(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2019 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzkoa Nota de Vigencia.

BON N.º 71 - 11/04/2019



  I. TITULUA. Xedapen orokorrak


  II. TITULUA. Kirol arloko lanbideak. Izenak, eskudantziak eta exigitu beharreko kualifikazioak


  III. TITULUA. Kirol arloko lanbideetan hastea eta aritzea


  IV. TITULUA. Kirollanbide arautuen arloko zehapen araubidea

  “VI. KAPITULUA. Nafarroako Kirolaren Erregistroa


ATARIKOA

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa du kirolaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluarekin bat. Orobat, eta aipatu legearen 44.26 artikuluari jarraikiz, Nafarroak eskumen esklusiboa du profesionalen elkargoen arloan eta tituludun lanbideetan jardutearen arloan. Halaber, baditu kirol arloko lanbideetan hasi eta aritzearekin nolabaiteko lotura duten beste eskumen batzuk ere; adibidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa.

Nafarroako Parlamentuak, kirol arloko eskumena betez, gaur egun indarrean den Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea onetsi zuen. Legeak honela dio zioen azalpenean: “Kirola segurtasunez egiteko eta lehiaketaren arloan emaitza onak izateko, garrantzi handia du irakaskuntzako eta kirol instalazioetako zuzendaritzaren inguruko kirolariek eta teknikariek prestakuntza egokia izateak”. Horrekin bat etorriz, foru legearen VII. tituluan kirol teknikari izateko titulazio ofiziala eskuratzeko ikasketak arautzen dira, eta xedatzen da ezen Nafarroan kirol-jardueraren arloko prestakuntza sustatuko dela eta titulazioa nahitaezkoa izanen dela zenbait jardueratarako. Zehazki, honako hau xedatzen da 85.1 artikuluan: “Nafarroako lurraldean kirol irakaskuntzan, kirol zuzendaritza teknikoan, entrenamenduan, animazioan eta erregelamendu bidez ezartzen diren kirol izaera teknikoko antzeko beste arlo batzuetan aritzeko, ezinbestekoa izanen da horretan aritzen direnak kasuko titulazioaren jabe izatea, kirol gaietan indar duten arauekin bat”.

Orobat, Nafarroako Parlamentuak, 2013ko urriaren 28an, adierazpen instituzional bat onetsi zuen aho batez. Haren bidez, Foru Gobernua premiatzen zen “behar den legeria egin dezan kirol arloko lanbideak arautzeko, parte hartzen duten eragile guztiekin lankidetzan, halako moduan non argi zehaztuko baitira kirol arloko lanbideak, profesionalen prestakuntza eta gaikuntza, bakoitzaren gaitasun profesionalak eta lan merkatuko jarduketa eremua, eta pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatuko baitira”.

Lehenago, 2010eko ekainaren 23an, Nafarroako Parlamentuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Batzordeak Nafarroako Kirolaren Plan Estrategikoa onetsi zuen, eta hartan jada adierazten zen “prestatutako teknikarien beharra” zegoela eta kezkagarria zela “eskola kirolean esku hartzen duten kirol teknikariek ez dutela behar adinako prestakuntzarik kalitateko jarduera bermatzeko”. Honako hau ere adierazten zen: “akats horiek arintzeko laguntza handia izanen litzateke kirol arloko lanbideak arautuko lituzkeen lege bat, gure erkidegoan egiten diren kirol jardueretan nork, nola eta zein modutan esku har dezakeen zehaztuko lukeena”. Orobat, honako hau azaltzen zen: “beharrezkoa izanen da kirol arloko lanbide jarduerak arautzea helburu izanen duen ekintza bat lantzea. Are beharrezkoagoa kirola bezalako arlo batean, non, titulazioak askotarikoak eta ugariak izan arren, lanbide jarduerak maiz gutxieneko prestakuntza berariazkorik gabeko pertsonen gain uzten baitira”.

Horrenbestez, Nafarroan argi eta garbi egiaztatu da erregulazio hau behar-beharrezkoa dela, eta gehiengoa bat datorrela kirol praktikaren gaineko gogoeta honetan: kirol praktika da gizartean gehien zabaldu eta eragin handiena izan duen fenomenoetako bat, eta onura garrantzitsuak izan ditzake pertsonentzat baldintza egokietan egiten bada; alabaina, mehatxu handia izan daiteke osasunarentzat eta segurtasunarentzat beharrezkoa den prestakuntza ez daukaten pertsonen zuzendaritzapean edo begiradapean egiten bada. Horregatik, zalantzarik gabe, Nafarroako kirol sisteman eta gizartean, oro har, behar-beharrezkoak dira egoki kualifikatutako profesionalak eta gorputz- eta kirol-hezitzaileak. Eta, ondorio hori bera bermatuta geratu zen Konstituzio Auzitegiaren urriaren 1eko 194/1998 Epaian. Epaiak zioenez, “Konstituzioak berak agindua ematen die agintari publikoei gorputz hezkuntza eta kirola susta dezaten (Espainiako Konstituzioaren 43. artikulua). Jarduera horiek oso lotuta azaltzen dira Konstituzioaren 43. artikuluko 1. apartatuan aipatzen den osasunarekin; hain lotuta daude ezen, osasuna mantentzen lagundu ez ezik, haiei esker saihestu egin baitaiteke gorputz- eta kirol-jardueretako hainbat ariketa desegokik osasunean izan dezakeen eragin negatiboa; batez ere, zenbait kirol oso arriskutsu egitean. Jakina da, bestalde, jarduera horiek gero eta garrantzitsuagoak eta baloratuagoak direla; beraz, egoera horri erantzuteko, agintari publikoek kualifikazio-eskakizun berriak jarri dizkiete jarduera horietan diharduten profesionalei”.

Testu artikuludun honen xedea da Nafarroan kirolaren arloko lanbide batzuetan aritzeko funtsezkoak diren alderdiak arautzea; eta horretarako, berariaz ezartzen da zeintzuk diren lanbide horiek eta zeintzuk diren horietan aritzeko beharrezko kualifikazio zehatzak, bai eta lanbide bakoitzari esleitutako eremu funtzional orokorra ere.

I. tituluan, beraz, foru legearen xedeari eta aplikazio-eremuari buruzko xedapen orokorrak jaso dira, eta hurrengo tituluan zehaztu da zeintzuk diren foru legeak arautzen dituen lanbideak. Lanbide horiek eremu hauetan kokatzen dira: hezkuntzaren eremua (Gorputz Hezkuntzako irakaslea), aisialdiaren eta osasunaren eremua (kirol-monitorea), lehiaketaren eremua (entrenatzailea) eta zuzendaritza eremua (kirol-zuzendaria). Prestatzaile fisikoaren lanbidea ere arautu da. Horrek aukera izanen du aisialdi edo osasunaren eremuan eta lehiaketaren eremuan esku hartzeko. Eremu horietan kirol arloko lanbideak, horien eskudantziak eta kasuan kasuko kualifikazio eskakizunak aitortu dira.

Foru lege honen bidez, beste autonomia erkidego batzuetan bezala, hezkuntza arloko legedia osatu nahi da, horrek erakusten dituen gabezia batzuk betetzen laguntzeko. Hori horrela izanik, Gorputz Hezkuntzako irakasleak betetzen duen eginkizun garrantzitsua bermatze aldera, eta hezkuntza arloko legedian ezarritako kualifikazio eskakizunak errespetatuz eta abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz, beharrezkoa da lehen sorospenen gutxieneko prestakuntza jasotzea.

Era berean, foru legeak arreta berezia jartzen die osasuna, aisia eta astialdia, gizarte integrazioa, hezkuntza eta antzekoak helburu direla Nafarroan praktikatzen den kirolari edo jarduera fisikoari, hain zuzen errendimenduko lehiaketan parte hartzeko asmorik gabe egiten direnei; azken hamarkadetan izan duten ohiz kanpoko gorakadak lan merkatu garrantzitsua sortu du. Horregatik, foru legeak kirol-monitorearen lanbidea ere aitortu eta arautu du.

Errendimenduko kirol lehiaketaren arloan, entrenatzailearen lanbidea aitortu da kasuan kasuko kirol modalitate edo diziplinan. Lanbide hori kirolarien eta taldeen prestakuntza teknikoan dago fokalizatua, eta xede du errendimenduko lehiaketa.

Kirol-zuzendaritzaren eremua ere arautu da, halako moduz non foru legean kirol-zuzendariaren lanbidea aitortu baita. Kirol-zuzendaria zuzendaritza teknikoaz arduratuko da, eta horretarako, kirol zientziek berezkoak dituzten ezagutzak eta teknikak aplikatu beharko ditu.

Azkenik, foru legeak prestatzaile fisikoaren lanbidea ere aitortu du. Horrek eskumena du aisialdiko edo osasunerako kirol-jardueren eremuan esku hartzeko, bai eta errendimenduko lehiaketaren eremuan ere. Profesional horien lanbide-jarduera honetara bideratua dago: haien zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen egoera fisikoa mantentzea, garatzea, berreskuratzea edo hobetzea xede duen ariketa fisikoa planifikatzea, ebaluatzea eta gauzatzea.

Foru legearen III. tituluan, Nafarroan kirol arloko lanbideetan hastea eta aritzea arautzen da, eta horretarako, zenbait auzi lantzen dira; besteak beste, Nafarroako Kirolaren Erregistroa, erantzukizunpeko adierazpen baten aurkezpen nahitaezkoa, kirol arloko lanbideetan ari direnen betekizunak eta garrantzi bertsuko beste auzi batzuk.

IV. tituluan arau-hauste eta administrazio-zehapen batzuk tipifikatu dira, foru legea betetzen dela bermatze aldera. Arau batek ez baditu ezartzen arau hori ez betetzeak ekar ditzakeen zehazpenak, nekez lortuko ditu arau horrek erdietsi nahi dituen helburuak.

Lege aldaketa guztiek trantsizio arazoak eragiten dituzte maiz, eta are gehiago lanbide batean lehenbizikoz hastea eta aritzea arautzen duten foru legeek. Auzi hori kontu handiz jorratu da foru lege honen xedapen iragankorretan eta azken xedapenetan, eta errespetu handiz jokatu da berau indarrean jartzen denean Nafarroan lege honen bidez arautuko diren lanbideetan legeak eskatutako kualifikaziorik gabe ari direnen eskubideekin. Era berean, mekanismoak aurreikusi dira foru lege hau apurka-apurka ezartzeko. Eta aurreikusi da, halaber, zer egoeratan faltako diren tituludun profesionalak kirol zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eskariari aurre egiteko.

Foru lege honek zenbait aldaketa sartzen ditu gaur egun indarrean den Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean. Alde batetik, Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa aldatu eta Nafarroako Kirolaren Erregistroa sortu du. Horrek bi atal izanen ditu: bata kirol entitateentzat, eta bestea, kiroleko profesionalentzat. Ahalegina egin da erregistro administratibo berri bat sortu gabe indarrean dagoen erregistroko giza baliabideez eta baliabide materialez eta baita esperientziaz ere baliatzeko.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearekin bat, Nafarroako Gobernua derrigortua dago behar diren neurriak hartzera aipatu foru legean bildutako hizkuntza-eskubideak betetzen direla bermatzeko kirol arloko lanbideen eremuan; bereziki, eskola adineko kirolaren eremuan.

