera egin dela, eta oso-osorik, bizirik dirauenarentzat.

6. Bestelako xedapenik izan ezean, dohaintza-hartzaileak dohaintza-emaileen hileta-gastuak agindu eta ordaindu beharko ditu, tokiko usadioarekin bat etorriz eta familiaren maila ekonomikoaren arabera.

7. Dohaintzaren bidez, dohaintza-hartzaileei dohaintza-emaileekin bizitzeko edo haiei laguntza emateko betebeharra ezartzen bazaie, bizikidetzari uzteak edo laguntza emateko betebeharra ez betetzeak aukera emanen die dohaintza-emaileei edo horietatik bizirik dirauenari dohaintza errebokatzeko. Errebokatzeko eskritura egin ahal izanen da bizikidetzari uztea edo ez-betetzea notarioaren nabaritasun-akta bidez justifikatu ondoren.

8. Etorkizuneko pertsonentzat egindako lehengoratzeetan eta fideikomisozko ordezpenetan, 223. eta 224. legeetan xedaturikoa bete beharko da.

9. Edozein pertsonari egindako oinordetza-deiak dohaintza moduan hartuko dira, espresuki hala agerrarazten denean. Gainerako kasuetan, deiok oinordetzarako deien balio hutsa izanen dute; hori dela eta, dei horiek ez dakarte inongo debekurik, ondasunak kostu bidez xedatzeko, eta oinordetzara deituak oinordeko izanen dira, soilik, dohaintza-hartzailea hiltzean geratzen diren ondasunena.

10. Dohaintzan emandako ondasunen administrazio eta zuzendaritzari buruz ez bada ezer itundu, ulertuko da horiek dohaintza-emaileei edo horietatik bizirik dirauenari dagozkiela, betiere, horiek beraientzat gozamena erreserbatu badute.

11. Dohaintza-hartzaileen eta dohaintza-emaileen bizikidetza-ituna egin bada, eta azken horiek beraientzat erreserbatu badute dohaintzan emandako ondasunen gozamena, horietatik inork ezin izanen du, besteen adostasunik gabe, jabetza soila besterendu, horren gaineko luperketa laga, ezta horietako bakoitzari dagozkion eskubideak kargatu ere.

124. LEGEA

Xedapena. Tituluan ez bada bestelakorik ezarri, dohaintza-hartzaileak, dohaintza zein ezkontzari, bikoteri edo familia-unitatea eratu duen pertsonari begira egin den, horien seme-alabek, edota dohaintzan emandako ondasunak jarauntsiaren bidez eta ondoz ondo jaso duten ondorengoek, ondasunok xedatu ahal izanen dituzte, kostu bidez betiere; dohainik xedatu ahal izanen ditu, berriz, dohaintza-hartzaileak, dohaintza zein ezkontzari, bikote egonkorri edo eratutako familia-unitateri begira egin den, horren ondorengoak dituenak, testamentua egiteko gaitasuna badu, bai eta haren ondorengoek ere, haiek ondorengorik izan ez arren.

Itzulketa. Dohaintza-hartzaileak edo berorren ondorengoek ez badituzte baliozkotasunez eta aurreko paragrafoaren arabera xedatu dohaintzan jasotako ondasunak, dohaintza-emaileari lehengoratuko zaizkio haietatik azkena hiltzen denean. Ezkontide dohaintza-emaileen konkista-ondasunak izanez gero, lehengoratzea erdi bana gauzatuko da bi ezkontideen mesederako.

Dohaintza-emailea hiltzen bada, dohaintzan emandako ondasunak ahaiderik hurbilenei lehengoratuko zaizkie, lehengoratzea egiteko unean horiek dohaintza-emailearen legezko jaraunsleak badira.

Gozamenetik kanpo uzteko itunik egon ezean, lehengoratzea beti gauzatuko da dohaintza-hartzailearen ezkontide alargunarentzat edo bikotekidearentzat eraturiko alarguntza-gozamena ukatu gabe, edo, dohaintza-emailea ezkontidearen edo bikotekidearen aurretik hilez gero, ezkontideari edo bikotekideari legokiokeen gozamena ukatu gabe; bi gozamenok aldi berean pilatuz gero, bigarren horrek izanen du lehentasuna.

Lege honetan xedaturikoa hala ulertuko da, dohaintza-tituluan bestelakorik ezartzen ez denean, eta lehengoratzea ez da gertatuko, dohaintza-emaileak eskubide horri uko egiten dionean edo, legezko hurrenkeraren arabera, dohaintza- emailearen oinordeko izateko ahaiderik ez dagoenean.

125. LEGEA

Eragingabetasuna. Ezkontzari, bikoteko bizikidetzari edo familia-taldearen eraketari begira egindako dohaintzak eragingabeak izanen dira baldin eta haiek egiteko oinarritzat harturiko egitatea ez bada urtebeteko epean gertatzen.

Era berean, ezkontzari begira egindako dohaintzak eragingabeak izanen dira ezkontza deusez deklaratzen denetik aurrera.

126. LEGEA

Errebokatzea. Oro har, dohaintzak errebokatu ahal izanen dira soilik itundutako arrazoiengatik eta dohaintza-hartzaileari ezarritako kargak ez betetzeagatik, funtsezkoak badira; bestelako kargak ez badira betetzen, dohaintza-emaileak betetzea galdatu ahal izanen du.

Horrez gain, ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek elkarri egindako dohaintzak errebokatu ahal izanen dira 82. legean eta 110. legeko bigarren paragrafoan aurreikusitako arrazoiengatik, hurrenez hurren.

Konpilazio honen beste xedapen batzuetan xedatutakoa eragotzi gabe, hirugarrenek dohaintzak egiten badituzte familiak belaunaldi berri batean irauteari begira, familiaren ondarearen edo enpresaren batasuna eta jarraipena lortzeko helburuarekin, dohaintza horiek errebokatu ahal izanen dira dohaintzaren kausa den ezkontzako ezkontideen legezko edo egitatezko banantze edo dibortzioagatik, zein bikoteri begira egin zen dohaintza, bikote hori bikotekideak bizirik egonik azkentzeagatik edo hausteagatik, eta zein pertsonari begira egin zen dohaintza, pertsona haren familia-taldea aldatzeagatik.

Behin dohaintza-emailea hil eta gero, 162. legean xedaturikoa bete beharko da.

Errebokatzeko ahalmena eskualdaezina da; baina dohaintza-emaileek demanda jartzen badute hil baino lehen, akzioaren egikaritzari euts diezaiokete errebokatzeak aurrera egitekotan ondasunetara deituko liratekeen pertsonek.

Dohaintza-emaile bat baino gehiago izanik, guztiek batera egiten badute dohaintza, horiek guztiek edo horietatik bizirik dirautenek egin beharko dute errebokatzea, eta ondasun guztiak hartuko ditu.

127. LEGEA

Etxea. Etxe Nafarrak bere izenez identifikatzen du bertan bizi den edo haren baliabideen mende dagoen erkidegoa edo familia-taldea, bai eta haren ondarea osatzen duten ondasunak ere, auzotasun-harremanetan, zerbitzu emateetan, finken identifikazioan, eta tokiko ohitura eta usadioek eta arauek ezarritako bestelako harremanetan. Etxearen batasunari eta iraupenari eustea eta haren ondarearen eta izenaren defentsa jabeei dagokie, edo, bestela, jabetza tituluetan haren administrazioa esleitua edo erreserbatua dutenei.

Etxeari buruzko itun eta borondatezko xedapen guztiak eta aplikatzekoak zaizkion ohitura eta legeak interpretatzean, bete beharko den funtsezko printzipioa haren ondarearen eta haren jarduera ekonomikoak betetzen dituzten enpresa guztien batasuna da, bai eta haren jarraipena eta iraupena familia-erkidegoan edo -taldean.

128. LEGEA

Etxearen dohaintza. Etxearen dohaintzek, haren batasunari eta jarraipenari begira ordenatutakoek, 121. legean aurreikusitako edukia jasotzeaz gain, zuzkidurak, mantenua edo bizitzeko eskubideak ezarri ahal izanen dituzte seme-alabentzat edo beste batzuentzat, eta, horrekin batera, dohaintza-emaileen eta dohaintza-hartzaileen arteko itunak, bizikidetzako familia-sozietatea eratzeari, zuzendu eta administratzeari, aldatzeari eta desegiteari buruzkoak, bai eta bizikidetza hori hausteari buruzkoak ere, eta itun eta estipulazioak gozamenaz eta ondasunen xedapenaz, konkistetako parte-hartzeaz eta, oro har, edozein baldintza edo zilegi diren bestelako itunak.

Dohaintza horien bitartez Etxearen eskualdaketa gertatzen denean, X. tituluan jasotako xedapenak aplikatuko dira, berezitasun hauekin:

1. Dohaintza-hartzaile unibertsala oinordekoa da jaraunsle gisa; baina ez du inolako erantzukizunik dohaintza-emaileek dohaintzaren ondotik egindako zorren gainean, horiek Etxearen onurarako direnean izan ezik.

2. Bestelako xedapenik izan ezean, dohaintza-hartzaileak dohaintza-emaileen hileta-gastuak agindu eta ordaindu beharko ditu, tokiko usadioarekin bat etorriz eta Etxeari dagokionaren arabera.

3. Dohaintzaren bidez, dohaintza-hartzaileari Etxean bizitzeko karga ezartzen bazaio, Etxea uzteak aukera emanen die dohaintza-emaileei edo bizirik dirauenari dohaintza errebokatzeko. Errebokatzeko eskritura egin ahal izanen da etxea utzi izana notarioaren nabaritasun-aktaren bidez justifikatu ondoren. Dohaintza-emaileak hil ondoren, norbaitek Etxe-harrerarako eskubidea badu, 137. legean xedatutakoa bete beharko da.

4. Dohaintza-emaileak ez badu behar beste ondasunik erreserbatu 138. legean aurreikusitakoaren arabera berak eman beharreko zuzkidurei aurre egiteko, ulertuko da halakoak dohaintza-hartzailearen ardurapean geratzen direla, nahiz eta hori espresuki agerrarazi ez. Dohaintza-emaileak ezin dio dohaintza-hartzaileari betebehar hori kendu, salbu eta onuradunak horri uko egiten dionean.

5. Dohaintza-emaileak eta dohaintza-hartzaileak Etxean elkarrekin bizi badira, ondasunen gaineko luperketa dutenek mantenua zor diete besteei, Etxearen maila ekonomikoarekin bat etorriz, eta tokiko usadioaren arabera.

129. LEGEA

Existentziaren presuntzioa eta araubide juridikoa. Ezkontzako itunetan ondasunak dohaintzan emateaz edo jaraunslea izendatzeaz gain hitzartzen bada dohaintza-emaile edo izendatzaileak eta dohaintza-hartzaile edo izendatuak elkarrekin biziko direla, presuntzioz uste izanen da horiek guztiek parte hartzen dutela lortzen diren konkistetan, salbu eta eskrituran kontrako itunak baldin badaude, edo familia-sozietate hori existitzearekin bateraezinak direnak.

Konkisten familia-sozietatea arautzen dute hitzarturikoak, ohiturak eta, halakorik ezean, kapitulu honetako xedapenek. Kapitulu honek arautzen ez duen guztian, ezkon-sozietaterako ezarritakoa aplikatuko zaio konkisten familia-araubideari.

130. LEGEA

Familia-sozietatearen ondasunak eta kargak. Familia-sozietatea osatzen duten pertsonen konkista-ondasunak eta ondasun pribatiboak zeintzuk diren zehazteko, 88. eta 89. legeek ezkontideei buruz xedaturikoa bete beharko da.

Konkisten familia-sozietateak dituen kargei dagokienez, 90. legean xedaturikoa aplikatuko zaie partaide guztiei.

Administrazioa eta xedapena. Aurkako itunik izan ezean, konkista- ondasunen administrazioa dagokie dohaintza-emaile edo izendatzaile guztiei, edo horietatik bizirik dirautenei.

Konkistapeko ondasun higiezinak, industria edo merkataritzako establezimenduak edota horien oinarrizko osagaiak besterendu nahiz kargatzeko, beharrezkoa da partaideen adostasuna.

131. LEGEA

Desegitea. Konkisten familia-sozietatea desegiteko arrazoiak hauek dira:

1. Ezkontzako itunetan ezarritakoak.

2. Partaide guztien erabakia, 86. legean itunak aldatzeko agindutako formalitateekin hartu bada.

3. Legezko banantzea, dibortzioa eta ezkontzaren deuseztasunari buruzko deklarazioa, itunak ezkontza horri begira egin badira.

Sozietate jarraitua. Ezkontide dohaintza-hartzaile edo izendatu baten heriotza, eta 95. legearen 5. zenbakian desegiteko ezarritako arrazoiak, arrazoiok haietan eragina dutenean, baldin eta dohaintza-emaileak edo izendatzaileak ez badira beste ezkontidearekin bizi. Bizikidetzarik dagoen ala ez zalantzan izanez gero, Ahaide Nagusiek erabaki ahal izanen dute, 147. legean ezarritakoarekin bat.

132. LEGEA

Dohaintza-emaileen heriotza. Dohaintza-emaile edo izendatzaileren bat zendu arren, familia-sozietateak indarrean iraunen du, aurkako itunik izan ezean, gainerako partaideen artean.

Dohaintza-emaile edo izendatzaile guztiak zendurik, sozietateak ezkontideen artean iraunen du indarrean, eta konkisten ezkon-sozietateari buruzko legeen arabera eraenduko da.

Lege honetan xedaturikoak ez du eragotziko kasuan-kasuan egin beharreko likidazio partziala.

133. LEGEA

Zatiketa. Konkista-ondasunen gerakin likidoa zatituko da itundutako proportzioan eta, ezer itundu ezean, sozietatearen partaideen artean, buruko bana. Horrek ez du eragotziko VIII. tituluan aipatutako xedapenak aplikatzea, bidezkoa bada.

134. LEGEA

Formalki eraturiko erkidegoak. Formalki eraturiko familia-erkidegoak, haien indarraldian zehar, haien eraketa-tituluan ezarritako erregelen bitartez arautuko dira.

Erkidegoak desegitean, eraketa tituluan berariazko aurreikuspenik izan ezean, eta ezertan eragotzi gabe borondatez Ahaide Nagusien erabakimenaren menpe jartzea -titulu honen azken kapituluarekin bat-, epaileak erabakiko du desegitearen efektu pertsonalei buruz, eta ahalegina eginen da Etxearen titularrak bertan gera daitezen.

Ondasunei dagokienez, tokiko usadioaren arabera ebatziko da, eta, ahal den neurrian, Etxearen batasunari eutsiko diote, eta erkidego deseginaren kideei ondasun eta eskubideak adjudikatuko dizkiete, hauen arabera: horiek Etxean zenbat denbora lan egin duten, Etxearen maila ekonomikoa, kideok beren ardurapean dituzten pertsonen kopuruaren arabera, eta gainerako inguruabarrak. Pentsioa adjudikatzen bada, erabakiko da pentsio hori egonkortasun-klausularekin edo beste bermeren batekin segurtatu behar den ala ez.

135. LEGEA

Egitatezko erkidegoak. Pertsonen eta familien artean bizikidetza eta elkarlan egonkorrak izan badira horiek arautzeko erregelarik ezarri gabe, hurrengoak aplikatuko dira:

1. Une oro, erkidego horren kideetatik edozeinek amaiera eman diezaioke erkidegoari, libreki.

2. Erkidegoan egindako lanaren ondorioz onura eta hobekuntzak lortu badira, eta erkidegoa desegiteko unean horiek bertan badiraute, erkidegoaren kideei adjudikatuko zaizkie horiek, tokiko usadioaren arabera; horretarako, kontuan izan beharko dira erkidegora ekarritako ondasunak edo lana, kide bakoitzak jadanik eskuraturiko onurak, desegite-arrazoiak eta gainerako inguruabarrak.

3. Aurreko erregelen ondorioetarako, ez dira erkidegoaren kidetzat hartuko gurasoekin bizi diren seme-alaba ezkongabeak.

136. LEGEA

Mantenua ematea. Bizikidetza izan zein ez, seme-alabek beren gurasoei mantenua eman badiete edo haien beharrizan pertsonalak ase badituzte, haiek ezin izanen diete ezer erreklamatu gurasoei nahiz horien jaraunsleei.

137. LEGEA

Etxe-harrera. Ezkontzako itunetan, testamentuan edo eskritura publikoaren bidez emandako bestelako xedapenetan, norbaiten mesederako ezartzen badira Etxean bizitzeko, mantenua eskuratzeko eta osasuntsu, gaixo edo horien antzeko egoeretan arreta jasotzeko eskubideak, Etxean lan egiteko betebeharraren menpe edo halakorik gabe, Etxearen ondarearen oinordekoak karga horiek bere gain hartu beharko ditu eskubideok emateko erabili den xedapenarekin, maila ekonomikoarekin eta tokiko usadioarekin bat.

Ahaide Nagusien esku-hartzea eragotzi gabe, 147. legearekin bat, epaileak ebatziko ditu lege honetan aipatutako eskubideen interpretazioari, betetzeari edo ez-betetzeari buruz sortzen diren gorabehera guztiak, eskubideei buruzko balorazioak eginen ditu, eta eskubideok ziurta edo likida ditzake, horiek kapital edota pentsio batekin ordeztuz, eta, onuradunaren ez-betetzea izan bada, horien azkentzea deklara dezake.

138. LEGEA

Zuzkidurak.

a) Kontzeptua eta araubidea: Ezkontzako itunetan, testamentuan edo eskritura publiko bidez egindako beste xedapen batzuetan, kopuru, ondasun edo eskubideak libreki esleitzen bazaizkio Etxearen jaraunsle, dohaintza-hartzaile edo legatu-hartzaile izendatuaz beste pertsona bati, esleipenok zuzkiduratzat hartuko dira, eta haien ezarpen-tituluak arautuko ditu halakoak.

b) Zenbatekoa. Zuzkidurak ezartzen badira Etxearen jaraunsle, dohaintza-hartzaile edo legatu-hartzailearen kontura, horien zenbatekoa edo horiek finkatzeko modua zehaztu gabe, hori guztia honakoek zehaztuko dute:

1. Izendatzaileek, edo horietatik bizirik dirauenak, betebeharpekoarekin ados etorriz.

2. Halakorik izan ezean, betebeharpekoak eta zuzkiduraren onuradunak, tokiko usadioaren eta Etxearen maila ekonomikoaren arabera.

3. Aurreko kasuetako edozeinetan, eta adierazitako pertsonen artean adostasunik egon ezean, epaileak ezarri ahal izanen ditu zenbatekoa, epea eta entregatzeko modua, bai eta beharrezkotzat jotzen dituen bermeak ere, Ahaide Nagusien esku-hartzea eragotzi gabe, 147. legean xedatutakoarekin bat.

c) Lehengoratzea. Ezkontzarengatik eta bikote-elkarbizitzaren edo familiak denboran zehar irauteko beste edozein formaren hasieragatik egindako zuzkidurei aplikatuko zaie 124. legeak familiarentzako dohaintzetarako ezartzen duen lehengoratze-eskubidea.

d) Eskualdaezintasuna. Zuzkidura-eskubidea ezin izanen da eskualdatu, horren onuradunak ez badu hori galdatu eta bera Etxean bizi izan bada hil arte. Kasu horretan, jaraunslea edo dohaintza-hartzailea behartuta egonen da hileta ordaintzera, tokiko usadioaren eta Etxearen maila ekonomikoaren arabera.

139. LEGEA

Deia eta esku-hartzea. Ahaide Nagusien deia eta esku-hartzea testamentugileen, dohaintza-emaileen edo itun-egileen borondatezko xedapenaren bitartez ezartzen bada, aplikatuko da horietan ezarritakoa, eta halakorik izan ezean eta integraziorako, kapitulu honetan xedatutakoa.

140. LEGEA

Zein ahaideri deitu. Deia egiteko aurreikuspenik izan ezean, bi ahaiderik hurbilenei deitu zaiela ulertuko da, horiek adin nagusikoak izan eta Nafarroan bizi badira; ahaideok zehaztuko dira ondoko erregelekin bat etorriz:

1. Bat aitarengandiko lerrotik aukeratuko da eta bestea amarengandiko lerrotik; arazoa ahaide ezberdinak dituzten pertsonen artean sortzen bada, bat aukeratuko da alderdi bakoitzeko.

2. Edozein kasutan, lehentasuna izanen dute gradurik hurbileneko ahaideek; gradu berekoak direnean, lotura bikoitzekoek lotura bakarrekoen gainetik; eta, egoera berean daudenean, ahaide zaharrenek, aurreko ahaideen artean izan ezik; kasu horretan gazteena lehenetsiko da.

141. LEGEA

Ordezkoa. Inork ere ez baditu legezko baldintzak betetzen eta, horren ondorioz, ezin bada lerro edo alderdi bateko ahaiderik izendatu, honetara jardun beharko da:

1. Aitarengandiko edo amarengandiko lerroan ahaiderik ez badago, hutsune hori beste lerroko ahaidearekin beteko da, eta alderantziz.

2. Alderdi batek ahaiderik ez badu, hutsune hori betetzeko, interesdunak beste pertsona bat izendatuko du, ahaide izan zein ez.

142. LEGEA

Ezaugarriak. Ahaide Nagusiaren eginkizuna bere-berezkoa da, eta hartutako erabakiaren betearazpena edo formalizazio hutsa baino ez da eskuordetu ahal izanen.

Ahaide Nagusiek ezin diote ukorik egin beren eginkizunari, ezta beren esku-hartzeari ezezkoa eman ere, beren kudeaketa eragotzi edo modu larrian zailtzen duen kausarik izan gabe; ahaideok errekusatu ahal izanen dira, zuzeneko interes pertsonala edo ageriko areriotasuna dela eta.

Desenkusatzeko edo errekusatzeko arrazoiak baloratuko dituzte beste Ahaide Nagusiak eta ordezpenerako deia jaso duenak, eta, adostasunik ez badago, epaileak eginen du.

Ordezko izanen da lehentasun-hurrenkeran ordeztuaren hurrengo dagoen ahaidea.

143. LEGEA

Erabakia. Ahaide Nagusiek, horretarako errekerimendua egiten zaienetik, sei hileko epean eman beharko dute beren erabakia. Jaraunslea aukeratu behar bada seme-alaben artean edo dei orokorra jaso duten pertsonen artean, ahaideok ez dute izanen aukera egiteko betebeharrik, harik eta deia jaso duten pertsonetatik gazteena adin nagusikoa izan arte.

Erabakia eskritura publikoan jaso beharko da.

144. LEGEA

Hirugarren ahaidea. Ahaide Nagusiak ez badira ados jartzen arazo zehatz bati buruz, ahaideok hirugarren ahaide baten esku-hartzea eskatuko dute; ahaideek berek izendatuko dute ahaide hori, beren arteko adostasunez edo judizialki; eta erabakia gehiengoz hartuko dute desadostasuna eragin duten bi irtenbideen artean.

145. LEGEA

Beste ahaide bat lehenestearen ondoriozko erreklamazioa. Lehentasuna duen ahaideren bat badagoela ahazteagatik edo hori ez jakiteagatik beste ahaide batek esku hartzen badu, erabakitakoa baliozkoa izanen da, salbu eta Ahaide Nagusiei berei erreklamazioa egiten zaienean hamabost eguneko epean, zenbatzen hasita eskritura publikoa egin izanaren nahiz erabakia jasotzen duen bestelako dokumentu bat egin izanaren berri izaten den datatik aurrera.

146. LEGEA

Aurkaratzea eta erantzukizuna. Ahaide Nagusien erabakia auzitegietan aurkaratu ahal izateko arrazoi bakarrak izanen dira borondate-akatsa, iruzurra, ohitura- edo lege-urraketa, edo kausatzaileak xedatu duena desobeditzea.

Edozein kasutan, Ahaide Nagusiek erantzukizun pertsonala izanen dute kalte-galerak eragin badituzte beren eginkizunak doloz edo zabarkeriaz betetzeagatik.

147. LEGEA

Borondatezko esku-hartzea. Familiaren ondare arloko gaiak eta oinordetzakoak, xedatzeko modukoak direnak, Ahaide Nagusien esku utzi ahal izanen dira, haiek erabaki dezaten, hala adosten badute interesdun guztiek eta borondatez onartzen emandako ardura hori agiri publikoan.

Ahaide Nagusien esku-hartzeak emandako arduran ezarritako arauak bete beharko ditu, eta edukiari dagokionez, titulu honetako arauak ere, helburuari begiratuta aplikatzekoa zaien guztian.

Ardura 140. legean aipatzen diren Ahaide Nagusietako edozeini eman ahal izanen zaio, lehentasunik gabe eta kopurua edozein dela.

148. LEGEA

Xedatzeko askatasuna. Nafarrek askatasunez xeda ditzakete beren ondasunak, eta ez dute izanen liburu honetako X. tituluan ezarritako murrizketak besterik.

Dohaineko xedapenak agin daitezke “inter vivos” nahiz “mortis causa” dohaintzaz, oinordetza-itunez, testamentuz eta Konpilazio honetan aitorturiko gainerako xedatze-egintzen bitartez. Halako xedapenik ez dagoenean bakarrik aplikatuko da legezko oinordetza.

Dohaineko xedapen oro huts-hutsean egin daiteke, bai eta moduarekin nahiz baldintza edo epemuga etengarri zein suntsiarazlearen menpe jarrita ere . Egun zehaztugabea baldintzatzat joko da.

149. LEGEA

Dohaintza-hartzaile unibertsala. Dohaintza-emailearen orainaldiko eta etorkizuneko ondasunak barne hartzen dituzten “inter vivos” nahiz “mortis causa” dohaintzek jaraunsle izaera ematen diote dohaintza-hartzaileari.

150. LEGEA

Oinordetza-fiduzia. Kausatzaileak fiduziario-komisarioari edo konfiantzazko jaraunsleari eskuorde diezaioke jarauntsia xedatu edo ordenatzeko ahalmena, bai libreki, bai isilpeko jarraibideen arabera, liburu honetako XI. eta XII. tituluetan ezarritakoarekin bat.

Post mortem ahalordea. Kausatzaileak ahalordea ematen badu bera hil eta geroko, hori baliozkoa izanen da, baldin eta ahalorde hori errebokatzen ez badu hildakoaren borondatea betearazteko lehentasunez izendatua denak, betiere, ahalordedunaren ardurapean jarritako kudeaketa oso-osorik betetzea eragotzi gabe.

Geroko ahalorde bateraezinak aurrekoa errebokatuko du, eta presuntzioz uste izanen da, halaber, geroko testamentu baliodunak aurreko ahalordea errebokatzen duela, non eta geroko testamentu horretan aurreko ahalordea baieztaturik agertzen ez den.

151. LEGEA

Xedatzea, beharrizana dagoenean. Edozein eskuzabaltasun-egintzaren bitartez inori xedatze-ahalmena ematen bazaio beharrizan-egoera baterako, honako hauek ulertuko dira, bestelakorik suertatu ezean:

1. Pertsona horren erabakimen askearen mende egonen dela beharrizana dagoela baloratzea.

2. Xedatze-ahalmena ematen baldin bada pertsona fisiko jakin baten edo batzuen baimena izanez gero bakarrik, mugapen hori efekturik gabe geratuko dela halako pertsonak hil egin badira, beren zereginari uko egin badiote edo gaitasuna judizialki aldatu badiete baimen-ahalmen horri eraginez, salbu eta adostasuna ematea dagokien pertsonak zehazteko irizpidea izan denean betetzen duten kargu edo eginkizuna.