Adierazi beharra dago, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan ezarritakoak aginduta, foru lege hau bat datorrela erregulazio onaren printzipioekin, eta horrenbestez, premiaren eta proportzionaltasunaren printzipioetara egokitzen saiatu dela. Foru lege honetan, premiaren eta proportzionaltasunaren printzipioak errespetatuz, bakar-bakarrik arautu dira jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako ezagutzak eta teknikak aplikatzea eskatzen duten lanbideak, kanpoan utzita ondasun juridiko garrantzitsuenetan –lanbide zerbitzu horien hirugarren hartzaileen osasuna eta segurtasuna– zuzenean eragiten ez dutenak.

Foru lege hau prestatzean aintzat hartu diren eskumen-parametroak dira, hain zuzen ere Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33. artikuluaren babesean, Estatuko Administrazio Orokorraren eta kasuan kasuko autonomia erkidegoen arteko lankidetzarako alde biko batzordeek lortutako akordioetan jasotakoak. Horiek lanbideetan aritzeari buruzko beste lege batzuk onetsi dituzte.

Azkenik, oharturik oso nabarmena dela emakumezkoen azpiordezkapena kirol arloko lanbide batzuen jardunean eta badirela praktika diskriminatzaileak gizonezkoen eta emakumezkoen lehiaketen esparruko lanbide kualifikazioen eskakizunetan, foru lege honek neurri jakin batzuk hartu ditu egoera horiek zuzentzeko.

I. TITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru lege honen xedea da Nafarroan kirol arloko lanbide jakin batzuetan hasteko eta aritzeko oinarrizko alderdiak arautzea. Berariaz adieraziko da zeintzuk diren lanbide horiek, lanbide bakoitzaren jardun-eremu funtzional orokorra ezarriko da, eta aditzera emanen da lanbide horietan sartzeko zer kualifikazio eskatzen den.

2. Foru lege hau Nafarroako ohiko lanbide-sarbide eta -jardunari bakarrik aplikatuko zaio, betiere, hargatik galarazi gabe autonomia erkidegoak edo Estatuak, hala badagokio, profesionalen zerbitzuen eta elkargoen arloan onartzen duen legeria.

3. Ulertuko da plataforma birtualen bidez edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egiten den lanbide-jarduna Nafarroako eremukoa dela, baldin eta zerbitzu horiek ematen dituzten pertsona fisiko edo juridikoen egoitza edo helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badago.

4. Foru lege honek arautzen du nola sartu eta aritu behar den lanbide horietan, norberaren kontura edo besteren kontura izan. Halaber, legea aplikatuko da, hala sektore publikoan betetzen denean lanbidea nola pribatuan betetzen denean, eta berdin izanen da zerbitzu profesionalak zein erakundetan ematen diren; hau da, erakunde publiko edo pribatuetan ematen diren, edo irabazi-asmoa duten erakundeetan edo irabazi-asmorik gabekoetan. Ulertu behar da sektore publikoan kirol arloko lanbideetan sartzeko eta aritzeko egiten den aipamena, bestalde, Nafarroako Foru eta Toki Administrazioko sektore publikora mugatu behar dela, bai lanpostuak eskuratzeari dagokionez, bai kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzeari dagokionez.

5. Foru lege honen ondorioetarako, lanbidean aritzea da lege honetan arautzen diren kirol lanbideen berezko zerbitzuak ematea, lansari baten truke. Lege honetatik kanpo geratzen dira boluntarioen, adiskideen, familiakoen eta antzekoen arteko harremanen esparruan gauzatzen diren jarduerak.

Foru lege honen ondorioetarako, boluntariotzat jotzen dira kirol-monitore, -entrenatzaile eta -zuzendariek Nafarroan boluntariotzaren esparruan aplikagarria den legearen eremuan egiten dituzten jarduerak.

6. Foru lege honen eremutik kanpo geratzen dira lanbide-jarduera hauek:

a) Urpekaritzarekin lotutako lanbide-jarduerak, kirol arlokoak edo aisialdirako ez badira.

b) Salbamendu eta laguntzako lanbide-jarduerak, kirol arlokoak ez badira.

c) Parakaidismoko lanbide-jarduerak, kirol arlokoak ez badira.

d) Ibilgailu edo tresna motordunak gidatzean oinarritzen diren lanbide-jarduerak, kirol arlokoak ez badira.

e) Aisiako ontziak gidatzeko edo gobernatzeko lanbide-jarduerak, kirol arlokoak ez badira.

f) Kirol instalazioetako edo kirol entitateetako kudeatzaileen lanbide-jarduerak, betiere ez badira betetzen kirol-zuzendariaren eginkizun berariazkoak, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak aplikatuz.

g) Haurren edo gazteen astialdiko lanbide-jarduerak, baldin eta kirol-jarduera nabarmenki minoritarioa bada jardueren programazio orokorrean.

7. Foru lege honen ondorioetarako, honako hau sartzen da “kirol” terminoaren barruan: edozein motatako jarduera fisiko, helburu duena egoera fisiko edo psikikoa azalaraztea edo hobetzea, gizarte-harremanak garatzea edo maila guztietako lehiaketetan emaitza onak lortzea, parte-hartze antolatu baten bidez edo beste mota bateko parte-hartzearen bidez. Termino horren barruan, gorputz- eta kirol-ekintza guztiak sartzen dira, hots, kirol federatuaren, eskola kirolaren, unibertsitate kirolaren, guztiontzako kirolaren, aisialdiko kirolaren edo bestelako egituradun kirolaren barruan egiten direnak, zeinahi delarik ere horien xedea: gorputz-hezkuntza, lehiaketa, hastapena, ikaskuntza, errendimendua, osasuna, jolasa, aisia edo antzekoren bat.

2. artikulua. Kirol arloko berezko lanbideak, eremu funtzional orokorra eta kualifikazioak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, kirol arloko berezko lanbidea da kirol arloan berariaz azaltzen dena eta jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien arloko jakintza eta teknikak aplikatzea eskatzen duena.

2. Foru lege honen ondorioetarako, lanbide hauek jotzen dira kirol arloko berezko lanbidetzat:

a) Gorputz Hezkuntzako irakaslea.

b) Kirol-monitorea.

c) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako entrenatzailea.

d) Kirol-zuzendaria.

e) Prestatzaile fisikoa.

3. Lanbide bakoitzaren eremu funtzional orokorra ezartzen dute foru lege honetan lanbide horietarako jasotzen diren eskudantzien zerrendek; horien helburua ez da mugak jartzea, adierazpen mailakoak baitira, eta ulertzen da ez dituztela galarazten osasun arloko lanbideak arautzen dituen legediak ezarritako mugak. Foru lege honetan bildutako lanbideen eskudantzien barruan sartzen da irizpenak, ikerlanak, txostenak, aditu-txostenak eta antzekoak egitea, betiere profesionalek lanbidera sartzeko dauzkaten kualifikazioen barruan badaude gaitasun horiek edo egiaztatzen badute gaitasun horiek beste bide batzuetatik eskuratu dituztela.

4. Foru lege honetan araututako lanbideekin lotutako eskudantziek, bestalde, ez dute aipatutako kualifikazioek egiaztatzen dituzten titulazioen lanbide-eremua mugatuko.

5. Lanbide-kualifikazioa, lege honen ondorioetarako, lanbide jakin batean hasteko edo jarduteko bidea da, ofizialki egiaztatzen dena prestakuntza-titulu baten bidez, gaitasun ziurtagiri baten bidez edo formalki onartutako lan-esperientzia baten bidez, edo inguruabar horietariko bat baino gehiago bilduz. Foru lege honetan arautzen diren lanbideetan aritzeko beharrezkoak diren kualifikazioak honako hauen bidez egiaztatu ahal izanen dira: hurrengo artikuluetan adierazten diren titulu akademikoen bidez, lanbide mailako agiri baliokideen bidez edo une bakoitzean indarrean den ordenamenduan ofizialtzat jotzen diren beste titulu edo ziurtagiri ofizial batzuen bidez.

6. Foru lege honen ondorioetarako, honako hauek izanen dira titulu edo egiaztagiri ofizialak: hezkuntza, lan, kirol edo osasun administrazioak kasuan kasuko eskumenen barnean emandakoak.

II. TITULUA. Kirol arloko lanbideak. Izenak, eskudantziak eta exigitu beharreko kualifikazioak

3. artikulua. Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidea.

1. Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbideak bide ematen du Gorputz Hezkuntzako eskolak emateko dagozkion hezkuntza-mailetan; era berean, bide ematen du hezkuntza legerian aurreikusitako funtzio instrumental edo eratorri guztiak betetzeko.

2. Ikasleei Gorputz Hezkuntzako eskolak ematen zaizkienean, irakasle batek egon beharko du bertan.

4. artikulua. Kirolmonitorearen lanbidea.

1. Kirol-monitorearen lanbideak bide ematen du edozein kirolari edo kirolari-talderentzat honako funtzio hauek betetzeko: plangintza, instrukzioa, ikaskuntza, animazioa, egokitze fisikoa, egoera fisikoa berreskuratzea edo hobetzea, entrenamendu edo prestaketa pertsonala, monitorizazioa, kontrola, gidaritza, laguntza, ebaluazioa eta antzekoak. Nolanahi ere, jarduera horrek ez du egon behar kirol lehiaketetara bideratua. Kirol-monitoreak heziketa lehiaketetan edo kirol hastapenekoetan jardun dezake, lehiaketa horiek errendimendura zuzenduak ez badaude.

2. Lanbide horretan aritu ahal izateko izaera orokorrekoak edo kirol edo diziplina anitzekoak diren ikaskuntza- eta irakaskuntza-jardueretan edo antzekoetan (kirol modalitate edo diziplina jakin batera bideratzen ez diren jarduerak), honako titulu akademiko hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eskatuko da:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.

b) Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko goi mailako teknikaria.

c) Gizarte eta Kirol Animazioko eta Irakaskuntzako goi mailako teknikaria.

d) Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako Gradua, Gorputz Hezkuntzako aipamenarekin edo espezialitatearekin.

3. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduera horiek eta antzekoak kirol modalitate edo diziplina bakar batera bideratuta badaude, eta kirol arloko hastapenetan edo oinarrizko mailan egiten badira, honako titulu edo ziurtagiri hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eskatuko da:

a) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako goi mailako kirol teknikaria.

b) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako kirol teknikaria.

c) Dagokion modalitate edo diziplinaren profesionaltasun ziurtagiria, 2. edo 3. mailakoa.

d) Dagokion kirol modalitate, espezialitate edo diziplinako kirol teknikariaren erdi mailako hasiera zikloaren ziurtagiria.

Era berean, diziplina bakarreko eta oinarrizko mailako irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueretan eta antzekoetan lan egin ahal izanen dute bigarren atalean aipatzen diren titulazioen bidez egiazta daitekeen kualifikazioren bat duten guztiek, betiere, prestakuntza berezia badute dagokion kirol modalitate edo diziplinan.

4. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduera horiek eta antzekoak berariaz bideratzen direnean kirol modalitate edo diziplina bakar batera, eta hobekuntza teknikoaren eremuan edo erdiko mailan egiten direnean, honako titulu hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eskatuko da:

a) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako goi mailako kirol teknikaria.

b) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako kirol teknikaria.