152. LEGEA

Eskuratzeko gaitasuna. Pertsona orok eskura dezake dohainik, “inter vivos” nahiz “mortis causa”, horretarako debeku duten pertsona hauek izan ezik:

1. Egintzaren formalizazioan esku hartu duten pertsonek.

2. Tutoreek edo kuradoreek, tutoretza edo kuradoretzapean dituzten pertsonei dagokienez, beren karguek azkendu edo kontuak behin betiko onetsi aurretik, salbu eta xedatzailearen ondorengo, ezkontide, bikotekide, aurreko ahaide edo anai-arreba badira.

153. LEGEA

Eskuratzeko baldintzak kasu berezietan. Kontratu harreman baten bidez xedatzaileari laguntza edo egoitza zerbitzuak edo parekoak eman dizkioten pertsona fisiko edo juridikoek eta haien menpekoek, xedatzailearengandik dohainik eskura dezakete, “inter vivos” nahiz “mortis causa”, soilik, baldin eta xedatzea notarioaren fede publikopean egindako agiri batean ezartzen bada.

Ez da horrelako baldintzarik bete beharko eskuratzea balio apaleko kopuruena edo objektuena denean, gizarte-usadioen araberakoa.

154. LEGEA

Ezduintasunaren ondoriozko ezgaitasuna. Honakoak eskuratzeko ezduinak dira:

1. Epai irmoaren bidez kondenatu dena, xedatzailearen edo kausatzailearen, bere ezkontidearen edo berarekin bikote egonkorrean bizi denaren edo bere ondorengoen, aurreko ahaideen edo anai-arreben biziaren kontra atentatu egiteagatik edo horietako bati lesio larriak eragiteagatik.

2. Epai irmoaren bidez kondenatu dena, familiaren esparruan indarkeria fisikoa edo psikikoa maiz erabili izanagatik xedatzailearen edo kausatzailearen kontra edo aurreko zenbakiak aipatzen dituenetako baten kontra.

3. Epai irmoaren bidez kondenatu dena, askatasunaren, integritate moralaren eta sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatik, ofenditua xedatzailea edo kausatzailea edo lehen aipatutakoetako bat denean.

4. Epai irmoaren bidez kondenatu dena, familia-harremanen kontrako delitua egiteagatik, delituak kaltetuaren edo haren legezko ordezkariaren eskuratzeari dagokionez.

5. Salaketa edo lekukotza faltsuagatik kondenatu dena, xedatzailea edo kausatzailea salatu izanagatik legearen arabera zigor astuna duen delitu batengatik, edo haren kontrako prozesu judizialean deklarazioa egin izanagatik.

6. Kausatzailearen bortxazko heriotzaren berri izanik, hilabeteko epean justiziari horren berri eman ez diona, justiziak ofizioz ekin ez badio, salbu eta, legearen arabera, akusatzeko betebeharrik ez badu, kasu horretan debeku hau bertan behera geratuko baita.

7. Ebazpen judizial irmoaren bidez gabetu dena guraso-erantzukizunaz, edo kausatzaile adingabearen edo gaitasuna judizialki aldatua duen kausatzailearen tutoretza, kuradoretza, familia-harrera edo zaintza kendua duena, hari egotz dakiokeen kausagatik.

8. Desgaitasuna duen pertsona bati juridikoki zor zaion arreta eman ez diona, haren ondasunen edo eskubideen eskuratzea tartean delarik.

9. Mehatxuz, iruzurrez edo indarkeriaz norbait behartzen duena xedapen egintza bat egitera edo galarazten diona egitea edo egindakoa errebokatzea, bai eta egitate horien berri izanik haietatik onura ateratzen duena ere.

10. Egilearen xedatze-egintza suntsitu, faltsutu, ezkutatu edo eraldatzen duena.

Ezduintasun-arrazoiak indarrik gabe gelditzen dira egileak haien berri baldin bazeukan xedatzea egitean edo, haien berri geroago izanda, agiri publikoan barkatzen baditu edo dudarik eragiten ez duten egintzen bidez adiskidetzen bada ezduinarekin.

Ezduintasuna dagoela irizteko, delazio-uneari begiratuko zaio, salbu eta kausa kontuan hartzeko beharrezkoa denean ebazpen judizial irmoa edo epea bukaturik egotea.

155. LEGEA

“Nasciturus” eta “concepturus” izenekoen aldeko xedatzeak. Dohaineko xedatzeak, “inter vivos” nahiz “mortis causa” egintzen bitartezkoak, egin daitezke kontzebituaren alde eta, are, dohaintza-unean edo testamentugilearen heriotzaren unean bizirik dagoen pertsona zehaztu batek oraindik kontzebitu gabe dituen seme-alaben alde.

“Inter vivos” egintzen bidezko xedatzeetan, eta dohaintza-emaileak ezarritakoa salbu, dohaintzan emandako ondasunen administrazioa dohaintza-emaileari edo haren jaraunsleei dagokie. Dohaintza-hartzailea jaio baino lehenagoko fruituak horri erreserbatzen zaizkio, dohaintza jadanik kontzebituarentzat egin bada; kontzebitugabearentzat egin bada, fruituak dohaintza-emailearentzat edo haren jaraunsleentzat erreserbatzen dira, dohaintza-hartzailea jaio arte. Dohaintza-emailearen jaraunsleek fruituak administratu edo jasotzen badituzte, behartuak izan daitezke behar adinako bermea eratzera.

Xedapen hauen onarpena eta semealaben interesen eta aukeren defentsa, eskuzabaltasunaren objektu diren ondasunei begira, etorkizuneko gurasoei dagokie.

156. LEGEA

Etorkizuneko jarauntsiari uko egitea. Forma. Baliozkoa da etorkizuneko jarauntsiari uko egitea edo horren gainean transakzioa egitea, eskritura publikoan eginez gero.

157. LEGEA

Uko egitearen efektuak. Uko-egilea lege bidezko oinordetzatik kanpo geratuko da; hala ere, onar ditzake berarentzat kausatzaileak agindu dituen xedapenak.

158. LEGEA

Kontzeptua. “Inter vivos” dohaintzak dira dohaintza-emailearen heriotza aintzat hartu gabe egindakoak.

Dohaintzak egitea, hirugarren baten heriotzaren menpe. Dohaintzak hirugarren baten heriotzari baldintzapetzen bazaizkio, baldintzapeko “inter vivos” dohaintzatzat joko dira.

159. LEGEA

Dohaintza-emailearentzako erreserba. Dohaintza-emaileak ez badu behar besteko jabetzarik edo eskubiderik erreserbatu bere egoera eta inguruabarren arabera dituen beharrizanak asetzeko, urripen-akzioa egikaritu ahal izanen du dohaintza-hartzailearen edo haren jaraunsleen aurka.

Akzio hori bere-berezko eta eskualdaezina da.

160. LEGEA

Dohaintza unibertsalak. Dohaintza unibertsalak baliozkoak izanen dira kasu hauetan bakarrik: familiaren ondarearen edo enpresaren eta Etxearen batasunari eta jarraitutasunari begira egiten direnean, 120. legearen 4. apartatuan eta 128. legean aurreikusitakoarekin bat, jaraunslea izendatzeko eskrituretan egiten direnean, edo familia-erkidegoko itunak edo dohaintza-emaileen eta dohaintza-hartzaileen arteko laguntza itunak ezartzen direnean.

Dohaintzoi 121., 123. eta 128. legeetan xedaturikoa aplikatuko zaie, eta horiek 122. legean arauturiko moduan egin beharko dira.

161. LEGEA

Burutzea.

a) Ondasun higiezinen gaineko dohaintzak. Deusezak dira ondasun higiezinen gaineko dohaintzak, ez badira eskritura publikoan egiten. Halako dohaintzak errebokaezinak izanen dira, dohaintza-hartzailearen onarpena eskrituran bertan agerrarazten denean, edo dohaintza-emaileari onarpen hori eskritura bananduan jakinarazten zaion unetik aurrera.

b) Ondasun higigarrien gainekoak. Ondasun higigarrien gaineko dohaintzak errebokatu ahal izanen dira, dohaintza-emaileak ondasunen entrega egin ez duen bitartean, edo dohaintza-emaile horri dohaintza-hartzailearen onarpena jakinarazi ez zaion bitartean.

c) Etorkizuneko pertsonen mesederako egindakoak. Ondasun higigarri edo higiezinen gaineko dohaintzak egiten badira etorkizuneko pertsonen mesederako, dohaintza horiek errebokaezinak izanen dira, onarpenaren beharrik izan gabe, bestelakoa ezarri denean salbu.

162. LEGEA

Errebokatzeko kausa orokorrak. “Inter vivos” dohaintzak behin burututa daudela, errebokatu ahal izanen dira dohaintza-emaileak esanbidez ezarritako kausen ondorioz, edo dohaintza-hartzaileari ezarritako kargak ez betetzeagatik. Dohaintza-hartzaileak ez baditu karga horiek bete dohaintza-emailea hil aurretik, ulertuko da horiek barkatu direla, dohaintza-emailearen mesederako ezarri badira; hirugarrenen mesederako ezarri badira, horiek legatutzat hartuko dira.

163. LEGEA

Errebokatzea eskergabekeriagatik. Dohaintzak eskergabekeriagatik ere errebokatu ahal izanen dira, kasu hauetan:

1. Dohaintza-hartzaileak edozein delitu edo kaltea egiten badu, edo sozialki gaitzesgarria den jokabidea badu, borondatez, dohaintza-emailearen edo haren ondasunen kontra edo haren familia-talde edo -erkidegoko kideen edo ondasunen kontra.

2. Dohaintza-hartzaileak bidegabeki ukatzen badio mantenua dohaintza-emaileari, nahiz eta hori emateko betebeharra duten beste pertsona batzuk egon, edo bizibiderako prestazio publikoak jasotzeko aukera izan.

Egintzaren iraungitzea. Errebokatzeko egintza urtebetera iraungitzen da, dohaintza-emaileak errebokatzearen oinarrian den egitatearen berri duenetik edo zentzuz ezagutu dezakeenetik aurrera.

164. LEGEA

Fiduziapeko dohaintza. Dohaintza-emaileak dohaintza-hartzaileari ezartzen badio jarraika edo aldizka bete beharreko karga, dohaintza fiduziarioaren betearazpena bermatu ahal izanen du, konfiantzazko dohaintza-hartzaileak ondoz ondo izendatuz. Dohaintzoi 293. legean xedaturikoa aplikatuko zaie.

167. LEGEA

Forma. “Mortis causa” dohaintzak eskritura publikoan egin behar dira. Lekukoak bertan izatea beharrezkoa izanen da soilik 185. legean aurreikusitako kasuetan.

169. LEGEA

Errebokatzea. Dohaintza-emaileak edonoiz eta libreki erreboka dezake dohaintza, salbu eta aurkako ituna dagoenean edo errebokatzeko ahalmenari uko egin zaionean.

Halako dohaintzak errebokatzeko eta beroriek egiteko, formalitate berberak bete beharko dira. Dohaintza-emaileari dohaintzaren onarpenaren berri eman bazaio edo dohaintza-emaileak ondasunak entregatu baditu, errebokatzeak ez du efekturik sortuko dohaintza-hartzaileari jakinarazten ez zaion bitartean.

170. LEGEA

Gerora gertatutako eragingabetasuna eta ezerezean geratzearen ondoriozkoa. Bestelakorik xedatu ezean, “mortis causa” dohaintzak inolako formalitaterik gabe eragingabe bilakatuko dira, baldin eta dohaintza-hartzailea dohaintza-emailearen bizialdian hiltzen bada, haren ondorengoen ordezkaritza-eskubidea salbu.

Berebat, eragingabeak izanen dira, formalitate gehiagorik gabe, dohaintza egin bada, argi eta garbi, dohaintza-emailea une jakin batean hilko dela uste izanik, eta aurreikusitako unean hiltzen ez bada.

171. LEGEA

Edukitza hartzea. “Mortis causa” dohaintzaren bidez emandako ondasunak ez dira jarauntsiaren osagai, eta dohaintza-hartzaileak horien edukitza hartzen ahalko du dohaintza-emailearen jaraunsle edo albazeen esku-hartzerik gabe.

173. LEGEA

Gaitasuna. Edozein oinordetza-itunen egileek adin nagusiko izan behar dute. Ezkontzako itunetan jasotakoei dagokienez, ordea, 83. legean ezarritakoa beteko da.

Bere-berezko izaera. Eskuordetzea. Oinordetza-ituna egitea bere-berezko egintza da. Hala ere, beste inori eskuorde dakioke haren formalizazioa, baldin eta ahalordearen agerkai egokian jasotzen bada borondatearen eduki nagusia.

175. LEGEA

Ezkontzako itunetan jasotako itunak. I. liburuko X. tituluko legeek eta, horiez gain, titulu honetan ezarritakoak arautzen dituzte ezkontzako itunetan jasotako oinordetza-itunak.

178. LEGEA

Errebokaezintasuna. Bi pertsonak edo gehiagok, elkarren mesederako edo hirugarren baten mesederako, jaraunsle-izendapenak egiten badituzte, hala itunduta, izendapen horiek errebokaezinak dira. Jaraunslea izendatzeko kontratua alde bakarrekoa baldin bada, horri 122. legean onarpenerako xedaturikoa aplikatuko zaio.

180. LEGEA

Eskualdatze-eskubidea Etxearen batasunari eusteko. Oinordetza-itunaren helburua denean Etxearen batasunari eustea, itunean izendatutakoa izendatzailea baino lehen hiltzen bada ondorengoak izanik, ondorengoei eskualdatuko dio bere eskubidea, salbu eta itunean bertan ezarritakoa. Ondorengoak bat baino gehiago badira, eta jaraunslea izendatzearekin batera ez bada ondasunen eskualdatze eguneratua egin, orduan, izendatzaile guztiei, horietatik bizirik daudenei edo, halakorik izan ezean, Ahaide Nagusiei dagokie izendatuaren eskubideetan subrogatuko dena hautatzea; baina, izendapena egitearekin batera ondasunen eskualdatze eguneratua egin bada, izendatuak berak egiten ahalko du halako hautaketa; izendatua hori egin gabe hiltzen bada, ahalmen hori izendatzaileena izanen da eta, halakorik ezean, Ahaide Nagusiena.

Edozein kasutan ere, jaraunsle izendatuak ondorengo bat bakarrik badu, hori izanen da oinordeko, eta horrek izendatzaileei edo, halakorik izan ezean, Ahaide Nagusiei galda diezaieke, bere jaraunsle izaera deklara dezaten. Oinordeko bakarraren izaera notarioak emandako nabaritasun-aktaren bitartez frogatuko da.

182. LEGEA

Errebokatzea eta aldatzea. Oinordetza-itunak ezin izanen dira errebokatu ez eta aldatu ere, baldin eta adostasuna ez badute horien egile guztiek “inter vivos” nahiz “mortis causa” egintza baten bidez adierazten.

Oinordetza-itunetan jasotako xedapenak errebokaturik geratuko dira izendatua aurrez hiltzen bada; salbuespen da eskualdatze-eskubidea, 180. legeak xedatutakoaren arabera hori bidezkoa denean.

Xedapen horiek 126. legean familiarentzako dohaintzetarako ezarritako kausengatik errebokatu ahal izanen dira; eta izendatzaileek akzio hori egikaritzeko, lege horretan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Ezkontzako itunetan ezarri badira, 86. legean ezarritakoari heldu beharko zaio.

184. LEGEA

Testamentua egiteko ezgaitasuna. Honakoek ez dute testamentua egiteko gaitasunik:

1. 14 urtetik beherakoak.

2. Testamentua egiteko unean ulertzeko eta nahi izateko berezko gaitasunik ez duten pertsonak.

Gaitasuna judizialki aldatua dutenek testamentu irekia eman ahal izanen dute baldin eta notarioak izendatutako bi fakultatibok haien gaitasuna berresten badute, azterketa egin ondoren, salbu eta epaiak espresuki aurreikusten duenean testamentua egiteko gaitasunik ez dutela.

185. LEGEA

Lekukoen esku-hartzea eta kopurua. Lekukoen esku-hartzea beharko da kasu hauetan:

1. Notarioaren aurreko testamentu irekian, bi lekuko, kasu hauetan:

a) Testamentugileak edo notarioak eskatzen duenean.

b) Testamentugileak deklaratzen duenean ez dakiela edo ezin duela testamentua sinatu.

c) Testamentugileak deklaratzen duenean ez dakiela edo ezin duela testamentua irakurri. Kasu horretan, lekukoek irakurriko dute testamentua notarioaren aurrean, eta deklaratu beharko dute bat datorrela adierazitako borondatearekin.

2. Testamentugilea hiltzeko arriskuan dagoenean emandako testamentu irekietan, hiru lekuko.

3. Testamentu itxia ematen denean, bi lekuko, testamentugileak edo notarioak eskatzen duenean edo testamentugileak deklaratzen duenean ez dakiela edo ezin duela sinatu.

186. LEGEA

Lekukoen egokitasuna.

a) Orokorra. Ezin izanen dira lekuko izan testamentua ematen den unean honako ezaugarriak dituztenak:

1. Adingabeak direnak, izurriteetan emandako testamentua denean izan ezik, halakoetan 16 urtetik gorakoak izanen baitira egokiak.

2. Testamentugilearen hizkuntza ulertzen ez dutenak.

3. Lekukoaren lana betetzeko behar den ulermen-gaitasuna ez dutenak.

4. Baimena ematen duen notarioaren ezkontide, bikotekide egonkorra edo ahaide direnak, laugarren gradurainoko odol bidezko ahaidetasunez edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunez.

b) Testamentuen araberakoa. Honakoak ere ezin izanen dira lekuko izan:

1. Testamentu irekian, bertan izendatutako jaraunsleak eta legatu-hartzaileak, ez eta haien ezkontideak, bikotekide egonkorrak edo laugarren gradurainoko odol bidezko ahaideak edo bigarren gradurainoko ezkontza bidezko ahaideak, salbu eta legatua garrantzi gutxiko ondasun higigarri bat edo zenbatekoa denean, jarauntsiko ondasunekin alderatuta.

2. Notarioaren aurrean eman gabeko testamentuetan, testamentugilea ezagutzen ez dutenak.

187. LEGEA

Lekukoentzako baldintza berariazkoak. Aurreko legean ezarritako egokitasun baldintzez gain, honako hauek bete beharko dira:

1. Notarioaren aurrean egindako testamentuetan, lekuko bat, gutxienez, irakurri eta idazteko gauza izan behar da. Lekuko izan daitezke notarioaren enplegatu edo mendekoak ere.

2. Lekukoen aurrean bakarrik egindako testamentuetan, gutxienez horietatik bi izan behar dira irakurri eta idazteko gauza.

3. Notario aurrean egiten ez diren testamentuetan, lekukoek testamentugilearen gaitasuna baloratu behar dute.

188. LEGEA

Notarioaren aurreko testamentua. Notarioaren aurrean egindako testamentuetan, Kode Zibilaren xedapenak aplikatuko zaizkio aurreko legeetan xedatuta ez dagoenari.

189. LEGEA

Lekukoen aurreko testamentua. Testamentugilea hur-hurreko heriotza arriskuan badago eta ezin bada lortu notarioa bertan izatea, testamentua egin ahal izanen da hiru lekuko bertan daudela.

Testamentua baliozkoa izateko, honako erregela hauek bete beharko dira:

1. Idatziz jaso beharko da, eta bertan eguna, hilabetea eta urtea adierazi beharko dira, egintza berean edo, bestela, testamentugileak bere azken nahia hitz xedatzaileen bidez adierazi eta berehalaxe.

2. Testamentuan sinatuko dute testamentugileak eta egintza horretan esku hartuko duten pertsona guztiek. Horietatik edonork ez badaki sinatzen edo ezin badu sinatu, agirian bertan jasoko da inguruabar hori.

3. Lekukoek beren eskuetan gorde beharko dute agiria; bestela, notarioari eskatu behar diote agiria zaintzeko.

4. Testamentuak eragina galduko du, testamentugilea heriotza-arriskutik onik atera eta bi hilabete igaro ondoren.

5. Urtebete eta egun bateko epean, testamentugilearen heriotza-datatik zenbatuta, testamentua esku artean duenak hori aurkeztu beharko dio notario eskudunari, egiaztarazi eta protokoloan jasotzeko; hori egin gabe, testamentua eraginik gabe geratuko da. Testamentuan interesa duela uste duen edonork galda dezake aurkezpen hori egitea.

190. LEGEA

Testamentu olografoaren kontzeptua. Olografo esaten zaio adinez nagusia edo adingabe emantzipatua den testamentugileak berak testamentu-egitearen data adierazita osorik bere eskuz idatzi eta sinatzen duen testamentuari.

191. LEGEA

Testamentu olografoaren baldintzak. Konpilazio honen 199. eta 208. legeetan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, testamentu hori baliozkoa izateko, honako erregela hauek bete beharko dira:

1. Testamentugileak bere sinaduraren bidez babestuko ditu testuaren zuzenketa, ezabapen edo lerro arteko eransketak.

2. Egiaztarazi eta protokoloan jaso beharko da. Esku artean duenak hori aurkeztu beharko du notarioaren aurrean hamar eguneko epean, testamentugilea hil dela dakien egunetik aurrera zenbatuta. Testamentuan interesa duen edonork ere egin ahal izanen du aurkezpen hori. Epe barruan aurkeztu edo egiaztarazten ez bada ere, testamentua eraginkorra izanen da, bere betebeharra bete ez duen pertsonaren erantzukizuna ezertan eragotzi gabe.

3. Testamentua protokoloan jaso ezean, testamentugilea hil ondoko bost urteko epean iraungiko da. Epe horretan egiaztaraztea aurkaratzen duen demanda aurkezten bada edo testamentua ezestea eskatzen bada, hura sei hilabeteko epean protokoloan jaso beharko da, epaia irmoa denetik aurrera zenbatuta.

192. LEGEA

Euskaraz egindako testamentuak. Nafarrek euskaraz egin dezakete testamentua. Testamentua notarioaren aurrean egiten bada eta horrek ez badaki euskaraz, beharrezkoa izanen da testamentugileak aukeraturiko bi interpreteren esku-hartzea, horiek testamentugilearen xedapena gaztelaniara itzul dezaten; testamentua bi hizkuntzotan idatziko da, Notariotzaren Erregelamenduak ezartzen duenarekin bat etorriz.

193. LEGEA

Beste testamentu batzuk. Konpilazio honetan bildutako espezialitateak ezertan eragotzi gabe, Nafarroan aplikatuko dira Kode Zibilean honako testamentu hauei buruz dauden xedapenak: izurrite-aldian egindako testamentua, testamentu militarrak eta itsas testamentuak, eta atzerrian egindako testamentua.

198. LEGEA

Egiaztaraztea. Bost urteko epean, testamentugilearen heriotza-datatik zenbatuta, testamentuko memoriak aurkeztu beharko dira horiek egiaztarazi eta protokoloan jasotzeko; hori egin gabe, eragingabe geratuko dira. Bi pertsonak edo gehiagok batera egindako memorietan, horietatik azkena hiltzen denetik hasita zenbatuko da epe hori, salbu eta testamentuan edo memorian bertan bestelakorik ezarri denean.

Protokoloan jasotzea. Memoriak protokoloan jasotzeko, notariotza-legerian ezarritako izapideak bete beharko dira. Memoriak atzerrian egin badira, horiek protokoloan jasotzeko eginbideak Espainiako kontsularen nahiz kontsulordearen aurrean ere gauzatu ahal izanen dira.

199. LEGEA

Kontzeptua. Ermandadekoa da bi pertsonak edo gehiagok agerkai berean egindako testamentua.

Erak. Forma olografoa salbu, konpilazio honetan onarturiko formetatik edozein izan dezake ermandadeko testamentuak, baldin eta forma horietako bakoitzari buruz ezarritako betekizun guztiak betetzen badira.

189. Legean xedatutakoaren ondorioetarako, nahikoa da egileetatik bakarra egotea hur-hurreko heriotza-arriskuko egoeran.

Lege pertsonala. Nafarrek ermandadeko testamentua Nafarroan nahiz Nafarroatik kanpo egin dezakete, Espainian zein atzerrian. Nafarroatik kanpo egiten denean, halaber erabili ahalko dira Estatuko arau orokorren arabera aplikatzekoa den legeak ezartzen dituen formak.

200. LEGEA

Eragingabetasuna. Ermandadeko testamentua bere xedapen guztietan eraginik gabeko bilakatuko da honako kasu hauetan:

1. Ezkontideek egin badute, are ezkondu baino lehen eta bikote egonkorra zirelarik nahiz ez zirelarik, legezko banantze, dibortzio edo deuseztasun kasuan. Demanda judizialaren aurkezpen hutsak eragingabetasuna sorraraziko du, ondoren adiskidetu ezean.

2. Bikote egonkorra osatzen duten bi pertsonak egin badute, are bikote egonkorra osatu baino lehen egin dutenean ere, bikote egonkorra azkentzen bada kideak bizirik daudela; azkentze hori modu fede-emailean agertu beharko da, eta azkentzearen arrazoia ezin da izan bikotekide horien arteko geroagoko ezkontza, kasu horretan aurreko apartatuak xedatutakoa aplikatuko bailitzateke.

201. LEGEA

a) Egile guztiak bizirik daudela errebokatzea. Egile guztiak bizirik daudela, ermandadeko testamentua errebokatu ahal izanen dute:

1. Horiek guztiek batera.

2. Horietatik edonork bere aldetik; kasu horretan, errebokatzeak ez du efekturik izanen, harik eta gainerakoek horren berri izan dutela modu fede-emailean argitu arte.

Norbaiti errebokatzearen berri eman behar bazaio eta non den jakiterik ez badago, jakinarazpena ediktuen bitartez egin ahal izanen da; horretarako, aldez aurretik egoera hori justifikatu beharko da, notarioak emandako nabaritasun-aktaren bidez. Ediktuok argitaratu beharko dira “Estatuko Aldizkari Ofizialean”, probintziako aldizkarian eta azken helbide ezaguna izan duen tokian gehien saltzen diren egunkarietatik batean.

Bi kasuetan, errebokatzeak eraginik gabe utziko ditu testamentuan jasotako xedapen guzti-guztiak, horretan bestelakoa ezarri denean izan ezik.

Lege honetan eta aurrekoan xedaturikoa aplikatuko da, nahiz eta egileetako batek edo guztiek forudunaren izaera galdurik izan.

202. LEGEA.

b) Heriotza kasuan errebokatzea. Testamentugilekideetako bat hilez gero, ermandadeko testamentua errebokaezina izanen da.

Dena den, bizirik dirauenak errebokatu eta berriro ordenatu ahal izanen du:

1. Testamentuan bertan hori ezarri bada.

2. Edozein kasutan, ondorengoa izateko ezgai suertatu edo aurrez hil denaren mesederako egindako xedapenak, ordezpena edo kasuan-kasuan izan beharreko ordezkaritza- eta gehiagotze-eskubideak ezertan eragotzi gabe.

3. Edozein kontzeptutan testamentugile batek bere jarauntsiaren gainean ezarritako xedapen guztiak, horien arrazoia edo baldintza beste testamentugileak egindako xedapena ez bada, xedapen horiek elkarren mesederako edo hirugarren baten mesederako diren kontuan hartu gabe.

c) Testamentua egiteko gaitasunik ez dagoenean errebokatzea. Testamentugilekideetatik bat testamentua egiteko ezgauza bada, ermandadeko testamentua errebokaezina izanen da. Hala ere, gainerako testamentugilekideek errebokatu ahal izanen dute, testamentuan aurreikusi bada testamentua egiteko gai direnek hori errebokatzea eta, betiere, aurreko apartatuko 2. eta 3. zenbakietan aipatzen diren xedapenei dagokienez.

Halaber, lege honetan xedaturikoa aplikatuko da, nahiz eta egileetatik edozeinek edo guztiek forudunaren izaera galdurik izan.

204. LEGEA

b) Dohainik. Testamentugileetako batek ere ezin ditu bere ondasunak dohainik xedatu, ondoko kasuetan izan ezik:

1. Ermandadeko testamentuan bestelakoa ezarri denean.

2. Xedapena egiten duenean gainerako testamentugile guztien adostasunarekin.

3. Ondasunon xedapena testamentu bidez egin denean, baldin eta xedapen horren kausa edo baldintza ez bada izan beste testamentugile batek ezarritakoa.

4. Testamentua egin ondoren desgaitasun- edo mendekotasun-deklarazioa jaso duten ondorengo edo aurreko ahaideen bizi-premiak diruz asetzeko xedapenak direnean.

206. LEGEA

Deuseztasuna. Deusezak dira testamentuak eta gainerako “mortis causa” xedapenak, horiek egitean ez badira bete legeak agindutako baldintzak.

Hala ere, testamentuaren ordua ez adierazteak ez du berekin testamentuaren deuseztasuna ekarriko, egun berean testamentugileak ez bazuen beste bat egin.

210. LEGEA

c) Errebokatzea, geroko testamentu, itun, “mortis causa” dohaintza edo beste xedatze-egintza batzuen bidez. Testamentua zuzenbide osoz errebokatu dela ulertuko da, horren ondoren beste testamentu edo oinordetza-itun baliozko bat egiten bada, salbu eta horietan xedatu denean testamentuak oso-osorik edo zati batez indarrean irautea.

“Mortis causa” dohaintzek, kodiziloek eta testamentu-memoriek testamentuko xedapenak bateraezin diren neurrian bakarrik errebokatzen dituzte.

213. LEGEA

Testamentu eta memoriak bestelakotzea. Testamentuaren baliogabetasunak berekin dakar horretan oinarria duten testamentu-memoriena ere. Testamentuaren baliogabetasuna gorabehera, horri lotuta egiten diren testamentu-memoriek testamentu olografoen balioa izanen dute, horietan galdatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

214. LEGEA

“Mortis causa” dohaintzen errebokatzea eta eragingabetasuna. “Mortis causa” dohaintzen errebokatzeari eta eragingabetasunari dagokienez, 169. eta 170. legeetan ezarritakoa beteko da.

215. LEGEA

Nahitaezko ez izatea. Oinordetza-ituna eta testamentua baliozkoak izanen dira, nahiz eta horietan jaraunsle izendapenik jaso ez, edo horrek ondasun guztiak hartu ez. Testamentua eragingarria izanen da, orobat, 152., 153. eta 154. legeetan xedatutakoarekin bat izendatutakoa jaraunsle izateko gai izan ala ez, edo horrek jarauntsia onartu ez arren. Oinordetza-itunei dagokienez, 207. legean xedaturikoa beteko da.

222. LEGEA

Kontzeptua eta efektuak. Xedatzaileak ordezpen bat edo batzuk ezar ditzake deitua izan dena bera edo ordezkoak xedatzailea baino lehen hiltzen direnerako, edota horiek eskuzabaltasuna onartu nahi ez edo onartu ezin dutenerako.

Ez denean adierazten ordezpena egiteko kasua, ordezpen horrek aurreko paragrafoan aipatutako hirurak bilduko ditu, kontrako xedapen espresik izan ezean.

Bat baino gehiago izan daitezke bakar baten ordezko, edo bat bakarra izan daiteke zenbaiten ordezko, edo deituak izan direnak beren artean izan daitezke elkarren ordezko.

Zati desberdinetara deituak izan direnak elkarren ordezko badira ordezpenean zatiei buruzko aipamenik egin gabe, orduan, izendapenean ezarritakoen proportziozko zatiak dagozkie ordezko gisa.

Bi pertsonari eskuzabaltasun berberera deitzen bazaie batera, eta horietatik batek bestea ordezten badu, horren ordezkoari bi zatietara deitu zaiola ulertuko da.

223. LEGEA

Kontzeptua. Xedatzaileak agin dezake fideikomisodun bati edo batzuei ondoz ondo eskualdatzeko, berak zehazturiko epe eta forman, berarengandik fiduziarioak eskuratu dituen ondasunak.

224. LEGEA

Muga. Ez dago kopuru-mugarik ondoz ondoko fideikomisodunak izendatzeko, hori egiten bada lehenengo fiduziarioak ondasunak eskuratzen dituen unean bizirik edo, gutxienez, kontzebiturik dauden pertsonen alde. Ordezpenak egin badira une horretan izaterik ez duten pertsonen mesederako, ordezpenok ezin dute laugarren deia gainditu; muga hori gainditzen duten neurrian, ulertuko da horiek ez direla egin.

227. LEGEA

Ordezpen pupilarra eta kuasipupilarra. Fideikomisozko ordezpentzat hartuko dira aurreko batek bere ondorengoari utzitako ondasunen gain xedatzen dituenak, ondorengoa 14 urte bete aurretik hiltzen denerako edo, haren gaitasuna judizialki aldatuta, horrek baliozko testamenturik egin ez duenerako.

230. LEGEA

Seme-alabak “baldintza gisa” jartzea. Eskuzabaltasun-egintzaren baldintza gisa ezarri bada eskuratzaileak seme-alabak izatea, ulertu behar da baldintzaren xede diren seme-alabok ez direla xedapenean aipatu edo horiei ez zaiela eskuratzeko deirik egin, salbu eta espresuki hala ezarri denean.

236. LEGEA

Fiduziarioari baimena ematea, fideikomisodunak aukeratzeko. Xedatzaileak baimena eman diezaioke fiduziarioari berak zehazturiko pertsonen artean fideikomisodun bat edo batzuk libreki aukera ditzan, eta ondasunak hainbana edo zati desberdinetan banatzeko erabakia har dezan. Xedatzaileak baimena eman ezik, fiduziarioak ezin izanen die mugarik ezarri fideikomisodunei, salbu eta halakoak ezarri direnean xedatzaileak zehazturiko beste fideikomisodunen mesederako.

Fiduziarioak testamentu bidez fideikomisoduna aukeratu badu eta ondasunak banatu baditu, aukeraketa eta banaketa horiek libreki errebokatu ahal izanen ditu. Oinordetza-kontratuz edo “inter vivos” egintzaz eginez gero, errebokaezina izanen da, ezertan galarazi gabe beste fideikomisodun bat izendatu ahal izatea, izendatua hilik edo ezgaitu suertatzen bada edo horri uko egiten badio fideikomisoa gauzatu baino lehen.

Fiduziarioak ez badu ahalmen hori erabiltzen, fideikomisodun guztiak izanen dira halakoak, hainbana. Kasu horretan, eta xedatzaileak ez baditu fideikomisodunen izenak aipatu, haiek izendatzeko, zehaztapena egin ahal izanen da notarioak emandako nabaritasun-aktaren bitartez.

238. LEGEA

Fideikomisoa azkentzea. Bestelakoa xedatzen ez bada, fideikomisoa azkendurik geratuko da, eta, ondorenez, fiduziarioa itzulketa-betebeharretik aske egonen da, fideikomisodunak hil edo ezgai suertatzen badira fiduziarioa bizirik dagoela, edota fiduziarioaren mesederako fideikomisoari uko egiten bazaio edo fideikomiso hori lagatzen bada.

240. LEGEA

Araubidea. Konpilazio honen borondatezko xedapenik edo lege berezirik izan ezean, kapitulu honetan legatuak arautzen dituzten legeak banakako tituluaren bidezko eskuzabaltasun-egintza guztiei aplikatuko zaizkie.

243. LEGEA

Edukitza. Legatu-hartzaileak bere kabuz ezin du legatupeko gauzaren edukitza hartu; aitzitik, hori galdatu beharko dio legatuarekin kargaturiko pertsonari edo edukitza entregatzeko ahalmena duenari. Pertsona horiek edukitza berreskuratzeko akzioa erabili ahal izanen dute, legatu-hartzaileak, entrega gertatu baino lehen, legatupeko gauzaren edukitza hartu badu.

Hala ere, legatu-hartzaileak legatuaren edukitza hartu ahal izanen du:

1. Xedatzaileak horretarako baimena eman duenean.

2. Jaraunslerik izan ez, eta legatu-hartzailea zati alikuotaren edo gozamen unibertsalaren gainean izendatu denean.

3. Jarauntsi osoa legatuetan banatuta egonik, legatu-hartzaile guztiak ados daudenean, eta zati alikuotaren gaineko legatu-hartzailerik edo entrega gauzatzeko ahalordedunik ez dagoenean; ados jartzen ez badira, legatu-hartzaileek epailearengana jo ahal izanen dute entrega hori eskatzeko.

245. LEGEA

Fruituak. Legatu-hartzaileek fruitu nahiz errentak bereganatzen dituzte epaiketan edo epaiketatik kanpo legatuaren entrega galdatu dutenetik. Salbuespenez, legatuek erruki-, ongintza- edo gizarte-xedea badute edo interes orokorra asetzeko helburua, fruitu edo interesak zor izanen dira testamentugilea hiltzen den unetik.

248. LEGEA

Hautabidezko legatua. Hautabidezko legatuek eragingarritasun erreala dutenean, legatu-hartzaileari dagokio aukeratzea, eta, eragingarritasun pertsonala dutenean, legatuarekin kargaturiko pertsonari, xedatzailearen borondatea bestelakoa izan ezik.

249. LEGEA

Besteren gauzaren gaineko legatua. Besteren gauzaren gaineko legatua edo besteren gauzaren gainean eskubide erreala eratzeko legatua baliozkoa izanen da, bakar-bakarrik, legatu-hartzaileak frogatzen badu xedatzaileak bazekiela gauza besterena zela. Legatua baliozkoa denean, jaraunslea bere betebeharretik libre gelditu ahal izanen da balioa zenbatespen zuzenaren arabera ordainduz.

250. LEGEA

Gozamen unibertsalaren gaineko legatua. Aurkako xedapenik izan ezean, gozamen unibertsalaren gaineko legatuak bere barruan hartuko ditu kausatzaileak utzitako ondasun guztiak, 255. legeak baztertutakoak izan ezik.

255. legeko 5. zenbakian aipaturikoez besteko legatuak, gozamen unibertsalarena osatzen dutenak, horrekin lotuta geratuko dira, eta ondasunok emanen dira eskubide hori azkentzean bakarrik.

Testamentugileak gozamenduna aska dezake inbentarioa egiteko eta bermea emateko betebeharretatik.

Gozamendunari xedatze-ahalmenak eman bazaizkio espresuki, ahalmenon erabilerari aplikatuko zaio 239. legean ezarritakoa, eta, jarauntsiko hartzekodunen ordainketari, 318 eta 319. legeetan xedaturikoa.

252. LEGEA

Legatua azkentzea. Legatuan eman bada xedatzailearen beraren gauza jakin eta zehatza, legatu hori azkenduko da, haren heriotza-unean gauzaren jabetza beste pertsona batena bada, xedatzailearen borondatezko eskualdatzea dela eta. Hala ere, legatu-hartzaileak gauza kostu bidez eskuratzen badu xedatzaileaz bestelako pertsona batengandik, ulertuko da legatupekoa dela legatu-hartzaileak emandako kontraprestazioaren prezio edo balioa.

Xedatzaileak ez badu legatupeko gauza eskualdatu bere borondatez, jasotako ondasunak edo eskubideak subrogatuta dituen berariazko gauza baten agintzari gisa zein legatu orokor gisa balioko du legatuak.

253. LEGEA

Kontzeptua. Alargunak gozamena du lehenik hildakoari heriotza-unean dagozkion ondasun eta eskubide guztien gainean.

Konpilazio honen I. liburuko VII. tituluan ezarritakoaren arabera osatutako bikote egonkor batean bizirik dirauen kideari kapitulu honetan biltzen diren xedapen guztiak aplikatuko zaizkio, gozamena 113. legean ezarritakoaren arabera eman bazaio.

Besterezintasuna. Eskubide hori besterenezina da; dena den, jabe soilek eta gozamendunak, guztiek batera, besterendu edo kargatu ahal izanen dute gozamenpeko ondasunen jabari osoa.

Uko egitea. Baliozkoa da gozamenari garaiz aurretik uko egitea, ukoa eskritura publiko bidez egin bada, ezkontzaren edo, kasua bada, bikote egonkorra eratzearen aurretik nahiz ondoren.

254. LEGEA

Gozamenetik kanpo uztea. Honako hauek ez dute gozamena izateko eskubiderik izanen:

1. Heriotza egunean lehenik hildakoarengandik legez edo izatez bananduta dagoen bikotekidea.

2. Epai irmoaren bidez kondenatua izan dena, beste bikotekidearen edo haren ondorengoetako baten biziaren aurka atentatu izanagatik edo lesio larriak eragin izanagatik, ohikotasunez indarkeria fisikoa nahiz psikikoa erabili izanagatik edo haren askatasunaren, osotasun moralaren edo sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurka atentatu izanagatik.

3. Epai irmoaren bidez kondenatua izan dena, familia-harremanen kontrako delituak egin izanagatik.

4. Epai irmoaren bidez gabetu dena bien seme-alaben gaineko guraso-erantzukizunaz.

255. LEGEA

Hedadura. Gozamenak lehenik hildakoari dagozkion ondasun eta eskubideak ere hartzen ditu, nahiz eta horiek dei, lehengoratze edo itzultzeari lotuta egon, ondasun eta eskubide hauek salbu:

Baztertutako ondasunak:

1. Fideikomisozko ordezpenaren mendeko ondasunak, xedatzaileak aurkakoa ezartzen duenean izan ezik.

2. Gozamen, erabilera eta biztantze-eskubideak edota biziarteko izaera pertsonala duten beste batzuk.

3. Lehenik hildakoak dohainik eskuraturiko ondasunak, horiek alarguntza-gozamenetik espresuki kanpo utzi badira.

4. “Mortis causa” dohaintzaren xede izan diren ondasunak.

5. Erruki-legatuak edo hiletarako legatuak, seme-alabei edo beste ahaide batzuei zuzkidura egiteko legatuak, testamentugileak horiei zuzkidura emateko betebeharra badu, eta ordain gisa emandako legatuak, ziurra bada ordaindu beharreko zerbitzua egin dela.

6. Aurreko ezkontzako edo bikote egonkorreko seme-alaba edo ondorengoentzat erreserbatu beharreko ondasunak, 273., 274. eta 275. legeetan ezarritakoarekin bat etorriz.

7. Dohainik eskuratu direnak, baldin eta aurreko ezkontzako edo bikote egonkorreko seme-alaba edo ondorengoei oinordetzara deitu bazaie eta horiek bizirik badaude. Salbuespen gisa har daiteke, bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkontzeko edo bikote egonkorra osatzeko, deia ordenatu duten pertsona guztientzat edo horietatik bizirik daudenentzat gozamen eskubideak irautea.

8. Ondare bereziki babestu bat osatzen duten ondasunak, 45. legearekin bat horiek azkentzen diren arte.

256. LEGEA

Familia-enpresen kasuan gozamena ordeztea. Familia-enpresa oinordetzaren xede bada eta ondorengoen aldeko oinordetza bada, xedatzaileak testamentuan edo eskritura publiko batean ezarri ahal izanen du, alarguntza-gozamenaren ordez, jabe soilaren kargurako hileko errenta emanen dela.

Honako hau izanen da errentaren zenbatekoa: hil aurreko bost urteetan enpresak izan duen batez besteko etekina. Zenbateko hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, eta eskuratzaileak ondoren eskualdatzen badu fidantzatu ahal izanen da. Inguruabarrak aldatzen badira, hori berrikusiko da, eta azkendu eginen da, gozamena azkentzeko arrazoi berberak direla bide.

Ordezpena gozamendunaren eta jabe soilaren arteko itunaren bidez ere egin ahal izanen da.

257. LEGEA

Inbentarioa. Bere eskubidea egikaritu ahal izateko, gozamendunak gozamen horren hedaduran sartzen diren ondasun guztien inbentarioa egin beharko du honako kasu hauetan:

1. Lehenik hildakoa testamentuan edo eskritura publiko batean hala ezarri badu.

2. Jabe soilak horretarako errekerimendua egiten badio, lehenik hildakoak espresuki baztertu ezean.

3. Jabe soilen artean adingabeak edo gaitasuna judizialki aldatua dutenak badaude.

Forma eta epeak. Inbentarioa eskritura publikoan agerrarazi behar da, eta hil ondorengo sei hilabeteko epearen barnean egin beharko da, aurreko apartatuko 1. eta 3. zenbakietan aurreikusitako kasuetan, edo errekerimenduaren ondoren, 2. zenbakiko kasuan, ezertan eragotzi gabe epe hori etetea ezinbesteko arrazoiak direla eta, arrazoi horiek dirauten bitartean.

Alarguntza-gozamenak ez badu hasi behar beste pertsona batzuentzat ezarritako gozamena azkendu arte, epeon zenbaketa hasiko da borondatezko gozamena azkentzen denean.

Testamentua, oinordetza-ituna edo halako egintzetan ordenaturiko jaraunsle-izendapena deuseza bada edo gozamenean eragina duen beste eztabaida bat badago, inbentarioa egiteko epeen zenbaketa hasiko da deuseztasuna deklaratzeko epai irmoa gozamendunari jakinarazten zaionean.

Jabe soilaren eskubideak. Jabe soilari dei egin beharko zaio inbentarioa osatzeko, eta gozamendunari galdatu ahal izanen dio hori edo horren eransketa zer notarioren aurrean egin zuen adieraz dezan. Jabe soilak inbentarioaren kopia lortzeko eskubidea du, eta gozamendunari eskatu ahal izanen dio zuzen ditzan eskritura publikoaren bidez inbentarioan izandako oker eta hutsuneak.

258. LEGEA

Eskubideak. Bizirik dirauenak izanen ditu gozamendunari orokorrean dagozkion eskubide guztiak, hirugarren liburuko IV. tituluaren I. kapituluarekin bat etorriz, bai eta, hala denean, lehenik hildakoak, borondatez, berari eman dizkionak edo itundu dituenak ere.

Gainera, alarguntza-gozamena sozietate anonimoen akzioen gainean eratzen bada, eta sozietatearen estatutu, itun edo erabakiek bestelakoa xedatzen ez badute, hurrengo erregelak beteko dira:

1. Jabe soilari dagokio, eta berari bakarrik, akzio berrien lehentasunezko harpidetze-eskubidea; baina horrek ez badu eskubidea erabiltzen, gozamendunak bere kabuz egin ahal izanen du harpidetza, jabe soilaren izenean, ordainketa edo gastu egokiak eginez, eta, ahalmen hori egikaritzen ez badu, besterendutako harpidetza-eskubideen balioa galda dezake.

2. Gozamena hedatuko da harpidetu diren akzio berrietara; gozamendunak jabe soilari eman beharko dizkio harpidetzaren ondorioz horrek izan dituen ordainketa eta gastu guztiak, eta ez badu hori egiten jabe soilaren errekerimendutik hogeita hamar eguneko epean, ez du gozamenik izanen akzio berrien gainean; kasu horretan, jabe soilak besterendutako harpidetze-eskubideen zenbatekoa bakarrik hartuko du. Gozamendunak jabe soilari eman behar badizkio horrek egindako gastu eta ordainketak, ez du itzulketa eskubiderik izanen.

3. Tituluak ordeztu edo akzioak amortizatzen badira, gozamena titulu berrien gainekoa edo amortizazioaren zenbatekoaren gainekoa izanen da, subrogazio bidez.

4. Gozamena eratu bada akzio bihur daitezkeen obligazioen gainean, gozamena akzioen gainekoa izanen da, eta aurreko zenbakietan xedaturikoa aplikatuko da.

Akzioen gaineko gozamenari buruz lege honetan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie, horien izaeraren arabera aplikagarri diren neurrian, bestelako gozamenei ere, horiek erantzukizun mugatuko sozietateen partaidetzen gain eta sozietate kolektibo, sozietate komanditario edo sozietate zibilen kuoten gain eratu badira.

259. LEGEA

Betebeharrak. Gozamendunak ondokoak egin behar ditu:

1. Ondasunak administratu eta ustiatu, familia-eremuan ohikoa eta arrazoizkoa den moduan.

2. Lehenik hildakoaren azken gaixoaldiaren eta hiletaren ondoriozko gastuak ordaindu.

3. Mantenua eman, luperketaren mugen barruan, lehenik hildakoaren seme-alaba eta ondorengoei, lehenik hildakoak hori emateko betebeharra bazuen bizirik egonda, betiere, mantenu-hartzaileek hori galdatzeko legezko egoera betetzen dutenean.

4. Lehenik hildakoaren zorrak jarauntsiaren diruarekin ordaindu, zorrok galdatzeko modukoak direnean. Ez badago behar beste dirurik, jarauntsiko ondasunak besterendu ahal izanen ditu, aldez aurretik jabe soilekin akordioa eginez; akordiorik lortu ezean, jabe soilak ezezagunak badira edo ez badaude, beharrezkoa izanen da epailearen baimena ondasunak besterentzeko.

5. Gozamenak berezko dituen karga guztiak ordaindu.

6. Desorekagatiko konpentsazio-prestazioa ordaindu, judizialki horretara behartua badago 105. legean ezarritakoaren arabera.

260. LEGEA

Eraldaketa. Gozamendunak ez badie kasu egiten jabe soilek ondasunen administrazioaren eta ustiapenaren inguruan emandako jarraibide edo ohartarazpenei, horiek epailearengana jo ahal izanen dute horiek betetzeko asmoz, uste baldin badute, horiek kontuan hartuta, kudeaketa hobe daitekeela.

Gozamendunak ezin badu epailearen erabakia bete edo hori bete nahi ez badu, jabe soilek ondasunak emateko eta gozamena errenta batez ordezteko eskatu ahal izanen dute 256. legean ezarri bezala.

Ordezpena horien arteko itunaren bidez ere egin ahal izanen da.

261. LEGEA

Iraungipena. Alarguntza-gozamena azkentzen da:

1. Gozamenduna hiltzen denean.

2. Horri eskritura publikoan espresuki uko egiten zaionean.

3. Gozamenduna berriro ezkontzen denean, bikote egonkorra osatzen duenean edo beste pertsona batekin ezkonduen gisa bizi denean, lehenik hildakoak aurkako itun edo xedapena egin duenean izan ezik.

262. LEGEA

Kentzea. Gozamendunak, jabe soilek hala eskatuta, alarguntza-gozamena galduko du:

1. Epai judizialen bidez bien seme-alaben gaineko guraso-erantzukizunaz gabetu bada.

2. Ondasunak besterendu edo kargatzen dituenean, 253. legeko bigarren apartatuak eta 259. legeko 4. zenbakiak ezarritako kasuetan salbu, eta itun bidez nahiz lehenik hildakoaren xedapen bidez horretarako behar den baimena ematen zaionean izan ezik.

3. Gozamenaren berezko betebeharrak, 259. legean aipatuak, orokortasunez urratzen baditu.

4. Legeko 1., 3. eta 6. zenbakietan jasotako betebeharretakoren baten etengabeko ez-betetzea egiten badu, doloagatik edo zabarkeria astunagatik ez bada; kasu horretan, gozamena galduko da, nahiz eta ez-betetzea puntuala izan.

263. LEGEA

Edukitza berreskuratzeko akzioa. Gozamena bukatu eta gero, jabe soilek ondasunen edukitza eskura dezakete edukitza berreskuratzeko akzioaren bidez.

264. LEGEA

Borondatezko aldaketak. Xedatzailearen borondatez edo itun bidez, ondokoa gerta daiteke:

1. Inbentarioa egiteko betebeharra kentzea, 257. legearekin bat etorrita hori nahitaezkoa denean. 3. zenbakian aurreikusitako kasua salbuesten da, legezko ordezkariak edo Fiskaltzak inbentarioa eskatzen duenean eta epaileak hori erabakitzen duenean ukitutako pertsonen jaraunspen-ondarea babesteko.

2. Ondasunak besterendu edo kargatzeko ahalmena ematea.

3. Gozamenari eusteko baimena ematea, nahiz eta gozamenduna berriro ezkondu, bikote egonkorra osatu edo beste pertsona batekin ezkonduen gisa bizi izan.

4. Gozamena egikaritu ahal izateko, bermea era dadin galdatzea.

5. Epe, baldintza eta kargak ezartzea, edo eskubidearen eskuratzea, erabilera, hedatzea, ordeztea eta azkentzea edozein modutan aldatzea.

4. eta 5. zenbakietan arauturiko kasuetan, beharrezkoak izanen dira gozamendunaren adostasuna eta onarpena.

266. LEGEA

Arau subsidiarioak. Kapitulu honek ezartzen ez dituen kontuetan, alarguntza-gozamena hirugarren liburuko IV. tituluaren I. kapituluan gozamenari buruz emandako xedapen orokorren menpe dagoela ulertuko da.

267. LEGEA

Kontzeptua. Nafarroako senipartea, zeina tradizioz osaturik baitago, ondasun higigarriei dagokienez, bost alokairu <<feble>> edo <<carlin>>ez eta, ondasun higiezinei dagokienez, herrimendietako erregu bat lurrez, ondare-eduki galdagarririk gabekoa da, eta ez du jaraunsleizaerarik eratxikitzen. Senipartearen gainean izendatuak ez du inolako erantzukizunik izanen jarauntsiko zorren gainean, eta ezin izanen du jaraunsleari dagokion akziorik egikaritu.

Xedatze-egintzan banaka edo taldeka izendatutako senipartedunei “seniparte nafarra”, izen horrekin edo antzeko beste batekin, esleitzeak bete egiten ditu hura modu formalean eratzeko galdakizunak.

268. LEGEA

Senipartedunak. Testamentuaren bidez eta oinordetza-itunen bidez, foru-senipartearen gain izendatu behar dira:

1. Seme-alabak.

2. Halakorik izan ezean, horien gradurik hurbileneko ondorengo ahaideak.

269. LEGEA

Salbuespenak. Ez da beharrezkoa foru-senipartearen gaineko izendapenik egitea, xedatzaileak senipartedunei zuzkidura eman dienean, “mortis causa” tituluz edozein eskuzabaltasun esleitu dienean, kausa justua dela-eta horiek jaraunsgabetu dituenean, senipartedunok haren jarauntsiari uko egin diotenean, edota horiek aurretik hil direnean seniparte-eskubidedun ondorengorik utzi gabe.

270. LEGEA

Jaraunsgabetzea. Jaraunsgabetzeko kausa justuak izanen dira 154. legeko 1., 2., 3., 5. eta 8. zenbakietan jasotakoak, baita honako hauek ere:

1. Edozein delitu egitea, kalte bat eragitea edo sozialki gaitzesgarria den jokabide bat bere borondatez agertzea kausatzailearen edo horren ondasunen aurka edo kausatzailearen familia-taldearen edo -erkidegoaren edo ondasun-erkidegoaren kideen aurka.

2. Kausatzaileari edo haren ezkontideari, bikotekide egonkorrari edo ondorengoetako bati mantenua modu bidegabean ukatzea, horiek emateko lege-betebeharra dagoenean.

271. LEGEA

Preterizioa. Preterizioaren efektua jaraunsle-izendapenaren deuseztasun osoa edo partziala da; gainerako xedapenei ez die eragiten.

Senipartedun preterituak edo horren jaraunsleek bakarrik egikari dezakete aurkaratze-akzioa. Hori egikaritzen duen preterituak kausatzailearen legezko oinordetzaren bidez hari dagokion jaraunspen-kuota jasotzeko eskubidea izanen du.

Ez dira preteritutzat joko notarioaren aurrean egin gabeko testamentuetan aipatzen diren senipartedunak, nahiz eta senipartean modu formalean ez ezarri.