Diziplina bakarreko erdi mailako irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueretan eta antzekoetan jardun ahal izanen dute, halaber, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren bidez eta Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko goi mailako teknikariaren tituluaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioren bat dutenek, baldin eta berariazko prestakuntza badute, dagokien kirol modalitate edo diziplinan.

5. Lanbide hori oinarrizko egokitzapen fisikoaren eta gimnasia leunak deiturikoen arloan betetzeko (pilates, yoga eta antzekoak), titulu hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eskatuko da:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.

b) Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko goi mailako teknikaria.

c) Gizarte eta Kirol Animazioko eta Irakaskuntzako goi mailako teknikaria.

d) Egokitzapen Fisikoaren goi mailako teknikaria.

e) 3. mailako lanbide ziurtagiria.

6. Lanbide hori nolabaiteko arriskua duten jardueretan betetzeko (uretan, mendian, elurretan, airean eta natur inguruneko beste gune batzuetan eta nolabaiteko arriskua duten antzeko espazioetan egiten diren jarduerak, baita animaliekin egiten direnak ere), titulu akademiko hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eskatuko da:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.

b) Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko goi mailako teknikaria.

c) Gizarte eta Kirol Animazioko eta Irakaskuntzako goi mailako teknikaria.

d) Zaldizko jardueren teknikaria, baldin eta lanbidea zaldizko jardueren gidaritzaren eta dinamizazioaren eremuan kokatzen bada.

e) Natur ingurunean gorputz eta kirol-jarduerak gidatzeko teknikaria.

Lanbidea eremu horretan betetzeko, ezinbestekoa da kualifikazio hori dutenek egin beharreko jardueren inguruko prestakuntza eta esperientzia zehatza edukitzea.

Honako titulu hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa dutenek ere jardun ahal izanen dute lanbidean eremu horretan: kirol teknikariaren titulua eta goi mailako kirol teknikariaren titulua (natur ingurunean edo animaliekin batera egiten den jarduerari dagokion modalitate edo diziplinan). Kasu horretan, kontuan izan behar dira artikulu honen hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako mailak edo eremuak.

7. Beharrezkoa izanen da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioa izatea nagusiki edo berariaz –adina, ahalmen fisiko edo psikikoa, inguruabar sozialak edo osasuna direla-eta– arreta berezia eskatzen duten pertsonei zuzendutako gorputz- eta kirol-ekintzetan jarduteko kirol-monitorearen lanbidean. Hori gorabehera, beste profesional batzuek ere baliatu ahal izanen dituzte eskudantziak, osasun arloko lanbideak antolatzeko legeriaren arabera”.

8. Kirol-jarduerak, nagusiki edo berariaz, desgaitasuna duten pertsonei eta kirol modalitate bakarrera zuzenduak direnean, beharrezkoa izanen da titulu akademiko hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.

b) Dagokion kirol modalitateko goi mailako kirol teknikaria.

c) Dagokion kirol modalitateko kirol teknikaria.

d) Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako Gradua, Gorputz Hezkuntzako aipamenarekin edo espezialitatearekin eta kirol modalitate horretan berariazko prestakuntza edo esperientziarekin.

Kirol egokituak berezkoak dituen diziplinen kasuan jarduteko (esaterako, boccia, goalball-a eta slalom-a), dagokion kirol diziplinako kirol teknikariaren erdi mailako hasiera zikloaren ziurtagiriaren bidez egiten ahalko da.

Halaber, nagusiki edo berariaz desgaitasuna duten pertsonei eta kirol modalitate bakarrera zuzenduriko kirol-jarduera hauetan kirol-monitore gisa jardun ahalko dute kirol modalitate horretan entrenatzaile gisa aritzeko kualifikazioak dauzkatenek.

9. Kirol-jarduerak, nagusiki edo berariaz, desgaitasuna duten pertsonei eta hainbat kirol modalitatetara zuzenduak direnean, beharrezkoa izanen da titulu akademiko hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.

b) Lehen Hezkuntzako gradua, Gorputz Hezkuntzako aipamenarekin, edo garatu beharreko jarduerekin bat datorren prestakuntza edo esperientzia duen titulu baliokidea.

c) Kasuan kasuko kirol modalitateetako goi mailako kirol teknikaria

d) Kasuan kasuko kirol modalitateetako kirol teknikaria.

e) Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko goi mailako teknikaria edo Gizarte eta Kirol Animazioko eta Irakaskuntzako goi mailako teknikaria, garatu beharreko jarduerekin bat datorren prestakuntza edo esperientziarekin.

10. Desgaitasuna dutenekin garatutako jarduerak uretan, mendian, elurretan, airean, animaliekin edo nolabaiteko arriskua duten antzeko guneetan egiten badira, lanbide jarduera betetzen ahalko dute artikulu honen 6. apartatuan aurreikusitako tituluak badituztela frogatzen dutenek.

11. Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidean jarduteko beharrezkoa den kualifikazioa dutenek, era berean, ahalmena izanen dute kirol-monitorearen lanbidean jarduteko, bai ikastetxeetan irakastorduez kanpo programatzen diren kirol-jardueretan, bai beste erakunde batzuetan programatzen direnetan. Baina, horretarako, irakaslearen kualifikazioak bateragarria izan behar du ikasleen adinarekin edo ikasleek adin txikiagokoak izan beharko dute. Kirol modalitate edo diziplina bakarrera berariaz bideratutako jardueretan edo artikulu honen seigarren apartatuan jasotako arriskudun jardueretan arituz gero, bestalde, dagokion kirol modalitateko prestakuntza espezifikoa eskatuko da.

12. Era berean, inork unibertsitate-master espezifiko baten bidez edo profesionaltasun ziurtagiri baten bidez egiaztatzen ahal badu kualifikazioa daukala, kirol-monitorearen lanbidean jardun ahal izanen du titulu edo ziurtagiri horren bidez lortu dituen gaitasunak eskatzen dituzten jardueretan.

13. Adingabeei edo beste arrisku-talde batzuetakoei kirol-monitorearen zerbitzuak emateko, baita natur inguruneko jardueretan edo animaliekin egiten diren jardueretan zerbitzuak emateko ere, ezinbestekoa izanen da monitorea bertan egotea kirol-jarduera gauzatzen ari den bitartean, non eta ez den plangintza- edo programazio-zeregin bat.

5. artikulua. Entrenatzailearen lanbidea.

1. Entrenatzailearen lanbideak bide ematen du errendimenduko lehiaketan aritu nahi duten kirolariak eta kirolari-taldeak entrenatzeko, fisikoki eta teknikoki prestatzeko, hautatzeko, aholkatzeko, planifikatzeko, zuzentzeko, gidatzeko, kontrolatzeko, ebaluatzeko eta jarraitzeko, eta antzeko funtzioak betetzeko. Aurrekoa gorabehera, nagusiki prestatzaile fisikoaren eginkizunak betetzen dituzten entrenatzaileei foru lege honen 7. artikuluan ezarritako kualifikazioak eskatuko zaizkie.

2. Kirolariekin eta taldeekin lan egin behar bada lehiaketetan parte hartzeko kirol modalitate edo diziplina bateko oinarrizko mailan, honako ziurtagiri edo tituluen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa izan beharko da:

a) Dagokion modalitate edo diziplinaren profesionaltasun ziurtagiria, 2. edo 3. mailakoa.

b) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako goi mailako kirol teknikaria.

c) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako kirol teknikaria.

Era berean, kirol modalitate edo diziplina bakarreko oinarrizko mailako lehiaketetan lan egin ahal izanen dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua dutenek, baldin eta, kualifikazio horrez gain, prestakuntza edo esperientzia espezifikoa ere egiaztatzen badute dagokien kirol modalitatean edo diziplinan.

3. Kirolari eta taldeekin entrenatzailearen lanbidean jarduteko erdi mailako lehiaketetan, honako titulu hauen baliokide den kualifikazioa eskatuko da:

a) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako goi mailako kirol teknikaria.

b) Dagokion kirol modalitate edo diziplinako kirol teknikaria.

Era berean, erdi mailako lehiaketetan jardun ahal izanen dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua dutenek; horrez gain, prestakuntza edo esperientzia espezifikoa ere izan beharko dute dagokion kirol modalitate edo diziplinan.

4. Kualifikazio egiaztagarria eduki beharko da entrenatzailearen lanbidean aritzeko errendimenduko kirolariekin edota kategoria horretako lehiaketetako taldeekin (otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan definitu zen errendimenduko kirola). Kualifikazio hori dagokion kirol modalitate edo diziplinako goi mailako kirol teknikariaren tituluaren bidez egiaztatuko da.

Errendimenduko kirol lehiaketak irekiak edo mistoak badira, aipatu lanbide kualifikazioa bakar-bakarrik eskatuko zaie lehiaketa horiei dagokien mailan dauden kirolariak entrenatzen dituzten entrenatzaileei.

Era berean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua dutenek ere jardun ahal izanen dute; horrez gain, prestakuntza edo esperientzia espezifikoa ere izan beharko dute.

5. Era berean, Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidean jarduteko beharrezkoa den kualifikazioa dutenek ahalmena izanen dute entrenatzailearen lanbidean aritzeko, bigarren eta hirugarren apartatuetan aipatzen diren kirol-lehiaketetan, bai ikastetxeetan irakastorduez kanpo programatzen direnetan, bai beste erakunde batzuetan programatzen direnetan. Baina, horretarako, irakaslearen kualifikazioak bateragarria izan behar du ikasleen adinarekin edo ikasleek adin txikiagokoak izan beharko dute. Kirol modalitate edo diziplina bakarreko lehiaketetan edo natur ingurunean edo animaliekin egiten diren jardueretan arituz gero, bestalde, dagokion kirol-jarduerarako prestakuntza edo esperientzia espezifikoa ere eskatuko da.

6. Foru lege honen ondorioetarako, entrenatzailearen lanbidean jarduten dute entrenatzaileari laguntzen diotenek entrenamenduak eta lehiaketak gidatzen, zuzentzen edo kontrolatzen, kirolariei jarraibideak ematen edo antzeko jarduerak egiten. Beraz, horiek ere izan beharko dute artikulu honetan ezartzen den kualifikazioa.

7. Artikulu honetan adierazitako kualifikazioak bakar-bakarrik eskatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean jarduten denean lanbidean edo egoitza bertan duten kirol-entitateentzat eta kirolarientzat lan egiten denean. Kualifikazio horiek, bestalde, ez zaizkie eskatuko egoitza beste herrialde edo autonomia erkidego batean duten kirol-entitateen edo kirolarien entrenatzaileei, baldin eta inoiz Nafarroan entrenatzen badute edo lehiatzen badira estatu mailako edo nazioarteko lehiaketak prestatzeko edo horietan parte hartzeko.

Orobat, ulertzen da artikulu honetan adierazitako kualifikazioek ez dituztela galarazten Estatuko eta nazioarteko kirol federazioek beren erregulazio eremuan lehiaketa ofizialetarako ezarritako eskakizunak.