272. LEGEA

Kausatzailearen seme-alaba eta ondorengoentzako mantenua. Alarguntza-gozamenari uko egin edo azkendu ondoren, kausatzailearen bikotekide egonkorrarentzat hori itundu ez bada, edo eskubide hori 259. legeko 3. apartatuak aipatzen duen betebeharra betetzeko nahikoa ez bada, kausatzailearen seme-alabek edo ondorengoek, kontzeptua eta egoera kontuan hartuta, eskubidez galdatu ahal izanen lioketen mantenua titulu unibertsalaren nahiz banakako tituluaren bidez borondatezko oinordeko direnei eskatu ahal izanen diete, oinordetza gauzatutakoan, lehentasunezko legezko beste betebeharpekorik ez badago, betiere jasotako ondare-eratxikipenaren mugen barnean eta horren kargura.

Zor den mantenuaren zenbatekoa finkatuko da mantenu-hartzaileen beharrizanen eta oinordeko betebeharpekoek kausatzailearengandik jaso dituzten ondasunen balioaren arabera, eta, halaber, mantenu-hartzaileak berak oinordetzan benetan eskuratu dituen ondasunak ere hartu beharko dira kontuan.

Kausatzailearen kargurako mantenua emateko lege-betebeharra gradu bereko aurreko beste ahaide bati ere dagokionean, horietako bakoitzak zor dituen elikagaien zenbatekoa proportzionala izanen da kausatzailearen oinordetzaren ondorioz jasotako ondasunen balioarekiko eta horiek ematera behartuta dagoen aurreko beste ahaidearen baliabide ekonomikoekiko.

Ondare-eratxikipen horri jarraikiz oinordekoak direnak kausatzailearen seme-alabak edo ondorengoak ere badira, mantenuaren zorra zehazterakoan haien beharrizanak ere kontuan hartuko dira eta, bereziki, haien adingabetasuna, adin nagusira iritsi direnen mendekotasun ekonomikoaren iraunkortasuna edo haien desgaitasuna edo mendekotasuna direla-eta sortzen direnak ere bai. Hala ere, oinordeko horiek kontzeptu horrengatik zor duten mantenuaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan ondarea berdintasunez zatituta kausatzailearen seme edo alabetako bakoitzari egokituko litzaiokeen kuota baino handiagoa.

Lege honek ezarritakoari jarraikiz zor den mantenua hartzeak ez du eragozten edo baztertzen legez eman beharreko mantenu orokorra ondoren galdatzeko aukera, horiek erreklamatzea legitimatzen duten baldintzak egonez edo iraunez gero.

273. LEGEA

Erreserba egiteko betebeharra. Berriro ezkontzen den gurasoak edo beste pertsona batekin bikote egonkorra osatzen duenak aurreko elkartzean izandako seme-alabei, edo horien ondorengoei, erreserbatu eta utzi behar die berak aurreko ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren, horrekin izandako seme-alaben edo horien ondorengoen eskutik eta dohaineko edozein tituluren bidez eskuratu dituen ondasun guztien jabetza.

Betebehar horrek indarrean dirau, ondorengo erreserba-hartzaileak dauden artean, nahiz eta hiltzen den unean erreserbagilea dagoeneko ezkonduta ez egon edo bikote egonkorrean bizi ez.

Deuseza izanen da erreserba egiteko betebeharra kentzea, hori guraso batek bestearen mesederako egiten badu, berriro ezkontzen den edo beste pertsona batekin bikote egonkorra osatzen duen kasurako.

Era berean, deuseza izanen da berriz ezkontzen den edo beste pertsona batekin bikote egonkorra osatzen duen gurasoak egindako xedapena, lege honetan ezarritakoa urratzen badu.

274. LEGEA

Xedatzeko askatasuna. Erreserbatzeko betebeharra duen gurasoak erreserbapeko ondasunak askatasunez xeda ditzake seme-alaba edota ondorengo erreserba-hartzaileen artean. Ondasunak xedatzen ez baditu, erreserba-hartzaileak ondasunon jaraunsle izanen dira, legezko oinordetzari buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

275. LEGEA

Erreserba-hartzaileak nortzuk diren zehaztea. Erreserba-hartzaileek jaraunsle izan behar badute legezko oinordetzarako hurrenkerarekin bat etorriz, horiek nortzuk diren zehaztu ahal izanen da notarioak egindako nabaritasun-aktaren bitartez.

276. LEGEA

Erreserba azkentzea. Erreserba egiteko betebeharra azkenduko da erreserba-hartzaile guztiek beren eskubideei uko egiten dietenean, horiek oinordeko izateko gaitasunik ez dutenean, legez jaraunsgabetuak izan direnean edota erreserbagilea baino lehenago hil direnean, lehenik hiltzea edo ezgaitasuna gertatzen den kasuetarako ordezkaritza-eskubidea salbu.

279. LEGEA

Aurreko ahaideei eskuzabaltasunak lehengoratzea. Dohaintza-emaileak uko egin ezean, edo aurkako itunik edo xedapenik izan ezean, aurreko ahaideak ondasun batzuk eskualdatu badizkio dohainik seme edo alaba bati, edota dohaintza-emailea baino lehen eta ondorengorik gabe hildako beste ondorengo bati, ondasunok aurreko ahaideari lehengoratuko zaizkio. Ondasunok besterendu badira, lehengoratzearen xede izanen dira subrogatutako ondasun edo eskubideak bakarrik.

280. LEGEA

Lehengoratzea kasu berezietan. Kausatzaileak ondasun batzuk eskuratu baditu familiarentzako dohaintzaren edo zuzkiduraren bidez, orduan, 124. legean eta 138. legeko c) apartatuan bereziki xedaturikoa beteko da.

281. LEGEA

Kontzeptua. Kausatzailea hiltzen bada oinordetza bestelako moduan ordenatu gabe, kausatzaile horrek fiduziario-komisario bati eskuorde diezazkioke testamentuan, ezkontzako itunetan edo beste eskritura publiko batean, jaraunsle edo dohaintza-hartzaile unibertsala izendatzeko ahalmenak, bai eta zuzkidurak seinalatu, legatuak xedatu eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzat bereziki babesten den ondarea osatzekoak ere, eskuordetzean ezarritako mugen barruan eta titulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz. Eskuordetzea ezkontideari, bikotekide egonkorrari edo beste pertsona batzuei eman dakieke, banaka, guztiei batera edo modu subsidiarioan; <<ahaideei>> modu orokorrean eman bazaie, ulertuko da Ahaide Nagusiei eman zaiela.

Interpretazioa. Oinordetza-fiduzian, kausatzailearen borondateari buruz egindako interpretazioa eta integrazioa tokiko usadioei eta familiaren ohiturei egokitu behar zaizkie. Bestelakorik ezarri ezean, hurrengo legeak beteko dira.

283. LEGEA

Jarduteko modua. Fiduziarioak bat baino gehiago badira, gehiengoz hartuko dituzte erabakiak. Ahaide Nagusiak badira fiduziario, 144. legean xedaturikoa beteko da.

284. LEGEA

Gaitasuna. Fiduziarioak adin nagusiko izan behar du bere eginkizuna betetzeko unean, baina ezkontidea edo bikotekide egonkorra bada fiduziario, nahiko izanen da horrek testamentua egiteko gaitasuna izatea.

Ezkontide batek bestea izendatu badu fiduziario, izendapen hori eraginik gabe geldituko da, deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa badago, horretarako demanda aurkezten den unetik.

Bikotekide batek beste bikotekidearen alde egindakoei dagokienez, eragingabea izanen da bikotekideak bizirik daudela modu fede-emailean egiten den azkentzetik aurrera, hori bi kideak bien artean ezkontzeagatik gertatu ezean; izan ere, kasu horretan, aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko litzateke.

Fiduziarioa izateari utziko dio beste pertsona batekin ezkondu, bikote egonkorra osatu edo ezkonduen gisa bizi den ezkontide alargunak edo bizirik dirauen bikotekideak.

285. LEGEA

Ahalmenak. Kausatzaileak fiduziario izendatu baditu beste pertsona batzuk, banaka edo ezkontidearekin, bikotekide egonkorrarekin nahiz aurreko ahaideekin batera, jaraunsle edo dohaintza-hartzaile unibertsalaren izendapenak egin beharko dira, 143. legean Ahaide Nagusiei buruz xedatutakoarekin bat etorriz.

Fiduziarioak edozein izanda ere, izendapenak egin baino lehen, fiduziario horiek, egintza batean edo batzuetan zuzkidurak edo bestelako eskubideak seinala eta eman ditzakete Etxearen kontura. Seinalamendu horiek ez dakarte inolako eragozpenik geroago onuradunetatik bat jaraunsle edo dohaintza-hartzaile izendatzeko, seinalamenduak egitean bestelakorik ezarri ez bada.

286. LEGEA

Forma. Fiduziarioek izendapenak egin behar dituzte testamentuan edo eskritura publikoan; azken kasu horretan, izendapenok errebokaezinak izanen dira, 122. legeko azken paragrafoan xedaturikoa salbu.

287. LEGEA

Mendekotasun-egoera. Fiduziarioak badira kausatzailearen ezkontidea, bikotekide egonkorra edo aurreko ahaideak, beren eginkizuna oso-osorik betetzen ez duten bitartean, administratzeko eta xedatzeko ahalmenak izanen dituzte oraindik xedatu ez dituzten ondasunen gainean. Fiduziarioak beste batzuk badira, jarauntsi-erkidegoari buruzko erregelak aplikatuko dira deituen artean, baina horietako bat adingabea bada edo gaitasuna judizialki aldatua badu, adjudikaziodunen adostasuna beharko da xedatze-egintzak gauzatzeko.

288. LEGEA

Betearazteko ezintasuna. Heriotzaren, uko egitearen, ezintasunaren edo beste kausa baten ondorioz, fiduziarioek ezin badute jaraunsle edo dohaintza-hartzaile unibertsala izendatu, eta ezinezkoa bada Ahaide Nagusiek izendapen hori egitea, seme edo alaba nagusiak eska dezake bera jaraunsle deklaratzeko edo, halakorik ez badago eta Etxea baldin bada eskualdatu beharrekoa, Etxean bizi diren ondorengoetatik zaharrenak, horiek ez badira baztertu edo ez badute uko egin. Inork ere ez badu halakorik eskatzen, legezko oinordetza irekiko da.

296. LEGEA

Ahalmenak. Kausatzailearen borondatea betearazteko izendaturiko albazeek izanen dituzte kausatzaileak eman dizkien ahalmen guztiak; besterik ezarri ez bada, beren kabuz egikaritu ahal izanen dituzte ahalmenok, are horrek ekartzen duenean ondasun higiezinez xedatzea.

Baztertzea. Kausatzaileak bestelakorik ezarri ezean, jaraunsleek aho batez adostuta egin dezakete banaketa, albazearen beharrik gabe, albazea horrek kontulari-banatzailearena ere egin behar badu, ezertan eragotzi gabe kausatzaileak agindu dizkion gainerako eginkizunak.

297. LEGEA

Motak.

a) Albazea bereziak. Albazea bereziak izendatu badira soilik egintza edo xede zehatz eta jakinak gauzatzeko, albazea horiek agindutako eginkizuna betetzeko beharrezkoak diren ahalmenak besterik ez dute izango.

b) Albazea unibertsalak. Albazea unibertsalak izendatu badira orokorrean, xede zehatzei buruzko aipamenarekin edo halako aipamenik gabe, orduan, kausatzaileak eurei espresuki emandako ahalmenak ez ezik, ondoko eginkizunak ere izanen dituzte albazea horiek, kausatzaileak bestelakorik xedatu duenean izan ezik:

1. Jarauntsiaren edukitza hartu, eta jarauntsiko ondasunak administratu, inbentarioa egin, kredituak kobratu eta zorrak ordaintzea.

2. Jarauntsia ordezkatu, epaiketan nahiz epaiketatik kanpo, eta prokuradoreak izendatzea, behar diren akzioak egikari ditzaten.

3. Orotariko zergak likidatzeko beharrezkoak diren aitorpenak egitea, horiek ordaintzea eta bidezko errekurtsoak jartzea.

4. Testamentua eta kausatzaileak azken nahian ordenaturiko beste egintzak interpretatzea.

5. Testamentu olografoak egiaztarazi eta protokoloan jasotzeko eskatzea, bai eta hori behar duten beste dokumentu batzuk eta testamentuko memoriak ere.

6. Testamentuaren baliozkotasunari eta kausatzailearen azken nahia jasotzen duten gainerako egintzen baliozkotasunari epaiketan eustea.

7. Hiletari buruzko guztia xedatu eta ordaintzea, kausatzaileak ordenaturikoarekin bat etorriz edo, halakorik izan ezean, hiletaren inguruabarren eta tokiko usadioaren arabera.

8. Diruaren edo bestelako ondasunen gaineko legatuak entregatzea.

9. Orotariko ondasun higigarriak besterentzea gastu, zor, karga nahiz diruzko legatuak ordaintzeko, baldin eta jarauntsian ez badago behar adina dirurik, eta jaraunsleek ez badute behar besteko neurrian ekartzen.

10. Orokorrean, kausatzailearen azken nahia betearaztea, nahi hori betez eta bete dezaten galdatuz.

298. LEGEA

Epea. Albazeek beren eginkizunak beteko dituzte kausatzaileak emandako epean; kausatzaileak epe hori luza dezake inolako mugarik gabe.

Testamentugileak hasierako eperik edo luzapenik adierazi ez badu, ulertuko da urtebetekoa dela kasu batean zein bestean, eta epea zenbatzen hasiko da testamentua onartzen denetik edo, bestela, testamentuaren edo xedapenaren baliozkotasunari buruzko auziak amaitzen direnetik.

Luzapen hori igaro arren oraindik ez bada bete testamentugilearen borondatea, Justizia Administrazioaren letraduak edo notarioak beste luzapen bat eman ahal izanen du, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, behar den denborarako.

Jaraunsleek eta legatuhartzaileek, ados badaude, albazeatzaren epea beharrezkotzat jotzen duten denborarako luzatu ahal izanen dute. Akordioa gehiengoaren bidez bakarrik hartzen bada, luzapena ezin izanen da urtebetetik gorakoa izan.

Ermandadeko testamentuan, testamentugile guztien albazeari ezarritako epea, oinordetza bakoitzari begira, horren kausatzailea hil ondoren onartzen den egunean hasiko da kontatzen.

Ordainsaria. Albazeei ordainsaria emateko, kausatzaileak besterik xedatu ez duenean, tokiko usadioa beteko da edo, halakorik izan ezean, ekitatezkoa dena.

302. LEGEA

Itzulketa. Lehengoratzearen mendeko ondasunei aplikatuko zaizkie, kasuan-kasuan, 124. legearen, 138. legeko c) apartatuaren eta 279. legearen xedapenak.

303. LEGEA

Erreserbatzea. Erreserbapeko ondasunei aplikatuko zaizkie, kasuan-kasuan, 273. legetik 278. Legera bitartekoetan jasotako xedapenak.

304. LEGEA

Oinordeko izateko hurrenkera. Ondasun ez-tronkalen gainean, legezko oinordetza hurrengo dei-hurrenkeraren arabera gauzatuko da; dei bakoitzak eragina izanen du aurreko deirik izan ezean, eta ondoko guztiak baztertuko ditu:

1. Seme-alabak, nork bere ondorengoen aldeko ordezkaritza-eskubidea izanen duela.

2. 254. legeari jarraikiz, alarguntza-gozamenetik bazterturik ez dagoen ezkontidea.

3. Gradurik hurbileneko aurreko ahaideak. Horiek lerro desberdinetakoak badira, jarauntsia bi lerroen artean erdibanatuko da, eta, lerro bakoitzaren barruan, hainbanatu.

4. Lotura bakarreko zein lotura bikoitzeko anai-arrebak, hainbana, eta lehenik hildakoen ondorengoak, ordezkaritza bidez.

5. Aurreko zenbakian biltzen ez diren alboko ahaideak, laugarren graduraino, lerro desberdinen arteko bereizketarik egin gabe, gradurik hurbilenekoek urrunekoak baztertuz, ordezkaritza-eskubiderik gabe eta hainbana beti.

6. Aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen da oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu-zuzkidura handituz.

306. LEGEA

Ondasun tronkalak. Ondasun tronkalak dira kausatzaileak dohainik eta laugarren gradurainoko ahaideengandik eskuratutako ondasun higiezinak edo beste ondasun tronkal batzuekin truke eginda lortutakoak.

Izaera tronkalari eutsiko diote atzera-eskuratze jentilizioaren bidez eskuratutako ondasun higiezinek.

307. LEGEA

Ahaide tronkalak. Ondasun tronkalen oinordeko izateko, kausatzailearen ahaideei deitzen zaie, ondasunak zein familiatatik etorri, familia horretako ahaideei, ondoko hurrenkerarekin bat etorriz:

1. Gradurik hurbileneko aurreko ahaideak.

2. Lotura bakarreko zein lotura bikoitzeko anai-arrebak, nork bere ondorengoen aldeko ordezkaritza-eskubidea izanen duela.

3. Gainerako alboko ahaideak, laugarren graduraino, gradurik hurbilenekoek urrunekoak baztertuz, ordezkaritza-eskubiderik gabe eta hainbana beti; baina, kausatzailearen aurreko ahaide ez-tronkalekin pilatuz gero, horiek biziarteko gozamena izanen dute ondasun tronkalen gainean, berriro ezkondu edo bikote egonkorra osatu arren.

Halako ahaiderik izan ezean, oinordetza 304. legearekin bat etorriz gauzatuko da.

309. LEGEA

Noiz sortzen den. Ordezkaritza-eskubidea gertatuko da kausatzaileak hala ezarri duenean; kausatzaileak, halaber, edozein kasutan bazter dezake eskubide hori.

Aurreko ahaide batek egindako jaraunsgabetzeak ez du baztertuko jaraunsgabetuaren ondorengoen ordezkaritza-eskubidea, hark bestelakorik xedatu ezik.

Kausatzailearen xedapenik izan ezean, legezko nahiz borondatezko oinordetzan, honela gertatuko da ordezkaritza-eskubidea: haren ondorengoen mesederako mugarik gabe, eta haren anai-arreben ondorengoen mesederako, laugarren graduraino, kausatzailearengandik zenbatuta.

318. LEGEA

“Intra vires” erantzukizuna. Jaraunsleak erantzukizuna izanen du, jarauntsiko ondasunen balioarekin bakarrik, jarauntsiaren hartzekodunei eta legatu-hartzaileei begira, baina hartzekodunei ordaintzean balio hori gainditzen badu, horiek ez dute izanen itzulketa-betebeharrik. Jarauntsiaren hartzekoduntzat hartuko dira, halaber, azken gaixoaldi eta hiletak eragindako gastuen ondorioz hartzekodun direnak.

319. LEGEA

Banantze-onura.

a) Nork eska dezakeen. Jarauntsiaren hartzekodunek, sei hilabeteko epean, kausatzailearen heriotzatik zenbatuta, epaileari eska diezaiokete jarauntsiko ondasunen inbentarioa eta banantzea egin ditzan, ondasunokin beren kredituak asetzeko, horien lehentasunaren arabera, eta jaraunslearen beraren hartzekodunak baztertuz, kredituak oso-osorik ordaindu arte. Bien bitartean, ez dira bateratuko jaraunslearen eta kausatzailearen arteko zor eta kredituak, eta berme egokiak ere ez dira azkenduko.

Legatu-hartzaileek ere eskubide hori izanen dute, zertarako eta, halako hartzekodunei ordaindu ondoren geratzen den jarauntsiarekin legatuen betetzea ziurtatzeko.

b) Efektuak. Jarauntsiko ondasunen banantzeak horietan eragina izanen du, banantzea eskatu duten hartzekodun eta legatu-hartzaileei lehentasunez ordaintzeko izanen dira eta. Epaileak, borondatezko jurisdikzioko prozeduran, interesdunek hala eskatuta eta ezagunak diren hartzekodunei zitazioa eginda, inbentarioa egiteko epea zehaztuko du, eta prebentziozko idatzohar eta enbargoak, jakinarazpenak eta gainerako segurtatze-neurriak dekretatuko ditu.

Banantzea eskatu duten jarauntsiaren hartzekodunei eta legatu-hartzaileei ordaindu ondoren, ordainketa eginen zaie banantzerik eskatu ez duten hartzekodunei eta legatu-hartzaileei; horien artean ezarriko den lehentasun-hurrenkera bakarra izanen da beren kredituen izaeragatik edo Hipoteka Legean xedatutakoagatik dagokiena.

320. LEGEA

Eskuratzea.

a) Itun edo “mortis causa” dohaintzaren bidez. Oinordetza-itunaren bidez utzitako jarauntsiaren eskuratzea arautzen du, 178. legean xedatutakoaren arabera, familiarentzako dohaintzei buruz 122. legean ezarritakoak; eta “mortis causa” dohaintzen eskuratzea, 168. legean xedaturikoak.

321. LEGEA

b) Legatuak. Legatuak kausatzailearen heriotza-unean bertan eskuratuko dira, eta 315., 316. eta 317. legeetan jarauntsia eskuratzearen inguruan xedaturikoa aplikatuko zaie.

Testamentugilearen borondatea bestelakoa izan ezean, aldi berean legatu-hartzaile eta jaraunsle denak jarauntsia onartu eta legatuari uko egin diezaioke; edo legatua onartu, eta jarauntsiari uko egin.

Legatu-hartzaileak legatu bat baino gehiagoren onura badu, horietatik batzuei uko egin diezaieke eta beste batzuk onar ditzake; baina, xedapen horietatik bat kargaduna bada, uko egitea edo onartzea baterakoa izan beharko da.

324. LEGEA

Preskripzioa. Jaraunspena eskatzeko akzioa usukapioaren ondorioz bakarrik preskribatzen da, usukapioa horrekin bateraezina den neurrian.

326. LEGEA

Akzioak. Lagapen-hartzaileak bere kabuz egikari ditzake lagatako jarauntsiaren gaineko akzio guztiak, jarauntsia eskatzeko akzioa barne.

Banaketan lagatzaileak ere esku hartu behar du, bere kabuz edo ordezkari bidez, ezintasuna, absentzia edo arrazoirik gabeko ukoa badago, judizialki deklaratua.

328. LEGEA

Edukia. Aurkako itunik izan ezean:

1. Ulertzen da jarauntsia laga dela horrek lagapen-unean zuen egoera berean.

2. Lagapenaren barruan sartuko dira lagatzaileak besterendutako ondasunen ordez subrogatu diren dirua edo ondasunak, eta jasotako fruituak; era berean, gehiagotze-eskubidearen ondoriozko gehikuntzak ere bai.

3. Lagatzaileak erantzukizuna izanen du jarauntsiaren urripen guztien gainean, baldin eta haren doloaz gertatzen badira.

4. Lagatzaileak lagapen-hartzaileari galda diezaioke jarauntsiko ondasunen ondoriozko inpentsak eta nahitaez egin beharreko gastuak itzul ditzan, baldin eta lagapen-hartzaileak horien berri badu lagapen-unean.

5. Kostu bidezko lagatzaileak erantzukizuna izanen du, lagapen-hartzaileari begira, bere titulartasunaren gainean bakarrik, eta ez du betebeharrik izanen jarauntsiko ondasunen ebikzioarengatik erantzuteko; hala ere, beharrezkoak diren egintza guztiak gauzatu beharko ditu, jarauntsira bildutako ondasunen eskualdatzea erabat eragingarria izan dadin.

6. Dohaineko lagatzaileak, dohaintza kargaduna denean edo ordain gisa ematen denean, bere tituluaren gaineko erantzukizuna baino ez du izanen, ezarritako kargaren edo ordaindutako zerbitzuaren balioa bete arte.

329. LEGEA

Atzera-eskuratzea. Jarauntsi indibisoan, jaraunsle batek bere eskubidea prezioaren truke lagatzen badio gainerako jaraunskideez edo zati alikuotaren legatu-hartzaileez bestelako pertsona bati, jaraunsleek izanen dute 372. legeak emandako atzera-eskuratzeko eskubide bera.

Jaraunsleek eskubide hori erabili ezean, zati alikuotaren legatu-hartzaileek erabili ahal izanen dute.

330. LEGEA

Zati alikuotaren legatu-hartzailea. Zati alikuotaren legatu-hartzaileak bere kuota laga badu eta, 219. legearen arabera, ez badu jaraunsle-izaerarik, orduan:

1. Lagapen horri 328. legean ezarritakoa aplikatuko zaio.

2. Legatu-hartzaileak banaketa eskatu ahal izanen du, eta bertan esku hartu beharko du, 326. legeak jaraunsle-lagatzailearentzat adierazitako modu berean eta salbuespen berdinekin.

3. Lagatzailearekin batera legatukideari ere dei egin bazaio, legatukide horrek atzera-eskuratzeko eskubidea izanen du, eta, legatukiderik izan ezean, jaraunsleek erabili ahal izanen dute eskubide hori, 329. legean xedaturikoarekin bat etorriz.

331. LEGEA

Zatiketa-akzioa. Jaraunsleetatik edozeinek edonoiz galdatu ahal izanen du jarauntsiaren zatiketa, ondoko kasuetan izan ezik:

1. Kausatzaileak indibisio-egoera agindu duenean, dela alarguntza-gozamenak indarrean dirauen eperako, dela adingabeko jaraunsleak adin-nagusitasunera heldu edo emantzipazioa eskuratu arte, dela, beste edozein kasutan, gehienez hamar urteko eperako, heriotzatik zenbatuta.

2. Jaraunsleek hala erabakitzen dutenean, 1. zenbakian arauturiko eperako eta hor adierazitako kasuetan. Beste erabaki baten bidez, epe horiek luza daitezke, baina luzapen bakoitza ezin da hamar urtetik gorakoa izan.

Hala eta guztiz ere, bi kasuetan epaileak arrazoitutzat jo ahal izanen du indibisioaren erabilgarritasunik eza, zatiketa hori eskatzeko legitimatuta daudenetako edonork eskatuta.

336. LEGEA

Banaketa hutsaltzea. Banaketa kaltearen ondorioz hutsaldu ahal izanen da, kaltea izan bada gauzek adjudikazio-unean duten balioaren prezio zuzenaren erdia baino handiagoa. Hutsaltzea eskatzeko akzioari 31. legean xedaturikoa aplikatuko zaio.

339. LEGEA

Kausatzaileak izendatutako kontulari-banatzailea. Kausatzaileak, edozein “mortis causa” egintzaren bidez, kontulari-banatzaile bat edo batzuk izendatzen ahalko ditu, eta horiek, kausatzaileak ezarritako salbuespenekin, ahalmenak izanen dituzte jarauntsiaren banaketa beren kabuz egiteko; kasua bada, ezkon-sozietatea alargunarekin elkar harturik likidatzeko; eta gainerako ahalmen guztiak, beharrezkoak direnak kausatzailearen ondasunak banatzeko edo horri eskubidez legozkiokeen ondasunen zatiketan parte hartzeko.

Testamentugileak kontulari-banatzaileari ahalmenak eman diezazkioke, epaileak banaketari onespena eman edo horretan esku hartzeko beharrik gabe, jarauntsiko ondasun guztiak edo batzuk jaraunsle bati nahiz batzuei adjudikatzeko, eta gainerakoei dagokien kuota diruz ordaindu edo osatzeko.

340. LEGEA

Kontulari datiboa. Kausatzaileak ez badu banaketarik egin, ez badu kontulari-banatzailerik izendatu, kargu hori hutsik geratu bada edo legezko oinordetza aplikatu behar bada, jaraunsleek eta jarauntsiko ondasun likidoen erdia ordezkatzen duten legatu-hartzaileek epailearengana jo dezakete, banaketa egiteko kontularia izenda dezan; epaileak onetsi beharko du banaketa hori, baldin eta jaraunsle eta legatu-hartzaile guztiek aurrez berresten ez badute behintzat.