8. Adingabeei edo beste arrisku-talde batzuetakoei entrenatzailearen zerbitzuak emateko, baita natur inguruneko jardueretan edo animaliekin egiten diren jardueretan zerbitzuak emateko ere, ezinbestekoa izanen da entrenatzailea bertan egotea kirol-jarduera gauzatzen ari den bitartean, non eta ez den plangintza- edo programazio-zeregin bat.

6. artikulua. Kirolzuzendariaren lanbidea.

1. Kirol-zuzendariaren lanbideak ahalmena ematen du kirol-zentro, -zerbitzu, -jarduera eta -erakunde publiko nahiz pribatuetan zuzendaritza, programazio, plangintza, koordinazio, kontrol, ebaluazio, gainbegiratze eta antzeko zereginekin zerikusia duten lanbide-jarduerak gauzatzeko, kirol zientzietako ezagupenak eta teknikak aplikatuz. Era berean, kirol-zuzendariari dagokio kirol-monitorearen edo kirol-entrenatzailearen lanbidean dihardutenen funtzio teknikoak koordinatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

2. Jarduera edo zerbitzu integral, orokor eta diziplina edo kirol anitzekoetan kirol-zuzendariaren lanbidea gauzatzeko (berariaz kirol modalitate edo diziplina bakar batean murgildu gabe), beharrezkoa izanen da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioa edukitzea.

3. Kirol modalitate edo diziplina bakarreko kirol-hastapena edo oinarrizko maila zuzendu behar bada, kirol modalitate edo diziplina horretako prestakuntza espezifikoa egiaztatu beharko da aurrekoez gain.

4. Hobekuntza teknikoko edo erdi mailako jarduerak zuzendu behar badira, prestakuntza edo esperientzia espezifiko bat ere egiaztatu beharko da; edo, bestela, dagokion kirol modalitate edo diziplinako kirol teknikariaren tituluaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eduki beharko da.

5. Errendimendu handiko jarduera edo zerbitzuetan kirol-zuzendariaren lanbidea gauzatzeko, dagokion kirol modalitate edo diziplinako goi mailako kirol teknikariaren tituluaren bidez edo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren tituluaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eduki beharko da. Kualifikazio hori egiaztatzen dutenek oinarrizko mailako eta erdi mailako kirol-jardueretan ere gauzatu ahal izanen dute lanbidea.

6. Animazioko kirol-jarduerak zuzendu behar badira, Gorputz eta Kirol Ekintzen Animazioko goi mailako teknikariaren tituluaren baliokidea den prestakuntza egiaztatzen dutenek eta Gizarte eta Kirol Animazioko eta Irakaskuntzako goi mailako teknikariek ere jardun ahal izanen dute lanbidean.

7. Era berean, Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidean aritzeko beharrezkoa den kualifikazioa dutenek ahalmena izanen dute eskolako kirol-jarduerak sustatu, planifikatu, programatu, koordinatu, ebaluatu edo zuzentzeko, bai ikastetxeetan ikastorduetatik kanpo egiteko programatzen direnak, bai beste erakunde batzuetan programatzen direnak. Kirol modalitate edo diziplina bakarreko lehiaketetan edo natur ingurunean edo animaliekin egiten diren jardueretan arituz gero, bestalde, dagokion kirol-jarduerarako prestakuntza edo esperientzia espezifikoa ere eskatuko da.

8. Kirol-zuzendariaren lanbide-jarduera betetzeko, ez da beharrezkoa fisikoki kirol-jarduerak garatzen diren lekuan egotea.

7. artikulua. Prestatzaile fisikoa.

1. Prestatzaile fisikoaren lanbideak bide ematen du gorputz- eta kirol-ekintzen eta ariketa fisikoaren gaineko aholkularitza, plangintza, diseinua eta ebaluazio tekniko eta zientifikoa egiteko, bai eta ekintza horiek garatu eta gauzatzeko ere, xedetzat izanik pertsonen egoera fisikoa eta koordinazio gaitasunak mantentzea, garatzea, optimizatzea eta berreskuratzea, haien bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko, bai eta lesioak eta patologiak prebenitzeko, eta horiek dituztenak berrezteko, berregokitzeko eta berrentrenatzeko ere, eta horretarako, kasuan kasuko ezaugarri eta beharrekin bat datozen gorputz- eta kirol-ekintzak eta ariketa fisikoak egitea, osasun arloko profesionalekin lankidetzan arituz eta bakoitzaren esparru profesionalak errespetatuz.

2. Prestatzaile fisikoaren lanbideak espezialitate hauek ditu:

a) Kirol errendimenduan eta errendimendu fisikoan aditua.

b) Gorputz hezitzailea edo kirol berregokitzailea.

3. Kirol errendimenduan eta errendimendu fisikoan aditua den prestatzaile fisikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gorputz- eta kirol-ekintzen eta ariketa fisikoaren gaineko aholkularitza, plangintza, diseinua eta ebaluazio tekniko eta zientifikoa, bai eta ekintza horiek garatzea eta gauzatzea ere, betiere pertsonen, taldeen edo ekipoen egoera fisikoa eta koordinazio gaitasunak mantentzeko, garatzeko, optimizatzeko eta berreskuratzeko, jarduera hori lehiaketara zuzendua egon zein ez.

b) Prestatze-lan eta entrenamendu pertsonala, taldekoa nahiz banakakoa. Foru lege honen ondorioetarako, entrenatzaile pertsonalaren deitura prestatzaile fisikoaren lanbidearen barnean dago, eta foru lege honen 10. artikuluko izenen erabilerak eragiten dio.

4. Gorputz hezitzailea edo kirol berregokitzailea den prestatzaile fisikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Pertsonen bizi-kalitatea eta osasuna hobetzera bideratutako gorputz- eta kirol-ekintzen eta ariketa fisikoaren lanaren prebentzioa, aholkularitza, plangintza, diseinua eta ebaluazio tekniko eta zientifikoa.

b) Lesioak eta patologiak dauzkaten pertsonak, taldeak edo ekipoak berregokitzea, berrentrenatzea eta berreztea, lehiatzen badira zein lehiatzen ez badira; eta horretarako, beren ezaugarriekin eta beharrekin bat datozen gorputz- eta kirol-ekintza eta ariketa fisikoak prestatzea, osasun arloko profesionalekin lankidetzan arituz eta 1. apartatuan adierazitako baldintzetan.

c) Xedetzat bizi-kalitatea eta osasuna hobetzea duten gorputz- eta kirol-ekintzen eta ariketa fisikoen gaineko prestakuntza, aholkularitza, plangintza, garapena eta ebaluazio tekniko eta zientifikoa, arreta berezia eskatzen duten pertsonekin edota gorputz- eta kirol-ekintzetan jarduteko zailtasun bereziak dauzkatenekin eta osasun-patologiak edo -arazoak dauzkatenekin, osasun arloko profesionalekin lankidetzan arituz eta 1. apartatuan adierazitako baldintzetan.

5. Prestatzaile fisikoaren zerbitzuak emateko, beharrezkoa da berau jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak garatzen diren tokian egotea, baldin eta aurreko apartatuko c) letran adierazitako populazioetako taldeetako pertsonekin gauzatzen badira.

6. Prestatzaile fisikoaren lanbidean aritzeko, beharrezkoa da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren titulua izatea.

8. artikulua. Kasu berezietako kualifikaziobaldintzak.

1. Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean badute bakarrik eskatuko zaie Nafarroan Estatuko edo nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten klub eta kirol-elkarteetako profesionalei foru lege honek ezartzen dituen kualifikazioak betetzeko.

2. Lanbide-jarduna Nafarroan kokatutako zentroetan gauzatu ohi badute bakarrik eskatuko zaie Estatuko edo nazioarteko kirol-entitate publiko edo pribatuetako profesionalei foru lege honek ezartzen dituen kualifikazioak betetzeko.

3. Foru lege honek ezartzen dituen kualifikazioak ez zaizkie eskatuko beste autonomia erkidego edo herrialde batzuetako profesionalei; hots, Nafarroan –noizbehinka edo unean-unean– zerbitzu profesionalak ematen dituzten profesionalei, baldin eta Nafarroatik kanpo bizi diren kontsumitzaile edo erabiltzaileentzat badira zerbitzu horiek.

9. artikulua. Kualifikazio berrietara egokitzea.

Nafarroako Gobernuari dagokio, bere eskumenen esparruan, foru lege honek kualifikazio eta tituluei egiten dizkien erreferentziak lanbide-kualifikazio berrietara egokitzea. Erreferentzia horiek sortzen diren kualifikazio berrietara egokitzen ez diren bitartean, indarrean dagoen araudiak lanbide-mailari dagokionez baliokidetzat jotzen dituenak izanen dira baliozkoak.

10. artikulua. Izenaren erabilera.

1. Lanbidean foru lege honek eta aplikatzekoak diren gainerako arauek xedatzen dutenarekin bat etorriz jarduten denean bakarrik erabili ahal izanen dira lege honetan azaltzen diren lanbideen izenak.

2. Beste profesionalek ezin izanen dituzte erabili esanahiarengatik edo antzarengatik foru lege honek arautzen dituen izenekin nahastu daitezkeen izenak.

3. Kirol bakoitzean boluntario gisa gauzatzen denean jarduera, eta betiere foru lege honetan eskatutako kualifikazioetara mugatzen badira, orduan ere erabili ahal izanen dira “kirol-monitore”, “entrenatzaile”, “kirol-zuzendari” eta “prestatzaile fisiko” izenak.

4. Entrenatzailearen lanbidearen izenak ez du eragotziko kirol-erakundeek haien barruan dauden kualifikazio-mailak sailkatzeko erabil dezaketen nomenklatura.

III. TITULUA. Kirol arloko lanbideetan hastea eta aritzea

11. artikulua. Nafarroako Kirolaren Erregistroa eta elkargoko kide egitea.

1. Foru lege honek arautzen dituen lanbideetan hasteko eta aritzeko, derrigorrezko baldintza izanen da dagokion profesionalen elkargoan sartzea, baldin eta estatuko legeek hala ezartzen badute. Kasu horretan, profesionalen elkargoak erregelamenduz ezartzen den informazioa eman behar dio Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kiroleko Profesionalen Atalari.

2. Lanbidean aritu nahi duten gainerako profesionalek, baldin eta foru lege honetan araututako lanbideetako edozeinetan jarduteko eskatzen den kualifikazioa badaukate, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kiroleko Profesionalen Atalean. Adierazpen horretan, erregelamenduz ezartzen den informazioa jasoko da.

3. Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kiroleko Profesionalen Atalak, zeina publikoa izanen baita, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak ahalik eta ondoen defendatze aldera, aurreko apartatuetan adierazitako informazio hori emanen du modu argi, doako eta elektronikoki eskuragarri batean. Erregelamenduz ezarri beharko dira erregistroaren egitura, zereginak eta publizitate eta funtzionamendu araubidea.

4. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea bakarrik, oro har, aski izanen da lanbidean hasteko aurkezpen egunetik beretik, galarazi gabe egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalak.

5. Baldin erantzukizunpeko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, horrek berekin ekarriko du lanbidean jarraitu ezin izatea, aurretik prozedura administratiboa izapidetuta, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

6. Datuen babes arloko berariazko araudian ezarritakoarekin bat gauzatuko da erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datu pertsonalen eskuratzea, trukatzea eta interkomunikatzea.