Ulertzen da aurreko paragrafoak ez duela ezertan eragozten jaraunsle eta legatuhartzaile horiek notarioarengana joatea notariotzari-legerian xedatutakoaren arabera izendapena lortzeko.

341. LEGEA

Ezgaitasunak. Jaraunslea, zati alikuotaren legatu-hartzailea, alarguna eta bizirik dirauen bikotekide egonkorra ezin dira kontulari-banatzaile izan.

342. LEGEA

Inbentarioa. Jaraunsleetatik bat adingabe emantzipatugabea bada, gaitasuna judizialki aldatua badu edo horren absentzia-deklarazioa egin bada, kontulari-banatzaileak jarauntsiko ondasunen inbentarioa egin beharko du, kausatzaileak hori salbuetsi ezik, jaraunsle, hartzekodun eta legatu-hartzaileei zitazioa eginda.

343. LEGEA

Epea eta ordainsaria. Kontulari-banatzaileen eginkizuna betetzeko epeari buruz, horien ordainsariari buruz eta erruki- edo ongintza-agintzak jakinarazteko betebeharrari buruz, 298. eta 299. legeetan xedaturikoa beteko da, hurrenez hurren.

345. LEGEA

Banaketa egiteko moduak. Banaketa ez bada egiten III. kapituluan arauturiko formetatik bat erabiliz, jaraunsleek, aho batez adostuta, komenigarri deritzoten moduan bana dezakete jarauntsia.

Hurrenez hurreneko kasuetan, emantzipatu gabeko jaraunsle adingabeak direnak edo gaitasuna judizialki aldatua dutenak legez ordezkaturik badaude banaketan, baliozkoa eta erabat eragingarria izanen da, epailearen esku-hartze edo onespenaren beharrik gabe.

Jaraunsleek ez badute aho batez hori adosten, horietako bakoitzaren eskubidea kalterik gabe geratuko da, eta eskubide hori Prozedura Zibilaren Legean ezarritako moduan egikaritu ahalko da, ezertan eragotzi gabe beren desadostasunak bitartekaritza edo erabaki arbitralaren mende jartzeko aukera.

346. LEGEA

Jabetza pribatua eta publikoa. Jabetza pribatukoak dira norbanakoen edo pertsona juridikoen ondarearen barruan dauden ondasunak.

Publikoak dira jabari publikokoak diren eta administrazio publikoei dagozkienak, honako hauek barnean hartuta: herri-ondasunak eta auzotar guztiei dagozkienak.

Ondare-ondasunak edo “norberarenak” dira administrazio publikoei dagozkienak, jabari publikoko ondasunak edo herri-ondasunak ez badira.

348. LEGEA

Finkak ixtea. Jabe orok eskubidea du bere finkak ixteko, baina errespetatu beharko du finka horien gaineko eskubide errealen erabilera.

Finka itxita dagoela ulertuko da, hori pezo-horma edo hormaz, alanbredun sarez, palaxu edo oholesiz nahiz beste modu batera inguraturik badago, eta horretan atea, “langa”, “keleta” edo “kereta” jarri bada, tokiko usadio edo ohiturarekin bat etorriz.

Hesia berrezartzen denean, 368. legean xedaturikoa beteko da.

349. LEGEA

Mugaketa. Ondasun higiezin baten jabeak eta ondasun horren gaineko eskubide erreal baten beste titular orok epaileari eska diezaiokete beren finka mugatu eta horretan mugarriak jartzeko. Finka baten ageriko mugei buruz ez bada eztabaidarik izan preskripzio arrunterako ezarritako epean eta baldintzetan, muga horiek ezin izanen dira ondorio horietarako berrikusi.

350. LEGEA

Obra berria salatzea. Jabeak auzotar baten obra berria salatzen badu bere eskubidearen aurkakoa izateagatik, eraikitzeari ekin ahal izanen zaio, egin behar litekeen eraispenaren edo eman behar litekeen kalte-ordainaren gaineko bermea emanez gero; bestelakoetan, Prozedura Zibilaren Legeak obra eteteko sumario-akzioa erabiltzeko xedaturikoa beteko da.

351. LEGEA

Alboko finkak eragindako kalteak. Ondasun higiezinaren edukitzaileak ezin izanen ditu albokoaren kalterako aldatu bere finkatik zein ur igaro eta ur horien oraingo forma eta norabidea.

Nola edo hala beldur izan badaiteke finka batek, alboko baten eraginez, kalteak jasanen dituen, eta Administrazioak ez baditu agintzen hori saihesteko prebentziozko neurriak, orduan, kaltearen beldur den jabeak beste finkaren edukitzaileari galda diezaioke kalterik eraginen ez delako bermea eta Administrazioari, berriz, prebentziozko neurriak hartzea, banan-banan edo batera.

354. LEGEA

b) Landetan. Landak fruituak ematen baditu, eta jabeak edo fruituak jasotzeko eskubidea duen beste norbaitek landa hori edukitzeari utzi behar badio, fruituak berari dagozkio ageriko gisa, hurrengo erregelekin bat etorriz:

1. Landa lur zurikoa bada, edo zerealak haztera destinaturik badago, edukitzeari uzten badio martxoaren 25etik aurrera.

2. Mahastiak edo olibadiak badira, edukitzeari uzten badio ekainaren 24tik aurrera.

3. Beste edozein motatako lugintzetan, edukitzeari uzten badio tokiko usadioen arabera fruituak agerikotzat jo ondoren.

Fruituak edukitzaile hasi berriari badagozkio, edukitzaile izateari utzi dionari ordaindu beharko dizkio lugintzaren eta gainerako lanen gastuak.

356. LEGEA

Usukapioa.

a) Epeak. Ondasun higigarrien gaineko usukapioa hiru urtekoa da. Ondasun higiezinena hogei urtekoa da.

357. LEGEA

b) Baldintzak. Jabetza usukapioaren bidez eskuratzeko, beharrezkoa da eskuratzaileak jabe gisa edukitzea gauza, kausa justuaz eta fede onez. Edukitza justifikatzen duen kausa frogatuz gero, presuntzioz uste izanen da edukitza fede onekoa dela, eta ez da onartuko fede ona edukitza hasi ondotik galdu izateari buruzko frogarik. Fede ontzat ulertzen da eskubidearen titular gisa edukitza izan ahal izateari buruzko ustea.

Preskripzio berezia. Ezin bada frogatu kausa justurik dagoen, jabetza eskuratuko da jabe gisa hogeita hamar urteko edukitza baketsua izateagatik.

Uko egitea. Nolanahi ere, preskripzio burutuari uko egin ahal izanen zaio beti.

359. LEGEA

Geldiarazpena. Usukapioa geldiaraziko da edukitza galtzeagatik, erreklamazio judizialagatik, aribideko usukapioaren judizialki aurka egiteagatik, adiskidetze eskaera bat aurkezteagatik, arbitraje prozedura abiarazteagatik, auzibidetik kanpoko erreklamazioagatik eta edukitzaileak jabearen eskubidea aitortzeagatik.

367. LEGEA

Ondasun higiezinen gaineko mugapenak.

a) Printzipio orokorra. Ondasun higiezinen jabeek edo beste erabiltzaile batzuek ezin diete beren auzokideei arriskurik eragin, ezta beren eskubidearen egikaritze zentzuzkotik erator daitekeen baino deserosotasun handiagorik jasanarazi ere, kontuan harturik finka bakoitzaren beharrizanak, tokiko usadioa eta ekitatea.

b) Zuhaitzak. Zuhaitz baten sustraiak alboko finkaren lurrean sartzen badira, finka horren jabeak zuzenean moztu ahal izanen ditu sustraiok, muga gainditzen duten neurrian. Adarrak sartuz gero, zuhaitzaren jabeak horiek moztu beharko ditu, salbu eta finka kaltedunaren jabeak hobesten duenean berak zuzenean moztea; kasu horretan, adarrotatik sorturiko fruituak emanen dizkio jabeari, eta mozketaren ondoriozko gastuak kobratuko ditu. Bestela, adarrotatik sorturiko fruituen erdia gordeko du beretzat kalte-ordain gisa.

c) Larrainak. Larrainaren jabeak eragotz dezake finka mugakideetan eraikinak egitea, frogatzen baldin badu horiek bere lanarentzat kaltegarriak direla eta larraina modu eragingarrian erabiltzen duela.

371. LEGEA

Araubidea. Ondasun edo eskubideen erkidegoa horren eraketa-tituluak arautzen du, eta, halakorik izan ezean, usadio eta ohiturek, eta titulu honetako xedapenek.

Erkidego indibisoaren arau ordezkoak. Erkidego berezien eta bazkalekuen araubide izanen dira, hurrenez hurren, III. eta IV. kapituluetako xedapenak eta, ordezko moduan, titulu honetako II. kapitulukoak.

374. LEGEA

Zatigarritasuna. Erkidego indibisoa edozein unetan zati daiteke, titular batek edo gehiagok hala eskatuta. Dena den, erkidegoak esanbidez edo isilbidez hartutako erabakiari zor zaion fede onaren aurka eskatzen denean zatiketa, eragindako kaltea ordaintzeko betebeharra egonen da.

Ituna egiten bada zatiketa-akzioari aldi baterako uko egiteko, itun hori baliozkoa da, eta betebeharpean jartzen ditu, jabekideak ez ezik, horien kausadunak ere; hala ere, ituna eraginik gabe utzi ahal izanen da, epaileak erabakitzen badu indibisio-egoerak ez duela erabilgarritasunik. Gauza bera gertatuko da, baldin eta jabetza indibisoaren eratzaileak adierazten badu hori zatitu gabe iraunarazteko borondatea. Zatiezintasuna aldi baterakoa dela ulertuko da, laurogeita hemeretzi urtetik gorakoa ez denean.

Titularrek zatiketa itun dezaten, hori aho batez onetsi beharko da. Akordiorik ez badago, zatiketa epaiketa bidez eginen da.

1. Gauza bakarra eta zatiezina izanez gero, haren zatiezintasuna deklaratu, tasazio judiziala egin eta jabekide bakoitzak duen eskubidearen balioa zehaztu ondoren epaileak proposatu ahal izanen du gauza osoa jabekide bati adjudikatzea, jabekide horrek hori onartzen badu, tasazio judizialaren truke betiere, horretarako egiten zaion errekerimenduaren ondorengo hamar eguneko epean, gainerako jabekideei konpentsazio egokia diruz ordaintzeko baldintza etengarripean.

Balio horretan adjudikazioa hartzeko interesa duten jabekideak hainbat badira, agerraldi batera joateko deia eginen zaie guztiei, eta ondasuna balio handiena eskaintzen duenari adjudikatuko zaio.

Zatiketa judiziala egiteko unean, eta beharrezkoa izanez gero, ondasuna jabekideetako batzuei adjudika dakieke, gozamena jabekideetatik bati, eta beste bati, berriz, jabetza soila, eta, zatiketaren ondorioz sorturiko finken artean, zortasunak era daitezke.

Adjudikazioa egin badaiteke, hori jasotzen duen jabeak (edo jabeek) haien kuoten balioaren zenbatekoa ordaindu beharko die gainerakoei adjudikazio horren gaineko ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epean; zenbateko hori ordaindu ondoren, behin betiko adjudikazioa eginen da.

Finkaren gaineko kargak kontuan hartu beharko dira adjudikaziodunak ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, eta adjudikaziodun horrek kargak ezereztu beharko ditu behin betiko adjudikazioaren ondoren.

Adjudikazioa ezin bada egin, epaileak jendaurreko enkantean salduko du gauza, Prozedura Zibilaren Legearekin bat etorriz, alderdi guztiek 574. legean aurreikusitako enkantera joateko asmoa adierazi ezean.

2. Zatiketaren xedeko ondasunak hainbat badira eta jabekideetako edozeinek eskatzen badu, sortaka multzokatu, eta sorta bakoitzaren adjudikazioa eginen da, sorta bakoitza ondasun bakarra izanen balitz bezala, aurreko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera.

Gauza komunaren zatiketak ez du eraginik izanen horretan parterik izan ez dutenen eskubide errealetan.

376. LEGEA

Osagai amankomunak. Ahobatezko adostasunik ezean, erkidegoa badago finka batzuen zerbitzupeko osagaien gainean, esaterako, mehelin diren horma, murru, hesi edo itxituren, ezponden edo errota, labe, larrain, putzu, noria, erreten edo antzeko osagaien gainean, erkidego hori zatiezina izanen da, eta erkidegoko kideetatik inork ere ezin izanen du bere zatia xedatu, osagai horiek bananduz zerbitzakizun dituzten finketatik.

Presuntzioz uste izanen da eraikinen osagai amankomun direla hiri-finken arteko baoak, “belena” edo “etxekoarte” izenaz ezagutzen direnak, zeinak eraenduko baitira lege honetan eta 404. legeko bigarren paragrafoan xedaturikoaren arabera.

377. LEGEA

Amankomuneko erkidegoa. Amankomuneko erkidegoa ohituraz eratu edo eratzaileen borondatez ezarri bada, zatiezina izanen da, auzotar guztiei badagokie. Bestela, hori zatitzeko ezinbestekoa izanen da erkidegoko kide guztiek ahobatezko adostasuna adieraztea.

Auzotar bakoitzari erkidegoan dagokion zatia xedaezina izanen da, dagokion entitate publikoak hori interes orokorrari begira hori eskuratu ezean. Hala ere, horretarako beharrezkoa izanen da auzotar gehienak ados egotea.

Gainerako kasuetan, bere zatia erabili nahi duen kideak gainerako titular guztien adostasuna beharko du.

379. LEGEA

Kontzeptua. Finka baten edo finka-multzo baten izaera nahiz xedea adierazteko, “bazkaleku” adieraz-moldea erabiltzen denean izan ezik, ulertu behar da “bazkaleku” direla, dela inoren finka zatika aprobetxatzeko eskubidea, dela jabariaren titular batzuk pilatzean eraturiko erkidego zatiezina, baldin eta titular horietako bati edo batzuei eratxikitzen bazaizkie bazka, belar, ur, egur, ereintzak edo antzeko aprobetxamendu bereziak. Eskubide berezi horiek “inter vivos” nahiz “mortis causa” eskualda daitezke.

“Bazkalekuak” herri-finken gain eratu badira, lurzoruaren jabetza toki-erakundeari dagokiola uste izanen da presuntzioz, aurkakoa suertatzen denean izan ezik.

382. LEGEA

Luditzea. “Bazkalekuak” luditu ahal izanen dira:

1. Partaideen ahobatezko borondatez.

2. Herri-finkak kargatzen dituztenean, toki-erakundearen borondatez.

3. Gainerako finketan, epaileak auzibidezko epaiketan erabakitzen duenean eskubide horien iraupenak ageri-agerian oztopatzen duela finkak haien izaeraren arabera zentzuz landatu edo ustiatzea.

4. Eta, edozein kasutan, bazkaleku-eskubidedunak finketan egindako aldaketen aurka daudenean, baldin eta halakoak finkak hobetzeko egin badira, eta horiek oso-osorik edo zati batez bateraezinak badira “bazkaleku” eskubidearen erabilerarekin.

Hiru eta laugarren zenbakietan aipaturiko kasuetan, bazkalekutik luditzeagatik kapitala ordaindu behar da, kapital hori zehaztuko da aprobetxamenduen balioa eta luditzeak lurraren jabeari dakarzkion onurak kontuan hartuta. Epaileak egoki baderitzo, zenbatespenaren ordainketaren ordez, lurraren jabetza adjudika dezake.

Herri-ondasunak badira, luditzearen kapitala zehazteko, bakarrik hartuko da kontuan luditzea gauzatzen den unean aprobetxamenduak eskubidearen titularrentzat duen balioa.

383. LEGEA

Atzera-eskuratzea. Titular batek bere eskubidea besterentzen duenean, partaideek erkidegoko kideen arteko atzera-eskuratzea egikaritu ahal izanen dute, eta, pilatzea badago, titular atzera-eskuratzaileak lehentasuna izanen du, bere titulartasunpeko aprobetxamendua eta besterendutakoa izaera berekoak badira.

Finkaren lurzati zehatza landatzeko eskubidea besterentzen denean, atzera-eskuratzeko lehentasuna emanen zaio luze-zabalik handiena duen lurzatia landatzeko eskubidea duenari.

Herri-ondasunen gainean eratutako bazkalekuei dagokienez, atzera-eskuratzeko eskubidea toki entitateak baino ezin izanen du erabili.

384. LEGEA

“Fazeria”. “Fazeria” da jabetza publiko edo pribatupeko finka batzuen gainean elkarrekiko eraturiko zortasuna.

“Fazeriak” arautzen dituzte berorien tituluak, aldez aurretik ezarritako itun edo hitzarmenek, haiei buruz konpilazio honetan jasotako xedapenek eta, arauturik gabe dauden kontuetan, zortasunei edo, hala denean, erkidegoei buruz xedatutakoak.

387. LEGEA

Zatigarritasuna. “Fazeria-erkidegoa” zatigarria da, salbu eta hori eratu izan denean epe zehatz baterako edo, zatiezin gisa, denbora mugagabean; kasu horretan, hori zatitu ahal izanen da, salbuespenez bakarrik, epailearen ustez erabat kaltegarria denean indibisio-egoerari eustea.

“Fazeriako erkidegoak” toki-erakundeen artekoak badira eta horien kuota edo ekarriak ez badira agerrarazi, orduan, bestelako erregela aplikagarririk izan ezean, kontuan izan beharko da entitate bakoitzeko auzotar kopurua, zatiketa eskatzeko unekoa.

Atzera-eskuratzea eta luditzea. “Fazeriak” eta “fazeria-erkidegoak” luditu eta horiek atzera-eskuratzeari buruz, kontuan izan beharko da 382. eta 383. legeek “bazkalekuei” buruz xedaturikoa.

388. LEGEA

“Iralekuak”. Kontzeptua. “Iraleku” adieraz-moldearekin, presuntzioz ulertzen da izen horretara biltzen dela auzotarrek herri-mendietan berez sortutako irak aprobetxatzeko duten eskubidea, non eta finken titulartasun pribatuari buruzko aurkako frogarik ez dagoen.

392. LEGEA

“Kanpoko auzotasuna”. Toki-erakundeek “kanpoko auzotasun” gisa eman badute herri-ondasunen luperketan parte hartzeko eskubidea, parte-hartze horrek izaera zibila du, nahiz eta administrazio-tituluaren bidez eratu, eta eskubide erreala da, ezertan eragotzi gabe aplikatu beharreko arloan administrazio legerian herri-ondasunetarako ezarritakoa.

Herri-lurrak “kanpoko auzotasunarekin” kargatuta badaude, toki entitateek kargetatik ludi ditzakete lurrok, 382. legean bazkalekuetarako ezarritakoarekin bat etorriz.

“Kanpoko auzotasuna” besterentzen bada, toki entitateak eskubidea du hori auzotarren erkidegoarentzat atzera-eskuratzeko. Epeei dagokienez, eskubide hori arautuko du 458. legean atzera-eskuratze jentilizioari buruz ezarritakoak, eta lehentasuna izanen du horren gainetik. Trukaketa kasuan, auzotasunaren balioa zehaztuko da, alderdiek -bakoitzak bat- izendaturiko bi adituren tasazioa erabiliz, eta, desadostasuna azalduz gero, hirugarren adituaren tasazioa erabiliz, haien adostasunez aukeratuta, edo, adostasunik izan ezean, epailearen erabakiz.

Aurrerantzean ezin izanen da “kanpoko auzotasunik” eratu.

394. LEGEA

Bereizketa. Ez dira zortasun:

1. Auzotasunaren ondoriozko legezko mugapenak.

2. Pertsona batentzat besteren finkaren gain ezarritako erabilera eta aprobetxamendu eskubideak, finken artean inolako harremanik ez badago; liburu honetako IV. tituluaren II. kapituluan ezarritakoak arautzen ditu halakoak.

395. LEGEA

Ezaugarriak. Zortasun-eskubidea ezin da zatitu edo banandu finka nagusitik, eta horren izaera iraunkorra da epe edo baldintzapean eratu ez denean. Ulertu behar da baldintzapean eratu direla, bai etorkizunean eraiki edo eraitsiko diren ondasun higiezinen gaineko zortasunak, bai eta eduki gisa etorkizuneko erabileren bat dutenak ere.

396. LEGEA

Eraketa. Zortasunak era daitezke “inter vivos” nahiz “mortis causa” egintzen bidez, bai eta zatiketa-epaiketan egindako adjudikazio judizialaren bidez edo banaketa-egintzaren bidez ere.

Eraketa-egintzan ez bada argi zehaztu zein den zortasunaren edukia, zehaztapen hori interesdunak horretan ados jartzen ez direnean gauzatuko da, eratzaileak horretarako ahaldundu duen pertsonaren eskutik edo, halakorik izan ezean, epailearen erabakiz, betiere, ageriko zeinuak, finken inguruabarrak eta tokiko usadioak kontuan hartuta.

397. LEGEA

Preskripzioa. Zortasunak eskuratzen dira ondasun higiezinen gaineko preskripzio arruntaren bidez edo preskripzio bereziaren bitartez. Epearen zenbaketa hasiko da, zortasun positiboetan, hori egikaritzeko gauzatu den lehenengo egintzatik; ageriko zortasun negatiboetan, zortasunaren zeinuak agertu direnetik; eta, agerikoak ez diren zortasun negatiboetan, zortasunak eragozten duen egintza zein izan, eta horixe gauzatzeko debeku formala ezarri denetik.

Nolanahi ere, preskripzio burutuari uko egin ahal izanen zaio beti.

Epe luzea. Edozein kasutan ere, ageriko zortasunaren erabilera errespetatuko da, hori epe luzean zehar aurkakotasunik gabe erabili bada, eta uste bada erabilerak iraun ahal duela horren mendeko finkari kalterik egin gabe.

Era berean, zortasuntzat hartuko dira jabe berberaren finken artean ageriko zeinuarekin ezarritako zerbitzuak, finka horien gaineko jabetza “inter vivos” nahiz haren azken borondatezko egintzen bidez banantzen denean, baldin eta banantzea gertatzeko unean zeinuak bere horretan badirau, eta xedatze-tituluak ez badu zortasuna esanbidez baztertzen.

398. LEGEA

Preskripzioa geldiaraztea. Preskripzioa geldiaraziko da, erreklamazio judizialagatik, ondasunaren titularrak aribideko preskripzioari judizialki aurka egiteagatik, adiskidetze eskaera bat aurkezteagatik, arbitraje prozedura abiarazteagatik, auzibidetik kanpoko erreklamazioagatik eta egintza eragozlea formalizatzeagatik edo debekuzko zeinu nabaria egoteagatik.

400. LEGEA

Zortasuna zabaltzea. Bide-zorra nahiko ez bada finka nagusiaren beharrizanak asetzeko, lur horren jabeak zortasuna zabaltzeko eskatu ahal izanen du, beharrizan horiek betetzeko beharrezkoa den neurrian, betiere, zortasunpeko finkaren egoerak kalte larririk eragin gabe hori ahalbidetzen duenean, eta horren truke kalte-ordain zuzena emanez.

402. LEGEA

Larreak. Bazka-zortasunarekin kargaturiko finkaren jabeak hori itxi ahal izanen du, baina jabe horrek bidea, “langa”, “keleta” edo <<kereta>> zabaldu beharko du, lur nagusiko abelburuak bertara sar daitezen.

403. LEGEA

Argi-bistak. Argi-bisten zortasunek horien titularrari eskubidea ematen diote beraren horman zuloak zabalik izateko, eta zortasunpeko finkatik argia jasotzeko edo funts horren gainetik begiratzeko. Halako zortasunek zortasunpeko finkaren jabeari eragozten diote horma edo hegalkinetik hiru metro baino tarte laburragoan eraikitzea, horrekin argiak edo bistak urritu edo oztopatzen diren neurrian.

404. LEGEA

Argiak hartzeko zuloak. Finka baten jabeak, horren alboko finkarekin mugakide den horman, zuloak zabal ditzake 0,80 metroko gehieneko zabaleran edo kana beteko zabaleradun laukian, kana horren neurria ezberdina bada tokiko usadioaren arabera. Zulook estalita egon behar dira hormara jositako burdinez eta alanbre-sarez, erabilerek alboko finka zeharka ikustea eragozten duten eraikuntzako beste konponbide batzuk ahalbidetzen ez badituzte. Zulo horiek itxi ahal izanen dira alboko finkan eraikina egiten denean, eta horiek ez dira zortasunaren ageriko zeinutzat hartuko preskripzioaren ondorioetarako.

Jabe bat baino gehiagori dagozkien “belena” edo “etxekoarte” amankomunetan, jabe horietatik edozeinek bere horman ireki ditzake hegalkinik gabeko zuloak, gainerako jabeei enbarazurik ez egitearen mugapenarekin.

405. LEGEA

Zortasunpeko finkaren jabeak dituen betebeharrak. Zortasunek ahalmena ematen badute besteren horma edo egituren bat eraikin baten euskarri gisa erabiltzeko, zortasunpeko finkaren jabeak bere kontura egin behar ditu zortasunpeko egituraren sendotasunari eusteko beharrezkoak diren konponketak. Gainerako zortasunetan, zerbitzuaren erabilera onerako beharrezkoak diren obrak jasan behar ditu.

Bertan behera uzte askatzailea. Zortasunpeko finkaren jabea gera daiteke aurreko paragrafoan aipaturiko betebeharretik aske, bai eta berak espresuki bere gain harturiko konponketa-betebeharretatik ere, zortasunaren titularrarentzat finka bertan behera utziz gero.

406. LEGEA

Iraungipena. Zortasunak azkentzen dira titularrak uko egiten duenean, uko egitea ondasun higiezinen gaineko egintza gisa formalizatuz, bai eta jabetzak esku berera heltzen direnean ere. Azken kasu horretan, nahiko da zortasunak zehatz-mehatz ukitzen duen lurra bakarrik eskuratzea, eta horretatik aske geratuko da kargapeko finkaren gainerako zatia. Ukitutako lurraren zati bat bakarrik eskuratzen bada, zortasuna azkendutzat hartuko da, baina zati horretan bakarrik.

Eskuratutakoa zati indibisoa bada, zortasuna ez da azkendutzat joko.

Zortasunak azkentzen dira, halaber, preskripzio-epean zehar horiek ez erabiltzeagatik. Zortasun positiboetan, preskripzio askatzailea zenbatuko da, horiek erabiltzeari utzi zaion unetik, eta, negatiboetan, egintza eragozlea gauzatu denetik.

408. LEGEA

Kontzeptua. Gozamen eskubide errealak horren titularrari ematen dizkio, epe mugatuan zehar, jabari-ahalmenak, gozamenpeko gauza xedatzeko ahalmena salbu.

410. LEGEA

Xedea. Gozamena era daiteke mota guztietako ondasunen gainean, nahiz eta horiek fruiturik eman ez, eta ondare oso baten gainean edo horren zati alikuotaren gainean.

Gozamena gauza kontsumigarrien gainekoa denean, gozamendunak erabateko xedapena eskuratuko du horien gainean, baina genero eta kalitate bereko beste horrenbeste itzuli beharko du.

414. LEGEA

Jabe soilaren eskubide eta betebeharrak. Ondasunak entregatu baino lehen edo beste edozein unetan, jabe soilak inbentarioa egiteko galda diezaioke gozamendunari eta, horrez gain, bermea eratzeko ere bai, ondasunok itzuli eta eragindako kalteen ordaina emateko betebeharra ziurtatze aldera, legeak edo eratzailearen borondateak gozamenduna betebehar horretatik libre utzi edo epaileak ez-beharrezkotzat jo ezean. Bermea eratzeko, da 231. legeak fiduziarioari buruz xedaturikoa beteko da.