7. Profesionalei ez zaie erantzukizunpeko adierazpena eskatuko baldin Gorputz Hezkuntzako irakasle ari badira esklusiboki, Administrazio Publikoarekin loturik, zuzenbide administratiboaren edo lan zuzenbidearen bidez araututako zerbitzu erlazio baten bidez, galarazi gabe Administrazio Publikoak Erregistroari bidali behar izatea artikulu honetan ezarritako informazioa, erregelamenduz ezarritako moduan.

12. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena eta adingabeen babesa.

1. Kirol-monitore, entrenatzaile, kirol-zuzendari eta prestatzaile fisiko izateko eta aritzeko, aurretik frogatu beharko da norbera ez dela kondenatua izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik. Berariazko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatzen ahalko da hori, baimena emanez datuak kontsultatzeko Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusian, edo aipatutako erregistroaren ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da.

2. Gorputz Hezkuntzako irakasleek betebehar hori betetzeko, hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuak ezarritakoari jarraituko zaio.

13. artikulua. Lanbidean aritzean dauden betebeharrak.

1. Foru lege honen xede diren kirol-lanbideetan aritzean, profesionalek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona hartzaileen baldintza eta beharrei egokitutako zerbitzuak ematea, uneroko ezagutza zientifikoarekin bat, indarreko araudian ezarritako kalitate eta segurtasun mailei jarraituz, eta generoaren araberako desberdintasunei erreparatuz.

b) Zerbitzuen hartzaileen osasuna eta segurtasuna zaintzea, eta aktiboki laguntzea kirolarien osasunaren kontrakoak diren jarduketak ezabatzeko.

c) Kirol-jardueretan bertan egonik gauzatzea lanbide-jarduna, salbu foru lege honetan aurreikusitako kasuetan.

d) Aktiboki laguntzea dopinaren kontrako era guztietako kontroletan eta dopinaren kontrako legerian aurreikusitako beste edozein betebehar betetzen.

e) Beren zerbitzuen hartzaileen nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatzea.

f) Beren zuzendaritzapean gauzatu beharreko kirol-jarduera fisikoen informazio nahikoa eta ulergarria ematea zerbitzuen hartzaileei.

g) Zerbitzuen hartzaileen aurrean beren burua identifikatzea eta beren lanbidearen eta lanbide-kualifikazioaren berri ematea haiei.

h) Honako printzipio honen pean gauzatzea bere praxia: kirolak lagundu dezake pertsona osoki eta harmonikoki garatzen, eta, orobat, kirolak ahalbidetu dezake pertsonaren prestakuntza, osotasunean, erraztuz bizi-kalitate hobea eta ongizate sozial handiagoa izatea.

i) Sustatzea gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna kirolean, eta kirolaren praktikara sar daitezela maila guztietan, era guztietako bazterketa-egintzak baztertuz.

j) Aisialdiko aukera gisa eta ohitura osasungarri gisa proiektatzea kirol-jarduera.

k) Ezagutzen etengabeko eguneratzea eta hobekuntza bultzatzea.

l) Aktiboki laguntzea kirolarien kontrol medikoan, osasun-langileen bidez.

m) Kirolariei errendimendua hobetzen edo osasuna hobetzen laguntzen ahal dieten bestelako profesionalei aktiboki laguntzea.

n) Inolako indarkeria, arrazismo, intolerantzia nahiz xenofobiarik gabeko kirol-praktika sustatuz gauzatzea beren lanbide-jarduna.

o) Kirolariak, bereziki adingabeak, abusuzko esplotazio orotatik babestuz gauzatzea beren lanbide-jarduna, arreta berezia emanez sexu-jazarpenari eta -abusuari.

p) Kirol-jardueran, sustatzea eta zaintzea ingurune naturalaren ezagutza eta ustiapen orekatua, eta ingurumenaren aldetik arduratsua den kirol-praktika egin dadila zaintzea.

q) Lanbide-jardueran, genero-estereotipoak gainditzen direla bermatzea.

2. Aipatutako printzipio eta betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du, hala behar denean, erantzukizun administratiboak eta diziplinazkoak eskatzea.

14. artikulua. Lanbidesozietateen bidez aritzea.

1. Lanbide-sozietateen bidez gauzatu daiteke foru lege honetan araututako lanbide-jarduera, indarreko araudian xedatutakoarekin bat, salbu enplegu publikora sartzeko kasuetan, edo hezkuntza arloko legerian onartzen ez diren kasuetan.

2. Legeetan aurreikusitako edozein sozietate-formaren arabera eman daitezke zerbitzuak, betiere betez Lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legea eta hura garatzeko arauak.

3. Lanbide-sozietateek behar diren neurriak hartu beharko dituzte behar diren pertsona kualifikatuen presentzia fisikoa bermatzeko kirol-lanbideen jardunean, salbu foru lege honek aurreikusitako kasuetan.

4. Kirol arloko lanbideetan araututako lanbideei esleitutako eginkizun eta jarduerak egiten dituztenei foru lege honek ezarritako betebehar berberak izanen dituzte lanbide-sozietateek.

15. artikulua. Erantzukizun zibila bermatzea.

1. Foru lege honek araututako lanbideetan aritzeko, aurretik erantzukizun zibileko aseguru egokia hartu beharko da, estaliko duena zerbitzu profesionalak emateagatik hirugarrenei eragindako kalteetarako kalte-ordaina.

2. Administrazio publiko baten zerbitzuan esklusiboki ari diren profesionalei ez zaie halakorik eskatuko. Aseguru hau, orobat, ez da nahitaezkoa baldin jarduera profesionala hirugarrenen kontura bakarrik egiten bada eta horiek jada aseguru-estaldura badute lanbidean aritzeak berekin dakarren jarduerako arriskuetarako.

3. Orobat, ez da nahitaezkoa izanen asegurua banaka hartzea baldin norberak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren titulu ofiziala badu, edo baliokide bat, eta jardule gisa alta emanik badago egoki den elkargo-erakundean, betiere hark erantzukizun zibil profesionaleko aseguru kolektibo bat badu.

4. Foru lege hau garatzeko garapen-xedapenetan zehaztuko dira aseguruaren funtsezko baldintzak.

16. artikulua. Bestelako baldintzak.

1. Ulertzen da ezen, kirol-lanbideetan hasteko eta aritzeko foru lege honetan ezarritako kualifikazio-beharkizunei dagokienez, ez direla galarazten indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren lizentziak, baimenak, tituluak eta beharkizun gehigarriak.

2. Ezin izanen da eskatu federazioaren baimenik kirol-lanbide batean aritzeko baldin lehiaketa federatuetatik kanpo gauzatzen bada jarduera profesionala.

3. Kirol federazioek eska ditzakete, foru lege honetan aurreikusitako kualifikazioez gain, prestakuntza berariazkoak.

17. artikulua. Lehen laguntza emateko gaitasuna.

1. Foru lege honetan araututako lanbideren batean ari diren guztiek, baldin kirol-jardueretan ari badira presentzia fisikoa izanik, barnean direla boluntarioak, lehen laguntzako prestakuntza frogatu beharko dute.

2. Lehen laguntzako prestakuntza eguneratzeko ikastaroetan parte hartu beharko dute kiroleko profesionalek.

3. Kirol eta osasun arloetan eskudun diren departamentuek erregelamenduz ezarriko dituzte aipatutako prestakuntza frogatzeko eta eguneratzeko baldintzak eta prozedura.

18. artikulua. Foru lege honen babesik gabe aritzea lanbidean.

Foru lege honetan xedatutakoari egokitu gabe lanbidean aritzeak, eta, bereziki, behar den lanbide-kualifikazioa izateko betebeharra izateari egokitu gabe lanbidean aritzeak berekin ekarriko ditu behar diren erantzukizun administratibo, diziplinazko eta penalak, aplikatzekoa den antolamendu juridikoarekin bat.

19. artikulua. Arauesparru amankomuna. Lehia askea.

1. Foru lege honetan araututako lanbideak, foru legeak ezarri gabeko orotan, loturik egonen dira lanbideetan aritzeari buruz arau-esparru amankomunari, estatukoa nahiz autonomikoa izan.

2. Foru lege honetan araututako lanbideetara iristea eta horietan aritzea eta horiek multzokatzen dituen elkargo profesionalaren esku-hartzea lotuko zaizkio Lehiaren Defentsari eta Lehia Desleialari buruzko legeriari.

3. Foru lege honetan aurreikusitako kualifikazio-beharkizunak errespetatu beharko dituzte kirol-federazioek, eta debeku da federazio-zentro ez direnetan lortutako prestakuntzen bazterkeria oro.

20. artikulua. Beste estatu batzuetan lortutako lanbidekualifikazioak aintzatestea. Konpentsazio neurriak.

1. Europar Batasuneko kide diren estatuetan lortutako lanbide-kualifikazioak aintzatesteko, edo langileen joan-etorri askea, ezartzeko askatasuna eta profesionalen zerbitzu emate askea aplikatzekoa den estatuetan lortutako lanbide-kualifikazioak aintzatesteko, jarraituko zaie nazioarteko hitzarmenek ezarritakoari eta aintzatespen horien gainean Europar Batasuneko arauek ezarritakoari, baita antolamendu horren transposiziorako estatuko xedapenetan ezarritakoari ere.

2. Lanbide-jardueran aritzeko, aurreko apartatuan aipatu gabeko gainerako estatuetan lortutako lanbide-kualifikazioen aintzatespena eginen da kasu bakoitzean aplikatzekoak diren hitzarmen eta legeen arabera.

3. Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko interesdunari, foru lege honetan araututako lanbide-jardueran, eskatzen ahalko zaio konpentsazio neurriren bat, lanbide-kualifikazioen arloan aplikatzekoa den Europar Batasuneko eta estatuko araudian araututakoetatik, kontuan izanik jarduera batzuetan izan daitezkeen berezitasunak, osasunerako arriskua eta segurtasuna.

4. Kirolaren arloan eskumena duen departamentuak onesten dituen konpentsazio neurriek, betiere, beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioei jarraituko diete.

21. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babestea.

1. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenak erabiltzean eta premiaren eta proportzionaltasunaren printzipioei jarraiki, bermatuko ditu kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna, eta ezartzen ahalko ditu erantzukizunpeko adierazpeneko, komunikazioko, ebaluazioko, akreditazioko eta ikuskapeneko sistemak, foru lege honetan araututako kirol-lanbideetan aritzeko nahitaezko kualifikazioei dagokienez.

2. Kirolaren arloan araututako lanbideei dagozkien produktu eta zerbitzuen publizitateak, pertsona fisikoek nahiz entitateek eginak, egiazkoa behar du izan, eta ezin izanen du sustatu erabiltzaile eta kontsumitzaileen osasun eta segurtasunerako kaltegarri diren kirol-praktikarik, ezta sexista edo baztertzailea denik ere.

3. Kirol-zentroen, gimnasioen eta kirol-zerbitzuak ematen dituzten bestelako kirol-instalazioen titularren erantzukizuna izanen da erabiltzaileei informazio argi eta ikusgarria ematea kirol-profesionalek duten lanbide-kualifikazioaz.