Halaber, gozamenpeko gauzarako aseguru bat sinatzea galdatzeko eskubidea izanen du.

Honakoak dira jabe soilaren betebeharrak:

1. Gozamena egikaritzeko behar den guztia onartzea.

2. Karga eta kontribuzioek jabetza kargatzen dutenean, horiexek ordaintzea.

3. Bere eskubidearen balioarekiko proportzioan, gozamenpeko gauza kontserbatzeko behar diren gastu guztiak bere gain hartzea, aldizkakoak ez direnak, baita ohiz kanpokoak edo aurretik ikusi ezin direnak eta gozamenpeko gauzaren aseguruen primak ere.

415. LEGEA

Gozamendunaren eskubide eta betebeharrak. Gozamendunak honako eskubide hauek ditu:

1. Jabe soilari eskatu bere ahalmenak egikaritzeko eta horretarako egokiak diren akzio guztiak egikaritzeko behar den guztia.

2. Fruituak eskuratu, 353 eta 354. legeetan xedatutakoarekin bat etorriz. Gainera, gozamena amaitzean, kalte-ordaina galdatu ahal izanen du, berak zenbait fruitu eskuratu ez baina fruitu horiek ekoizteko egin dituen gastuen arabera.

3. Gozamenpeko gauza segurtatzea galdatu.

4. Gozamenpeko gauzan hobekuntzak egin, erabilgarriak zein luxuzkoak edo jostetakoak, berekin gauza aldatzerik ez badakarte.

5. Bere eskubidearen erabilera laga gozamenak dirauen eperako. Gozamendunak ezarritako errentamendua suntsiarazi eginen da, edozein kasutan, gozamena azkentzean; baina landa-errentamenduek indarrean diraute, nekazaritzako urtea amaitu arte.

Gozamendunak honako betebehar hauek ditu:

1. Inbentarioa egin eta bermea ematea, aurreko legean xedaturikoarekin bat etorriz.

2. Gozamenpeko gauzak aprobetxatzea haien izaeraren arabera, eta gozamena amaitutakoan horiek itzuli.

3. Bere eskubidearen titulartasunari eustea, erabileraren lagapena ezertan eragotzi gabe.

4. Gozamenpeko gauza kargatzen duten karga guztiak eta gauza horrek sorrarazten dituen gastuak ordaintzea osorik edo proportzioan, jabe soilari dagozkionak izan ezik, aurreko legean ezarritakoarekin bat etorriz.

417. LEGEA

Mendien gaineko gozamena. Mendien gaineko gozamenean, eraketa-tituluak bestelakoa agintzen ez badu, ondoko erregelak beteko dira:

1. Gozamendunak aprobetxamendu arruntak egin ahal izanen ditu finkaren izaeraren eta tokiko usadioen arabera.

2. Mendietatik zura atera daitekeenean, mehazketa eta ebaketak egin ahal izanen ditu, aurreko zenbakian adierazitakoarekin bat etorriz. Mendietan ez badira landareak berez hazten, eta mendi horietan errotik ebaketak egiten badira, gozamendunak basoberritzeko betebeharra izanen du.

3. Ebaketen onura gozamendunari dagokio, horrek gozamenean dirauen denboraren arabera; betiere, zuhaitzen ekoizpen-epea kontuan hartuta.

4. Edozein kasutan ere, gozamendunak, jabe soilari aldez aurretik horren berri emanez, zuhaitzak ondotik ebaki ahal izanen ditu, finkan gauzatu nahi dituen konponketa eta hobekuntzak egiteko. Jabe soila hobekuntzaren ondoriozko ebaketaren aurka jarri ahal izanen da, eta konponketen ondoriozkoa egitearen aurka ere bai, horiek bere ardurapean hartzen baditu.

418. LEGEA

Kredituaren gaineko gozamena. Kredituaren gaineko gozamenean, ulertzen da horren zenbatekoaren gainean eratu dela eskubidea. Gozamendunak jasoko ditu kredituak sortutako interesak, eta kredituaren kobrantzari 410. legearen bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaio.

Errenta edo zentsu baten gaineko gozamena. Errenta edo zentsu baten gozamendunak errenta eskuratzen du muga-egunetik muga-egunera, gozamena azkendu arte.

Akzioen gaineko gozamena. Gozamena sozietatearen akzio, partaidetza edo kuoten gainekoa bada, 258. legean ezarritakoa aplikatuko da.

423. LEGEA

Araubidea. Biztantze- eta erabilera-eskubideak eta besteren gauza zatika aprobetxatzeko antzeko eskubideak horien eraketa-tituluan ezarritakoak arautzen ditu, bai eta, horrelakorik izan ezean, ondoko xedapenek ere:

Eraketa. 1. Halakoak era daitezke gozamena eratzeko bide berberetatik, baina 414. legeak bermeari buruz ezarritakoa bakar-bakarrik aplikatuko zaie eratzaileak hala agindu duenean edo eskubideotara ondasun higigarriak bildu direnean; azken kasu horretan, inbentarioa egin beharko da, eratzaileak betebehar hori salbuetsi ezik.

Gastuak. 2. Presuntzioz, eskubide horiek dohainekotzat eta biziartekotzat jotzen dira. Titularraren betebehar bakarra izanen da kontribuzioak, hornidurak, banakako zerbitzuak eta gastuak ordaintzea, horiek guztiek kargatzen badute berak gauzaren gainean izandako erabateko erabilera; era berean, titularrak konponketak egin beharko ditu, eguneroko erabileraren ondorioz haren higadura gertatzen bada.

Iraungipena. 3. Eskubide horiek azkenduko dira, gozamena azkentzeko arrazoi berberak direla bide, bai eta gauzaz bidegabe abusatzeagatik ere. Eskubideok azkenduko dira, orobat, eskubidepeko erabilera edo aprobetxamendu zehatza ezinezko suertatzen denean, baina jabeak kalte-ordaina eman beharko du, eskubidepeko gauza aldatzen badu eta, horren ondorioz, eskubideon erabilera galarazi edo urritzen bada. Biztantze-eskubidea ezin da inola ere luditu horren titularraren borondatearen aurka. Gainerako eskubideak ez badira epe zehatzerako eratu, luditzeko modukoak izanen dira, 382. legean <<bazkalekuei>> buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

424. LEGEA

Biztantze-eskubidearen edukia. Legezko edo borondatezko xedapenez biztantze-eskubidea mugatzen denean izan ezik, presuntzioz uste izanen da eskubide horrek titularrari ahalmena ematen diola etxebizitza osorik eta modu esklusiboan okupatzeko, berarentzat eta berarekin batera bizi direnentzat, bai eta etxebizitza osorik edo zati batez errentan emateko ere; errentamendua biztantze-eskubidea azkentzean amaituko da, inolako luzapenik gabe.

425. LEGEA

Desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek ohiko etxebizitzaren gaineko biztantze-eskubidea izatea. Ohiko etxebizitzaren gaineko biztantze-eskubidea izanen dute hiltzen den unean titularrarekin bizi diren eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten aurreko eta ondorengo ahaideek, baldin eta titularrak ez badu aurreikusi pertsona horien etxebizitza beharra beste modu batean estaltzea edo espresuki baztertu badu.

Konpilazio honetan aurreikusitakoarekin bat beste pertsona batzuei etxebizitzaren gainean dagozkien eskubideekin batera, lege honetan aitortutako eskubidea egonen da, eta, horren bidez, titularrak badu etxe hori beretzat eta berarekin bizi direnentzat okupatzeko ahalmena, haren etxebizitza beharra betetzeko baino ez. Hori dela eta, ezin izanen da alokatu.

426. LEGEA

Erabileraren edukia eta beste eskubide batzuk. Aurreko legeek biztantzeari buruz ezarritakoa izan ezik, halako eskubideen titularren egikaritzea pilatuko da jabearen edo hori ordezten duen pertsonaren erabilera arruntarekin; haiek ezin izanen dute beren eskubidea osorik laga, baina eskubide horien egikaritzea beste pertsona batzuekin elkarbanatu dezakete, horren truke ordainketa jasoz nahiz jaso gabe.

Fruitu eta produktuak. Eskubideak ez badira fruituen edo berezko produktuen gaineko aprobetxamendu jakin bati buruzkoak, titularrak aprobetxatu ahal izanen ditu gauzak sortzen dituen guztiak; betiere, eskubidearen erabileran parte hartzen duten pertsonen kontsumo arruntaren neurrian bakarrik eta horiek saltzeko ahalmenik gabe.

427. LEGEA

Printzipio orokorra. Presuntzioz uste izanen da ezen lurrari modu separaezinean lotutakoa horren jabetzapean sartzen dela, baina besteren lurrean eraikitakoaren edo landatutakoaren gaineko eskubide erreal bat egon daiteke, hala nola azalera-eskubidea, gaineraikitze- edo azpieraikitze-eskubidea, jabetza horizontaleko eskubidea eta landatzeko eskubidea.

Gainera, osorik edo zati batean besteren lurraren gainean fede onez egindako eraikinek ahalbidetuko diote horiek eraiki dituenari lur horren gaineko jabetza eskuratzea, eraikitakoak balio handiagoa duenean lurrak baino eta horrekin batera unitate zatiezina osatzen duenean, baldin eta, aurretiaz, haren balioagatik eta, hala bada, sortu diren kaltegalerengatik ordaina ematen badu.

Aplikatu beharreko legea. Jabetza horizontalaren araubideari dagokionez, Kode Zibilean eta hori garatzen duten legeetan xedaturikoa beteko da. Aipaturiko beste eskubideei buruz, titulu honetan xedaturikoa beteko da.

428. LEGEA

Araubidea. Ondoko erregelek arautuko dituzte aurreko legean aipatutako eskubideak:

1. “Inter vivos” nahiz “mortis causa” egintzen bidez era daitezke, kostu bidez nahiz dohainik, dela besterentze edo emakida bidezko zuzeneko eraketaz, dela jabetza-eskualdaketako egintza bateko erreserba edo atxikitze bidez.

2. Epe mugaturako edo mugagaberako ezar daitezke; aurkakoa xedatzen ez denean, azken hori dela uste izanen da presuntzioz.

3. Jabetza Erregistroan inskriba daitezke, nahiz eta aldian aldiko osagaiak zehaztu ez; esaterako, egin beharreko obra hasi edo amaitzeko epeak, horren ezaugarriak, aurrekontuak, hobekuntzak, erabilerak, ustiapena, xedea edo kontserbazioa.

4. “Inter vivos” nahiz “mortis causa” egintzen bidez eskualda daitezke, salbu eta bere-berezko gisa eratu direnean, horien eskualdatzea jabearen adostasunaren baldintzapean jarri denean edota haien eskualdagarritasuna bestelako modu batean mugatu denean.

5. Hipotekatzeko modukoak dira, eskualdagarriak diren neurrian. Eskubide horiek erabiliz zerbait eraiki edo landatzen bada, hori ere hipotekaren menpe geratuko da.

6. Gozamenaren eta antzeko eskubideen xede izan daitezke, baina ezin dira zortasunekin kargatu jabearen adostasunik gabe. Halako adostasuna izan ez arren, eskubideok ezartzen badira, 372. legeak erkidegoari buruz xedaturikoa aplikatuko da.

7. Titularrak bere kabuz era ditzake zortasunak, eskubideon xede den ondasun higiezinaren mesederako, eta jabeak ezin ditu inola ere bere kabuz zortasunak azkendu halako eskubideen kalterako.

8. Aurkako xedapenik izan ezean, eskubideok ezin daitezke luditu horien titularraren borondatearen aurka.

9. Eskubide horiek edo jabetza besterentzen direnean, ez da egonen eros-lehentasun eta atzera-eskuratzerik.

432. LEGEA

Arauak. Azalera-eskubidedunak eraikinaren eta behar bezala mugatuta dagoen eta aprobetxamendu independentea har dezakeen espazio bakoitzaren erabileraren eta gozamenaren gaineko arauak ezarriko ditu, lurrari eragin ezin izanen diotenak.

436. LEGEA

Jabekidetasuna eta jabetza horizontala. Eraikina jabekidetasunaren edo jabetza horizontalaren araubidepean badago, jabekideei dagokie gaineraikitze- edo azpieraikitze-ahalmena; betiere, jabetzan edo osagai amankomunetan dituzten kuoten proportzioan. Bi kasuotan, halako eskubideak emateko, beharrezkoa izanen da partaide guztien adostasuna. Horiek adierazi beharko dituzte honako kasu hauetan aplikatu behar diren erregelak: jabetzaren kuoten zehaztapena edo solairu berrietan dauden elementu pribatiboei dagozkien elementu komunak, eta aurretik dauden solairuetan egondakoei dagozkienak.

446. LEGEA

Lehentasuna. Legezko eta grazia bidezko atzera-eskuratzeek, “kanpoko auzotasun”, “bazkaleku” eta “iralekuei” buruzkoek, eta atzera-eskuratze jentilizioak, hurrenkera horretan, lehentasuna dute erkide, mugakide, maizter eta enfiteusidunen atzera-eskuratzeen aldean, bai eta lehentasunez eskuratzeko beste edozein eskubideren aldean ere, horiek zibilak nahiz administratiboak izan. Aldi berean, horien arteko lehentasuna aplikatzekoak diren legeek ezarriko dute.

Atzera-eskuratze bakoitzerako ezarritako berariazko lehentasunik izan ezean, mota bereko eskubide bat erabili nahi duten hainbat titular daudenean, horiek guztiek egikaritu ahal izango dute gauza komunean duten parte-hartzearekiko proportzioan.

Nolanahi ere, legezko atzera-eskuratzeek lehentasuna dute hitzarmenezko aukera, eros-lehentasuneko eta atzera-eskuratzeko eskubideen gainetik.

451. LEGEA

Kontzeptua eta epea. Ondare-exekuzioaren kasu guztietan, exekuziopeko zordunak behin betiko adjudikatu diren ondasunak atzera-eskuratu ahal izanen ditu behin betiko adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazten denetik bederatzi eguneko epean, prezioaren eta legebidez ordaindu beharreko gastuen pagamendua eginez.

458. LEGEA

Epea. Atzera-eskuratze hori egikaritzeko, ondokoak izango dira iraungitze-epeak:

1. Besterentzea modu fede-emailean jakinarazi bada, prezioa, ordaintzeko modua eta kontratuaren gainerako baldintzak zehaztuz, bederatzi egun, jakinarazpena egiten denetik zenbatuta.

2. Jakinarazpen hori egin ezean, bi hilabete, Jabetza Erregistroan egindako inskripzioaren egunetik.

3. Jakinarazpenik eta inskripziorik egin ezean, urtebete eta egun bat, besterentzea egin denetik zenbatuta, salbu eta hori asmo gaiztoz ezkutatu denean; halakoetan, akzioa ez da iraungiko, preskripzio eskuratzailea eragotzi gabe. Dena den, atzera-eskuratzaileak jasotako informazioa osatugabea izan bada, hogeita hamar eguneko epea du eskualdatzaileari eskualdaketaren inguruko informazio osoa eskatzeko; behin informazioa jaso eta gero, bederatzi eguneko epea du akzioa egikaritzeko.

besterentzeen kasuetan, lege honetan aurreikusten diren epeen “dies a quo” errematearen behin betiko adjudikazioa egiten duen ebazpena jakinarazten den eguna izanen da.

448. Legeak arauturiko kasuetan, epe horien zenbaketa ez da hasiko atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzeko aukera izan arte.

460. LEGEA

Izaera eta ezaugarriak. Aukera-eskubideak, eros-lehentasuneko eskubideak eta borondatez atzera-eskuratzeko eskubideak izaera erreala izanen dute hala ezarri denean; izaera pertsonalarekin eratu badira, IV. liburuaren II. tituluko xedapenek arautuko dituzte eskubide horiek. “Inter vivos” nahiz “mortis causa” egintzen bidez eskualdatzeko modukoak izanen dira, horren aurkako xedapenik izan ezean.

“Inter vivos” nahiz “mortis causa” egintzen bidez era daitezke, kostu bidez nahiz dohainik, besterentze edo emakida bitartezko zuzeneko eraketaz, dela jabetza-eskualdaketako egintza bateko erreserba edo atxikitzearen bidez.

Eskubideok ondasun higiezinen gainekoak edo merkataritza nahiz industriako establezimenduen gainekoak izan daitezke, bai eta sozietateen akzio, partaidetza edo kuoten gainekoak, jabetza industrial nahiz intelektualeko eskubideen gainekoak, eta identifikatzeko modukoak diren beste edonolako ondasun higigarrien gainekoak ere.

Eragingarriak izateko, legearen arabera kasuan-kasuan izan beharreko forma-betekizunak bete beharko dituzte. Eskubide horiek Jabetza Erregistroan edo, haien xedearen arabera, dena delako erregistroan inskribatu ahal izanen dira.

461. LEGEA

Aukera. Aukera-eskubide erreala epe jakin baterako era daiteke, hamar urtetik gorakoa ez bada.

Aurreko paragrafoan xedaturikoa gorabehera, erosteko aukera-eskubidea eranskin gisa eratzen bada, errentamenduari, azalerari edo Jabetza Erregistroan inskriba daitezkeen eskubide errealetatik beste edozeini begira, haren iraupenak horien epe osoa hartu ahal izanen du, baina ez haien luzapenena. Finantza-errentamendu bati erantsitako erosteko aukerak berariazko araudia izanen du.

Ekitaldia. Erosteko aukera egikaritu beharko da finkatutako prezioa edo hori zehazteko prozesuan ezarritakoa ordainduz.

Erosteko aukera duenak saltzaileari jakinaraziko dio aukera erabiltzeko asmoa duela itundu den moduan eta horretarako espresuki adierazi den helbidean. Horrela aurreikusi bada, erosteko aukera duenak bere eskubidea erabili ahal izanen du alde bakarretik, gauzaren edukitza badu eta prezioa notario aurrean jasotzen badu.

Aukera-eskubidea gauzaren gainekoa bada eta gauza horren jabeak xedapen-egintzak gauzatzen baditu, egintza horiek ez diote aukera-eskubideari kalterik eginen; eskubideak indarrean iraunen du, harik eta epea mugaeguneratu arte, Hipoteka Legean xedatutakoa alde batera utzita.

463. LEGEA

Bermeak. Betebeharraren betetzea ziurtatzeko nahiz horren ez-betetzearen ondorioekiko aseguru gisa, hauek erabili ahal izanen dira: fiduzia, erresak, bahia, hipoteka, antikresia, atxikitzeko eskubidea, berme gisa egindako gordailua, atzera-eskuratzeko ituna, jabari-erreserba, baldintza suntsiarazlea, xedatzeko debekua edo berme erreal nahiz pertsonaleko beste edozein forma.

464. LEGEA

Araubidea. Ondasun higigarri edo higiezinen gaineko hipotekari eta edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiari dagokienez, kasuan kasuko legeria berezian xedaturikoa beteko da.

Fidantza 525. legetik 530. Legera bitartekoen menpe jarriko da. Bestelako berme motei buruz, titulu honetan xedaturikoa beteko da.

469. LEGEA

b) Saltzeko eskubidea. Ordaintze-errekerimendu fede-emailea egin eta gero betebeharraren ez-betetzea gertatzen bada, hartzekodun pignoratizioak gauza pignoratua enkante judizialean saldu ahal izanen du edo, bestela, enkante estrajudizialean, notarioaren esku-hartzearekin. Gauza saltzeko beste forma bat itun daiteke, objektuaren izaerak hala ahalbidetzen duenean; baina deuseza da ordainketa ez egiteagatik gauzaren jabetza hartzekodunari eratxikitzeko ituna.

Hartzekodunak ezin izanen du gauza bestelako moduan xedatu, ezta pignoratzailearen baimenik gabe erabili ere, fruituak jasotzea izan ezik, 471. legearekin bat etorriz.

471. LEGEA

Antikresi-ituna. Bahi edo hipotekaren kasuetan, antikresia itun daiteke edo zorraren interesekin osorik edo zati batean konpentsatzea gauzaren nahiz horren fruituen erabilera. Bestelako kasuetan, hartzekodunaren edukitzapeko gauzak fruituak ematen baditu, hark jasoko ditu fruituok, horiek interesen zorrari eta, gero, kapitalaren zorrari egozteko.

Antikresia. Era berean, bahi edo hipotekarik eratu gabe, itun daiteke diruzko zorra gauza higigarri edota higiezinaren erabilera edo luperketarekin konpentsatzea osorik edo zati batean.

Inskripzioa. Antikresi-itunak inskriba daitezke, haien xedearen arabera, Jabetza Erregistroan edo beste erregistro batzuetan.

472. LEGEA

“Pignus Gordianum”. Bahia azkentzen bada betebehar bermatua bete delako, hartzekodunak gauza pignoratuaren edukitza atxiki dezake zordun berberaren ondorengo beste zor baten betetzea bermatzeko.

475. LEGEA

Atzera-eskuratzeko itunarekin egindako salmentaren bitartez, bermea izatea. Diruzko betebeharraren betetzea berma daiteke, salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egiten bada, eta zordunak berarentzat erreserbatzen badu saldutako gauza atzera-eskuratzeko eskubidea betebeharra asebete edo azkentzen denean.

Presuntzioa. Araubidea. Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin bada, itun hori berme errealtzat hartuko da, tituluan espresuki halakotzat ezarri denean ez ezik, kontratutik hori ondorioztatzen denean edo 583. legearekin bat etorriz presuntzio hori dagoenean ere. Kasu horretan aplikatzekoak izanen dira kapitulu honetako xedapenak eta 577., 578. eta 579. legeetakoak.

477. LEGEA

Gauzatzea. Betebehar bermatuaren epea igarotze hutsak ez dakar hartzekodunak jabetza behin betiko eskuratzea; aitzitik, hori gertatuko da hilabete eta egun bateko epea edo kontratuan ezarritako epe luzeagoa igarotzen denean bakarrik, eta horren zenbaketa hasiko da hartzekodunak zordunari betebeharraren betetzea galdatzeko errekerimendua modu fede-emailean egin dionetik.

Lege honetan araututakoa beteko da, nahiz eta kontratuan ezer ezarri ez, edo aurkakoa itundu. Kalterik gabe geratuko dira beti zordunarentzat onuragarriagoak diren itunak.

480. LEGEA

Preskripzioa. Bestelako epea itundu ez bada, atzera-eskuratzeko akzioaren preskripzio epea hamar urtekoa izanen da.

Epea zordunak betebeharra betetzen duenetik edo erosleari atzera-eskuratzeko asmoa duela jakinarazten duenetik zenbatuko da.

483. LEGEA

Kontzeptua. Efektuak. Jabaria erreserbatzeko itunaren bidez, saltzaileak eutsi egiten dio berak saldutako gauzaren jabetzari, prezioa oso-osorik ordaintzen den arte; eta zilegi izanen du egikaritzea bai jabari-hirugarrengoa, bai eta bere eskubidea defendatzeko gainerako akzioak ere. Kontratua burututa egonen da, hori egiten denetik, baina gauzaren eskualdatzea geroratuta geratuko da, ordainketa oso-osorik egin arte. Bien bitartean, erosleari dagozkio saldutako gauzaren edukitza eta luperketa, itundutako mugapenekin, kasua bada, eta haren ardurapekoak izanen dira gauzak berez dituen arriskua eta gastu guztiak; saltzaileak, bestalde, gauza ez xedatzeko betebeharra izanen du.

Salmenta Jabetza Erregistroan edo bestelako erregistroan inskribatu eta gero, saltzaileak gauza xedatzeko egintzetatik edozein burutzen badu, egintza horrek ez du eragotziko eroslearen eskubidea.

Ondasunak enbargatzen direnean edo saltzailearen inguruan konkurtsoa gertatzen denean, erosleak jabetza eskuratzeko eskubidea izanen du prezioa hitzarturiko epeetan oso-osorik ordainduz.

487. LEGEA

Ebazpena. Suntsiaraztearen kasuan, behin hori jakinarazi eta gero, gauza saldugabekotzat joko da, eta efekturik gabe geratuko dira gauza besterendu eta kargatzeko egintzak, bai eta erosleak hitzarturiko errentamendu guztiak ere, Hipoteka Legean xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.

488. LEGEA

Iturriak. Betebeharrak alde bakarreko borondatetik edo adostutako borondatetik, egitate kaltegarritik, kausarik gabeko aberastetik eta legetik datoz.

Hitzarmenetik sortzen diren betebeharrek galdatzen dute adostasuna libreki ematea, benetako objektua egotea eta kausa justua izatea.

Interpretazioa. Betebeharrak interpretatu beharko dira horiek eratu zituen borondate adieraziarekin, usadioarekin eta fede onarekin bat etorriz.

Aurkako itunik izan ezean, prestazioa gauzatzeko betebeharra duenak bere kontura bete beharko ditu titulazioaren formalitate guztiak; esaterako, erregistro eta bulego publikoetan traktua berriro hastea, agiriak ematea eta betebeharra oso-osorik betetzeko egintzetatik beste edozein gauzatzea, bai eta karga nahiz mugapen azkenduei buruzko erregistro-inskripzioak ezereztea ere.

Itunak zordunaren mesederako egin direla uste izanen da presuntzioz, salbu eta presuntzio hori egintzak dituen izaeraren edo inguruabarren aurkakoa denean.

489. LEGEA

Deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta hutsalgarritasuna. Betebeharrak deusez, deuseztagarri edo hutsalgarriak izanen dira, 19., 20. eta 21. legeetan xedaturikoaren arabera.

490. LEGEA

Berandutze-interesak. Diruzko zor guztiek, interesei estipulaziorik izan arren, legezko interesak sortzen dituzte betebeharra mugaeguneratzen denetik.

491. LEGEA

Zatigarritasunari buruzko presuntzioa. Salbu eta legeak edo itunak deklaratzen dutenean ezen betebeharrean esku hartzen duten zordun edo hartzekodunetako batzuk solidarioki direla halakoak, edo betebeharraren izaera nahiz inguruabarretatik hala suertatzen denean, ulertuko da parte zatituka direla halako, bai aktiboki bai pasiboki.

Betebehar zatiezinak. Prestazioa berez zatiezina bada, erreklamazioa modu baterakoan egin beharko da, baina zordun baten kaudimengabeziak ez die gainerako zordunei kalterik eginen.

492. LEGEA

Betebeharra betetzea. Betebeharrak azkentzen dira betetzen direnean.

Baldintzak. Betebeharra zatigarria izan arren, hartzekodunak ezezkoa eman diezaioke betetze osatugabea egiteko edo zor den objektuaz bestelakoa emateko eskaintzari.

493. LEGEA

Ordainketari buruzko aitorpena. Norbaitek agiri bidez aitortzen badu kopuru bat kobratu duela, ezin izanen du galdatu horren ordainketa eragingarriari buruzko frogarik, baina agiria aurkaratu ahal izanen du halako ordainketa egin ez dela frogatuz.

494. LEGEA

Ordainketa partziala. 492. legean xedatutakoa gorabehera, hartzekoduna behartu daiteke kopuru baten ordainketa partziala onartzera, baldin eta zordunak gainerako kopuruaren ordainketa bermatzen badu.

Hartzekodunak zordunak emandako bermea ez nahikotzat jotzen badu, epaileak egokia dena erabakiko du horren gainean, bidezko prozesu deklaratiboko alderdietako edozeinek eskatuta edo, ordainketa partzialean oinarrituta eta zorraren gainerako zatiaren gaineko bermea nahikoa izanda, dena delako betearazpen-prozeduran zordunak gauzatu ahal duen aurkaritzaren ondorioz.

495. LEGEA

Ordainean ematea. Hartzekodunak onartzen badu zor den objektuaz besteko gauza ordainean ematea, betebeharra azkendutzat joko da hartzekodun horrek gauza subrogatuaren jabetza eskuratzen duenetik; baina betebeharraren bermeak onarpena eman denetik azkenduko dira, horiei espresuki eutsi zaienean salbu.

Ordainean nahitaez ematea. Diru-zenbateko baten hartzekodunak diruaz bestelako objektu bat onartu beharko du baldin eta epaileak ordezpena bidezkotzat jotzen badu, kontuan hartzeagatik zorduna likideziarik gabeko posizio batean dagoela bere ondasunak diru bihurtu ezinaren ondorioz eta prestazioa nahitaez betearaztea zer prestazio-astuntze ikaragarria izanen litzatekeen zordunarentzat, edo ez-betetzea, proportziorik eza legokeelako horren ondorio edo bermeen eta diru-zorraren artean.

Ezertan eragotzi gabe zordunak bidezko prozesu deklaratiboan eskaera aurkeztea, betearaztea abiarazi bada, aurkaritza formulatu ahal izanen du, ordainean ematea kausatzat hartuta, kasuko betearazpen-prozeduran prestazioa izugarri astuntzeagatik.

Ordaintzeko ematea. Ordaintzeko emateak zorduna askatzen du, baina lagatako ondasunen zenbateko likidoaren neurrian bakarrik.

496. LEGEA

Ordainketa, epailearen zainpean jarrita. Hartzekodunak bidegabe ezezkoa ematen badio berari zor zaion kopuruaren edo gauza higigarriaren ordainketa onartzeari, zorduna erantzukizunetik aske geratuko da, kopuru edo gauza hori epailearen zainpean jarriz. Gauza higiezina bada, zorduna erantzukizunetik askatuko da gauza hori epailearen eskura jarriz.

Hirugarrenek egindako ordainketa. Betebeharraren izaeraren ondorioz edo itunaren bidez beharrezkoa ez bada zordunaren betetze pertsonala, betebeharra hirugarren batek bete ahal izanen du, baita zordunak horren berririk ez badu ere. Hirugarrenak ordainketa egin badu, zorduna horren jakitun izanik eta horren aurka jarri gabe, edo ordainketa egin badu betetze horretan interesa izan duelako, hirugarren hori subrogatuko da hartzekodunaren eskubidean. Gainerako kasuetan, berreskaera-eskubidea erabili ahal izanen du zordunaren aurka, ordainketaren ondorioz horrek izan duen onura erreklamatzeko bakarrik.

497. LEGEA

Azkentzeko beste modu batzuk. Betebeharrak azkentzen dira, berebat, nobazioa edo konpentsazioa gertatzen denean, zordunaren eta hartzekodunaren titulartasunak bateratzen direnean, zorra barkatzen denean eta betetzea ezinezkoa denean, zordunarekin zerikusirik ez duen kausaren ondorioz eta haren errurik gabe.

498. LEGEA

“Rebus sic stantibus”. Epe luzerako betebeharretan edo segidako traktudunetan, betetze-epean zehar goitik behera eta modu larrian aldatzen bada betebeharraren eduki ekonomikoa edo prestazioen arteko proportzionaltasuna, ustekabeko inguruabarrak gertatu direlako eta inguruabar horiek karga handiegia dakartelako alderdietako batek betebeharrak bete ditzan, alderdi horrek epaileari eskatu ahal izanen dio betebeharra ekitatez berrikusteko, eta hori aldarazteko edo horren suntsiaraztea deklaratzeko.

499. LEGEA

Ez-betetzea. Betebeharraren ez-betetzea dago zordunak prestazioa ez duenean egiten aginduzkoak zaizkion zertzeladekin, salbu eta 497. legeko azken oharrean aipaturiko kasuan.

Efektuak. Ez-betetze errudunaren kasuan, zorduna behartuta dago eragin diren kalteak ordaintzera.

500. LEGEA

Kontzeptua. Norbaitek kalte larria jasan badu premiazko beharrizanean edo esperientziarik ezarengatik kostu bidezko kontratua onartu duelako, horren hutsaltzea eskatu ahal izanen du.

Kalte handitzat hartuko da prestazioak duen balioaren erdia baino zati handiagoari eragindakoa; prestazioa kontratua egiteko unean zenbatetsiko da.

Kalteak balio horren bi herenak gainditzen baditu, hori oso-oso handia dela ulertuko da.

Subjektua. Edozein kasutan ere, ezin du kaltearen ondoriozko hutsaltzerik eskatu kontratuaren xede diren gauzen trafikoan lanbidez nahiz ohikotasunez dabilenak edo gauzon inguruan aditu gisa diharduenak.

Xedea. Hutsaltzea gertatuko da, ondasun higiezinen gaineko kontratuetan ez ezik, higigarrien gainekoetan ere, baldin eta akzioa bidezkotzat jotzen bada, gauzon balioa eta kontratuak ondareari begira eragindako kaltea aintzakotzat hartuta.

501. LEGEA

Gauza batzuen gainean batera egindako kontratua. Gauza batzuen gainean, baterako moduan eta prezio bakarraren truke egiten den kontratua hutsaldu ahal izanen da oso-osorik kaltearen ondorioz, nahiz eta gauza bakoitzaren prezio, balio edo zenbatespena modu bananduan zehazturik egon.

502. LEGEA

Salbuespenak. Ez da hutsaltzerik gertatuko eskuzabaltasun hutseko kontratuetan, ausazkoetan edo auziaren objektuen gainekoetan.

Salmentak atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin badira, epea iraungi edo atzera-eskuratzeko eskubidea azkentzen denean, eta orduan bakarrik, gertatuko da salmenten hutsaltzea. Epea finkatu ez denean, 577. legean xedaturikoa beteko da.

503. LEGEA

Akzioa. Kaltearen ondoriozko hutsaltze-akzioa pertsonala da, eta jaraunsleei eskualda dakieke. Ez da halako akziorik izanen, baldin eta bidezkoak badira gauzaren akats edo hutsen ondoriozko saneamendu-akzioak nahiz kontratuaren deuseztasun-akzioak.

Kaltearen ondoriozko hutsaltze-akzioa 30. legean ezarritako epeetan preskribatuko da.

504. LEGEA

Uko egitea. Hutsaltze-akzioari uko egiten bazaio kontratuarekin batera edo horren ondoren, uko hori baliozkoa izanen da baldin eta errespetatzen badu, gutxienez ere, kontratu hori egiteko erabilitako forma, eta zehatz-mehatz, argiro eta modu ulergarrian adierazten baditu berekin dakartzan ondorio juridikoak eta ekonomikoak.

Hala ere, uko egitea ez da baliozkoa izanen, premiazko beharrizanarengatik edo esperientziarik ezarengatik gauzatzen bada.

505. LEGEA

Itzulketa.

a) Fruituak. Behin hutsaltzea deklaratu eta gero, gauza bere fruituekin batera itzuliko da; horiei dagokienez, 353. eta 354. legeetan ezarritakoa aplikatuko da.

b) Hobekuntzak. Ez da inolako eskubiderik izanen hobekuntzen ordainketa eskatzeko, baina demandatuak hobekuntzok erretiratu ahal izanen ditu baldin eta, hobekuntza haiek zer gauzari atxiki zaizkion, gauza horren kalterik gabe banandu badaitezke.

c) Prezioaren osagarria. Itzulketa ezin bada gauzatu demandatuak gauza bere esku ez izateagatik, prezio, balio edo zenbatespenaren osagarria bakarrik ordaindu beharko du, legezko interesekin batera.

Kalte-ordaina. Edozein kasutan, aurreko paragrafoan aipaturiko kalte-ordaina emanez, hutsaltzea saihestu ahal izanen da.

506. LEGEA

Akzioaren zatiezintasuna. Hutsalketa-akzioa zatiezina da, eta modu baterakoan egikaritu beharko dute horretarako eskubidea duten guztiek betebeharpeko guztien aurka, edo haietatik edozeinek kontratu osoari begira.

Ez da hutsalketarik gertatuko betebeharpeko guztiak kalte-ordaina ematearekin ados daudenean; kalte-ordain hori eman beharko dute bakoitzari dagokion proportzioa errespetatuz.

Batek bakarrik badu akzioa egikaritzeko asmoa, aldez aurretik asmo hori jakinarazi behar die hutsalketarako eskubidea duten gainerakoei, auzian parte hartzeko aukera izan dezaten. Horietatik batek bakarrik akzioa egikaritu ondoren, gainerakoekin banatu behar du berak egikaritutako akzioaren emaitza onuragarria, auziaren gastuak kenduta.

507. LEGEA

Kontratuz kanpoko erantzukizuna. Norbaitek zabarkeriaz edo arriskuzko jardunez kalte egiten badio inoren pertsona, ondare edo interesari, kalte-ordaina eman beharko dio kaltetuari, kasuan kasuko inguruabarren arabera.

Baldin eta, hainbat eragilek eginiko kaltea izanik, ekintza bakoitzak kaltezko emaitzan izan duen garrantzia ezin bada zehaztu, pertsona horiek guztiek erantzukizun solidarioa izanen dute.

Kalte-ordaina galdatzeko akzioa urtebete igarotakoan preskribatzen da, eta, akzioa egikaritzeko modua dagoelarik, epe hori zenbatzen hasiko da kaltearen berri izan zenetik edo haren ondorioen norainokoa zehaztu ahal izan zenetik. Kalte jarraituen kasuan, “dies a quo” delakoa kalte horien behin betiko zehaztapena egiten den uneak osatuko du.

508. LEGEA

Motak. Kausarik gabeko aberastea, oro har. Norbaitek eskuratzen edo atxikitzen badu edo beste edonola aberasten bada, bere kabuz nahiz hirugarren baten bitartez, halakorik justifikatzen duen kausarik egon gabe, eta irabazi bat lortzen badu beste pertsona batengandik edo haren kaltetan, haren ondarea txikiagotzen duena, behartuta egonen da jaso duena itzultzera edo lortu duen ondare-abantailaren balioa ordaintzera. Halaber, pobretuari eragindako kaltearen ordaina eman beharko dio, legez hori ezartzen denean edo epaileak egokitzat jotzen duenean.

Egintza ez-zilegiaren edo immoralaren bidez eskuratzea. Ulertzen da kausarik gabeko eskuratzea dela egintza ez-zilegi edo hitzarmen debekatu edo eskuratzailearentzat immoral baten ondorioz gauzaturikoa.

Kasu horretan, eskuratzaileak betebeharra du berak jasotakoa haren fruitu, etekin edo interesekin batera itzultzeko eta eragindako kalteen ordaina emateko. Gauza galtzen denean, betebehar horrek bere horretan iraunen du, baita ezinbesteko kasu baten ondorioz izan denean ere, eta haren balioa itzuli behar izateaz gain, kaltearen ordaina ere eman beharko da, kasua denean.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez da aplikatuko eskuratzailea adingabe emantzipatugabea bada edo gaitasuna judizialki aldatua badu, eta bere aberastearen gaineko erantzukizuna baizik ez du izanen.

Kausarik gabe atxikitzea. Ulertzen da kausarik gabe atxikitzen dela gauza bat, jaso denean kontraprestazio bat gauzatzeko eta hori ez denean gauzatu, edo zor ez zen betebehar baten kobrantza gisa ordaintzailea eta kobratzailea oker egonik, edo, berebat, jatorrian baliozkoa izan den kausaren ondorioz gauza bat jaso eta gero kausa horrek une batetik aurrera jada ez duenean justifikatzen eskuratutakoa atxikitzea.

Kasu horietan, eskuratzailea behartuta dago bere aberaskina itzultzera, Konpilazio honek edukitzarako xedatzen duena ezertan eragotzi gabe, gainera.

511. LEGEA

Kredituak lagatzea. Hartzekodunak laga dezake berak zordunaren aurka duen eskubidea; baina lagapena kostu bidezkoa bada, zorduna aske geldituko da, lagapen-hartzaileari ordaintzen badizkio horrek ordaindutakoa, legezko interesak eta kreditua erreklamatzean berak izandako gastuak.

Hipoteka-legerian eskatutako formalitateak ezertan eragotzi gabe, lagatzaileak zordunari lagapena modu fede-emailean jakinarazi beharko dio, eta banan-banan eta berariaz adierazi lagapen-hartzailearen identitatea eta helbidea eta kredituagatik ordainduko prezioa.

Zordunak bere eskubidea erabili ahal izanen du prozesu deklaratiboan dagokion akzioaren edo salbuespenaren bidez, edo dena delako betearazpen-prozeduran gehiegizko eskaeraren ondoriozko aurkaritza eginez.

Lagapena egiten bada betearazpen-prozedura abiarazi ondoren, organo judizialak lagatzaileari eskatuko dio lagapenaren prezioa adierazteko, zordunak bere eskubidea erabili ahal izan dezan ezartzen den epean.

513. LEGEA

Kontratua lagatzea. Kontratugile orok hirugarren bati laga diezaioke kontratua, horrek kontratugilea ordez dezan, gauzatzeko dauden eta bere-berezkoak ez diren harremanetan.

Alderdi batek prebentzioz adostasuna eman badio kontratua hirugarren bati lagatzeari, eta hori egin bada ondorio juridikoak eta ekonomikoak zehatz-mehatz, argiro eta modu ulergarrian adierazten dituen klausula baten gainean, ordezpena eragingarria izanen da, hari begira, jakinarazten zaion unetik; ez badio prebentzioz adostasunik eman lagapenari, edo inguruabar horiek adierazi gabe egin badu, lagapen horrek alderdiarengan eragina izanen du hori onartzen baldin badu bakarrik.

Jakinarazpenaren edo onarpenaren bidez, kasuan-kasuan, ordezpena eragingarria denetik, lagatzailea kontratutik aske geratzen da eta lagapen-hartzailea horren lekuan subrogatzen da.

Lagatako kontratugileak lagapen-hartzailearen aurka jar ditzake kontratuak ondorioztaturiko salbuespen guztiak; ez, ordea, lagatzailearekin dituen beste harremanetan oinarritutakoak.

Hirugarrenek kontratuaren betetzea bermatu badute, hirugarren horiek aske geratzen dira lagapenaren ondorioz, salbu eta horri beren adostasuna eman diotenean.

514. LEGEA

Subrogatzeko ahalmena jasotzen duen kontratua. Zilegi da kontratu bat hitzartzea kontratugileetatik edozeini ahalmena eman diona beraren eskubide eta betebeharretan subrogatuko den pertsona geroago izendatzeko. Kasu horretan, ondorio juridikoak eta ekonomikoak zehatz-mehatz, argiro eta modu ulergarrian adierazi beharko dira. Beste kontratugileak edozein unetan eskatu ahal izanen dio ahaldunduari izendapena egin dezan urtebete eta egun bateko gehieneko epean, errekerimendua egiten denetik zenbatuta, kontratuan edo lege-aginduz beste epe bat ezarri denean izan ezik.

Pertsona hori izendatzeko adierazpena epean jakinarazi behar zaio besteari. Behin jakinarazpena egin eta gero, pertsona izendatua subrogatu egiten da izendapen hori egin duen alderdiaren eskubideetan, eta bere gain hartzen ditu alderdi horren betebeharrak, efektua sorturik kontratua egin den unetik aurrera.

Baldin eta epe barruan ez bada pertsona-izendapenik jakinarazten, kontratuak efektu guztiak sortuko ditu kontratua egin zuten alderdien artean.

516. LEGEA

Kontratua egiteko hitzematea. Norbaitek etorkizunean kontratu bat egiteko hitza ematen badu, hitzemate horrek betebeharpean jartzen du bere egilea; betiere, hitza zein kontraturen onarpenerako eman, eta kontratu horren funtsezko osagaiak zehaztu direnean.

Etorkizuneko kontratu bat prestatzeko adostasun-hitzarmenak, aurreikusitako kontratua egiteko betekizun guztiak betetzen ez dituenean ere, bi alderdiak jartzen ditu betebeharpean.

Hitzemate horietatik sortzen den kontratatze-betebeharra eraenduko da hitzemandako kontratuari aplikatu behar zaizkion erregelen bitartez. Hitzematean aurreikusi ez diren kontratu-osagai akzidentalak usadioari, ohiturari eta legeari jarraikiz zehaztuko dira; eta, halakorik ezean, epailearen erabaki ekitatiboz.

518. LEGEA

Estipulazio penala.

a) Zigortzailea. Prestazio zilegiaren ez-betetzeagatik zigor gisa kopuru bat ordaintzearen estipulazioak betebeharpean jartzen du bertan espresuki jasotako jokabidea egin duen hitzemailea.

Zigorra ordaintzeko betebeharrak izaera subsidiarioa du, eta hartzekodunak ezezkoa eman diezaioke estipulazioko zigorra ordaintzearen eskaintzari, eta betebehar nagusiaren ez-betetzeagatik zor den kalte-ordaina galda dezake.

Hartzekodunak betebeharraren betetzea onartzen badu bere borondatez, nahiz eta hori zati batekoa izan, ulertuko da estipulazio penalari uko egiten zaiola, bestelakoa itundu denean izan ezik.

Zigorra kobratu ondotik, ez-betetzeagatiko kalte-ordaina eskatuz gero, kobraturiko zigorra kenduko da kontratuaren ondorioz zor den kalte-ordainetik.

Hitzarturiko zigorra epailearen erabakimenez urritu ahal izanen da, dauden inguruabarrak direla eta oso garestia edo neurrigabea bada prestazioarekin xedearekiko.

Zorduna zigorretik askatuko da, betebehar nagusitik askatzeko kausaren bat badago.

b) Likidaziokoa. Zigorra jasotzen bada ez-betetzearen alternatiba gisa, hartzekodunak ezin izanen du diru kopuru handiagoa galdatu eragindako kaltearengatik, salbu eta epaileak hori kaltearen garrantziarekiko proportziogabetzat jotzen duenean.

c) Fakultatiboa. Betetzearen ordez diru kopuru bat ordaindu beharra jasotzen bada estipulazioan, zorduna salbuetsita egonen da betebeharra betetzetik hori benetan ordainduz.

520. LEGEA

Errentaren gaineko estipulazioa. Diru-kopurua edo gauza suntsikorra aldizka ordaintzeko hitzematea nahitaez mugatu behar da, edo amaierako epemuga heldu arte, edo, bestela, hartzekodunaren edo beste pertsona jakin baten heriotza gertatu arte; azken hori bizirik dagoena edo etorkizunekoa izan daiteke, eta pertsona hori badela egiaztatu beharko da aldizkako diru-kopuruaren ordainketa eskatzen denean.

Betebehar hori era daiteke, halaber, horren truke ondasunak lagatzeko kontratua eginez, bai eta “mortis causa” xedatze baten bidez ere. Lagapena egitean ez bada bestelakorik itundu behin betebeharraren betetzea hasi eta gero, kontratua ezin izanen da suntsiarazi geroko ez-betetzearen ondorioz; baina lagatzaileak galdatu ahal izanen du etorkizunean sortuko diren kopuruen ordainketaren bermea. Itun bidez erabaki bada ez-betetzeak baldintza suntsiarazlearen balioa izatea, itun horrek eragingarritasun erreala izanen du, eta Erregistroan inskribatu ahal izanen da. Suntsiarazte-akzioa egikaritu beharko da, atzera-eskuratzeko ituna duen salmentari buruzko 477. legeak ezarritako modu eta baldintzekin. Aurkako itunik izan ezean, lagapen-hartzaileak ezin izanen ditu berreskaera-eskubidearen bitartez erreklamatu berak ordaindutako kopuruak.

525. LEGEA

Fidantzaren hitzematea. Fidantzaren hitzematearen bidez, hitzemaileak bere gain hartzen du betebeharra betetzeko ardura, zordun nagusiak hori egiten ez badu.

Eratze-tituluan zehatz-mehatz, argi eta modu ulergarrian agertu beharko da bere gain hartzen duen erantzukizunaren norainokoa.

Onurak.

a) Eskusiokoa. Aurkako itunik izan ezean, fidantza-emaileak hartzekodunaren erreklamazioaren aurka egin dezake, horrek aldez aurretik ez badu zordun nagusiaren kaudimena agortu.

b) Atzerabidezkoa. Fidantza-emaileak zordun nagusia askatu badu, horren aurka izanen du atzerabidezko akzioa.

c) Zatiketakoa. Fidantza-emaileak bat baino gehiago badira eta aurkakoa itundu ez bada, hartzekodunak horien artean zatitu beharko du erreklamazioa, baina horietatik bakoitza gainerakoen fidantza-emaile ere bada.

527. LEGEA

Kaudimena. Legearen edo epailearen aginduz edo hitzarmenen bidez fidantza-emaileak aurkeztu behar badira eta hartzekodunaren ustez zordunak aurkezturikoak kaudimendunak ez badira, epaileak erabakiko du fidantza-emaileen kaudimenari buruz, bidezko prozesu deklaratiboko alderdietako edozeinek eskatuta, ezertan eragotzi gabe 494. legean xedatutakoa, hori aplikatu behar denean.

528. LEGEA

Luzamendua. Hartzekodunak fidantza-emailearen aurka egiten badu, zorduna non dagoen jakiterik ez dagoela alegatuz, modu fede-emailean frogatu beharko du hura aurkitzeko egindako alferreko saioa. Kasu horretan, fidantza-emailea hogeita hamar eguneko legezko luzapenaz balia daiteke zordun nagusia non dagoen ikertzeko. Halaber, bera aurkitzeko behar diren baliabideak eskatu ahal izanen ditu judizialki, eta, horrela eginez gero, epea etenda egongo da emaitza jakin arte.

529. LEGEA

Bermeak. Fidantza-emaileak auzibidean eska dezake, bai zordunaren ondasunak besterendu edo kargatu ez daitezen, bai eta Erregistroan prebentziozko idatzoharra egin dadin, salbu eta zordunak horri fidantza ematen dionean kasuan kasuko itzulketa-betebeharraren gain.

530. LEGEA

Jaraunsleen erantzukizuna. Fidantza-emailearen betebeharra horren jaraunsleei eskualdatzen zaie. Hala ere, fidantzaren ondoriozko erantzukizunak karga handiegia badakarkie jaraunsleoi, eskatu ahal izanen dute epaileak betebeharra berrikus dezan, 498. legeak ezarritakoaren arabera.

531. LEGEA

Mailegua. Norbaitek maileguan hartu badu dirutan edo gauza suntsikorretan halako kopurua, haren jabetza hartuko du, askatasunez xeda dezake kopuru hori, eta genero eta kalitate bereko beste horrenbeste itzultzeko betebeharra izanen du.

532. LEGEA

Itunak. Mailegu orotan, epeak eta baldintzak itun daitezke, bai eta itzulketa segurtatu ere, orotariko bermeen bitartez.

Epea. Itzulketarako eperik ez bada itundu, ulertu behar da betebeharra hasierako unetik sortzen dela, baina epaileak ekitatezko epea finka dezake hura betetzeko.

533. LEGEA

Korritua. Diruzko maileguan, interesak itun daitezke muga zilegien barruan; intereson zenbatekoa ez bada zehaztu, legezkoak bakarrik sortuko dira; interesei buruzko estipulaziorik izan ezean, legezkoak sortuko dira zorduna berandutze-egoeran jartzen denetik.

Intereserako itunaren deuseztasun partziala. Ordain gisa ematen diren edo luzamenduzkoak diren interes legez kontrako edo neurrigabeei buruzko ituna erabat deuseza da; maileguaren gainerako epeak, baldintzak eta bermeak bere horretan utziko dira.

534. LEGEA

Maileguaren aitorpena. Norbaitek agiri bidez aitortzen badu kopurua maileguan hartu duela, hori itzultzeko betebeharraren menpe geratzen da, salbu eta agiria aurkaratu eta ematerik gertatu ez dela frogatzen duenean.

535. LEGEA

Bihurketa. Kopuru jakinaren gaineko zor muga-eguneratu guztiak mailegu-zor bihur daitezke alderdien arteko erabaki hutsaren bitartez. Kasu horretan, presuntzioz uste izanen da legezko interesak erabakia hartu den unetik sortzen direla.

536. LEGEA

Salmenta egitea, atzera-eskuratzeko itunarekin. Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriarekin egin bada, 583. legearen arabera presuntzioz uste izan behar bada horrek berme-xedea duela, ulertuko da prezio gisa adierazitako kopuruaren mailegu bat dagoela, berme gisa daukana saldutakotzat agertzen den objektuaren jabetza atxikitzea eta horren behin betiko jabetza eskuratzea baldin eta kopuru hori itzultzen ez bada itundutako epean.

537. LEGEA

Itzulketa. Mailegua adingabeentzat edo gaitasuna judizialki aldatua duten pertsonentzat deuseza dela deklaratu ondoren, ez da egongo hori zertan itzuli, haien beharrak betetzeko edo probetxuzko inbertsiorako modu justifikatuan erabili ezean.

538. LEGEA

Komodatua. Erabilera-mailegua edo komodatua dela bide, dohainik ematen da gauza higigarri edo higiezin jakin baten erabilera zehatza, gauza hori besterena izan arren; komodatudunak bere gain hartzen du gauza itzultzeko betebeharra, behin hitzarturiko erabilera amaitu eta gero, eta 532. legea aplikatu beharko du.

539. LEGEA

Komodatudunaren erantzukizuna. Komodatudunak ordaindu behar ditu mailegatutako gauza zaindu eta konpontzeko gastu arruntak, eta erantzukizuna du gauzaren galeraren gain, salbu eta ezinbesteko kasuaren ondorioz gertatzen bada; halakoetan, ezbehar beretik bere intereseko gauza batzuk onik atera dituenean, orduan bakarrik, izango du erantzukizuna. Erantzukizuna du mailegatutako gauzaren galeraren gain ezinbesteko kasuaren ondorioz, ezinbesteko kasua gertatzen bada hitzartutako baldintza edo epea iragan ondoren.

Komodatudunak gauza erabiltzen badu hitzarturikoaz bestelako moduan, edota gauza tasaziopean jasotzen badu, erantzukizuna izanen du orotariko gertaeren gainean.

Komodatudunen erantzukizuna solidarioa da.

Komodatudunak erantzukizuna badu galeraren gain, komodatudun horrek ondasunaren balioa ordaindu beharko du itzultzeko betebeharraren unean, berariaz tasaziokoa itundu ezean.

540. LEGEA

Bestelako gastuak. Akatsak. Aurkako itunik izan ezean, komodatugileak zergak, tasak eta aseguruak ordaindu behar ditu.

Komodatugileak komodatudunari eman behar dizkio, bai gauzak eragindako aparteko gastuak, bai mailegatutako gauzaren akatsek eragindako kalteen ordaina, komodatugileak akatson berririk eman ez badu horiek ezagutu arren.

Atxikitzeko eskubidea. Komodatudunak mailegatutako gauza atxiki ahal izanen du komodatugileak mailegatutako gauzaren akatsagatik sortutako kalte-ordaina eman arte.

541. LEGEA

Definizioa. Biziarteko zentsua dela eta, zentsu-hartzaileak urteko pentsio bat ordaindu beharko du pertsona bat edo gehiago bizi diren bitartean, zentsu-emaileak eskritura publikoan benetan lotuta dagoen ondasun higiezin baten (edo batzuen) jabaria -edo beste ondasun higigarri batzuk (dirua edo balioak izan ezik)- eskualdatzeagatik, haren ordainketaren berme gisa.

“Mortis causa” xedatze baten bidez ere eratu ahal izanen da zentsua.

Gozamena eta laguntza prestaziok. Halaber, eskualdatzailearen edo hirugarrenen alde gozamen, erabilera edo biztantze-eskubideak ezarri ahal izanen dira, aldi baterako edo biziarteko, zentsu-hartzailea behartzen duten eta haren aldekoak diren beste laguntza betebehar batzuekin batera.