4. Foru lege honen esparruaren barnean dauden profesionalen gutxieneko kualifikazioa betetzen dela bermatzeko, profesional horiekin egiten diren zerbitzuak emateko kontratu guztiak idatziz formalizatuko dira, eta argi jasoko dute haien kualifikazioaren akreditazioa.

5. Foru lege honetan jasotako xedapenak betetzen direla kontrolatzeko ikuskapen eginkizunak Kirol Ikuskaritzari dagozkio, bat etorriz Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 99. artikuluan xedatutakoarekin.

22. artikulua. Plataforma birtualen bidezko edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko lanbidejarduna.

1. Plataforma birtualen bidez eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez gauzatu daitezke foru lege honetan monitoreei eta entrenatzaileei esleitutako eginkizunak, bertan aurreikusitako salbuespenekin, baina profesionalek foru lege honetan aurreikusitako kualifikazioa izan beharko dute.

2. Web-orriek eta informazioaren eta komunikazioaren gainerako plataforma teknologikoek eta antzekoek, baldin badauzkate entrenamendu edo prestakuntza fisiko planak online, edo kiroleko antzeko informazio teknikoa, behar bezala identifikatu beharko dituzte plan horiek prestatu dituzten profesionalak, eta haien kualifikazio profesionalaren berri eman beharko dute.

3. Baldin Nafarroan kokatutako kirol-zentro edo -entitateek plataforma edo teknologia horiek erabiltzen badituzte entrenamendu planak prestatzeko edo erabiltzaileekin eskola edo saio kolektiboak egiteko, kiroleko profesional batek ikuskatuko du erabilera hori, eta kualifikazio profesional egokia izan beharko du, foru lege honen arabera.

4. Administrazioak zainduko ditu, ikuskapen zerbitzuen bidez, Nafarroan kokatutako kirol-zentroen plataforma edo teknologia horien erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna.

IV. TITULUA. Kirol-lanbide arautuen arloko zehapen araubidea

23. artikulua. Definizioa eta prozedura.

1. Honako hauek dira kirol-lanbide arautuen jarduneko arau-hausteak: foru lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritako manuei kontra egiten dieten ekintzak eta ez-egiteak.

2. Nafarroako Komunitateko kirol-lanbide arautuen arloko arau-hausteek egoki diren zehapen administratiboak izanen dituzte, aldez aurretik behar den zehapen-espedientea instruituta, zeina garatuko baita bat etorriz administrazio publikoen zehapen-ahala erabiltzeari buruzko indarreko legerian aurreikusitakoarekin.

3. Lege honetan aurreikusitako zehapen-araubidea ez zaie aplikatuko lanbidea sektore publikoan gauzatzen duten Gorputz Hezkuntzako irakasleei.

24. artikulua. Eskumena.

1. Kirol arloan eskuduna den zuzendari nagusiari dagokio foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteei dagozkien zehapen-espedienteei hasiera ematea, esleiturik dituen eskumenen esparruan.

2. Honako hauei dagokie foru lege honetan tipifikatzen diren arau-hausteengatiko zehapen-espedienteak ebaztea:

a) Kirol arloan eskuduna den zuzendari nagusia, arau-hauste arin edo astunei zehapenak jartzeko.

b) Kirol arloan eskuduna den kontseilaria, arau-hauste oso astunei zehapenak jartzeko.

25. artikulua. Arauhausteak.

1. Kirol-lanbide arautuen arloko zehapenak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

2. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

a) Betebehar profesionalak ez betetzea, baldin horrek kalte larria ekartzen badie eskainitako zerbitzu profesionalen hartzaileen osasunari edo osotasun fisikoari, edo hirugarrenei.

b) Erantzukizun zibileko aseguru betebeharra ez betetzea.

3. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

a) Behar denean, elkargoko kide egitearen edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatzearen betebeharra ez betetzea.

b) Foru lege honetan araututako lanbideei erreserbatutako jarduera nahiz eginkizunetan aritzea horretarako behar den kualifikazio profesionalik izan gabe.

c) Betebehar profesionalak ez betetzea, baldin horrek ez badie kalte larririk ekartzen eskainitako zerbitzu profesionalen hartzaileen osasunari edo osotasun fisikoari, edo hirugarrenei.

d) Langile edo profesional kualifikatu gabeak kontratatzea, baldin kontratuaren xede bada, osorik edo partez, lanbidearen berezko eginkizunak betetzea.

e) Foru lege honen 21. artikuluan kirol-zerbitzuen informazio eta publizitatearen arloan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

f) Kirol-lanbide arautuetarako erreserbatutako izenak behar ez bezala erabiltzea.

g) Kirolaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiak errekerimendurik nahiz jarraibiderik ematen baldin badu foru lege honetan araututako lanbideetarako erreserbatutako jarduera nahiz eginkizunak eteteko, kasu bakoitzean lanbidean hasteko beharkizunak ez betetzeagatik, errekerimendu nahiz jarraibide horiei men ez egitea behin eta berriz.

h) Kirol-lanbideak arautzeko Nafarroako legerian jasotako betebeharrak ez betetzea, lanbidean plataforma birtualen bidez edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez aritzeari dagokionez.

i) Zerbitzuak boluntarioen araubidean ematea baldin ez bada kirol-lanbideak arautzeko legerian eskatutako kualifikazio profesionalik, edo boluntario horiek hartzea egoki den kualifikazioa eskatu gabe.

4. Kirol-lanbide arautuetan aritzean, foru lege honetan aurreikusitako gainerako betebeharrak ez betetzea arau-hauste arina izanen da, baldin ez badira arau-hauste astuna edo oso astuna.

26. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste oso astunek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Lanbidean aritzeko desgaikuntza, gutxienez urte bat eta egun batez eta gehienez bi urtez.

b) 3.001 eta 30.001 euro arteko isuna.

2. Arau-hauste astunek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Lanbidean aritzeko desgaikuntza, gehienez urtebetez.

b) 1.001 eta 3.000 euro arteko isuna.

3. Arau-hauste arinek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Gehienez 1.000 euroko isuna.

b) Kargu-hartzea.

Lehenengo xedapen gehigarria .–Dagokion elkargoantolamenduarekin, kirolfederazioekin eta bestelako kirolerakundeekin lankidetzan aritzeko mekanismoak.

Nafarroako Gobernuak mekanismoak sustatuko ditu elkarlanean jarduteko beste administrazio publiko batzuekin, egoki den elkargoarekin, Nafarroako kirol-federazioekin eta Nafarroako Foru Komunitateko antzeko beste kirol-entitate batzuekin, kirol-praktika osasungarriak, seguruak eta kalitatezkoak susta daitezen arauketa honen xede den kirol-lanbideetan aritzean.

Bigarren xedapen gehigarria .–Berdintasun politikak kirol arloko lanbideetan.

1. Nafarroako Gobernuak, elkarlanean arituz beste administrazio publiko batzuekin, egoki den elkargoarekin, Nafarroako kirol-federazioekin eta Nafarroako Foru Komunitateko antzeko beste kirol-entitate batzuekin, sustatuko du tratu eta aukera berdintasunerako politikak egin daitezela arauketa honen xede den kirol-lanbideetan hastean eta aritzean.

2. Nafarroako Gobernuak, kirol-lanbide batzuetan dagoen emakumeen azpiordezkaritza handi samarra zuzentzeko asmoz, behar diren neurriak hartuko ditu emakumeen presentzia handiagoa izan dadin lanbide horietan.

Hirugarren xedapen gehigarria .–Boluntarioen araubidean egindako jarduerak eta antzekoak.

1. Kirol-jardueretan parte hartzeko, foru lege honetan profesionalentzat ezarritako kualifikazio profesionalen beharkizun berberak dituzte boluntarioek, parte-hartzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Boluntarioei ezin izanen zaizkie eskatu foru lege honek profesionalei honako arlo hauetan ezartzen dizkien gainerako betebeharrak: Nafarroako Kirolaren Erregistroa, erantzukizun zibileko asegurua eta antzekoak.

2. Aurrekoa gorabehera, kirolaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak, aldez aurretik eskaera arrazoitua eginda, boluntario kolektibo zehatzak salbuets ditzake foru lege honetan aurreikusitako kualifikazio betebeharretik, eta bestelako kualifikazio batekin gaitu ditzake.

3. Boluntarioen araubidean edo kobratu gabe ari direnak ez dira egonen foru lege honetan ezarritako betebeharren araubidearen menpe baldin modu lagungarrian ari badira, foru lege honetan araututako kirol-lanbideei esleitutako ez bestelako eginkizunetan.

4. Prestakuntzako edo hastapeneko lehiaketa federatuen arloan beren jarduera boluntarioen araubidean gauzatzen duten monitoreek, baita arlo horretako entrenatzaileek ere, gutxienez ere eduki beharko dute, baldin foru lege honetan eskatutako kualifikaziorik ez badute, egoki den kategorian kirol-federazioek onartzen dituzten titulazio federatiboak.

Laugarren xedapen gehigarria .–Lanbideetan hasteko eta aritzeko kualifikazioak egiaztatzea.

Foru lege honetan zehaztutako titulu akademikoen eta ziurtagirien bidez egiaztatutako kualifikazioen bidez has eta ari daiteke lanbideetan. Nafarroako Gobernuan eskumena duten departamentuek zehaztuko dute zer kasutan, baldintzatan eta prozedurarekin egiaztatuko diren aipatutako titulu eta ziurtagiriez bestelako bideetatik lortutako kualifikazioak.

Bosgarren xedapen gehigarria .–Prestakuntza berariazkoa eta esperientzia.

1. Kirol-jarduera zehatz baterako prestakuntza berariazkoa, foru lege honen testu artikuludunean eskatutakoa, printzipioz, titulu, ziurtagiri eta prestakuntza ofizialen bidez egiaztatu beharko da. Orobat, kirol-jarduera edo modalitate bateko prestakuntza berariazkoa, foru lege honetan eskatzen zaiena titulazio jeneralista zehatz batzuk dituztenei, titulazioetan bertan sarturik egon daitezke.

2. Halaber, titulu edo ziurtagiri ofizial baten zati batekin bat datozen prestakuntza ofizial bukatugabeak ere aitortzen ahalko dira.

3. Prestakuntza ofizialen eskaintzarik ez badago edo nahikoa ez baldin bada bakarrik onartuko ditu kirol arloko departamentu eskudunak prestakuntza, titulu eta ziurtagiri ez ofizialak, kalitate baldintza gutxienekoak betetzen dituztenak.

4. Nafarroako Gobernuan kirolaren arloan eskuduna den departamentuari dagokio zehaztea, hala behar denean, kasu bakoitzean eskatzen ahal diren prestakuntza berariazkoa eta esperientzia eta hura aintzatesteko prozedura zehaztea.

Seigarren xedapen gehigarria .–Jardueren mailak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, kirol hastapeneko edo oinarrizko mailako jardueratzat hartuko dira jarduera horiek non parte-hartzaileak eta kirolariak dauden kirol-jardueren ikaskuntzako hasierako faseetan, adina edozein izanik ere.

2. Foru lege honen ondorioetarako, kiroleko hobekuntza teknikoko edo erdi mailako jardueratzat hartuko dira jarduera horiek non kirolariak dauden hobekuntza teknikoaren etapan, jarduera horretan nola aritu jakinik, adina edozein izanik ere.