542. LEGEA

Titulartasuna. Zentsua aldi berean nahiz ondoz ondo era daiteke zentsu-eratzearen unean bizirik edo kontzebiturik dauden pertsonen alde. Beste pertsona fisiko batzuei dagokienez, ezin izanen da 224. legean aurreikusitako muga baino handiagoa izan.

Halaber, pertsona juridikoen alde ere eratu ahal izanen da, eta kasu horretan ezin izanen da ehun urtetik gorakoa izan.

Aurkako itunik izan ezean, pentsioak iraunen du azken onuraduna hil arte.

543. LEGEA

Eskualdatzea. Biziarteko zentsuaren pean dauden finkak eskualdatu ahal izanen dira, ezertan eragotzi gabe lagatzailea eta lagapen-hartzailea erantzule solidario dituen ordainketa erreklamatzeko akzio erreala edo pertsonala, aurkako itunik izan ezean.

Ludiezintasuna. Biziarteko zentsua ludiezina da, aurkako itunik izan ezean; itun horretan espresuki adierazi beharko litzateke luditze gisa itundu den diru kopurua eta, hala bada, haren egonkortzea.

544. LEGEA

Erregistroko inskripzioa. Zentsua Jabetza Erregistroan inskribatzen denean, honako hauek adierazi beharko dira: eratze-titulua, urteko pentsioaren zenbatekoa, luditze gisa hitzartu den diru kopurua -eta, hala bada, egonkortzea-, eta hipoteka-legeriak ezartzen dituen gainerako inguruabarrak.

545. LEGEA

Zaintza-kontratua. Zaintza-kontratuen bidez, norbaitek gauza bat uzten du bere konfiantzapeko pertsona baten ardurapean, horrek gauza zintzo zain dezan, ordainsariaren truke edo halakorik gabe.

546. LEGEA

Aplikazio analogikoa. Harremanek zaintza-betebeharra ezartzen badute, gordailuzainari dagozkion betebeharrak galdatzeko modukoak izanen dira, itunak, legezko xedapenek edo egintzaren izaerak bestelakoa erakartzen dutenean izan ezik.

547. LEGEA

Gordailu-kontratua. Gordailua eratzen da norbaiti gauza higigarri bat eman eta jasotzen duenak zaintzeko helburuz hartzen duenean.

Norbaitek gauza bat gordailuan jasotzeko hitza eman badu, hitzemate horrek betebeharpean jartzen du hitzemailea, estipulazio gisa.

Doakotasuna. Kostubidezkotasunari buruzko adostasunik izan ezean, gordailua dohainekoa dela ulertu behar da; hala ere, gordailuzainak horrelako eragiketak ohiko moduan egiten baditu, presuntzioz kostu bidezkoa dela uste izanen da.

548. LEGEA

Betebeharrak. Gordailuzainak bere gain hartzen du gauza zaintzeko betebeharra, bai eta gauza kontserbazioaz arduratzekoa ere, itundutakoarekin bat etorriz; baina, edozein kasutan, erantzukizuna izanen du, doloaren edo erruaren ondorioz gertatutako galeraren gainean.

549. LEGEA

Gastuak. Gordailuzainak akzioa izanen du gordailugileari gordailuaren ondorioz izandako gastu eta galeren ordaina erreklamatzeko. Dena den, ezin izanen du gordailupeko gauza atxiki eskubide horren ondorioz edo gordailugilearen aurka duen beste edozein eskubideren ondorioz.

550. LEGEA

Lanak itzultzea. Gordailupeko gauza gordailugileari edo horrek izendaturiko pertsonari itzuli behar zaio berak hala eskatzen duenean, nahiz eta zehazturiko epea igaro ez.

Gordailugileak bat baino gehiago badira, itzulketa egin behar zaie guztiei batera, salbu eta itzulketa horietatik bati egitea itundu denean; gordailugile hori aldez aurretik zehaztuta egon daiteke edo geroko gertaera baten bitartez zehaztu daiteke.

551. LEGEA

Gordailuzain bat baino gehiago izatea. Gordailua bi pertsonaren edo gehiagoren eskuetan eratu bada batera, gordailugilearen akzioa horietatik edozeinen aurka zuzendu ahal izanen da, gordailu osoa eskatzeko.

553. LEGEA

Gordailugilea hil eta gero. Gordailugilea hil eta gero, eta bestelakoa ezartzen denean izan ezik, gordailuzainak gordailupeko gauza itzuli ahal izanen die albazeei, jarauntsia ordezkatzeko ahalmenak dituzten beste pertsonei edo, hala denean, gozamendun unibertsalari edo gordailupeko gauzaren legatu-hartzaileari, horretarako baimena baldin badu. Halako pertsonarik izan ezean, jaraunsleari egin beharko zaio itzulketa, eta, jaraunsleak bat baino gehiago izanez gero, horiei guztiei batera edo, horien artean ahobatezko adostasunik ez badago, 340. legearekin bat etorriz izendaturiko kontulariari.

554. LEGEA

Gordailu irregularra. Gauza suntsikorraren gordailuan, espresuki nahiz isilbidez gordailuzainari xedatze-ahalmenak eman bazaizkio, 531., 532. eta 533. legeek diruzko maileguari buruz xedaturikoa aplikatuko da.

563. LEGEA

Salerosketa-kontratua. Salerosketa-kontratua burutzen da alderdiek horren oinarrizko osagaien gain adostasuna ematen dutenean; baina gauza suntsikorrak saltzen badira unitate bakoitzeko diru kopuru baten truke, salerosketa ez da burutuko unitateak zenbatu, pisatu edo neurtu arte. Salerosketa burutzeko forma zehatza betetzea hitzartzen bada, 17. legean xedaturikoa aplikatuko da.

565. LEGEA

Baldintza etengarria. Salerosketan jabari-erreserbako itunik egin ez denean ere, erosleak prezioa ordaintzen ez duen bitartean, presuntzioz uste izanen da ezen jabariaren eskualdatzea baldintza etengarripean geratzen dela, salbu eta prezioa ordaintzeko epe jakin bat finkatzen, prezioa kopuru mailegatutzat hartzea adosten edota berme erreal nahiz pertsonala eratzen denean.

566. LEGEA

Salmenta anizkoitza. Baldin eta kontratu ezberdinen bitartez bi pertsonak edo gehiagok fede onez gauza bera erosi badute, gauzaren gainean lehentasuna izanen du horren edukitza lehenago eskuratu duenak. Pertsona horietatik inork ere ez badu edukitzarik, saltzaileari modu hitzartuan ordaindu dionak, eta, batek baino gehiagok ordaindu badiote, data fede-emaileetatik antzinakoena duen kontratua egin duenak. Edozein kasutan, fede oneko erosleak lehentasuna izanen du fede txarrekoaren aldean; eta guztiak fede txarrekoak badira, guztiak fede onekoak izatearen kasurako ezarritako erregelak aplikatuko dira.

Aurreko paragrafoarekin bat etorriz, erosle batzuk gauzatik baztertuta geratu badira, kalte-galeren ordaina bakarrik erreklamatu ahal izanen diote erosleok saltzaileari.

Erosleetatik batek Jabetza Erregistroan egin badu inskripzioa, Hipoteka Legean xedaturikoa beteko da.

Lege honetan ezarritakoa aplikatuko zaie trukaketari, ordainean egindako adjudikazioari, bai eta kostu bidez eskualdatzeko beste kontratuei ere.

567. LEGEA

Saltzailearen betebeharrak. Salerosketa-kontratuaren bidez, saltzaileak bere gain hartzen du saldutako gauzaren edukitza askea emateko betebeharra; era berean, bere esku dagoen guztia egin behar du, erosleak gauzaren gaineko jabetza eskura dezan. Halaber, saltzailea betebeharpean geratzen da ebikzioaren eta ezkutuko akatsen saneamenduari begira, alderdiek horren aurkakoa itundu dutenean izan ezik.

Ez-betetzea badago, erosleak bi aukera ditu: kontratuan atzera egitea -eta, horrenbestez, ordaindu dituen gastuak kobratzea-, edo prezioaren diru kopuru proportzionala murriztea, perituek ezartzen dutena, alegia.

Saltzaileak saldutako gauzaren akatsak edo ezkutuko okerrak ezagutzen baditu eta erosleari horien berri ematen ez badie, erosleak aukera bera izanen du, eta, gainera, kalte-galeren ordaina jasoko du kontratua hutsaltzea erabakitzen badu.

569. LEGEA

Arriskuak. Behin salmenta burutu eta gero, saltzaileak arretarekin zaindu behar du saldutako gauza, hori eman arte, eta gerta daitezkeen arriskuen berri eman behar dio erosleari; erantzukizuna izanen du bere zabarkeriaz betebehar hori betetzean gertaturiko galera edo eragindako kalteen gain. Gainerako arriskuak eroslearen ardurapekoak izanen dira, nahiz eta hori, ematea onartzean, berandutze-egoeran izan ez. Eroslea berandutze-egoeran izanez gero, saldutako gauzatik geratzen dena bakarrik eman beharko du saltzaileak.

Baldintza etengarripeko salmentetan, gauza galtzen bada baldintza bete baino lehen, kontratua efekturik gabe geratuko da; alabaina, baldintza betez gero, eroslearen ardurapekoa izanen da gauzak aurretiaz izandako urripena.

571. LEGEA

Ados ez egoteko ahalmena. Alderdiek beraientzat erreserbatu badute salerosketarekin ados ez egon eta hori efekturik gabe uzteko eskubidea, eta ez bada zehaztu eskubide hori egikaritzeko eperik, ulertuko da eskubidea iraungitzen dela entregatzetik hilabete eta egun bat igarotakoan.

572. LEGEA

Salmentak berme-eginkizuna betetzea. Salmentak atzera-eskuratzeko itunarekin, jabaria erreserbatzeko itunarekin edo baldintza suntsiarazlearekin egin badira, eta salmenta horiek berme-eginkizuna betetzen badute, III. liburuko VII. tituluaren IV., VI. eta VII. kapituluetan xedaturikoa beteko da hurrenez hurren.

573. LEGEA

Salerosketaren ondoriozko gastuak. Aurkako itunik izan ezean, erosleak eta saltzaileak ordainduko dituzte erdi bana eskritura edo bestelako agiriren bat egiteagatik sortzen diren gastuak.

Baliozkoak dira eta alderdien artean efektu guztiak sortuko dituzte zerga-ordainketari eta salerosketaren ondoriozko beste gastu batzuei buruzko itunek, ezertan eragotzi gabe Administrazioarekiko betebeharrak eta legezko beste xedapen batzuetan ezarritakoa.

574. LEGEA

Jendaurreko enkantean egindako salmenta. Gauzen salmenta, partikularren artekoa eta borondatezkoa zein nahitaezkoa, jendaurreko enkantean eginez gero, salmenta hori arautuko dute baldintzen pleguan ezarritakoek eta, halakorik izan ezean, hurrengo erregelek:

1. Enkanteari buruzko iragarkiak honako hauek adieraziko ditu: hori egiteko data, enkantearen eta enkantean sartuko diren ondasunen baldintza orokorrak eta bereziak, ondasun horien balorazioa, enkante-egilearen kalitatea eta lizitatzaileen baldintzak.

2. Enkanteak agiri itxien bidez egin badira, aurkeztu ondoren ezin dira enkantetik atera, eta eurok irekitzeko egintza jendaurrekoa izanen da. Errematea behin-behinean adjudikatuko zaio proposamenik abantailatsuenari; proposamenak berdinak badira, egintza berean ahozko posturen bidezko lizitazioa eginen da proposamengileen artean, hamar minutuan zehar; epe hori amaitutakoan, berdintasunak bere horretan badirau, behin-behineko adjudikazioa zozketaz erabakiko da.

3. Enkanteak gauzatu badira ozenki edo ahoz egindako posturen bidez, lizitatzaileak posturaka arituko dira usadio eta ohiturekin bat etorriz.

4. Bilera amaitu baino lehen, enkantearen akta eginen da, bete beharreko formalitateekin. Behin akta irakurri ondoren, akta hori sinatu beharko dute adjudikaziodunak, nahi duten interesdunek eta, hala denean, baimentzaileak ere.

Prozedura Zibilaren Legean eta administrazio legeetan xedaturikoak arautuko ditu, hurrenez hurren, enkante judizialak eta administratiboak.

Prozedura Zibilaren Legean, Hipoteka Legean eta administrazio legeetan xedaturikoa izan ezik, eskritura publikoan jaso beharko dira enkantean eskuraturiko ondasun higiezinen gaineko salerosketak.

575. LEGEA

Kontzeptua. Salmenta-kontratua atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin bada, saltzaileak berarentzat erreserbatzen du, kontratu horren bitartez, saldutako gauza berreskuratzeko eskubide erreala; horretarako, itzuli egin beharko ditu berak jasotako prezioa, legebidez ordainduriko gastuak, eta inpentsa nahitaezkoak eta onuragarriak.

576. LEGEA

Epea. Saltzaileak gauza berreskuratzeko eskubidea duenean, eskubide hori ezar daiteke epe jakin baterako edo epemugarik gabe. Betiko ezarri dela ulertuko da, baldin eta espresuki erabiltzen badira “betiko”, “beti”, “noiznahi eta nolanahi gogo duenean” edo antzeko hitzak, berbok halako izaera argiro adierazten duten neurrian.

577. LEGEA

Prezioa. Atzera-eskuratzeko eskubidea denbora mugagaberako edo epemugarik gabe ezarri bada, atzera-eskuratzaileak ordaindu beharko ditu gauza atzera-eskuratzeko unean horrek duen balioespen zuzenaren bi herenak; betiere, kopuru hori berak eskuraturiko prezioa baino handiagoa denean.

578. LEGEA

Eskualdagarritasuna. Atzera-eskuratzeko eskubidea “inter vivos” nahiz “mortis causa” egintzen bidez eskualdatzeko modukoa da, bai eta hipotekatu edo adjudikatzeko modukoa ere, non eta ez den bere-berezko eskubide gisa ezarri.

Eskubide hori erabili ahal izanen da eroslearen aurka eta horren eskutik eskuratu duten guztien aurka ere bai.

579. LEGEA

Pertsonen aniztasuna. Atzera-eskuratzea zati batean egikaritu nahi denean, eroslea horren aurka jarri ahal izanen da.

Atzera-eskuratzekoa den gauza pertsona bat baino gehiagori badagokio, atzera-eskuratzea egikaritu ahal izanen da horietako bakoitzaren aurka, bakoitzari dagokion zatiaren gainean.

Atzera-eskuratzeko eskubidea pertsona bati baino gehiagori batera badagokio, horietatik edozeinek modu solidarioan egikari dezake eskubidea, gauza osoaren gainean; titularkideek, eskubide hori erabili ez duten neurrian, atzera-eskuratzaileari erreklamatu ahal izanen diote atzera-eskuratutako gauzatik eurei dagokien zatia; jakinarazpena egin denetik, hogeita hamar eguneko epean egin beharko dute hori, edo, epe hori luzeagoa bada, atzera-eskuratzea egikaritzeko epea agortzeko falta den epean, edo, atzera-eskuratzeko eskubide hori epemugarik gabe ezarri bada, urtebete eta egun bateko epean, jakinarazpena egin denetik zenbatuta. Luzapenak izateko aukera ezarri bada, eta titularkide batek atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzen badu, horrek gainerakoei eragotziko die luzapen berriak haren aurka baliatzea.

Titularkideek eskubide hori erabiltzen badute, atzera-eskuratzaileari ordaindu behar diote preziotik eurei dagokien zatia, bai eta interesak eta gastuak ere.

580. LEGEA

Saltzailearen hartzekodunek eskubidea egikaritzea. Saltzailearen hartzekodunek ezin dute subrogazio bidez atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritu; aitzitik, hartzekodunok epaiketa bidez jardun beharko dute beren kredituak eskubide horren kontura kobratzeko.

581. LEGEA

Fruituak. Eskubide hori egikaritzean, eta fruituak eratxikitzeko, 353. eta 354. legeetan ezarritakoa aplikatuko da.

582. LEGEA

Preskripzioa. Epemugarik gabeko grazia-agiriari dagokionez, atzera-eskuratzeko akzioa hamar urte igarotakoan preskribatuko da.

583. LEGEA

Grazia-agiria, berme gisa. Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriarekin egin bada epe jakin baterako, presuntzioz berme erreal baten formatzat joko da, baldin eta saltzaileak edozein tituluren bidez gauzaren edukitzari eusten badio; kasu horretan, III. liburuko VII. tituluko IV. kapituluko xedapenak aplikatuko zaizkio.

584. LEGEA

Kontzeptua. Trukaketan, kontratugileek beren gain hartzen dute zenbait gauzaren gaineko jabetza elkarri emateko betebeharra, eta ulertuko da alderdi bakoitza bestearen erosle eta saltzaile dela aldi berean.

585. LEGEA

Ebikzioa. Trukaketan emandako gauza ebikzioaren xede izanez gero, gauza hori jasotzen duenak aukeran du kontratua suntsiarazi ala ebikzioaren ondoriozko kalte-ordaina eskuratzea, 570. legearekin bat etorriz.

586. LEGEA

Ordezko araubidea. Bateratzeko modukoa den neurrian, kontratu horri salerosketari buruzko xedapenak aplikatuko zaizkio.

587. LEGEA

Araubidea. Gauzen errentamenduen eraentzaile dira itundutakoa, tokiko usadio eta ohiturak eta, osagarri moduan, Konpilazio honetako xedapenak, Nafarroan jasotako lege bereziekin kontraesanean ez dauden heinean.

588. LEGEA

Lege bereziak baztertzea. Jasotako lege berezien ondoriozko salbuespenak ezertan eragotzi gabe, honako hauek baztertuta geratzen dira: 596. legean aipaturiko establezimendu eta ustiategien errentamenduak; eta merkataritza, industria, nekazaritza, abeltzaintza edo meatzaritzako jardueren osagarriak, nahiz eta horiek eurekin ekarri halako jarduerak gauzatzeko erabiltzen denaren luperketa.

589. LEGEA

Iraupena. Errentamendurako epea alderdiek askatasunez itunduko dute, ezertan eragotzi gabe lege bereziek ezarritako gutxieneko iraupena. Itunik izan ezean, ulertuko da berdinak direla iraupena eta errentaren ordainketari dagokion denbora-unitatea.

Ondasun higiezinen errentamenduetan, kontratua isilbidez luzatu dela ulertuko da, alderdi batek ez badio besteari aurkako borondaterik jakinarazi lege edo ohituretan ezarritako epeetan.

Hiri-finken errentamendua isilbidez eta eperik gabe luzatzen dela ulertuko da, errentatzaileak onartzen badu maizterrak finkaren okupazioari eustea.

Hiri-finkaren errentamendua indarrean dagoen epean, errentatzaileak finka hori behar badu bertan bizitzeko, horrek kontratua suntsiaraz dezake, eta maizterrak zor duen errenta urrituko da ondasun higiezina okupatu duen epeari dagokion neurrian.

593. LEGEA

Salmenta egitea, atzera-eskuratzeko itunarekin. Norbaitek atzera-eskuratzeko itunarekin erosten badu errentan emandako gauza, ezin izanen du, jabetza behin betiko eskuratzen ez duen bitartean, errentamendu-kontratua suntsiarazi, maizterrak horretarako arrazoia eragin ezean.

Atzera-eskuratzea erabiltzeak ez du berez ahalmenik emanen kontratua suntsiarazteko.

594. LEGEA

Azpierrentamendua eta lagapena. Azpierrentamendua eta errentamendu-kontratuaren lagapena onartzen dira, aurkako itunik izan ezean; hala ere, lagapena egiteko, nahitaezkoa izanen da errentatzailearen adostasuna, lege bereziek bestelakoa xedatu ezean.

3. artikulua. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren xedapen gehigarria, apirilaren 1eko 5/1987 Foru Legeak gehitu zuena, kentzen da.

Lehen xedapen gehigarria .–Hizkera inklusiboa.

Gaztelaniazko bertsioan, Konpilazioaren testuak harreman juridikoetako subjektu ezberdinak aipatzean genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan, ulertu behar da ekonomia linguistikoagatik jokatzen duela horrela, orokorra baita zailtasun teknikoa, eta ezinezkoa baita kasu guztiak genero femeninora eta maskulinora egokitzea. Ulertu behar da, halaber, izen horiek orokortasunez dagozkiela testuan jasotzen diren posizio juridikoei, berdin delarik emakumezkoek nahiz gizonezkoek betetakoak izatea posizio horiek, efektu juridikoak berberak izaki.

Foru lege hau argitaratzen denetik urtebeteko epean, Gobernuak genero-inpaktuari buruzko txosten bat egin beharko du, hizkera inklusiboari buruzko proposamen bat barne hartuko duena.

Bigarren xedapen gehigarria .–Gehiengo osoko foru legea.

Foru lege hau gehiengo osoko legea da, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluaren arabera.

Lehen xedapen iragankorra .–Epeak.

Dena delako kasua jaioarazten duen egitatea foru lege honek indarra hartu baino lehenagokoa den kasu guztietan, lege honek arautzen eta aldatzen dituen akzioen epeak zenbatzen hasiko dira, berriak badira edo aurrekoak baino laburragoak badira, edo iraunen dute, luzeagoak badira, foru legeak indarra hartu eta biharamunetik, eta epe osoa ezin izanen da inola ere izan lehenagoko legeriak aurreikusitakoa baino luzeagoa.

Preskripzio eskuratzailearen epe berriak foru lege honen indarraldia hasi ondoren sortutako egoera juridikoei aplikatuko zaizkie.

Bigarren xedapen iragankorra .–Umeordetza.

Orain arte indarrean egon den Konpilazioaren 73. legeko testuan ezarritakoaren arabera umeordeak diren pertsonek Konpilazioaren indarraldian eskuratu dituzten eskubideei eutsiko diete.

Hirugarren xedapen iragankorra .–Adopzioa.

Foru lege honek indarra hartu baino lehenago hasitako espedienteetatik oraindik izapidetze-fasean daudenek izapidetuak izaten segituko dute hasiera eman zitzaienean indardun zen legeriari jarraituz.

Laugarren xedapen iragankorra .–Bikote egonkorrak.

Foru lege honek indarra hartu aurreko dokumentu publikoan eratu ez ziren bikote egonkorrek, bikote egonkorren edozein udal-erregistrotan inskribatuta egon zein ez, dokumentu publiko bidez adierazi beharko dute bikote egonkorra eratu nahia, Konpilazioan xedatutakoa aplikatzeko; halaber, erregistro bakarrean izena eman beharko dute, erregistro hori eraentzen duen arauan ezarritako froga- eta publizitate-ondorioetarako eta beste lege-xedapen batzuek ezartzen dituztenetarako. Aurreko dokumentu publikoan eratutako bikote egonkorrek ere inskribatu beharko dute ondorio horietarako.

Bi kasuetan, bikotekideek bizikidetzako aurreko denbora ere adierazi ahal izanen dute, eta hori Konpilazioan ezarritako ondorioetarako zenbatuko da.

Bosgarren xedapen iragankorra .–Elkarri laguntzeko erkidegoak.

Elkarri laguntzeko harreman bat foru lege honek indarra hartu aurretik idatziz hitzartu duten pertsonek zilegi izanen dute aurreko bizikidetza-aldia zenbatzea, legez ezartzen diren ondorioetarako.

Seigarren xedapen iragankorra .–Propter nuptias dohaintzak.

Orain arte indarrean egon diren Konpilazioaren legeetan ezarritakoaren arabera egindako “propter nuptias” dohaintzek beren efektu guztiak sortuko dituzte haien testuan xedatutakoaren arabera, ezertan eragotzi gabe indarreko 125. eta 126. legeetan eragingabetasunari eta errebokatzeari buruz jasotako arauak aplikatzea.

Zazpigarren xedapen iragankorra .–Familiaerkidegoak. Etxeharrera eta zuzkidurak.

Aurreko araudiak arautuko ditu horren indarraldian sortutako eskubideak, ezertan eragotzi gabe araudi berria lehendik dauden egoerei aplikatzea, egoera horien eskubideak orain aitortzen badira lehen aldiz eta betiere eskuratu den beste eskubide bat kaltetzen ez badute.

Zortzigarren xedapen iragankorra .–Testamentuak.

Baliozkoak izanen dira foru lege honek indarra hartu baino lehen egin diren testamentuak, halakoak non Konpilazioaren orain arteko testu indardunean ezarritako baldintzak bete ez baina araudi berriaren araberakoak baitira, baldin eta ebazpen judizial irmoz deuseztatu ez badira.

Unera arte indarrean egon den legerian ezarritakoaren arabera egindako ermandadeko testamentuak 200., 201. eta 202. lege berrietan xedatutakoaren menpe egonen dira aurrerantzean, haien eragingabetasunari eta errebokatzeari dagokienez.

Bederatzigarren xedapen iragankorra .–Oinordetzako arau orokorrak.

Foru lege honen bidez Konpilazioaren oinordetza-arauetan eginiko aldaketak aplikatuko zaizkie foru lege honek indarra hartu ondoren irekitzen diren oinordetzei.

Hamargarren xedapen iragankorra .–Alarguntzagozamenaren inbentarioa.

Aurreko xedapenean ezarritakoa gorabehera, Konpilazioaren 257. lege berriak inbentarioa egiteko epeari buruz xedatzen duena aplikatu eginen zaie foru lege honek indarra hartu baino lehen irekitako oinordetzei.

Hamaikagarren xedapen iragankorra .–Legezko oinordetza.

Foru lege honek indarra hartu baino lehen zendutako kausatzaileen legezko oinordetzari dagokionez, une horretara arte indarrean zegoen legeriak xedatutakoari helduko zaio.

Hamabigarren xedapen iragankorra .–Zentsuak.

Foru lege honek indarra hartzean indarrean zeuden zainpeko-zentsuak unera arte indarrean egon diren Konpilazioaren 542. legetik 545. legera bitartekoek arautuko dituzte aurrerantzean ere.

Lehen xedapen indargabetzailea .–Indarrik gabe gelditzen da Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 74. f) artikulua.

Bigarren xedapen indargabetzailea .–Indarrik gabe gelditzen da Semealaben Jagoletza Gurasoen Bizikidetza hausten den kasuetarako arautzen duen martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legea.

Hirugarren xedapen indargabetzailea .–Indarrik gabe uzten dira Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen 1., 2., 3., 4., 5. eta 8. artikuluak, bai eta haren gainerako xedapenak ere, foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten heinean.

Laugarren xedapen indargabetzailea .–Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Foru Berriaren testu berrian ezarritakoari kontra egiten dion edo hori ezeztatzen duen beste edozein xedapen.

Azken xedapenetako lehenbizikoa .–Bikote egonkorren erregistro bakarra.

Foru lege hau argitaratzen denetik urtebeteko epean, bikote egonkorren erregistro bakarra sortu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikia, publizitate-ondorioetarako.

Azken xedapenetako bigarrena .–Foru lege berezien aldarrikapena.

Foru lege hau argitaratu ondoren, beharrezkoa izanen da legegintzarako ekimena, honako hauei buruzko foru legeak aldarrika daitezen: fundazioak, pertsonen gaitasuna eta haiei laguntzeko neurriak, eta elkarri laguntzeko erkidegoak; baita Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea alda dadin ere. Helburua haien araudia garatu eta Konpilazioaren testura egokitzea da foru lege honek emandako testuaren arabera.

Azken xedapenetako hirugarrena .–Legegintzako igorpena.

Foru lege hau argitaratzen denetik sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari foru lege proiektu bat igorri beharko dio, zeinaren bidez arau-gorputz bakarrean bilduko baitira, testu bategin modura, foru lege honen bitartez egindako aldaketen ondoren Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazio edo Foru Berrian dauden lege-xedapen indardunak.

Azken xedapenetako laugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua denetik sei hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko apirilaren 4an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1905269

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web