3. Foru lege honen ondorioetarako, goi mailako, goi errendimenduko eta antzeko kiroltzat hartuko da otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan ezarritakoa, zeinaren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola.

Zazpigarren xedapen gehigarria .–Eskola adinean dauden kirolariekin jarduerak egiteko prestakuntza.

1. Baldin ez badago profesionaltasun titulu nahiz ziurtagiri berariazko nahikorik eskola adineko kirolariekin kirol-jarduerak egiteko monitore eta entrenatzaileentzat, Nafarroako Gobernuan kirolaren arloan eskuduna den departamentuak prestakuntza ekintza berariazkoak sustatuko ditu eginkizunak eskola adineko kirolariekin gauzatzen dituzten pertsonentzat.

2. Modulu bidezko eskaintza batera egokitu beharko dira prestakuntza jarduerak, eta horiek gainditzeak berekin ekarriko du ziurtagiri ofizialak lortzea.

3. Prestakuntza horiek gainditu dituztela frogatzen dutenak gaiturik geldituko dira monitore eta entrenatzaile aritzeko kirol askotako eskolako kirol-jardueretan. Halaber, modalitate bakar batera bideratutako eskola kirol jarduerak, hastapenekoak edo oinarrizko mailakoak, egin ditzakete, betiere prestakuntza jarduerak modulu berariazkoak izan baditu modalitate edo diziplina horretan, eta arrisku handiko kirol-jarduera ez bada.

Zortzigarren xedapen gehigarria .–Estatuak onartu gabeko kirol modalitateetako prestakuntzak eta Estatuak onetsitako prestakuntza planik gabeko kirol modalitateetako prestakuntzak.

1. Nafarroako Gobernuan kirolaren arloan eskuduna den departamentuak sustatuko eta ofizialki ziurtatuko ditu berariazko prestakuntza ekintzak, jarduera profesionala gauzatzen dutenentzat Estatuak onartu gabeko kirol modalitate eta diziplinetan.

2. Nafarroako Gobernuan kirolaren arloan eskuduna den departamentuak sustatuko eta ofizialki ziurtatuko ditu berariazko prestakuntza ekintzak, jarduera profesionala gauzatzen dutenentzat Estatuak onetsitako prestakuntza planik gabeko kirol modalitate eta espezialitateetan.

Bederatzigarren xedapen gehigarria .–Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak eta antzekoak.

Foru lege honetan lanbidean hasteko eta aritzeko aurreikusitako kualifikazio profesionalak ez zaizkie eskatuko prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak eta antzekoak dituzten langileei, betiere prestakuntza hori kirolaren arlokoa bada. Langile horiek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute Nafarroako Kirolaren Erregistroan.

Hamargarren xedapen gehigarria .–Kirol teknikarien eta goi mailako kirol teknikarien tituluen baliokide diren kualifikazioak.

1. Kirol teknikarien eta goi mailako kirol teknikarien titulazio akademikoei buruz foru lege honetan egiten diren aipamenak honako prestakuntza hauen ondoriozko titulazioetara ere zabal daitezke:

a) Bitarteko aldi bateko kirol prestakuntzak, ofizialki aintzatetsiak.

b) Kirol teknikarien eta goi mailako kirol teknikarien titulua duten modalitate nahiz espezialitateak, aurreko prestakuntza federatiboak, aintzatetsiak izateko aukera dutenak, indarreko legeriaren arabera.

c) Kirol teknikarien eta goi mailako kirol teknikarien titulurik gabeko modalitate nahiz espezialitateak, aurreko prestakuntza federatiboak, aukera dutenak bitarteko aldi bateko kirol prestakuntzan sartzeko, edo gero aintzatetsiak izateko aukera duten kirol prestakuntzan.

2. Foru lege hau indarrean sartu aurretik hasitako prestakuntza-eskaintzen ondorioz kirol federazioek emandako tituluek baliogarri izaten segituko dute federazioen esparruan, eta titularrei ahala emanen diete kirol-lanbidean aritzeko kirol federazioen esparruan soil-soilik, baina ez lanbidea beste kirol esparru batzuetan edo beste lanbide batzuetan aritzeko.

3. Foru lege honetan aurreikusitako kasuak galarazi gabe, foru lege hau indarrean sartu ondoko prestakuntza-eskaintzen ondorioz kirol federazioek emandako tituluek, oro har, ez diete titularrei ahalik emanen kirol-lanbideetan aritzeko.

Hamaikagarren xedapen gehigarria .–Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduarekiko baliokidetasuna.

Foru lege honen ondorioetarako bakarrik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren baliokide diren titulu akademikotzat hartzen dira Gorputz Hezkuntzako lizentzia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentzia.

Hamabigarren xedapen gehigarria .–Kualifikazio profesionalen eskaeran diskriminazioa izatearen debekua lehiaketa maskulinoetan eta femeninoetan.

1. Nafarroako kirol federazioek eta kirol-jarduerak antolatzen dituzten bestelako entitateek debeku dute kualifikazio desberdinak eskatzea lehiaketa maskulinoetan eta femeninoetan, kategoria berberean.

2. Foru lege hau indarrean sartzen denetik aurrera kualifikazio profesional bera eskatuko da lehiaketa femeninoetan eta maskulinoetan, kategoria berberean, eta ondoriorik gabe geldituko dira sexuarengatik diskriminaziozko klausulak dituzten xedapenak.

Hamahirugarren xedapen gehigarria .–Zehatzeko ahala.

Nafarroako Gobernuan kirolaren arloko esumena duen departamentuari egokituko zaio foru lege honetan arau-hausteetarako jasotako zehapen-ahala.

Hamalaugarren xedapen gehigarria .–Hizkuntzaeskubideak.

1. Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu hizkuntza-eskubideen erabilera bermatzeko, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean ezarritako moduan, kirol-lanbideetan aritzean, bereziki eskola-adineko kirol-praktikaren esparruan.

2. Orobat, Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu berma dadin Nafarroako berezko hizkuntzetan egin ahal izatea kirol arloko prestakuntza ofizialak.

3. Aipatutako 18/1986 Foru Legearen 1. artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat, neurri horiek hartu eta aplikatuko dira borondatezkotasun, mailakatze eta begirune printzipioei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin bat.

Hamabosgarren xedapen gehigarria .–Adingabeen kontrako jazarpen eta abusuen arloko prestakuntza eta protokoloak.

1. Nafarroako Gobernuak protokoloak sortzeko neurriak hartuko ditu, foru lege honek araututako lanbideetan ematen diren zerbitzuen hartzaile diren adingabeen kontrako jazarpen eta abusu kasuak prebenitzeko eta horien aurrean erantzuteko.

2. Orobat, Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu aurreko apartatuan aipatutako gertaerekin lotutako prestakuntza-edukiak sar daitezen kirol prestakuntzan.

Hamaseigarren xedapen gehigarria .–Sindikatuen partehartzea erregelamenduak egiteko prozeduran.

Foru lege hau garatzeko onesten diren erregelamenduzko xedapen guztietan, eraginik baldin badute kualifikazio profesionalak eskatzeko foru lege hau indarrean egon aurretik kirol-lanbideetan ari ziren langileentzat, kontsulta berariazko bat gauzatuko da Nafarroan ordezkaritza handiena duten sindikatuekin. Kontsulta berariazko hori eginen da, galarazi gabe indarreko legerian aurreikusitako informazio publikoaren izapideak.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria .–Jarduera Fisikoaren familiako Lanbide Hezkuntzako eskaintza publikoa, berdintasunprintzipioa bermatuko duena.

Nafarroan kirol arloko lanbideetan hasteari eta jarduteari buruzko Foru Legeak hezkuntza-legeria osatuko du, bai eta konpromisoa bat ere, kualifikazio-eskakizunak erraztuko dituen hezkuntza-eskaintza berrikustekoa eta aldatzekoa. Hartara, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuaren bidez, Jarduera Fisikoaren Familiako Lanbide Hezkuntzako eskaintza publikoa eginen du Iruñerrian, zeinak bermatuko baitu aukera berdintasunean eskuratu ahal izatea prestakuntza publikoa eta legean jasotako prestakuntza-premiak aseko baititu, langile kualifikatuak egon badaudela bermatzen lagunduz, jarduera fisikoaren eta kirolaren prestakuntza-eskaintza zehatz hau lurraldearen ikuspegitik antolatzen jarraitzeko konpromisoa hartuz administrazioak, Nafarroako gizartearen beharrizanei erantzunez, hala eskatzen baitu erantzukizun publikoaren printzipioak eta herritar guztiek berdintasunezko hezkuntza-eskaintza publiko bat izateko duten eskubideak.

Hemezortzigarren xedapen gehigarria .–Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren eta Fisioterapiaren Zientzietako Gradu bikoitza.

1. Nafarroako Gobernuak ahalbidetu eginen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera eta egoki iritzitako kanpo-aholkularitzarekin, aurretiazko txosten exekutibo bat egin dadin, zeinean baloratuko baita ikasleen eskari potentzialik ote dagoen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren eta Fisioterapiaren Zientzietako Gradu bikoitzerako, espainiar nahiz atzerritar ikasle onak erakartzeko eta Europako espazioan bultzatzeko eta mugitzeko ahalmenik ote duen, bai eta Unibertsitatearen ikerkuntza-ahalmenak hobetzen edo sendotzen laguntzeko ahalmenik ote duen ere.

2. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren eta Fisioterapiaren Zientzietako Gradu bikoitzaren ikaskuntzak bermatzeko tresnak ezartzea, Europako hezkuntza-erakunde onenekin homologatzen ahal den kalitatearekin.

Lehen xedapen iragankorra .–Lanbidean aritzea foru legeak eskatutako kualifikaziorik gabe.

1. Harik eta abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuan aurreikusitako prozedura administratiboak ezartzen diren arte –kiroleko profesionalek behar diren gaitasunak laneko esperientziaren bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratu dituztela egiazta dezaten–, lanbide horietarako gaitua izateko baldintza izanen da erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea; foru legea indarrean sartu aurretik jarduera profesional arautuak etengabe edo ez noizbehinka egiten zituztela frogatzea, eta laneko esperientziaren bitartez lortutako gaitasun profesionalak onar dakizkiela erregelamenduz ezartzen diren epean eta baldintzetan eskatzeko konpromisoa hartzea. Erregelamenduzko garapen hori bi urteko epean onetsi beharko da gehienez ere.

Nolanahi ere, gaikuntza hori mugatuko da erakunde berean edo beste batean zeukaten zeregin edo mailara, eta ez du balioko entrenatzaile moduan jarduteko dagokion kualifikazioa izatea eskatzen duten kirol-federazioetarako, baldin eta erregelamenduz hala ezarri badute.

2. Nafarroako Gobernuan eskudun diren departamentuek prozedura administratiboak ezarriko dituzte egiaztatzeko ezen kiroleko profesionalek gaitasunak eskuratu dituztela laneko esperientziaren bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez. Aurreko apartatuan aipatutako egoeran dauden pertsonak beharturik egonen dira erregelamenduz ezartzen den epean egiaztapen hori lortzera.

3. Lehenbiziko apartatuan ezarritako gaikuntza galarazi gabe, Nafarroako Gobernuan kirolaren arloan eskudun den departamentuak ondoriorik gabe uzten ahalko du pertsona bat lanbidean aritzeko gaikuntza baldin eta, gauzatutako jardueraren ezaugarriak kontuan izanik, lanbide horretan gaikuntzarik gabe aritzeak arrisku larrian eta zuzenekoan jartzen badu pertsonen osasuna eta segurtasuna. Horretarako, aipatutako departamentuak zerrenda bat eginen du egoera horretan dauden lanbide-jarduerekin.

4. Harik eta egoki diren nazioarteko edo Espainiako federazioek ahalbidetzen duten arte goi errendimenduko lehiaketetan entrenatzailearen eginkizunak garatzea foru lege honek eskatutako kualifikaziorik gabe, automatikoki gaiturik geldituko dira egoki den Espainiako edo nazioarteko federazioak eskatutako titulazioa dutenak.

5. Erregelamenduz ezarritako epean kualifikazio profesionala egiaztatzearen betebeharra ez betetzea ustekabean agertutako ezgaitasuntzat hartzen ahalko da, aurreikusia baitago urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren 52.a) artikuluan.

6. Nolanahi ere, gaitutako profesional horiek inskribatu egin beharko dute Nafarroako Kirolaren Erregistroan gaitutakoentzako azpiatal berariazko batean.

Bigarren xedapen iragankorra .–Foru legearen aplikazio progresiboa kirolmonitore, entrenatzaile, kirolzuzendari eta prestatzaile fisikoen lanbideetarako.

1. Kirol-monitore, entrenatzaile, kirol-zuzendari eta prestatzaile fisikoaren esparru material guztietan non Nafarroako Gobernuko kirol arloko departamentu eskudunak, bere eskumeneko esparru esklusiboan, egiaztatzen duen ez dagoela profesionalik foru lege honetan aurreikusitako kualifikazioak dituztenak eskariari egoki erantzuteko, ez dagoela prestakuntza ofizialik, kirol esparru berriak daudela edo zailtasunak daudela gaitasun profesionalak aintzatesteko moduak ezartzeko, bat etorriz uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuarekin eta abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuarekin, behin-behinekoz gaituko dira bestelako prestakuntza edota esperientzia dutela egiaztatzen dituzten pertsonak.

2. Nafarroako Gobernuan kirolaren arloan eskudun den departamentuak aurreko apartatuan jasotako gaikuntza profesionalen araubidea ezarriko du.

3. Gaitzeko prozeduren helburua da egiaztatzea ezen gaikuntza eskatzen dutenek badituztela behar diren gaitasun profesionalak, esperientziaren bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratuak.

4. Gaikuntza horiek behin-behineko ondorio profesionalak dituzte, eta ez dute zerikusirik lan esperientziaren bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurekin, zeinak deialdi publikoen xede baitira, oinarritzat harturik uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan xedatutakoa eta abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretua, eta, hortaz, ez dute hartan ezarritako ondoriorik, eta ez dakarte berekin prestakuntza prozesuen edo esperientziaren balidazio edo akreditazio ofizialik.

Hirugarren xedapen iragankorra .–Elkargoko kide egiteko betebeharra.

Kirol-lanbidean aritzeko nahitaez elkargoko kide izan beharra, zeina kasuan-kasuan estatu-legedian ezartzen baita, soilik exigitzen ahalko da kasuko lanbide horrek bere elkargoa duen unetik aitzina.

Laugarren xedapen iragankorra .–Lehen laguntza emateko kualifikazioa eskuratzeko betebeharra ez betetzea.

1. Foru lege hau indarrean sartzean, foru lege honetan jasotako lehen laguntzako kualifikazio eskaera betetzen ez duten kirol arloko profesionalek 2022ko irailaren 1a arte jarraitzen ahalko dute beren lanbide-jardueran Nota de Vigencia.

2. Aipatutako epean prestakuntza hori lortzearen betebeharra ez betetzea ustekabean agertutako ezgaitasuntzat hartzen ahalko da, aurreikusia baitago urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren 52.a) artikuluan.

3. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, ez dira galarazten foru lege honetan xedatutakoa ez betetzeagatik izan daitezkeen beste erantzukizun batzuk.

Bosgarren xedapen iragankorra .–Boluntariotza.

Lehen eta bigarren xedapenetan kiroleko profesionalentzat aurreikusitako behin-behineko gaikuntzak eta gaitasunen aintzatespenak aplikatzekoak izanen zaizkie, orobat, foru lege honetan jasotako lanbide-jarduerak boluntarioen araubidean egiten dituztenei.

Seigarren xedapen iragankorra .–Federazioen araudiak Nota de Vigencia.

Nafarroako kirol-federazioek, hala behar denean, beren federazio-arauak foru lege honetara egokitu beharko dituzte 2024ko urtarrilaren 1a baino lehenago.

Zazpigarren xedapen iragankorra .–Erantzukizun zibila bermatzea.

Foru lege hau garatzen ez den bitartean kirol-lanbideetan aritzeko erantzukizun zibilaren aseguruen arloan, nahitaezkoa izanen da erantzukizun zibileko aseguru egokiak hartzea, baina aseguru-hartzaileek libreki zehaztuko dituzte gutxieneko kapitala eta gainerako aseguru-baldintzak.

Zortzigarren xedapen iragankorra .–Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko epeak Nota de Vigencia.

1. 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen kirol-lanbideren batean ari direnek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute egun hori baino lehen.

2. Kirol-lanbidean 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi nahi dutenek lanbidean hasi aurretik aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena.

Bederatzigarren xedapen iragankorra .–Egungo izendapenak mantentzea.

Eginkizun berekiak esleiturik dauzkaten lanpostuen egungo izendapenak –2. artikuluan jasotzen direnak– mantentzen ahalko dira, eta hori ez da eragozpen izanen beren eduki funtzionalaren arabera aplikatzekoak zaizkien kualifikazio profesionaleko eskakizunetara egokitzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan ezarritakoaren kontrako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak eta, espresuki, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituen otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 5.2 eta 9. artikuluak.

Azken xedapenetako lehenbizikoa .–Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen IV. tituluko VI. kapitulua aldatzea.

“VI. KAPITULUA. Nafarroako Kirolaren Erregistroa

63. artikulua. Xedea.

1. Nafarroako Kirolaren Erregistroak bi atal izanen ditu:

a) Kirol Entitateen Atala. Atal honetan inskribatuko dira titulu honetan ezartzen diren eta helbidea Nafarroan duten kirol-entitateak; beste entitate batzuk inskribatzeko, erregelamenduz ezartzen den moduan eginen da, behar sozialei, ordenamendu juridikoaren beste sektore batzuetako arau-aldaketei eta kirol-praktika osatzen duten osagai multzoaren benetako eskaerari begiratuta.

b) Kiroleko Profesionalen Atala. Atal honetan inskribatuko dira kiroleko profesionalak.

2. Erregelamenduz zehaztuko da Nafarroako Kirolaren Erregistroaren egitura, sartzeko araubidea eta funtzionamendua.

3. Nafarroako Kirolaren Erregistroan egiten diren inskripzioak publikoak izanen dira. Publizitatea erregelamenduz zehazten diren bitartekoen bidez eginen da.

64. artikulua. Inskripzioak.

1. Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kirol Entitateen Atalean inskribatu beharko dira:

a) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen eraketa.

b) Erregistroan sartzen diren entitateek inskripzioa egiteko hartutako erabakia, ‘eskumendeko klub’ deiturarekin.

c) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen estatutuen eta erregelamenduen onespena eta aldaketa.

d) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideen izendapena eta kargu-uztea.

e) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen desegitea eta likidazioa.

f) Erregelamenduz ezartzen diren egintzak eta elementuak.

2. Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kiroleko Profesionalen Atalean inskribatu beharko dira Nafarroan kirol arloko lanbideetan hastea eta aritzea arautzen duen foru legean ezarritako egintzak eta elementuak eta erregelamenduz ezartzen diren guztiak.

3. Erregistroan inskribatzeak ez ditu datu okerrak baliozkotuko, ez eta ordenamendu juridikoaren arabera deusezak diren egintzak ere.

4. Foru lege honen ondorioetarako, ezin izanen da Nafarroako Kirolaren Erregistroan sartu dagoeneko erregistratuak dauden beste kirol entitate batzuen izen berberarekin, ez eta antzekotasunagatik, okerra edo entitate horiekin nahastea ekar dezakeen batekin ere.

65. artikulua. Onurak eta betebeharrak.

1. Entitate bat Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatzeak berekin dakar aintzatespen ofiziala kirol entitate gisa foru lege honen ondorioetarako.

2. Derrigorrezko baldintza izanen da entitatea Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatzea foru lege honek eta berau garatzeko ematen diren xedapenek kirol entitateen alde ezartzen dituzten onurez gozatzeko.

3. Derrigorrezkoa izanen da entitatea Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatua egotea:

a) Laguntzak jaso ahal izateko edo Foru Komunitateko Administrazioak sustatutako kirol arloko programetan parte hartzeko.

b) Nafarroako kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzeko.

4. Foru Komunitateko kirol administrazioak aholkularitza eta informazioa eskainiko ditu, kirol entitateen eraketa eta funtzionamendua errazteko asmoz.

5. Erregistratutako kirol entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte, erregelamenduz ezar daitezkeen beste batzuk galarazi gabe:

a) Bere tipologiari dagozkion betekizunei eta helburuei eustea.

b) Nafarroako Kirolaren Erregistroan jasotako datuei dagokienez gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea.

c) Foru Komunitateko kirol administrazioak, Erregistroan dauden datuak eguneratuak izateko helburuarekin, eskatutako informazioa ematea (horretarako ezarriko den epearen barnean) eta bere tipologiari dagozkion baldintzak eta helburuak betetzen dituela erakustea.

Aipatu betebeharrak edo erregelamendu bidez ezar daitezkeenak bete ezik, entitateak Nafarroako Kirolaren Erregistroan duen inskripzioa deuseztatzen ahalko da, eta horrek berekin ekarriko du inskripzioaren ondorioz eskuratutako onurak galtzea, galarazi gabe, kasua bada, Foru Komunitateko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu ahal izatea”.

Azken xedapenetako bigarrena .–Nafarroako Kirolaren Erregistroaren izen berria.

Foru lege hau indarrean sartzen denetik aurrera indarreko foru araudian Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroari egindako erreferentzia guztiak Nafarroako Kirolaren Erregistro berriari egiten zaizkiola ulertuko da.

Azken xedapenetako hirugarrena .–Foru legea garatu eta aplikatzeko gaikuntza orokorra.

Nafarroako Gobernuari dagokio beharrezkoak diren xedapen guztiak ematea foru lege hau garatu eta betearazteko, salbu eta foru lege honek ahalmen hori kirol arloko eskumena duen departamentuko titularrari berariaz ematen dionean.

Azken xedapenetako laugarrena .–Indarra hartzea.

1. Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurrekoa gorabehera, foru lege honetan araututako lanbideetan aritzeko gaitasuna ematen duten lanbide-kualifikazioak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatuko dira Nota de Vigencia.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko apirilaren 4an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web